III. ATALA

 

        Nolanahi ere, atzoko egun guztian ez zuen nirekin hitzik egin jokoari buruz. Erabat saihestu zuen nirekin hitz egitea. Bere nirekiko jarrerak lehengoan segitzen zuen. Elkartzen ginenean zeharoko utzikeria portaeran, eta baita mespretxu eta gorroto apur bat ere. Ez du batere ezkutatu nahi izaten niganako higuina, argi ikusten dut. Hala eta guztiz ere, ez dit ezkutatzen ere zerbaitetarako behar nauela eta nirekin kontatzen duela hartarako. Gure artean harreman arraro samarrak finkatu dira, gehienean ulertezinak niretzat, kontutan hartuez gero bere harrotasuna eta urguilua beste guztiekiko. Badaki, adibidez, zoratzeraino maite dudala, nire pasioaz hizketan ere uzten dit, eta noski, beste inola ez zezakeen hobeto adierazi niganako mespretxua, oztopo eta mugarik gabe nire maitasunaz hitz egiteko baimena emanda baino. agidanean, «hor ezagun da nola irizten diedan zure sentimenduei, erabat berdin baitzait zuk nirekin zertaz hitz egin eta nigana zer sentitu Lehenago ere askotan hitz egin du nirekin bere gauzez, baina inoiz ez da guztiz egiati aritu. Areago, bere niganako mespretxuan badaude, adibidez, honelako fintasunak ere: badaki, eman dezagun, ezagutzen dudala bere bizitzako gorabeheraren bat, edo bera gogotik larritzen duen zerbait; orduan bera mintzatuko zait gorabehera horrexetaz, beharrezko banau bere xedeetarako, esklabo edo mandatari bat banintz bezalaxe; baina mandatariak bere lana egiteko behar duen doi-doia soilik kontatzen dit beti, eta niretzat artean ezezaguna bada gertakarien haria, ikusten badu ere nola oinazetu eta kezkatzen naizen bere oinaze eta kezkekin, ez da inoiz diñatuko ni erabat lasaitzera irekitasun jator batekin, nahiz eta, sarritan erabili nauenez mandatu neketsu eta arriskutsutarako, berak, nire iritziz, ezinbestekoa lukeen nirekin irekia izatea. Baina merezi al du nire sentimenduez arduratzeak, neu ere kezkatzeak, eta agian bera baino hiru aldiz gehiago larritzeak eta oinazetzeak bere larritasun eta zorigaitzengatik?

        Hiru aste lehenago izan nuen erruletan jokatzeko bere asmoaren berri. Bere ordez jokatu beharko nuela ere adierazi zidan, berak jokatzea ez zela itxura eta. Bere hitzen doinuagatik igarri nion kezka larriren bat zeukala, eta ez soilik dirua irabazteko irrika. Zer da berez dirua berarentzat! Badago hemen xede bat, gorabeheraren bat, ni asmaketan jardun bai baina oraingoz ezagutzen ez dudana. Noski, berari lotuta naukan umilazio eta esklabotzak aukera eman liezadake (izan ere maiz ematen dit) gordin eta zuzen galdetzeko. Ni bere begi aurrean esklaboa eta hutsaren hurrengoa naizenez, nire jakin-min gordinak ezin du iraindu. Baina kontua da galdetzen utzi arren ez didala erantzuten. Zenbaitetan ez nau aintzat ere hartzen. Horra nola gauden biok!

        Atzoko egunez gutarrek franko hitz egin zuten orain lau egun Petersburgora bidalitako telegramaz, erantzunik izan ez duena. Bistan da jenerala urduri eta pentsakor dagoela. Babuxka-gatik, noski. Urduri dago frantsesa ere. Atzo, adibidez, luzaz eta serioski hitz egin zuten biek bazkalondoan. Frantsesaren doinua ikusgarri harro eta zabarra da guztiokin. Harako atsotitz hartan bezalaxe: urdea zeure mahaian jarri eta hark oinak gainean ezarri. Polinarekin ere zabarkeria gordina dauka; gainerakoan, atseginez hartzen du parte kasinoko paseoetan edo kabalgata eta aldiriko txangoetan. Aspalditik ezagutzen ditut gorabehera batzuk, frantsesa eta jenerala lotzen dituztenak: Errusian elkarrekin lantegi bat antolatzekotan ziren; ez dakit proiektuak huts egin ala oraindik hartaz mintzo diren. Horretaz gain, familiako sekretu baten atal bat ere ezagutzen dut kasualitatez: frantsesak, hain zuzen ere, iaz jenerala estutasunetik atera eta hogeita hamar mila errublo eman zizkion, kargua utzi zuenean kopuru estataletik falta zena osatzeko. Eta jakina, honen atzaparretan dago jenerala; baina orain, oraintxe bertan, mademoiselle Blanchek jokatzen du guzti honetan paper nagusia, eta seguru nago ez naizela oker ari.

