IX.
AZKEN ERRETOLIKA
Mrs. Sparsit, bere zainak oneratzeko asmoz Mr. Bounderbyren landetxean zegoela, halako zainketa zorrotzean ibili zen gau eta egun Coriolanoaren antzeko bekain haien azpian, ezen bere begiek, itsasalde lakar bateko itsasargi pare baten antzo, marinel zuhur guztiak urrutiratuko zituzketen andrearen sudur erromatarraren harkaitz gotor hartatik eta haren inguruko eskualde lakar eta ilunetik, Mrs. Sparsiten adeitasunagatik ez balitz. Lan handia ematen zuen sinesteak gauero Mrs. Sparsit lotara joaten zenean, plantak egiten ez zebilenik, zeren oso zabal eta eme baitzituen begi klasiko haiek, eta ezinezkoa baitzirudien bere sudur zurrun hark inolako eragin lasaigarriri bidea emango zionik; haatik ere, Mrs. Sparsiten tankera ezartzean, bere esku-erdi ezerosoak, urragarriak ez esatearren (zeren oihal hotz batez eginak baitziren, haragia gordetzeko arasetan erabiltzen ohi denaren antzekoa) leuntzen ari zela, edota helmuga ezezagunetara ttaka-ttaka ari zela oina kotoizko ointokian jarrita, hain zen ekuru, ezen ikusle gehienei derrigorrez irudituko baitzitzaiekeen andrea usoa zela, zein naturalezaren munstrokeria bat zela medio, lurreko saindutegian gorputz hartuta baitzegoen harraparien saileko txori batean.
Mrs. Sparsit egundainokoa zen etxeko zoko-moko guztiak ibiltzen. Berez hain emakume begiratua izanik, eta halako mailako harremanak edukita, ez zuten susmatuko barandatxoetatik behera jauzi egingo zuenik edo barandatxoetan behera lerratuko zenik, nahiz eta andrearen ibilera zaluak halako ideia zoroa iradokitzen zuen. Beste ezaugarri azpimarragarri bat Mrs. Sparsiten aldetik: inoiz ere presaka ez ibiltzea. Teilatutik sarreraraino jaitsiko zen lastertasun handiz, baina arnasari ondo baino hobeto eutsiko zion, bai eta bere duintasunari ere, bertan azaltzeko momentuan. Inoiz ez zuen inongo gizakik ikusi Mrs. Sparsit burrunban ibiltzen.
Mrs. Sparsitek oso begikotzat jo zuen Mr. Harthouse eta solasaldi atseginak izan zituen berarekin, gizona landetxera azaldu zenetik. Goiz batean, Mrs. Sparsitek Mr. Harthouseri kilimusi handios hura egin zion lorategian, gosaria hartu baino lehen.
«Badirudi atzo izan zela, jauna» esan zuen Mrs. Sparsitek, «banketxean zu agurtzeko ohorea izan nuenekoa, hain atsegina izan zinenean Mr. Bounderbyren helbidea jakiteko asmoz.»
«Halako aukera, ziur nago, ez da nik ahaztekoa sekulorum sekulotan» esan zuen Mr. Harthousek, burua Mrs. Sparsitengana makurtuz daitekeen airerik laxoenaz.
«Oso mundu bitxian bizi gara, jauna» esan zuen Mrs. Sparsitek.
«Ohore izan dut, eta ustekabe honek harrotu egiten nau, ondorio bereko oharkizun bat egiteko, baina ez halako zolitasunez adierazia.»
«Oso mundu bitxia dela esango nuke, jauna» segitu zuen Mrs. Sparsitek, laudorioa bere bekain beltzak beheratuz ezagutu ondoren, ez hain xuabea bere aurpegieraz, nola bere ahotsaren doinu eztiaz, «zeren aldi batean harreman tinkoak egiten baititugu, beste batean erabat ezezagun dauzkagun lagunekin. Gogorarazten dizut, jauna, aldi hartan iritsi zinela esatera benetan ez zinela fidatzen Miss Gradgrindekin.»
