VI. ATALA

 

        Dagoeneko bi egun igaro dira egun ergel harrezkero. Zenbat garrasi, ardaila, bultzada eta zartako! Nolako nahasketa, sesio, ergelkeria eta baldarkeria, dena neronek piztuta. Zenbaitetan barregarria ere bada, niretzat behinik behin. Ezin naiz jabetu zer gertatzen zaidan: zoratua ote nagoen ala besterik gabe bide zuzenetik saihestu eta istiluak sortzen ari ote naizen, lotzen ez nauten bitartean. Zenbaitetan iruditzen zait burua nahastu zaidala. Bestetan berriz hurbil nagoela haurtzarotik, eskolako pupitretik, eta bihurrikeria gordinak besterik ez ditudala egiten.

        Hau dena Polinagatik! Agian ez zen bihurrikeriarik izango, beragatik ez balitz. Auskalo, agian etsipenez egiten dut hau dena (bai txoroa dela, bestalde, honela arrazoitzea). Eta ez dut ulertzen, ez dut ulertzen zer daukan berak ederrik! Ederra, bestalde, horixe dela ederra; nire ustez behintzat. Besteak ere ateratzen ditu beren onetatik. Altua eta lerdena da, aukeran txit argala. Iruditzen zait berarekin korapiloa egin daitekeela, edo bestela gerritik tolestu. Bere oinatza mehea eta luzea da... mingarria. Guztiz mingarria. Bere ileak ñabardura gorrizta dauka. Begiak katuarenak bezalakoxeak, baina zer harro eta urguilutsu begiratzen duen bere haiekintxe! Orain dela lau hilabete, lan honi ekin berri nionean, arratsalde batean Des Grieuxrekin hitz egin zuen saloian luze eta bero. Eta hari nola begiratzen zion ikusita... nire gelara igo nintzenean lotara, imajinatu nuen masailekoa eman ziola hari, aurrean begira egote hutsarekin eman ere... Arratsalde hartantxe maitemindu nintzen berarekin.

        Baina noan harira.

        Bidexkatik etorbidera jaitsi, etorbideren erdian zutik jarri eta baronesa eta baroiaren zain geratu nintzen. Nigandik bost pausotara zeudenean, kapela erantzi eta agur egin nien.

        Gogoan daukat baronesak zetazko soinekoa zeramala, berebiziko zabaleraduna, gris argia, hegalak, kriolina eta isatsarekin. Moztaka eta ikusgarri lodia, izugarrizko papoa zintzilik, lepoa estaltzeraino. Aurpegi morea. Begi txiki, haserre, gordinak. Denei ohore eginaz bezala ibiltzen zena. Baroia berriz zimela eta altua. Aurpegia, alemaniarrengan ohitura denez, okerra eta milaka ximurrekin; betaurrekoduna; berrogeita bosten bat urte. Hankak bularrean bertan hasten zitzaizkion ia, arrazaren ezaugarri. Indioilarra bezain harroa. Moldakaitz samarra. Ahari itxurako aurpegia, nola hala zuhurtziaren ordez.

        Hiru segundotan azaldu zitzaidan hau dena begi aurrera.

        Nire agurrak eta kapela eskuetan edukitzeak, hasieran ozta-ozta erakarri zuen beren arreta. Baroiak betileak apur bat goratzea besterik ez zuen egin. Baronesak niganantz nabigatu zuen.

        — Madame la baronne —esan nuen argi eta garbi, hitz bakoitza azpimarratuz—, j'ai l'honneur d'être votre esclave.

        Ondoren gur egin, kapela jantzi eta baroiaren ondotik igaro nintzen, harengana aurpegia kortesiaz zuzendu eta irribarrez.

        Kapela eranztearena Polinak agindu zidan, baina agurra eta beste bihurrikeriak nigandik sortu ziren. Deabruak daki zerk bultzatu ninduen. Mendian behera piririka bezala nindoan.

        — Gehen Sie! —hots egin zuen, edo hobeki esanda, egin zuen makakorro baroiak, nigana itzulita harridura haserrez.

