XV.
AITA-ALABAK

 

        Nahiz eta Mr. Gradgrindek Bizarrurdinen antzik izan ez, bere gela urdina zen, hain zegoen beteta liburu urdinez. Zernahi froga zezaketela ere (arduranean frogatu nahi den guztia frogatzen dute), hantxe frogatzen zuten, guda-mutil berrien etorreraz etengabe indartzen ari zen armada batean. Gela sorgindu hartan, gizarte arazorik korapilatsuenak zenbatzen ziren, denetara kopuru zehatzak lortuz, azkenean konpontzeko —arazoak zegozkienei azken emaitza jakinarazteko modurik balego, behintzat. Behatoki astronomikoa leihorik gabe egingo balitz, astronomoak unibertso izartsua gela barrean antolatu beharko luke, idazluma, tinta eta papera soilik erabiliz; bada, halaxe egiten zuen Mr. Gradgridek bere behatokian (eta berak bezala askok), ez baitzuen inolako beharrik begirada bat egiteko bere inguruan estu-estu eginda zeuden konta ezin ahala gizakiei, gizaki guzti hauen patuak arbelean erabakitzeko, eta belaki zatiño Ain batez haien malkoak xukatzeko.

        Behatoki honetara agertu zen Louisa elkarrizketaren goizean; gela ilunpetsu bat, erloju guztiz estatistiko bat bazeukan, segundo bakoitza hilkutxa gaineko takadaren antzeko kaxkadaz neurtzeko. Leiho batek Coketownera egiten zuen, eta Louisa aitaren mahai ondoan eseri zenean, tximinia handiak eta kearen arrasto luzeak nabaritu zituen distantzia uherrean goibel ageri zirela.

        «Ene Louisa maitea» esan zuen aitak, «bart gauean prestatu zintudan oraintxe izango dugun solasaldian zinezko arreta eman diezadazun. Hain entrenamendu ona jaso duzu, eta hain ondo zagozkio —zorionez esan dezaket hau— jaso duzun heziketari, ezen uste osoa baitaukat zure zentzu onean. Ez zara oldarkorra, ez zara erromantikoa, ohituta zaude ikusten gauza guztiak arrazoimenean eta kalkuluan oinarri sendo eta sosegatua hartuta. Badakit ikuspegi horretatik soilik ikusi eta kontutan hartuko duzula oraintxe adieraziko dizudana.»

        Mr. Gradgrind zain gelditu zen, nolabait adieraziz atseginez hartuko zukeela Louisak zerbait esatea. Baina Louisak ez zuen txintik atera.

        «Louisa, laztana, ezkontza proposamen bat egin didate zu tartean zaudela.»

        Mr. Gradgrind berriz ere zain gelditu zen, eta berriz ere Louisak ez zuen hitzik esan. Honek harritu egin zuen Mr. Gradgrind, eta behartu zuen «ezkontza proposamen bat, laztana» berriro esatera, samurkiro esan ere. Honenbestez, Louisak hauxe erantzun zuen, inolako zirrararik erakusteke:

        «Entzun dizut, aita. Adi nago, zinez diotsut.»

        «Tira!» esan zuen Mr. Gradgrindek, irribarre eginez, une batez zer esan ez zekiela egon ondoren, «espero nuen baino sosegatuagoa zara, Louisa. Edo, agian, sumatu duzu egingo dizudan iragarpena?»

        «Ezin dut halakorik esan, aita, hori entzun artean. Sumatu edo ez sumatu, zuregandik entzun nahi nuke. Entzun nahi nuke nola iragartzen didazun hori, aita.»

        Harrigarria bada, une hartan Mr. Gradgrind ez zegoen bere alaba bezain sosegaturik. Papera ebakitzeko aiztoñoa eskuan hartu zuen, buelta eman zion, utzi egin zuen, berriz ere hartu zuen, eta orduan ere labanaren sorbatzari begiratu zion, nola egingo ote zuen aurrera gogoetatuz.

        «Esaten duzuna, Louisa maitea, guztiz arrazoikoa da. Zuri zerbait jakinarazteko ardura hartu dut neure gain, hau da, labur esanda, Mr. Bounderbyk kontatu dit luzez ibili dela zure aurrerapenak arretaz eta atseginez zaintzen, eta luzez egon dela zain, noizbait helduko zelakoan bere eskua eskain diezazun eguna, berarekin ezkon zaitezen. Egun hori, Mr. Bounderbyk hain luzez, eta zalantzarik gabe egonarri handiz igurikitako eguna, heldua da. Mr. Bounderbyk ezkontza proposamena egin dit, proposamena helaraz diezazudala eskatu dit, eta era berean adieraz diezazudala espero duela aintzakotzat hartuko duzula.»

