II.
ERRUGABEAK HILTZEN
Thomas Gradgrind, jauna. Errealitateen gizona. Datu eta kalkuluen gizona. Halako gizonak oinarri hau dauka, hots, bi eta bi lau direla, eta ez beste, ez baitute konbentzituko beste edozer onartzera. Thomas Gradgrind, jauna —jaio eta herio Thomas— Thomas Gradgrind. Beti arau bat, pare bat erregela eta biderketa taula poltsikoan, jauna, giza izaeraren edozein zati pisatzeko eta neurtzeko prest, honenbestez, emaitza jendeari adierazteko. Kalkulu arazo hutsa, oinarrizko aritmetikako kontua. Baliteke espero izatea halako sinesmen itxurabakoren bat sartzea George Gradgrind, Augustus Gradgrind, John Gradgrind edo Joseph Gradgrinden buruan (denak alegiazkoak, izaterik gabeko pertsonak), baina Thomas Gradgrinden buruan, —ez jauna!
Hala egiten zuen beti buruz Mr. Gradgrindek bere buruaren aurkezpena, bere ezagun taldearen aurrean nahiz bestelako jendearen aurrean. Halako moduan, «neska-mutilak» «jauna» hitzaren ordez erabiliz, jakina, egin zien orduan Thomas Gradgrindek Thomas Gradgrinden aurkezpena aurrean zeuzkan hartzaile txikiei, zein datuez mukuru betetzeko prest baitzeuden.
Areago, lehen aipatutako biltegitik haurren aurrean lehia bizian txinpartaka ari zela, Mr. Gradgrindek kanoiaren itxura zeukan, ahoraino datuez beteta, umeak haurtzaroaren lurraldeetatik erauzteko prest bailegoen deskarga batez. Halaber, aparailu galbanikoaren itxura zeukan, ordezko mekaniko eta larderiatsu batez kargaturik, erasoa jasan behar zuten irudimen gazte eta samur haiei eragiteko.
«Hogei zenbakiko neska» esan zuen Mr. Gradgrindek, erakusle koadratuaz seinale koadratua eginez, «Ez dut neska hori ezagutzen. Nor da neska hori?»
«Sissy Jupe, jauna» azaldu zuen hogei zenbakiak, aurpegi gorriturik, zutik jarri eta kilimusi eginez.
«Sissy ez da izena» esan zuen Mr. Gradgrindek. «Ez iezaiozu Sissy deitu zeure buruari. Dei iezaiozu Cecilia.»
«Aitak deitzen dit Sissy, jauna» erantzun zuen neskatoak ahots ikarati batez, berriz ere kilimusi eginez.
«Bada, berak ez dauka eskubiderik hori egiteko» ohartarazi zion Mr. Gradgrindek. «Esaiozu ez duela hori egin behar. Cecilia Jupe. Ikus dezagun. Zer da zure aita?»
«Zirkoko gizona da, axola ez badio, jauna.»
Mr. Gradgrindek bekokia zimurtu zuen, eta eskuz baztertu zuen lanbide iraingarri hura.
«Hemen ez dugu ezer jakin nahi horretaz. Ez diguzu hori aipatu behar. Zure aitak zaldiak bezatzen ditu, ezta?»
«Axola ez badio, zaldiren bat bezatzeko harrapatzen dutenean, zaldiak bezatzen dituzte pistan, jauna»
«Hemen ez diguzu pistarik aipatu behar. Hara, oso ondo. Irudikatu zeure aita zaldi-bezatzaile gisa. Esango nuke zaldi gaixoak zaintzen dituela, ezta?»
«Bai, jauna.»
«Horrela, ba, oso ondo. Albaitari-zirujaua da, zaldi-albaitaria, eta zaldi-bezatzailea. Emadazu zaldiaren definizioa.»
(Sissy Jupe izu-ikararik larrienean amildu zen agindu hura entzundakoan).
«Hogei zenbakiko neska zaldia definitzeko gauza ez!» esan zuen Mr. Gradgrindek, hartzaile txiki guztien onerako. «Hogei zenbakiko neskak inolako daturik izan ez, animaliarik arruntenetariko bati dagokionean! Mutiko batek definitu zaldia. Zeuk, Bitzer.»