        Jiratu eta zain geratu nintzen errespetu osoz, begiratu eta irribarre egiteari utzi gabe. Baroiak zur eta lur zirudien, eta nec plus ultraraino kizkurtu zituen betileak. Bere aurpegia gero eta ilunagoa zen. Haren emaztea ere nigana jiratu eta harridura suminez begiratu zidan ere. Pasaerako jendea begira hasi zen. Batzuk bertan gelditu ziren.

        — Gehen Sie! —egin zuen berriro baroiak makakorro, indar bikoiztuz eta sumindura bikoiztuz.

        — Jawohl! —esan nuen astiro, artean ere hari zuzenean begiratzen niola.

        — Sind Sie rasend? —hots egin zuen, makilari eraginez eta apur bat ikaratzen hasita. Agian nire janzkerak nahasten zuen. Oso itxuraz nindoan jantzita, baita dotore ere, maila oneneko norbaiten antzera.

        — Jawo-o-ohl! —hots egin nuen bat-batean nire indar guztiekin, o luzatuz berlindarren antzera, hauek momenturo solasean «jawohl» erabili eta o hizkia gehiago edo gutxiago luzatzen baitute, burutapen eta sentsazioen ñabardura desberdinak aditzera emateko.

        Baroia eta baronesa berehala jiratu eta ia korrika alde egin zuten nigandik, beldurrez. Jendarteko batzuk hizketan ari ziren, eta besteek txunditurik begiratzen zidaten. Gainerakoaz ez naiz ongi oroitzen. Buelta eman eta ibilera normalez joan nintzen Polina Alexandrovnagana. Baina beragandik ehunen bat pausotara nengoenean, zutitu eta umeekin hotelera abiatzen ikusi nuen.

        Atarian harrapatu nuen.

        — Bete dut... kirtenkeria hori —esan nuen, bere parera iristean.

        — Eta zer? Gero izango dituzu komeriak —erantzun zidan begiratu ere egin gabe, eta eskaileretan gora igo zen.

        Parkean igaro nuen arratsalde osoa. Parketik barrena eta ondoren basotik barrena, beste printzerri batera heldu nintzen. Etxola batean tortilla jan eta ardoa edan nuen; otordu idiliko horregatik talero t'erdi kendu zidaten.

        Ez nintzen hamaikak arte etxeratu. Berehala hots egin zidaten jeneralaren aurrera.

        Gutarrek bi apartamendu dauzkate hotelean hartuta; guztira lau gela. Lehena saloi handi bat, pianoarekin. Aldamenekoa ere gela handia da, jeneralaren kabinetea. Han neukan bera zain, kabinetearen erdian zutik, ikusgarrizko jarrera handiosez. Des Grieux dibanean zegoen eserita, zabal-zabal.

        — Jauna, utzidazu galdetzen zer egin duzun —hasi zen jenerala, nigana zuzenduz.

        — Eskertuko nizuke, jenerala, lehenbailehen harira joango bazina —esan nuen nik—. Segur aski gaur alemaniar batekin izan dudan elkartzeaz hitz egin nahiko duzu, ezta?

        — Alemaniar batekin?! Alemaniar hori Wurmerhelm baroia da, garrantzi handiko gizasemea! Gordinkeriak egin dizkiozu berari eta baronesari.

        — Baita zera ere!

        — Izutu egin dituzu, jauna —oihukatu zuen jeneralak.

        — Ez da inolaz ere horrela izan. Harrituta geratu nintzen Berlinen, hangoek hitz bakoitzarekin «jawohl» errepikatzen zutelako etengabe, horixe modu nazkagarrian luzatuz. Etorbidean beraiekin egokitzean, «jawohl» hori etorri zait bat-batean gogora, ez dakit zergatik, eta horrek sumina eragin dit... Eta gainera baronesak, honekin hirugarren aldiz, nirekin egokitu eta zuzenean nigana etortzeko ohitura dauka, oinaz zapal daitekeen zizarea banintz bezala. Ados etorriko zara neuk ere eduki dezakedala nire buruarekiko estima. Kapela erantzi eta kortesia osoz (hala izan dela segurtatzen dizut) esan dut: «Madame, j'ai l'honneur d'être votre esclave». Baroia jiratu, eta garrasi egin dit: «Gehen Sie!» —eta garrasi egiteko bultzada sentitu dut nik ere bat-batean: «Jawohl!» Bi aldiz oihukatu dut: lehenbizikoan normal, baina bigarrenean indar guztiekin luzatuz. Horratx dena.

