IX. ATALA

 

        Hotel atari handiaren goiko zabalgunean, besaulki gainean haraino igo zutelarik, morroi eta neskame eta hoteleko mirabetza ugari eta txeratsua inguruan zituela, zerbitzu-burua aurrean zuela, azkenean hau ere ongietorria ematera agertu baitzen hain bezero gorenari, halako zalaparta eta zarata artean iritsia, bere mirabetza propioarekin eta hainbeste baul eta maletekin, hantxe zegoen erreginaren antzera eserita... nor eta amona! Bai, bera zen, mehatxukor eta aberats, hirurogeita hamabost urteko Antonida Vasilievna Tarasevitxeva, lurjabea eta Moskuko dama handia, la baboulinka; beragatik bidali eta jaso ziren hainbeste telegrama, eta hil-ez-hil egon ondoren han azaltzen zen bat-batean gugana, aurrez aurre, eguraldi onean trumoia bezala. Hemen azaltzen zen, nahiz elbarri egon, bestek garraiatuta besaulki gainean, beti bezala azken bost urteotan, baina, ohitura zuen moduan, bixkor, sutsu, bere buruaren jabe, zuzen eserita, ozen eta agintakor garrasika, denei errietan: hots, lehenago bi aldiz ikusteko ohorea izan nuenean bezalakoxea, ni jeneralaren etxean irakasle moduan sartu nintzenez geroztik. Jakina, zur eta lur nengoen bere aurrean, harriturik. Besaulki gainean zeramatenean ehun pausotara ikusi ninduen bere basakatu begiekin, ezagutu, eta izen abizenez deitu zidan, ohitura baitzuen biak ala biak ere betirako gogoan gordetzea. «Eta honako hau espero zuten zerraldoan ikustea, ehortzita eta herentzia utzita —igaro zitzaidan burutik—. Gu denok eta hotel osoa bidaliko gaitu bere aurretik! Baina Jainkoa, zer ikusteko ote daude orain gutarrak, zer ikusteko ote dago orain jenerala! Hankaz gora jarriko du honek hotel osoa!»

        — Baina motel, zertan hago nire aurrean zutik, begiak zabal-zabal! —jarraitu zuen amonak niri garrasika—. Ez al dakik makurtu eta agur egiten? Harroegi bihurtu ote haiz horretarako? Ala ez nauk ezagutu? Entzun, Potapitx —jiratu zen ile griseko agure batengana, frack eta gorbata txuriz jantzia eta buruan soilgune arroxa bat zeukana, maiordomoa, bidaia hartako laguntzaile—, entzun, ez naik ezagutu! Dagoeneko lurperatu nindian! Telegramak bidali eta bidali aritu dituk: hil da ala ez? Den-dena zekiat! Baina ikusten duk bixi-bixi nagoela.

        — Mesedez, Antonida Vasilievna, zertarako opa behar nizun nik ezer txarrik? —erantzun nuen pozez, nire oneratuta—. Harritu besterik ez naiz egin... Nola ez bada txunditu, honen ustekabean...

        — Baina zertaz harritzen haiz? Eseri eta taka etorri nauk. Lasaiak dituk bagoiak, astindurik gabekoak. Paseatzen izan al haiz?

        — Bai, kasino aldean.

        — Ederki zegok hau —esan zuen amonak, ingurura begira—, epel eta zuhaitzak oparo. Asko atsegin zaidak! Etxean al daude gutarrak? Jenerala?

        — O! Honezkero segur aski etxean dira denak.

        — Hemen ere eguna antolatu eta zeremonia guzti horiek egin al dituzte? Beti nabarmen. agidanean kotxea ere bazeukatek, les seigneurs russes! Diru guztiak xahutu eta atzerrira! Beraiekin al da Praskovia ere?

        — Baita Polina Alexandrovna ere.

        — Eta frantximana? Baina neronek ikusiko ditiat denak. Alexei Ivanovitx, erakutsidak bidea, zuzenean beraiengana. Ongi al hago hemen?

        — Hala hola, Antonida Vasilievna.

        — Hi, Potapitx, esaiok zerbitzari ergel horri gela erosoa lortzeko niri, ederra, goregi ez, eta eraman ditzatela oraintxe nire gauzak hara. Zergatik datoz denak ni eramatera? Zergatik sartzen dira tartean? Zer esklaboak! Nor da hirekin dagoena? —itzuli zen berriro nigana.

        — Hau mister Astley da —erantzun nuen.

        — Eta nor da mister Astley?

