Thomas Carlyleri

 

I.
GAUZA BAT DA BAKARRA NECESSARIO DENA

 

        «Bada, nik honako hauek nahi ditut: Errealitateak. Irakats iezazkiezu errealitateak neska-mutikooi, besterik ez. Errealitateak baizik ez dira behar bizitzan. Ez ezazu landa beste ezer, eta jorra ezazu beste guztia. Errealitateetan baizik ezin da animalia adimentsuen burua taxutu: beste ezerk ez die inoiz ezertan lagunduko. Printzipio honetan hazten ditut neure seme-alabak eta printzipio honetan hazten ditut neska-mutikook. Zagozkie Errealitateei, jauna!»

        Eszenatokia ikasgela baten ganga apainge, biluzi eta era berdinekoa zen. Hizlariaren erakusle koadratuak bere oharkizunak indartzen zituen esaldi bakoitza azpimarratuz eskola maisuaren mahukan lerro bat eginda. Ondo zetorkion mintzaera oldarkor hari hizlariaren bekoki koadratu, horma antzekoa, zeinek betileak oinarritzat baitzituen, begiek biltegi erosoa aurkitzen zutelarik bi kobazulo ilunetan, hormaren itzalpean. Ondo zetorkion mintzaera oldarkor hari hizlariaren ahoa, zabal, ezpain mehe eta tinkatua. Ondo zetorkion mintzaera oldarkor hari hizlariaren ahotsa, zurrun, lehor eta diktatoriala. Ondo zetorkion mintzaera oldarkor hari hizlariaren ilea, gizonaren buru soilaren alboetan laztua, buruaren azal distiratsua haizetik babesteko pinudia irudi, dena trunpiloz estalia, okaran-tartaren geruzaren antzera, buruak bertan biltzen zituen datu trinkoak gordetzeko lekurik ozta-ozta izango bailuen. Hizlariaren tankera tematsua, beroki koadratua, hanka koadratuak, sorbalda koadratuak —areago, hizlariaren gorbata bera ere, halako moduan lotuta non eztarritik heltzen baitzion helduleku ezeroso batez, errealitate setati bat bailitzan, eta halakoxea zen— denak zetozkion ondo mintzaera oldarkor hari.

        «Bizitza honetan, errealitateak besterik ez dugu nahi, jauna; errealitateak, besterik ez!»

        Hizlariak, eskola maisuak, bai eta hantxe zegoen hirugarren pertsona helduak ere, urrats bat atzera egin eta begiez ekortu zuten han-hor-hemen ordenan kokaturiko hartzaile txikien plano makurra, hauek prest baitzeuden datuen kopuru itzelak beren baitako ontzietan isur ziezazkieten harik eta mukuru bete zituzten arte.

 

 

 

© Charles Dickens

© itzulpenarena: Javi Cillero

 

 

"Charles Dickens / Garai Latzak" orrialde nagusia