ROBINSON CRUSOE-REN
BIZITZA ETA ABENTURAK
1632. urtean jaio nintzen York-eko hirian, bertakoa ez izan arren, familia onekoa; izan ere, aita lehenengo bizilekua Hull-en kokatu zuen Bremengo etorkina baitzen. Merkataritzari esker aberastu, eta lanbidea utzi ondoren, York-era joan zen bizitzera, eta han ezkondu zen amarekin. Amaren sendikoek Robinson izena zuten, lurralde hartako familia aberats baten abizena, eta harengandik hartu nuen nik Robinson Kreutznaer deitura. Ingalaterran, ordea, hitzak hondatzeko izan den joeragatik, gaur egun Crusoe esaten digute, edo hobeto esan, geure buruari hala esaten diogu, hala sinatzen dugu, eta hala deritzate beti lagunek.
Bi anaia zaharrago izan nituen, bata, teniente koronela izan zen Flandrian, ingelesen oinezko gudaroste batean, antzina Lockhart koronelaren esanetara egondakoan, eta Dunkerke ondoan espainiarren kontra izan zen guduan hil zuten. Bigarren anaiari zer gertatu zitzaion, ez nuen sekula jakin, ez behintzat aitak eta amak nitaz jakin zutena baino gehiago.
Familiako hirugarren semea izanik, eta inongo lanbidetarako hezia egon gabe, oso goiz hasi zitzaidan burua gogoeta nahasiz betetzen. Orduko oso zahartua nuen aitak, ikasketa sail egokia emana zidan, etxeko heziketatik hasi eta, doaneko eskolako ikasketak amaitzeraino, eta zuzenbide ikasketak egiteko bidean jarri ninduen. Baina nik itsasoratzeko irrika bizia nuen, eta grina horrek aitaren nahiaren, hobeto esan, aginduen kontra, eta amaren eta lagunen erregu eta adierazpen guztien kontra horren gogor jokarazi zidanez gero, bazirudien, barrutik zetorkidan joera horrek ezkutuan zuela, jasan behar izango nuen zoritxarreko bizimodura eramango ninduen ezinbesteko halabeharra.
Aitak, gizon jakintsua eta errespetagarria zenez gero, aholku sakon eta bikainak eman zizkidan, hark niretzat aurrez ikusten zuen halabeharrari ihes egiteko. Goiz batean, bere gelara joateko dei egin zidan, han baitzuen lotua ezueriak, eta gai horretaz demanda egin zidan modu onean. Galdegin zidan zeintzuk nituen arrazoiak, han-hemenka ibiltzeko nuen grina hutsaz kanpo, aitaren etxetik eta jaioterritik alde egiteko, han ongi kokatua egoteko aukera izanda, eta, lan egin eta saiatuz gero, baita aberastekoa ere, eta bizitza erosoa eta atsegina izatekoa. Esan zidan, zoritxarrekoak alde batetik, edo aberastasun handiak lortu nahi zituztenak bestetik, joaten zirela atzerrira abentura bila, gauza berriei ekinez bizimodua hobetzera, eta eguneroko bidetik kanpoko eginkizunei esker ospetsu bihurtzera. Gauza horiek oso goian nituela, edo oso behean bestela. Nirea erdiko maila zela, edo beheko bizimoduaren maila gorena esango genukeena, eta, berak, bizitzan asko ikusia zenez gero, bazekiela hura zela munduan bizi ahal izateko mailarik onena, gizonaren zoriontasunari gehien egokitzen zitzaiona; ez zituela langileen mailak zituen zoritxarrak eta nekaldiak, bihotz-esturak eta oinazeak, eta ezta goi mailakoen harrotasun, apainkeria, handinahi eta bekaizkeriaren arriskurik ere. Esan zidan egoera horren zoriontasuna epaitzeko gauza bat hartu behar nuela kontutan, alegia, hori zela jende guztiak nahi zuen bizimodua; erregeak askotan beren buruaz errukitzen zirela, gauza handiak egiteko jaio izanaren ondorio tamalgarriengatik, eta nahiago luketela bi muturren erdian, behartsuaren eta aberatsaren artean, egokitu izana; eta gizon jakintsua zenak garbi aitortzen zuela maila horren benetako zoriontasuna, bere otoitzetan ez pobretasuna eta ez aberastasuna ez emateko eskaera egiten zuenean.
Esan zidan arretaz begiratzen baldin banuen, beti antzemango nuela, bizitzaren ezbeharrak gizartearen goiko eta beheko mailetan gertatzen zirela, eta erdiko mailetan berriz, gutxienak, eta gainera, ez zituela gizartearen goiko eta beheko mailek zituzten adina gorabehera. Are gehiago, ez zituztela, ez gorputzean eta ez adimenean, gaitzera emanak zeudenek, bizimodu okerrekoek, eta handinahikerian eta nabarmenkerian bizi zirenek alde batetik, eta bizimodu txarraren ondorioz, lan gogorrak egin behar zituztenek, gauza premiazkorik eta janaririk ez zutenek, edo janari eskasekoek bestetik, zituzten adina eragozpen eta larritasun. Erdiko maila onbide eta era guztietako jolasaldietarako egina zegoela; bakea eta oparotasuna erdi mailako aberaspidearen lagunak zirela; zuhurtasuna, neurri ona, lasaitasuna, osasuna, gizarteko harremanak, jolasbide atseginak, eta nahi ziren olgeta guztiak bizitzaren erdi mailakoen zerbitzariak zirela. Era horretan, gizona isilik eta erraz igarotzen zela mundutik, eta nekerik hartu gabe alde egiten zuela handik, esku lanen eta buruko lanen kezkarik izan gabe, eguneroko ogia lortzeko bizitza esklabotasunari saldu beharrik izan gabe, edo, arimari bakea edo gorputzari lasaitasuna lapurtzen zioten ezusteko gertaerez asaldatua izan gabe; bekaizkeriak haserrarazi gabe, edo gauza handiak egiteko ezkutuko grinarik izan gabe; eta, aldiz, egoerak bere alde zituela, mundutik hotsik egin gabe igarotzen zela, bizitzaren gauza gozoak, samintasunik gabeak dastatuz zoriontsu zela, eta eguneroko bizitzak erakusten ziola hori guztia behar bezala antzematen.
Hori esan ondoren, benetan eskatu zidan, eta modu maitakorrenean, ez egiteko umekeriarik, ez amiltzeko neure burua, Izadiak eta ni jaio nintzen mailak galarazten zidaten zoritxarrera. Ez nuela ogi bila joateko premiarik, berak ahal zuena egingo zuela niri laguntzeko, eta saiatuko zela, goraipatzen zidan bizimodu horretan, era erosoenean ni sarrarazten. Eta ez baldin banuen bizimodu lasaia eta zoriontsua lortzen, halabeharraren errua edo nirea izango zela, eta berak ez zuela haren erantzukizunik izango; izan ere, nire kalterako izango zen erabakia har ez nezan, aholku eman baitzidan eta bere eginkizuna betetzat uzten baitzuen; hitz batean, laguntza emateko prest zegoela, berak agindu bezala, etxean geratzen banintzen, baina ez zuela zerikusirik izan nahi nire ezbeharretan, eta ez zidala alde egiteko baimenik emango. Eta hura dena amaitzeko, anaia zaharrena adibide gisa har nezakeela esan zidan, hari ere aholkuak eman zizkiola Herri Beheretako guduetara ez joateko, baina ezin izan zituela menderatu, hura gudarostera bultzatzen zuten gazte garaiko nahiak, eta hantxe hil zela. Eta nire alde otoitz egiteari ez ziola utziko esan bazuen ere, esan ere egin zidan, erabaki zoro hori hartzen baldin banuen, Jainkoak ez zidala bedeinkaziorik emango, eta handik aurrera denbora izango nuela bere aholkuei ezetza eman izanaz gogoeta egin eta damutzeko, baina, beharbada, onik ateratzen laguntzeko alboan lagunik ez izatean.
Konturatu nintzen hitzaldiaren azken hitzak esan zituenean —eta aitak berak hala gertatuko zela ez zekien arren, benetan igarle baten esanak ziruditen—, konturatu nintzen, esan bezala, malkoak zerizkiola aurpegian behera, batez ere, hildako anaiaz hitz egin zidanean, eta baita, alboan lagunik ez izatean, damutzeko izango nuen denboraz hitz egin zidanean ere, eta horren hunkiturik zegoenez gero, hitzaldia eten egin zuen, eta esan zidan bihotza lehertzeko zorian zuela, eta ezin zidala besterik esan.
Hitzaldiak bihotza erdibitu zidan, eta nola ez zidan, bada, erdibituko? Une horretan bertan erabaki nuen ez zitzaidala berriz atzerrira joatea inoiz bururatuko, eta etxean geratuko nintzela, aitak nahi zuen bezala. Baina, hura zoritxarra! Handik egun batzuetara dena ahaztu nuen, eta labur esateko, aitaren oztopo gehiagorik ez izateko, handik aste batzuetara, etxetik alde egitea erabaki nuen. Hala ere, ez nuen jokatu neure erabakiaren lehenengo beroaldiak eskatzen zidan bezain bizkor, eta amarengana jo nuen, ohi zuena baino zertxobait atseginago zegoela iruditu zitzaidan une batean; eta esan nion, gogoa erabat mundua ikustearen aldekoa nuela, eta ezingo nuela inoiz beste ezer aurrera ateratzeko adina arretarik jarri; eta aitak hobe zuela niri joateko baimena ematea, baimenik gabe ni alde eginaraztea baino. Hemezortzi urte nituela orduko, eta beranduegi zela langintzaren bat ikasten hasteko edo legegizon baten laguntzaile izateko. Eta ziur nengoela hala egingo banu ere, ez nintzela ikasle ona izango, eta zalantzarik gabe ikasteko denbora amaitu baino lehenago, maisuaren ondotik ihes egingo nuela itsasora joateko. Zin egin nion, aitarekin hitz egiten bazuen eta niri atzerrira bidaia bakar bat egiten uzteko baimena eskatzen bazion, handik etxera itzultzean, gustora ibili izan ez banintz, ez nuela inoiz etxetik berriz alde egingo, eta leiha bizian saituko nintzela galdutako denbora berreskuratzen.
Horrek bere onetik atera zuen ama. Esan zidan bazekiela alferrikakoa zela aitari gai horretaz hitz egitea, hark oso ongi zekiela zer komeni zitzaidan, eta ez zidala baimenik emango nire kalterako izango zen zerbait egiteko; harritua zegoela, aitarekin izan nuen hizketaldiaren ondoren, eta, berak jakin zuenez gero, aitak nirekin erabili zituen hitz atsegin eta maitasunezkoak entzun ondoren, gauza horiek bururatu zitzaizkidalako; eta, hitz batean, neure burua alferrik galdu nahi baldin banuen, ez zegoela zereginik, baina ziur egon nintekeela haiek ez zutela horretarako baimenik emango. Berari zegokionez, ez zuen nire hondamenean esku hartu nahi, eta nik ezingo nuen inoiz esan, amak baimena eman zidala aitak ukatutakoa egiteko.
Amak aitari ez ziola haren berri emango esan zidan arren, geroago jakin nuenez, nik esandako guztia jakinarazi zion, eta aitak arreta berezia jarri ondoren, hasperen egin, eta hau esan omen zion:
— Mutil hori zoriontsua izango litzateke etxean geratuko balitz, baina atzerrira joaten bada, inoiz jaio den izakirik zorigaiztokoena izango da. Ezin diot joateko baimenik eman.
Hura gertatu eta ia urtebete igaro arte ez nuen etxetik alde egin, baina bitarte horretan lanean hasteko egin zizkidaten proposamen guztiei, temati, entzungor egin nien, eta askotan aitari eta amari aurpegi eman ere bai, nire gogoak, ezinbestean, ongi zekiten bezala, harrarazten zizkidan erabakien kontra, horren gogor saiatzen zirelako. Baina Hull-en egotea egokitu zitzaidan egun batean, ustegabean, eta orduko hartan ihes egiteko asmorik gabe; esaten ari nintzen bezala, Hull-en nengoela, eta nire adiskide bat bere aitaren itsasontzian Londresera joateko zorian, berarekin joatea proposatu zidan, itsasgizonei pizgarri gisa eskaini ohi zaiena eskainita, alegia, bide-saririk ordaindu behar ez izatea. Ez nion ez aitari ez amari ezer galdetu, ezta asmo horren berri eman ere. Aldiz, han utzi nituen, gertaeraren berri ahal zuten bidetik jakin zezaten; eta, Jainkoaren bedeinkaziorik edo nire aitarenik eskatu gabe, egoera edo ondorioak kontutan hartu gabe, eta zoritxarreko orduan, Jainkoa lekuko, 1651ko irailaren batean, Londresera zihoan itsasontzi batera igo nintzen. Ez dut uste sekula abenturazale gazte baten zoritxarrak goizago hasi zirenik, edo neureek bezain luze iraun zutenik. Itsasontzia Humber-etik irten baino lehenago, haizea atera zuen, eta olatuak erarik beldurgarrienean altxatu ziren. Itsasontzian nenbilen lehenengo aldia nuenez gero, gorputza gaixoturik nuen eta arima izuturik, adierazi ezin dudan moduan. Orduan hasi nintzen egin nuenaz, eta zeruak, ongi merezita, bidaltzen zidan zigorraz pentsatzen, aitaren etxea horren modu zitalean uzteagatik, eta neure eginbeharrekoak bete ez izanagatik. Gurasoen aholku onak, aitaren malkoak eta amaren erreguak burura etorri zitzaizkidan, eta barruak, oraindik ez baitzitzaidan erabat gogortu, mesprezuz ohartarazi zidan, Jainkoarekin eta aitarekin nuen betebeharretan huts egin nuela.