«Zure oroimenak ene kaxkarreriak merezi duen baino ohore handiagoa egiten dit. Baliatu egin nituen zure iradokizun adeitsuak ene herabetasuna zuzentzeko, eta zer esan gabe doa horiek erabat zehatzak zirela. Mrs. Sparsit, hauxe egiteko daukazun iaiotasuna —egia esan, behar den edozer egiteko zehaztasuna— zure buru-indarrari —eta zure familia jasoari erantsita— handiegia da auzitan jartzeko.» Mr. Harthouse erdi lotan zegoen laudorioa egitean, denbora luzea behar izan baitzuen hura egiteko, bere gogoa alderrai ibili zitzaiola.
«Aurkitu zenuen Miss Gradgrind —benetan ezin diot deitu Mrs. Bounderby; zentzugabe iruditzen zait— nik irudikatu nuen bezain gazterik?» galdetu zuen Mrs. Sparsitek, goxo-goxo.
«Bikain pintatu zenuen bere potreta» esan zuen Mr. Harthousek. «Bere irudi zehatza aurkeztu zenidan.»
«Oso lausengaria zara, jauna» esan zuen Mrs. Sparsitek, eta honenbestez esku-erdiak astiro bihurrikatu zitzaizkion bata bestearen gainean.
«Ikaragarri ondo.»
«Lehen denek uste ohi zuten» esan zuen Mrs. Sparsitek, «Miss Gradgrindek bizkortasuna behar zuela, baina aitortu behar dut orain iruditzen zaidala asko irabazi duela horri dagokionez. Hara, hona Mr. Bounderby!» egin zuen oihu Mrs. Sparsitek, buruari hainbat aldiz eraginez, beste inor edukiko ez balu bezala ahoan eta gogoan. «Zer moduz zaude goiz honetan, jauna? Mesedez, pozik ikusi nahi zaitugu, jauna.»
Bada, Mr. Bounderbyk behin eta berriro leunduta zuenez bere miserien zama astuna Mrs. Sparsiti esker, honez gero, ohi baino bigunago portatzen zen Mrs. Sparsitekin, eta ohi baino gogorrago beste jende gehienarekin, bere emaztearengandik hasita. Beraz, Mrs. Sparsitek alaitasun itxura eginez hauxe esan zuenean: «Gosaria nahi duzu, jauna, baina uste dut Miss Gradgrind laster izango dela hemen mahai buruan jartzeko», Mr. Bounderbyk hauxe erantzun zion: «itxarongo banio emazteak nitaz arduratu arte, andrea, uste dut ondotxo dakizula itxaron beharko niola Azken Judizioaren egunera arte, beraz, zeuri eskatuko dizut teontziaz arduratzeko.» Mrs. Sparsitek obeditu egin zuen, eta behinolako lekua hartu zuen mahaian.
Berriz ere, honek emakume bikain hura zeharo sentibera bihurtu zuen. Hain umilduta zegoen harekin, ezen Louisa agertu zenean, jaiki egin baitzen, aldarrikatuz ezen berari ez zitzaiokeen inoiz ere bururatuko leku hartan esertzea kontuak nola zeuden kontutan hartuta, sarri askotan Mr. Bounderbyrentzako gosaria prestatzeko ohorea izan bazuen ere; hain zuzen ere, Mrs. Gradgrinek (barkamena eskatu zuen, Miss Bounderby esan nahi zuen —Mrs. Sparsitek barkatuko zutela espero zuen, baina benetan, ezin zuen behar bezala esan, nahiz eta konfiantza zeukan poliki-poliki ezagun egingo zitzaiola izena) orduko maila eskuratu baino lehen. Bakarrik izan zen (Mrs. Sparsitek ohartarazi zuenez) Miss Gradgrind berandu samar ibiltzea gertatu zela, eta Mr. Boundebyren denbora oso baliotsua zenez, eta Mrs. Sparsitek bazekienez oso garrantzitsua zela Mr. Bounderbyk lehenbailehen gosaria hartzea, Mrs. Sparsitek gizonaren eskakizuna betetzeko askatasuna hartu zuela; zeren Mr. Bounderbyren gogoa legea baitzen Mrs. Sparsitentzat.
