V. ATALA

 

        Polina ikusgarri hausnarkor zegoen, baina mahaitik altxatu orduko paseoan laguntzeko agindu zidan. Umeak hartu eta parkeko iturrirantz abiatu ginen.

        Biziki asaldatua nengoenez, galdera txoro eta gordina jalki nion: norabait irteten zenean zergatik ez zion Des Grieux markesak, frantses txikiak laguntzen, eta ezta egun osoan hitzik luzatzen ere?

        — Ziztrin hutsa delako —erantzun zidan arraro. Nik ez nion inoiz honelako iritzirik entzun Des Grieux-ri buruz, eta isildu egin nintzen, sumindura hura konprenitzeko beldurrez.

        — Konturatu al zara gaur ez zegoela ados jeneralarekin?

        — Zuk arrazoia jakin nahi duzu —erantzun zidan lehor eta suminduta—. Badakizu jeneralaren ondasun guztiak dauzkala bahiturik, eta amona hiltzen ez bada, frantsesa berehala jabetuko da bahiturik daukan guztiaz.

        — Egia al da beraz dena dagoela bahiturik? Entzuna neukan, baina ez nekien den-dena zenik.

        — Bestela nola bada?

        — Orduan, adio mademoiselle Blanche —aipatu nuen— Hartara ez da jeneralaren emazte izango! Ba al dakizu: iruditzen zait jeneralak, hain maiteminduta egonda, agian bere buruari tiroa botako diola, mademoiselle Blanchek bertan uzten badu. Bere adinean arriskutsua da horrela maitemintzea.

        — Zerbait gertatuko zaiola uste dut nik ere —aipatu zuen Polina Alexandrovnak, pentsakor.

        — Zoragarria da hau —hots egin nuen—, ezin da gordinago azaldu diruagatik soilik onartu duela ezkontzea. Ezta gizalegea aintzat hartu ere, batere zeremoniarik gabe. Miresgarria! Eta amonari dagokionez, gauza komiko eta likitsagorik telegramak bata bestearen ondoren bidaltzea baino, galdezka: hil al da, hil al da? Ez da hala? Zer deritzozu zuk, Polina Alexandrovna?

        — Txorakeriak dira horiek —esan zuen nardaz, niri hitza etenda—. Aldiz, harritzen nauena da zu horren aldarte alaian egotea. Nolatan zaude pozik? Nire dirua galdu duzulako ala?

        — Zergatik eman didazu gal dezadan? Esan nizun ezin nuela besterentzat jokatu, are gutxiago zeuretzat. Nik zure aginduak obeditzen ditut; baina emaitza ez dago nire gain. Ohartarazi nizun ezer ez zela lortuko. Esadazu, oso larri al zaude hainbeste diru galduta? Zertarako behar duzu hainbeste?

        — Nondik nora galdera horiek?

        — Zerorrek hitz eman zenuen argituko zenidala... Entzun: seguru nago neronentzat jokatzen hastean (hamabi federiko dauzkat), irabazi egingo dudala. Behar hainbat hartu ahal izango duzu orduan.

        Mespretxuzko imintzioa egin zuen.

        — Ez zaitez nirekin haserretu —jarraitu nuen—, eskaintza horregatik. Hain daukat buruan sartua ni zure aldean, alegia zure begi aurrean hutsaren hurrengoa naizela, non nigandik dirua eta guzti onartu baitezakezu. Nire opariek ezin zaituzte iraindu. Gainera zure dirua galdu dut.

        Bizkor begiratu zidan, eta nire hizkera sumindu eta sarkastikoa antzematean, berriro eten zidan hitza:

        — Zuri ez zaizkizu nire gorabeherak batere ardura. Jakiteko gogoa baduzu, zorrak dauzkat. Dirua hartu nuen maileguan, eta bueltatu egin nahi nuke. Burutapen ero eta bitxi hori izan nuen, alegia seguru irabaziko nuela hemen, joko-mahaietan. Ez dakit zergatik izan nuen burutapen hori, baina sinetsirik nengoen. Auskalo, agian sinetsirik nengoelako ez zitzaidala beste aukerarik geratzen.

