I. ATALA
Itzuli nintzen azkenean bi asteko urrunaldiaren ondoren. Gutarrek hiru egun zeramatzaten Ruletenburgon. Uste nuen zain edukiko nituela, auskalo zenbateko irrikaz, baina oker nengoen. Jeneralak segurtasun handiz begiratu, nirekin harro mintzatu eta bere arrebagana bidali ninduen. Argi zegoen dirua eskuratu zutela nonbaitetik. Jenerala, bere segurtasun guztia gorabehera, nitaz apur bat lotsatzen ote zen ere iruditu zitzaidan. Maria Filippovna erabat lanpetuta zebilen, eta ozta-ozta hitz egin zidan; hala ere dirua hartu eta zenbatu zuen, nire kontaera entzun bitartean. Mesenzov, frantses txikia eta ingelesen bat espero zituzten bazkaltzeko, ohitura errusiarrari jarraituz: dirua edukiez gero, edonori bazkaria eskaini behar berehala. Polina Alexandrovnak, ni ikusirik, galdetu zidan ea kanpoan hainbeste denboran zergatik ibili nintzen. Erantzuteko betarik eman baino lehen, ordea, joana zen. Nahita egin zuen, noski. Nolanahi ere, hitz egin beharra geneukan. Gauza asko gertatu ziren.
Hoteleko laugarren solairuan gela ttiki bat zegoen niretzat paraturik. Hemen denek dakite «jeneralaren suitekoa» naizela. Nonbait, jadanik lortua zuten beren buruak ezagutzera ematea. Jenerala handiki errusiar aberats bat delakoan daude hemen denak. Bazkalaurretik, beste zenbait enkarguren artean, mila frankotako billete bi eman zizkidan alda nitzan. Hoteleko bulegoan egin nuen hori. Orain milionariotzat hartuko gaituzte, gutxienez astebetean. Mixa eta Nadiaren bila joan nahi nuen, beraiekin paseatzeko, baina eskaileretan jeneralagana hots egin zidaten; umeak nora neramazkien jakitea bururatu zitzaion. Gizon honek, zinez, ezin dit aurrez aurre begiratu; gogoz egingo luke, baina halako begirada zorrotza luzatzen diot beti, alegia batere errespeturik gabea, non zeharo larritzen baita. Oso solas dotorean, esaldi bat hurrengoari kateatuz eta azkenean haria galduz, umeekin kasinotik ahalik urrutien joateko adierazi zidan, parkera edo. Azkenean zeharo haserretu eta zakar gaineratu zuen:
— Bestela, azkenean kasinoko erruletara eramango dituzu. Barkaidazu —eten zuen—, baina badakit oraindik buruarin samarra zarela, eta baita jokatzen hasteko gauza ere. Dena den, zure mentore ez naizen arren, eta ezta izan nahi ere, badut behintzat eskubiderik zuk ni nabarmen ez uztea nahi izateko...
— Ez daukat batere dirurik —erantzun nuen lasai—. Galdu ahal izateko, lehenik eduki egin behar.
— Berehala jasoko duzu —erantzun zuen jeneralak, apur bat gorriturik. Bere idazmahaia miatu eta ohar liburu batean begiratu zuen. Agidanean, ehun eta hogei errublo neuzkan beragandik bartzeko.
— Nola kitatu ordea? —hasi zen—. Talerotan atera behar dugu kontua. Begira, torizkizu ehun talero, kopuru borobila; gainerakoa ere ez duzu noski galduko.
Isilik hartu nuen dirua.
— Ez itzazu arren nire hitzak txarrean hartu; hain zara suminkorra... Ohar hori abisatzeko bakarrik izan da nolabait, eta badaukat noski horretarako eskubidea...
