VII.
MRS. SPARSIT
Mr.Bounderby ezkongai zegoenez, adineko andre batek zuzentzen zion etxea, urteko ordainsari baten truke. Mrs. Sparsit zuen izena andreak; eta Mr. Bounderbyren gurdiaren zerbitzari nabaria zen, gurdia gailen zebilelarik Apaltasunaren Abusatzailea barrean garraiatuz.
Zeren Mrs. Sparsitek garai hobeak ezagutu ez ezik, oso goi mailako harremanak ere bai baitzituen. Mrs. Sparsitek izeba zahar bat zuen garai hartan bertan bizi zena, Lady Scadgers izenekoa. Mr. Sparsit, harrez gero, zendua zegoen eta Powlertarra izan zen amaren aldetik; hala esaten zion Mrs. Sparsitek —Mr. Sparsiten alargunak, sendiaren izenari. Zenbait arrotzek, informazio mugatukoek eta ulermen kamutsekoek, batzuetan ez zekiten ondo zer zen Powlertarra izatea, eta areago, duda egiten zuten hura negozio, partidu politiko, edota sinesmen mota bat ote zen. Hala ere, buru argienek ez zuten inolako argibiderik behar Powlertarrak leinu zahar bat zirela jakiteko, bai eta familiaren aztarnak hainbesteraino luzatzen zirela denboran, non ez baitzen harrigarria batzuetan galtzen baziren —eta hori sarri askotan gertatzen zen, hala nola zaldi-apustuak, itsuaren karta-jokoak, mailegu-emaile judutarrak eta Zordun Ordaintezinen Epaitegia tartean zebiltzanean.
Mr. Sparsit izana, amaren aldetik Powlertarra zelarik, andre horrekin ezkondu zen, andrea aitaren aldetik Scadgerstarra zelarik. Lady Scadgers (emakume lodikote eta zahar bat, harategiko okelaren zale amorratua, eta harrez gero hamalau urte ohetik jaikitzeari uko eginez eman zituen hanka misteriotsu baten jabe) arduratu zen ezkontza atontzeaz. Sparsit heldutasunera iritsi bernia zen, eta batez ere oso gorputz segaila zuelako nabarmentzen zen, bi hanka luze eta meharren gainean ozta-ozta sostengaturik, eta aipatzea merezi ez zuen buru batek koroaturik. Sparsitek dirutza polita jaso zuen herentzian osabarengandik, baina dena zor zuen herentzia hartu baino lehenago eta gainera bi aldiz gehiago gastatu zuen herentzia jaso eta berehala. Honenbestez, hogeita lau urte zituela hil zenean, (heriotzaren eszenatokia, Calais, eta arrazoia, brandya), ez zuen utzi alarguna, zeinengandik eztei-bidaldiaren ondoren bananduta baitzegoen, egoera edukitsuan. Andre nahigabetu hura, Sparsit jauna baino hamabost urte zaharragoa, etsai barrena suertatu zitzaion Lady Scadgersi, hau bere senide bakarra izanda ere; eta batetik Lady Scadgersi erresumina erakustearren, bestetik bere bizimodua ateratzearren, soldatapean jarri zen. Honela, bada, hantxe zebilen zahartzaroan, Coriolanoren antzeko sudurra eta Mr. Sparsit gatibatu zuten bekain beltz lodiak eta guzti, Mr. Bounderbyrentzako tea prestatuz, gizona gosaria hartzen ari zen bitartean.
Mr. Bounderby konkistatzailea izan balitz, eta Mrs. Sparsit gizonak bere ahukuan erakusten zuen printzesa gatibua, Mr. Bounderbyk ez zukeen jokatuko andrearekin egunero jokatzen zuen baino zinu-minu handiagoaz. Nola Bounderbyk bere harrokeriaren ezaugarri gisa jatorria mespretxatzea funtsezkotzat jotzen baitzuen, Mrs. Sparsiten jatorria goraipatu behar zuen. Bere gaztaroan gertaera mesedegarri bat bera ere onartzen ez zuen neurri berean, Mrs. Sparsiten gaztaroko karrera distirarazten zuten zernahi abantailak aipatzen zituen, eta arrosa goiztiarren gurdikadak husten zituen andrearen xendra osoan zehar. «Eta hala ere, jauna» esango zuen Mr. Bounderbyk, «zer gertatu da azkenean? Ba, hementxe dabil andrea urtero ehun libera jasotzen (ehun libera ematen dizkiot, eta berak ontzat dauka esatea hau eskuzabala dela), Josiah Bounderby Coketownekoaren etxea zaintzeagatik!»
