IV. ATALA

 

        Gaurko eguna barregarria izan da, zatarra eta txoroa. Gaueko hamaikak dira orain. Nire gelan nago eserita, gogoratzen. Hasteko, goizean erruletara joan beharra eduki dut, Polina Alexandrovnarentzat jokatzeko. Bere ehun eta hirurogei federikoak hartu ditut, baina bi baldintzekin: lehena, ez nuela erdibana jokatu nahi, hots, irabaziez gero ez nuela deus nireganatuko; eta bigarrena, Polinak arratsaldean azaldu egingo zidala zergatik zeukan irabazteko premia hura, eta zenbat. Ezin nuen inolaz ere sinetsi diruagatik soilik zenik. Dirua ezinbestekoa zuen, nonbait, eta lehenbailehen gainera, helburu zehatzen baterako. Azalduko zidala hitz eman eta abiatu naiz. Jendetza izugarria zegoen joko-saletan. Zer lotsagabeak diren denak eta zer goseak! Erdiraino bidea ireki eta croupier-aren ondoan jarri naiz; ondoren lotsati ekin diot lanari, bizpahiru txanpon jarriz. Bitartean begiratu eta azterketak egin ditut; iruditu zait kalkuluek ezer gutxi balio dutela berez, eta inolaz ere ez daukatela jokalari askok ematen dieten garrantzia. Hauek lerrotan zatitutako orriak hartu, emaitzak idatzi, zenbatu, aukeren kontua atera, kalkuluak egin, azkenean dirua jarri... eta galdu egiten dute, kalkulurik gabe jokatzen dugun gainerako hilkorrok bezalaxe. Baina zuzena dirudien ondorio batera iritsi naiz: zori hutsezko aukeretan zehar, hain zuzen ere, ez dago sistemarik, baina bai orden antzeko bat, zinez gauza arraroa. Gertatu ohi da, esate baterako, erdiko hamabi zenbakien ondoren azken hamabiak ateratzea; eman dezagun, adibidez, bi aldiz atera direla azken hamabi hauek, eta gero hamabi lehenetara aldatu dela. Baina lehen hamabiak egokitu badira, erdiko hamabietara aldatzen da berriro; erdiko hauek erreskadan hiruzpalau bider atera, berriro hamabi azkenetara aldatu, beste bi txanden ondoren honetatik lehenetara aldatu, lehenetan behin egokitu eta berriro aldatzen da hiru txandetan erdira, eta gisa honetan jarraitzen du ordu t'erdi edo bi ordutan zehar: bat, hiru eta bi, bat, hiru eta bi. Oso dibertigarria da. Egun batzuetan edo goiz batzuetan, adibidez, gorritik beltzera eta alderantziz aldatzen da ia inongo ordenarik gabe, momenturo, segidan gorri edo beltz hiruzpalau aldiz baino gehiago egokitzen ez delarik. Beste egun batean edo beste arratsalde batean, ordea, gorria ateratzen da behin eta berriro segidan, esate baterako hogeita bi aldiz baino gehiago, eta bere horretantxe jarraitzen du zenbait denboran zehar, agian egun osoan. Mister Astley-k azaldu dizkit kontu hauek gehienak, berak goiz osoa igaro baitzuen joko-mahaietan, baina behin ere dirurik jarri gabe. Niri dagokidanez, den-dena galdu dut azkar asko. Hogei federiko biritxitan jarri eta irabazi egin dut, bost jarri eta berriro irabazi, eta modu honetan bizpahiru bider. Uste dut laurehunen bat federiko eskuratu ditudala bost minututan edo. Orduan joan behar nuen, baina nire baitan sentsazio arraro bat itzarri da, destinoaren desafio antzeko bat, honixe masailekoa jo eta mingaina ateratzeko gogoa. Zilegi den apusturik handiena egin, lau mila florin, eta galdu egin dut. Hartan, suminduta, geratzen zaidan guztia atera, lehengo berean jarri eta berriro galdu dut; ondoren txunditurik bezala joan naiz mahaitik. Ez nuen ulertzen gertatutakoa, eta bazkarira arte ez diot Polina Alexandrovnari nire galera aipatu. Ordura arte noraezean ibili naiz parkean barrena.

        Bazkalorduan asaldura batean nengoen berriro, orain hiru egun bezala. Berriro bazkaltzen zuten gurekin frantsesak eta mademoiselle Blanchek. Antza, mademoiselle Blanche joko-saletan izan zen goizean eta nire balentriak ikusi zituen. Oraingoan atentzio handiagoz hitz egin dit. Frantsesak zuzenago ekin, eta ez non eta ez han galdetu dit neronen dirua al nuen galdutakoa. Polinaren susmoa daukala uste dut. Badago hor ezkutuko zerbait. Nik berehala egia ukatu eta hala nuela esan diot.