Eguerdi aldera umeekin itzuli nintzenean, kabalgata handi batekin gertatu nintzen. Gutarrek irtenaldi bat egina zuten erruinen batzuetara. Bi kotxe bikain eta zaldi zoragarriak! Kotxe batean mademoiselle Blanche zihoan, Maria Filipovna eta Polinarekin eserita; frantses txikia, ingelesa eta jenerala zaldiz zihoazen. Begira geratzen zitzaizkien oinezkoak; lortua zuten helburua; baina jenerala larri zen. Kontuak atera nituen: denetara, nik ekarritako lau mila frankoei gehitu beraiek nonbaitetik berenganatu dutena, eta zazpi-zortzi mila franko edukiko dituzte orain; gutxiegi da hori mademoiselle Blancherentzat.
Mademoiselle Blanche ere gure hotelean dago, bere amarekin; inguruan da gure frantses txikia ere. Mirabeek monsieur le comte deitzen diote eta Mlle. Blancheren amak madame la comtesse deritza bere buruari; baliteke, bai, benetako comte eta comtesse izatea.
Nik banekien monsieur le comte-k ez ninduela ezagutuko, bazkaltzera bilduko ginenean. Jeneralari, noski, ez zitzaion bururatu elkarren ezaguera ematea, edo behinik behin hari nitaz hitz egitea; baina monsieur le comte Errusian izana da eta badaki zer den pikaren azken umea, hau da, outchitel deritzotena. Gainerakoan, oso ongi ezagutzen nau. Baina aitortu beharra daukat inork gonbidatu gabe azaldu nintzela bazkarira; antza, jeneralari ahaztu egin zitzaion agindua ematea, bestela table d'hôte-ra bidaliko baininduen berehala. Nire gisa azaldu, eta jenerala ez zen sobera poztu ikusi ninduenean. Maria Filippovna jatorrak berehala adierazi zidan non eseri; baina mister Astley-rekin gertatzeak estutasunetik atera ninduen, eta bere lagunarteko kide suertatu nintzen ezinbestean.
Ingeles bitxi honekin Prusian gertatu nintzen lehen aldiz, bagoi berean aurrez aurre eserita, gutarren atzetik nindoanean; gerora Frantziara sartzerakoan topatu nintzen berarekin, eta azkenik Suitzan; azken bi asteetan bi bider, eta hara non, bat-batean, Ruletenburgon gertatzen nintzen berarekin. Ez dut sekula gizon lotsatiagorik ezagutu; tentelkeriaraino da lotsati, eta berak ere badaki noski, ez baita batere tentela. Gizaseme biziki jator eta baketsua da. Lehen aldi hartan Prusian elkar ezagutu genuenean, kontuak atera nizkion. Uda hartan Ipar Kaboan izana zela aipatu zidan, eta Nixni Novgorod-eko urteroko merkatura joateko gogo handia zeukala. Ez dakit nola egin duen jeneralaren ezaguera; Polinarekin zeharo maiteminduta dagoela iruditzen zait. Berau sartzean txingarra baino gorriago jarri zen. Oso pozik zegoen bere ondoan eseri nintzelako, eta lagun mintzat hartzen nauela dirudi.
Frantses txikia gogotik ari zen mahaian tonua ematen; besteak gutxietsi eta bere burua hanpatzen. Gogoan daukat Moskun ere xaboizko burbuilak besterik ez zituela bota. Oparotasun izugarriz mintzo zen finantzez eta Errusiako politikaz. Zenbaitetan jenerala gogor egitera ausartzen zen, baina lainoki, bere handitasuna kaltetzen ez zen heinean.
Ni aldarte arraroan nengoen; jakina, bazkari erdira heldu aurretik, nahikoa beta izan nuen neure buruari ohiko eta betiko galdera egiteko: nolatan alferrikaltzen ote dut denbora jeneral honekin, eta ez natzaio aspaldian alde egin? Noizean behin Polina Alexandrovnari begiratzen nion; ez ninduen aintzat ere hartzen. Azkenerako haserretu eta gordinkeriak esaten hastea erabaki nuen.
