V.
GIZON-UGAZABAK

 

        «Tira, Stephen» esan zuen Bounderbyk, bere modu haizetsuan, «zer entzun dut? Zer egin dizute arraiotzar gaizto horiek? Zatoz, eta mintza.»

        Honela eman zion Bounderbyk Stepheni ongi-etorria, salan eman ere. Mahai bat atonduta zegoen tea hartzeko; eta Bounderbyren emazte gaztea, honen neba, eta Londongo jaun handi bat ere, hantxe zeuden. Stephenek denei egin zien kilimusi, kapela eskuan zeukala, atea itxi eta haren ondoan jarritakoan.

        «Hauxe da aipatu dizudan gizona, Harthouse.» esan zuen Mr. Bounderbyk. Bounderbyren azken esaldia jaso zuen jauna Mrs. Bounderbyrekin hizketan zebilen sofan eta handik jaiki zen, «benetan?» axolagabe esanez, sutondoko tapizeraino zabar-zabar joateko, Mr. Bounderby hantxe baitzegoen.

        «Tira» esan zuen Bounderbyk, «mintza!»

        Stephenek igarotako lau egunen ostean, hizketa modu honek latz eta zakar jo zion belarrira. Halako hizketa moduak Stephenen gogo zauritua gogor erabili ez ezik, bazirudien benetakotzat ematen zuela Stephen saldukari berekoi hura zela, jendeak esaten zuenez.

        «Jauna, zertaz» esan zuen Stephenek, «hitz e'in nahi zenuen ne'ekin?»

        «Tira, esan dizut» erantzun zuen Bounderbyk, «mintza zaitez gizona bezala, gizona zarelako, eta kontaguzu zutaz eta Langileen Elkarte horretaz.»

        «Barkatuko di'azu, jauna» esan zuen Stephen Blackpoolek, «baina ez daukat zerikusi'ik horrekin.»

        Nola Mr. Bounderby beti ere haizearen antzeratsu baitzebilen, zerbait aurkitu behar bere bidean eta alde horretarantz harrotzen hasi zen.

        «Begira, Harthouse» esan zuen Bounderbyk, «hona hemen haietariko ale bat. Lehen ere gizon hau hemen izan zenean, abisatu nion kontuz ibiltzeko beti inguruan dabiltzan kanpotar maltzur horiekin —aurkitzen dituzten lekuan bertan urkatu beharko lituzkete— eta esan nion bide okerretik zihoala. Tira, sinetsiko duzu estigma hau bere gainean ipini badute ere, oraindik ere haien esklaboa dela, eta beldur dela ahoa irekitzeaz haien kontuak esateko?»

        «Esan dut ez nuela esateko'ik hor'taz, jauna; ez beldur nintzela ahoa irekitzeko.»

        «Esan duzu. Atx! Neuk badakit zer esan duzun; areago, badakit zer esan nahi duzun, konturatzen zara? Ez beti gauza berbera, demonio arraioa! Oso gauza bestelakoak. Hobe zenuke berehala guri esatea Slackbridge, lagun hori, ez dagoela herrian, jendea matxinadarako asaldatuz; eta ez dela jendearen buruzagi ospetsua; hau da, gizatxar madarikatu bat. Hobe zenuke hori guzti hori guri berehala esatea; ezin nauzu engainatu. Hori esan nahi diguzu. Zergatik ez duzu egiten?»

        «Niri'e pena ematen dit, jauna, jendearen buruzagiak txarrak izateak» esan zuen Stephenek, buruari eraginez. «Nor agertu aurrean, horixe hartzen dute. Beharbada, hori ez da jendearen zoritxarrik handiena, beste'ik ezean.»

        Haizea txistuka hasi zen.