«Hara! Geldi hor, andrea» esan zuen Mr. Bounderbyk, «Geldi hortxe bertan! Mrs. Bounderby asko poztuko da ardura hori kentzen badiote, nik uste.»
«Ez esan hori, jauna» erantzun zuen Mrs. Sparsitek, ia-ia gogor antzean, «zeren oso zakarra baita Mrs. Bounderbyrentzat. Eta zakar izatea ez da zure gisakoa, jauna.»
«Gogoa lasai dezakezu, andrea. Lasai-lasai hartuko duzu, ezta, Loo?» esan zuen Mr. Bounderbyk, halako oldarrean emaztearengana itzuliz.
«Jakina. Ez dio axola. Zergatik izan beharko luke inolako garrantzirik niretzat?»
«Zergatik izan beharko luke inolako garrantzirik inorentzat, andrea?» esan zuen Mr. Bounderbyk, mesprezuz hanpaturik. «Garrantzi handiegia ematen diezu halako kontuei, andrea. Jainkoarren, zure sinesmenetariko batzuk ustel irtengo zaizkizu hemen. Tankera zaharrekoa zara, andrea. Tom Gradgrindeen seme-alaben garaiaren aurrekoa zara.»
«Zer daukazu orain?» galdetu zion Louisak, harridura hotzez. «Zerk ofenditu zaitu?»
«Ofenditu!» berresan zuen Bounderbyk. «Uste duzu ofendituz gero, ez nuela aipatuko, eta konpon zezatela eskatuko? Gizon zuzena naiz, nik uste. Ni ez naiz hinki-hanka ibiltzen.»
«Uste dut inork ez duela aukerarik izan oso herabe edo gupera zarenik pentsatzeko» erantzun zion Louisak bere onetik atera gabe. «Inoiz ez dizut halako eragozpenik ipini, ez neskatxa izanda, ez emakume naizen aldetik. Ez dut ulertzen zer duzun.»
«Eduki?» erantzun zuen Mr. Bounderbyk. «Ezer ez. Bestela, zuk, Loo Bounderby, ez zenuke oso ondo jakingo nik, Josiah Bounderby Coketonwekoak, zerbait daukadala?»
Louisak senarrari so egin zion, noiz eta honek mahaia jo eta te kikarak dardaran jarri baitzituen, kolore itsusia zuela aurpegian, beste aldaketa bat, Mrs. Harthousen ustez. «Ez dago zu ulertzerik goiz honetan» esan zuen Louisak. «Mesedez, ez arduratu azalpen gehiago emateaz. Ez dit ardurarik zer esan nahi duzun jakiteaz. Zer axola dio?»
Honetaz ez zen besterik aipatu, eta Mr. Harthouse laster hasi zen huskeriez mintzatzen zerbait esatearren. Baina egun barrez geroztik, Mrs. Sparsitek Mr. Bounderbyrengan zeukan eraginak Louisa eta James Harthouse elkarrenganago bultzatu zituen, eta Louisa eta senarra elkarrengandik bereiziago paratu, bai eta Louisak eta Harthouseren arteko konfiantza sendotu ere, eta honetan Louisa halako urrats antzemanezinez erori zen, ezen berak ezin baitzituen gogoratu zer-nolakoak izan ziren, hori egiten saiatu izan balitz ere. Alabaina, Louisa saiatu bazen ala ez, hori bere bihotz itxian gordeta zegoen.
Mrs. Sparsit hain hunkituta zegoen aldi jakin honetan, ezen, Mr. Bounderbyri laguntzen ari zitzaiola kapela ipintzen gosaldu ondoren, muin egin baitzion esku gainean, dedu onean, «Ene ongilea!» murmuratuz eta joan egin zen, bihotz urraturik. Hala ere, datu zalantzagabea da honako hau istorio honen esparruaren barruan: Mr. Bounderby etxetik irten eta bost minutura kapela berberaz jantzita, Scadgerstarren ondorengo berberak, zein ezkontzaz Powlertarrei lotuta baitzegoen, eskuineko esku-erdiari eragin zion Bounderbyren potretari buruz, destainazko imintzio bat eginez artelanari, hauxe esateko: «Ondo merezi duzu, Memelo horrek, eta horretaz pozten naiz.»