        — Edo irabazteko premia larria zeneukalako. Itotzeko zorian lasto izpiari heltzen dionak bezalaxe. Nirekin ados etorriko zara, hain itotzeko zorian ez balego, ez lukeela lasto izpia zuhaitz enbortzat hartuko.

        Harriturik zegoen Polina.

        — Zer bada —galdetu zidan—, ez al daukazu zerorrek ere itxaropen hori bera? Orain dela bi aste hitz egin zenidan zerorrek luze eta zabal, esanez seguru zeundela hemen erruletan irabazteaz, eta zu erotzat ez hartzeko eskatu zenidan. Ala txantxetan ari zinen? Baina gogoan daukat oso serioski hitz egin zenidala, eta ez zegoen inolaz ere txantxeriatzat hartzerik.

        — Egia —erantzun nion pentsakor—, oraindik ere seguru nago irabaziko dudala. Eta aitortzen dizut ere orain nire buruari galdera bat egitera bultzatu nauzula: zergatik ez ote duen nire gaurko galera ergel eta lotsagarriak inolako zalantzarik erne nigan. Nolanahi ere, seguru nago nire kontura jokatzen hasi bezain laster irabaziko dudala, inondik ere.

        — Zergatik zaude hain seguru horretaz?

        —Jakin nahi baduzu ere... ez dakit. Dakidan bakarra da irabazteko premia daukadala, nire irtenbide bakarra ere hori dela. Horra zergatik iruditzen zaidan, agian, irabazi egin behar dudala nahitaez.

        — Horrek esan nahi du zeuk ere premia larria daukazula, hainbeste fanatismoz baldin bazaude konbentzituta!

        — Apustu egingo nuke zalantzan jartzen duzula nik beharren bat serioski senti dezakedanik.

        — Berdin-berdin zait —erantzun zuen Polinak emeki eta axolarik gabe—. Jakin nahi baduzu ere... bai, zalantzan jartzen dut zu ezerk serioski oinazetzen zaituenik. Izan dezakezu oinazea, baina ezer seriosik ez. Gizon enasa eta osatu gabea zara. Zertarako duzu dirua? Orduan aurkeztu zenizkidan arrazoi guztien artetik ez nuen ezer seriosik aurkitu.

        — Aizu eta —eten nion—, zorra ordaindu behar duzula esan duzu. Zorra beraz! Frantsesari ote da?

        — Galderak dira horiek gero! Bai garratza zaudela gaur. Ez zara bada mozkortua egongo?

        — Badakizu nik gauza guztiez zinez hitz egin eta zenbaitetan galdetzeko baimena hartzen dudala. Berriro diotsut, zure esklaboa naiz, esklaboengatik ez da lotsarik izaten, eta esklaboak ezin du iraindu.

        — Txorakeriak dira horiek! Ezin dut jasan zure «esklabotza»ren teoria hori.

        — Kontura zaitez ez dudala nire esklabotzaz hitz egiten zure esklabo izan nahi dudalako, baizik eta errealitate bat balitz bezala, inolaz ere nire esku ez dagoena.

        — Argi hitz egin ezazu: Zertarako behar duzu dirua?

        — Eta zuk zertarako jakin behar duzu hori?

        — Nahi duzun bezala —erantzun zuen, burua harro jasoz.

        — Esklabotzaren teoria jasan ez, baina esklabotza exijitzen duzu: «Erantzun eta ez arrazoitu!» Ederki, hala izan bedi. Zertarako dirua galdetzen al duzu? Nola zertarako? Dirua da dena!

