III.
ZIRT-ZARTEKOA

 

        Mrs. Sparsit nekaezina, burutik beherako handia bilduta, ahotsa xuxurlu bihurtuta eta gorpuzkera martzal hura etengabeko estualdiek hain eraginda, irudiz eta soin-atalak lokatzeko arriskutan zegoela, ugazabari jarraiki zitzaion metropoliraino; eta han, sarrera ospetsua eginez Mr. Bounderbyrengana hurbiltzeko St. James kaleko hotelean, zamaturik zeuzkan leherkariak zartarazi ondoren, berak ere zapart egin zuen. Bere egitekoa atsegin handiz burututa, emakume burutsu honek konortea galdu zuen Mr. Bounderbyren jakaren lepoaldean.

        Mr. Bounderbyk lehen-lehenik astindu on bat eman zion Mrs. Sparsiti eta lurrean utzi zuen sufrialdia bizi zezan. Honen ondoren, zenbait suspergailu indartsu erabili zituen, hala nola, eriaren erpuruak bihurdikatzea, haren eskuak zaflatzea, aurpegira ur dezente botatzea, bai eta haren ahoan gatza sartzea ere. Honelako txerak jasota emakumea suspertu zenean (bai arin suspertu ere), Mr. Bounderbyk tren espres batera bultzatu zuen bestelako freskagarririk eskaini gabe, eta Coketownera itzularazi zuen bizirik baino hil itxura handiagoaz.

        Hondar klasikoa zenaz bezainbatean, Mrs. Sparsit oso ikusgarria zen bere bidaiaren amaieran ikusita; baina beste edozein argitan ikusita, ordurako jasota zeuzkan kalteen munta gehiegizkoa zen, eta inork ez zukeen bere itxura miretsiko. Mrs. Sparsiten janzkera eta gorpuzkeraren higadura eta urratuei batere jaramonik egin gabe, eta emakumearen eztul patetikoez errukitu gabe, Mr. Bounderbyk berehala galkatu zuen zalgurdi batean, Stone Lodgera eramateko.

        «Tira, Tom Gradgrind» esan zuen Bounderbyk, gau beranduan oldarrez sartuta aitaginarrebaren gelan, «hona hemen andre bat —Mrs. Sparsit —ezagutzen duzu Mrs. Sparsit— zerbait esan behar dizuna, zor eta lor utziko zaituena.»

        «Ez duzu eskutitza jaso!» oihukatu zuen Mr. Gradgrindek, Bounderbyren agerpenaz harrituta.

        «Eskutitza jaso, jauna!» esan zuen Bounderbyk deiadarka. «Oraingo honetan ez dago denborarik eskutitzetarako. Inork ez dio Josiah Bounderby Coketownekoari eskutitzik aipatuko, bere burua orain daukan moduan daukala.»

        «Bounderby» esan zuen Mr. Gradgrindek, Bounderbyri kargu hartzen ziola, bere senetik irten gabe ere. «Oso eskutitz berezi bat dut gogoan, Louisaren kariaz idatzi dizudana.»

        «Tom Gradgrind» erantzun zuen Bounderbyk, esku ahurrez hainbat aldiz mahai gainean joaz, sutsu bai sutsu. «oso mezulari berezi bat dut gogoan, Louisaren kariaz niregana etorri dena. Mrs. Sparsit, andrea, egin aurrera!»

        Honela, andre gajo hura lekukotasuna ematen saiatu zen, baina ahotsik gabe zegoenez, oso keinu mingarriak egiten hasi zen eztarria erlastu zitzaiola adierazteko, eta hain gogaikarri agertu zen eta halako gisaz bihurtu zuen aurpegia, ezen Mr. Bounderby, hura jasan ezinik, besotik heldu eta andrea inarrosten hasi baitzen.