        Jenerala zeharo harritu da: nondik erdietsi nuen hainbeste diru? Nik azaldu diot hamar federikorekin hasi naizela, eta sei edo zazpi asmatualdik segidan, bikoizturik, bost edo sei mila florinen jabe egin nautela, eta ondoren dena xahutu dudala bi saiotan.

        Guzti hau, noski, sinesgarria zen. Hau azaltzerakoan Polinari begiratu diot, baina ez dut bere aurpegian ezer igartzerik izan. Nolanahi ere, gezurra esaten utzi eta ez dit gogor egin; hortik atera dudan ondorioa da gezurra esan behar dudala, eta berarentzat jokatu dudala ezkutatu. Hala eta guztiz ere, pentsatu dut nire artean, azalpena zor dit eta kontua argituko didala hitz eman dit lehen.

        Uste nuen jeneralak errieta egingo zidala, baina isilik geratu da; asaldura eta egonezina antzeman diot, ordea, aurpegian. Agian, kinka larrian egonik, mingarria egingo zitzaion entzutea ordu laurden batean halako urre mordoxka bildu eta galdu duela nire moduko inozo etxekalteak.

        Susmoa daukat atzo arratsaldean eztabaida gogorren bat eduki ote zuen frantsesarekin. Luzaroan eta sutsu hitz egin zuten, giltzapean. Frantsesa amorrarazita bezala irten zen, eta gaur goizean goiz berriro joan da jeneralagana, segur aski atzoko elkarrizketa jarraitzeko.

        Nire galeraren berri entzutean, frantsesak, garratz ez ezik, maltzur adierazi dit zuhurragoa izan behar dela. Ez dakit zergatik gaineratu duen bere iritziz errusiarrak ez direla jokatzeko gai, franko jokatu arren.

        — Ba nire iritziz, errusiarrentzat asmatutako gauza da erruleta —esan dut, eta nire aitorpenaren aurrean frantsesak mespretxuz barre-iduri egitean, adierazi diot egia nire alde dagoela, zeren nik errusiarrak, jokalari diren aldetik, goraipatu ez baizik gaitzetsi egiten baititut, eta beraz sinetsi ziezadakeen.

        — Zertan oinarritzen duzu zeure iritzia? —galdetu dit frantsesak.

        — Mendebaldeko gizon zibilizatuaren bertute eta dohainen katiximan kapitalen jabe egiteko gaitasuna sartu da, ikuspegi historikotik, eta antza denez puntu nagusi moduan. Baina errusiarrak, kapitalen jabe egiteko gai ez izateaz gain, alferrik eta itsuski xahutzen du. Zernahi gisaz, errusiarrok ere dirua behar —gaineratu dut—, eta ondorioz oso pozik eta oso grinati gaude baliabide horiekin, adibidez erruletarekin, posible egiten baitu bi ordutan aberastea, nekerik gabe. Horrek guztiz liluratzen gaitu, baina alferrik eta nekerik gabe jokatzen dugunez, dena galtzen dugu!

        — Hori egia da hein batean —aipatu du frantsesak asetasunez.

        — Ez, hori ez da egia, eta lotsagarria da zeure aberriaz horrela jardutea —adierazi du jeneralak zorrotz eta latz.

        — Tira, tira —erantzun diot—. Egia esan, oraindik ez dago argi zer den zatarragoa: errusiarren zirtzilkeria ala alemaniarrek dirua pilatzeko duten bidea, lan ondratuaren bitartez.

        — Zer ideia zirtzila! —oihukatu du jeneralak.

        — Zer ideia errusiarra! —oihukatu du frantsesak.

        Barre egin dut, izugarrizko gogoa neukan haiek zirikatzekoa.

        — Nik nahiago dut bizitza osoa Kirgiziako denda batekin nomada moduan ibili —hots egin dut—, Alemaniako idoloa gurtzea baino.

        — Zer idolo? —hots egin du jeneralak, gogotik haserretzen hasita.

        — Aberastasunak pilatzeko alemaniarren bidea. Nik ez daramat hemen denbora ugari, baina hala ere dagoeneko antzeman eta egiaztatu dudanak sutan jartzen du nire odol tartaroa. Alajainkoa, nik ez ditut bertute horiek nahi! Atzo hemen inguruan hamarren bat versta ibiltzeko astia eduki nuen. Bada, zehatz-mehatz, liburuxka alemaniar moralizatzaile ilustratuetan bezalakoak dira: etxe bakoitzak du bere vater-a, izugarri bertutetsu eta ikusgarri ohoragarria. Hain ohoragarria non beldurra ematen duen beragana hurbiltzeak. Hurbiltze hutsak beldurra ematen duen jende ohoragarria ezin dut jasan. Halako vater bakoitzak bere familia dauka, eta ilunabarrean ozenki irakurtzen dituzte denek irakas-liburuak. Etxetxo gaineko zumar eta gaztainondoen zurrumurrua aditzen da. Eguzkiaren sarrera, teilatuan zikoina, dena ikusgarri poetiko eta hunkigarria...