        Aita-alabak isilik. Erloju guztiz estatistikoa motel-motel. Urrutiko kea oso beltz eta astun.

        «Aita» esan zuen Louisak, «uste duzu Mr. Bounderby maite dudala?»

        Mr. Gradgrind erabat asaldatu zen ustekabeko galdera hau entzunda. «Tira, neskatxa» erantzun zuen, «Benetan ezin dut kontu horretaz ezer esan.»

        «Aita» segitu zuen Louisak, lehengo ahots berberaz, «eskatzen didazu Mr. Bounderby maite dezadala?»

        «Ez, maitea; ez. Ez. Nik ez dizut ezer eskatzen.»

        «Aita» segitu zuen horregatik ere Louisak, «eskatzen dit Mr. Bounderbyk bera maite dezadala?»

        «Benetan, laztana» esan zuen Mr. Gradgrindek, «zaila da zure galderari erantzutea...»

        «Zaila bada ere, bai ala ez, aita?»

        «Jakina, laztana. Zeren» hemen bazegoen zerbait frogatzeko, eta honek gizona suspertu egin zuen, «zeren erantzuna honetantxe baitatza, Louisa, hots, nola erabiltzen dugun esakune hori. Bada, Mr. Bounderbyk ez dizu bidegabekiarik egingo, ez eta bere buruari ere, eta ez du espero izango ezer imajinatiborik, fantastikorik, edo (hitz sinonimoak darabiltzat) sentimentalik. Mr. Bounderbyk oso helburu eskasarekin ikusiko zintuzkeen hazten bere begien aurrean, ahaztuko balu zer behar duen zure zentzu onak, berea ez aipatzearren, eta halako ikuspuntutik hurbilduko balitzaizu. Hortaz, agian esakunea bera ere —hauxe iradoki baizik ez dizut egiten, laztana— ez datorke harira.»

        «Zer gomendatuko zenidake erabiltzea haren ordez, aita?»

        «Hara, Louisa maitea» esan zuen Mr. Gradgrindek, harrez gero zeharo suspertuta, «aholkatuko nizuke (hala eskatu didazunez) kontu hau aintzakotzat har zenezala, beste edozein kontu aintzakotzat hartu ohi duzun modu berean, errealitate ukigarria den aldetik, beste barik. Ezjakinek eta txoriburuek kontu horiek nahasten dituzte mordoilo ederrean, ezertara ez datozen imajinazioak eta bestelako zentzugabekeriak, inon ez direnak, —benetan inon ez direnak, behar bezala kontutan hartuz gero— denak batera hartuta, baina laudorio eskasa egingo nizuke esanez zuk ondo dakizula zertan den kontu hori. Tira, zeintzuk dira errealitateak kasu honetan? Zuk, zenbakiak biribilduz, hogei urte dituzu; Mr. Bounderbyk, zenbakiak biribilduz, berrogeita hamar urte ditu. Adin ezberdinekoak zarete, izan ere, baina zuen baliabide eta posizioa parekoak dira; areago, elkarren gisakoak zarete oso. Orduan hauxe da galdera: nahikoa ote da halako ezberdintasunak honelako ezkontza galarazteko? Galdera hau aztertzerakoan, ez da munta gutxikoa kontutan hartzea orain arte eskuratu diren ezkontza estatistikak, bai Ingalaterran bai Galesen. Aurkitu dut, estatistikei dagokienez, ezkontza hauetako proportzio handi bat oso adin ezberdineko jendeak egiten duela, eta ezkontideen artean senargaia, kasu guztietako hiru laurden baino gehiagotan, zaharragoa dela. Azpimarragarria da nola betetzen den lege hau leku askotan, bada, Britainia Handiaren esku dauden Indiako lurraldeetan, Txinako alde handi batean, eta Tartariako kalmukoen artean, orain arte bidaiariek ekarri dizkiguten zenbaketarik fidagarrienek antzeko emaitzak erakusten baitituzte. Aipatu dudan ezberdintasuna, beraz, ia-ia ez da ezberdintasuna eta, itxuraz, itzali egiten da.»