        «Atera ezin baduzu, andrea» esan zuen Bounderbyk, «utzidazu neuri aterarazten. Ez da tenore egokia andre bat, nahiz eta goi mailako harremanak izan, erabat ulertezin agertzeko eta puxtarriak jaten ari delako irudia emateko. Tom Gradgrind, orain dela gutxi eta ustekabean, Mrs. Sparsit etxetik kanpo izandako solasaldi bat entzuteko moduan izan da. Honako solaskideak izan dira hor: zure alaba eta Mr. Harthouse, zure jaun eta lagun maite hori.»

        «Benetan!» esan zuen Mr. Gradgrindek.

        «A! Benetan!» oihukatu Bounderbyk. «Eta solasaldi horretan...»

        «Ez da beharrezko esandakoa berresatea, Bounderby. Badakit zer gertatu den.»

        «Badakizula?» esan zuen Bounderbyk, tinko-tinko begira indar osoz bere aitaginarreba lasai eta leunkorrari, «Agian, jakingo duzu une honetan zure alaba non dagoen.»

        «Zalantzarik gabe. Hemen dago.»

        «Hemen?»

        «Ene Bounderby maitea, arren, eskatu behar dizut halako zaparradarik ez botatzeko, inolaz ere ez. Aipatu duzun pertsonarekin (zeinen ezaupidea zuri eman izanaz biziki damutzen baitzait), Louisak izandako solasalditik askatu eta berehala, Louisa korrika etorri zen hona, babes bila. Neu ere ez nintzen egon zaharra etxean, Louisari harrera eman nionean —hemen, gela honetan. Louisa korrika etorri zen herrira, korrika etorri zen herritik etxera ekaitz gogor baten pean eta niregana aurkeztu zen gogoa barreiaturik zuela. Jakina, harrez gero, hemen gelditu da. Arren, eskatu behar dizut, zeure eta bere onerako, lasaiago izan zaitezela.»

        Zenbait unez, Mr. Bounderbyk isilik begiratu zuen bere inguruan, alde guztietara, salbu eta Mrs. Sparsiten aldera; eta orduan, Lady Scadgersen lobarengana brastakoan itzulita, hauxe esan zion andre dohakabeari:

        «Tira, andrea! Pozik entzungo dugu nola eskatzen duzun barkamentxoren bat, edozein izanda ere, egoki deritzozuna, herrialde osoan zehar ziztu bizian joateagatik, atso-ipuin bat zorroan, beste barik. Andrea!»

        «Jauna» murmuratu zuen Mrs. Sparsitek, «une honetan zainak hain astindurik ditut, eta osasuna hain hondaturik zure zerbitzuan arituta, ezen negarretan babesa hartuko dudala baino gehiago ezin baitizut esan.»

        (Eta hala egin zuen).

        «Tira, andrea» esan zuen Bounderbyk, «familia oneko emakume bati ez dagokion oharkizunen bat egin nahi ez badizut ere, honi erantsi behar diot, ba, iruditzen zaidala badagoela beste zerbait zuk bertan babesa hartzeko, hau da, zalgurdi bat. Eta ekarri gaituen zalgurdia atean dagoenez, utziko didazu zu bertan ipintzen, eta banketxera bidean abiarazten: bertan egin dezakezun gauzarik onena izango da oinak ahalik eta urik beroenean sartu eta oheratutakoan ron bero-beroa gurinaz hartzea.» Hitz hauek esanda, Mr. Bounderbyk eskuineko eskua luzatu zion andre negartiari, eta eskoltatu egin zuen aipatu garraioraino, bidean andreak doministiku eta zinkurin franko egin bazuen ere. Mr. Bounderby laster itzuli zen bakarrik.

        «Tira, aurpegian erakutsi didazunez, Tom Gradgrind, nirekin hitz egin nahi zenuela» segitu zuen Bounderbyk, «hementxe nago. Alabaina, ez nago belaxkerietarako, argi eta garbi diotsut: ez dut kontu hau batere atsegin, ez horixe, eta ez dut uste inoiz ere zure alabak nirekin jokatu duenik Josiah Bounderby Coketownekoaren emazteak senarrarekin jokatu beharko lukeen moduan: taxuz eta manukor. Esango nuke zure iritzia duzula, eta nik neurea, badakit hori. Gau honetan oharpide zintzo honen aurka doan ezer esan behar badidazu, hobe duzu alde batera uztea.»

