VII. ATALA
Biharamunean mutilari deitu eta niretzat kontu berezia irekitzeko adierazi nion. Nire gela ez zen hain garestia ere, ez behintzat izutu eta hoteletik alde eginarazteko modukoa. Hamasei federiko neuzkan, baina han... han, agian, aberastasuna zegoen! Xelebrea bazen ere, artean irabazi ez baina aberatsaren antzera jardun, sentitu eta pentsatzen nuen, eta ezin nuen nire burua beste inola imajinatu.
Goiz izan arren, mister Astley-ren bila abiatzera nindoala, guretik arras hurbil dagoen Hôtel d'Angleterre-ra, Des Grieux sartu zen bat-batean nire gelan. Behin ere gertatu gabeko gauza zen, eta gainera azken aldian jaun honekiko nire harremanak oso urrunak eta tiranteak izan ziren. Ez zuen ezkutatzen niganako mespretxua, eta, gainera, ez ezkutatzen saiatzen zen; nik berriz neure arrazoiak neuzkan haren zale ez izateko. Hitz batean, gorroto nion. Asko harritu ninduen bere etorrerak. Berehala antzeman nuen zerbait be rezia gertatu zela.
Biziki jator sartu eta laudorioak izan zituen nire gelarentzat. Kapela eskuetan neukala ikustean, hain goiz paseatzera al nindoan galdetu zidan. Entzun zuenean mister Astley-gana nindoala arazo batengatik, pentsatzen jarri, gogoetatsu, eta bere aurpegiak sekulako kezkatu itxura hartu zuen.
Des Grieux frantses guztien antzekoa zen, alaia eta jatorra behar eta komeni zenean, eta jasanezineraino aspergarria, alaia eta jatorra izatea derrigorrezkoa ez zenean. Frantsesa gutxitan da sortzez jatorra; beti aginduz bezala, kalkuluz da jatorra. Baldin eta, adibidez, ezinbestekoa iruditzen bazaio fantasiazale izatea, originala, ohi ez bezalakoa, orduan bere fantasia, izan litekeen txoro eta behartuena, lehenagotik onartutako eta aspaldi trakets bihurtutakoen ildotik joan ohi da. Sortzez, frantsesa burgesia txikiaren positibismo kaxkar eta arruntenaz osatua dago; hitz batean esanda, munduko lagunik aspergarriena da. Nire iritziz, soilik ezjakinak eta bereziki andereño errusiarrak liluratzen dira frantsesekin. Zentzu apur bat daukan nornahik hartzen ditu berehala jasanezintzat saloiko jatortasun, naturaltasun eta alaitasun horiek, aspaldi ezarritako forma burokratiko hutsak.
— Arazo batekin natorkizu —hasi zen sekulako askatasunez, beste gainontzean gizalege osoz—, eta ez dut ezkutatzen mandatari bezala natorrenik, edo hobeki esanda jeneralaren bitartekari bezala. Oso gaizki dakit errusieraz, eta atzo ia ez nizuen fitsik ulertu; baina jeneralak zehazki azaldu dit, eta aitortzen dizut...
— Entzun, monsieur Des Grieux —eten nion hitza—, arazo honetan ere bitartekari egin duzu beraz zure burua. Ni, noski, un outchitel naiz eta ez dut inoiz etxe honetako kuttuna izateko ohorearekin amestu, eta ezta beste inongo harreman minekin ere. Horregatik ez ditut gorabehera guztiak ezagutzen. Baina argi iezadazu hau: familiako kide bihurtu al zara jadanik? Izan ere, azken batean, denean parte hartzen duzunez eta inondik ere denean bitartekari zarenez...
Ez zitzaion nire galdera gustatu. Gardenegia zen berarentzat, eta ez zuen kontu kontari hasi nahi.