        «Zer gomendatzen didazu, aita» galdetu zuen Louisak, bere erabide isila batere aldatu gabe emaitza pozgarri hauek gorabehera, «erabiltzeko oraintsu erabili dudan hitzen ordez? Harira ez datorren esakunearen ordez?»

        «Louisa» erantzun zuen aitak, «ene irudiko, hori baino argiagorik ez dago ezer. Errealitateari estu-estu atxikiz, hauxe galdetu behar diozu zeure buruari: eskatu dit Mr. Bounderbyk berekin ezkontzeko? Bai, eskatu dit. Geratzen den galdera bakarra hauxe da: ezkonduko naiz berarekin? Uste dut hori baino argiagorik ez dagoela ezer.»

        «Ezkonduko naiz berarekin?» hitz berberak esan zituen Louisak, tentu handiz.

        «Horixe. Eta pozten naiz, zure aita naizen aldetik, Louisa maitea, badakidalako ez duzula kontutan hartu galdera hori hainbat emakume gazteren pentsamolde eta bizimoldea oinarritzat hartuta.»

        «Ez aita» erantzun zuen Louisak, «horrelakorik ez.»

        «Orain zeure juzkua egin dezazun utziko dizut» esan zuen Mr. Gradgrindek. «Kasua azaldu dut, buru praktikoek halako kasuak azaltzen dituzten moduan; kasua azaldu dut, zure amaren eta bion kasua haren garaian azalduta egon zen moduan. Gainontzekoa, Louisa maitea, zeure esku dago erabakitzeko.»

        Hasieratik, Louisa eserita egon zen aitari adi-adi begira. Mr. Gradgrind aulkian atzera makurtua zegoela, begi sakonak tarteka-marteka Louisarengana bihurtuz, menturaz, aukera zukeen neska kolokan zegoela sumatzeko, une batez Louisa bultzatuta egon baitzen bere burua aitaren bularraren gainean etzateko eta bere bihotzaren konfidentzia gordeak aitortzeko. Baina, hori ikusteko, Mr. Gradgrindek hainbat urtez eraikitzen ibili zen hesi artifizialak gainditu behar izango zituzkeen, gizatasunaren esentzia sotil horietara iristeko, hauek iskin egiten baitiote aljebraren jakituriarik gorenari ere, harik eta jo behar duen azken tronpetak aljebra ere errausten duen arte. Hesiak asko eta oso handiak ziren halako jauzia egin ahal izateko. Aurpegi hunkiezin, utilitario, errealitateari atxiki hura erakutsiz, Mr. Gradgrindek berriro gogortu zuen Louisaren bihotza; eta une hura arin murgildu zen iraganaren sakonune sakonetan, bertan itota zeuden aukera guztiekin bat egiteko.

        Begiak aitarengandik aldenduta, Louisa luzez egon zen eserita herriari begira hitzik esan gabe, eta aitak, azkenean, hauxe esan zion: «Coketowneko lantegietako tximinien aholkua behar duzu, Louisa?»

        «Badirudi ez dagoela ezer hor, ke ibilga eta aspergarria ez bada. Baina gaua datorrenean, sua borborka darie, aita!» erantzun zuen Louisak, arin bueltatuz.

        «Jakina, badakit hori, Louisa. Ez dakit zertara datorren kontu hori.» Zuzenak izatera, Mr. Gradgrindek ez zekien zertara zetorren kontu hura, inondik ere.

        Louisak kontua utzi zuen esku-mugimendu arin batez, eta berriz ere arreta eskainiz aitari, honela esan zuen: «Aita, sarritan izan dut gogoan bizitza oso laburra dela». Hauxe Mr. Gradgrinden gai nagusietariko bat zenez, gizonak hitza moztu zion alabari.

        «Laburra da, zalantzarik gabe, laztana. Hala ere, giza biziaren iraupena, bataz beste, gero eta luzeago bihurtu da azken urteotan. Zenbait aseguru-etxe eta bizisaria ematen duten konpainiek egindako kalkuluen arabera, beste estatistika hutsezin batzuk alde batera utzita, errealitate hori frogatuta dago.»

        «Neure bizitzaz ari naiz, aita.»