        Mr. Gradgrind, ohartuko garenez, oso bigunduta bazegoen ere, Mr. Bounderbyk ahalegin bereziak egin zituen bere burua alde guztietatik gogortzeko. Halako izaera atsegina zeukan-eta.

        «Ene Bounderby maitea» hasi zen esaten Mr. Gradgrind erantzun gisa.

        «Tira, barkatuko didazu» esan zuen Bounderbyk, «baina ez dut maiteegi izan nahi. Hori hasteko eta behin. Norbaitentzat maitagarri naizenean, arduranean konturatzen naiz bere asmoa neure burutik kaka egitea dela. Ez nabil gizabide handiz zurekin, baina, dakizunez, ni ez naiz gizabidetsua. Gizabiderik nahi baduzu, badakizu non daukazun. Hortxe dituzu ezagun horiek, jauntxo horiek, eta haiek emango dizute nahi beste gizabide. Nik neuk ez dut halakorik aldean.»

        «Bounderby» lehiatu zen Mr. Gradgrind, «denok egiten ditugu akatsak...»

        «Uste nuen zuk ezin zenuela halakorik egin» moztu zion Bounderbyk.

        «Agian nik hala uste nuen. Baina, esan dut denok egiten ditugula akatsak, eta adeitasunagatik estimatuko nizuke, bai eta eskerrak emango ere, Harthouseren aipamen horiek alde batera gordeko bazenitu. Ez dut gizon hori gure solasaldira ekarriko zure adiskidetasun eta konfiantza nahasteko; mesedez, ez segi bere izena nirearekin lotzen.»

        «Inoiz ez dut bere izena aipatu!» esan zuen Bounderbyk.

        «Ongi, ongi!» erantzun zuen Mr. Gradgrindek, pazientziatsu, eta are manaerraz ere. Eta aldi batez pentsakor eseri zen. «Bounderby, badaukat arrazoirik zalantzan egoteko inoiz ere Louisa erabat ulertu ote dugun.»

        «Zer esan nahi duzu dugun horrekin?»

        «Utz iezadazu dudan esaten, hortaz» erantzun zion Mr. Gradgrindek, hain zakar botatako galderari; «zalantzan nago Louisa ulertu ote dudan. Zalantzan nago Louisaren heziketa-moduan zuzen ibili ote naizen.»

        «Hori duk eta!» erantzun zuen Bounderbyk. «Horretan ados nago zurekin. Azkenean aurkitu duzu, ezta? Heziketa! Esango dizut zer den heziketa —jendeak norbera atetik kanpora botatzea, koplarik gabe, eta ahalik eta soldatarik txikiena jasotzea, dirutan ez bada, kolpetan. Horri deitzen diot nik heziketa.»

        «Uste dut zure zentzu ona konturatuko dela» erantzun zuen Mr. Gradgrindek umiltasun osoz, «halako sistemaren merituak zernahi izanik ere, zaila izango dela neska guztiekin erabiltzea.»

        «Ez dut batere ulertzen, jauna» erantzun zuen Bounderby setatiak.

        «Bada» suspiriatu zuen Mr. Gradgrindek, «ez gara kontu horretan sartuko. Ziur esan diezazuket ez dudala eztabaidaka hasteko asmorik. Okerra zuzen beharrez naukazu, hala egiterik badaukat; eta espero dut gogo onez lagunduko didazula, Bounderby, zeren estura handian egon bainaiz.»

        «Oraindik ez zaitut ulertzen» esan zuen Bounderbyk setakeria handiz, «eta beraz, ez dut hitzik emango.»

