AITZIN-SOLASA

 

        Fiodor Dostoievski (1821-1881) idazle errusiarrak eragin handia izan du 20garren mendeko nobelagintzan, batez ere berak sortutako pertsonaien subkontzientea hain errotik eta hain bizi aztertu zituelako.

        Gazte denboran Nikolas Taren aginte zapaltzailearen aurka erreforma sozial eta politikoaren alde saiatu zenez, lau urte igaro behar izan zituen Siberian lan bortxatutan, eta ondoren beste lau urte soldadu gisa. Bizipen hori gai aberatsa gertatu zitzaion anti-heroiak, alegia azpiratuak, irainduak edo eromen fatalaren pean bizi direnak deskribatzeko orduan, hala nola Hildakoen Etxea obran (1861-62). Modu horretan, ikuspegi tragikoa ikusiko dugu hedatzen gertaera bakoitza, gogoeta bakoitzaren atzetik.

        Ezin aipatu gabe utzi ere Krimena eta Zigorra (1866) nobela soziala, non gai nagusiak dirua eta gaztetako pentsaera materialista diren. Bere maisulanik handientzat Karamazov Anaiak hartzen da (1879-80); bertan, mendebaldeko arrazionaltasun lehorra eta Errusiako mistizismo hunkigarria konparatzen ditu.

        Zorrek itota, joera handia izan zuen jokorako, hala bere egoera hobetuko zuelakoan, baina alferrik. Bere bizitza behartsu, latzetik erne zen ere Idiota izeneko nobela (1868-69). Hemen aurkezten dugun Jokalaria (1866) ere diruagatik estututa idatzi zuen, edo areago, diktatu zion gerora emazte izango zuen andreari. Obra honetako pertsonaia nagusia, Alexei Ivanovitx, neurri handi batean Dostoievskirekin pareka dezakegu, bera ere bi pasiok menderatu baitzuten: jokorako grina (fikzioan Rulettenburg daukagu Baden-Badenen ordez) eta maitasun oinazetsua (benetako bizitzan etsipenaren muturreraino heldu zen bere amodio-gorrotoa Polina Suslovagana; Jokalarian, Polina Alexandrovna bezala agertuko zaigu).

        Dostoievskiren nihilismoak izango zuen eraginik mugimendu existentzialistan ere, hartutako erabakien ondorioz bere pertsonaiek sarritan galbidea topatzen baitute. Bere obretako paradoxa guztiak, alienazioa eta nortasun galera, idazgai nagusi izango ziren gerora 20garren mendeko idazleengan. Bere ohar-liburuetako batean idazten duenarekin laburbil genezake bere literatur jarrera: «Psikologo deitzen naute. Hori ez da horrela, ni goragoko maila bateko errealista naiz, hau da, giza arimaren alderdi sakon guztiak azaleratzen ditut».

 

 

 

© Antton Garikano

 

 

"Fedor Dostoievski / Jokalaria" orrialde nagusia