Hala, ez non eta ez han, eta inork ezer galdetu gabe, ozenki sartu nintzen besteen elkarrizketan. Batez ere frantses txikiarekin nahi nuen errieta izan. Jeneralagana jiratu eta argi eta garbi aipatu nuen, uste dut berari hitza etenaz, uda honetan errusiarrentzat ia ezinezko zela hoteleko table d'hôte-etan bazkaltzea. Jeneralak harriturik begiztatu ninduen.
— Bere buruaganako begirune duenak —jarraitu nuen—, ziur izango ditu irainak, eta baita berebiziko lotsak jasan beharko ere. Parisen eta Rhin aldean, baita Suitzako table d'hôte-etan ere, hainbeste poloniar eta hauen adiskide diren frantses egon ohi dira, non ez baitago aukerarik txintik esateko, baldin errusiarra bazara.
Frantsesez esan nuen hau. Jeneralak txunditurik begiratu zidan, erabaki ezinik edo haserretu edo nire gordinkeria harekin harritu.
— Eskarmenturen bat izan al duzu bada? —galdetu zuen frantses txikiak, ezaxolati eta mespretxuz.
— Lehen aldiz Parisen eduki nuen sesioa poloniar batekin —erantzun nuen—, eta poloniarra babestu zuen ofiziale frantziar batekin ondoren. Gero, zenbait frantsesek nire alde egin zuten, behin monsignore bati kafe kikaran txistua botatzeko gogoz egon nintzela kontatu nienean.
— Txistua bota? —galdetu zuen jeneralak harriduraz eta ingurukoei begira. Frantsesak mesfidati so egin zidan.
— Halaxe izan zen —erantzun nuen—. Bi egun osoz seguru nengoenez gure negozioak zirela-eta agian Erromara bidaiatuko genuela laster, Aita Santuaren enbaxadaren kantzilergora joan nintzen, Parisen, pasaporterako bisatua lortzearren. Han abade batek hartu ninduen, berrogeita hamar urte ingurukoa, lehorra eta aurpegi izoztukoa; prestuki entzun ninduen, baina izugarri lehor esan zidan itxoiteko. Presa izan arren eseri egin nintzen, eta Opinion nationale atera ondoren, Errusiarren aurkako izugarrizko laidoak hasi nintzen irakurtzen. Bitartean, norbait sentitu nuen aldameneko gelatik barrena monsignoreagana sartzen; gur egiten ikusi nuen abadea. Nire arestiko eskaria errepikatu, baina lehen baino lehorrago agindu zidan berriro itxoiteko. Handik gutxira ezezagun bat sartu zen, austriarra, lan kontutarako; esatekoa entzun, eta gora eraman zuen berehala. Amorrarazten hasi nintzen guztiz; zutitu, abadeagana joan, eta irmoki esan nion monsignoreak jendea hartzen zuenez, nirekikoa ere amai zezakeela. Abadeak atzera egin zuen bat-batean nigandik, berebiziko harriduraz. Ulertezina zitzaion nolatan ausart zitekeen errusiar zarpail bat monsignorearen gonbidatuekin bere burua parekatzera. Burutik oinetara neurtu ninduen, eta ni iraintzeko pozez bezala, honela oihukatu zuen doinu lotsagabez: «Zer uste duzu, monsignoreak zugatik kafea utziko duela?» Berak baino ozenago oihukatu nuen: «Bada jakin ezazu niri bost axola zaidala zure monsignorearen kafera txistua botatzea ere! Ez baduzu nire pasaportearekin berehala bukatzen, neroni igoko naiz beragana!»
«Hara! Noiz eta kardinala ondoan eserita daukanean!» —hots egin zuen abadeak; izuturik nigandik atzera egin, aterantz oldartu eta besoak zabal-zabal eginda jarri zen harexen aurrean, handik igarotzen utzi baino hiltzea nahiago duenaren itxuran.