        — Hori ulertzen dut, baina irrika horregatik eromenean murgiltzea ez! Izan ere zu amorruraino heltzen zara, fatalismoraino. Hemen badago zerbait gordea, helburu jakinen bat. Hitz egin ezazu itzulingururik gabe, hala nahi dut eta.

        Haserretzen hasia ematen zuen, eta niri izugarri gustatu zitzaidan hark halako grinez galdezka jardutea.

        — Horixe helburu bat dagoela —esan nion—, baina ez naiz hori azaltzeko gauza. Besterik gabe, diruak egiten ditudanean beste gizon bat bihurtuko naizela zuretzat, esklaboaren ordez.

        — Nola? Nola lortuko duzu hori?

        — Nola lortuko dudan? Ez al duzu ere ulertzen nola lortuko dudan zuk niri beste modu batean begiratzea, eta ez esklaboari bezala? Horra nik nahi ez dudana: harridura eta txundidura horiek!

        — Esklabotza hori atsegin zenuela esan zenidan. Hala uste nuen neronek ere.

        — Hala uste zenuen beraz —hots egin nuen atsegin arraro batekin— Ah, zer ederki doakizun lainotasun hori! Ba bai, bai, atsegina zait zure esklabo izatea. Atsegina da, bai, zeharo umiliatua eta ezdeusa izatea! —jarraitu nuen eldarniatzen—. Deabruak daki, agian atsegina da latigoa ere, honek inoren bizkarra zartatu eta haragi puskak zirtzilatzen dituenean... Baina nik agian beste atseginak probatu nahi ditut. Arestian jeneralak mahaian, zure aurrean, sermoia bota dit urteko zazpiehun errubloak direla eta, agian jasoko ez ditudan arren. Des Grieux markesa, betileak goratuta, ni aztertzen egon eta aldi berean badirudi ez didala begiratzen. Eta nik neure aldetik, esate baterako, Des Grieux markesari sudurretik heldu nahi izan banio zeuon aurrean?

        — Hankagorri baten berriketak. Nork bere duintasunari eutsi diezaioke edozein egoeratan. Borroka baldin badago, horrek umiliatu ez baizik goraldu egiten du inor.

        — Ateraldi bikaina! Zuk zera usteko duzu, ni agian ez naizela gauza besteren aurrean neure duintasunari eusteko. Alegia, beharbada gizon duina naizela, baina besteren aurrean neure duintasunari eusteko gauza ez. Konprenitzen al duzu hori gertatu ahal izatea? Errusiar guztiok gara horrelakoak, eta badakizu zergatik? Ba errusiarrok aberatsegiak izan eta hainbat eta hainbat talentu dauzkagulako, forma egokiena berehala aurkitu ahal izateko. Hemen arazo bakarra forma da. Gehienetan errusiarrok hainbeste talentu dauzkagu non jenialtasuna behar baitugu forma egokiena aurkitzeko. Baina gehienetan ez daukagu jenialtasun hori, gutxitan azaltzen baita. Soilik frantsesek, eta agian beste europar batzuek landu dute forma hain ederki non gauza baitira inori berebiziko duintasunez begiratzeko, nahiz beraiek batere duintasunik eduki ez. Horregatik du formak hainbeste garrantzi hauentzat. Frantsesak ongi burutzen du irain batekin, zinezko eta benetako irain batekin, eta ez du kopeta zimurtzen; baina ez du inolaz ere muturreko bat onartzen, horrekin hautsi egiten baita fintasunaren forma, betidanik onetsia. Horregatik dira gure andereñoak frantsesen hain zale, hauek forma onak dauzkatelako. Nire iritziz ez dago inolako formarik, baizik eta soilik oilarkeria, le coq gaulois. Dena den ez daukat hori ulertzerik, ni ez bainaiz emakume. Agian ederrak izango dira oilarrak. Bai, eta ni hitz jarioan ari naizen bitartean ez nauzu eteten. Maizago eten nazazu; zurekin mintzo naizenean den-den-dena kontatu nahi izaten dut. Forma guztiak galtzen ditut. Onartzen dizut ere, forma ez ezik ez daukadala inolako duintasunik. Horratx nik aitortu. Ez naiz kezkatzen inolako duintasunez. Orain dena geldituta dago nire baitan. Zerorrek ere badakizu zergatik. Nire buruan ez dago giza ideia bakar bat ere. Aspalditik nago jakin gabe zer gertatzen den munduan, nola Errusian hala hemen. Dresdetik igaro eta ez naiz gogoratzen nolakoa den. Badakizu zerk gainezkatu nauen. Batere itxaropenik ez daukadanez eta zure begien aurrean hutsaren hurrengoa naizenez, zuzenean mintzo natzaizu: zeu bakarrik ikusten zaitut denean, eta beste guztia berdin zait. Zertarako eta nola maite zaitudan, ez dakit. Ba al dakizu agian ez zarela ederra ere? Atera itzazu kontuak, ez dakit aurpegi ederra daukazun ala ez. Bihotza, segur aski, itsusia duzu; arima berriz noblea ez; oso litekeena da.

