VIII. ATALA

 

        Promenade-an, hemen deitzen dioten bezala, alegia gaztainondoen etorbidean, nire ingelesarekin topatu nintzen.

        — O, o! —hasi zen ni ikustean—, ni zugana eta zu nigana. Apartatu egin zara zutarrengandik, ezta?

        — Esadazu lehenik nondik dakizun hori —galdetu nion harriturik—, ba al dakite bada denek?

        — O ez, inork ez daki; ez du merezi jakiteak. Inor ez da horretaz mintzo.

        — Nondik dakizu zuk orduan?

        — Nik badakit, hau da, jakiteko aukera izan dut. Nora zara orain hemendik joatekoa? Nik maite zaitut, eta horregatik nindoan zugana.

        — Zu bai gizon bikaina, mister Astley —esan nuen (ni, bestalde, izugarri harrituta nengoen: nondik jakin ote zuen?)—, eta oraindik kaferik hartu ez dudanez, eta zeuk ere nahiko lan, goazemazu kasinoko kafetegira; bertan eseri, zigarro bana erre eta dena kontatuko dizut, eta... zuk ere dena kontatuko didazu.

        Kafetegia handik ehun pausotara zegoen. Ekarri ziguten kafea, eseri ginen, piztu nuen nik zigarroa, mister Astley-k ez, eta, adi-adi niri begira, entzuteko prest jarri zen.

        — Ez naiz inora joango, hemen geratuko naiz —hasi nintzen.

        — Seguru nengoen hemen geratuko zinela —esan zuen mister Astley-k onespenez.

        Mister Astley-gana nindoala, ez neukan inongo asmorik eta ez nuen nahi ere Polinaganako nire maitasunaz ezertxo ere kontatu. Azken egun guzti haietan ez nion horretaz ia txintik kontatu. Bera gainera oso lotsatia zen. Hasiera hasieratik antzeman nuen Polinak berealdiko zirrara sortzen ziola, baina inoiz ez zuen haren izena aipatzen. Baina harrigarria bada ere, eseri eta bere begi hits izoztuak nigan josi bezain laster, bat-batean, ez jakin zergatik, den-dena kontatzeko gogoa etorri zitzaidan, hau da, nire maitasun guztia xehetasun guztiekin. Ordu erdi osoa jardun nuen hizketan, eta sekulako mesedea egin zidan lehenbiziko aldiz hartaz hitz egiteak! Zenbait pasarte bereziki sutsuetan aztoratu egiten zela antzeman nuenez, propio areagotu nuen nire kontaeraren sua. Damu bakarra daukat: gehiegizko zerbait esan ote nuen frantsesari buruz...

        Mister Astley entzuten zegoen nire aurrean eserita, mugitu gabe, hitzik edo txintik atera gabe, eta bere begirada nire begietan josita; frantsesari buruz hizketan hasi nintzenean, ordea, bat-batean nire hitzak eten eta zerikusirik gabeko gai hura aipatzeko eskubiderik ba al neukan galdetu zidan, zakar. Mister Astley-k oso galdera bitxiak egiten zituen beti.

        — Arrazoi duzu: beharbada ez daukat eskubiderik —erantzun nuen.

        — Ezin al duzu markesa edo miss Polinari buruz ezer zehatzik esan, susmo hutsez gain?

        Berriro harritu ninduen hain galdera kategorikoa entzuteak mister Astley bezalako gizon lotsatiagandik.

        — Ez, ezer zehatzik ez —erantzun nuen—. Ez noski.

        — Orduan gaizki jokatu duzu, ez bakarrik nirekin horretaz hitz eginda, baizik eta baita zure artean pentsatuta ere.

        — Ongi, ongi! Aitortzen dut, baina orain ez da hori kontua —eten nion hitza, nire artean harrituta. Orduan kontatu nion bezperako istorio guztia xehetasun guztiekin, Polinaren ateraldia, nire abentura baroiarekin, nire kaleratzea, jeneralaren koldarkeria itzela, eta azkenik luze eta zabal azaldu nion Des Grieux-ren egun hartako bisita, xehe-xehe; amaitzeko, txartela erakutsi nion.

