XII.
EMAKUME ZAHARRA

 

        Stephen zaharrak bi koska zurietan behera jaitsi zen, brontzezko plakarekiko ate beltza itxita, brontzezko puntu eta segi hartaz lagunduta, eta azken igurtzi bat eman zion maratilari jakaren mahukaz, ohartu baitzen eskuaren beroaz lizundua zuela. Kalea zeharkatu zuen begiak lurrera eginda, eta honenbestez, atsekabeturik zihoala, besoan ukitu bat sentitu zuen.

        Ez zen une hartan gehien behar zuen ukitua —arimaren ur nahasiak baretuko zizkion ukitua, hala nola maitasunik eta eroapenik bihoztunenaren esku jasoak itsasoaren haserrea mendera zezakeen— baina hura ere emakume baten eskua zen. Emakume zahar bat, garai eta artean ere lerden, denborak higatuarren, topatu zuten Stephenen begiek gizona gelditu eta bueltatu zenean. Emakumeak oso arropa garbi eta apalak zerabiltzan, oinetakoetan baserriko lokatza zeukan erantsita, eta etorri berria zen bidaian. Emakumearen nahasmendua, kaleko zarata ezohikoa zela eta; ordezko besana, besoan tolestaturik zeramana; euritako astun hura eta saskitxoa; bai eta eskularru luzanga eta laxoak ere, eskuek usatu gabe zituztenak; funtsean, hura guztiak baserri aldeko emakume zahar bat zuen erakusten, oporretako jantzi xumeez, Coketownera txango etorria aspaldiko partez. Begiraldi labur batez guzti honetaz jabeturik bere modukoen oharmen azkarrari esker, Stephen Blackpoolek bere aurpegi adeitsua makurtu zuen —Stephenen aurpegiak, hala nola bere klaseko jende askorenak, harramantza ikaragarri handi baten erdian begi-eskuez lan egitearen lan egiteaz higaturik, bazeukan gorren begitarteetan ezaguna dugun begirada arretatsu hori— hobeto entzuteko zer galdetzen zion emakumeak.

        «Mesedez, jauna» esan zuen emakume zaharrak, «ikusi ote zaitut irteten jaun horren etxetik?» Mr. Bounderbyrena seinalatuz. «Zeu zinela uste dut, okertu ez banaiz eta beste bati jarraitu ez badiot.»

        «Bai, andrea» erantzun zuen Stephenek, «neu nintzen.»

        «Ikusi duzu —barkatuko didazu atsoen moduko jakin-min hau— ikusi duzu jaun hori?»

        «Bai, andrea.»

        «Eta zer-nolako itxura zeukan, jauna? Galant, bipil, mazal eta sendoa?» Emakumea tentetu zenean, eta burua goratu mugimenduak hitzei egokitzearren, Stepheni iruditu zitzaion lehenago ere ikusia zuela emakume hura eta ez zuela erabat atsegin izan.

        «Bai, ho'ixe» erantzun zuen Stephenek, emakumeari arreta handiagoz begiratuz, «halako itxura zeukan.»

        «Eta osasuntsua» esan zuen emakume zaharrak, «haize freskoaren antzera?»

        «Bai» erantzun zion Stephenek. «Jan-edanean zegoen: mauka-mauka ta dzanga-dzanga.»

        «Eskerrik asko!» esan zuen emakume zaharrak pozaren pozaz. «Eskerrik asko!»

        Stephen ziur zegoen ez zuela lehenago ikusi emakumea. Hala ere, oroitzapen lauso bat zeukan gogoan, behin bai no gehiagotan emakumearen antzeko beste emakume zahar batekin amets egin izan balu bezala.

        Emakumea Stephenen ondoan ibili zen, eta gizonak, emakumearen umoreari samurkiro egokituz, esan zuen Coketown leku zalapartatsua zela, ezta? Honi emakumeak honela erantzun zion: «Bai, horixe! Ikaragarri zalapartatsua!» Orduan Stephenek esan zuen emakumea baserri aldetik zetorrela, ezta? Honi emakumeak baietz erantzun zion.

        «Gaur goizean, Parlamentu-trenaz. Goizez etorri naiz Parlamentu-trenaz berrogei milia eginda, eta berrogei milia berberak egingo ditut arratsaldez. Gaur goizean bederatzi milia egin ditut geltokiraino, eta bidean inor topatzen ez badut berarekin joateko, gaur gauean berriz ere bederatzi milia egingo ditut. Ondo baino hobeto dago hori, jauna, neure adinean!» esan zuen emakume zahar eta berritsuak, begiak diz-diz bozkarioren kariaz.

        «Bai, ho'ixe. Ez e'in askotan, andrea.»

        «Ez, ez. Urtean behin» erantzun zuen emakumeak, buruari eraginez. «Horrela xahutzen ditut aurrezkiak, urtean behin bakarrik. Urtero-urtero etortzen naiz, kalean zehar alderrai ibiltzera eta zaldunak ikustera.»