        «Arren haserretu gabe, jenerala, utzidazu kontatzen zerbait are hunkigarriagoa. Gogoan daukat nire aita zenak ere, ezkien gerizpean, lorategitxoan, ozenki irakurtzen zizkigula arratsaldez amari eta bioi antzeko liburuxkak... Ganoraz eman dezaket, beraz, honi buruzko epaia. Tira, hemengo holako familia guztiak vater-aren erabateko esklabotza eta manupean daude. Denek idien moduan lan egin, eta denek juduen moduan pilatzen dute dirua. Eman dezagun vater-ak dagoeneko honenbeste florin pilatu dituela eta asmoa daukala seme zaharrenari lantegia edo lur sailtxoa uzteko; honetarako alabari ezkonsaria ukatu, eta hau neskazahar geratzen da. Honetarako ere seme gazteena morroi edo soldadutarako saldu eta etxeko kapitalari batzen diote diru honi. Egia da, hala egiten da hemen; galdezka aritu naiz. Hau dena gertatzen da zer eta zintzotasunaren izenean, berebiziko zintzotasunaren izenean, halako moldez non saldutako seme gazteenak ere sinesten baitu zintzotasunaren izenean saldu dutela. Eta hauxe da ideala, biktima bera kontent egotea sakrifiziora daramatelako. Eta zer gehiago? Bada seme zaharrenak ere ez daukala samurrago: badago han inguruan Amalxen deritzan neska bat, harengana jotzen du bere bihotzak, baina ez dauka ezkontzerik, artean aski florin pilatu ez duenez. Bikote honek ere zuhur eta lañoki itxoin, eta irribarretsu joaten da sakrifiziorantz. Amalxeni masailak hexurtu eta zimelduta dago. Azkenean, hogei urteren buruan, ugaldu dira ondasunak; zintzo eta oneski pilatu dituzte florinak. Vater-ak bedeinkatu egiten ditu berrogei urteko semea eta hogeita hamabost urteko Amalxen, bular idorra eta sudur gorria... Horretaz gain negar egin, sermoia eman eta hiltzen da. Seme zaharrena vater zintzo bihurtu, eta berriro hasten da istorio bera. Berrogeita hamar edo hirurogei urteren buruan, lehen vater-aren bilobak, hain zuzen ere, bateratu du kapital taxuzko bat eta bere semeari uzten dio, honek bereari, honek bereari, eta bospasei belaunaldiren ostean azaltzen da Rothschild baroia edo Hoppe & Co., edo deabruak daki nor. Hori bai ikuskizun goresgarria: ehun edo berrehun urtez heredatutako lana, pazientzia, zentzua, onestasuna, izaera, sendotasuna, kalkulua, eta teilatuko zikoina! Zer beste behar dute? Izan ere ez dago ezer hau baino gorenago, eta ikuspuntu honetatik hasten dira mundu guztia epaitzen eta errudunak, alegia zehatz-mehatz beraiek bezalakoak ez direnak, berehala zigortzen. Baina kontua da nik nahiago dudala errusiarren eran istilua sortzea edo erruletan aberastea. Ez dut Hoppe & Co. izan nahi hemendik bost belaunalditara. Nik dirua neronentzat behar dut, eta ez dut nire burua inolaz ere kapitalaren nahitaezko eranskintzat jotzen. Badakit sekulako txorakeriak esan ditudala, baina hor konpon. Horiek dira nire iritziak».

        — Ez dakit egia handirik dagoen zuk esandako guztian —aipatu zuen jeneralak pentsakor—, baina seguru dakit modu jasanezinean harrotzen zarela aukera txikiena eman bezain laster...

        Beragan ohitura zen moduan, ez zuen esaldia amaitu. Gure jenerala hizketan hasten zenean eguneroko elkarrizketa arruntetik apur bat urruntzen zen edozertaz, ez zuen inoiz esaldia amaitzen. Frantsesa zabarki egon zen entzuten, begiak zabal samar. Ia ez zuen ezer ulertu nik hitz egindakotik. Polinak uste handiarekin begiratzen zuen. Bazirudien nirea ez ezik mahaian esandako ezertxo ere ez zuela entzun.

 

 

 

© Fedor Dostoievski

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"Fedor Dostoievski / Jokalaria" orrialde nagusia