Areago, Bounderbyk oso zabaldu zuen ahulezia hau, eta kanpoko jendeak bereganatu egin zuen, batzuetan bizitasun handiz erabiltzeko. Bounderbyren ezaugarririk gogaikarrienetako bat honako hauxe zen: bere burua gorestea ez ezik, beste batzuk ere beste horrenbeste egitera bultzatzea. Jendearen morala kutsatzen zuen bere zimarkunkeriaz. Kanpotarrak, nahikoa apalak beste edonon, harro eta putz hasten ziren Coketowneko afarietan, oso modu erasokorrean, Bounderby zela eta. Gizon hura errege-erreginen armarria, Britainia Handiaren bandera, Konstituzioa, John Bull, Habeas Corpus, Giza Eskubideen Adierazpena, Ingelesaren etxea bere gaztelua da, Eliza eta Estatua, eta Jainkoak Gorde Dezala Erregina bihurtu zuten, dena batera. Eta sarritan (sarri askotan esan beharko) honelako hizlari batek honako hitzak ekartzen bazituen bere mintzaldira:
«Printzeak eta jaunak loratu nahiz iraungi egiten dira,
Arnasaldi batek sor ditzake, arnasaldi batek desegin...» —lagunartean jakintzat ematen zen, gutxi gora behera, hizlariak Mrs. Sparsiten berri zekiela.
«Mr. Bounderby» esan zuen Mrs. Sparsitek, «gaur goizean ohi baino askoz ere mantsoago ari zara gosaria hartzen.»
«Hara, andrea» erantzun zuen gizonak, «Tom Gradgrinden gutizia dut gogoan.» Tom Gradgrind, hizketa-modu independente eta harroputza —norbait diru kopuru izugarriak eskaintzen ibiliko balitzaio bezala Thomas esan zezan, eta berak halakorik egin ez; «Tom Gradgrinden gutizia, andrea, neska saltinbanki hori heztea.»
«Neska zain dago jakiteko» esan zuen Mrs. Sparsitek, «eskolara zuzenean joango den, ala Stone Lodgera.»
«Itxaroten egon behar du, andrea,» erantzun zuen Bounderbyk. «nik neuk jakin arte. Berehala izango dugu hemen Tom Gradgrind, nik uste. Gradgrindek nahi badu neska hemen beste egun bat edo bi egotea, edonola ere, hala egin dezake, andrea.»
«Edonola ere, hala egin dezake, zuk hala nahi baduzu, Mr. Bounderby.»
«Gradgrindi esan nion behin-behineko ohantzea emango niola neskari hemen, bart gauean, eta horrela lo eginda hobeto pentsatuko zuela neska horri baimena eman baino lehen Louisarekiko edozein harremanik izan dezan.»
«Benetan, Mr. Bounderby? Bai zuhur ibili zarela!»
Mrs. Sparsiti sudur Coriolanotarraren sudurzuloak poxi bat zabaldu zitzaizkion eta bekain beltzak zimurtu te xorta bat hartzen zuen bitartean.
«Neuk argi eta garbi daukat» esan zuen Bounderbyk, «gure neska pinpirinak gauza on gutxi har dezakeela halako lagunengandik.»
«Miss Gradgrind gazteaz ari zara, Mr. Bounderby?»
«Bai, andrea. Louisaz ari naiz.»
«Zure oharkizunean gure neska pinpirinaz aritu zarenez,» esan zuen Mrs. Sparsitek, «eta bi neskatxa izanik kontuan, ez nekien zeini zegokion halako adierazpena.»
«Louisari» esan zuen berriro Mr. Bounderbyk, «Louisari.. Louisari.»
«Beste aita bat zara Louisarentzat, jauna.» Berriz ere, Mrs. Sparsitek te xorta bat hartu zuen; eta, berriz ere, bekain zimurtu haiek kikara gainean makurtu zituenean, teari kea zeriola, bazirudien bere aurpegi klasikoa deika ari zitzaiela infernuko jainkoei.
«Tomentzat beste aita bat naizela esan bazenu —Tom gaztearentzat, esan nahi dut, ez Tom Gradgrind neure lagunarentzat zuzenago egongo zinen. Tom gaztea neure bulegoan hartuko dut. Neure hegalpean edukiko dut, andrea.»
«Benetan? Gazte samarra horretarako, ez da hala, jauna?» Mrs. Sparsiten «jauna» hitza Mr. Bounderbyrekin hitz egiten zuenean, gizalegezko hitza zen, aukeran bere buruari eskainitako tratamendu duina hitzak zuzen erabiliz, eta ez Mr. Bounderbyri egindako ohorea.