        — Bidaiari bat, nire ezagun ona; jeneralaren ezaguna ere bada.

        — Ingelesa. Horregatik begiratzen zidak adi-adi eta ez ziok mingainari eragiten. Dena den, atsegin zaizkidak ingelesak. Tira, eraman nazazue gora, zuzenean beren gelara. Non daude?

        Eutsi zioten besaulkiari; ni aurretik nindoan, hoteleko eskailera zabaletik. Sekulakoa zen gure segizioa. Gurekin gertatzen ziren guztiak bertan gelditu eta begi zabalik begiratzen ziguten. Gure hotela zen bainutegiko finena, garestiena eta aristokratikoena. Eskaileretan eta pasilloetan beti egiten zen topo dama bikainekin eta ingeles prestuekin. Hauetako anitz kontuak jakitera joan ziren beheko zerbitzu-buruagana, hau, bere aldetik, erabat harrituta zegoelarik. Honek, noski, galdetzaile guztiei erantzuten zien atzerritar prestu bat zela hura, une russe, une comtesse, grande dame, eta astebete lehenago la grande duchesse de N.-k edukitako gela bera hartu zuela. Amonaren itxura aginduzalea eta larderiatsua, besaulkian zeramatenean, izan zen hori dena eragin zuena. Norbaitekin egokitzen zenero, berehala neurtzen zuen jakin-minezko begirada batekin, eta harexetaz galdetzen zidan buila handian. Gorputz mardula zeukan amonak, eta nahiz besaulkitik altxatu ez, antzematen zen, begiratuez gero, oso altua zela. Zuzen eusten zion bizkarrari, ohola balitz bezala, eta ez zen besaulkian apoiatzen. Tente eusten zion ile griseko bere buru handi, egite trinko eta zorrotzekoari; begirada ere harro eta desafiatzaile antzekoa zeukan; eta argi zegoen bere begirada eta imintzioak guztiz naturalak zirela. Nahiz hirurogeita hamabost urte eduki, aurpegi fresko samarra zeukan, eta ez zituen hortz guztiak galdu. Zeta beltzezko soinekoa zeraman jantzita, eta txano zuria.

        — Ikusgarri interesatzen zait —xuxurlatu zidan mister Astley-k, nire aldamenean igotzerakoan.

        «Badauka telegramen berri —pentsatu nuen nire artean—, Des Grieux ere ezaguna du, baina badirudi oraindik gutxitxo ezagutzen duela mademoiselle Blanche». Berehala jakinarazi nion mister Astley-ri.

        Ene bekatari! Nire hasierako harridura gainditu ondoren, izugarri poztu nintzen orain jeneralarenean sortuko genuen trumoi hotsaz. Honexek akuilatzen ninduen, eta ikusgarri pozik nindoan aurretik.

        Bigarren solairuan zeuzkaten gutarrek gelak hartuta; ez nuen ez etorreraren berri eman ez atea jo ere, baizik parez pare zabaldu, eta garaile sartu zuten amona. Propio bezala, denak zeuden bilduta jeneralaren kabinetean. Hamabiak ziren, eta, nonbait, ibilaldiren bat ari ziren antolatzen: batzuk kotxez ziren joatekoak, besteak zaldiz, denak elkarrekin; horretaz gain, zenbait ezagun ere gonbidatuak zituzten. Jenerala, Polina, seme-alabak eta hauen inudeez gain, kabinetean zeuden ere: Des Grieux, mademoiselle Blanche, berriro amazonaz jantzita, bere ama madame veuve Cominges, printze txikia, eta baita jakintsu bidaiari bat ere, alemaniarra, beraiekin lehen aldiz ikusten nuena. Amonaren besaulkia zuzenean utzi zuten kabinete erdian, jeneralagandik hiru pausotara. Ene Jainkoa, inoiz ez dut ahaztuko haren zirrara! Gu sartu aurretik jeneralak zerbait kontatua zuen, eta Des Grieux ohar bat egiten ari zitzaion. Aipatzekoa da mademoiselle Blanchek eta Des Grieux-k bizpahiru egun zeramatzatela, auskalo zergatik, printze txikiari losintxan, à la barbe du pauvre général, eta talde osoa, nahiz agian itxura hutsa izan, familiarteko giro alai eta jatorrenean zegoen. Amona ikustean jenerala bat-batean txunditu, ahoa ireki eta eztarrian ito zitzaion hitza. Begi zabalik so egin zion, basiliskoaren begiradak liluratuta bezala. Amonak ere isilik begiratu zion, mugitu gabe... baina hura bai begirada gailen, desafiatzaile eta isekatia! Horrela egon ziren batak besteari begira, hamar segundo bai, inguruko guztien isiltasun sakonaren erdian. Des Grieux zur eta lur geratu zen hasieran, baina laster azaldu zitzaion aurpegian berebiziko nahigabea. Mademoiselle Blanchek betileak goratu, ahoa ireki eta izuz pasatuta aztertu zuen amona. Printzeak eta jakintsuak txundidura sakonez begiratzen zioten koadro osoari. Polinaren begiradan sekulako harridura eta txundidura agertzen ziren, baina zurbildu egin zen bat-batean, elurra hain areago; handik gutxira odola aurpegira hedatu eta masailak gorritu zizkion. Bai, katastrofea zen hura denentzat! Nik nahikoa neukan nire begirada lerratzearekin, amonagandik inguruko guztiengana, eta alderantziz. Mister Astley saihets batean zegoen, trankil eta gizabidetsu, ohiturari jarraituz.