        Aitortzen dut izugarri pozik nengoela esplikazio harekin, ezin umekeria handiagoa. Berebiziko gogoa neukan istorio hura dena ahalik eta zentzurik gutxienaz azaltzeko.

        Eta hartan murgiltzen joan ahala, gero eta gehiago nindoan zaletzen.

        — Barrez ari zara nire bizkar —egin zuen jeneralak garrasi. Jiratu zen frantsesagana eta istilu handian nengoela sartua adierazi zion frantsesez. Des Grieux-k mespretxuz irribarre egin eta sorbaldak goratu zituen.

        — O, bazter ezazu burutapen hori, ez da horrela eta! —hots egin nion jeneralari—. Nire ekintza, noski, okerra izan da, bene-benetan aitortzen dut. Umekeria txoro eta itxuragabetzat har daiteke nire ekintza, baina besterik ez. Eta jakin ezazu, jenerala, guztiz eta erabat damuturik nagoela. Baina badago hemen gorabehera bat, nire iritziz damu izatetik ere libratzen nauena. Azken aldian, bizpahiru asteotan, ondoezik sentitzen naiz: gaixo, urduri, suminkor, fantasiaz betea, eta noizean behin galdu egiten dut nire buruaren jabetasuna. Egiatan, zenbaitetan izugarrizko gogoa jartzen zait ez non eta ez han Des Grieux markesagana zuzendu eta... Baina ez nadin honetaz mintza, agian mindu egingo dut bera eta. Hitz batean, eritasun zantzuak dira hauek. Ez dakit Wurmerhelm baronesak gorabehera hau aintzakotzat hartuko duen, barkamen eskatzen diodanean (barkamen eskatzeko asmoa baitaukat). Ezetz iruditzen zait, batez ere azken aldi honetan barra-barra erabiltzen delako gorabehera hori legegintzaren munduan: prozesu kriminaletan, abokatuek sarritan defendatzen dituzte beren bezero gaizkileak, argudiatuz hauek krimenaren momentuan ez zirela ezertaz ohartzen, eta hori eritasun baten antzekoa dela. «Halako hil omen zuen, ezertaz ohartu gabe». Eta imajina ezazu, jenerala, medikuntza ere honekin bat dator: egiaztatu egiten du halako eritasuna dagoela, iragaitzezko zoramena, norbait ezertaz ohartzen ez denean, edo erdiaz soilik, edo laurdenaz. Baina baroia eta baronesa antigoalekoak dira, gainera junket prusiarrak, lur-sailen jabeak. Segur aski ez dute ezagutuko legegintza eta medikuntzaren aurrerapen hau, ez dituzte nire azalpenak onartuko. Zuk zer uste duzu, jenerala?

        — Nahikoa dugu, jauna! —esan zuen jeneralak zakar eta sumina menperatuz—. Nahikoa dugu! Behin betirako saiatuko naiz zure umekeriez libratzen. Ez zara baronesa eta baroiaren aurrean desenkusatuko. Zurekiko edozein harreman, nahiz eta zuk barkamen eskatzeko besterik ez izan, guztiz umiliagarria litzateke beraientzat. Baroiak, zu nire etxeko zarela jakitean, azalpenak eskatu dizkit kasinoan, eta, aitortzen dizut, gutxigatik ez du nigandik ordainen bat exijitu. Konprenitzen al duzu zer egoeran jarri nauzun, jauna? Baroiari barkamen eskatu behar izan diot, nork eta neuk, eta hitza eman diot, alegia berehala, gaurtik aurrera, ez zarela nire etxeko izango...