        — Zer ondorio ateratzen duzu honetatik? —galdetu nion—. Zure iritzia jakitera nindoan, hain zuzen ere. Niri dagokidanez behintzat, uste dut hil egingo nukeela frantximan hori, eta baliteke hala egitea.

        — Baita nik ere —mintzatu zen mister Astley—. Miss Polinari dagokionez berriz... badakizu harremanak eduki ohi direla gorroto diren pertsonekin ere, beharrak bultzatuez gero. Baliteke hemen zuk ezagutzen ez dituzun harremanak egotea, hainbat gorabeheren menpe. Uste dut trankil egon zaitezkeela... hein batean, jakina. Miss Polinaren atzoko jokabideari dagokionez, arraroa da noski; ez zugandik libratu nahi zuelako eta baroiaren makilapera bidali zintuelako (ez dut ulertzen zergatik ez zuen erabili, eskuetan edukita), baizik eta halako ateraldia halako... halako miss gorenagandik desegokia delako. Bistan da, ezin zuen aurrez igarri hain hitzez hitz beteko zenuenik bere desio barregarria.

        — Badakizu zer? —oihukatu nuen bat-batean, adi-adi begira mister Astley-ri—. Iruditzen zait zuk lehendik ere entzuna duzula hau dena. Badakizu norengandik? Polina andereñoagandik beragandik!

        Mister Astley-k harriturik begiratu zidan.

        — Begiak dizdiz dauzkazu eta susmati itxura ematen dizute —esan zuen, berehala berreskuratuz lehengo lasaitasuna—. Baina ez daukazu eskubide txikiena ere zure susmoak agertzeko. Ezin dizut eskubide hori onartu eta uko egiten diot zure galderak erantzuteari.

        — Tira, nahikoa da! Ez da beharrezkoa ere! —oihukatu nuen, modu arraroan asaldatuta eta ulertu ezinik nola bururatu zitzaidan ideia hura: noiz, non, zein modutan aukeratu ote zuen Polinak mister Astley konfidente? Azken aldian, bestalde, hein batean bistatik galdua nuen mister Astley, eta Polina beti izan zen enigma bat niretzat; hainbesterainoko enigma non, esate baterako orain, mister Astley-ri nire maitasunaren istorio guztia kontatzen hastean, hitz egin ahala txundituta geratu bainintzen ezin nuelako ia ezer zehatz eta positiborik esan nire Polinarekiko harremanez. Alderantziz, dena zen fantastikoa, arraroa, funtsik gabea eta gainera ez hanka eta ez buru ez zeukana.

        — Tira, ondo da, ondo da! Sekulako nahasketa daukat eta oraindik ezin ditut hainbat gauza epaitu —erantzun nuen, arnasestuka bezala—. Gainerakoan, gizon jatorra zara. Beste arazo batera joanez, iritzia eskatu nahi nizuke, eta ez aholkua.

        Isilune bat gorde eta hasi nintzen:

        — Zer uste duzu, zergatik beldurtu zela hainbeste jenerala? Zergatik sortu dute halako berriketa nire bihurrikeria inozotik? Halako berriketa, non Des Grieux-k berak ere ezinbestekotzat hartu baitu tartean sartzea (eta kasurik garrantzitsuenetan soilik sartu ohi da tartean), eta bisitatu egin bainau (halakorik!), niri eske, niri erreguka... bera, Des Grieux, nori eta niri! Azkenik, kontutan har ezazu bederatzietan etorri dela, bederatziak jo gabe, eta ordurako eskuetan zeukan miss Polinaren txartela. Noiz ordea, galde liteke, izan zen hori idatzia? Beharbada horretarakoxe esnatuko zuten miss Polina! Gainera, hortik antzematen dut bere esklabo dela miss Polina (barkamen eta guzti eskatzen baitit!); gainera, zer axola zaio berari guzti honek? Nolatan dauka halako interesa? Zergatik beldurtu dira hutsaren hurrengo baroi batekin? Eta jenerala mademoiselle Blanche de Cominges-ekin ezkontzen bada ere zer? Diotenez, gorabehera hori dela-eta jeneralak jokabide berezia agertu beharra dauka, baina hala ere bereziegia da, aitor ezazu! Zer iruditzen zaizu? Begietan igartzen dizut honetaz ere nik baino gehiago dakizula.