        «Benetan? Dena den» esan zuen Mr. Gradgrindek, «ez dut zertan ohartarazirik zuri, Louisa, zure bizitza gobernaturik dagoela bizitza askotako multzoa gobernatzen duten legeen bidez.»

        «Bizitzak diraueino, neure apurra egin nahi nuke, ondo egin dezakedan apurtxo hori. Zer axola dio?»

        Bazirudien Mr. Gradgrindek ez zekiela nola ulertu azken hiru hitzak; eta honela erantzun zuen: «Nolatan, axola? Axola zer, laztana?»

        «Mr. Bounderbyk» Louisak aurrera egin zuen, tinko eta zuzen, kontu hura alde batera utzita, «berekin ezkontzeko eskatu dit. Neure buruari hauxe galdetu behar diot: ezkonduko naiz berarekin? Hala da, aita, ezta? Halaxe esan didazu, aita. Ez da hori?»

        «Horixe, laztana.»

        «Hala bedi. Mr. Bounderbyk emaztetzat hartu nahi nauenez, pozik nago bere proposamena onartuta. Esaiozu, aita, nahi duzun bezain laster, halako erantzuna eman dizudala. Esaiozu hori, hitzez hitz, ahal baduzu, zeren nahi bainuke berak zer esan dudan jakin dezan.»

        «Oso zuzena da, laztana» ihardetsi zion aitak onespen osoz, «zehatza izatea. Egin didazun eskakizun zuzen horri lotuko natzaio. Baduzu inolako guraririk ezkontzaren egunari dagokionez, alabatxo?»

        «Batere ez, aita. Zer axola dio?»

        Mr. Gradgrindek bere aulkia lerratu zuen Louisarengana hurbiltzeko eta alabari eskutik heltzeko. Alabaina, berriz ere Louisaren hitz haiek entzunda, soinu zakarren batek jo zion belarrian, antza. Mr. Gradgrind Louisari begira gelditu zen, eta, artean eskutik heltzen ziola, hauxe esan zion:

        «Louisa, ez dut aintzakotzat hartu zuri ondorengo galdera egitea, zeren honek dakarren posibilitatea oso urruna iruditzen baitzitzaidan. Baina agian hala egin beharko nuke. Gorde duzu sekretupean beste edozein proposamenik?»

        «Aita» erantzun zion alabak, erdi destainaz, «zein beste proposamen egin ziezadaketen? Norekin hitz egin dut? Non ibili naiz? Zer-nolako bizikizunak dauzkat bihotzean?»

        «Louisa maitea» erantzun zuen Mr. Gradgrindek, bere iritzian bermaturik eta pozik. «Artez zuzendu didazu. Neure eginbeharra bete nahi nuen, beste barik.»

        «Zer dakit nik, aita» esan zuen Louisak bere modu lasaian, «dastamenaz eta imajinazioaz; bihozkadaz eta onginahiaz; izaeraren alde guzti horretaz, zeinek halako arinkeriak piztu baitziezazkidakeen? Zer ihesaldi izan dut problema frogagarrietatik eta errealitate antzemangarrietatik?» Hau esatean, Louisak konturatu gabe ukabila batu zuen, objektu sendo eta trinko bat harrapatu nahi bailuen, eta astiro-astiro ireki zuen hautsa edo errautsa askatzen ariko bailitzan.

        «Bai, laztana» baietzi zuen Louisaren aita guztiz praktikoak, «egia da, egia da.»

        «Izan ere, aita» segitu zuen Louisak, «horixe bai galdera bitxia neuri egiteko! Umearen gutizia horrek, haur gehienetan oso arrunta bada ere, inoiz ez du bilatu bere pausaleku errugabea bular honetan. Hain hurbiletik zaindu nauzu, ezen inoiz ez baitut izan haur-bihotzik. Hain ondo entrenatu nauzu, ezen inoiz ez baitut egin haur-ametsik. Hain zuhur jokatu duzu nirekin, aita, sehaskatik orain arte, ezen inoiz ez baitut izan haur-sinesmenik ez haur-beldurrik.»

        Mr. Gradgrind hagitz hunkiturik zegoen bere arrakasta zela medio, Louisaren hitzek honen lekukotasuna ematen baitzuten. «Louisa laztana» esan zuen Mr. Gradgrindek, «horregatik eta gehiagogatik ere konpentsatu nauzu. Indazu musu, laztana.»