        «Tira, orain kontu egizu honetaz, Harthouse» esan zuen Mr. Bounderbyk. «Nahikoa gogorra irudituko zaizu hau. Esango duzu, hitz ematen dut gizon hau ale egokia dela ezagutzeko zer-nolako harremanetan sartu behar duten gure lagunek; baina ez dago halakorik, jauna! Entzungo didazu nola galdetzen diodan kontu bat gizon honi. Mesedez, Mr. Blackpool!» —haize zurrunbilo zakarra«galde niezazuke zer dela eta uko egin diozun Elkarte horretan sartzeari?»

        «Zer dela eta?»

        «A!» esan zuen Mr. Bounderbyk, erpuruak jakaren besoetan sartuz, buruari eraginez eta begiak itxiz aurreko ormari buruz: «zer dela eta.»

        «Nahiago nuke horretaz ez hitz e'itea, jauna; baina galdetu di'azunez —eta ez dut zakar jokatu nahi— erantzungo dizut. Promes bat e'in dut.»

        «Ez neuri, badakizu» esan zuen Bounderbyk. (Haize nahasiak eta aterrune gaiztoak. Orduantxe bezala, adibidez). «Ez, jauna. Zeuri ez.»

        «Orduan ni gogoan hartzeak ez dauka zerikusirik erabaki horrekin» esan zuen Bounderbyk, artean ere ormari buruz. «Josiah Bounderby Coketownekoa soilik tartean egon balitz, elkartean sartuko zinen inolako bihozminik gabe?»

        «Bai, jauna. Egia da.»

        «Eta hala ere berak badaki» esan zuen Mr. Bounderbyk, dagoeneko haize erauntsiari ekinez, «doilor eta errebelde aldra baizik ez direla, atzerriko kolonietara igorriak izatea zori onegia luketenak! Tira, Mr. Harthouse, denboraldi batez munduan zehar ibili zara. Inoiz topatu duzu halako gizonik herri bedeinkatu honetatik kanpo?» Eta Mr. Bounderbyk Stephen seinalatu zuen inspekzio gisa, atzamar haserre batez.

        «Ez, andrea» esan zuen Stephen Blackpoolek, gogor gaitzetsiz arestian erabilitako hitzak eta sen hutsez Louisarengana joaz, neskaren aurpegiari begiratu ondoren. «Ez errebelde'ik, ez doilor'ik. Ez holako'ik, andrea, ez holako'ik. Ez di'ate gauza onik e'in, andrea, ta nik ba'akit hori. Baina ez dago dozena bat haien artean, andrea —dozena bat? Ezta sei'e— sinesten ez duenik be'e eginbeharra bete duela be'e lagunekin ta bere burua'kin. Jainkoak be'ira nazala, ne'e bizitza osoan pertsona ho'iek eza'utu ta haiekin bizi ondoren —haiekin janda edan, haiekin izerdia bota, haiekin lanean ibili, ta haiek maitatu ondoren, haiei huts egitetik, denak bertan behe'a utzita neu'i e'ozer e'iten ba'idate're!»

        Stephenek bere klase eta izaeraren zintzotasun zakarraz hitz egin zuen —agian sakonagoa jakinaren gainean zegoelako bere klaseari leialtasuna gordetzen ari zitzaiola, bere klasearen mesfidantza osoa gorabehera; baina ondo gogoratu zuen non zegoen, eta ez zuen ahotsa goratu.

        «Ez, andrea, ez. Egiatiak dira elkarrekin, leialak dira elkarrekin, maitabe'ak dira elkarrekin, heriotzaraino izan'e. Izan zaite' pobre haiek ondoan dituzula, egon zaite' gaixo'ik haiek ondoan dituzula, ibil zaite' penaturik haiek ondoan dituzula, pobrearen ateraino ne'arra dakarten arrazoi ho'ietako edozeinengatik, ta samurrak izango zaizkizu, atseginak izango zaizkizu, kontsolagarriak izango zaizkizu, kristauak izango zaizkizu. Egon zaite' ziur hor'taz, andrea. Erraza'o txikituko zenituzte', erraza'o, bestelakoak izate'a behartu baino.»