Bitartean ekaitza areagotu egin zen, eta ordu arte gainean inoiz izan ez ninduen itsasoa, harro zegoen oso; hutsa, halere, gerora askotan ikusi dudanaren ondoan. Ez, ez zen ez handik egun batzuetara ikusiko nuenaren antzekoa, baina orduan nahikoa izan zen ni ikaratzeko, marinel bizargabe bat besterik ez bainintzen, eta ez bainuen haren antzekorik inoiz ikusi. Iruditzen zitzaidan olatu bakoitzak irentsi egingo gintuela, eta aldiro-aldiro burura etortzen zitzaidan, itsasontziak itsasoaren hondora eta osinetara amilduko gintuela, eta ez ginela handik inoiz aterako. Eta bihotz-itolarri horretan zin egin nuen eta erabaki, Jainkoak bidaia horretan bizitza barkatzeko mesedea egiten bazidan, eta onik lehorreratzea lortzen banuen, zuzenean joango nintzela aitarengana, eta ez nuela berriz oina itsasontzi baten gainean jarriko, bizirik nirauen bitartean; eta haren aholkua onartu, eta ez nukeela neure burua inoiz horrelako zoritxarretara bultzatuko. Orduan ikusi nuen argi eta garbi aitak bizitzaren erdiko mailaz egin zizkidan oharren zuhurtasuna, eta baita ere berak, itsasoko ekaitzen arriskutik kanpo eta lehorrean arazoetatik urrun, izan zuen bizimodu erraza eta erosoa; eta, orduan erabaki bat hartu nuen: seme galduaren antzera, damutua, aitaren etxera itzultzea.
Burutapen zuhur eta zentzuzko horiek izan nituen ekaitzak iraun zuen bitartean, eta baita hura bukatu eta handik pixka batera ere. Baina biharamunean haizea eztitu zen eta itsasoa baretu, eta itsasoan ibiltzeko ohitura hartzen hasi nintzen. Hala ere, oso kezkatua eman nuen egun osoa, eta oraindik ere pixka bat zorabiatua; arratsean, ordea, eguraldia argitu zuen, haizea ia erabat gelditu zen, eta iluntze zoragarria etorri zen atzetik. Eguzkia gorri-gorri ezkutatu zen, eta hala irten zen hurrengo goizean. Haizeak gutxi edo ia bat ere ez zuen jotzen, itsasoa bare zegoen, eta goian eguzkia zuen distiratsu. Ikuspegi hura inoiz ikusi nuen gauzarik liluragarriena zela iruditu zitzaidan.
Gauean lasai egin nuen lo, ez nintzen zorabiatu, eta gustora nengoen, harri eta zur itsasoari begira, bezperan horren zakarra eta ikaragarria, eta, handik horren denbora gutxira, horren lasaia eta atsegina. Eta orduan, etxetik alde eginarazi zidan laguna hurbildu zitzaidan, nire erabaki zintzoei traba egitera.
— Eta, Bob —bizkarrean zapla eman, eta esan zidan—. Zer moduz hago orain? Beldurtuko hintzen, noski, bart gauean, haizetxoak jo zuenean, ezta?
— Haizetxoa, esan duk? —esan nuen—. Ekaitz ikaragarria izan zuan eta.
— Ekaitza, baita zera ere! —erantzun zidan—. Horri ekaitza esaten diok? Baina, ez zuan ezer izan eta. Eman itsasontzi on bat eta itsaso zabala, eta horrelako haizeteek ez zigutek batere kezkarik ematen. Baina hi ur gezako marinela haiz, Bob. Hator, pontxe pitxerkada bat prestatzera, eta dena ahaztuko diagu. Ikusi al duk nolako eguraldi zoragarria dugun orain?
Nire kontakizunaren zati goibel hau laburtzeko esango dut, marinel guztien bidea hartu genuela: pontxea egitera joan ginen, eta hura edan eta mozkortu nintzen. Gau hartako zoritxarrean ito nituen damu guztiak, ordu arteko jokabideaz egindako burutapen guztiak eta baita etorkizunerako hartuak nituen erabakiak ere. Hitz batean, itsasoaren gainaldea berdindu eta ekaitz erasoaren ondorengo barea iritsi zenean, neure pentsamenduen larritasuna moteldu egin zen, itsasoaz irentsia izateko beldurrak eta kezkak alde batera utzi nituen, eta lehenagoko gogoen jarioa neuregana itzuli ahala, erabat ahaztu nituen atsekabe garaian egindako zinak eta emandako hitzak. Hala ere, pentsatzeko tarte batzuk izan nituen, eta burutapen kezkagarri batzuk, kezkagarriak baitziren benetan, saiatu ziren zenbaitetan neure burura itzultzen, baina berehala uxatu nituen, eta eritasun bat balira bezala gainditu nituen; eta horrela, edarian eta lagunartean babesa hartuta, erraz lortu nuen zoroaldi haietatik, hala esaten nien nik, aske geratzea, eta handik bospasei egunetara barruko aginduak menderatuak nituen, edozein gaztek, zerbaitez ez kezkatzeko erabakia hartuz gero, egingo lukeen eran. Baina beste saio bat gainditu beharko nuen oraindik, Jainkoaren ardurak erabakia baitzuen, horrelakoetan gertatu ohi den bezala, ni inolako aitzakiarik gabe uztea. Izan ere, jasandako gertaeraren aurrean atzera egiteko erabakirik hartu ez baldin banuen, hurrengoa norainokoa zen ikusita, izakirik gaiztoenak eta ankerrenak ere, haren arriskua aitortu eta errukia eskatuko zukeen.
Itsasoan eman genuen seigarren egunean Yarmouth-eko itsasartera iritsi ginen. Kontrako haizea eta eguraldi barea genuenez gero, oso gutxi aurreratu genuen ekaitza amaitu zenetik. Aingura bota behar izan genuen, eta han geratu ginen, haize kontra, alegia, hego-mendebaletik jotzen zuela, zazpi edo zortzi egunetan. Bitarte horretan Newcastle-etik zetozen itsasontzi asko itsasarte horretan geratu ziren, hura baitzen, itsasontziek, ibaian gora egiteko haizearen zain zeuden bitartean, erabiltzen zuten kaia.
Ez genuen espero, ordea, horren luze joko zigunik, eta itsasgoraz baliatuta ibaian gora egitekoak ginen; baina haizeak etengabe jotzen zuen, eta laugarren edo bosgarren eguna egin genuenean, oso gogor jo zuen. Hala ere, itsasartea kai bat bezain ona zen, eta ainguratzea ongi egina genuenez gero, eta sokak eta euskarriak sendoak zirenez gero, gure itsasgizonek ez zuten batere kezkarik, ezta beldurrik ere, eta denbora atseden hartzen eta algaraka ematen zuten, itsasoko ohiturak agintzen zuen bezala. Zortzigarren eguneko goizean, ordea, haizeak indar handia hartu zuen, eta lanean hasi behar izan genuen hagak eta haize-oihalak bildu eta ongi lotzeko, itsasontzia ur gainean ahalik eta era errazenean eutsita egon zedin. Eguerdi aldera itsaso zakarra izan genuen, brankako gaztelua urperatua geratu zen, zenbait olatu handik estali gintuzten, eta behin edo bitan aingura eten zitzaigula uste izan genuen. Horregatik kapitainak bela-tokiko beste aingura ateratzeko agindua eman zigun; era horretan, itsasontziak ur gainean eutsita egoteko bi aingura zituen brankan, eta sokak erabat teinkatuak.
Orduko ekaitz ikaragarriak jotzen zuen, eta itsasgizonen aurpegietan izua eta harridura ikusten hasi nintzen. Kapitaina, itsasontzia handik onik ateratzeko lanak zaintzen buru-belarri ari zen arren, bere gidari gelatik zenbait aldiz sartu eta atera zebilela, neure ondotik igarotzean entzun nion ahopeka esaten zuela: «Jauna, erruki zakizkigu, galduta gaude, gureak egin du», eta antzekoak. Hasierako larrialdiak izan zirenean, tuntunduta geratu nintzen, branka aldean nuen gelan etzanda, eta ezin dut asmatu orduan sentitzen nuena adierazten. Nekez ekar nitzakeen burura lehenago izan nituen damuak, itxuraz ahaztuak bainituen, eta haien kontra itsu-itsu borrokatu bainintzen. Heriotzaren samina joan zitzaidala pentsatu nuen, eta aurrekoan bezala, orduan ere ez zela ezer gertatuko. Baina kapitainak, oraintxe esan dudan bezala, nire ondotik igarotzean gureak egin zuela esan zuenean, beldurrak airean geratu nintzen. Jaiki, gelatik irten, eta ingurura begiratu nuen. Ez nuen inoiz horrelako ikuskizun tamalgarririk aurrean izan: itsasoa mendien neurriraino altxatu zen, eta gainera erortzen zitzaigun hiruzpalau minuturo. Ingurura begiratu eta hondamena besterik ez nuen ikusten. Gure ondoan ainguratuta zeuden bi itsasontzik zubi ondoko mastak moztu behar izan zituzten zama arintzeko, eta geure itsasontziko gizonek oihuka esan zuten, gure aurrean, milia bateko tartean, aingura botata zuen itsasontzi bat hondoratu zela. Beste bi itsasontziri askatu zitzaizkien aingurak, eta itsasartetik itsasoan barrena eraman zituen urak, masta bakar bat ere zutik ez zutela. Ontzi arinagoak errazago moldatzen ziren, itsasoa ez baitzen haien kontra horren gogor saiatzen. Baina horietako bizpahiru nora ezean igaro ziren gure ondotik, haizeari aurre egiteko belazurruna besterik ez zutela.
Arratsean lemazainak eta kontramaisuak gure ontziko kapitainari eskatu zioten, aurreko masta mozten uzteko, baina hark ez zuen nahi izan. Kontramaisuak, ordea, mozten ez bazuen ontzia hondoratu egingo zela esanez aurre egin zion, eta orduan baimena eman zion. Baina aurreko masta moztu zutenean, masta nagusia euskarririk gabe dantzan geratu zen, eta hura ere moztu behar izan zuten, ontzia oso gogor astintzen zuelako, eta ontzigaina soildua geratu zitzaigun.
Edonork asma lezake nolako egoeran egongo nintzen hori guztia gertatu ondoren, marinel gazte bat besterik ez nintzelarik, eta halako txikikeria batengatik horrenbesteraino berldurtutakoa gainera. Baina, horren denbora luzea igaro eta gero, gai baldin banaiz garai hartan buruan nerabiltzan pentsamenduak adierazteko, esan behar dut hamar aldiz nengoela izutuago, hura gertatu aurretik nituen usteak baztertu nituelako, eta haiek utzi eta zoritxarrez hartutako erabakietara itzuli nintzelako, heriotzaren beraren aurrean egoteagatik baino. Eta izu honi ekaitzarena erantsita, ezin adierazteko moduko egoera zen nirea. Baina okerrena ez zen oraindik iritsi. Ekaitzak ikaragarrizko indarrez egin zuen aurrera, eta marinelek berek ez zuten hura baino okerragorik gogoan. Itsasontzi ona genuen, baina zamaz leporaino betea, horregatik uretan barrura sartzen zen, eta marinelek noiznahi esaten zuten oihuka ontzia murgiltzera zihoala. Neurri batean abantaila nuen «murgiltzea» zer zen ez nuelako ulertu galdetu nuen arte. Bestalde, ekaitzak horrenbesterainoko indarra hartu zuenez gero, oso maiz ikusten ez den gauza bat ikusi nuen: kapitaina, ontziko kontramaisua, eta gainerakoak baino zentzudunagoak ziren beste zenbait errezatzen, une batetik bestera ontzia noiz hondoratuko zain zeuden bitartean. Gauerdian, eta gure zoritxar guztiei beste berri bat eransteko, ontziaren behealdea begiratzera jaitsi zen gizonetako batek ura zulo batetik zurrustan sartzen zela esan zuen garrasika, eta beste batek sotoan ura lau oinetaraino iristen zela. Orduan guztiei dei egin ziguten ur-ponpari eragiteko. Hitz hori entzun orduko, iruditu zitzaidan neure bihotzak azkenak eman zituela, eta atzerantz erori nintzen eserita nengoen nire ontzi-gelako ohearen gainean. Baina gizonek altxa ninduten, eta esan zidaten, ordu arte ezer egin ez banuen ere, beste edonor bezala gai izango nintzela ur-ponpari eragiteko. Hark susperrarazi ninduen, eta ur-ponpara joan, eta jo eta ke hasi nintzen lanean. Horretan ari ginen bitartean, kapitainak ikatz-ontzi txiki batzuk ikusi zituen, ekaitzean aingura botata ezin iraun, eta hura askatzea eta ontzia aske utzita itsasoratzea beste biderik izan ez zutenak; eta geure ondotik igaroko zirela ikusita, su egiteko agindua eman zuen arriskuan ginela haiei jakinarazteko. Ni harritua geratu nintzen, ez bainuen haren esanahirik ulertzen, eta ontzia hautsi egin zitzaigula edo beste gauza ikaragarriren bat gertatu zela uste izan nuen. Hitz batean esateko, harri eta zur nengoen, eta ondoeza egin zitzaidan eta zorabiatu egin nintzen. Egoera hura norberak bizia salbatzeko nahiko lan izaten duen horietakoa izaki, inor ez zen nitaz arduratu, edo niri gertatzen zitzaidanaz kezkatu; aldiz, beste gizon bat etorri zen nire lekura ur-ponpari eustera, eta ostiko bat eman eta bazterrera bota ninduen, eta hantxe utzi ninduen hilik nengoela pentsatuz, eta denbora luzea igaro zen neure onera etorri nintzen arte.