Atzamar koadratuak, harat-honat zebilela, bat batean Bitzerrekin egin zuen topo, agian mutilari egokitu zitzaiolako esertzea Sissy irradiatzen zuen eguzki izpi berean, honek gela biziki zuriztatuaren leiho biluzietariko batetik korritzen baitzuen. Zeren neska-mutilak plano makurtuaren azalean esertzen baitziren bi talde trinkotan, erdiko aldean tarte mehar batek bereizita; eta Sissyk, eguteraren lerro baten muturrean egonik, eguzki izpi baten hasiera jasotzen zuen, zeinen amaiera Bitzerrek, beste aldearen lerro baten muturrean egonik, harrapatzen baitzuen. Nolanahi ere, neskak halako begi-ile beltzak zituen, ezen bai baitzirudien kolore biziagoa eta dirdaitsuagoa hartzen zuela eguzkitik, honek berarengan distiratzen zuenean; mutilak, ostera, halako begi-ile zurbilak zituen, ezen bai baitzirudien izpi berberek hurrupatzen ziotela inoizko aldian izan zuen kolore eskasa. Bitzerren begi hotzak nekez izan zitezkeen begiak, betileen mutur laburrengatik salbu, zein beren itxura agertzeko supituki ipintzen baitziren zerbait zurbilagoaren ondoan. Bitzerren ile murriztua, menturaz, bekoki eta aurpegiko orezta hori-gorrien jarraipen hutsa zatekeen. Bitzerren larruazala hain zen hits eta gaizpera, ezen bai baitzirudien bera ebakiz gero, odol zuria jarioko zitzaiola.
«Bitzer,» esan zuen Thomas Gradgrindek. «Zaldia definitu.»
«Lauoinekoa. Graminea-jalea. Berrogei hortz, alegia, hogeita lau hagin, lau letagin, eta hamabi ebakortz. Udaberrian ilaiaz aldatzen da; aintzira aldekoa izanez gero, apatxaz ere bai. Apatx gogorrak, baina zaldi-ferraz jantzi beharrekoak. Adina ahoko aztarnak direla medio igartzen zaio.» Honela (eta askoz luzeago ere) aritu zen Bitzer.
«Orain hogei zenbakiko neska» esan zuen Mr. Gradgrindek, «badakizu zer den zaldia.»
Sissyk kilimusi egin zuen berriro, eta aurpegia gorriago jarriko zitzaion, denbora guzti hartan jarri zitzaion baino gorriago jartzerik izan balu. Bitzerrek begi biez keinu azkarra egin zion Thomas Gradgrindi, argia bere betileen mutur dardaratietan halako moduan harrapatuz, ezen azken hauek intsektu geldigaitzen antenak irudi baitzuten, eta eri kozkorrak bekoki oreztatsura eraman ondoren, berriro eseri zen.
Orduan, hirugarren gizonak aurrera egin zuen. Zirt-zarteko gizona zen iritziak ematen, halakoxea zen; gobernuko funtzionarioa; bere iritziz (eta beste jende gehienaren iritziz ere bai), boxeolari porrokatua; beti entrenatzen, beti sistema batekin jende guztiaren zintzurra behartzeko pilula irenstera, beti funtzionario-bulego txikiaren barandan entzuleak lortzeari begira, Ingalaterra guztiaren aurka borrokatzeko prest. Berriz ere boxeoaren esamoldeak erabili beharko bagenitu, esan genezake bere gisako dohaina zeukala laukiaren erdigunera jauzi egiteko, borroka-lekua noiznahi eta nonahi zela ere, taxu txarreko gizona baitzen. Aurrera egingo zuen edozein gai eskuinaz kolpatzeko, eta gero ezkerraz ekin, gelditu, aldatu, kontatu, eraman aurkaria (bera beti borrokatzen zen All Englandekin) soketaraino eta han beregana oldartu iaiotasun handiz. Zalantzarik gabe, aurkariari biriketako airea kentzeko gauza zen zentzu ona erabiliz, bai eta aurkari zoritxarrekoari denboraren txilina entzutea galarazteko ere. Bestalde, ardura jasota zeukan goiko agintariengandik bulegoko funtzionarioaren Milurtekoa prestatzeko, gobernuko komisarien erregetza munduan zehar zabalduko lukeena.
