X.
MRS. SPARSITEN ESKAILERA

 

        Mrs. Sparsiten zainak hain astiro oneratzen ari ziren, ezen itzal handiko emakume hark aste batzuetako egonaldia egin baitzuen Mr. Bounderbyren landetxean, non, bere aldaketa eremutarra gorabehera, bere egoera berri hartaz ondo jabeturik, etsi egin baitzuen gogo sendo eta nobleaz oparotasunean bizitzera, nolabait esango bagenu, eta lurrak daukan gozo hoberenetatik elikatzera. Banketxeko zaintzaile lanak utzi eta atsedenaldia hartutako denbora guztian, Mrs. Sparsit itsaspenaren eredu izan zen; segitu ere, segitu zuen Mr. Bounderbyriren aurpegiari errukia ematen, halako moduan, nola gutxitan egiten baitzitzaion inongo gizoni, eta era berean, Memelo deitzen zion Bounderbyren potretaren aurpegiari, garraztasun eta mesprezurik handienaz.

        Nola Mr. Bounderbyk bere aiurri lehergarrian sartuta baitzeukan Mrs. Sparsit goi mailako emakumea zela nabaritzeko berak etengabeko gurutze bat eraman behar zuela bere merezimenduengatik (Mr. Bounderbyk ez zuen erabat zehaztu zer zen gurutze hura), eta areago, kontutan hartuta Louisak eragozpenak jarriko zizkiola Mrs. Sparsit bisitari sarri bihurtzeari, baldin eta Mr. Bounderbyren handitasunari ondo bazegokion Louisak senarrak erabakitzen zuen edozeri eragozpenak jartzea, gizonak deliberatu zuen Mrs. Sparsit ikusmenetik hain erraz ez galtzera. Honela, Mrs. Sparsiten zainak oneratu zirenean, bere bakardadean parapardinak hartzerainokoan, hauxe esan zion Mr. Bounderbyk andreari mahai inguruan afalorduan, Mrs. Sparsit landetxetik joateko bezperan: «Esango dizut, andrea, hona etorriko zara larunbatetik aurrera eguraldi ona dagoen bitartean, astelehenera arte hemen egoteko.» Honi Mrs. Sparsitek hauxe erantzun zion mahometarren antzera, hitzez erantzun ere, baina ez sinesmenez: «Entzutea obeditzea da.»

        Izan ere, Mrs. Sparsit ez zen emakume poetikoa; baina irudipen alegoriko bat egin zitzaion buruan. Hainbeste zainketa lan eginda gero Louisaren inguruan, eta, honenbestez, hainbeste ikerketa Louisaren aurpegiera azterrezinaren gainean, Mrs. Sparsiten fakultateak arras bizkortu eta zorroztu ziren, eta andreak hala-moduzko bultzada jaso zuen bere etorriari dagokionez. Mrs. Sparsitek eskailera sendo bat eraiki zuen bere gogoan, behean osin lotsaz eta hondamendiz beterikako bat ipini zuela; eta handik halatan eskaileran behera, egunetik egunera eta ordutik ordura, Louisa zetorrela ikusten zuen.

        Mrs. Sparsiten bizitzaren zeregina bere eskailerari begiratzea bihurtu zen, eta Louisa behera jaisten ikustea. Batzuetan astiro, bestetzuetan arin, batzuetan urrats batzuk eginda txanda batean, bestetzuetan geldi, inoiz ere atzera egin gabe. Behin ere atzera bueltatu balu, Mrs. Sparsit hil egingo zatekeen behazunaz eta penaz.

        Louisa behera eta behera ibili zen, egun hartara arte, eta egun hartan, Mr. Bounderbyk lehen aipatu dugun asteroko gonbidapena luzatu zuenean, Mrs. Sparsit umore onean zebilen, eta hitz egiteko prest.

        «Eta mesedez, jauna» esan zuen Mrs. Sparsitek, «galderarik egiterik baneuka isil-isilik darabilzun kontu bati dagokiona —oso gauza zaila, zeren ondotxo baitakit arrazoiren bat duzula egiten duzun gauza bakoitza egiteko— jaso ote duzu inongo argibiderik lapurretaren gainean?»

        «Tira, andrea, ez; oraindik ez. Kontuak honela daudela, ez nuen oraindik halakorik espero. Roma ez zen egun batean eraiki, andrea.»

        «Egia handia, jauna» esan zuen Mrs. Sparsitek, buruari eraginez.