Aurrera egin genuen lanean, baina gero eta ur gehiago sartzen zen zulotik, eta bazirudien ontzia hondoratzera zihoala, eta ekaitza zertxobait baretu zen arren, ez zirudien ur gainean iraungo genuenik kai batera iritsi ezean; beraz, kapitainak aurrera egin zuen laguntza eskatzeko su egiten. Orduan gure aurrean aingura jaso zuen ontzi txikietako batek, guri laguntza emateko txalupa bat bidaltzera ausartu zen. Txiripaz iritsi zen guregana, baina ezinezkoa egin zitzaigun txalupara igotzea, eta baita txalupari ere gure alboan geratzea, harik eta arraunean gogor ari ziren gizonek, beren biziak geureak salbatzeko arriskuan jarrita, neke eta zorte handiz, geure gizonek txopatik bota eta urrutiraino askatu zieten buia zeraman sokari eustea lortu zuten arte, eta guk, sokatik tiraka, geure txoparaino ekarri eta, guztiok haien txalupara igotzea lortu genuen arte. Ez haiek ez guk, txalupara igo ondoren, ez genuen espero haien itsasontziraino iristea, eta horrenbestez aho batez erabaki genuen txalupari nahi zuen lekura joaten uztea, eta besterik gabe ahal genuen neurrian txalupa itsasertzera bideratzen ahalegintzea, eta geure kapitainak hitza eman zien, txalupari azpia zulatzen bazitzaion lehorrera iristean, kalteak ordainduko zizkiola ontziko kapitainari. Beraz, pixka bat arraunean eta beste pixka bat nora ezean, iparralderantz egin genuen, itsasbazterraren aurrez aurre baina zeharka, Winterton Ness-eraino.
Ordu laurden bat baino gehiago ez zen izango ontzia utzi genuela hura hondoratzen ikusi genuenean, eta orduan ulertu nuen lehenengo aldiz zer zen ontzi bat itsasoan murgiltzea. Esan beharra daukat ia ezin nituela begiak altxatu marinelek esan zidatenean itsasontzia hondoratzen ari zela, izan ere, haiek atera baininduten txalupara, eta ez ni neure kabuz, bihotza bizitzarik gabe bainuen, alde batetik beldurragatik, eta bestetik, buruhausteengatik eta aurrean nuenean pentsatzeagatik.
Egoera horretan geundela, eta gizonak txalupa itsasbazterrera eramateko arraunean jo eta ke ari zirela, ikus genezakeen, olatuen gaina hartzen genuenean, lehorrean jende pila zebilela korrika atzera eta aurrera, itsasbazterrera hurbiltzea lortzen bagenuen guri laguntza emateko. Baina oso poliki hurbildu ginen itsasertzera eta ezin izan ginen lehorreratu Winterton-go itsasargia igaro arte, itsasbazterrak Cromer-eko bidean mendebalerantz egiten duen lekuan, han lurrak pixka bat eteten bai-tzuen haizearen indarra. Han lehorreratu ginen, eta neke handirik gabe izan ez bazen ere, denak bizirik eta osorik iritsi ginen, eta oinez joan ginen Yarmouth-eraino. Gizon zoritxarrekoak ginenez gero, gizatasun handiz hartu gintuzten han, bai herriko agintariek, ostatu ona eman baitziguten, eta baita merkatari eta ontzietako jabeek ere, eta nahikoa diru eman ziguten, aukeran Londresera nahiz Hull-era joateko.
Orduan Hull-era itzuli eta etxera joateko zentzu pixka bat izan banu, pozik egongo nintzatekeen eta aitak, Salbatzaile santuaren parabolan bezala, nire ohorez txahal gizena hilko zukeen; izan ere, denbora luzea igaro baitzen gure itsasontzia Yarmouth-eko itsasadarrean hondoratu egin zela entzun zuenetik, bertan ez nintzela ito ziur jakin zuen arte.
Baina nire zorigaiztoak tematsu bultzatzen ninduen, ezerk ezin zuen geldiarazi, eta zenbait aldiz arrazoiaren deia entzun nuen arren, eta neure zentzu onak etxera itzultzeko esaten zidan arren, ez nuen hori egiteko adinako indarrik izan. Ez dakit nola azaldu egoera hori, ez nuke esango isilpeko indar ahalguztidun batek geure buruen hondatzaile izatera ezinbestean bultzatzen gaituenik, zenbaitetan zoritxarra aurrean ikusten badugu ere, edo harengana lasterka jotzen dugun arren; baina egia esateko, halako zoritxarren batek, ezin baztertuzko agindu batek, eta ezin ihes egiteko modukoak gainera, bultzatu behar izan ninduen neure arrazoibide lasaienek eta gogoeta sakonenen burubideek esaten zidatenaren kontra, eta lehenengo saioan neureganatu nituen irakaspen argigarrien kontra jokatzera.
Adiskidea nuen kapitainaren semeak, eta aurrekoan adore eman zidanak, oraingoan nik baino adore gutxiago zuen. Yarmouth-era iritsiz geroztik nirekin hitz egin zuen lehenengo aldian, eta ordurako bi edo hiru egun igaroko ziren, egoitza desberdinetan sakabanatu baigintuzten; esaten nuen bezala, ikusi ninduen lehenengo aldian, hitz egitean doinua aldatua zuela antzeman nion, eta itxura goibel samarra zuela. Buruari eraginez, zer moduz nengoen galdetu zidan, gero bere aitari nor nintzen esan zion, eta bidaldi hura urrutira joateko saio bat egitearren besterik ez nuela egin. Aitak niri begiratu eta, ahots ozen eta kezkatuaz, esan zidan:
— Gazte, ez zenuke inoiz itsasora itzuli behar, itsasgizon izateko ez zarela jaio argi eta garbi ikusteko adierazgarritzat hartu beharko zenuke gertatutakoa.
— Zergatik, jauna? —erantzun nion—. Etsiko al zenuke zuk itsasora itzuli gabe?
— Nire egoera bestelakoa da —esan zuen—. Horretarako deitua izan naiz eta nire eginbeharrekoa da, baina zuk bidaldia saio gisa egin duzunez gero, ikusi duzu zeruak bide horretan berriz abiatzen bazara aurkituko duzunaren adibide bat eskaini dizula. Agian gertatu zaiguna zuregatik gertatu zaigu, Jonasi Tarsis-eko itsasontzian gertatu zitzaion bezala. Esaidazu mesedez —aurrera egin zuen—, nor zaren eta zergatik itsasoratu zaren.
Orduan nire istorioa adierazi nion, eta amaitu nuenerako haserrealdi harrigarri batek hartua zuela ikusi nuen.
— Zer egin ote dut nik —esan zuen— honelako gizagaixo bat nire ontzira igotzeko? Mila libragatik ere ez nuke berriz oina zu zoazen ontzi berean jarriko.
Hori bere zaputzaldiaren erakusgarri bat izan zen, oso kezkatua baitzegoen izan zituen galerengatik, eta bere aginpideak ematen zion ahalmenean urrunegi joan zela uste dut. Dena dela, geroxeago lasaiago hitz egin zidan, aholku eman zidan aitarengana itzultzeko, eta Jainkoaren ardurarekin jolasean ez aritzeko eskatu zidan, izan ere, Jainkoaren haserrea nire aurka altxa zela ikusteko aukera ezin hobea izan bainuen.
— Eta gazte —esan zidan—, kontutan har ezazu, ez bazara etxera itzultzen, joaten zaren lekura joaten zarela, han hondamena eta zoritxarra besterik ez duzula aurkituko, aitaren esana betetzen ez duzun bitartean.
Berehala abiatu ginen handik; nik ez nion gizonari ezer askorik erantzun, ez nuen berriz ikusi, eta ez dakit nora joan zen. Ni berriz, sakelean diru pixka bat nuela, lehorrez abiatu nintzen Londresera, eta han, bidaldian zehar bezalaxe, borroka handiak izan nituen neure buruarekin bizitzan zein bide aukeratu behar nuen erabakitzeko, eta ez nekien zer egin, etxera itzuli ala itsasora joan.
Etxera itzultzeko aukerari zegokionean, lotsak atzera botatzen zituen nire pentsamenduen asmorik onenak, eta berehala etortzen zitzaidan burura nolako barreak egingo zituzten auzokoek nire kontura, eta nola lotsatuko nintzen, ez bakarrik aita eta ama, baita beste guztiak ere ni ikustean. Geroztik askotan konturatu naiz noraino den desegokia eta arrazoiaren kontrakoa giza izaera, batez ere gaztaroan, hain zuzen ere, arrazoiak bidea erakusteko eginkizuna duenean. Alegia, gaztea ez dela lotsatzen bekatu egiteaz, eta aldiz, lotsatu egiten dela damutzeaz; ez dela zuzentasunaren arabera zorotzat hartuak izan daitezkeen ekintza txarrak egiteagatik damutzen, eta aldiz, bide horretan atzera egiteagatik damutzen dela, atzera egite horrek gizon zuhur bihurtzea besterik ez lekarkeen arren.
Egoera horretan iraun nuen denbora puska batean, erabakiak hartzeko zalantzan eta bizitzaren norabidea zein izango nuen jakin gabe. Etxera itzultzeko gogotxarra ezin nuen barrutik baztertu, eta gainera, denborak aurrera egin ahala, jasandako zoritxarren gogorapenak ezabatuz joan ziren, eta aldi berean, joan egin zitzaizkidan etxera itzultzeko nituen gogo eskasak, azkenean pentsamendu haiek erabat baztertu, eta itsasontzian beste bidaldi bat egiteko prestaketa lanetan hasi nintzen arte.
Indar madarikatu batek bidali ninduen aitaren etxetik, dirutza handia pilatzeko asmo zoro eta zentzugabera bideratu ninduen berberak, harrokeria horiek nire baitan horren indartsu ezarri zituenak, eta edozein aholku on, erregu, eta baita aitaren aginduen aurrean ere, gor bihurtzen ninduenak; esaten nuen bezala, indar kaltegarri horrek berak, edozein zela ere haren jatorria, eginkizunik zoritxarrekoena jarri zidan aurrean; eta ni Afrikako itsasaldera zihoan ontzi batean itsasoratu nintzen, edo marinelek beren artean ari direnean esaten duten bezala, Gineara abiatu nintzen.
Tamalgarria izan zen niretzat abentura horietan guztietan itsasaldi bakar bat ezin egin ahal izatea marinel gisa, izan ere, bestela baino lan gogorxeagoa egin behar izan banu ere, aldi berean kontramaisuaren eginbeharrak eta lanbidea ikasiko bainituzkeen, eta denboraren buruan lemari edo kapitainaren laguntzaile izateko, edo baita kapitain izateko ere, gai izango nintzatekeen. Baina nire halabeharra beti txarrena aukeratzea zenez gero, orduan ere hala gertatu zitzaidan, eta poltsikoan dirua nuenez gero, eta soinean jantzi onak, jaun ikasien erara ontziratzen nintzen beti, eta horregatik ez nuen eginkizunik izaten itsasontzian, eta ez nuen ezer egiten ikasi.
Zorte ona izan nuen Londresera iritsi eta han lagunarte egokia aurkitu nuelako, eta hori ez zaie askotan gertatzen nire gisako gazte galdu eta axolakabeei, gehienetan deabruak berehala hedatzen baitizkie bere sareak, baina ez zitzaidan niri halakorik gertatu. Lehenbizi, Gineako kostan izandako itsasontzi bateko kapitain bat ezagutu nuen, han arrakasta handia izan ondoren, berriro itzultzeko erabakia hartua zuena. Gustora entzun zuen nire hizketaldia, garai hartan atsegina baitzen, eta mundua ikusi nahi nuela esan nionean, berarekin egiten banuen itsasaldia ez nuela ezer ordaindu beharko erantzun zidan; haren mahaiko laguna izango nintzela eta bidaldiko adiskidea, eta salgairik eraman nahi baldin banuen, salerosketan lortutako irabaziak osorik niretzat izango zirela, eta beharbada horrek erabakia hartzeko indarra emango zidala.