        «Zaldunak ikuste'a bakarrik?» erantzun zuen Stephenek.

        «Horrekin aski dut» erantzun zuen emakumeak, benaz eta menaz. «Ez dut gehiago eskatzen! Hemen egon naiz zain, kalearen honanzko aldean, jaun hori ikusteagatik» —emakumeak berriz ere itzuli zuen burua Mr. Bounderbyrenera, «ea noiz irteten zen. Baina, aurten berandu dabil, eta ez dut irteten ikusi. Bere ordez, zu irten zara. Tira, etxera itzuli behar badut jaun hori begi ukaldi bat ere eman gabe —begi ukaldi bat besterik ez dut nahi—... demontre! Zeu ikusi zaitut, eta zuk bera ikusi duzu, eta nik horrekin etsi behar dut.» Hauxe esanda, Stepheni so egin zion, gizonaren hazpegiak bere gogoan tinkatu nahi izango balitu bezala, begia lehen baino ilunago zuela, horregatio.

        Norberaren zaletasunak gorabehera, eta Coketowneko nobleei men eginda ere, hain harrigarria zen norbaitek kontu horretaz hainbeste jakin-min erakustea eta hargatik hainbeste neke hartzea, ezen Stephen durduzaturik baitzegoen. Elizaren ondotik igaro ziren, ordea, eta Stephenen begiak erlojua harrapatu zuenean, urratsak arindu zituen.

        Ea Stephen lanera zihoan, galdetu zuen emakume zaharrak, bere urratsak ere arinduz. Bai, gain-gainean zuen sartzeko ordua. Emakumeari non egiten zuen lan kontatu zionean, emakume zaharrak lehen baino itxura bitxiagoa hartu zuen.

        «Ez zaude pozik?» galdetu zion Stepheni.

        «T a —ez da'o inor kezka'ik ez daukanik, andrea.» Stephenek iheskor erantzun zion, zeren bai baitzirudien emakume zaharrak jakintzat ematen zuela Stephen oso pozik zegoela, eta Stephenek ez zuen halako bihotz beltzik emakumea zapuzteko. Stephenek bazekien hainbat kezka zirela munduan; eta emakume zaharra hainbeste urte bizi izan bazen, eta iruditzen bazitzaion Stephenek kezka gutxi zeukala, ba, hainbat hobeto emakumearentzat eta ez haatik okerrago berarentzat.

        «Ai, ai! Etxean dituzu kezkak, ezta?» esan zuen emakumeak.

        «Batzu'tan. Lantzean behin bakarrik» erantzun zuen Stephenek, iragaitzaz.

        «Baina, halako jaunarentzat lan eginez, kezkak ez doaz zure atzetik lantegira?»

        Ez, ez; kezkak ez zihoazen bere atzetik lantegira, esan zuen Stephenek. Dena ongi lantegian. Dena konforme. (Stephenek ez zuen aurrera egin eta esan, emakumearen ederragatik, eskubide jainkotiar bat zegoela lantegian; baina, hori bezalako aitorpen handiosak entzunda nago azken urteotan).

        Lantegitik hurbil zegoen lasterbide ilunean zeuden, eta Besoak multzoka sartzen ari ziren barrura. Kanpaia joka zebilen, Sugea kiribil askotako sugea zen, eta elefanteak bere burua prestatzen ziharduen. Emakume zahar eta harrigarri hura pozik zegoen kanpaia entzuteaz, beste gabe. Inoiz entzun izan zuen kanpairik ederrena zen, eta handikiro jotzen zuen!

        Stephen gizalegez gelditu zen emakumeari bostekoa emateko lanera sartu baino lehen, eta emakumeak galdetu zion zenbat urte zeramatzan lanean lantegi hartan.

        «Dozena bat urte» esan zion Stephenek.

        «Muin eman behar diot» esan zuen emakumeak, «lantegi eder honetan dozena bat urtez lanean egon den eskuari!» Eta emakumeak Stephenen eskua jaso, gizonak aukeran hura egitea galaraziko bazion ere, eta ezpainetara eraman zuen. Zer-nolako harmoniaz, adina eta xalotasuna alde batera utzita, zegoen inguraturik emakumea, Stephenek ez zekien, baina ekintza bitxi eta barregarri honetan ere bazegoen zer edo zer abaguneari zein tokiari ondo zegokiona, eta bazirudien beste inork ezingo zukeela hura egin halako menaz, ezta halako aire laño eta hunkigarriz ere.

        Stephenek ordu erdia eman zuen ehotzen emakume zaharra gogotik kendu gabe eta, ehungailua ondo egokitzeko mugitu zenean, begiratu egin zuen bere txokoan zegoen leiho batetik zehar: emakume zaharra ikusi zuen, artean ere eraikin multzoari begira, harri eta zur. Keari, lokatzari eta hezetasunari erreparatu gabe, ez eta bere bi bidaia luzeei ere, emakume zaharra begira-begira zegoen, lantegiaren estai anitzetatik jalgitzen zen burrunbara dorpea zeruko musika bailitzan beretzat.