        «Laburtzeko» esan zuen Mr. Bounderbyk, «bertutez beterik daude eta horregatik baztertu zaituzte. Horretan ari zarenez, segi, segi aurrera. Esan dena.»

        «Nik ez dakit ze'atik behartzen gaituen gizakiok, andrea» segitu zuen Stephenek, artean ere berezko aterpea bilatuz Louisaren aurpegian, «gure barruan daukagun gauzarik onenak, nonbait, istiluak, zoritxarrak ta akatsak egitera. Baina hala da. Halaxe dela ba'akit, gainean —kearen bestaldean— ze'ua dudala dakidan mo'uan. Guk'e pazientzia daukagu, ta orokorrean gauza zuzenak e'in nahi ditugu. Ez dut uste errua beti gurea denik.»

        «Tira, laguna» esan zuen Mr. Bounderbyk, ezin bere onetik irtenago —Stephenek horretaz ez bazekien ere— langileak beste inorengana jo zuelako, «unetxo batez atentzioa hartzeko mesedea egiten badidazu, pare bat hitz esan nahi nizuke. Oraintxe esan duzu ez zenuela esatekorik kontu horretaz. Ziur zaude, aurrera egin baino lehen?»

        «Bai, ziur na'o.»

        «Hona hemen Londreseko jaun bat» Mr. Bounderbyk keinua egin zuen eskuaren atzealdeaz Mr. James Harthouse erpuruaz seinalatzeko, «Parlamentuko gizona. Nahi nuke berak zu eta biok une batez hizketan entzutea, solasaldiaren muina hartu beharrean —ze nik badakit, aldez aurretik, zer izango den; inork ez daki hori nik baino hobeto, kontu egizu!— neure ahotik jaso eta horretaz fidatu beharrean.»

        Stephenek burua makurtu zuen Londreseko jaunari buruz eta ohi baino nahastuago lotu zen. Begiak nahigabe bueltatu zituen lehengo aterperaino, baina gune horretatik jasotako begirada baten ondoren (bat batekoa, baina adierazgarria) Mr. Bounderbyren aurpegian ezarri zituen.

        «Tira, zertaz kexatzen zarete?» galdetu zuen Mr. Bounderbyk.

        «Ez naiz hona etorri, jauna» gogorarazi zion Stephenek, «kexa e'itera. Etorri naiz etortzeko esan didatelako.»

        «Zertaz kexatzen zarete zuek» erantzun zuen Mr. Bounderbyk, eskuak gurutzatuz, «langileok, orokorrean?»

        Une batez, Stephenek Mr. Bounderbyri begiratu zion zalantza apur batekin, eta, itxuraz, erabakia hartu zuen.

        «Jauna, inoiz ez naiz izan ona arazoa azaltzen, nahiz'ta hori sufritu behar. Nahaste-borrastean sartuta gaude, jauna. Be'ira herria —hain aberatsa— eta begi'a hona etortzeko parada izan duen jende multzo hori, ehotze'a, kardatze'a, eta destaxuzko lanean bizimodua ateratze'a, beti berdin, nolabait, sehaskatik hilobi'a arte. Be'ira nola bizi garen, ta non bizi garen, ta zenbat jende'kin, eta zein aukera'kin ta zein berdintsu dabiltzan, ta kontura zaite' nola fabrikak beti aurrera doazen, ta nola eralgiten gaituzten urrutiko helburu'ik jo gabe, heriotza izan ezik, beti bezala. Be'ira zer pentsatzen duzuen gutaz, ta nola idazten duzuen ta hitz e'iten duzuen gutaz, ta nola doazen zuen ordezkariak Estatuko Idazkariagana, ta nola zabiltzaten beti zuzen, ta nola gabiltzan gu beti oker, jaiozkeroztik, inoiz'e arrazoi'ik ez dugula. Be'ira nola hazi den hau, jauna, ge'o ta handiagoa, ge'o ta zabalagoa, ge'o ta sendoagoa, urtetik urtera, belaunalditik belaunaldira. Nork be'iratuko dio honi, jauna, mundu guztia'i zinez nahaste-borrastea dela esan gabe?»