Proposamena onartu nuen, eta kapitainaren adiskide mina egin nintzen, gizon jatorra eta zintzoa baitzen. Itsasaldia berarekin egin nuen, txikikeria batzuk eraman nituen saltzeko, eta nire adiskide kapitain eskuzabalari esker irabazi handi samarrak izan nituen. Izan ere, 40 libra inguru eraman nituen kapitainak erosteko esan zidan zirtzileria eta uskerietan. Berrogei libra horiek harremanak nituen senide batzuen laguntzarekin bildu nituen, eta uste dut senide horiek lortu zutela aitak, edo gutxienez amak, nire lehenengo abenturarako dirua jartzeari baiezkoa ematea.
Hori esango nuke izan zela nire abentura guztien artean arrakastatsua izan zen bakarra, eta hori nire adiskide kapitainaren zintzotasunari eta jatortasunari zor diot. Harekin ezaguera egokia lortu nuen, bai matematikan eta baita itsasketa arauetan ere. Bidaldiaren eguneroko kontaketa egiten ikasi nuen, norabidea zaintzeko zelatan egoten, eta hitz gutxitan esateko, marinel batek ulertu behar zituen zenbait gauza ulertzen; izan ere, hark gustora irakasten baitzidan eta nik gustora ikasten bainuen. Hitz batean, itsasaldi horrek marinel eta merkatari bihurtu ninduen, etxera bost libra eta bederatzi ontza urre-hauts ekarri bainituen nire txikikerien truke, eta Londresen ia 300 libra eman zizkidaten urrearengatik. Horrek nire barruan handinahikeria piztu zuen, handik aurrera erabateko hondamena besterik ekarriko ez zidana.
Baina, hala ere, izan nituen zorigaitzak bidaldi horretan, ia denbora guztian gaixorik egon bainintzen, etengabe sukarraldiak hartzen ninduelako hango gehiegizko beroa zela eta, kostaldean egiten baikenituen salerosketa gehienak, hain zuzen ere, latitudea ekuatoreko lerrotik 15 gradu iparralderantz genuela.
Gineako merkatari izateko prestatua nengoen. Nire adiskidea, zoritxarrez, itsasalditik itzuli eta berehala hil zen, eta nik bidaldi bera egitea erabaki nuen, eta berriro ere lehengo itsasontzi berean itsasoratu nintzen aurreko bidaldian kapitainaren laguntzaile izan eta oraingoan ontziaren ardura zuen marinel batekin. Inoiz gizon batek egin duen bidaldirik tamalgarriena izan zen hura, eta nire ondasun irabazi berritik 100 libra besterik eraman ez banituen ere, eta, geratzen zitzaizkidan beste 200 librak, adiskidearen alargunari utzi banizkion ere, nirekin oso zintzo jokatu zuelako, zoritxar ikaragarriak izan nituen. Hau izan zen lehena: gure ontzia Kanariar uharteetarantz zihoala, edo hobeto esan, uharte horien eta Afrikako itsasbazterraren artean zegoela, goizaldeko iluntasunean, ezustean harrapatu zuen Sale-ko itsaslapur turkiar batek, eta, oihal guztiak zabalduta, atzetik etorri zitzaigun. Geuk ere bela-zurrunean heda zitezkeen oihal guztiak, edo hobeto esan, mastek eutsi ahal zituzten guztiak ezarri genituen handik ihes egiteko, baina itsaslapurra hurbiltzen ari zitzaigula ikusita, eta ordu gutxi barru harrapatuko gintuela, borrokarako prestatu ginen, gure ontziak hamabi kanoi zituelarik eta gaizkilearenak berriz hemezortzi. Eguerdiko hirurak inguruan iritsi zen guregana; hurbiltzean huts egin zuen ordea, eta saihetsa guri begira zuela trabeska jarri zen gure aurrean, txopan zeharkatu beharrean, asmoa zuen bezala. Alde horretan genituen zortzi kanoiei eragin, eta ontziaren saihetsari tiro egin genion. Eraso horrek handik birarazi zuen, gure tiroei haiek ere kanoiekin eta ontzian zituen ia 200 gizonen fusilen tiroekin erantzun ondoren. Hala ere, ez genuen zauriturik izan, gizon guztiak ongi babestuak baikenituen. Berriro eraso egiteko prest jarri zen, eta gu haiei aurre egiteko; orduan ere saihetsetik eraso zigun, baina beste aldetik: hirurogei gizon igo zitzaizkigun ontzi gainera eta berehala hasi ziren zubia eta hango tresnak puskatzen eta aizkorekin txikitzen. Guk fusilen tiroekin, lantzekin, granadekin eta antzeko armekin erantzun genien, eta bi aldiz bidali genituen ontzi gainetik. Dena dela, gure istorioaren zati goibel hau laburtzeko, ontzia hondatua, eta hiru gizon hilik eta zortzi zauritu genituela, borrokan etsitzea beste irtenbiderik ez genuen izan, eta Salera, mairuen esku zegoen kaira, eraman gintuzten denak atxilotuta.
Mairuek ez gintuzten hasieran uste genuen bezain gaizki hartu, eta gainera ni ez ninduten herrialdeko barrualdera eraman, enperadorearen gortera, gainerako marinelak eraman zituzten bezala, aldiz itsaslapurren kapitainak sari gisa hartu ninduen, bere zerbitzaritzat, gaztea eta argia bainintzen, eta haren premietarako egokia. Nire egoeraren bat-bateko aldaketa horrek ordea, alegia, merkatari izatetik zerbitzari errukarri izatera igarotzeak, lur jota utzi ninduen. Gogora etorri zitzaizkidan orduan aitaren hitz igarleak, zoritxarrekoa izango nintzela, eta ez nuela alboan laguntzeko inor izango ohartaraziz esan zizkidanak, eta iruditu zitzaidan era ezin okerragoan eta goitik behera bete zela hark esandakoa, eta Jainkoaren haserreak mendean hartu ninduenez gero, ez nuela handik onik ateratzeko inolako itxaropenik. Baina, ene!, hori ez zen jasan behar izango nituen hondamenen adibide txiki bat besterik, kontakizun honetan zehar ikusiko den bezala.
Nire nagusi, edo kapitain berriak bere etxean hartu ninduenez gero, itxaropena nuen itsasora itzultzen zenean berarekin eramango ninduela, eta espero nuen noizbait gerrari espainiar edo portugesen baten eskutan erortzea izango zela haren halabeharra, eta hala askatasuna neureganatuko nuela. Baina laster utzi nituen alde batera uste horiek; izan ere, itsasora itzuli zenean, etxean utzi baininduen baratza zaintzen eta zerbitzarien lan astunak egiten, eta itsasalditik itzuli zenean, itsasontzian geratzeko agindu zidan, hura zaintzen.
Harrezkero ihes egitea besterik ez nuen buruan, eta zein bide erabili hori lortzeko, baina ez nuen aurkitu arrakasta izateko aukera txikiena izango zuen modurik. Ezin nuen asmoa arrazoizkoa bihurtu, ez bainuen inor alboan itsasontzian nirekin etortzeko, ez beste zerbitzaririk, ez ingelesik, ez irlandarrik edo eskoziarrik, ni izan ezik, eta horregatik bi urtez, askotan irudipenekin atsegin hartzen banuen ere, ez nuen buruan izan benetako ikuspegi tentagarririk asmo horretan aurrera egiteko.
Handik bi urtera gertaera bitxi bat egokitu zitzaidan, askatasuna lortzeko gogoa berriro piztu zidana. Nagusiak besteetan baino denbora luzeagoa ematen zuen etxean itsasontzia itsasora joateko prestatu gabe, entzun nuenez gero, dirurik ez zuelako, eta astean behin edo bitan, batzuetan maizago, eguraldia ona baldin bazen, zama-ontzi txiki bat hartu eta itsas-golkora joaten zen arrantzara, eta beti eramaten gintuen ni eta beste mairu gazte bat arraunean egiteko, oso gustora egoten baitzen gurekin. Arrainak harrapatzen oso trebea nintzela erakutsi nion, horrenbesteraino ezen batzuetan bere sendikoa zen mairu batekin bidaltzen baikintuen ni eta «mairu gaztea», hala esaten zioten, nagusiarentzako arrain bila.
Behin batean, goiz bare-bare batean arrantzara gindoazela, laino itxia sartu zen, eta itsasbazterretik legoa erdira besterik ez ginen arren, hura bistatik galdu genuen, eta nora edo zein aldetara arraun egiten genuen jakin gabe, egun osoan eta hurrengo gau osoan ihardun genuen, eta eguna argitu zuenean konturatu ginen itsasoan barrena urrundu ginela lehorrera hurbildu ordez, eta gutxienez itsasertzetik bi legoatara geundela. Hala ere, osorik itzuli ginen, lan handia egin behar izan genuen arren, eta zailtasunak eta nekeak igaro ondoren, goizeko haize freskoak gogor samar jotzen zuelako, eta batez ere goseak ginelako.
Nagusiak, hondamen hura ikusita, aurrerantzean bere buruarentzat ere neurriak hartzea egokia izango zela iruditu zitzaion, eta gordeta zuen gure itsasontzi ingeleseko txalupa handi bat hartu, eta arrantzara ipar-orratzik eta ontzi hornirik gabe berriz ez itsasoratzea erabaki zuen. Orduan agindu zion itsasontziko arotzari, hura ere zerbitzari ingeles bat, ontziaren erdian gelatxo bat edo eraikitzeko, gabarrek izaten zutena bezalakoa, aurrean lema gidatzeko eta sokaz haize-oihal nagusia hedatzeko adina leku utzita, eta atzean gizon batek edo bik haize-oihalak jarri eta kendu ahal izateko adinakoa. Ahari-bizkarra esaten genion haize-oihal mota zabalik zuela zebilen, eta txanberga gelako sabaian zegoen eutsita; ontziko gela, gainera, erosoa zen eta makurra, eta kapitainak, zerbitzari batekin edo birekin egoteko adina leku bazuen; mahai bat eta armairu txiki batzuk ere bazituen, gustokoenak zituen edari biziak, eta batez ere, ogia, arroza eta kafea gordetzeko.
Askotan joaten zen txalupa horretan arrantzara, eta arrainak harrapatzen oso trebea nintzenez, beti eramaten ninduen berekin. Behin batean txalupa horretan itsasoratzea erabaki zuen, atseden hartzeko eta arrantza egiteko, inguru hartan ospe handi samarra zuten bizpahiru mairurekin, eta era onenean hartu nahi izan zituen. Gau horretan besteetan baino hornigai gehiago ontziratzeko agindu zigun, eta niri txalupan izaten ziren hiru fusilentzat sutautsa eta lehergaiak prestatzeko esan zidan, arrantzaz gainera ehizan aritzeko asmoa ere bazutelako.
Gauza guztiak hark esan bezala prestatu nituen, eta hurrengo goizean hantxe nengoen, txalupa distiratsu, banderatxoak eta ikurrak hedatuak, eta gonbidatuak eroso egoteko gauza guztiak prest nituela, nagusiaren zain. Handik pixka batera iritsi zen nagusia bakarrik, gonbidatuek irteerari ezezkoa eman ziotela esanez, sortu zitzaizkien beste ustegabe batzuk zirela eta, eta agindua eman zidan mairuarekin eta mutil gaztearekin, beti bezala, txalupan arrain bila joateko, lagunak etxean izango baitzituen afaritarako, eta arrainik harrapatu bezain laster etxera itzultzeko; eta hark esandako guztia egiteko gauzak prestatu nituen.
Une horretan ordea, berriro etorri zitzaizkidan burura garai bateko askatasun asmoak, itsasontzi bat bainuen neure esku; eta nagusiak alde egin zuenean, prestaketetan hasi nintzen, ez arrantzara joateko, itsasaldi bat egiteko baizik, jakin ez nekien arren, eta pentsatu ere pentsatu ez nuen arren, norantz gidatuko nuen, handik atera eta edozein leku izan baitzitekeen nire bidea.
Nire lehenengo asmakizuna izan zen aitzakiaren bat aurkitzea mairuari ontzian janaria behar genuela ikusarazteko, eta horretarako gure nagusiaren ogia jatea ez zela egokia izango esan nion. Arrazoi nuela esan zidan, eta otarre handi bat ekarri zuen ontzira etxean egindako opilez eta ogiz betea, eta hiru pitxer ur fresko. Banekien nagusiak non zituen edari bizien botilak, eta izenari begiratuta ingeles ontziren batean harrapatutakoak zirela ikus zitekeen; ontzira eraman nituen mairua itsasbazterrean zegoen bitartean, eta han utzi nituen, nagusiak han utzi izan balitu bezala. Ontziratu nuen baita ere argizari zati handi bat, berrogeita hamar libratik gorako pisua zuena, listaria edo soka mordo bat, aizkora, zerra eta mailua, gerora oso erabilgarriak denak, argizaria, batez ere, kandelak egiteko. Beste ziri bat sartu nion mairuari eta hura ere osorik irentsi zuen. Izena Ismael zuen, baina Muly edo Moely esaten zioten, eta nik era hala esan nion:
— Moely, nagusiaren fusilak ontzian daude, ekarriko al dituzu sutauts pixka bat eta tiro egiteko balak? Agian alkamarren bat (gure kurlinkaren antzeko hegazti bat) harrapa genezake, badakit eta nagusiak fusilak ontzian gordetzen dituela.