Orduan erantzun nion hereje eta barbaroa nintzela, que je suis hérétique et barbare, eta artzapezpiku, kardinal, monsignore edo zernahi izan, niri bost axola zitzaidala. Alegia, argi erakutsi nion ez nuela etsiko. Abadeak berealdiko amorruz begiratu zidan, eta pasaportea zakarki kendu ondoren, gora eraman zuen. Handik gutxira bisaturik zegoen. Hauxe da, ikusi nahi? —eta pasaportea atera eta Erromako bisatua erakutsi nien.
— Zuk hori, hala ere... —hasi zen jenerala.
— Barbaro eta herejea zinela aitortzeak salbatu zintuen —adierazi zuen frantses txikiak irri zuri batez—. Cela n'était pas si bête.
— Izan ere zer ikasi gure errusiarrengandik? Hor egoten dira eserita, mugitzera ausartu gabe eta prest, agian, errusiar direla ukatzeko ere. Parisen behintzat, nire hotelean, askoz tratu hobea jaso nuen abadearekiko nire istilua kontatu nienetik. Pan poloniar lodi bat, table d'hôte-an nuen arerio zitalena, bigarren mailan geratu zen. Frantsesek ongi jasan zuten ere kontatu nienean bi urte lehenago gizon bat ikusi nuela, hamabigarren urtean ehiztari frantses batek tiroz jo zuena, zertarako eta bakar-bakarrik arma husteko. Gizon hau garai hartan hamar urteko mutikoa zen, eta bere familiak ez zuen Moskutik garaiz irteterik izan.
— Hori ezinezkoa da —sutu zen frantses txikia—. Soldadu frantsesak ez luke inoiz umerik tiroz joko!
— Ba halaxe izan zen —erantzun nion—. Kapitain erretiratu prestu batek esan zidan, eta neronek ikusi nion balaren orbaina matrailan.
Frantsesa barra-barra hasi zen hizketan. Jeneralak bere alde egin nahi izan zuen, baina nik, adibide bezala, 1812. urtean frantsesek preso hartutako Perovski jeneralaren «Oharrak»etik hainbat pasarte irakurtzeko gomendatu nion. Azkenean Maria Filippovnak hitz beste egin zuen, gaia eteteko. Jenerala kexu zen nirekin, frantsesa eta biok ia garrasika hasi baikinen elkarri. Baina mister Astley-ri, agidanean, asko gustatu zitzaion nik frantsesarekin izandako eztabaida; denok mahaitik altxatzerakoan, baso bat ardo edatera gonbidatu ninduen. Arratsaldean, bidezko zen moduan, Polina Alexandrovnarekin hitz egitea lortu nuen ordu laurdenez. Paseorako orduan izan zen. Parkean ziren denak, kasinora joanda. Iturri ondoko banku batean zegoen Polina eserita, eta Nadenkari beste umeekin jolasten utzi zion, beragandik urruti gabe. Neuk ere Mixari iturrira joaten utzi, eta azkenean bakarrik geratu ginen biok.
Hasieran, noski, negozioei buruz aritu ginen. Polina asko haserretu zen, guztira zazpiehun florin besterik eman ez nizkionean. Izan ere, ziur zegoen nik Parisetik, bere brillanteak bahitu ondoren, bi mila florin ekarriko nizkiola, edo agian gehiago.
— Diru premian nago —esan zuen—, eta nola hala lortu beharra daukat; bestela galdua naiz.
Galdezka hasi nintzaion ea zer gertatu zen ni kanpoan izan bitartean.
— Besterik gabe, Petersburgotik bi albiste iritsi zaizkigula: lehena, amona oso gaixo zegoela, eta handik bi egunetara, hil egin omen dela. Albiste hau Timofei Petrovitxek esanda dakigu —gaineratu zuen Polinak—, eta gizaseme zehatza da bera. Azkeneko eta behin betirako albisteen zain gaude.
— Beraz, zain al daude denak? —galdetu nuen.