Mr. Bounderby joan zaharra ez zela, Bitzer agertu zen. Bitzer trenez etorri zen, xilioka eta danbalaka lehengo eta orduko ikatzuloak zangokada luzez zeharkatzen zuen arku-lerro luzearen gainean, mezua zekarrela Stone Lodgetik. Presaka idatzitako ohar bat zen, Louisari gaztigatzeko Mrs. Gradgrind oso gaixorik zegoela. Mrs. Gradgrind ez zen inoiz ondo egon, Louisak zekienetik, baina azken egunotan beherago egin zuen. Gau osoan zehar gero eta gaizkituago zen, eta halako egoeran, non ordurako hilzorian baitzegoen, alegia, edozein egoeratan egoteko gauza zen neurrian, nolabaiteko egoeran egoteak egoeratik irteteko asmo baten itzala berekin bazekarren, behintzat.
Errekadu txikiak egiten zituen mandataririk txikienak lagunduta, Herioren zerbitzari zurbil eta egokia zinez Mrs. Gradgrindek andere haren atea jo zuenean, Louisa Coketownera joan zen, orroka, lehengo eta orduko ikatzuloetan zehar, herriaren ahutz keztatuetan jira-biraka azaldu zela. Louisak mezularia bere albotik bidali zuen, eta zalgurdiz joan zen familiaren etxera.
Louisa gutxitan egon zen etxean ezkontzaz geroztik. Aita arduranean bahe eta bahe zebilen Londreseko errauts meta parlamentarian (zaramatik bitxi asko ateratzen ikusi ez zutela), eta artean ere gogor ekiten zion zabortegi nazionalean. Louisaren amarentzat gogaikarria zen bisitak jasotzea, beste ezer baino, sofan etzanda zegoela; gazteei dagokienez, Louisak uste zuen ez zela ondo moldatuko haiekin; Sissyrekin ez zen berriro bigundu, neskato saltinbankiak begiak Mr. Bounderbyren emaztegaiarengana jaso zituenetik. Honenbestez, Louisak ez zuen inolako pizgarririk atzera itzultzeko eta gutxitan itzuli zen.
Era berean, etxe zaharreko eraginik onenetariko bat ere ez zitzaion hurbildu etxera bidean zihoala. Haurtzaroko amets haiek —alegia imajinario haiek, kontu txanbelin, eder, gizatiar, ezinezko haiek, beste aldeko mundua apaintzen zuten kontu haiek: behinola sinesteko hain onak, haztean gogoratzeko hain onak, zeren orduan haietariko txikienak bihotzeko karitaterik handienaren mailari heltzen baitio, zeinetatik haur gaixo errukarriak bete-betean irteten baitira, haien esku aratzez mundu honen bide harritsuetan lorategi hori zaintzera, non Adamen haur guztiek hobe bailukete sarriagotan eguzkia hartzea, xingle eta sinesbera, mundutik ikasi gabe— amets haiek zer ikusirik zeukaten Louisarekin? Oroitzapen haiek, hala nola, Louisak bidaia egin zuenekoa bere jakintza mundu txikira, berak eta milioika kreatura errugabek espero eta imajinaturiko istorioen bide sorginduetan barrena; oroitzapen haiek, hala nola, arrazoimenera lehenengoz etorrita irudimenaren argi sotiletik zehar, arrazoimena Louisari jainko ongilea zela iruditu baitzitzaion, bera bezain jainko handiak ordezkatzen zituena, eta ez idolo larderiatsu bat, anker eta hotza, biktimak eskuz eta hankaz lotuta zituena, eta bere itxura ergel eskerga hura, begirada tinko eta itsu baten jabe, erabat mugiezina, ez bazen hainbat tona jasotzen duten esku-hagak erabiliz —oroitzapen haiek, zer ikusirik ote zeukaten Louisarekin? Etxeko eta haurtzaroko kontuak gogoratzea bere bihotz gaztearen putzu eta iturri guztiak txurrustaka sortu ahala nola lehortzen zituzten gogoratzea zen. Iturri magikoak ez ziren han. Jarion bazerien, mahatsak arantzetatik eta pikuak garduetatik ematen dituen lurra ongarriztatzeko.