«Ez dut Tom gaztea berehala hartuko; lehenago bere ikasketak amaitu behar ditu» esan zuen Bounderbyk. «Ze demontre, nahikoa izango du, gero, izan ere! Zer edo zer ikasiko luke mutiko horrek, jakingo balu zein ulermen eskasa zegoen neure urdail gaztean, bere adinean.» Hau, ziurrenik, Tom gazteak bazekien, zeren askotan entzuna baitzuen. «Baina ikaragarri zaila da honelako kontu askotan, edonorekin maila berean hitz egitea. Adibidez, gaur goizean zurekin hitz egiten egon naiz saltinbankiei buruz. Eta zer dakizu zuk saltinbankiei buruz? Garai hartan, kaleko lokatzean saltinbakia izatea zeruko oparitzat jotzen nuenean, loteriako sari bat, zu Italiako Operan zeunden. Italiako Operatik irteten ari zinela, andrea, saten zuriz jantzita eta bitxiak soinean, izarrak baino distiratsuago, nik ez neukan xentimo bat ere zuzi bat erosi eta zuri argia emateko.»
«Ez dago dudarik, jauna» erantzun zuen Mrs. Sparsitek, duintasunez, goxo baina arranguratsu, «txiki-txikitatik ezagutu dudala Italiako Opera.»
«Alajainkoa, andrea, neuk ere bai!» esan zuen Bounderbyk, «haren alde txarra, jakina. Ohe gogorra egiten zuen Operako arkupeen zoruak, benetan diotsut. Zu bezalako jendeak, andrea, txikitatik luma bigunetan etzaten ohituta dagoenez, ez daki inolaz ere zein gogorra den kaleko harlandura, hura frogatu gabe. Ez, ez, alferrik ari naiz zurekin saltinbankiei buruz. Atzerriko dantzariez hitz egin beharko nuke, Londongo West Endez, May Fairrez jaun-andereez eta nobleziaz.»
«Espero dut, jauna» esan zuen Mrs. Sparsitek berriro hariari lotuta, gisazko etsipena erakutsiz, «ez dela beharrezko izango zuk halakorik egitea. Uste dut ikasita daukadala nola egokitu neure burua bizitzaren gorabeherei. Jakin-mina piztu zait zure esperientzia jakingarriak entzuteko, eta inoiz ez dut aski haiek entzunda. Ez dut inolako meriturik horregatik, zeren sentimendu orokorra dela uste baitut.»
«Hara, andrea» esan zuen Mrs. Sparsiten ongileak, «baliteke pertsona batzuek atseginez esatea zinez maite dutela entzutea, gordin-gordin kontatuta ere, Josiah Bounderby Coketownekoak igaro dituenak. Baina aitortu behar dugu esne-mamitan jaioa zarela. Tira, andrea, badakizu esne-mamitan jaioa zarela.»
«Ez dut nik, jauna» erantzun zuen Mrs. Sparsitek buruari eraginez, «hori ukatuko».
Mr. Bounderbyk mahaia utzi behar izan zuen eta bizkarra emanda sutondoan egon, Mrs. Sparsiti begira; izan ere, nola goraipatzen zuen andreak Mr. Bounderbyren giza maila!
«Eta lagunarte ederrean ibilita zaude. Aukerako lagunartean» esan zuen Mr. Bounderbyk, hankak berotzen ari zela.
«Egia da, jauna» erantzun zuen Mrs. Sparsitek, apaltasun itxurak eginez, gizonak ez bezala, horrela inolako arriskurik ez baitzeukan Mr. Bounderbyren aurka jotzeko.
«Puntako gizartean ibilita zaude, saltsa guzti horietan sartuta» esan zuen Mr. Bounderbyk.
«Bai, jauna» erantzun zuen Mrs. Sparsitek, giza alarguntasunaren tankeran. «Egia biribila da.»
Mr. Bounderby belaunetaraino makurtu zen, belaunak pozaren pozaz besarkatzeko, literalki, eta barre ozena egin zuen. Orduan zerbitzariek Mr. eta Mrs. Gradgrind zetozela iragarri zuten, eta Mr. Bounderbyk gizonari bostekoa emanda eta andreari musu emanda jaso zituen.
«Ekarraraziko duzu Jupe hona, Bounderby?» galdetu zuen Mr. Gradgrindek.
Bai, horixe. Honenbestez, Jupe ekarrarazi zuten. Gelan sartzean, kilimusi egin zien bai Mr. Bounderbyr, bai berorren lagunari, Tom Gradgrindi, bai eta Louisari ere; baina, zoritxarrez, urduri zegoenez, Mrs. Sparsitez ahaztu zen. Honetaz ohartuta, Bounderby oihulariak errieta egin zion honelako moduan:
«Tira, esango dizut, neskato hori. Teontziaren ondoko andreak Mrs. Sparsit du izena. Andre hori etxe honetako zaintzailea da eta goi mailako harremanak ditu. Beraz, inoiz sartzen bazara etxe honetako gela batean, egonaldi laburra egingo duzu bertan, andre horrekin modurik errespetagarrienaz jokatzen ez baduzu. Tira, bost axola neuri zer egiten didazun, inor izateko asmorik ez dudalako. Goi mailako harremanak izan barik, nik ez daukat inolako harremanik ere, eta lokatzetik nator. Baina andre horrekin nola jokatzen duzun axola dit; eta begirunez eta errespetuz jokatuko duzu berarekin, edo bestela ez zara hona etorriko.»