        Mister Astley-k irribarretsu jarri eta baiezkoa egin zuen.

        — Zinez, uste dut zuk baino askoz gehiago dakidala honetaz —esan zuen—. Mademoiselle Blancheren inguruan doa arazo guztia, eta seguru nago egia borobila dela hauxe.

        — Baina nolaz mademoiselle Blanche? —oihukatu nuen ezinegonik (bat-batean erne zitzaidan itxaropena, mademoiselle Polinari buruz zer edo zer argituko ote zen).

        — Uste dut mademoiselle Blanchek oraintxe bertan interes berezia daukala baroia eta baronesarekin elkartzea ahalegin guztian saihesteko: are gehiago elkartze desatseginak badira, edo, oraindik okerrago, eskandaluzkoak.

        — Segi! Segi!

        — Orain hiru urte ere, denboraldi barruan, mademoiselle Blanche hemen izan zen, Ruletenburgon. Neu ere hemen nintzen. Mademoiselle Blancheren izena ez zen orduan mademoiselle de Cominges, eta, bere ama berriz, madame veuve Cominges, ez zegoen hemen hauetan. Ez zuen behintzat inork aipatzen. Des Grieux... Des Grieux ere ez zen hemen. Erabat seguru nago, beren artean senide ez izateaz gain, beren ezaguera ez dela aspaldikoa. Markesa izatea ere Des Grieux-k ez du aspaldikoa, gorabehera jakin batengatik nago honetaz seguru. Des Grieux izena ez duela aspaldikoa ere suposa daiteke. Badut lagun bat hemen, beste izen batekin ezagutu zuena.

        — Oso lagunarte bikaina dauka ordea!

        — O, baliteke. Mademoiselle Blanchek ere bai, beharbada. Orain hiru urte mademoiselle Blanchek, baronesa horrexen kexagatik, hemengo poliziaren gonbidapena jaso zuen hiritik irten zedin, eta hala irten zen.

        — Nolatan?

        — Lehenik italiar batekin azaldu zen hemen, deitura historikoa zeukan printzeren batekin, Barberini edo antzeko zerbait. Gizaseme hau leporaino ibiltzen zen eraztun eta brillantez, bakar bat ere ez faltsurik. Berebiziko kotxea zeukaten. Mademoiselle Blanchek hasieran ederki ari zen trente et quarante-an, baina gogoan daukat erabat aldatzen hasi zitzaiola ondoren zortea. Arratsalde batean kopuru galanta galdu zuela ere gogoratzen dut. Baina denetan okerrena izan zen un beau matin bere printzea desagertu egin zela, aztarnarik utzi gabe; desagertu egin ziren zaldiak eta kotxea, dena desagertu zen. Hoteleko zorra berriz izugarria. Mademoiselle Selma (bat-batean, Barberiniren ordez mademoiselle Selma bihurtu zen) etsipenak jota zegoen. Hotel guztian barrena uluka eta garrasika, bere soineko guztiak zirtzilatu zituen amorruarekin. Hotelean bertan konde poloniar bat zegoen (poloniar bidaiari guztiak dira kondeak), eta mademoiselle Selma ikusteak soinekoak zirtzilatzen eta bere esku eder eta perfumez garbituekin katakumearen antzera aurpegia harramazkatzen, nola halako inpresioa sortu zion. Elkarrekin hizketan jardun eta bazkalordurako kontsolatuta zegoen gajoa. Arratsaldean hari besotik helduta agertu zen kondea kasinoan. Ohitura zuen moduan, mademoiselle Selmak algara bizian egin zuen barre, eta bere portaera lasaxeagoa zen. Dama erruletazaleen artera jo zuen zuzenean, mahairainoko bidean lekua lortzeko sorbaldaz bultzaka aritzen diren horien sailera. Halako damen artean biziki chic gertatzen da. Ohartuko zinen, ezta?

        — O, bai.