        Nor da ordea mademoiselle Blanche? Hemen gure artean esaten da frantses noblea dela, amarekin bizi dena eta berealdiko ondasunen jabea. Jakina da ere markesarekin nolabaiteko senidea dela, baina oso urrutikoa, lehengusina edo lehengusina txikia. agidanean, ni Parisera joan arte frantsesak eta mademoiselle Blanchek askoz zeremonia gehiagoz tratatzen zuten batak bestea, harreman finagoa eta delikatuagoa zeukaten; orain ordea, elkarren arteko ezagutza, adiskidantza eta senidetasun horrek gordin eta intimoagoa ematen du. Agian gure arazoak nahikoa okerrak iruditu eta ez diote beharrezkoa irizten gugatik zeremonia eta ezkutuan jarduteari. Herenegun bertan konturatu nintzen nola ikertzen zituen mister Astley-k mademoiselle Blanche eta honen ama. Ezagunak zituela iruditu zitzaidan. Gure frantsesa lehenago ere mister Astley-rekin topatu dela iruditzen zait. Gainerakoan mister Astley hain da herabe, lotsati eta isila, non ia fidatzeko modukoa baita: ez ditu trapu zikinak etxetik kanpora astintzen. Dena den, frantsesak ozta-ozta diosala zuzendu eta ia ez dio begiratzen ere; ez diola beldurrik alegia. Hor nonbait konpreni daiteke hori; baina mademoiselle Blanchek ere zergatik ez dio ia begiratzen? Gainera markesari atzo mingainak alde egin zion: bat-batean, solasaren erdian, ez naiz gogoratzen zer arrazoiengatik, mister Astley aberats porrokatua dela esan zuen, berak ondo dakiela. Nola begiratu zion orduan mademoiselle Blanchek mister Astley-ri! Jenerala ezinegonez dago behintzat. Argi dago zer esanahi duen orain berarentzat izebari buruzko heriotzaren telegramak!