— Bai —esan zuen— ekarriko ditut.
Eta hala larruzko zaku handi bat ekarri zuen, barruan libra t'erdi, edo gehixeago sutauts zuena, eta beste bat, bospasei librako pisua izango zuena, tiro egiteko hornigaiez eta balaz betea, eta ontzian sartu zituen biak. Aldi berean nagusiaren sutautsa aurkitu nuen bere ontzi-gelan, eta harekin ia hutsik zegoen botila bat bete nuen, haren edukia beste batean hustu ondoren, eta horrela behar genuen guztia hartu ondoren, kaitik urrundu ginen arrantza egitera. Kaiko sarreran zegoen gazteluko zelatariek ezagutzen gintuzten, eta ez ziren gutaz kezkatu. Kaitik milia eskas batera iritsi ginenean, oihala bildu eta arrantzan hasi ginen. Haizeak ipar-ekialdetik jotzen zuen, nik nahi nuenaren kontra, hegoaldetik jo izan balu, Espainiako itsasaldera eramango baikintuen, edo gutxienez Cadizeko golkoraino. Baina erabakia hartua nuen, haizeak edozein alderditik jotzen zuela ere, leku izugarri hartatik ihes egingo nuen, eta gainerakoa halabeharraren esku utziko nuen.
Tarte batean ezer harrapatu gabe arrantzan aritu ondoren, amuan arrainen bat nuenean, ez bainion tira egiten mairuak ez ikusteko, esan nion:
— Hemen ezin da, ezin dugu nagusiaren agindua bete, urrunago joan beharko dugu.
Hark ez zuen susmo txarrik hartu eta bat etorri zen, eta ontziaren brankan zegoenez gero, oihalak hedatu zituen. Nik lema neraman, eta ontzia legoa bat urrunago eraman nuen, eta orduan arrantzan hasteko itxurak egin nituen. Lema mutil gazteari utzi nion, eta mairua zegoen lekura hurbildu nintzen, eta bere atzean zerbait hartzeko makurtzen nintzela itxurak egin ondoren, ezustean harrapatu nion hankartea, besoarekin estutu, eta ontzi gainetik itsasora bota nuen. Berehala atera zen uretatik, tortotxa baino errazago baitzebilen ur gainean, eta oihuka dei egin eta erregutu zidan ontzira igotzen uzteko, eta igotzen uzten baldin banion munduan zehar nirekin ibiliko zela hitz eman zidan. Ontziaren atzetik oso azkar zetorren igerian, eta berehala harrapatuko ninduen, haize ahula baizebilen; horregatik ontzi-gelan sartu, ehiza eskopeta hartu, hari begira jarri, eta ez niola inolako kalterik egin nahi, eta geldirik egoten bazen ez niola ezer egingo esan nion.
— Gainera —esan nion—, itsasbazterrera iristeko bezain ongi egiten duzu igeri, eta itsasoa bare dago. Hobe duzu lehorrerantz abiatzea, eta horrela ez dizut kalterik egingo, baina ontzira hurbiltzen bazara, buruan tiro egingo dizut, askatasuna lortzeko erabakia hartua baitut.
Beraz, beste aldera begiratu eta itsasbazterrerantz hasi zen igeri egiten, eta ziur nago erraz iritsiko zela, igerilari bikaina baitzen.
Agian hobe izango nukeen mairua ontzian utzi eta mutila ontzitik behera bota izan banu, baina ezin nintzen mairu hartaz fidatu. Urrundu zenean, Xury deitzen zioten mutil gazteari begiratu eta esan nion:
— Leialki jokatzen baduzu nirekin, gizon handia egingo zaitut, baina eskua aurpegitik igarota ez badidazu zin egiten, hau da, ez badidazu Mahomaren eta zure aitaren izenean hitza ematen, zu ere itsasora botako zaitut.
Mutil gazteak irribarre egin zidan, eta horren tolesgabeki hitz egin zidanez gero, erabat sinetsi nion. Zin egin zidan leial eta zintzo jokatuko zuela nirekin eta mundu osoan barrena nire atzetik etorriko zela.
Mairuaren ikusmenean egon nintzen bitartean, haizealderantz egin nuen pixka batean, hari itsasarteko bokalera jo nuela sinestarazteko (bere senean zegokeen edonork egingo zukeen bezala). Izan ere, nork uste izango luke hegoalderantz joango ginela, itsasbazter basatietara, beltzen leinu osoak beren kanoekin inguratu eta txikituko gintuzketen lekuetara, eta behin ere lehorreratzeko aukerarik izango ez genukeen lekuetara, animalia basatien edo gizaki are esker txarrekoagoen erasoak jasatera?
Baina arratsaldean, ilundu bezain laster, norabidea aldatu nuen eta hegoalderantz eta ekialderantz gidatu nuen ontzia, eta pixka bat ekialderago jo nuen, itsasbazterretik gehiegi ez urruntzearren. Haize bolada egoki bati eta itsaso bareari esker, uste dut hurrengo eguneko eguerdiko hiruretarako ez nituela 150 milia baino gutxiago eginak izango Saletik hegoalderantz, Marokoko enperadorearen lurraldeetatik urrun, eta baita beharbada inguruko edozein erregerenetik, ez baikenuen inon jenderik ikusi.
Baina mairuei horrenbesteko beldurra nienez gero, eta haien eskutan erortzeak horrenbesteraino izutzen ninduenez gero, ez nuen ontzia gelditu, ez itsasbazterrera jo, eta ezta aingura bota ere, eta haize alde izanda ere, bost egun egin nituen era berean. Gero haizeak hegoaldera aldatu zuen eta itsasontziren bat atzetik izan baldin bagenuen, erabaki nuen etsita egongo zela ordurako, beraz, itsasertzera hurbildu eta ibai txiki baten bokalean aingura botatzera ausartu nintzen. Ez nekien ez non, ez zein latitudetan, ez zein herrialdetan nengoen, ez zein ibai zen hura. Ez nuen inor ikusi, eta ez nuen inor ikusi nahi; garrantzitsuena edateko ura lortzea zen. Arratsaldean ibaira hurbildu ginen, eta erabaki genuen ilundu bezain laster lehorrera igeri joango ginela lurraldea aztertzeko; baina ilundu orduko ikaragarrizko zaunkak, marruak eta uluak entzun genituen, ez dakigu zein motatako animalia basatirenak. Mutil gizagaxoa beldurrak akabatzen zegoen, eta erregutu zidan eguna argitu arte lehorrera ez joateko.
— Ederki, Xury —esan nion—, ez naiz joango, baina gerta daiteke egun argiz gizonen bat azaltzea, eta guretzat lehoi horiek bezain kaltegarriak izango dira.
— Orduan tiro egingo diegu —esan zuen Xuryk barrezka— eta ihes egingo dute.
Xuryk ingelesa zerbitzariokin hitz egiten ikasi zuen. Bestalde, poztu egin nintzen mutila horren umoretsu ikusi nuelako eta edari zurrutada bat eman nion (gure nagusiaren botilen kaxatik) adore emateko. Egia esan, Xuryren aholkua ona zen, eta gogoan hartu nuen. Gure aingura txikia bota eta gau osoan mugitu gabe egon ginen. Mugitu gabe esan dut, ez baikenuen lorik egin; izan ere, bizpahiru ordu igaro zirenean, era askotako izaki ikaragarriak ikusi baikenituen (ez genekien zein izen eman) itsasbazterrera hurbiltzen eta uretara lasterka abiatzen; eta freskura hartzeagatik edo, zilipurdika uretan murgiltzen, inoiz entzun ez nituen oihuak eta uluak eginez.
Xury beldurrak airean zegoen, eta ni neu ere hala nengoen, baina are gehiago beldurtu ginen haietako izaki indartsuetako bat gure ontzira hurbiltzen ari zela sumatu genuenean. Ezin izan genuen ikusi, baina haren sudur-ziztua entzunda, pizti zoro eta ikaragarri bat izan behar zuela garbi geratu zen. Xuryk zioen lehoi bat zela, eta hala izan zitekeen, eta gizajoak negarrez erregutu zidan aingura jasotzeko eta handik arraunka ihes egiteko.
— Ez, Xury —esan nion—, buiaren soka askatuko dugu eta itsasoan barrena abiatuko gara, eta ezingo gaituzte harrapatu.
Hori esan bezain laster, izakia (edozein motatakoa zela ere) guregandik bi arrauneko tartean zegoela sumatu nuen, eta horrek benetan harritu ninduen. Berehala ireki nuen ontzi-gelako atea, fusila hartu eta tiro egin nion. Orduan piztiak jira egin zuen eta itsasbazterrera itzuli zen igeri.
Baina ezin dut adierazi fusilaren hotsa entzun zenean nolako hots izugarriak eta oihu eta ulu ikaragarriak entzun ziren, bai itsasbazterrean eta baita lurraldeko barrualdean ere, eta horrek bide eman zidan uste izateko beharbada izaki horiek ez zutela lehenago horrelako hotsik inoiz entzun. Gertatutakoak ikusarazi zidan ez zela guretzat egokia izango gauez lehorreratzea, eta egunez lehorreratzeko ere lanak izango genituela; izan ere, basatien eskuetan erortzea, lehoien eta tigreen atzaparretan erortzea bezain txarra izan baitzitekeen, edo gutxienez bietan arrisku bera ikusten genuen.
Edozein eratara ere, lehorrera nahitaez joan beharra genuen ur bila, ez baikenuen tantarik ere ontzian; noiz eta nora joan zen arazoa. Xuryk esan zidan pitxer batekin lehorrera joaten uzten baldin banion, saiatuko zela ura aurkitzen, eta ekarriko zidala. Galdegin nion zergatik nahi zuen berak joan, eta zergatik ez zuen ni joatea nahi, bera ontzian geratuta. Mutilak horren bihotz onez erantzun zidala ikusita, begiko izan nuen beti.
— Gizon basatiak baldin badatoz, ni jan, zuk alde egin —esan zidan.
— Begira, Xury —esan nion—, biok joango gara, eta gizon basatiak baldin badatoz, hil egingo ditugu, eta ez gaituzte ez zu eta ez ni jango.
Xuryri opil puxka bat eman nion jateko, eta aipatutako nagusiaren botilen kaxatik edari zurrutada bat. Ahal izan genuen gehiena hurbildu genuen ontzia itsasbazterrera, eta uretan sartu eta lehorrera iritsi ginen, armak eta ura hartzeko bi pitxer besterik ez generamatzala.
Ez nuen begien bistatik ontzia galdu nahi, ibaian behera beltzen kanoak azalduko ziren beldur bainintzen, baina mutilak itsasertzetik milia batera edo lur laua aurkitu zuenez gero, harantz abiatu zen; eta halako batean, niregana lasterka zetorrela ikusi nuen. Pentsatu nuen basatiren bat izango zuela atzetik edo piztiren batek izutu zuela, eta laguntzeko asmoz korrika hurbildu nintzaion, baina gertuago nengoenean, ikusi nuen bizkarrean zerbait zuela zintzilik, tiroz hildako animaliaren bat, untxiaren antzekoa, baina beste kolore batekoa eta zangoluzeagoa. Poz handia hartu genuen, haragia oso ona baitzen, baina Xury gizajoak zekarren poz handiena zen, edateko ur ona aurkitu zuela eta gizon basatirik ez zuela ikusi niri esatea.
Geroago konturatu ginen ez genuela zertan horrenbeste nekerik hartu behar ura eskuratzeko, izan ere, gu geunden itsasbazterretik goraxeago, itsasbehera zenean, edateko ur jario bat aurkitu baikenuen; beraz, hantxe pitxerrak urez bete, eta harrapatutako untxia gustora jan genuen. Gero geure bideari ekin genion, inguru hartan gizakien oin aztarnarik batere ikusi gabe.
Itsasalde horretara lehenago ere bidaldi bat egina nuenez gero, oso ongi nekien Kanariar uharteak, eta baita Cabo Verdeko uharteak ere, ez zeudela itsasertzetik oso urrun. Baina zein latitudetan ginen neurtzeko tresnarik ez nuen, eta uharte horiek non ziren zehazki ere ez nekien, edo ez nuen gogoratzen, eta ez nekien nola aurkituko nituen, ez eta noiz hasi behar nuen itsasertzetik urruntzen uharte horietara iristeko; bestela erraz aurkituko nukeen bietakoren bat. Baina itxaropena nuen, itsasbazterraren parean aurrera egiten baldin banuen, ingelesek merkataritzan ziharduten lekuren batera iritsi arte, haien itsasontziak ohiko merkataritza bideetan aurkituko nituela, laguntza emango zigutela, eta beren ontzietan hartuko gintuztela.