        — Horregatik espero al duzu ni diruz erostea —esan zuen—, nire noblezian sinesten ez duzulako?

        — Noiz espero izan dut zu diruz erostea? —oihuztatu nuen.

        — Berritsuketan aritu eta hizketaren haria galdu duzu. Nire burua ez bada, nire begirunea erosi asmo duzu diruz.

        — Ez, ezta inola ere. Esan dizut zaila egiten zaidala esplikatzea. Erasanda uzten nauzu. Ez haserretu nire etorriarekin. Ondo asko dakizu zergatik den ezinezkoa nirekin haserretzea: eroa nago eta kito. Eta gainera berdin-berdin zait haserretzen bazara ere. Goian nire gelan nagoenean, zure soinekoaren zurrumurrua gogoratu eta imajinatzea aski dut nire eskuei hozka hasteko gogoa sentitzeko. Zergatik haserretzen zara nirekin? Nire buruari esklabo deitzen diodalako? Profita zaitez, profita zaitez nire esklabotzaz, baietz bada! Ba al dakizu noizbait hil egingo zaitudala? Ez zaitut hilko zu maitatzez utzi edo jelosiak jota, baizik eta zenbaitetan zu jateko irrika daukadalako. Barre egiten duzu...

        — Ez dut batere barrerik egiten —esan zuen amorruz—. Isiltzeko agintzen dizut.

        Gelditu egin zen, amorruarekin arnasa oztopaturik. Alafede, ez dakit ederra zen, baina nik beti gogoko nuen hari begiratzea nire aurrean hala gelditzen zenean, eta horregatik nuen gogoko hari maiz amorraraztea. Agian bera honetaz konturatu eta nahita haserretu zen. Horixe esan nion.

        — Zer zikinkeria! —hots egin zuen nazkaz.

        — Berdin zait —jarraitu nuen—. Ba al dakizu gu biok elkarrekin joatea arriskutsua dela? Askotan egon naiz eutsiezinezko gogoz, zu jipoitu, elbarritu eta itotzeko. Zer uste duzu, ez dela hori inoiz helduko? Su eta gar jartzen nauzu. Eskandaluaren beldur naizela? Zure amorruaren beldur? Zer axola zait niri zure amorrua! Itxaropenik gabe maite zaitut, eta badakit honen ondoren mila aldiz gehiago maiteko zaitudala. Noizbait hiltzen bazaitut, hil egin beharko dut nire burua ere; baina ahalik eta beranduen hilko dut nire burua, zu gabe egotearen min jasanezina sentitzeko. Ba al dakizu gauza sinestezin bat? Egunak joan ahala gehiago maite zaitut, eta hori ia ezinezkoa da. Nola ez naiz bada horren ondoren fatalista izango? Gogora zaitez herenegun Schlangenberg-en, zuk eraginda xuxurlatu nizunean: «Esazu hitz bat eta amildegian behera egingo dut jauzi». Hitz hura esan bazenu, jauzi egingo nuen. Ez ote duzu sinetsiko jauzi egingo nuela?

