II. ATALA
Aitortzen dut desatsegina egiten zitzaidala; jokatzea erabaki banuen ere, ez nuen inolaz ere besteren izenean hasteko asmorik. Horrek nahasmen apur bat ere sortzen zidan, eta egonezezko sentimendu batekin sartu nintzen joko-saletara. Aurreneko begi kolpean ez zitzaidan gustatu. Ezin dut jasan mundu osoko feuilleton-en, eta batez ere errusiako gure egunkarien morrontza hori, udaberriro ia gure feuilleton-gile guztiek bi gauzez bakarrik jarduten baitute: lehenik, Rhineko erruleta-herrietako joko-salen ponpezia berezi eta luxuaz; eta bigarrenik, mahai gainetan egon ohi diren urre piloez. Ez zaie hori kontatzeagatik ordaintzen; apaltasun desinteresatuz egiten dute. Ez da batere ponpeziarik izaten sala kaxkar horietan, eta urrea berriz, mahai gainetan pilotan ez egoteaz gain, ozta-ozta ageri da inon. Jakina, noizean behin, urte sasoian barrena, xelebreren bat azaltzen da bat-batean, ingeles edo asiarren bat, azken uda honetan turkiarra, anitz galduz edo irabaziz; gainerako guztiek florin bakar batzuk jokatzen dituzte, eta bataz beste oso diru gutxi egon ohi da mahai gainean. Ni joko-salan sartzean (nire bizitzan lehen aldiz), jokatzeko erabakia hartu ezinik egon nintzen apur batean. Gainera galarazi egiten ninduen hango jendetzak. Baina neu bakarrik egon banintz ere, uste dut lehenago egingo nuela handik joan, jokoan hasi baino. Aitortzen dut bihotza taupaka neukala, eta burua ere ez guztiz hotz; segurtasun osoz nekien eta aspalditik neukan erabakia ez nintzela hori eta horrenbestez Ruletenburgotik joango; inondik ere zerbait gertatuko zen nire patuan, erabatekoa eta behin betirako. Hala behar zuen eta hala izango zen. Barregarria da nik erruletarekin hainbeste itxaropen edukitzea, baina ene ustez are barregarriagoa da denek onartutako iritzi hori, alegia jokotik ezer itxarotea gauza mentsa eta zoroa dela. Zergatik da jokoa okerragoa dirua lortzeko beste moduen aldean, merkataritza adibidez? Egia da ehun lagunetik bakarrak irabazten duela. Baina zer axola zait niri hori?
Halaz guztiz ere hasieran ikusmiran egotea erabaki nuen, eta arratsalde hartan ezertan serioski ez hastea. Arratsalde hartan, baldin zerbait gertatzen bazen, oharkabean eta ezer gutxi izango zen: hala neukan erabakia. Gainera lehenik jokoa bera zegoen ikasi beharra; zeren eta, nik beti halako irrikaz irakurritako erruleten milaka deskripzioak gorabehera, ez bainuen fitsik ere ulertu haien antolaketaz, harik eta neure begiez ikusi arte.
Ezer baino lehen oso lohia iruditu zitzaidan dena, moralaren ikuspegitik likitsa eta lohia. Ez naiz inolaz ere ari aurpegi irrikatsu eta urduri horietaz, joko-mahaiak hamarnaka eta are ehunka ere inguratzen dituztenak. Ez diot lohia irizten ahalik azkarren eta gehien irabazteko desirari; niri beti inozokeria iruditu zait okituta eta bizimodua segurtatuta zeukan moralista haren gogoeta, «diru gutxi jokatzen da» aitzakiaren aurrean zera erantzun baitzuen: «hainbat okerrago, hala etekina eskasa da eta». Hain zuzen ere, etekin eskasa eta etekin handia ez dira beti berdin. Proportzio kontua da. Rothschild-tar batentzat eskasa dena niretzat erruz da; irabazia eta saria dela eta, erruletan ez ezik beste denean ere jendea elkarri nondik zerbait ostu edo irabaziko ibiltzen da etengabe. Gainerakoan irabazia eta etekina zantarrak diren ala ez, hori beste galdera bat da. Ez dut horretan sartu nahi. Hala, neu ere irabazteko irrikaren mende nengoenez guztiz eta erabat, diru-gosearen lohi guzti hori, horrela deitu nahi badiozue, atseginagoa eta hurbilagoa egin zitzaidan salaren aurrean. Denetan gisakoena inoren aurrean itxura egiten ez baizik modu ireki eta agerian jardutea da. Zertarako engainatu norbere burua? Gauza txoro eta probetxu gutxiagokorik! Lehen begiradan biziki itsusia zen erruletako jendilajeak bere jardunarekiko zeukan errespetua, nolako seriostasuna eta baita mirespenez ere zeuden mahai inguruetan. Horregatik