— Nik loturak dauzkat jeneralarekin, bai negozioengatik bai gorabehera berezi batzugatik —esan zuen lehor—. Jeneralak bidali nau zugana, zure atzoko asmoak bertan behera utz ditzazun eskatzera. Buruan zeneukan guztia, ez da dudarik, oso azkarra zen; baina ez duzula ezer erdietsiko azal diezazudan eskatu dit. Are gehiago: baroiak ez zaitu aurrean onartuko, eta, azkenik, zugandik letorzkiokeen buruhauste guztiak saihesteko baliabide guztiak dauzka bere esku. Aitor ezazu zerorrek. Esan, zertarako jarraitu? Jeneralak hitza ematen dizu, abagune egokia heldu bezain laster bere etxeko egingo zaituela segur aski berriro, eta bitarte horretan ere ordainduko dizula soldata, vos appointements. Aski mesedegarria zuretzat, ez da hala?
Nik lasai-lasai ihardetsi nion apur bat oker zegoela; agian baroiak ni ondotik egotzi ez, baizik eta, aitzitik, entzun egingo ninduela. Arazoari nola ekingo nion jakiteko niri kontuak ateratzera etorri zela aitor zezan eskatu nion.
— O, Jainkoa! Jeneralari hainbeste axola zaionerako, horixe zure asmoak ezagutu nahi lituzkeela. Guztiz naturala da!
Azalpenak ematen hasi nintzaion, bera entzuten neukalarik, zabal-zabal eserita, burua apur bat nire aldera saihestuta, ezkutatu gabeko ironia nabarmen batekin aurpegian. Ikusgarri harroa zen bere jarrera. Ni gogotik saiatu nintzen itxura egiten, arazoa ikuspegi guztiz seriosetik aztertzen nuela pentsa zezan. Zera azaldu nion, baroiak jeneralagana jo zuenez niri buruzko kezkarekin, ni jeneralaren morroia banintz bezala, horren ondorioz, lehenik lanik gabe utzi ninduela, eta, bigarrenik, gutxietsi egin ninduela, erantzukizunik hartzeko gai ez eta hitzik zuzentzea ere merezi ez duen norbait banintz bezala. «Noski, eskubide osoz sentitzen naiz iraindua; ongi ulertzen dudanez, ordea, zenbateko aldea daukagun adinez, gizarte mailaz, eta abar eta abar (une honetan ozta-ozta eutsi ahal izan nion barreari), ez dut arinkeria berri bat burutu nahi, hau da, ez diot baroiari zuzenean ordainik exijitu edo proposatu nahi. Dena den, uste dut eskubide osoa daukadala nire barkamen eskaria eskaintzeko baroiari, eta batik bat bere emazteari, are gehiago azken aldian ondoezik sentitzen naizenez, nahasturik, nolabait esatearren fantasiazale, eta abar eta abar. Baroiak, ordea, atzo niretzat modu iraingarrian jeneralagana joaz eta gogor eginaz jeneralak etxetik egotz nindezan, halako egoeran jarri nau non orain ezin baitiot barkamen eskaririk aurkeztu berari eta baronesari, zeren bai berak, bai baronesak eta bai denek ere uste izango bailukete beldurrez joan natzaiela barkamen eske, nire postua berreskuratzeko. Guzti honen ondorioa da orain behartuta nagoela baroiari eskatzeko, ezer baino lehen, barkamen eska diezadan aurrez aurre, hizkera neurtuenaz: konparazio batera esan lezake ez ninduela inolaz ere iraindu nahi. Eta baroiak hau esatean, orduan neuk ere, eskuak askatuta, nire barkamen eskaria agertuko diot, zinez eta benetan. Hitz batean —amaitu nuen—, baroiak niri eskuak askatzea besterik ez dut eskatzen».
— Fu! Zer sentikorra eta fina! Zertarako dituzu barkamen eskariak? Tira, aitor ezazu, monsieur... monsieur... hau dena propio antolatu duzula, jenerala amorrarazteko... baina agian baduzu helburu jakinen bat... mon cher monsieur, pardon, j'ai oublié votre nom, monsieur Alexis?... n'est ce pas?
— Atrebentziarekin, mon cher marquis, zer axola zaizu zuri hau dena?
— Mais le général...
— Eta jeneralari ere zer axola? Atzo zer edo zer esan zuen, ez dakit nola zeukala ibili beharra... eta hain urduri zegoen... baina ez nuen ezer ulertu.
— Badago hemen, badago hain zuzen ere gorabehera jakin bat —jarraitu zuen Des Grieux-k erregu doinuarekin, gero eta amorrazio nabarmenagoz—. Ezagutzen al duzu mademoiselle de Cominges?