— Noski, den-denak; urte erdia daramate horrexen itxaropenetan.
— Zuk ere bai? —galdetu nuen.
— Zera, ni ez naiz amonaren senide, baizik eta jeneralaren alabatzakoa. Baina ziur nago nirekin ere gogoratuko zela testamentuan.
— Nire iritziz, asko jasoko duzu —adierazi nuen tinko.
— Bai, maite ninduen; baina zergatik deritzozu hori?
— Esadazu —erantzun nion galdera baten bitartez—, badirudi gure markesa ere familiako sekretu guztien jakitun dela, ezta?
— Zer axola zaizu zuri hori? —galdetu zuen Polinak, niri gogor eta hotz begira.
— Galdetzea ere! Oker ez banago, jeneralak mailegu bat lortu du beragandik.
— Erdiz erdi igarri duzu.
— Nola emango zion bada dirua, amonarena jakin ez balu? Ez al zara mahaian konturatu: amonari buruz hizketan, hiru bider deitu dio la baboulinka. Bai harreman estu eta jatorra!
— Bai, arrazoi duzu. Neu ere testamentuan agertzen naizela jakin bezain laster eskatuko du nire eskua. Hori al zen entzun nahi zenuena?
— Zure eskua eskatuko duela? Aspaldi egin zuela uste nuen.
— Ederki asko dakizu ezetz! —esan zuen Polinak haserre—. Non ezagutu zenuen ingeles hori? —gaineratu zuen isilune labur baten ondoren.
— Banekien orain bere galdera egingo zenidala.
Mister Astley-rekin izandako enkontruak kontatu nizkion.
— Lotsati eta maiteminbera denez maitemindu egingo zen zurekin, ezta?
— Halaxe da, bai —erantzun zuen Polinak.
— Eta, noski, frantsesa baino hamar aldiz aberatsagoa da. Izan ere, frantsesak ezertxo ba ote dauka? Ba al dago horren zalantzarik?
— Ez, batere ez. Château bakar baten jabe da. Atzo bertan segurtatu zidan jeneralak. Aski al duzu hori jakinda?
— Ni zu izatera, ingelesarekin ezkonduko nintzateke ezbairik gabe.
— Zergatik? —galdetu zuen Polinak.
— Frantsesa ederragoa da, baina zirtzilagoa; ingelesa, berriz, finagoa izateaz gain, hamar bider aberatsagoa ere bada —esan nuen zorrotz.
— Bai, baina frantsesa, ordea, markesa eta azkarragoa —erantzun zuen lasaitasunik handienaz.
— Ba ote? —jarraitu nuen nire zalantzekin.
— Nahi ere baluke.
Polinari ez zitzaizkion nire galderak batere gustatzen eta ni haserretu nahian ari zela antzeman nuen, bere hizketako doinu eta erantzun zakarren bidez; berehala aipatu nion hori.
— Dibertitu egiten nau zu amorarazten ikusteak. Zuri horrelako galdera eta susmoak ametitzearen ordaina da.
— Benetan, nire ustez badut eskubiderik zuri edozein galdera egiteko —erantzun nuen lasai—, batez ere prest nagoelako zuk nahi duzun ordaina jasateko, neure bizitza ere hutsaren hurrengoa iruditzen baitzait oraintxe.
Polinak algara egin zuen:
— Lehengo batean Schlangenberg-en esan zenidan nire hitz bakar batekin zure burua goitik behera botatzeko prest zeundela, eta han, uste dut, izango ziren mila oin bete. Noizbait baietz esango dizut ordain hori nola jasaten duzun ikusteko, eta zaude ziur tinko eutsiko diodala. Gorroto zaitut gauza gehiegi onartu dizudalako, eta are gorrotoago beharrezko zaitudalako. Eta beharrezko zaitudan bitartean zutaz arduratu beharra daukat.