bereizten da argiro mauvais genre izeneko jokoa eta gizaseme prestuak zilegi duena. Bi joko daude, bata gentleman-ena eta bestea plebeioena, diru-goseena, jendilaje horrena. Zorrotz bereizten da hori, eta, izatez, bai zirtzila dela bien arteko bereizketa! Gentleman-ak, esate baterako, bost edo hamar luis joka ditzake, gutxitan gehiago, nahiz eta aberatsa bada mila franko ere joka ditzakeen, baina berez jokoagatik beragatik, plazer hutsagatik, irabazi ala galeren prozesuari begiratzeko bakarrik; baina ezin du inolaz ere irabazteko interesik eduki. Irabaziez gero, adibidez, barre egin dezake esate baterako, edo inguruko norbaiti oharren bat egin, baita berriro jokatu eta apustua bikoiztu ere, baina jakin-min hutsagatik, aukerak ikusteko, kontuak egiteko, baina ez plebeioen irabazi grinaz. Hitz batean esanda, joko-mahai guzti hauei, nola erruleta hala trente et quarante izan, bere atseginerako antolatutako plazer hutsa balira bezala begiratu behar die gentleman-ak. Bankaren oinarri eta egitura diren etekina eta tranpak ezin ditu susmatu ere egin. Hainbestean legoke ere, adibidez, irudituko balitzaio beste jokalari guztiak, florin batengatik dardarka dagoen zabor hori guztia gentleman aberats eta prestuak direla, bera bezalakoxeak, dibertsio eta plazer hutsagatik jokatzen dutenak. Errealitatea batere ez ikuste hau eta gizonei honen xaloki begiratzea biziki aristokratikoa litzateke, noski. Makina bat amatxo ikusi ditut alabari aurrera bultzatzen, hamabost hamasei urteko miss xalo eta dotorea, urrezko txanpon batzuk eman eta nola jokatu irakasten. Andereñoak, nahiz irabazi nahiz galdu, betiere barre egin eta oso pozik joaten zen. Gure jenerala tinko eta irmo hurbildu zen mahaira; morroi bat ia zalapartan joan zen harentzat eserlekua ekartzera, baina hura ez zen morroiaz ohartu; oso astiro poltsa hartu, oso astiro poltsatik hirurehun franko urre hartu, beltzean ezarri eta irabazi egin zuen. Jaso gabe utzi zuen etekina mahai gainean. Berriro atera zen beltza; oraingoan ere jaso ez, eta hirugarren aldian gorria atera zenean mila eta berrehun franko galdu zituen batera. Bere buruari eutsi eta irribarretsu joan zen. Seguru nago bihotzean katua zeukala harramazka, eta halako bi edo hiru izan balitz apustua bere buruari eusterik ez eta asaldura agertuko zitzaiola. Horretaz gain, frantses batek nire aurrean hogeita hamarren bat mila franko irabazi eta ondoren galdu egin zituen, alai asko eta asaldura aztarrenik gabe. Benetako gentleman-ak, ondasun guztiak galdu arren, ez dauka hunkitzerik. Dirua hain dago gentlemantasunaren azpitik, non ia ez baitu ardurarik merezi. Noski, guztiz aristokratikoa da ezikusia egitea jendilaje eta giro guzti honen narraskeriari. Zenbaitetan ordea, ez da aristokrazia gutxiagokoa alderantzizko jokabidea, hau da, konturatu, ikusi, eta baita begira egotea ere, konparazio batera monokuloaren bidez, jendilaje guzti honi, baina narraskeria eta jendetza hori dena gentleman-en atseginerako eratutako emanaldi baten moduan hartuz. Zilegi da jendetza-pila horretara sartzea, baina ingurura konbentzimendu oso batekin begiratuz gerotan, alegia norbera ikusle hutsa dela eta inolaz ere ez multzoko partaide. Nolanahi ere, ez da oso egokia arreta handiarekin begiratzea: ez da gisakoa gentleman-arentzat, zeren azken batean ikuskizunak ezer gutxi merezi baitu, eta oso bakanak dira gentleman baten begientzat eginak. Niri dagokidanez, ordea, hango hura arretaz ikusteko modukoa iruditu zitzaidan, batik bat begiratzera etorri ez baizik benetan eta oneski bere burua jendilaje horretako partaidetzat duenarentzat. Nire baitako hatsarri moralei dagokienez, ez dute orain nire gogoetetan lekurik. Nire kontzientzia garbitzearren diot hori. Gauza bakarra adierazi nahi dut: azken aldi guzti honetan izugarrizko nazka ematen dit nire ideia eta jokabideei neurri moralen bat eransteak, edozein izanik ere. Beste zerbaitek gidatzen nau...