— Alegia mademoiselle Blanche?
— Hori da, mademoiselle Blanche de Cominges... et madame sa mère... nirekin ados etorriko zara, jeneralak... hitz batean, jenerala maitemindurik dago eta era berean... era berean baliteke ezkontza hementxe ospatzea. Eta imajina ezazu honenbeste eskandalu eta berriketen aurrean...
— Nik ez dut hemen ikusten ez eskandalu eta ez berriketarik, ezkontzarekin zerikusia daukanik.
— Baina le baron est si irascible, un caractère prussien, vous savez, enfin il fera une querelle d'Allemand.
— Hartara niri egingo dit, zuei ez, ni jadanik ez naiz etxeko eta... (Nahita saiatzen nintzen ahalik ergelena izaten). Baina zilegi bekit galdetzea, erabakirik al dago mademoiselle Blanche ezkontzekoa dela jeneralarekin? Zeren zain daude? Esan nahi dut... zergatik ezkutatzen dute, behintzat guri, etxekooi?
— Ezin dizut... bestalde ez dago erabat... dena den... badakizu Errusiako albisteen zain daudela; jeneralak hainbat arazo dauzka zuzendu beharrak...
— Ah bai! La baboulinka!
Des Grieux-k gorrotoz begiratu zidan.
— Hitz batean —eten ninduen—, itxaropen osoa daukat jarria zure berezko jatortasunean, zure zuhurtzian, zure taktuan... Hainbeste egingo al duzu senide baten antzera onartu, maitatu eta errespetatu zaituen familia honentzat...
— Baita zera ere, bota egin naute bertatik eta! Zuk orain diozunez, itxura hutsagatik gertatu da; aitor ezazu zerorrek ere, zera esaten badizute: «Ez dizut noski belarritik tiratu nahi, baina, itxura hutsagatik, utzidazu belarritik tiratzen...», ez al da ia berdin?
— Orduan, inongo eskarik ez badu zugan eraginik —hasi zen elkor eta harro—, zilegi bekit zuri segurtatzea neurriak hartuko direla. Agintariak daude hemen, gaur bertan bidaliko zaituzte, que diable! Un blanc-bec comme vous duelu desafioa egin nahian baroia bezalako gizasemeari! Eta hori eta horrenbestez libratuko zarelakoan ala? Sinestazu, hemen inor ez da zure beldur! Ni eskari batekin etorri banatzaizu, jenerala larritu duzulako izan da batez ere. Eta zer uste duzu ordea, jeneralak ez diola morroiari aginduko zu kalera botatzeko?
— Ez naiz neroni joango —erantzun nion ikusgarri lasai—. Oker zaude, monsieur Des Grieux: zuk uste baino askoz fintasun handiagoz burutuko da hau dena. Oraintxe noa mister Astley-gana nire bitartekari izan dadin eskatzera, hau da, nire second. Maite nau, eta segur aski ez dit ezetzik esango. Bera baroiagana joan, eta honek hartu egingo du. Neroni un outchitel banaiz eta subalterne baten antzekoa ematen badut, alegia babesik gabeko norbait, mister Astley aldiz lord baten iloba da, benetako lord batena, denek dakite bon, Peabrock lord-arena, eta lord hori hemen dago. Ikusiko duzu, baroia gizabidetsua izango da mister Astley-rekin, eta entzungo dio. Baina ez badio entzuten, orduan mister Astley-k iraintzat hartuko du hori (badakizu zer setatiak diren ingelesak) eta bere partez lagun bat bidaliko dio baroiari, eta oso lagun onak dauzka. Atera itzazu orain kontuak, arazoa ez da agian zuk uste zenuen bidetik joango.
Frantsesa zeharo beldurtu zen; izan ere, guzti hark egiaren antz handia zeukan, eta, itxuraz, eskandalu on bat antolatzeko gai nintzen.
— Arren eskatzen dizut —hasi zen berebiziko erregu ahotsez—, uztazu dena bertan behera! Badirudi atsegin zaizula eskandalu honek aurrera egitea! Zuk ez duzu inongo ordainik nahi, baizik eta eskandalua! Hau dena dibertigarria izan liteke, baita burutsua ere, agian horren atzetik ari zara ahalegintzen, baina, hitz batean —amaitu zuen, ikusirik ni zutitu eta kapela hartzen nuela—, bi hitz hauek ematera etorri natzaizu norbaiten partetik. Irakur ezazu, erantzunari itxoiteko agindu didate eta.