        «Ordu gutxitan, ene Bounderby maitea» segitu zuen Mr. Gradgrindek, lehengo modu etsigarri eta pairagarri berean, «gertatu zait hobeto jakitea nolakoa den Louisaren izaera, lehengo urteotan baino. Argitasuna minez jaso behar izan dut, aurkikuntza beste bidetik etorri zaidala. Uste dut badirela —Bounderby, harritu egingo zara nik hau esatean— uste dut badirela Louisarengan ezaugarriak, bada —bada, gogor gutxietsi ditugunak, eta —eta gaiztotu samarrak. Eta —eta iradoki nahi nizuke, ezen —ezen bat etorriko bazina nirekin ahaleginak egiten mugonez Louisa aldi batez bere gogora ibil dadin uzteko— eta gogo hori berez gara dadin samurtasunez eta artaz —hori— hori hobe litzatekeela gu guztion zoriontasunerako. Louisa» esan zuen Mr. Gradgrindek, aurpegia eskuaz ezkutatuz, «beti izan dut neure kuttuna.»

        Bounderby oihularia gorri-gorri jarri zen, eta hitz hauek entzutean hainbatetaraino hanpatu zen, ezen bai baitzirudien, eta ziurrenik, hala zen, bihotzekoak jo behar ziola. Belarriak berak gorri minetan, karmesiz zipriztinduak, sumindura zokoratu zuen, horregatio, hauxe esateko:

        «Hemen gorde nahi zenuke aldi batez?»

        «Ni —ni saiatu naiz gomendatzen, ene Bounderby maitea, zuk Louisari baimena eman diezaiozun hemen egonaldia egin dezan, Sissy (jakina, Cecilia Jupe esan nahi dut) lagun duela. Sissyk Louisa ulertzen du, eta Louisak konfiantza dauka berarengan.»

        «Honetatik ateratzen dut, Tom Gradgrind» esan zuen Bounderbyk, eskuak patrikan sartuta zeuzkala zutik jarrita, «zure iritziz, Loo Bounderby eta biok nolabait bateraezin samarrak garela, jendeak esaten duenez.»

        «Uste dut oraingo honetan Louisa eta —eta— eta nik berarentzat antolatutako ia harreman guztiak bateraezin samarrak direla, oro har esanda» izan zen Louisaren aitaren erantzun nahigabetua.

        «Tira, entzun ondo, Tom Gradgrind» esan zuen Bounderby gorrituak, lagunari aurpegia emanez hanka zabalik, eskuak sakonago sartuak patrikan, eta ilea belardi baten antzo, non bere haize suminduak harroturik baitzegoen. «Zure esana esanda dago, orain neurea esango dut. Coketowndarra naiz. Josiah Bounderby Coketownekoa naiz. Herri honetako adreiluak ezagutzen ditut, herri honetako lanak ezagutzen ditut, herri honetako tximiniak ezagutzen ditut, herri honetako kea ezagutzen dut eta herri honetako Besoak ezagutzen ditut. Denak ezagutzen ditut ondo. Errealak dira. Gizonen batek ezer diostanean irudimenaren kualitateei buruz, badakit zer esan nahi duen. Esan nahi du, bada, zopa eta orkatza, urrezko koilareaz, eta sei zaldiko zalgurdi bat eduki nahi duela bere zerbitzupean. Horixe nahi du zure alabak. Berak nahi duena eduki behar duela uste duzunez, gomendatzen dizut zuk zeuk berataz arduratzea. Ze, Tom Gradgrind, berak ez du inoiz hori neuregandik lortuko.»

        «Bounderby» esan zuen Mr. Gradgrindek, «espero nuen, neure erreguaren ondoren, bestelako mintzaera erabiliko zenuela.»