Jendilajeak narras jokatzen du, zinez. Mahaian hainbat eta hainbat lapurreta gertatzen direla ere esango nuke. Croupier-ek, mahai ertzetan eserita apustuak zaindu eta zenbaketak egiten, lan izugarri daukate. Horiek ere a zer jendilajea! Gehienetan frantsesak. Bestalde, ez naiz inolaz ere ari hemen begira eta oharrak egiten erruleta deskribatzeko; neroni ohitzeko ari naiz, gerora nola jardun jakiteko. Jabetu naiz, adibidez, izan litekeen gauzarik normalena dela mahaiko norbaitek bat-batean eskua luzatu eta bestek irabazitakoa harrapatzea. Sesioa piztu, garrasiak ere maiz, baina froga ezazu orduantxe, topa itzazu lekukoak apustua zeurea dela diotenak!
Hasieran hau dena berebiziko nahaste-borrastea zen niretzat. Nola hala igarri eta antzeman nuen bakarra zen apustuak zenbakietan egiten zirela, bakotxi ala biritxi, eta koloreetan. Arratsalde hartan Polina Alexandrovnaren dirutik ehun florin arriskatzea erabaki nuen. Besterentzat jokatzen hasteko ideiak apur bat txundituta nindukan. Biziki desatsegina zen sentimendu hura, eta hartatik lehenbailehen libratzeko irrika neukan. Iruditzen zitzaidan Polinarentzat jokatuez gero neronen zortea lurperatzen nuela. Ez al dago joko-mahaira hurbiltzerik, berehala norberari sineskeria kutsatu gabe? Bost federiko hartuta hasi nintzen, alegia berrogeita hamar florin, eta biritxitan jarri nituen. Gurpila jiraka ibili eta hamahiru egokitu zen: galdu. Sentimendu mingarri batekin, bakar bakarrik nire burua nolabait askatu eta alde egiteko, beste bost federiko jarri nituen gorrira. Gorria egokitu zen. Hamar federiko jarri: berriro egokitu zen gorria. Berriro dena jarri: berriro egokitu zen gorria. Berrogei federiko jaso eta hogei jarri nituen erdiko hamabi zifretan, harekin zer egokitzen zen jakin gabe. Halako hiru ordaindu zidaten. Modu honetan, hamar federikoak bat-batean laurogei bihurtu zitzaizkidan. Hain egin zitzaidan hura jasanezina, hain neukan sentsazio bitxi eta arraroa non alde egitea erabaki bainuen. Iruditzen zitzaidan ez nuela hala jokatu izango neronentzat jokatu banu. Nolanahi ere, berriro jarri nituen laurogei federikoak biritxitan. Oraingoan laua egokitu zen; beste laurogei federiko eskuratu, eta ehun eta hirurogei federikotako pila hartuta abiatu nintzen Polina Alexandrovnaren bila.
Parkera ziren paseatzera joanak, eta afarira arte ez nuen ikusterik izan. Oraingoan frantsesa ez zegoen bertan, eta jenerala hitz jarioan ari zen; besteak beste, beharrezkoa iruditu zitzaion niri berriro ohartaraztea ez ninduela joko-mahaien aurrean ikusi nahi. Bere iritziz, asko konprometituko nukeen nik gehiegi galduez gero; «baina anitz irabaz bazeneza ere konprometiturik nengoke», gaineratu zuen modu esanguratsuan. «Jakina, ez daukat eskubiderik zure portaeran agintzeko, baina ados egongo zara zeu ere...» Ohitura zuen bezala, ez zuen esaldia amaitu. Lehor erantzun nion diru gutxi neukala, eta beraz ez nezakeela nabarmenki galdu jokoan hasten banintzen. Nire gelara igotzerakoan Polinari bere irabaziak ematea erdietsi, eta zin egin nion hurrena ez nuela berarentzat jokatuko.
— Zergatik ordea? —galdetu zuen, urduri.
— Neronentzat jokatu nahi dudalako —erantzun nion, harriduraz begira—, eta honek eragotzi egiten dit.
— Hortaz, erruleta zure irteera eta salbamen bakarra delakoan segitzen al duzu? —galdetu zidan isekati.
Nik oso serioski errepikatu nion baietz; derrigorrez irabazteaz neukan konbentzimenduari zegokionez libre zeukala iseka egitea, nigatik konforme, «baina ni bakean uzteko».
Polina Alexandrovnak gogor egin zuen egun hartako irabaziak arren erdibana genitzan, eta laurogei federiko eskaini zizkidan, aurrerantzean ere baldintza berekin jokoan jarraitzeko proposatuz. Nik tinko eta irmo egin nion uko erdiari, eta aitortu nuen ez nuela besterentzat jokatu nahi, ez desio ez nuelako, baizik eta segur aski galdu egingo nuelako.
— Hala eta guztiz, txoroa eman arren, neronek ere erruletan dauzkat jarrita nire itxaropenak —esan zuen pentsakor—. Horregatik jokatu behar duzu derrigorrez nirekin erdibana, eta bistan da hala egingo duzula!
Honenbestez joan zen, nire ondorengo eragozpenei entzungor eginez.
© Fedor Dostoievski
© itzulpenarena: Antton Garikano