«Oso ondo,» esan zuen hirugarren jaunak, adoretsu irribarre eginez eta besoak gurutzatuz. «Horixe da zaldia. Orain, neska-mutikook, utz iezadazue galdetzen: Papereztatuko zenukete gela bat zaldien irudiak erabiliz?»
Hutsarte baten ondoren, haurren erdiak honako oihua egin zuen koruka: «Bai, jauna!» eta hori zela eta, beste erdiak, gizonaren aurpegian ikusita bai hori okerra zela, honako oihua egin zuen koruka: «Ez, jauna!» —honelako azterketetan ohi denez.
«Ez horixe. Zergatik ez zenukete hori egin beharko?»
Hutsarte bat. Mutil bulartsu eta astitsu bat, arnasa hartzean hatsanka hasten zena, erantzutera menturatu zen, ezen berak ez lukeela gela inolaz ere papereztatuko, baizik eta pintatuko.
«Papereztatu behar duzu» esan zuen hirugarren gizonak, maitekiro samar.
«Papereztatu behar duzu» esan zuen Thomas Gradgrindek, «nahi eta nahi ez. Ez iezaguzu esan ez zenukeela papereztatuko. Zer esan nahi duzu, mutiko?»
«Nik azalduko dizuet, ba» esan zuen hirugarren gizonak, beste hutsarte ilun baten ondoren, «zergatik ez zenuketen papereztatuko gela bat zaldien irudiak erabiliz. Inoiz ikusi duzue zaldirik gelen alboetatik gora eta behera ibiltzen errealitatean —egiaz eta begiaz? Ikusi duzue?»
«Bai, jauna!» haurren erdi batek. «Ez, jauna!» beste erdiak.
«Jakina ezetz,» esan zuen zaldunak, begirada sumindua eginez oker zebilen erdiari. «Tira, ba, ez duzue inon ikusi behar, errealitatean ikusten ez duzuena; ez duzue inon eduki behar, errealitatean ez daukazuena. Dastamena deritzoten hori errealitatea izendatzeko beste modu bat besterik ez da.»
Thomas Gradgrindek baiezko keinua egin zuen buruz.
«Hauxe da printzipio berria, aurkikundea, aurkikunde handia» esan zuen hirugarren gizonak. «Orain, beste galdera bat egingo dizuet. Demagun gela batean tapiza ipini behar duzuela. Erabiliko zenukete tapiz bat, gainean loreen irudiak eta guzti?»
Ordurako haur guztiak konbentzituta zeudenez «Ez, jauna!» zela beti jaun honentzako erantzun egokia, ezezkoen korua oso indartsu izan zen. Haur motel eta berankor gutxi batzuek soilik esan zuten baietz; haien artean Sissy Jupe.
«Hogei zenbakiko neska,» esan zuen hirugarren gizonak, jakituriak ematen zion lasaitasunaz irribarre eginez.
Sissyri koloreak irten zitzaizkion eta zutitu egin zen.
«Hortaz, zeure gelan —edota zeure senarraren gelan, emakume heldua bazina eta senarrik bazenu— loreen irudia daukan tapiza ipiniko zenuke, ezta?» esan zuen zaldunak. «Zergatik, ba?»
«Axola ez badio, jauna, oso maite ditut loreak» erantzun zuen neskak.
«Eta horregatik ipiniko zenituzke mahaiak eta aulkiak haien gainean eta jendeari handik ibiltzen utziko zenioke bota astunak jantzita?»
«Horrek ez lieke minik emango, jauna. Ez genituzke zanpatuko eta ez lirateke zimelduko, axola ez badio, jauna. Oso gauza eder eta atseginen irudiak izango lirateke, eta nik imajinatuko nuke...»
«Ai, ai, ai! Baina zuk ez duzu zertan imajinatu ezer» egin zuen oihu hirugarren gizonak, bozkario handiz bere hizpidera adu onean hurbiltzen zirelako. «Horixe da kontua! Zuk ez duzu inoiz ezer imajinatu beharrik.»
«Ez duzu horrelakorik egin behar, Cecilia Jupe,» berresan zuen Thomas Gradgrindek solemnitatez, «inolaz ere ez.»