        — Ez du merezi horri ohartzeak. Publiko finaren atsekaberako, inork ez ditu horiek bidaltzen, egunero mila frankotako billeteak aldatzen badituzte behintzat ez. Baina dirua aldatzeari utzi bezain laster, berehala eskatzen zaie alde egiteko. Mademoiselle Selmak billeteak aldatzen jarraitu zuen, baina are okerrago suertatu zitzaion jokoa. Ohar zaitez dama hauei poliki joan ohi zaiela maiz jokoa; ikusgarri ongi menperatzen dute beren barrena. Honenbestez amaitzen da nire kontaera. Halako batean, lehenago printzea bezala, kondea desagertu zen. Mademoiselle Selma bakarrik azaldu zen arratsaldean jokora; aldi hartan ez zen inor azaldu berari besoa eskaintzeko. Bi egunetan den-dena galdu zuen. Azken luisa jarri eta galdu ondoren, ingurura begiratu eta bere alboan ikusi zuen Wurmerhelm baroia, berari adi-adi begira, sumin sakonez. Baina mademoiselle Selma ez zen sumin hartaz jabetu, eta baroiagana jiratuta irribarre antzeko batekin, bere ordez gorrian hamar luis jartzeko eskatu zion. Honen ondorioz, eta baronesaren kexak tarteko, kasinoan gehiago ez agertzeko gonbitea jaso zuen arratsaldean. Harritu egiten bazara nik xehetasun xume eta fintasun gutxiko hauen berri edukitzeaz, mister Feeder-engandik entzun nituelako da, alegia nire senide bat, arratsalde hartan berak eraman baitzuen mademoiselle Selma Ruletenburgotik Spara kotxean. Kontutan har ezazu: mademoiselle Blanchek jeneralaren emazte izan nahi du, kasinoko poliziak duela bi urte bezalako gonbiterik egin ez diezaion aurrerantzean, segur aski. Orain jadanik ez du jokatzen; baina hori, itxura guztien arabera, kapitala daukalako da, eta hemengo jokalariei uzten die interesean. Askoz abantaila gehiago ditu honek. Ez dakit zorigaitzeko jenerala ere ez ote dagoen berarekin zorretan. Baliteke Des Grieux ere zorretan egotea. Baliteke Des Grieux eta mademoiselle Blanche bat hartuta egotea. Konprenituko duzu, beraz, zergatik ez duen baroia eta baronesaren arreta piztu nahi, ezkontza arte behinik behin. Hitz batean, bere egoeran eskandalua da gutxien komeni zaiona. Zuk ordea lotura daukazu horien etxearekin, eta zure ekintzek eskandalua sor lezakete, are gehiago mademoiselle Blanche egunero jeneralari edo miss Polinari besotik helduta azaltzen denez jendaurrera. Ulertzen al duzu orain?

        — Ez, ez dut ulertzen! —hots egin nuen, mahaia halako indarrarekin joaz non garçon-a etorri baitzen lasterka, beldurturik.

        — Esan, mister Astley —errepikatu nuen sutan—, zuk kontu hori dena baldin bazenekien, eta hortaz buruz baldin bazenekien zer nolakoa den benetan mademoiselle Blanche de Cominges, zergatik ez zenidan ohartarazi, edo jeneralari berari, baina bereziki miss Polinari, hau mademoiselle Blancheri besotik helduta azaldu zenez kasinoan jendaurrera ? Nola da ordea posible?

        — Alferrik nuen zuri ohartaraztea, ezin zenuen ezer egin eta —erantzun zuen mister Astley-k patxada osoan—. Gainera, zertaz ohartarazi? Jeneralak, beharbada, nik baino gehiago daki mademoiselle Blancheri buruz, eta hala ere miss Polinarekin eta biekin ibiltzen da paseoan. Zorigaitzeko gizona da jenerala. Atzo mademoiselle Blanche zaldi eder batean ikusi nuen monsieur Des Grieux eta printze errusiar txiki horrekin, eta jenerala zaldi beilegi batean zihoakien atzetik. Hanketako mina daukala esan du gaur goizean, baina ederki joan da zaldi gainean. Une horretantxe, bereak egin duela etorri zait bat-batean burura. Gainera hori dena ez da nire arazoa, eta duela gutxi izan dut miss Polina ezagutzeko ohorea. Baina gainerakoan —gogoratu zitzaion bat-batean mister Astley-ri—, lehenago ere esan dizut ezin dizudala onartu zuk niri zenbait galdera egiteko eskubidea, nahiz eta zinez maite zaitudan...