        — Hemen naiz ba! Telegramaren ordez! —lehertu zen azkenean amona, isilunea etenaz—. Zer, ez al ninduzuen espero?

        — Antonida Vasilievna... izebatxo... baina nondik nora... —totelkatu zuen jeneral gizajoak. Agian atakeak joko zion, handik segundo bakar batzuetara amona hizketan hasi ez balitz.

        — Nondik nora? Eseri eta taka etorri nauk. Zertarako dago trenbidea? Denok uste zenuten hankaz aurrera eraman nindutela eta herentzia utzi nizuela. Bai baitakit telegramak bidali dituzuela hemendik. Auskalo zenbat kostatu diren. Ez da merke hemendik! Airean prestatu eta ttaka etorri naiz. Hori al da frantsesa? Monsieur Des Grieux, ezta?

        — Oui, madame —ekin zion Des Grieux-k—, et croyez, je suis si enchanté... votre santé... c'est un miracle... vous voir ici, une surprise charmante...

        — Baita zera ere charmante; ezagutzen haut, azpilari alaena, ez diat hauxe ere sinesten —eta behatz txikerra erakutsi zion—. Nor da hau? —jiratu zen, mademoiselle Blanche seinalatuz. Frantziar deigarri hark, amazonaz jantzita, zaldi-zaharoa eskuetan, mirespena sortu zion, nonbait—. Hemengoa al da?

        — Mademoiselle Blanche de Cominges da, eta hau ama du, madame de Cominges; hotel honetantxe bizi dira —argitu nion.

        — Ezkondua al dago alaba? —galdetu zuen amonak, berriketa handirik gabe.

        — Mademoiselle de Cominges ezkongabea da —erantzun nuen ahalik eta errespetu gehienaz eta ahotsa nahita apalduta.

        — Alaia al da?

        Ez nuen galdera berehala ulertu.

        — Ez al da aspergarria? Ulertzen al du errusiera? Des Grieux horrek gurekin Moskun egonda lortu zuen zertxobait murduskatzea.

        Mademoiselle de Cominges behin ere ez zela Errusian izan azaldu nion.

        — Bonjour! —esan zuen amonak, bat-batean mademoiselle Blanchegana jiratuta.

        — Bonjour, madame —egin zion erreberentzia mademoiselle Blanchek zeremoniatsu eta dotore, presaka ahaleginduz, berebiziko apaltasuna eta gizatasunaren gerizpean, aurpegiko egitea eta gorputz osoaren bidez ezagutzera emateko bere sekulako harridura, halako galdera eta buruzpide bitxiagatik.

        — O, begiak apaldu ditu, irtirin itxurati horrek; agudo antzematen da nolako txoria den; aktoresaren bat. Hemen behean jarri nauk hotelean —jiratu zen bat-batean jeneralagana—, hire auzoa izango nauk. Pozten haiz ala ez?

        — O, izebatxo! Sinestazu nire benetako... atsegina —heldu zion jeneralak hitzari. Jadanik apur bat bere oneratua zegoen, eta egokiera zuenean bazekienez poliki, artez eta emaitzen bat lortzeko moduan hizketan, orduan ere barra-barra hasi zen—. Hain geunden kezkatuta eta hunkituta zure osasunari buruzko albisteengatik... Hain telegrama itxaropen gabeak jaso ditugu, eta bat-batean...

        — Gezurretan ari haiz —eten zion berehala amonak.