«Datuak, datuak eta datuak!» esan zuen zaldunak. «Datuak, datuak eta datuak!» berresan zuen Thomas Gradgrindek.
«Gauza guztietan errealitateen mende eta gobernupean egon behar duzu» esan zuen hirugarren gizonak, «Luze gabe espero dugu errealitateen gobernu-batzar bat izatea, errealitateen batzarkideez osatua, jendea errealitateen jendea izatera behartuko duena, errealitateen jendea eta ez besterik. Alde batera baztertu behar duzu imajinazio hitza. Ez daukazu zerikusirik hitz horrekin. Ez duzu eduki behar, inongo tresnatan zein gauza apaingarritan, errealitateen kontra mintzo den ezer. Errealitatean ez zabiltza loreen gainean; ez daukazu baimenik tapizetan loreen gainean ibiltzeko. Ez duzu ikusten atzerriko txori-tximeletarik etortzen zure ontziteriaren gainean kokatzera; ez daukazu baimenik zeure ontziterian atzerriko txori-tximeletarik pintatzeko. Inoiz ez duzu lauoinekorik topatzen hormetan gora eta behera dabiltzala; ez duzu eduki behar lauoinekoren irudirik hormetan. Erabili behar dituzu,» esan zuen hirugarren gizonak, «gauza guztiotarako, irudi matematikoen konbinazio eta aldaketa frogagarri eta egiaztagarriak (oinarrizko koloreetan). Hauxe da aurkikunde berria. Hauxe da errealitatea. Hauxe da dastamena.»
Kilimusi egin eta gero, neska eseri zen. Oso gaztea zen, eta bazirudien izu-ikaran zegoela, munduak aurkezten zion errealitate multzoa kontutan hartuta.
«Ba, Mr. M'Choakumchildek,» esan zuen hirugarren gizonak, «hemen bere lehen ikasgaia ematen badu, Mr. Gradgrind, pozik aztertuko dut, zure eskabidea dela eta, nola irakasten duen.»
Mr. Gradgrindek biziki eskertu zuen hura. «Mr. M'Choakumchild, zure zain gaude.»
Honela, Mr. M'Choakumchildek zekien modurik onenean ekin zion. Bera eta ehun eta berrogeiren bat eskola maisu aldi berean irten berriak ziren lantegi beretik, printzipio berberetan ikasiak, hainbat pianoforteren hankak bailiran. Ezin konta ahala azterketa eragin zioten, era askotakoak, eta burua hausteko galdera anitzi erantzun zien. Ortografia, etimologia, sintaxia; prosodia, biografia, astronomia, geografia; kosmografia orokorra, frakzio konposatu, aljebra, topografia eta sestratzearen zientziak, ahozko musika; ereduen marrazketa, denak biltzen zituen hamar eri hotz haien muturretan. Lanak eginda zeuzkan bere bide lakarrean barrena Erreginaren Batzorde Pribaturik Ohoragarrienean sartzeko —B zerrenda osatzen zuen lagun taldean, eta zapa hurrupatua zien matematika eta zientzia fisikoaren adar gorenei; bai eta frantses, alemana, latin eta grezierari ere. Bazekien dena mundu guztiko arroei buruz (nonahi direla ere), populu guztien historiak, eta ibai eta mendi guztien izen guztiak, herri guztien ekoizpen, modu, eta ohitura guztiak, eta iparrorratzaren bi t'erdiko puntuaren muga eta angelu guztiak. Ai, menturaz gainez eginda, M'Choakumchild! Gutxixeago ikasi izan balu, askoz hobeto irakats zezakeen askoz ere gauza gehiago!
Prestaketako ikasgai hartan M'Choakumchild, nolabait, Berrogei Lapurretako Morgianaren antzera abiatu zen lanean, aurrean kokaturiko hartzaile txikiei begira, banan-banan, ontzi haien barruan zer zeukaten ikusteko. Esan, M'Choakumchild zintzoa: zeure biltegi borborkari horretatik, poliki-poliki hartzaile bakoitzaren ontzia ertzeraino betetzen duzunean, zer uste duzu, beti jo eta akabatuko duzula buru barruan aiduru dagoen imajinazio lapur hori —ala batzuetan elbarritu eta itxuragabetu besterik ez?
© Charles Dickens
© itzulpenarena: Javi Cillero