Nire kontu zehatzen arabera, orain nengoen lekuak, Marokoko enperadorearen eta beltzen lurraldeen artean zegoen lur lehor, soil eta piztiak besterik bizi ez zirena izan behar zuen. Beltzek, egia esateko, lurraldea utzia zuten eta hegoalderago joanak ziren mairuen beldur zirelako, eta mairuek berriz, ez zuten lurraldea hartu antzua zelako; azken finean, bai batzuek eta bai besteek alde egin zuten han bizi ziren tigre, lehoi, lehoinabar eta beste izaki arriskutsu pila ikaragarriengatik. Mairuek, egia esan, lurralde hura ehizarako beste ezertarako ez zuten erabiltzen, eta horretarako gudaroste baten antzera joaten ziren, bi edo hiru mila gizon batera. Horregatik, ia ehun milia itsasbazterraren parean aurrera egin ondoren, ez genuen egunez lurralde lehor eta soil bat besterik ikusi, eta gauez pizti basatien orroak eta uluak besterik ez genituen entzun.
Egun argiz, behin edo bitan iruditu zitzaidan Tenerifeko gailurra ikusi nuela, Kanariar uharteetako garaiena, eta harantz abiatzea bururatu zitzaidan, uhartera iristeko itxaropenarekin. Baina bitan saiatu ondoren, kontrako haizeak barrurantz bidali ninduen, eta itsasoa oso gora zegoen nire ontzi txikiarentzat; beraz, lehenengo erabakiari eustea eta itsasertzaren parean aurrera egitea erabaki nuen.
Handik urrundu ondoren, zenbait aldiz lehorreratu behar izan nuen ur bila joateko, eta behin batean, goizean goiz, garai samarra zen lurmutur baten aurrean bota genuen aingura, eta han geratu ginen itsasgoraren zain, hari esker lehorrean barrurago iristeko. Xuryk, nireak baino begi erneagoak zituela zirudien, eta, apal-apal dei egin, eta hobe genuela kostaldetik urruntzea esan zidan.
— Begira —esan zuen—, hor, muino horretako hegalean mamu ikaragarri bat dago lo zerraldo.
Erakutsi zidan lekura begiratu nuen, eta han ikusi nuen mamu ikaragarri hura, hondartzatik gertu zegoen lehoitzar beldurgarri bat, gainean zuen mendi irtenune batek egiten zion itzalpean etzanda.
— Xury —esan nion—, zoaz lehorrera eta hil ezazu.
Xuryk izutua begiratu eta esan zidan:
— Nik hil? Aho batean jango nau.
Ahamen batean esan nahi zuen. Dena dela, ez nion mutilari besterik esan, baina ez mugitzeko agindu nion. Fusilik handiena hartu nuen, ia moskete baten lodiera zuena, sutauts pila sartu nion, eta bi berunezko bala, eta bazter batean utzi nuen; gero, bi bala sartu nizkion beste fusilari, eta hirugarrenari (hiru ale baikenituen) bost bala txiki. Lehenengoa hartu eta ahal bezain ongi zuzendu nion tiroa burura, baina hankak sudurra baino gorago iristen zitzaizkiola etzanda zegoenez gero, berunezko balak hanka bateko belaunean jo, eta hezurra hautsi zion. Orroka jaiki zen hasieran, baina hanka hautsia zuenez, berriro etzan zen, gero berriz altxa zen hiru hanken ganean, eta inoiz entzun dudan orrorik ikaragarriena egin zuen. Harritu samarra geratu nintzen ez nuelako buruan jo, baina berehala hartu nuen bigarren arma, eta, urruntzen hasi zen arren, berriro tiro egin eta buruan eman nion, eta lurrera erortzen ikusteko poza izan nuen, eta hots handirik egin gabe, bizirik irauteko borrokan aritu zen tarte batean. Orduan Xury adoretu zen, eta lehorrera joaten uzteko eskatu zidan.
— Tira, zoaz —esan nion, eta mutila uretara jauzi egin, eta arma txikiena eskuan hartuta, hondartzaraino igeri egin zuen beste eskuarekin, eta piztiarengana hurbildu zenean, armaren ahoa belarrian jarri zion, eta berriro buruan tiro egin eta seko utzi zuen.
Hura jolasa zen guretzat, baina ez zen janaria, eta benetan damutua nengoen hiru sutauts zama galdu genituelako ezertarako balio ez zuen pizti hari tiro egiten. Hala ere, Xuryk esan zuen zerbait aterako ziola, eta ontzira etorri eta aizkora eskatu zidan.
— Zertarako, Xury? —esan nion.
— Nik burua moztu —esan zidan.
Baina ez zuen burua moztea lortu, aldiz, hanka moztu zion eta ontzira ekarri zuen, eta benetan ikaragarri handia zen.
Orduan bururatu zitzaidan, beharbada, animaliaren larrua modu batera edo bestera baliagarria izan zitekeela guretzat, eta erabaki nuen ahal izanez gero, piztia larrutzea. Beraz biok lanari ekin genion, baina Xury ni baino trebeagoa zen lan horretan, nik ez bainuen batere ongi asmatzen. Egia esateko, egun osoa eman genuen lanean, baina azkenean animalia larrutu genuen erabat, eta ontziko gelaren sabaian zabalik utzita, eguzkiak bi egunetan erabat lehortu zuen, eta handik aurrera gainean etzateko erabili nuen.
Geldialdi horren ondoren, hamar edo hamabi egunez etengabe hegoalderantz jo genuen, janaria aurrezteko ahalegin handiak eginez, urria baitzen ordurako, eta ez ginen lehorrera joan, ur bila joateko premia genuenean izan ezik. Nire asmoa Ganbia edo Senegal ibaiak aurkitzea zen, edo beste modu batera esanda, Cabo Verde ingurura hurbiltzea, han itsasontzi europarren bat aurkitzeko itxaropenez. Baina ez baldin banuen hori lortzen, ez nekien norantz joan, uharte horien bila ala beltzen artean hiltzera. Banekien Europatik Gineako kostara, Brasilera nahiz Ekialdeko Indietara joateko irteten ziren itsasontzi guztiak, lurmutur hartan edo uharteetan gelditzen zutela, eta hitz batean, nire zoria aukera bakarraren esku utzi nuen: itsasontziren bat aurkitu ala hil.
Erabaki hori hartu eta handik hamar bat egunera, lehen esan dudan bezala, ikusten hasi nintzen lurralde haietan jendea bizi zela, eta itsasbazterraren ondotik igarotzean, bi edo hiru lekuetan, jendea lehorrean ikusi genuen zutik guri begira, eta oso beltzak zirela eta guztiz biluzik zeudela konturatu ginen. Lehorreratu eta haiengana joateko gogoa egin zitzaidan, baina Xury zen nire aholkularirik onena eta esan zidan:
— Ez joan, ez joan.
Edozein eratara ere, itsasertzera hurbildu nintzen pixka bat haiekin hitz egiteko, eta nire parean hondartzan korrika ikusi nituen tarte luze batean. Ohartu nintzen ez zutela eskuetan armarik, makila luze eta lerden bat zeraman batek izan ezik, eta Xuryk esan zuenez urrutitik oso begi onez botatzen zuten lantza bat zen. Beraz, ez nintzen gehiegi hurbildu, baina keinuka, ahal izan nuen bezala, hitz egin nuen haiekin, eta jateko zerbait nahi nuela adierazi nien nola edo hala. Haiek ontzia gelditzeko seinaleak egin zizkidaten eta janari bila joango zirela eman zidaten aditzera. Hori ikusita, haize-oihalaren goiko aldea bildu nuen, eta zain geratu nintzen. Bi gizon mendian gora joan ziren korrika, eta ordu erdi igaro baino lehen, bi puska haragi lehor eta bertako labore batzuk zekartzatela itzuli ziren, baina guk ez genuen asmatu zer ziren ez bata eta ez besteak. Gustora hartuko genituzkeen, baina gure hurrengo kezka zen haiek nola eskuratu, ni ez bainintzen ausartzen haiengana joaten, eta haiek ere beldurrak airean baitzeuden. Orduan beltzek bide egokia aurkitu zuten guztiontzat: gauzak hondartzan utzi zituzten, gero handik urrundu, eta oso atzean geratu ziren, guk gauzak ontzira eraman arte, eta orduan berriz hurbildu ziren.
Eskerrak emateko keinuak egin genizkien, ez baikenuen ezer ordainetan emateko. Baina une horretan bertan izan genuen aukera haiei ongi ordaintzeko. Lehorretik gertu ginela, bi pizti indartsu azaldu ziren menditik itsaso alderantz, bata bestearen atzetik (hala iruditu zitzaigun), eta bere onetik aterata. Arra emeari segika ote zen, jolasean edo borrokan ari ziren ezin genuen jakin, ezta hura eguneroko gertaera zen edo gertaera bitxiren baten aurrean ote ginen; baina uste dut bigarren ustea zela zuzenena, alde batetik, animalia gosetu horiek gutxitan azaltzen zirelako inguru horietan, gauez ez baldin bazen, eta bestetik, jendea oso izutua zegoelako, batez ere emakumezkoak. Lantza edo dardoa zuen gizonak ez zuen ihes egin, baina beste guztiek bai; hala ere, bi piztiak zuzenean uretara joan ziren, eta ez zirudien beltzei eraso egiteko asmorik zutenik, eta aldiz, uretara jauzi egin eta igerian aritu ziren alde batera eta bestera, uretara jolasera joan balira bezala. Azkenik, bietako bat gure ontzira hurbiltzen hasi zen, nik uste nuena baino gehiago; ni ordea, tiro egiteko prest nengoen, fusila presaka bete bainuen, eta Xuryri beste biak betetzeko agindua eman bainion. Piztietako bat irispidean ikusi bezain laster, tiro egin, eta bete betean eman nion buruan. Une berean uretan behera joan zen, baina berehala irten, eta sartu eta atera ibili zen, bizirik irauteko borrokan ariko balitz bezala, eta hala gertatzen zitzaion gainera. Berehala itsasbazterrera iristeko ahaleginak egin zituen, baina zauria zela alde batetik, heriozko zauria hain zuzen, eta irentsitako ura bestetik, lehorrera iritsi baino lehentxeago hil zen.
Ezinezkoa zait adieraztea izaki gizajo haien harridura, zarata eta fusilaren tiroa entzutean; batzuk beldurrak airean zeuden, eta izuaren izuz lurrera erori ziren hilik baleude bezala. Baina piztia hilik ikusi zutenean eta uretan itota, eta keinuak egin nizkienean itsasertzera hurbiltzeko, adore hartu zuten, eta hondartzara hurbildu eta piztiaren bila hasi ziren. Odolak ura non zikintzen zuen ikusita aurkitu nuen piztia, eta haren gorputza ongi lotu ondoren, beltzei tiratzeko eman nien soka baten laguntzaz, hondartzaraino arrastaka eramatea lortu zuten, eta ikusi zuten lehoinabar bitxi bat zela, ñabarra eta benetan bikaina. Beltzek eskuak gora jartzen zituzten, animalia hiltzeko erabili nuen tresnarekin txundituta zeudela adieraziz.
Beste piztiak, suaren distirarekin eta fusilaren zaratarekin izutua, itsasbazterrera egin zuen igeri, eta lasterka joan zen etorritako bidetik mendian gora, eta horren urrutitik begiratuta ezin izan nuen ikusi zer zen. Berehala konturatu nintzen beltzek animaliaren haragia jan nahi zutela, eta nik espero nuen nire oparitzat hartuko zutela, izan ere, seinaleak egin nizkienean animalia har zezaketela esanez, eskerrak eman zizkidaten. Berahala hasi ziren lanean, eta labanarik ez zeukaten arren, egur zati zorrotz batekin, animalia labanaz egingo genukeen bezain aise, edo are aiseago, larrutu zuten. Haragia eskaini zidaten, baina ezetz esan nien, haientzat zela adierazi nien keinuka, baina larrua eskatu nien, eta ugari ekarri zidaten; gero beren hornigaietatik pila eman zidaten berriz, eta nik zer zen ez nekien arren, onartu egin nuen. Orduan ura eskatu nien keinuka, eta nire pitxerretako bat erakutsi nien, buruz behera jarrita, hutsik zegoela eta betea nahi nuela adierazteko. Beren lagunetako batzuei dei egin zieten berehala, eta bi emakume etorri ziren, buztinezko ontzi handi bat zekartela, nire ustez eguzkitan egositakoa, eta niretzat utzi zuten itsasbazterrean, lehen egin zuten bezala. Xury bidali nuen gure pitxerrekin, eta hirurak bete zituen. Emakumezkoak gizonezkoak bezala biluzik zeuden goitik behera.