        — Baina nondik nora —eten zion jeneralak ere lehenbailehen, ahotsa goratuz eta «gezurretan ari haiz» hura aintzat ez hartzen saiatuz—, nondik nora, ordea, erabaki duzu bidaia hau egitea? Aitor ezazu, zure adinean eta zure osasunarekin... hain da hau dena ustekabekoa, non ulertzekoa baita gure harridura. Baina asko pozten naiz... eta guk denok (samur eta asaldaturik hasi zen irribarrez) ahalegin guztiak egingo ditugu zure hemengo egonaldia ahalik eta gehiena goxatzeko...

        — Nahikoa diagu; hitz jario franko; beti bezala txorakeriatan; moldatuko nauk neroni. Gainera, ez daukat ezer zuen aurka; ez daukat gogoan zuen gaiztakeria. Nondik nora, galdetzen didak. Zer du harrigarririk? Bai erraz asko. Zergatik harritzen dira denak? Kaixo, Praskovia. Zer egiten dun hemen?

        — Kaixo, amona —esan zuen Polinak, beragana hurbilduz—, bidaia luzea izan al duzu?

        — Hara, honek egin dit galderarik taxuzkoena, beste guztiak o! eta o! besterik ez. Zera, neska, etengabe etzanda eta etengabe sendatzen nindutela egon ondoren, medikuak nire ondotik bidali eta San Nikolaseko sakristauari etorrarazi nionan. Beste andre bat ere sendatua zinan gaitz beretik sarale xehatuarekin. Niri ere mesede egin zidanan; bigarren egunean izerditan hasi eta ohetik jaiki nindunan. Bildu zitunan ondoren berriro nire alemaniarrak, jantzi zizkinaten betaurrekoak eta hasi zitzaizkidanan: «Orain atzerrian bainuak hartu eta kura egiten baduzu, erabat desagertuko zaizkizu trabak». Zergatik ez? pentsatu ninan. Zaxigin kaiku haiek lanturuan hasi zitunan: «Nola joango zara ba!» Eta horratx! Egun batean prestaketak egin eta joan den asteko ostiralean hartu nizkinan neskamea, Potapitx eta Fiedor morroia, baina Fiedor bidali egin ninan Berlinen, ikusita ez nuela ezertarako behar, bakar-bakarrik ere etorriko nindunan... Bagoi berezia hartu ninan, garraiolariak berriz geltoki guztietan zeuden, noranahi eramaten haute bi sosen truke. Hau bai gela alokatu duzuena! —amaitu zuen, ingurura begira—. Nondik daukak dirua, motel? Dena bahituta daukak. Zer zor ote diok hemengo frantximan honi bakarrik! Izan ere dena zekiat, dena zekiat!

        — Nik, izebatxo... —hasi zen jenerala, zeharo nahastuta— harritu egiten nau, izebatxo... uste dut gauza naizela inoren kontrolik gabe... gainera nire gastuek ez dituzte nire eskuarteak gainditzen, eta gu hemen...

        — Ez dituztela gainditzen? Esatea ere... Segur aski hire seme-alabei azken hondarrak ere kenduko hizkien, beren tutorea izanda!

        — Horren ondoren, halako hitzen ondoren —hasi zen jenerala, suminduta—, honezkero ez dakit...

        — Horixe ez dakiala! Segur aski ez haiz erruletatik aldenduko. Bota al duk dena harrika?

        Jenerala hain zegoen jota, non ia itolarria baitzeukan bere sentimendu asaldatuen oldarragatik.

        — Erruletan! Ni? Nire mailarekin... Ni? Gogoan izan, izebatxo, segur aski ondoezik zaudela oraindik...

        — Gezurretan ari haiz; segur aski ezingo haute bertatik apartatu; gezurra franko! Gaur bertan ikusiko dut zer den erruleta delako hori. Hik, Praskovia, kontaidan zer dagoen hemen ikusteko modukorik. Bai, Alexei Ivanovitxek ere erakutsiko dit, eta hik, Potapitx, idatz itzak joan beharreko leku guztiak. Zer dago hemen ikustekorik? —jiratu zen bat-batean berriro Polinagana.

        — Hemendik hurbil gaztelu baten erruinak daude, eta baita Schlangenberg ere.

        — Zer da Schlangenberg? Basoa ala?

        — Ez, basoa ez, mendia; point bat dago bertan...

        — Zer nolako point-a?

        — Mendiko tokirik altuena, hesitua. Ikusmira paregabea dauka.

        — Garraiatuko ote lukete haraino besaulkia? Eramango al nindukete?

        — O, posible da garraiolariak aurkitzea —erantzun nion.