        Emakumea poliki-poliki joan zen, eguna emakumearen atzetik itzali zen, argiak berriz piztu ziren eta espresoa orro batean igaro zen ipuinetako jauregiaren ondoko zubi gainetik: langile gutxi ohartu ziren horretaz makineria zizkolatsu hartan, eta apenas entzun zituzten gainetik zetorren trenaren blaustadak eta dunbotsak. Hori baino askoz lehenago, Stephenen pentsakizunak dendatxoaren gaineko gela goibel hartara joan ziren berriro, bai eta ohean zetzan irudi astun eta lotsagarri harengana, are eta astunagoa Stephenen bihotzean.

        Makineria mantsotu egin zen, taupada patxadatsuan, zorabiatzen denaren pultsuaren antzera, eta gero gelditu. Berriz ere kanpaia; argiaren dirdira eta bero iraungia; lantegiak, gau beltz eta hezean gogor ehotzen —tximinia luzeak airean tente, Babelgo dorrearen lehiakideen antzera.

        Stephenek aurreko gauean bertan hitz egin zuen Rachaelekin, egin ere, eta apurtxo batez berarekin ibili zen; baina beste zoritxar bat zeukan gainean, une bakar batez ere inork arinduko ez ziokeena, eta, horregatik, eta bazekielako bere sumina baretu behar zuela eta horretarako Rachaelen ahotsa ezinbesteko zuelako, iruditu zitzaion agian ez zuela aintzakotzat hartu behar Rachaelek esan ziona, alegia, bere zain ez egoteko. Stephen zain egon zen, baina Rachaelek saihestu egin zion. Emakumea alde egina zen. Hala ere, gau hartan Stephenek Rachaelen aurpegi bihozberaren behar handiagoa zuen beste edozein gauetan baino.

        Ai! Hobe etxerik ez edukitzea burua bertan pausatzeko, ezen ez etxea eduki eta bertara joateko beldur izatea, kontu hura zela eta. Stephenek jan eta edan egin zuen, leher eginda baitzegoen —baina jakin gabe zer eta hargatik axolarik gabe; eta alderrai ibili zen euri hotzean, pentsa eta pentsa, hausnar eta hausnar.

        Rachael eta Stephenek aipatu gabea zeukaten berriro ezkontzeko kontua; baina Rachaelek erruki handia zion Stepheni aspalditik, eta gizonak Rachaeli ez beste inori ireki zion bere bihotz itxia denbora guzti hartan, bere miserien kontuak azaltzeko; Stephenek ondotxo zekien Rachaeli berekin ezkon zedila eskatzeko libre egonez gero, emakumeak onartuko zuela. Gogoan zuen zer-nolako etxea izan zezakeen une hartan, atseginez eta harrotasunez joateko leku bat; zer-nolako gizona izan zitekeen bera gau hartan, usaiaz ez bezalakoa; nola bular zanpatu hura arindua izan zitekeen; nola osa zitezkeen ohorea, bere buruarekiko begirunea eta lasaitasuna, orduan denak txiki-txiki eginda baitzeuzkan; gogoan izan zuen nola galdu zuen alferrik bere bizitzaren parterik onena, nola egunetik egunera bere izaera gaiztotzen ari zen, zein tristea zen bere bizitza, eskuz eta oinez lotuta emakume hil bati, emakume beraren itxura zeukan deabru batek torturaturik. Gogoan izan zuen Rachael, zein gazte zen halako tenorean lehenengoz elkartu zirenean, eta harrez gero, zein heldua, laster zahartzen hastekoa. Gogoan izan zuen zenbat neska eta emakume ikusi zituen Rachaelek ezkontzen, zenbat etxe —barruan haurrak zituztenak— hazten bere inguruan, nola bake-bakean ekin zion bere bide bakarti eta lasaiari —Stephenengatik— eta nola igartzen zitzaion batzuetan bere aurpegi arraitsuan malenkonia ilunxka bat, Stephen bihotz-zimikoz eta etsipenaz zigortzen zuena. Stephenek Rachaelen irudia goratu zuen, aurreko gaueko irudi zantarraren aldean, eta bere buruari galdetu zion, zergatik egon behar zuen hain pertsona atsegin, on, eta pairakorraren patu gizatiarrak halako pertsona miserablearen mende. Halako gogoetak buruan zituela —hainbeste gogoeta buruan, ezen iruditu baitzitzaion handiago hazten ari zela, eri antzean, eta ibiltzean ondoko gauzak herbal hautematen zituela, egundaino ez bezala, nola baitzen ikustea argi lauso bakoitzaren inguruko ziskua gorritzen ari zela— etxera joan zen aterpe bila.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Javi Cillero

 

 

"Charles Dickens / Garai Latzak" orrialde nagusia