        — Zaude, zaude, jenerala, berak exijitu al du ni gehiago zure etxeko ez izatea, zu oraintxe esatera diñatu zaren moduan?

        — Ez, baina ordain hori eman behar izan diot, eta, jakina, baroia konforme geratu da. Apartatzera goaz, jauna. Lau federiko eta hiru florin hauek dagozkizu nigandik hartzea, honako kontu honen arabera. Tori dirua, eta tori kontuaren agiria, egiaztatu nahi baduzu ere. Adio. Aurrerantzean arrotzak gara elkarrentzat. Kezka eta egonezaz gain, ez dut zugandik besterik jaso. Oraintxe mutilari deitu eta adieraziko diot ez ditudala bihartik aurrera nire gain hartzen hoteleko zure gastuak. Zure esanetara geratzearen ohorea daukat.

        Hartu nuen dirua eta agiria, non arkatzez idatzia baitzegoen kontua, jeneralari agur egin eta txit serioski esan nion:

        — Jenerala, ezin da arazoa honela amaitu. Asko sentitzen dut baroiagatik egoneza nozitu baduzu, baina, barkaidazu, zerorrena da errua. Nolatan hartu duzu zure gain nire erantzukizuna? Zer esan nahi du aipamen horrek, alegia ni zure etxekoa naizela? Zure etxean irakaslea naiz soilik, ez besterik. Ez naiz zure seme propioa, ez nago zure babespean, eta ezin duzu erantzukizunik hartu nire ekintzengatik. Legearen aitzinean gizon konpetentea naiz. Hogeita bost urte dauzkat, unibertsitateko kandidat naiz, noblea, erabat arrotza zurekiko. Zure duintasunari diodan begirune mugagabeak soilik galarazten dit oraintxe bertan zugandik ordain bat eta txosten zabalagoa exijitzea, zure gain hartzeagatik nire erantzukizuna dena.

        Jenerala hain zegoen txundituta non besoak zabaldu, gero bat-batean frantsesagana jiratu eta zalapartan jakinarazi baitzion duelu desafioa egin berri mola kasik. Frantsesa algara batean lehertu zen.

        — Baina ez daukat asmorik baroia horrenbestez aske uzteko —jarraitu nuen nire odol hotz guztiarekin, batere nahaspilatu gabe monsieur Des Grieux-ren barrearekin—, eta nola zeuk, jenerala, gaur ontzat hartu duzun jeneralaren kexak entzutea eta hartan interesa jartzea, horrela zeu ere arazo guzti honetako parte bihurtuz, zuri adierazteko ohorea daukat ez dela bihar goizetik pasatuko, nik baroiari neure izenean azalpen formal bat exijitu gabe, ea zergatik arazoa nirekin izan eta nigana ez baizik besterengana jo duen, ni nire buruaren erantzukizuna hartzeko gai edo duin ez banintz bezala.

        Nik iragarritakoa gertatu zen. Ergelkeria berri hau entzutean, jenerala izugarri beldurtu zen.

        — Hara! Oraindik ere kontu madarikatu honekin jarraitzeko asmoz ala? —oihukatu zuen—. Baina non uzten nauzu ni, Jainkoa! Ez gero ausartu, ez gero ausartu, jauna, edo zin egiten dizut... Hemen ere badaude agintariak, eta nik... nik... hitz bakar batekin, nire mailarekin... eta baroiak berdin... hitz batekin atxilotu eta bidaliko zaitu hemendik poliziak, iskanbilarik sor ez dezazun! Gogoan har ezazu! —eta amorruz puskatzen egon arren, hala ere sekulako beldurra zeukan.

        — Jenerala —erantzun nion berarentzat jasanezina zen lasaitasun batekin—, ez dago inor istiluengatik atxilotzerik istilua baino lehen. Oraindik ez ditut hasi baroiarekiko nire azalpenak, eta zuk inondik inora ez dakizu zer ikuspegitik eta zertan oinarrituz ekingo diodan arazo honi. Nahi dudan bakarra da niretzat iraingarria den susmo hori argitzea: alegia ni ez nagoela besteren babespean, besteren borondatearen menpe. Alferrik larritzen eta urduritzen zara horrenbeste.