Horrenbestez, sustraiez eta laboreez hornitua nengoen, eta baita urez ere, eta nire lagun beltzak utzi eta beste hamaika egunetan zehar aurrera egin nuen, lehorrera hurbildu gabe, lurraren zati luze-luze bat itsasoan sartzen zela ikusi arte, nire aurrean lauzpabost legoatako tartean. Itsasoa oso bare zegoenez gero, muturreraino iristeko bide luzea egin genuen bazterrari jarraituz. Azkenean, muturrari bira eman genionean, lehorretik milia pare batera ginela, lurra ikusi nuen aurrez aurre, itsaso aldean. Beraz erabaki nuen, ziurrenik lurmuturra Cabo Verde izango zela eta beste aldeko lurra uharteak, zeuden lekuan egoteagatik, Cabo Verde uharteak zeritzanak. Bestalde oso urrun zeuden, eta ez nekien oso ongi zer egin, izan ere, haizealdia altxatuz gero, ez bainintzen ez batera ez bestera iritsiko.
Zalantza horretan nengoela, buruari eraginez, lema Xuryren eskuetan utzi nuen, eta ontzi-gelan sartu eta han eseri nintzen. Halako batean mutila oihuka hasi zen:
— Nagusi, nagusi, bela-ontzi bat!
Mutil inozoa izutua zegoen hezurretaraino, bere nagusiak bidalitako ontziren bat izan behar zuela uste zuelako, baina nik banekien haien irispidetik urrunegi ginela ordurako. Gelatik kanpora jauzi egin eta berehala ikusi nuen, ez ontzia bakarrik, baita nongoa zen ere. Itsasontzia portugaldarra zen, ziurrenik Gineako itsasertzera beltzen bila zihoana. Baina haren norabideari begiratu nionean, berehala konturatu nintzen beste norabait zihoala, eta ez zuela lehorrera hurbiltzeko asmorik. Horregatik, itsasoan barrena abiatu nintzen, ahal nuen gehiena, ahal izanez gero, haiekin hitz egiteko asmoz.
Haize-oihal guztiak zabalduta ere, konturatu nintzen ezingo nuela haien bidera iritsi, eta alde egingo zutela nik haiei seinalerik egin baino lehen. Baina ontzia bizkorrago ezin eraman nuela ikusita, eta etsitzen hasita nengoen unean, haiek, itxura denez, teleskopioz ikusi ninduten, eta ontzi europarren bat izango zelakoan, eta ziurrenik, itsasoan galdutako itsasontziren batena, haize-oihalak pixka bat bildu eta nire zain geratu ziren. Horrek adore eman zidan, eta nagusiaren bandera ontzian neramanez gero, airean erakutsi nien larrialdiaren seinale, eta fusila hartuta tiro egin nuen. Bi seinaleak ikusi zituzten, eta fusilaren hotsa entzun ez zuten arren, kea ikusi zutela esan zidaten. Seinale horiek ikusi zituztenean, niri mesede egiteko ontzia geratu zuten eta zain geratu ziren, eta handik hiru ordutara iritsi nintzen haiengana.
Zer nintzen galdegin zidaten, portugesez, gaztelaniaz eta frantsesez, baina ez nituen hizkuntza horiek ulertzen. Azkenean, ontzian zihoan marinel eskoziar batek hitz egin zidan, eta ingelesa nintzela erantzun nion, eta Sale-ko mairuen esklabotasunari ihes egin niola. Orduan ontzira igotzeko agindua eman zidaten, eta oso ongi hartu ninduten, nire ondasun guztiekin batera.
Poz ikaragarria hartu nuen, edonork uler dezakeen bezala, bizirik eta onik atera nintzelako zoritxarreko eta ia itxaropenik gabeko egoera hartatik, eta berehala neukan guztia eskaini nion ontziko kapitainari, nire bizitza salbatzearen ordainetan. Baina hark eskuzabaltasun handiz esan zidan ez zuela nire ondasunik onartuko, eta neukan guztia eskuratu ahal izango nuela Brasilera iristean.
— Izan ere —esan zuen—, ni neu salbatua izan nahiko nukeen eran salbatu zaitut, eta ez bestela, eta gerta liteke, noizbait halabeharrak ni antzeko egoera batera eramatea.
Gero esan zuen:
— Gainera, Brasilera eramaten bazaitut, zure herritik horren urrutira, eta zure ondasunak neureganatzen baditut, goseak hilko zara han, eta orduan salbatutako bizia berriro kenduko nizuke. Ez, ez Seignor Inglese —esan zuen amaitzeko—, ingeles jauna, errukiz eramango zaitut, eta ondasun horiek beharrezkoak izango dituzu bizigaiak erosteko eta etxera joateko bide-saria ordaintzeko.
Proposamena egitean errukiorra izan zen bezala, bete ere goitik behera bete zuen, eta marinelei agindu zien ez ukitzeko nire ondasunetatik ezer, gero dena bere ardurapean jarri zuen eta gauza guztien zerrenda zehatz bat eman zidan, buztinezko pitxerrak ere tartean.
Nire ontzia oso ona zela ikusi zuenez gero, itsasontzian erabiltzeko erosiko zidala esan zidan, eta ea harengatik zenbat diru nahi nuen galdegin zidan. Erantzun nion oso eskuzabala izan zela nirekin eta ezin niola dirurik eskatu ontziarengatik, eta bere esku uzten nuela erantzuna. Orduan esan zidan agiri bat idatziko zuela Brasilera iristean zortziko larogei txanpon ordainduko zizkidala esanez, eta hara iritsiz gero, beste norbaitek diru gehiago eskaintzen bazuen, berak uko egingo ziola ontzia erosterari. Zortziko hirurogeita hamar txanpon gehiago eskaini zizkidan Xury mutil gaztearengatik, baina nik ez nituen hartu nahi izan, ez mutila kapitainari ez emateagatik, haren askatasuna ez nuelako saldu nahi baizik, oso leialki lagundu baitzidan neurea lortzen. Hala ere, arrazoi horiek jakinarazi nizkionean, bidezkoak iruditu zitzaizkion, eta hitza eman zidan hamar urte barru, kristau egiten bazen, aske utziko zuela. Hori entzutean, eta Xuryk harekin joan nahi zuenez gero, kapitainaren eskuetan utzi nuen.
Oso bidaldi ona egin genuen Brasilera, eta hogei bat egunen buruan iritsi ginen Bahia de Todos los Santos, edo Santu Guztien itsasartera. Berriro ere ihes egin nuen bizitzaren egoera tamalgarrienetik, eta handik aurrera zer egingo nuen erabaki beharra neukan.
Kapitainak eskaini zidan esker oneko harrera ez dut inoiz behar adina gogoratuko. Ez zuen ezer hartu nahi izan nire bide-sariaren truke, hogei dukat eman zizkidan ontzian nuen lehoinabarraren larruarengatik, eta berrogei lehoiarenagatik; ontzian neraman guztia behar zen garaian itzularazi zidan, eta saldu nahi izan nuena hark erosi zidan, hala nola botila kaxa, fusiletako bi eta argizari zatitik geratzen zen puska bat, gainerakoa kandelak egiteko erabili bainuen. Hitz batean, 220 txanpon irabazi nituen neraman zamarekin, eta diru kopuru horrekin lehorreratu nintzen Brasilen.
Handik denbora gutxira, kapitainak bera bezalako gizon on eta zintzo baten etxera bidali ninduen, ingenio bat zuena, haiek esaten zioten bezala, hau da, azukre soroak eta azukre-ola. Harekin bizi izan nintzen denboraldi batean, eta azukrea nola landatzen eta lantzen zuten ikasi nuen, eta, azukre soroen jabeak oso ongi bizi zirela, eta berehala aberasten zirela ikusita, erabaki nuen, han ezartzeko agiriak eskuratzen banituen, ni ere azukre-landatzaile izango nintzela, eta bitartean bideren bat aurkitu behar nuela Londresen utzitako dirua, norbaitek niri bidali, eta eskuratu ahal izateko. Helburu horrekin, herritartzeko agiria lortu ondoren, neukan diruarekin eros nezakeen landu gabeko lur-sailik handiena erosi nuen, eta handik aurrerako egitasmo bat prestatu nuen soroetarako eta nire bizilekurako, Londresetik jasotzeko nuen diruraren arabera egindakoa.
Auzo bat nuen, Lisboako portugaldarra, guraso ingelesak zituena, Wells izenekoa, eta nirearen antzeko egoeran zegoena. Auzo esaten nion bere soroak nireen ondoan zeudelako eta oso ongi konpontzen ginelako. Nire ondasunak urriak ziren, harenak bezala, eta batez ere bizigaietarako landu genuen lurra ia bi urtez. Baina, aurrera egiten hasi ginen, eta lurrak lehenago baino emaitza hobeak ematen hasi ziren, eta horrela, hirugarren urtean tabakoa landatu, eta lur-sail handi bana eskuratu ahal izan genuen, eta hurrengo urtean azukre kanaberak landatzeko prestatu genituen. Baina biok laguntza behar genuen, eta orduan konturatu nintzen, ordu arte ez bezala, huts egin nuela Xury mutikoarengadik bereiztean.
Baina, ene!, ez zen ez harritzekoa nik huts egitea, ez bainuen inoiz bide zuzenik aurkitu. Aurrera egitea beste biderik ez nuen. Nire izaerarekin ongi ezkontzen ez zen lanbide batean sartu nintzen, gustokoa nuen bizimoduaren erabat kontrakoa, eta bizimodu harengatik utzi nuen aitaren etxea eta utzi nituen alde batera haren aholkuak. Are gehiago, erdiko mailara iristen ari nintzen, edo behe mailakoaren maila gorenera, aitak egokiena zela esan zidana; eta garai horretan maila hura onartu izan banu, hobe nukeen etxean geratu, munduan zehar ibili nintzen bezala alferrik nekatzen ibili gabe. Eta askotan esaten nion neure buruari, horixe bera egin nezakeela Ingalaterran neure lagunen artean, 5.000 milia urrunago joan gabe, arrotz eta basatien artean gauza bera egiteko, basamortuaren erdian, eta nire ezagutzarik txikiena zuen mundutik ezer ez entzuteko moduko tarte ikaragarrian. Horregatik askotan guztiz damutua egoten nintzen nire egoeraz. Ez nuen hitz egiteko lagunik, noizean behin auzoarekin izan ezik, eskulana beste zereginik ez nuen, eta askotan esaten nuen, jenderik gabeko uharte batera bidalia izan den gizon bakarti baten erara bizi nintzela. Baina nolakoa izaten den zuzentasuna!, eta zenbat pentsatu beharko lukete gizonek, beren egoera beste okerragoekin alderatzen dutenean, Zeruak behartu baititzake egoeraz aldatzera, eta esperientziaren bidez lehenago zuten zoriona ikusaraztera; eta hala diot, nolakoa den zuzentasuna, izan ere, uharte galdu batean ikusten nuen bizitza bakarti hori izan baitzitekeen nire halabeharra, arrazoirik gabe askotan orduko bizitzarekin alderatu nuelako, eta aldiz, bizimodu horretan aurrera egin izan banu, aukera izan nezakeen, aberatsa eta zori onekoa izateko.
Lurrak landatzeko zereginean sartuta nengoen nolabait, itsasoan jaso ninduen nire adiskide kapitaina azaldu zenerako, izan ere, ontziak ia hiru hilabete eman baitzituen kaian zamatzen eta hurrengo bidaldia egiteko prestatzen, eta Londresen diru apur bat nuela esan nionean, aholku zintzo eta benetakoa eman zidan:
— Seignior Inglese —esan zidan, beti hala esaten baitzidan—, eskutitzen bat eman nahi badidazu, eta ahalmen bat Londresen zure dirua duen pertsonari zure ondasunak Lisboara bidal ditzan aginduak emanez, nik esandako pertsonari eta lurralde honetarako egokiak diren salgaietan, ondasun horien ordaina emango dizut, Jainkoak nahi badu, ni itzultzean. Baina gizonen asmoak gorabeheren eta zoritxarren mende daudenez gero, ehun libra esterlina eskuratzeko ahalmena besterik ez ematea eskatuko nizuke, zuk esandakoaren arabera, zure dirutzaren erdia, eta horrela zoriaren esku utziko zenuke lehenengo zatia, eta onik iristen bazaizu, beste erdia era berean eska zenezake; baina galduko balitz, beste erdia izango zenuke erabilgarri, behartuz gero.
Horren aholku zentzuzkoa eta horren era atseginean emana zirudienez gero, iruditu zitzaidan hura zela zalantzarik gabe biderik onena. Horren arabera, eskutitzak prestatu nituen nire dirua zuen emakume zintzoarentzat, hura bidaltzeko eskatuz, eta ahalmen bat kapitain portugaldarrarentzat, hark esan bezala.
Ingeles kapitainaren alargunari nire abenturen berri eman nion idatziz: esklabutza, ihesa eta kapitain portugaldarrak itsasoan aurkitu izana, haren jokaera zintzoa, eta nire une hartako egoera, dirua nora bidali behar zuen jakiteko beharrezkoak ziren ohar eta helbide guztiekin batera. Eta kapitain zintzoa Lisboara iritsi zenean, bidea aurkitu zuen, hango merkatari ingelesen bidez, ez bakarrik eskutitzak bidaltzeko, baita Londreseko merkatari bati nire istorioaren berri zehatza emateko ere. Merkatariak emakumeari jakinarazi zion gertatutakoa, eta hura entzutean emakumeak dirua bidaltzeaz gainera, bere diruarekin kapitain portugaldarrari opari dotore bat erosi eta bidali zion, nirekin izan zuen eskuzabaltasuna eta gizatasuna eskertzeko.