        «Egon pixka bat» erantzun zuen Bounderbyk, «zure esana esanda dago, nik uste. Entzun egin zaitut; entzun nazazu, axola ez badizu. Ez ipini zeure burua halako itxura barregarrian, injustiziaz eta kontraesanaz beteta, ze, pena ematen badit Tom Gradgrind orain nola dagoen ikusteak, pena handiagoa emango lidake bera hain beheraturik ikusteak. Hortaz, zure alaba eta biok nolabait bateraezinak gara, ulertu dizudanez. Horri erantzuteko, ulertu behar didazu, inolako zalantzarik gabe bateraezinak garela gauzarik funtsezkoenetan, honela laburtuta: zure alabak ez dituela behar bezala ezagutzen bere senarraren merituak eta ez daukala buruan sartuta zentzu hori, beti ere espero daitekeena, Jainkoarren! ezkontzaren ohorea kontutan hartuta. Argi eta garbi hitz egin dut, nik uste.»

        «Bounderby» ekin zion Mr. Gradgrindek, «hau zentzugabea da»

        «Hala ote?» esan zuen Bounderbyk. «Pozten naiz zuk hori esanda. Ze Tom Gradgrindek, pentsaera berri hori duela, esaten dudana zentzugabea dela esaten badit, berehala konbentzitzen naiz erabat zentzukoa izan behar dela. Axola ez badizu, aurrera egingo dut. Badakizu nondik natorren; eta badakizu bizitzaren hainbat urtetan ez nuela zapata-sargailurik nahi, zapatarik ez nuen-eta. Hala ere, sinetsi ala ez, zeuk nahi bezala, badira andreak —andre jaioak— andre familiakoak —Familiakoak!— zapaltzen dudan lurra ia—ia adoratzen dutenak.»

        Mr. Bounderbyk suziri bat bezala bota zion hau aitaginarrebaren buruari.

        «Bitartean, zure alaba» segitu zuen Bounderbyk, «urrun dago andre jaioa izatetik. Zuk badakizu hori. Ez dit piperrik axola halako kontuengatik, zuk ondo dakizu ezetz; baina horixe da errealitatea, eta zuk, Tom Gradgrind, ezin duzu aldatu. Zergatik diot hau?»

        «Uste dut ez dela» ohartarazi zion Mr. Gradgrindek, ahots apalaz, «erruki didazulako.»

        «Entzun nazazu» esan zuen Bounderby, «eta ez moztu hitza zure txanda etorri arte. Hauxe diot, goi mailako harremanak dituzten andreak harrituta daudelako zure alabak nola jokatu duen ikusita eta zein bihotz-gogorrekoa izan den. Jakin nahi zuten nola eramaten nuen nik hori. Orain neuk jakin nahi nuke hori, ze ez dut berriro eramango.»

        «Bounderby» erantzun zuen Mr. Gradgrindek, aulkitik jaikita, «zenbatenaz gutxiago esan gaur gauean, hainbatenaz hobeto, nik uste.»

        «Alderantziz, Tom Gradgrind, zenbat eta gehiago esan gaur gauean, hainbat eta hobeto, nik uste. Hauxe da» burutazioak geldiarazi zuen, «esan nahi dudan guztia esaten dudan arte, eta orduan ez dit axola noiz amaitzen duzun. Galdera bat egin behar dut eta honek agian kontua laburtuko dut. Zer esan nahi duzu oraintxe egin duzun proposamen horrekin?»

        «Zer esan nahi dudan zertaz, Bounderby?»

        «Bisitaldiaren proposamenaz» esan zuen Bounderbyk, belardian zartada setatsua emateaz batera.

        «Esan nahi dut espero dudala konbentzituko zaitugula onez onean, Louisari hemen atsedenaldi hartzeko eta gogoeta-aldia egiteko baimena eman diezaiozun, zeren honela poliki-poliki Louisa hobera egiteko moduan jar baitaiteke alde askotatik.»

        «Bateraezinak garela eta, zuk esandako kontu larri hori bigundu artean?» esan zuen Bounderbyk.

        «Hitz horiek erabili nahi badituzu, bai.»