        «Ezta aste batean ere, andrea.»

        «Ez, horixe, jauna» erantzun zuen Mrs. Sparsitek, malenkonia samur batez.

        «Era berean, andrea» esan zuen Bounderbyk, «itxarotea daukat, badakizu. Romulo eta Remok itxaroterik bazuten, Josiah Bounderbyk itxarotea dauka. Hala ere, askoz ere hobeto bizi izan ziren haurtzaroan haiek, ni hain. Otso-eme bat izan zuten inude, neuk otso-eme bat baino ez nuen izan amona. Berak ez zuen inongo esnerik ematen, andrea, ubelduak ematen zituen. Alderneytar ederra zen horretan.»

        «A!» suspiriatu zuen Mrs. Sparsitek dardara eginez.

        «Ez, andrea» segitu zuen Bounderbyk. «Ez dut besterik entzun horretaz. Esku onean dago, hala ere; eta Tom gaztea, orain negozioan sarri ikusten duguna —zer edo zer berria berarentzat, ze berak ez zuen neuk edukitako eskola— laguntzen ari da. Honako prezeptua daukat: egon isilik, eta utziezu sinesten dena ahaztuta dagoela. Egin nahi duzuna isilpean, baina ez erakutsi inolako aztarnarik zer egin nahi duzun jakin ez dezaten; osterantzean, hamaika lagun horietakoek elkar hartuko dute ihes egin duen morroi hori harrapa ezin daitekeen lekuan ipintzeko. Egon isilik, eta poliki-poliki lapurrak gero eta fidatuago egongo dira, eta orduan harrapatuko ditugu.»

        «Maltzurra, inor ez bezalakoa, jauna» esan zuen Mrs. Sparsitek. «Oso jakingarria. Aipatu zenuen emakume zahar hura, jauna...»

        «Aipatu nuen emakume zahar hura, andrea» esan zuen Bounderbyk, labur zurrean, horretan harro egoteko ezer ez bailegoen, «ez dugu oraindik harrapatu, baina berak lepoa egin dezake harrapatuko dugula, bere buru zahar eta zitalarentzat inongo poztasunik bada hori. Bitartean, andrea, nire iritziz, iritzia eskatzen badidazu, zenbat eta gutxiago aipatu kontua, hainbat hobeto.»

        Arratsalde hartan bertan, Mrs. Sparsitek, bere logelako leihoan jarrita, maletak irekitzearen lanetik atseden hartuta, bere eskailera eskergari begiratu zion eta artean ere Louisa ikusi zuen handik behera jaisten.

        Louisa Mr. Harthouseren ondoan eserita zegoen lorategiko pendizean, isil-isilik mintzatuz; gizona Louisarengana makurtuta zegoen, biak elkarrengana xuxurlaka ari zirela, eta bere aurpegia Louisaren adatsari ukitzeko zorian egon zen. «Ukitu ez badio!» esan zuen Mrs. Sparsitek, aztore begiak ahalik eta gehien zorroztuz. Mrs. Sparsit urrunegi zegoen bien solasaldiaren hitzik entzun ahal izateko, ez eta jakiteko ere zertaz ari ziren hain samur, haien irudien mugimenduagatik ez bazen; alabaina, esan ere hauxe zioten:

        «Gogoratzen duzu gizona, Mr. Harthouse?»

        «Bai, ezin hobeto.»

        «Aurpegia eta jokabidea, eta zer esan zuen?»

        «Ezin hobeto. Eta oso lagun gogaikarria iruditu zitzaidan. Hitz jario ederrekoa eta nekagarria. Solasaldiari lotu zitzaion, bokantza-eskolaren bertute umilaz; baina, benetan diotsut, orduan hauxe bururatu zitzaidan: Lagun zintzo hori, neurriz gaindi ari zara!»

        «Oso zail egin zait gizon horretaz pentsu gaiztoak egitea.»

        «Ene Louisa maitea —Tomek dioenez.» Tomek inoiz ere esaten ez zuena. «Badakizu gizonak onik egin duen?»

        «Ez, horixe.»

        «Ez horren antzeko gizonek onik egin duten?»

        «Nolatan jakin dezaket» erantzun zuen Louisak, azken aldian Mr. Harthousek ikusitakoaren jokabideari baino areago lehengo jokabideari atxikita, «ezer ez badakit horiei buruz, gizonezko ala emakumezko direla ere?»