Louisa bere baitan nolabaiteko pena astun eta gogortua zeukala sartu zen etxera eta amaren logelara. Louisak etxea utzi zuenez geroztik, Sissy beste senitarte bat bailitzan bizi zen etxean. Sissy Louisaren amaren ondoan zegoen; bestalde, Jane, Louisaren ahizpa, ordurako hamar edo hamabi urtekoa, logelan zegoen.
Lan handiak izan ziren Mrs. Gradgrindi jakinarazi ahal izateko bere alaba nagusia hantxe zegoela. Mrs. Gradgrind sofa batean etzanda zegoen, ohitura hutsez: behinolako jokaerari atxikita, bera bezain babesgabe zen norbait inongo jarrerari letxekiokeen moduan, behintzat. Mrs. Gradgrindek uko egin zion inondik ere ohean etzateari; hala eginez gero, Mr. Gradgrinden erretolika entzun beharko zuelakoan.
Mrs. Gradgrinden ahots ahula hain urrunetik aditu zen besana mokoilo hartatik, eta hari mintzo zitzaion beste ahots baten soinuak, nonbait, hainbeste denbora behar zuen Mrs. Gradgrinden belarrietara iristeko, ezen andrea osin baten hondoan zegoela baitzirudien. Andre gajoa inoiz baino hurbilago zegoen Egiatik, eta honek zerikusi handia zeukan osin barrean egotearekin.
Mrs. Bounderby hantxe zegoela esan ziotenean, Mrs. Gradgrindek erantzun zuen, borroka antzean, ezen berak ez baitzion inoiz ere gizonari hala deitu Louisarekin ezkondu zenetik, taxuzko izena eman nahi zionez, J deitzen ziola; eta arau horri heldu behar ziola, zeren artean ere ez baitzeukan behin-betiko ordezkorik. Louisa amaren ondoan eserita egon zen hainbat minutuz eta askotan hitz egin zion, Mrs. Gradgrind Louisa nor zen konturatu zen arte. Orduan, bat-batean Mrs. Gradgrindek dena ulertu zuen, irudiz.
«Hara, ene maite» esan zuen Mrs. Gradgrindek, «espero dut zure kontuak ondo joango direla. Zure aitak prestatu zuen dena. Bere gogoak hartara bultzatu zuen. Eta berak jakin beharko zuen.»
«Zutaz entzun nahi dut, ama; ez nitaz.»
«Nitaz entzun nahi duzu, laztana? Hori berria da, ziur nago, norbaitek nitaz entzun nahi izatea. Batere ongi ez, Louisa. Oso ahul eta zorabiaturik.»
«Baduzu minik, ama maitea?»
«Uste dut minen bat badagoela gelan» esan zuen Mrs. Gradgrindek, «baina ezin dut ziur esan neuk dudanik.»
Mintzaldi xelebre honen ostean, aldi batez Mrs. Gradgrind isilik etzan zen. Louisak, eskutik heltzen ziola, ezin zion taupadarik antzeman; baina eskuan muin eman zionean, bizi arrasto arin bat hauteman zuen bertan punpaka.
«Gutxitan ikusten duzu ahizpa» esan zuen Mrs. Gradgrindek. «Zu bezala hazten ari da. Nahiago nuke ikusiko bazenu. Sissy, ekarri Jane hona.»
Jane ekarri zuten, eta hantxe gelditu zen eskua ahizparen eskuan zuela. Louisak nabaritu zuen bere ahizpak Sissyren lepo inguruan jarrita zuela besoa eta konturatu zen bestela jokatzen zuela Sissyrekin.