        «Zergatik pentsatzen duzu horrela?» esan zuen Bounderbyk.

        «Jadanik esan dudanez, uste dut Louisa ondo ulertu gabe dagoela. Gehiegi eskatzea da, Bounderby, zuk, honenbestez senitarteko nagusia, laguntza eman dezazula Louisa bide onera ekartzeko? Ardura handia onartu zenuen beragatik; onerako nahiz txarrerako, zein...»

        Nonbait, Mr. Bounderbyri amorru eman zion Stephen Blackpooli esan zizkion hitzak berak entzun behar izatea, bada, berehala moztu zuen aipua ekinaldi haserretu batez.

        «Tira!» esan zuen, «ez dut horretaz entzun nahi. Badakit zertarako hartu nuen Louisa, zuk bezain ondo. Ez dio axola zertarako hartu nuen, horixe pentsatzen dut.»

        «Bakarrik ohartarazi nahi nizun, Bounderby, denak gutxi-asko oker gaitezkeela, bai eta zu ere; eta pittin batez amore emango bazenu, onartu duzun ardura gogoratuta, benetan egintza maitagarria ez ezik, agian Louisarekiko zorra ere izan litekeela.»

        «Nik bestela uste dut» oihukatu zuen Bounderbyk. «Auzi hau neure usteen arabera garbitu behar dut. Tira, ez dut horretaz zurekin eztabaidatu nahi, Tom Gradgrind. Egia esan behar badizut, ez dut uste neure izen onak halako kontuagatik eztabaidan sartzea merezi duenik. Zure jaun-lagun horrek, alde egin dezake, berak gogokoen duen lekura. Bidean topatzen badut, berari zer irizten diodan esango diot, bidean topatzen ez badut, ez diot ezer esango, ze ez dut uste hala egitea merezi duenik. Zure alaba, Loo Bounderby egin nuena, nahiz eta agian hobe nukeen Loo Gradgrind izaten utzita, bihar eguerdiko hamabietan bertan etxeratzen ez bada, ulertu beharko dut berak urruti egotea nahiago duela, bere puskak bidaliko ditut hona, eta zeu arduratuko zara berataz aurrerantzean. Jendeari hauxe esango diot orokorrean, halako erabakia hartu dudala Louisa eta biok bateraezinak garelako: ni Josiah Bounderby Coketownekoa naiz eta neure heziketa izan dut; bera Tom Gradgrinden alaba da eta bere heziketa izan du; bi zaldiok ez zuten elkarrekin tira egingo. Nahikoa ezaguna naiz ez-ohiko gizona izateagatik, nik uste; eta jende gehienak laster asko ulertuko du aukeran ezohiko emakume batek izan behar duela, era berean, epe luzera begira, neure markara hurbilduko dena.»

        «Mesedez, benetan erregutzen dizut hau birritan gogoan erabiltzeko, Bounderby.»

        «Beti hartzen dut erabakiren bat» esan zuen Bounderbyk, kapela jarrita, «eta edozer eginda ere, berehala egiten dut. Harrituta egongo nintzateke Tom Gradgrindek halako oharkizuna egiteaz Josiah Bounderby Coketownekoari, jakinik bere berri duela, Tom Gradgrindek egindako edozertaz harritzerik banu, bere burua berriketa sentimentalen mende jarritakoan. Neure erabakia jakinarazi dizut eta ez dut beste esatekorik. Gau on!»

        Honela, Mr. Bounderby herriko etxera joan zen oheratzeko asmoz. Hurrengo egunean, hamabietatik bost minutu pasa zirenean, Mrs. Bounderbyren gauzak kontuz paketatzeko agindua eman zuen Tom Gradgrindenera bidaltzeko. Basoko landetxea salgai ipini zuen kontratu pribatuaz eta berriz ere ezkongai bizitzari lotu zitzaion.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Javi Cillero

 

 

"Charles Dickens / Garai Latzak" orrialde nagusia