«Uste dut, Bounderby» esan zuen Mr. Gradgrindek, bake antzean, «hau oharkabean gertatu dela.»
«Tom Gradgrind nire lagunari iruditu zaio, Mrs. Sparsit» esan zuen Bounderbyk «hau oharkabean gertatu dela. Litekeena da. Hala ere, zuk dakizunez, andrea, nik ez dut ezta oharkaberik ere onartzen zutaz ari garenean.»
«Oso ona zara, benetan, jauna» erantzun zuen Mrs. Sparsitek, buruari eraginez apaltasun handiosaz. «Ez du merezi horretaz hitz egitea.»
Sissy, denbora guzti honetan barkamen eske ibili zen ahapeka malkoak begietan, eta honenbestez etxeko jaunarengandik Mr. Gradgrindengana eraman zuten. Hantxe gelditu zen gizonari etengabe begira. Louisa aldamenean zegoen begirada hotza eginez, begiak lurrean jarrita, Mr. Gradgrindek honela segitu zuen bitartean:
«Jupe, zu gure etxean hartzeko erabakia hartu dut; eta, eskolan ez zabiltzanean, Mrs. Gradgrinden zerbitzupean jartzeko, bera ezindu samarra baita. Azaldu diot Miss Louisari —hauxe da Miss Louisa— zure azken egunetako karreraren amaiera miserable baina arauzkoa; eta argi eta garbi ulertu behar duzu kontu guzti hori iraganekoa dela eta ez dela berriro aipatu behar. Hemendik aurrera hasiko da zure historia. Oraingoz, nik dakidala, ezjakina zara.»
«Bai, jauna, oso» erantzun zuen neskak kilimusi eginez.
«Biziki poztuko zait zuri heziketa zorrotza emateaz; emango zaizun entrenamenduaren abantailen eredu bizia izango zara bidean topatzen dituzun pertsona guztientzat. Arteztu eta modelatu egingo zaitugu. Esango nuke ohitura hartu duzula zeure aitari eta lehen izandako lagunei irakurtzeko, ezta?» esan zuen Mr. Gradgrindek, eta hori esan baino lehen neska keinuka erakarri zuen, ahotsa apalduz.
«Bakarrik aitari eta Merrylegsi, jauna. Behintzat, aitari, Merrylegs beti zegoelako han.»
«Ez dio axola Merrylegsengatik, Jupe» esan zuen Mr. Gradgrindek, iraizean kopeta zimurtuz. «Ez dut berataz galdetzen. Jakin dudanez, zeure aitari irakurtzeko ohitura hartu duzu, ezta?»
«Ene, jauna! Milaka aldiz. Aldi zoriontsuenak izan dira —Ene, elkarrekin izan ditugun aldi zoriontsuenak izan dira, jauna!»
Orduantxe begiratu zion Louisak lehendabizikoz Sissyri, neskaren arrangura azaleratu baitzen.
«Eta zer» galdetu zion Mr. Gradgrindek, are eta ahots apalagoaz «irakurtzen zenion aitari, Jupe?»
«Iratxoen kontuak, jauna, eta Ipotxarena, eta Konkorrarena, eta Jeinuarena» esan zuen neskak zotinka; «eta zerari buruz...»
«Ixo!» esan zuen Mr. Gradgrindek, «aski da. Ez aipatu berriro hitz bat ere zorakeria suntsigarri horretaz. Bounderby, kasu honek entrenamendu trinkoa behar du, eta jakin-min handiz zainduko dut.»
«Tira» erantzun zuen Mr. Bounderbyk, «jadanik iritzia eman dizut: nik ez nuke egingo zuk egindakoa. Baina, ondo dago, oso ondo dago. Hori egiteko asmoa duzunez, oso ondo!»
Honela, Mr. Gradgrind eta Louisak berekin eraman zuten Cecilia Jupe Stone Lodgera, eta bide osoan Louisak ez zuen hitzik ere esan, ez onik ez txarrik. Mr. Bounderby bere eguneroko zereginetara bihurtu zen. Eta Mrs. Sparsit bere bekainen atzealdean jarri zen gogoetan eta bakartegi ilun hartan egon zen goiz osoan.
© Charles Dickens
© itzulpenarena: Javi Cillero