«Konturatzen zara antzekoak zaretela, Louisa?»
«Bai, ama. Uste dut elkarren antzekoak garela. Baina...»
«Atx! Bai, nik beti esaten dut hori» Mrs. Gradgrindek ustekabean eta arin egin zuen oihu. «Eta horrek gogorazten dit. Nik —nik zurekin hitz egin nahi dut, laztana. Sissy, neska maite hori, utz gaitzazu bakarrik une batez.»
Louisak eskua askatu zuen: bururatu zitzaion ezen bere ahizpak askoz ere aurpegi hobea eta argitsuagoa zuela berak inoiz izandakoa baino: gelako beste aurpegiaren samurtasunaren poxi bat ikusi zuen ahizparen aurpegian —eta honek arrangura handiagoa eman zion, nahiz eta leku hartan eta une hartan izan— izan ere begi sinesberako aurpegi goxo hura, ile beltz eta usuak zurbilago egiten zuen, arretak eta begikotasunak baino areago ere.
Amarekin bakarrik egon zenean, Louisak ikusi zuen nola etzan zen ama, aurpegian baretasun ikaragarria zuela, ur handitan flotatzen dabilen norbait bailitzan, indar guztiak laxo utzita eta pozik korrontean behera eraman zezaten. Esku baten itzala ipini zuen ezpainetan, eta hauxe gogorazi zion amari:
«Nirekin hitz egin nahi zenuen, ama.»
«E? Bai, jakina, laztana. Badakizu orain zure aita ia beti kanpoan dabilela, eta beraz, honetaz idatzi behar diot.» «Zertaz, ama? Ez kezkatu. Zertaz?»
«Gogoratu behar duzu, laztana, beti ere edozer esaten banuen, edozein konturen gainean, aitaren erretolika entzun behar nuela, eta honenbestez, aspalditik ez dudala ezer esaten.»
«Entzuten zaitut, ama.» Baina, bakarrik amaren belarrira makurtzearen makurtzeaz eta aldi berean adi-adi begiratuz emakumearen ezpainak mugitu ahala lotzen zituen Louisak halako soinu ahul eta etenak ulermen-katearekin.
«Gauza piloa ikasi zenuen, Louisa, eta hala egin zuen zure nebak. Era guztietako ologiak, goizetik gauera. Edozein ologia badago, edozein motatakoa, etxe honetan xehe-xehe eginda utzi ez dutena, hauxe baino ez dut esango, espero dudala bere izena inoiz ere ez entzutea.»
«Entzuten zaitut, ama, aurrera egiteko indarra biltzen baduzu.» Hau, Mrs. Gradgrind korronteak eraman ez zezan.
«Baina badago zerbait —ez da inongo ologia— zure aitak huts egin duena, edo ahaztu, Louisa. Ez dakit zer den. Askotan eseri naiz Sissy ondoan dudala, hori gogoan hartuta. Honez gero, inoiz ez dut jakingo horren izena. Baina agian zure aitak bai. Artega nabil horregatik. Idatzi nahi diot aitari, jakiteko, Jainkoarren, zer den hori. Emadazu idazluma, emadazu idazluma.»
Artegatasunaren indarra ere joanda zegoen, buru gaixotik izan ezik, hau alde batetik bestera jiraka baitzebilkion.
Mrs. Gradgrindek, hala ere, imajinatu zuen bere eskakizuna bete egin zutela, eta eutsi ezin ziezaiokeen idazluma hura eskuan zuela. Ez dio axola zer-nolako irudi miresgarriak, ezer esan nahi ez zutenak, marrazten hasi zen tapakietan. Eskua laster eten zen tapakien erdian, gardenki ahularen ostean beti ere ahul eta margul izandako argia joan egin zen, eta Mrs. Gradgrindek ere kanpora egin zuen gizakiak bere burua alferrik asaldatzeko erabili ohi duten itzal horretatik, eta beregana ekarri zuen jakintsuen eta Patriarken solemnitate ikaragarria.
© Charles Dickens
© itzulpenarena: Javi Cillero