        — Jainkoarren, Jainkoarren, Alexei Ivanovitx, bazter ezazu asmo burugabe hori! —marmaratu zuen jeneralak, bat-batean amorruzko doinutik erregura igaroz, eta baita niri eskuetatik helduz ere—. Imajinatzen al duzu zertan bukatuko den hau? Buruhauste gehiago! Ados etorriko zara modu berezian jardun behar dudala honetan, batez ere orain!... batez ere orain!... O, zuk ez dituzu ezagutzen, ez dituzu ezagutzen nire gorabehera guztiak!... Hemendik joaten garenean, prest nago zu berriro hartzeko. Orain honela jokatu dut, baina, hitz batean, ongi ulertzen dituzu nire arrazoiak!... —oihukatu zuen etsipenez—. Alexei Ivanovitx, Alexei Ivanovitx!...

        Aterantz erretiratzerakoan, arren ez larritzeko eskatu nion berriro. Dena ongi eta itxuraz konponduko zela hitz eman nion, eta lehenbailehen irten nintzen.

        Zenbaitetan errusiarrak atzerrian koldarregiak izaten dira eta izugarri beldurtzen dira besteren esana edo begiratzeko moduagatik, eta hau edo hura itxurazkoa ote den. Hitz batean, kortse antzeko batean sartzen dira, bereziki handitasun gose direnak. Beste ezer baino maiteago dute aurrez erabakitako edozein forma, jadanik finkatua, eta esklaboen gisan jarraitzen diote harixe hoteletan, paseoetan, batzarretan, trenean... Baina jenerala mingainak salatu zuen, esanez hura ez ezik gorabehera berezi gehiago ere bazeuzkala, nola hala «modu berezian jardun» beharra zeukala. Horregatik uzkurtu eta beldurtu zen bat-batean, nirekiko doinua aldatuz. Ni honetaz ohartu eta kontutan hartu nuen. Noski, biharamunean edozein agintarirengana jotzeko txorakeria egin zezakeen, eta beraz zuhur neukan ibili beharra.

        Bestalde, ez nuen inolaz ere nahi jenerala haserretzerik; baina orain Polina haserrarazi nahi nuen. Polinak hain latz erabili ninduen, bide ero hartara bultzatuz, non gogo bizia baineukan bide horretatik aurrera egiteko, harik eta berak niri behingoz gelditzeko eskatu arte. Nire umekeriak, azkenean, bera ere estutasunean jar zezakeen. Horretaz gain, nire baitan bestelako sentsazio eta desirak ari ziren ernetzen; ni, adibidez, bere aurrean nahita urritzen banaiz hutsaren hurrengo bihurtzeraino, horrek ez du inolaz ere esan nahi ni inoren aurrean oilo busti bat naizenik, eta ezta ere, noski, baroiak «makilaka jo» nazakeenik. Denen bizkar barre egin eta gizon irten nahi nuen. Ederrak ikusteko zeuden. Segur aski Polinak bere ondora deituko dit berriro, eskandaluaren beldur. Eta deitzen ez badit ere, ikusiko du, bai, ni ez naizela oilo bustia...

        (Albiste harrigarria: oraintxe entzun diot gure inudeari, eskaileretan berarekin topo eginda, Maria Filippovna gaur abiatu dela, bakar-bakarrik, iluntzeko trenean Karlsbadera, lehengusinagana. Zer nolako albistea da hau ordea? Inudeak dio aspalditik zeukala erabakia, baina nolatan ez ote zekien inortxok ere? Baliteke, bestalde, neu izatea ezjakin bakarra. Inudea esamesaka aritu zait, Maria Filippovnak jeneralarekin herenegun zakar hitz egin zuela. Argi dago. Inondik ere mademoiselle Blanche dago tartean. Bai, garrantzizko zerbait datorkigu).

 

 

 

© Fedor Dostoievski

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"Fedor Dostoievski / Jokalaria" orrialde nagusia