        — Hau hitz jario txoroa! —oihukatu zuen.

        — Ez dit batere ardura, txoroa den ala azkarra den —oihukatu nuen—. Dakidana da zure aurrean hizketan eta hizketan eta hizketan aritzeko beharra daukadala, eta hala egiten dut. Nire buruarekiko estima guztia galtzen dut zure aurrean, eta berdin zait dena.

        — Zertarako eginarazi behar nizun Schlangenberg-etik salto? —esan zuen lehor eta biziki iraintsu—. Guztiz baliogabea izango zen hori niretzat!

        — Bikaina! —oihukatu nuen—. Ni zanpatzeko esan duzu propio «baliogabe» hitz bikaina. Erdiz erdi igartzen dizut. Baliogabea al diozu? Baina atseginak beti du bere balioa, eta botere basati eta mugagabea —euli baten gainekoa izan arren—, nolabaiteko gozamena da ere. Gizona sortzez da despota, eta inori sufriarazi zale. Zu ere horrexen oso zale zara.

        Gogoan daukat adi-adi aztertu ninduela begiradaz. Segur aski, nire aurpegiak barreneko sentsazio baldar eta zentzugabe guztiak ezagutarazi zituen. Gogoan daukat nik hemen idatzi bezala izan zela, ia hitzez hitz, gu bion solasaldi hura. Odolez bete zitzaizkidan begiak. Ezpain ertzetan aparta neukan gogortuta. Schlangenberg dela eta ez dela, nire ohoreaz hitzematen dut oraindik ere: nire burua behera botatzeko agindu balit, bota egingo nuen! Txantxetan esan izan balu ere, edota mespretxuz, niri txistua boteaz... hala ere jauzi egingo nuen!

        — Ez. Zergatik ordea? sinesten dizut —mintzatu zen, baina batzuetan hain berezkoa zuen moduan, halako mespretxu eta zitalkeriaz, halako harrokeriaz non, alafede, orduantxe jo eta bertan hilko bainuen. Arriskuan zegoen. Ez nion gezurrik esan hori aipatzean.

        — Ez al zara koldarra? —galdetu zidan bat-batean.

        — Ez dakit. Baliteke ni koldarra izatea. Ez dakit... Ez dut aspaldi horretan pentsatu.

        — Nik esango banizu: «Hil ezazu gizon hori», hilko al zenuke?

        — Nor?

        — Nik nahi dudana.

        — Frantsesa?

        — Ez galdetu, eta erantzun. Nik agindutako norbait. Jakin egin nahi dut serioski ari al zaren hizketan.

        Hain serios eta urduri zegoen arrapostuaren zain, non arraroa iruditu baitzitzaidan.

        — Bai, behingoz esaten badidazu zer gertatzen den hemen! —hots egin nuen—. Nire beldur zara ala? Neronek ikusten ditut hemengo nahasketa guztiak. Blanche deabru horrekiko grinak kutsatutako gizon arruinatu eta ero baten besoetakoa zara; hor dago frantses hori ere, zuganako eragin misteriotsua daukana, eta orain zer eta horren serioski egiten didazu... galdera hori. Gutxienez jakin dezadan hemengo berri; bestela erabat zoratu eta edozein gauza egingo dut. Ala lotsatu egiten zara ni zure konfiantzarekin ondratzeaz? Lotsatu ote zaitezke nitaz?

        — Ez naiz horretaz ari. Galdera egin dizut eta erantzunaren zain nago.

        — Horixe hilko dudala —hots egin nion—, zuk agintze hutsarekin. Baina gai izango ote zara... aginduko ote didazu hori?