        Momentu honetan Fedosia inudea hurbildu zen amonagana, agurtzeko, eta jeneralaren seme-alabak eraman zizkion ondora.

        — Laztanik ez gero! Ez zait gustatzen umeei muxu ematea; muki-jarioak dira denak. Eta? Zer moduz hemen, Fedosia?

        — Oso-oso ederki, amatxo Antonida Vasilievna —erantzun zuen Fedosiak—. Zer moduz joan zaizu, amatxo? Hain geunden zugatik kezkatuta...

        — Bazekinat, hi arima lainoa haiz. Gonbidatuak al dira horiek denak? —jiratu zen berriro Polinagana—. Nor da gizon ttattar, betaurrekodun hori?

        — Nilski printzea, amona —xuxurlatu zion Polinak.

        — Errusiarra beraz? Ez zidala ulertuko uste nuen! ez al zuen adituko! Mister Astley lehen ere ikusi dut. Hor da berriro —jo zuen amonak begiz—. Kaixo —jiratu zen bat-batean harengana.

        Mister Astley-k erreberentzia egin zion, isilik.

        — Zer berri on duzu niretzat? Esazu zerbait! Itzuli esan dudana, Polina.

        Polinak itzuli egin zion.

        — Plazer handia dudala zu ikustea, eta pozten naizela zu osasun onean ikusteaz —erantzun zuen mister Astley-k, serioski baina prestutasun osoz. Itzuli zioten amonari, eta honi, nonbait, atsegina iruditu zitzaion.

        — Bai ongi erantzuten dutela ingelesek beti —aipatu zuen—. Ez dakit zergatik baina beti gustatu izan zaizkit ingelesak, ez daude konparatzerik frantximanekin. Bisita nazazu —jiratu zen berriro mister Astley-gana—. Ahal dela ez zaitut sobera gogaituko. Itzuliozu hori, eta esaiozu hemen behean nagoela, hemen behean, aditzen al duzu? Behean, behean —errepikatu zion mister Astley-ri, behatzarekin behera seinalatuz.

        Mister Astley ikusgarri poztu zen gonbidapenarekin.

        Amonak begirada arretatsu eta poztuarekin aztertu zuen Polina oinetatik hasi eta bururaino.

        — Hi ere maiteko hinduket, Praskovia —esan zuen bat-batean—, neska jatorra haiz, denetan onena, baina hire izaera... enetxoa! Baina tira, ni ere hortik honakoa naun. Eman buelta, ileordea al daramakin buruan?

        — Ez, amona, neurea da.

        — Bejondeinala, ez zaidan gustatzen oraingo moda txoroa. Ederra haiz oso. Hitaz maiteminduko ninduken, gizasemea banintz. Zergatik ez haiz ezkontzen? Garaia dinat ordea. Paseatzeko gogoa zeukanat, bagoi-zuloan hainbeste denboran egon ondoren... Hara bestea, oraindik haserre ala? —jiratu zen jeneralagana.

        — Mesedez, izebatxo, aski da! —etorri zen jenerala bere onera, alaiturik—. Ulertzen dut zure adinean...

        — Cette vieille est tombée en enfance —xuxurlatu zidan Des Grieux-k.

        — Hemengo bazter guztiak ikusi nahi ditiat. Utziko al didak Alexei Ivanovitx? —jarraitu zuen amonak jeneralarekin.

        — O, zuk nahi hainbat, baina neroni ere... eta Polina eta monsieur Des Grieux... den-denok lagunduko dizugu atsegin handiz...

        — Mais, madame, cela sera un plaisir —sartu zuen muturra Des Grieux-k, irribarre erakargarriz.

        — Horixe bai, plaisir. Barregura ematen didak, motel. Ez diat batere dirurik emango —esan zion bat-batean jeneralari—. Tira, nire gelara noa orain: ikusi beharra daukat, eta ondoren bazter guztietara joango gara. Tira, altxa nazazue.

        Altxatu zuten berriro amona, eta denok abiatu ginen multzoan besaulkiaren atzetik, eskaileretan behera. Buruan kaskarrekoa eman baliote bezala zihoan jenerala. Zerbait hausnartzen ari zen Des Grieux. Mademoiselle Blanchek hasieran nahiago zuen bertan geratu, baina gero, auskalo zergatik, beste guztiekin joatea erabaki zuen. Printzeak jarraitzen zion, eta goian, jeneralaren apartamenduan, alemaniarra eta madame veuve Cominges bakarrik geratu ziren.

 

 

 

© Fedor Dostoievski

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"Fedor Dostoievski / Jokalaria" orrialde nagusia