        Segurutzat neukan Polinak nirekin hitz egitea saihesten zuela, horrela helbururen bat lortzeko, eta neuk ere aurpegi hotz eta axolagabea jarri nuen: noiz hurbilduko ote zitzaidan egon nintzen denbora guztian. Hala, atzo eta gaur mademoiselle Blanchegan ipini dut batik bat nire arreta. Jeneral gizajoa, bereak egin du! Berrogeita hamabost urterekin maitemintzea, eta halako lehia biziz, zorigaitz hutsa da ezbairik gabe. Gaineratu horri alarguna izatea, seme-alabak edukitzea, ondasunak berriz zeharo hondoa jota, zorrak, eta, azkenik, zer emakumez maitemindu den. Mademoiselle Blanche eder aparta da. Baina ez dakit ulertuko zaidan beldurra eman dezaketen aurpegi horietakoa daukala esaten badut. Neu behintzat beti ikaratu naiz halako emakumeekin. Hogeita bosten bat urte edukiko ditu. Altua eta sorbalda zabal borobilekoa; lepo eta bular bikaina; azalaren kolorea hori beltzarana, ilea beltza, tinta txinatar bezalakoa, izugarri ugaria, bi orraztaileri lanak emateko modukoa. Begiak beltz, bertako zuriunea horixka, soa lotsagabea, hortzak elur-zuriak, ezpainak beti pintatuak; musketa usaina dario. Modu deigarrian janzten da, aberats, chic, gustu handiz. Esku eta oinak zoragarriak. Ahotsa, kontralto erlatsarena. Zenbaitetan algara egin eta orduan hortz guztiak erakusten ditu, baina gehienetan isilik eta lotsagabe begiratzen du, behinik behin Polina eta Maria Filippovnaren aurrean. (Zurrumurru bitxia: Maria Filippovna Errusiara joatekoa da). Nik uste mademoiselle Blanchek ez duela batere heziketarik, agian ez da argia ere, baina bai susmati eta maltzurra. Nik uste bere bizitza ez dela izan abenturarik gabea. Dena esatearren, baliteke markesa bere senide ez izatea, eta ama ere ama ez. Baina zenbait albisteren arabera, Berlinen, non beraiekin elkartu baikinen, amak eta biak bazeuzkaten ezagun prestu batzuk. Markesari dagokionez, nahiz oraindik ere zalantza daukadan benetako markesa ote den, ez dago zalantzan jartzerik gizarte fineko partaidea dela, gu Moskun eta Alemaniako zenbait alderditan bezala. Ez dakit zer izango den bera Frantzian. Château bat omen dauka. Nik pentsatzen nuen azken bi asteotan ur ugari eramango zuela ibaiak, baina oraindik ez dakit seguru mademoiselle Blanchek eta jeneralak elkarri ezer erabakigarririk esan dioten. Orain dena gure eskuarteen menpe dago, hau da, jeneralak diru asko erakutsi diezaiokeen ala ez. Esate baterako, amona ez dela hil dioen albistea iritsiko balitz, seguru nago mademoiselle Blanche berehala ezkutatuko litzatekeela. Neuri ere harrigarria eta barregarria egiten zait zer kontakatilua bihurtu naizen. Hau nazka ematen dit guzti honek! Bai gustura utziko nituzkeela direnak eta ez direnak alde batera! Baina joan ote naiteke Polinaren ondotik, egon ote naiteke bere inguruan zelatan jardun gabe? Zelatan jardutea makurra da noski, baina zer axola niri?

        Bitxia iruditu zait atzo eta gaur mister Astley-ren jarrera ere. Bai, sinetsita nago maiteminduta dagoela Polinarekin! Bitxia eta barregarria da, batzuetan zenbat adieraz dezakeen lotsatia eta gaixotasuneraino kastua den gizonaren aurpegiak, maitasunak atxikia, batez ere gizon horrek nahiago lukeenean lurrak bera irenstea ezer aipatu edo adierazi baino lehen, nahiz hitzez nahiz begiz. Mister Astley-k oso maiz egiten du topo gurekin paseoetan. Kapelari eragin eta aurrera jarraitzen du, gugana biltzeko gogoz amorratzen dudarik gabe. Baina gonbidatzen badute berehala dio ezetz. Atseden-lekuetan, kasinoan, musika denean edo iturri aurrean, ahalegin guztian gelditzen da gure bankutik urruti gabe, eta gu nonahi egonik ere —parkean, basoan edo Schlangenberg-en— begiak jasotzea besterik ez dago, ingurura begiratzea, eta inondik ere aldameneko zidorrean edo sastraka atzean azaltzen da mister Astley-ren ertza. Uste dut nirekin gordean hitz egiteko aukeraren zain dagoela. Gaur goizean elkarrekin topatu eta bi hitz egin ditugu. Zenbaitetan zeharo etenka mintzatzen da. Egunonak eman gabe hasi zait hizketan:

        — Ah, mademoiselle Blanche!... Emakume franko ikusi ditut mademoiselle Blanche bezalakoak!

        Isildu egin da, modu esanguratsuan niri begira. Ez dakit zer eman nahi zuen horrekin ezagutzera, zeren nik galdetzean «Zer esan nahi duzu horrekin?» irribarre maltzurrez buruari eraginda gaineratu baitu:

        — Hala da, bai. Gustatzen al zaizkio loreak mademoiselle Polinari?

        — Ez dakit, auskalo —erantzun diot.

        — Zer? Ez dakizula? —hots egin du zeharo harrituta.

        — Ez dakit, ez naiz horretaz ohartu —errepikatu dut irribarrez.

        — Hm, ideia berezi bat ematen dit horrek.

        Honetan, buruaz keinu egin eta aurrera jarraitu du. Gainerakoan aurpegi alaia zeukan. Frantses penagarrian hitz egiten diogu elkarri.

 

 

 

© Fedor Dostoievski

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"Fedor Dostoievski / Jokalaria" orrialde nagusia