        — Zer uste duzu bada, errukitu egingo naizela zutaz? Hala aginduko dizut, baina neroni alde batera geratuko naiz. Jasaterik izango al duzu? Bai zera, nola bada! Zuk, beharbada, aginduez gero hilko zenuke norbait, baina ondoren ni hiltzera etorriko zinateke, zu horretara bidaltzeagatik.

        Buruan zartakoa eman balidate bezala sentitu nintzen hitz haiek entzutean. Jakina, bere galdera hura erdi txantxakeria erdi desafioa iruditu zitzaidan; baina seriosegi mintzatu zen. Txunditurik nengoen bere nahia tankera hartan adierazi zuelako, nire gainetik zeukan eskubideari eusten ziolako, nire gainetik zeukan botere hori onartu eta hain argi esan zuelako: «Zoaz hondamendira, ni alde batera geratzen naizen bitartean». Hitz horietan bazegoen zerbait zinikoa eta egiazkoa, nire ustez gehiegizkoa. Izan ere, nola begiratuko zidan aurrerantzean? Hark esklabotza eta ezdeustasunaren mugak gainditzen zituen. Halako begiradak nornahi aztora zezakeen. Hala, gure solas osoa zentzugabea eta sinestezina izan arren, bihotzak astindu bat eman zidan.

        Bat-batean algarari eman zion. Bankuan geunden eserita, jolasten ari ziren umeen ondoan, eta gure parean zaldi-kotxeak gelditu eta jendea etorbidean jaisten zen, kasino aurrean.

        — Ikusten al duzu baronesa lodi hori? —hots egin zidan—. Wurmerhelm baronesa da. Hiru egun besterik ez daramatza hemen. Begira bere senarrari: prusiar luze zimel hura, eskuan makilarekin. Gogoratzen al zara nola aztertu gintuen herenegun? Zoaz berehala, hurbildu baronesagana, erantzi kapela eta esaiozu zerbait frantsesez.

        — Zer dela eta?

        — Schlangenberg-etik jauzi egingo zenuela hitz eman duzu; nik aginduez gero, inor hiltzeko gertu zaudela hitz ematen duzu. Heriotza eta tragedia guzti horien ordez barre egitea besterik ez dut nahi. Zoaz aitzakiarik gabe. Baroiak makilaz nola jipoitzen zaituen ikusi nahi dut.

        — Ni zirikatzen ari zara; zer uste duzu, ez dudala egingo?

        — Bai, zirika ari natzaizu, zoaz, hala nahi dut eta!

        — Ederki, banoa, nahiz eta hau nahikeria txoro bat izan. Baina nolanahi ere: ez al dio honek jeneralari egoneza sortuko, eta baita zuri ere? Alafede, ez naiz nigatik kezkatzen, zugatik baizik; tira, eta jeneralagatik. Eta zer nahikeria da hori ordea, emakume bat iraintzekoa?

        — Ikusten nago hitzontzi bat besterik ez zarela —esan zuen mespretxuz—. Lehenxeago begiak odolez bete zaizkizu, agian bazkarian ardo asko edanda. Zer uste duzu, ez dudala neronek ulertzen hau txorakeria hutsa dela, eta trakeskeria, eta jenerala haserretu egingo dela? Barre egitea besterik ez dut nahi. Hori nahi dut eta kito! Eta zertarako zuk emakume bat iraindu? Hori egin aurretik joko zaituzte makilaka.

        Ni jiratu eta mandatua betetzera joan nintzen isil-isilik. Txorakeria bat zen noski, eta ez nuen jakin hartatik libratzen, baina baronesagana hurbiltzerakoan, gogoan daukat, akuilatu bezala egiten ninduen zerbaitek, hain zuzen ere umekeria harexek. Gainera izugarri aztoratua nengoen, mozkortuta bezala.

 

 

 

© Fedor Dostoievski

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"Fedor Dostoievski / Jokalaria" orrialde nagusia