        «Jakina» esan zuen Mr. Bounderbyk. «Ba, agian jaun honi jakinaraziko diozu nola konponduko zenukeen nahaste-borrastea (horrela deitzea gustatzen zaizunez) zuzen eta artez...»

        «Ez dakit, jauna. Ez da nire egitekoa. Ni ez naiz hori konpondu beharko lukeena, jauna. Haiek e'in beharko lukete hori, ni'e gainetik ta guztion gainetik daudenek. Zertaz hitz e'iten dute, jauna, horretaz ezpada?»

        «Zer edo zer esango dizut horretaz, behingoz» erantzun zuen Mr. Bounderbyk. «Eskarmentu ederra egingo dugu dozena erdi Slackbridge hartuta. Zital horiek epaituko ditugu beren delituengatik, eta ontzian ipiniko ditugu kolonietako presondegietara bidaltzeko.»

        Stephenek buruari eragin zion serio-serio.

        «Ez esan ezetz, jauna» esan zuen Mr. Bounderbyk, harrez gero, haize erauntsiari ekinez, «halaxe egingo dugulako, horixe diotsut!»

        «Jauna» erantzun zuen Stephenek, ziurtasun osoak ematen zion konfiantza lasaiaz, «ehun Slackbridge hartuko bazenu're —dauden guztiak, ta aipatu duzun zenbakia hamar bider e'inda— zaku banatan ipini, inoiz'e lehorrik izango ez den ozeano'ik sakonenean murgiltzeko, korapiloa be'e hartan utziko zenuke. Kanpotar maltzurrak!» esan zuen Stephenek, irribarre urduriaz; «halakoez entzun ez dugunean, ziur na'o, gogoratzen ga'enetik. Kanpotar maltzurrak! Haiek ez dute ekarri arazoa, jauna. Haiekin ez da hasi arazoa. Ez ditut gogoko —ez daukat inolako arrazoi'ik gogoko izateko— baina alferrik ta ezinezkoa da amestea be'e zere'inetatik baztertuko ditugunik, be'e zere'ina haietatik baztertu beharrean! Gela honetan nitaz esan den guztia ni etorri baino lehen'e esanda zegoen, ta ni joan ondoren'e esanda e'ongo da. Sartu erloju hori untzi batean ta bidal'zazu Norfolk Irlaraino, ta denbora berdin ibiliko da. Berdin-berdin Slackbridge.»

        Une batez bere lehengo aterpera bueltaturik, Stephenek badaezpadako mugimendua antzeman zuen neskaren begietan ate aldera seinalatuz. Atzera eginez, eskua sarraila gainean ipini zuen. Baina bere nahi eta gogoz hitz egin gabe zegoen eta bihotzez erabaki zuen azken momentura arte zintzo jokatzea eta leial izatea bera zapuztu zutenekin, lehentxeagoko jokabide iraingarriari ordain jatorra mariez. Stephen hantxe gelditu zen gogoan zuena esaten amaitzeko.