        — Aski da —esan nuen, zutituz—. Orain eguzkitan bezain argi ikusten dut miss Polinak ere den-dena dakiela mademoiselle Blancheri buruz, baina ezin duela frantsesa aldamenetik bidali, eta horregatik erabakitzen du mademoiselle Blancherekin paseatzea. Sinestazu, beste ezerk ez lioke eragingo mademoiselle Blancherekin paseatzera eta niri txartelean erregutzera baroia zirika ez dezadan. Horixe izan behar du eragina, dena horren arabera dago eta! Eta hala ere baroiagana bultzatu ninduen! Mila deabru, ez dago honi tankera hartuko dionik!

        — Ahaztu egin zaizu, lehenik, mademoiselle de Cominges hori jeneralaren andregaia dela, eta bigarrenik, miss Polinak, jeneralaren besoetakoa, neba gaztea eta ahizpa gaztea dauzkala, jeneralaren seme-alaba propioak, itxura guztien arabera zoro horrek beren kontura baztertu dituenak, dena ostu ondoren.

        — Bai, bai! Hala da! Seme-alabengandik alde egiteak abandonatzea esan nahi du, eta bertan geratzeak berriz esan nahi du beren interesak babestea, eta agian ondasun zatiak salbatzea. Bai, bai, egia da hori dena! Baina hala eta guztiz ere... O, ulertzen dut zergatik orain denak hainbeste interesatzen diren baboulinka-gatik.

        — Norengatik? —galdetu zuen mister Astley-k.

        — Hil nahi ez duen Moskuko sorgin zahar horregatik, eta bere heriotzaren berri dakarren telegramaren zain daude.

        — Bai, noski, horretan datza denen interesa. Herentzian dago arazo guztia! Hori argitu bezain laster ezkonduko da jenerala; miss Polina ere aske geratuko da, baina Des Grieux-k...

        — Des Grieux-k zer?

        — Dagokion dirua jasoko du Des Grieux-k; horrexen zain bakarrik dago hemen.

        — Ba ote? Horrexen zain bakarrik dagoela uste al duzu?

        — Nik ez dakit besterik —isildu zen mister Astley setati.

        — Ba nik badakit, nik badakit! —errepikatu nuen amorratuta—. Bera ere herentziaren zain dago, Polinak ezkonsaria bilduko baitu, eta dirua jasotzean Des Grieux-ren besoetan murgilduko da berehala. Horrelakoak dira emakume guztiak! Eta, horien artean, harroenak izaten dira gero esklabo zarpailenak. Polinak egin dezakeen bakarra da pasio osoz maitatzea, besterik ez! Horra nire iritzia berataz! Begiraiozu, batez ere bakarrik eserita dagoenean, pentsakor: predestinatutako zerbait da, sententziatua, madarikatua! Berak eskura dauzka bizitza eta pasioaren izugarrikeria guztiak... berak... berak... baina nork deitzen dit? —hots egin nuen bat-batean—. Nor ari da garrasika? Errusieraz aditu dut garrasia: «Alexei Ivanovitx!» Emakume ahotsa. Entzun, entzun.

        Hotelera hurbiltzen ari ginen. Aspaldi utzia genuen kafetegia, ia konturatu ere egin gabe.

        — Emakume bat aditu dut garrasika, baina ez dakit nori deika; errusieraz. Orain ikusten dut nondik datozen garrasiak —seinalatu zuen mister Astley-k—. Haranzko emakume hura ari da hoska, besaulki handi hartan eserita eta hainbeste morroiekin oraintxe atariko harmailetan gora eraman dutena. Maletak dakartzate atzetik, iritsi berria da beraz trenean.

        — Baina zergatik deitzen dit niri? Berriro ari da garrasika; begira, keinuka ari zaigu.

        — Ikusten dut, bai, keinuka ari zaigula —esan zuen mister Astley-k.

        — Alexei Ivanovitx! Alexei Ivanovitx! Hau bai ergela, alajainkoa! —egin zuten oihartzun garrasi etsitu batzuek hoteleko atarian.

        Ia korrika joan ginen harantz. Igo nintzen harmailetan gora eta... besoak harriduraz erori eta oinak lurrari josita bezala geratu nintzen.

 

 

 

© Fedor Dostoievski

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"Fedor Dostoievski / Jokalaria" orrialde nagusia