Altxatzen hasi zen. Asalduraz mintzo zen. Nirekiko elkarrizketak, azken aldian, herra eta asalduraz amaitzen zituen, benetako herraz.
— Utzidazu beste galdera bat egiten: zer nolakoa da benetan mademoiselle Blanche hori? —galdetu nuen, ez bainion azalpenik gabe alde egiten utzi nahi.
— Zerorrek ere badakizu zer nolakoa den mademoiselle Blanche. Ordutik ez da deus ere aldatu. Mademoiselle Blanche, segur aski, jeneralaren emazte bihurtuko da; jakina, amonaren heriotzari buruzko zurrumurrua baieztatzen bada. Izan ere, bai mademoiselle Blanchek, bai bere amak, eta baita cousin ttikiak ere, markesak, ondo asko dakite erreka jota gaudela.
— Baina jenerala zinez al dago maitemindua?
— Ez da hori kontua. Entzun eta gogoan har ezazu: tori zazpiehun florin hauek eta ekiozu jokoari. Ahalik gehien irabaztazu niretzat erruletan, kosta ahala kosta behar dut dirua eta.
Hau esanik Nadenkari deitu eta kasinora joan zen, bertan gure adiskide guztiekin elkartzeko. Nik, berriz, lehen saihesbidean ezkerretara jo nuen, pentsakor eta harriturik. Tximistak jota bezala utzi ninduen erruletara joateko aginduak. Eta bitxiago zena: zertan hausnartua edukiagatik ere, Polinarekiko nire sentimenduen azterketan murgildu nintzen. Zinez, samurragoa egin zitzaidan bi asteko urrunaldia oraingo itzulera eguna baino, nahiz eta bidean zoro baten moduan atsekabeturik ibili, etsaiak harturik bezala harat-honat eta momenturo ametsetan Polina ikusiz. Behin batean (Suitzan izan zen), bagoian lokarturik, ozenki mintzatu bide nintzen Polinarekin, barrez lehertu baitziren nire aldameneko bidai lagunak. Eta orain berriro galdetzen nion nire buruari: maite al dut? Eta ostera ere ezin erantzun, edo, hobeto esanik, gorroto nuela erantzun nion nire buruari ehungarren aldiz. Bai, gorroto dut. Zenbaitetan (batez ere hizketaldi bat bukatzen dugunean), bizitzaren erdia emango nuke bera itotzearren! Zin dagit, posible balitzait halakoetan berari bularrean pixkana laban zorrotz bat sartzea, ustez behintzat gogotsu helduko nioke. Eta santu den guztiagatik zin dagit, halaber, Schlangerbergeko modazko gailur hartan esan balit benetan: «Bota ezazu zure burua!», berehala botako nukeela, eta gainera gogotsu. Seguru nago. Nola edo hala kontua argitu beharra dago. Berak oso ongi ulertzen du egoera, eta nik argi jakiteak bera guztiz eskuraezina dela niretzat eta nire fantasiak inoiz ez direla beteko, pentsamendu horrek, seguru nago, berebiziko atsegina ematen dio; bestela, den bezain arretatsu eta zuhurra izanik, jardungo al luke nirekin halako konfiantza eta irekitasunez? Iruditzen zait orain arte antzinako enperatriz harexek bezala so egin didala, esklaboaren aurrean biluzten zena, hura gizona ez zelakoan. Bai, sarritan ez nau gizontzat ere hartzen...
Halaz guztiz ere, jokoan irabazteko agindu zidan kosta ahala kosta. Ez neukan hausnartzeko betarik: zertarako eta noizko behar ote zuen dirua, eta zer ideia berri erne ote zen buru kalkulatzaile hartan? Azken bi asteetan, bistan zen, artean ezagutzen ez nituen hainbat gertaera metatu ziren. Igarri beharra neuzkan, denean sartu beharra neukan, eta lehenbailehen. Baina orain astirik ez: erruletara joan beharra neukan.
© Fedor Dostoievski
© itzulpenarena: Antton Garikano