Hori esanda, poltsikotik atera eta txartel txiki bat eman zidan, tolestua eta oblea batez zigilatua.
Polinaren eskuz zegoen idatzia:
«Iruditzen zait istorio honekin aurrera jarraitzeko asmoa daukazula. Haserretu eta umekeriatan hasi zara. Baina badaude hemen gorabehera berezi batzuk, agian geroago azalduko dizkizudanak; mesedez, dena bertan utzi eta zentza zaitez. Hauek dira gero txorakeriak! Zure beharra daukat eta nire esana betetzea hitz eman zenuen. Gogora zaitez Schlangenberg-koaz. Esaneko izan zaitezen erregutzen dizut, eta, beharrezko bada, agindu ere egiten dizut. Zeurea, P.
P.S. Atzokoaz haserre bazaude nirekin, barkaidazu».
Begi aurrean dena jira-biraka zebilkidan, lerro horiek irakurtzean. Ezpainak zuritu eta dardarka hasi nintzen. Frantses madarikatuak diskrezio areagotuz begiratu zidan eta begiak saihestu zituen, nire asaldura ez ikusteko bezala. Nahiago nuen nire aurrean algara bizian hasi balitz!
— Ederki —erantzun nuen—, esaiozu mademoiselleri trankil egoteko. Utzidazu, ordea, galdera bat egiten —gaineratu nuen zakar—: zergatik egon zara hainbeste denboran niri txartel hau eman gabe? Huskeriez berriketan aritu ordez, nik uste dut honekin hasi behar zenuela... baldin enkargu honekintxe etorri bazara.
— O, nik nahi nuen... Hain da hau dena arraroa! Barka ezazu nire eramanezina. Zeure asmoak ezagutu nahi nituen lehenbailehen, zerorrengandik. Bestalde, ez dakit zer dioen txartel horrek, eta uste nuen denbora aski neukala zuri hori emateko.
— Ulertzen dut. Zuri, besterik gabe, agindu dizute niri hau ezinbestean bakarrik emateko, eta hitz eginda konponduez gero ez emateko. Ez da hala? Garbi hitz egin, monsieur Des Grieux!
— Peut-être —esan zuen, diskrezio bitxiko aurpegia jarriz eta niri tankera berezian begiratuz.
Nire kapela hartu nuen; berak buruaz agur egin eta joan zen. Bere ezpainetan irribarre zuri bat zegoela iruditu zitzaidan. Nola bada bestela?
«Hau ez da honenbestez bukatzen, frantximan, jardungo dugu lehian», marmaratu nuen, eskaileretatik jaisterakoan. Artean ezin nuen ezer konprenitu, buruko bat jo zidatela iruditzen zitzaidan. Aire freskoak apur bat suspertu ninduen.
Handik bi minututara, argi pentsatzen hasi nintzen unean bertan, bi burutapen garden izan nituen: lehena, halako huskeriatik, umekeria batzuetatik, bezperan badaezpada jalkitako mutiko baten mehatxu sinesgaitzetatik honelako alarma orokorra piztu zela! Eta bigarren burutapena, zer eragin ote zeukan Polinagan frantses honek? Honen hitz bakar bat eta honentzat beharrezko guztia egiten zuen Polinak, txartela idatzi eta baita niri erregutu ere. Noski, beren arteko harremanak enigma hutsa ziren hasiera hasieratik, ezagutu nituenetik; azken egunotan, ordea, frantsesaganako nazka nabarmena antzematen nion Polinari, baita mespretxua ere, eta frantsesak berriz ez zion ezta begiratzen ere, deskortesa eta guzti zen. Antzemana neukan. Polinak berak hitz egin zidan nazka honetaz; sekulako aitorpen esanguratsuek egiten zioten ihes... Honek esan nahi zuen frantsesak bere menpe zeukala, nolabait bere sarean zegoela...
© Fedor Dostoievski
© itzulpenarena: Antton Garikano