        Honenbestez, alabak musu eman zion. Mr. Gradgrindek Louisa besarkatzerakoan neska geldiarazi eta hauxe esan zuen: «Zinez diotsut, ene alaba kuttuna, ezen oso pozik nagoela hartu duzun erabaki zuhur horregatik. Mr. Bounderby oso gizon azpimarragarria da; eta zuen arteko ezberdintasunik ñimiñoena ere —baldin eta halakorik bada— ondo baino hobeto orekaturik dago zure gogoak erdietsitako mailaz. Helburu hura nuen, agian gogoratuko duzunez, zu hezterakoan, alegia, artean gazte izanik ere, edozein adinetakoa izateko moduan egon zintezen (hala esatea egoki bada). «Indazu beste musu bat, Louisa. Orain, goazen amarengana.»

        Honenbestez, salara jaitsi ziren, non batere txorakeriarik ez zeukan andre errespetagarri hura etzanda baitzegoen, ohi bezala, Sissy bere aldamenean lan egiten ari zelarik. Andrea bizkortuxe azaldu zen aita-alabak gelara sartu zirenean eta berehala gardenki zurbil hura esertzeko tankeran aurkitu zuten.

        «Mrs. Gradgrind» esan zion senarrak, andreak balentria hura burutu arte ezinegon samar itxaroten egonda gero, «Mrs. Bounderby aurkeztu nahi nizuke.»

        «Hara!» esan zuen Mrs. Gradgrindek, «beraz, konpondu egin duzu! Ondo, benetan espero dut zure osasuna ona izango dela, Louisa; zeren zure burua hasten bada hondatzen ezkondu orduko, neuri gertatu zitzaidanez, ez dut uste zure bekaizti egon behar dugunik, nahiz eta zalantzarik ez dudan hala iruditzen zaizula, neska guztiei bezala. Hala ere, zoriona opa dizut, maitea —eta espero dut orain probetxu ona aterako diezula zeure ikasketa ologiko guztiei, bai horixe! Musu eman behar dizut, Louisa, bai eta zorionak ere; baina ez ukitu eskuineko sorbalda, zeren egun osoan daukat hortik zer edo zer gora eta behera. Eta orain badakizu» Mrs. Gradgrindek muzin egin zuen, besana egokituz maitasunezko agerpenaren ostean, «kezkatuta egongo naiz, goizez, arratsaldez, eta gauez, nola deitu behar diodan jakiteko!»

        «Mrs. Gradgrind» esan zuen beronen senarrak, solemnitatez, «zer esan nahi duzu?»

        «Nola deituko diodan, Mr. Gradgrind, Louisarekin ezkontzen denean! Nolabait deitu behar diot. Ezinezkoa da» esan zuen Mrs. Gradgrindek, bai kortesiaz, bai ofentsaz, «etengabe harengana jotzea inolako izenik eman gabe. Ezin diot Josiah deitu, zeren izen hori jasanezina baitzait. Zuk zeuk ez zenuke Joe pairatuko, ondotxo dakizu hori. Mister deitu behar ote diot suhiari? Ez, ez dut uste, ezindua nagoela, senideek zanpatu behar ez banaute, behintzat. Beraz, nola deitu behar diot?»

        Larrialdi estu haren lekukoek inolako iradokizunik eskaintzen ez zutenez, Mrs. Gradgrind mundu honetatik irten zen, jadanik egindako oharkizunei ondorengo kodiziloa erantsitakoan:

        «Ezkontzari dagokionez, hauxe baizik ez dut eskatzen, Louisa, hau da —eta eskatzen dizut, bularreko pilpira eta guzti, zeren hau oin zoletaraino zabaltzen baita— laster ospa dadila. Bestela, badakit kontu horregatik ere, askotan bezala, erretolika ederra entzun beharko dudala.»

        Mr. Gradgrindek Mrs. Bounderby aurkeztu zuenean, Sissyk bat batean bueltatu zuen burua Louisari begiratzeko, jakin-minez, errukiz, penaz, zalantzaz, eta sentipen anitzez. Louisa begiradaz ohartu zen, eta ikusi egin zuen, Sissyri begiratu gabe ere. Harrez geroztik, Louisa soraio izan zen neskarentzat, harro eta hotz —eta Sissyrengandik alde egin zuen— oso bestelakoan hasi zen jokatzen berarekin.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Javi Cillero

 

 

"Charles Dickens / Garai Latzak" orrialde nagusia