        «Ene Louisa maitea, orduan mesedez onar ezazu zure adiskide zintzoaren argibide manukorra, honek bai baitaki zer edo zer lagun eta gizaki bikain horien mota anitzen gainean —zeren bikainak baitira— hau sinesteko oso prest bainaukazu, flakezia txiki horiek gorabehera, nola baita harrapa dezaketen guztia harrapatzeko joera. Lagun honek badaki hitz egiten. Tira, lagun guztiek dakite hitz egiten. Moralari atxikita dago. Tira, berritsu guztiak daude moralari atxikita. Erkideen Ganbaratik hasita azken espetxeraino, mundu guztia dago moralari atxikita, gure jendea izan ezik; salbuespen honexek egiten du gure jendea hain suspergarri. Ikusi eta entzun zenuen kasua. Hantxe zebilen kotoizko klasekide bat Mr. Bounderby ene lagun maiteak oso estu erabilita —eta Mr. Bounderby, dakigunez, ez da esku teinkatua leunduko lukeen fintasun horren jabe. Kotoizko klasekidea irainduta zegoen, sutan jarrita, etxetik alde egin zuen marmarka, banketxeko negozio horretan sartu eta zati bat jasotzea proposatu zuen batekin topo egin zuen, negozioan sartu, lehen ez zeukan zerbait ipini zuen patrikan, eta gogoa ikaragarri arindu zitzaion. Benetan oso lagun aparta izango zatekeen, lagun arrunta izan ordez, halako aukerari eutsi izan ez balio. Edota berak bere burutik sor zezakeen dena, hartarako adimena izanez gero.»

        «Ia uste dut gaizto jokatuko nukeela» erantzun zuen Louisak, aldi batez eseri eta pentsakor egon zela, «zurekin bat etorriz, eta diozunaz batera bihotza arinduta edukiz.»

        «Bidezkoa baizik ez dut esaten; ezer okerragorik ez. Hizketan egon naiz horretaz behin baino gehiagotan Tom ene lagunarekin —jakina, oraindik ere Tom eta biok konfiantzarik handiena diogu elkarri— eta bera eta biok irizkideak gara. Ibiliko gara elkarrekin?»

        Handik ibili ziren, ilunabarrean itzaltzen hasten ziren bidexketan barrena —Louisa Mr. Harthouseren besotik helduta— eta Louisari ez zitzaion bururatu behera, behera eta behera ari zela Mrs. Sparsiten eskaileran.

        Gau eta egun, Mrs. Sparsitek eskailerari eutsi zion. Louisa behera egin eta leizean itzalitakoan, agian eraikin osoa haren gainean eroriko zen, baina ordura arte, eraikinen batek ageri behar zuen Mrs. Sparsiten begien aurrean. Eta hantxe zebilen Louisa, beti ere, eskaileran. Eta beti ere behera, behera eta behera lerratuz!

        Mrs. Sparsitek James Harthouse etorri eta joaten ikusi zuen; han-hemenka entzun zuen gizona; Mr. Harthousek aztertutako aurpegiaren aldaketak ikusi zituen; halaber, zehazki nabaritu zuen noiz eta nola goibeltzen zen, noiz eta nola argitzen; begi beltzak zabal-zabalik zeuzkan, inolako errukirik gabe, inolako bihotz zimikorik gabe, dena jakin-minez beteta. Jakin-minez, ezen Louisa ikusi nahi baitzuen, beti arrastaka, ezein eskuk eutsiko ez ziola, gero eta hurbilago Erraldoien Eskailera berri honen hondotik.

        Mr. Bounderbyrekiko begirune guztia gorabehera, gizonaren potretaren kontrakarrean erakusten zuenez, Mrs. Sparsitek ez zeukan inolako asmorik jaistaldia bertan behera uzteko. Lehia bizian hura amaitzen ikusteko, baina eroapenez, udazkenera arte itxaroten egon zen, bere itxaropenezko uztaren sasoi eta betegintzarrearen zain bailegoen. Itxarotearen itxaroteaz mututurik, Mrs. Sparsitek kontuzko begirada hari eutsi zion eskailera zaintzeko; eta azken buruan eskuineko esku-erdia astindu zuen ilun samar (ukabila barrean zuela) behera zetorren irudiari buruz.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Javi Cillero

 

 

"Charles Dickens / Garai Latzak" orrialde nagusia