HITZAURREA

 

        Balzacen hitzak dira: «Pentsatu bai baina esaten ez dena berehala ulertze hori, esan gabe ulertzeko jeinu hori —frantses hizkuntzaren erdia—, ezin dira beste inon aurkitu (Parisen baino)». Sentsazio horixe izan dut nik behin eta berriz, Dideroten ipuin hauek itzultzean: jatorrizko testuak hitzez hitz itzulitakoa baino askoz gehiago ezkutatzen, iradokitzen zuela; hainbat esalditan bigarren edo agian hirugarren zentzu bat zetzala; berariazko anbiguotasuna zutela pertsonaien hitzek, egoerek, erreakzioek. Maiz ageri samarrean den ironia baino askoz harantzago zihoala testuaren esanahia. Baina urrun nago ni frantses hizkuntza modu «balzactar» horretan ezagutzetik, eta aitor dezadan hasiera honetatik, itzulpen hau behin-behinekoa dela. (Itzulpen guztiak dira behin-behineko, egia esan, baina hau modu «erantsi» batean apika).

        Ipuin hauek arraro samarrak gertatuko zaizkio gaurko irakurleari. Geza samarrak, agian. Batetik, bertan ageri diren pertsonaia eta gertakizun asko historikoak dira; benetako pertsonak eta gertatutako jazoerak dakartza Diderotek bere istorioetara, eta, beraz, berrehun urte geroagoko irakurlea aski galduta dagoke orduko gorabeherak zehatz-mehatz ez ezagutzera.

        Bestetik —ezin bestela izan—, literatur gustua izugarri aldatu da XVIII. mendetik hona. Gure sentsibilitatea XIX. mendean nagusituriko konbentzio errealistaren ildotik hezia da, eta ipuin hauek, bistan da, ez daude joko-arau horien esanera.

        Baina beharbada horrexegatik dira hain moderno. Hamaika saio egin dira gure mende honetan konbentzio errealista hori hausteko. Diderot, berriz, moldeok bere garaian finkatu gabe zeudenez, jolasean bezala ari da horiekin, gaur egungo hainbat artista bezala. Eta puntu horretantxe egiten dute topo hark eta hauek.

        «Hau ez da ipuina»n kontatzeaz beraz egiten den gogoetak —tituluari darion ironia barne— harako «idazketaren abentura» hura gogorazten digu. Bestalde, «Bourbonneko bi lagunak»en kontalari anitzen kontaketek sorrarazten duten perspektibismoa bera, hain hemezortzigarren mendekoa izanik, oso garaikidea egiten zaigu, bere erlatibismoarekin, irudimenari uzten dion jokoagatik. Fikzioan irakurlearen ordezkari-edo litzatekeen pertsonaia sartzea bera ere, guztiz modernoa da. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi ironiaren presentzia orokor eta etengabea.

        Denis Diderot (1713-1784) Entziklopedian egindako lanagatik da batez ere ezaguna. 1746an d'Alembertekin batera zuzendaritzaz arduratu zenetik eta hogei bat urtean, lan hartara eman zen buru-belarri: hainbat eta hainbat artikulu idatzi, beste hainbat enkargatu, zuzendu, inprimaketez arduratu... Horrez gainera bere obra propioa osatuz joan zen. Batez ere pentsalari edo filosofotzat jo izan duten arren, genero guztiak jorratu zituen: saiakera (Essai sur le mérite et la vertu, Pensées philosophiques, De l'interprétation de la nature...), nobela (Les bijoux indiscrets, La Religieuse, Le Neveu de Rameau, Jacques le Fataliste...), antzerkia (Le Fils naturel, Le Père de famille...), eta hainbat eta hainbat gutun, iruzkin, opuskulo, kritika... tartean, ipuin hauek direla. Lehen idazle profesionaletako bat, zentzu modernoan, lanbide horrek hamaika estutasun ekarri zizkiolarik: dirurik eza, zentsurarekiko borroka, kartzela...

Iñaki Iñurrieta

 

 

 

© Iņaki Iņurrieta

 

 

"Denis Diderot / Hau ez da ipuina" orrialde nagusia