        «Jauna, ulermen eskasekoa ta nahikoa zabarra izaki, nik ezin diot esan jauna'i, zer izango den onena arazo honeta'ako —nahiz-ta herriko langile batzuek e'in lezaketen, nik baino ahalmen handiagoa dutelako— baina esango diot zer-nolako gauzek ez duten inoiz'e a'azoa konponduko. Esku gogorrak ez du inoiz'e konponduko. Garaipenek ta triunfoek ez dute inoiz'e konponduko. Aldez aurretik ados jarrita, alde bat beti'e zuzena dela, ta beste aldea beti'e okerra dela pentsatzeak ez du inoiz, inoiz'e konponduko. A'azoa bere hartan uzteak'e ez du inoiz'e konponduko. Bizi daitezela milaka ta milaka lagun be'e kasa, denak bizimodu berdina e'inez, korapiloan kati'aturik, ta denak bat izango dira, ta zu beste bat, mundu beltz ta zeharkaezin bat tartean duzuela, miseria dohakabe honek dirauen bitartean. Jendearengana kortesiaz ez hurbiltzeak, txera ona e'inez, pazientziaz ta arraitasunez, haiek bata besteagana hurbiltzen diren mo'uan hainbat a'azotan, batak bestea atsekabean alaitzeko haiek berek falta dutena emanez —jaunak be'e bidaietan ikusitako jende guztiak hobetu ezin lezakeen mo'uan ni'e iritzi apalean— inoiz ez du a'azoa konponduko eguzkia bi aldiz irten arte. Guztionen gainetik, jendea hainbeste potentziatzat jotzeak, ta batuketa bateko zenbakiak edo makinak bailitzan arautzeak, oroimenik zein zaletasunik, nekatzen den arima'ik zein ezer itxaroten duen arima'ik izango ez balu bezala —dena lasai dagoenean, jendea aintzakotzat hartu gabe, ta istiluak direnean, jendea'i leporatuz giza sentimenduak erakutsi nahi izatea zuekin harremanetan dabilenean— honek ez du inoiz'e a'azoa konponduko, jauna, Jainkoaren lana dese'inda e'on arte.»

        Stephen ate irekiari eutsita gelditu zen, harengandik beste ezer nahi ote zuten zain.

        «Egon pixka bat» esan zuen Mr. Bounderbyk, aurpegia inoiz baino gorriago zeukala. «Esan nizun, hona kexatzera etorri zinen azken aldian, hobe zenuela beste bide bat hartu eta handik alde egitea. Eta esan nizun, gainera, gogoan baduzu, erraz antzematen niola urrezko koilarearen arrastoari.»

        «Halako asmo'ik ez nuen, benetan diotsut.»

        «Orain argi daukat» esan zuen Mr. Bounderbyk, «beti kexaka dabiltzan morroi horietariko bat zarela. Eta hortik ibiltzen zara kexak ereiten eta uztak jasotzen. Hori da zure bizitzaren zeregina, adiskide.»

        Stephenek buruari eragin zion, isilik protestatuz benetan bazituela beste zeregin batzuk bere bizitzan.

        «Halako morroi koleratsu, haserrekor eta suminkorra zara, badakizu» esan zuen Mr. Bounderbyk, «zure kideek berek, ondoen ezagutzen dituzun gizonek, ez dutela zerikusirik izan nahi zurekin. Inoiz ez nuen pentsatuko lagun horiek zuzen ibiliko zirenik ezertan ere; baina hauxe esango dizut! Aldatzekotan, bat egingo dut berekin honetan, eta neuk ere ez dut zerikusirik izango zurekin.»

        Stephenek azkar jaso zituen begiak Bounderbyren aurpegira.

        «Egiten ari zarena amaitu ahal duzu» esan zuen Mr. Bounderbyk, buru-keinu esankor batez, «eta gero beste leku batera joan.»

        «Jauna, ondo dakizu» esan zuen Stephenek bizi-bizi, «zu'e lantegian ez bada, ez dudala beste inon lanik lortuko.»

        Hona hemen erantzuna: «Nik dakidana neuk dakit; eta zuk dakizuna, zeuk dakizu. Ez daukat beste zer esanik honetaz.»

        Stephenek beste begirada arin bat egin zion Louisari, baina dagoeneko, neskaren begiak ez zeuden gizonarengana altxaturik; eta arnasaren gainetik ozta-ozta «Jainkoak lagun digula mundu honetan!» esanez, Bounderbyren etxetik alde egin zuen.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Javi Cillero

 

 

"Charles Dickens / Garai Latzak" orrialde nagusia