Londreseko merkatariak ehun librekin ondasun ingelesak erosi ondoren, kapitainak idatziz esan zion bezala, Lisboara bidali zituen harentzat, eta hark Brasilera ekarri zizkidan osorik eta onik. Ondasun horien artean, nik ezer esan gabe, (gazteegia bainintzen neure lanbidean gauza horietan pentsatzeko), era guztietako tresnak aurkitu nituen, burnikiak eta lurra lantzeko lanabesak, denak oso erabilgarriak.
Ontzi-zama hori iritsi zenean, zorionaren orduak jo zuela iruditu zitzaidan, eta ezustea oso pozik hartu nuen, gainera nire mezulari zintzoak, kapitainak, nire lagun alargunak berarentzat opari gisa bidali zizkion bost librak, niretzat sei urtez lan egingo zuen zerbitzari bat erosteko erabili zituen, eta ez zuen nik eskainitako ezer hartu nahi izan, tabako pixka bat izan ezik, eta hori onarrarazi banion, nire uztan bildutakoa zelako izan zen.
Baina ez zen dena horretan geratu. Nire ondasun guztiak ingelesak izaki, hala nola, ehunak, zapiak, mahaiko oihalak eta herrialde hartan oro har balio handikoak eta gustagarriak ziren gauzak, etekin oso ona lortzeko moduan saldu nituen, eta esan dezaket lehenengo ontzi-zamaketan nuena baino lau aldiz gehiago nuela, eta nire auzo gizajoa oso atzean utzi nuela, soroen aurrerapenean alegia, izan ere, egin nuen lehenengo gauza esklabu beltz bat erostea izan baitzen, eta baita zerbitzari europar bat ere, hau da, kapitainak Lisboatik ekarri zidanaz gainera beste bat.
Baina goraldi gehiegizkoak askotan zoritxar handienak ekartzen dituen eran, niri ere hala gertatu zitzaidan. Hurrengo urtean arrakasta handia izan nuen uztarekin. Nire lurretan berrogeita hamar tabako-hosto kiribildutako zama bildu nuen, auzoen premietarako behar zena baino gehiago, eta berrogeita hamar hosto-kiribil horietako bakoitzak ehun libratik gorako pisua zuenez gero, eta ongi lehortuak zeudenez gero, gordeta utzi nituen Lisboako ontziak iritsi arte. Orduan, lanbidean eta ondasunetan gora egin nuenez gero, burua etorkizunerako eginkizunez eta asmoez hasi zitzaidan betetzen, askotan merkatari onenen galbide izan ohi diren bezalako asmoez.
Egoera horretan aurrera egin izan banu, aukera izango nuen gauzarik onenak ezagutzeko, baina horretarako, aitak aholku eman zidan bezala, bizimodu lasaia eta patxadazkoa izan behar nuen, aitak esan zidanaren arabera, bizitzaren erdi mailak barra-barra eskaintzen zituen ezaugarriak zituena. Baina besterik izan nuen, eta berriro izan nintzen nire zoritxarren eragile borondatezkoa, batez ere okerrak areagotu nituelako, eta etorkizuneko zoritxarren aurrean behin eta berriz neure buruaz egingo nituen gogoetak bikoiztu nituelako. Zoritxar horiek guztiak zitalki lotuta zeudela zirudien atzerrian ibiltzeko nuen joera zoroarekin, eta joera hori kontraesanean zegoen zeregin komenigarri, zuzen eta garbi izango litzatekeen ikuspegi argiarekin, eta Izadiak eta Jainkoaren ardurak biek batera eskaintzen zizkidaten bizitzaren gertaera eta egitasmo betebeharrekoekin.
Antzina egin nuen bezala, aitaren etxetik alde egitea erabaki nuenean, orduan ere ezin nintzen pozik egon, eta alde egin beharra nuen, eta alde batera utzi lur-sail berriarekin gizon aberatsa eta zoriontsua izateko nuen etorkizun pozgarria, gauzen berezko izaerak onartzen zuena baino azkarrago aberasteko nuen neurriz kanpoko gogo oldartsuarengatik, hain zuzen ere. Eta horrela gizonaren zoritxarren amildegi sakonean erori nintzen berriz, inork ezagutu duen sakonenean, munduan bizirik eta osasuntsu irauteko aukerarik eskaintzen ez zuenean.
Aipatu ditzagun, beraz, pixkanaka nire kontakizunaren zati honen xehetasunak. Jabetuko zara, ia lau urtez Brasilen bizi izanda, eta landatutakoari esker aberasten hasia, hango hizkuntza ikasteaz gainera, harremanak eta lagunak eginak izango nituela nekazarien eta baita gure kaia zen San Salvadorreko merkatarien artean ere, eta haiekin izandako elkarrizketetan sarri aipatuko nizkiela Gineako itsasaldera egin nituen bi bidaldiak, hango beltzekin tratuak egiteko modua, eta oso erraza zela hango kostaldean purtzileriaren truke, hau da, lepokoetako perla, jostailu, labana, guraize, aizkora, beira-zati eta antzekoak, ez bakarrik urre-hautsa, Gineako haziak, elefanteen betaginak, etab. lortzea, baita Brasilen lan egiteko beltzak ere, kopuru handietan.
Oso erne entzuten zituzten beti nire hitzak gai horiei buruz hitz egiten nienean, baina batez ere beltzak erosteaz ari nintzenean, izan ere, garai hartan merkataritza mota hura ez baitzen oso ezaguna, eta ezagutzen zen neurrian, assiento bidez, edo Espainiako eta Portugalgo erregeek ematen zuten baimenen bidez egiten zen, eta salerosketa jende aurrean egin behar zen beti, horregatik oso beltz gutxi erosten ziren, eta erosten zirenak oso garestiak ziren.
Eta hala, merkatari eta nekazari ezagun batzuekin gauza horiei buruz sakonki hizketan aritu ondoren, haietako hiru etorri zitzaizkidan hurrengo goizean, eta esan zidaten gogoetan aritu zirela gauean nik esan nienaz, eta ezkutuko proposamen bat egitera zetozkidala. Eta esango zidatena isilpean gordetzeko eskatu ondoren, Gineara joateko ontzi bat prestatzeko asmoa zutela jakinarazi zidaten; haiek ere, nik bezala, lur-sailak zituztela, eta beste ezer baino gehiago behar zituztela zerbitzariak; eta merkataritza hori egiteko baimenik ez zutenez gero, ezin baitzituzten beltzak etxera ekartzean jende aurrean saldu, bidaldi bat egin nahi zutela, beltzak beren kontura ekartzeko, gero beren lur-sailetan banatzeko. Hitz batean, galdera zen ea ontzian zama-zain gisa joango nintzen, Gineako kostaldean egin beharreko tratuak egiteko ardurarekin, eta haien beltz kopuru bera izango nuela hitz eman zidaten, baina bidaldia egiteko batere dirurik jarri gabe.
Hura proposamen egokia izan zitekeen, esan beharra daukat, bere eskuetan eta berak zaintzeko egoitzarik eta lur-sailik ez lukeen edonorentzat, batez ere indar handirik hartu ez bazuten edo eta dirutza handi samarra bertan ezarrita ez bazuen. Baina niretzat, gizartean ongi ezarrita egonda, hasitako lanean beste hiruzpalau urtetan aurrera egitea, eta beste ehun librak Ingalaterratik bidalaraztea beste zereginik ez nuela, eta gainera, garai horretan, diru kopuru txiki bat erantsita, ia hiru edo lau mila libra esterlina bilduta izango nituela, eta gora egiteko aukera izanda gainera; nire egoeran, bidaldi horretan pentsatzea, inoiz inori lepora lekiokeen zentzugabekeriarik handiena egitea zen.
Baina neure buruaren hondatzaile izateko jaio nintzenez gero, ezin izan nion uko egin proposamenari, nire lehenengo asmo bihurriei ezin egin izan nien bezala, aitaren aholku onak nire barruan galdu zirenean. Hitz batean esanda, esan nien oso gogo onez joango nintzela, ni kanpoan nengoen bitartean, nire soroen ardura hartzen baldin bazuten, eta eginkizunean huts egiten banuen, haiekin nik esandakoa egiten bazuten. Guztiak bat etorri ziren erabakiarekin, eta hala izan zedin, idatziak eta hitzarmenak sinatu zituzten. Nik gainera, testamentua egin nuen, eta hilez gero, soroak eta ondasunak nola banatu behar ziren adierazi nuen idatziz. Bizia salbatu zidan ontziko kapitaina ondasun guztien oinordeko izendatu nuen, baina horretarako testamentuan esaten nuen bezala banatu beharko zituen nire ondasunak: ekoizpenaren erdia berarentzat izango zen eta beste erdia Ingalaterrara bidalia izateko.
Labur esanda, nire ondasunak eta lur-sailak sasoian irauteko ahal izan nituen neurri zehatzenak hartu nituen. Kontu berbera izan banu neure interesak zaintzen, eta zer egin behar nuen eta zer ez aztertzen, ez nukeen inoiz horrelako lanbide joririk alde batera utziko, eta ezta bizimodu zoriontsua izateko nituen aukerak alferrik galduko ere, itsasoko bidaldi batera joanez, haren arriskuak kontutan hartu gabe, eta jasan beharko nituen zoritxarretan pentsatzeko nituen arrazoiak alde batera utzita.
Baina ni ezin nintzen egon, eta itsu itsuan egin nuen irudimenak eta ez arrazoiak esaten zidana. Eta horrela, ontzia prestatua zegoenean, zama ontziratua eta bidaldiko adiskideek gauza guztiak hitzarmenetan sinatu zituztenean, ontziratu nintzen zoritxarreko orduan, 1659ko irailaren batean, zortzi urte lehenago Hullen aita eta ama utzi nituen egun berean, haien aginpidearen aurrean matxinatu baten eran jokatuz, eta nire interesen aurrean berriz, zoro baten eran.
Gure ontziak 120 tona ur husten zuen, sei kanoi zeramatzan, eta kapitaina, haren laguntzailea eta ni neu alde batera utzita, hamalau gizon. Bizigaien zama handiegirik ez genuen ontzian, beltzekin tratuak egiteko genituen txikikeriak izan ezik, hala nola, perlak, beira puskak, maskorrak, eta huskeria bitxiak, bereziki betaurreko txikiak, labanak, guraizeak, aizkorak eta antzeko gauzak.
Ontziratu nintzen egun berean abiatu ginen, geure itsasbazterretik iparralderantz, Afrikako itsasalderantz jotzeko helburuarekin, iparraldeko latitudean 10 edo 12 gradutaraino iritsi arte, hori baitzen, nonbait, bidaldi hori egiteko biderik ohikoena garai hartan. Oso eguraldi ona genuen, bero handiegia beharbada, geure itsasbazterraren ondotik egin genuen bide guztian, San Augustino lurmuturrera iritsi arte, eta handik, itsasoan barrena urrundu ginen, kostaldea ikusmenetik galdu arte, eta Fernando de Noronha uhartera joango bagina bezala egin genuen aurrera, ipar-ekialderantz egiten ari ginen bideari eutsiz, eta uharte horiek ekialdean utziz. Bide horretan aurrera ekuatoreko lerroa handik hamabi egunetara igaro genuen, eta gure azken neurketaren arabera, 7 gradu eta 22 minutura ginen iparraldeko latitudean, tornado edo haize-erauntsi gogor batek geure bidetik atera gintuenean. Hego-ekialdetik hasi zen, ipar-mendebalerantz egin zuen gero, eta azkenik ipar-ekialdeko norabidean geratu zen, eta horrenbesteko indarrez, ezen hamabi egunetan ezin izan baikenuen ezer egin, nora ezean joan besterik ez, eta, haizea eskualde genuela, halabeharrak eta haizearen haserreak eraman nahi gintuen lekura eramaten utzi. Hamabi egun horietan, esan beharrik ez dago, egunero uste izan nuela urak irentsiko gintuela, eta itsasontziko inork ez zuela uste bizia salbatuko zuenik.
Atsekabe horretan ginela, ekaitzaren izuaz gainera, marineletako bat sukarrak hartuta hil zen, eta beste marinel bat eta kapitainaren mutila ontzitik behera eraman zituen urak. Hamabigarren egunean gutxi gorabehera, eguraldia pixka bat baretu zen. Kapitainak ahal izan zuen bezain ongi aztertu zuen non ginen, eta ikusi zuen iparraldeko latitudean 11 gradura ginela, baina mendebaleko longitudean, San Augustino lurmuturretik 22 graduko tartera. Beraz, erabaki genuen Guianako itsasalderantz gindoazela, edo Brasilgo iparralderantz, Amazonaren ibaitik harantzago, Orinoco, edo askok esaten zioten bezala, Ibai Handiaren aldera. Kapitaina galdezka hasi zitzaidan zein bide hartu behar zuen, ontziak zuloak baitzituen eta bestelako kalteak, lehenbailehen Brasilgo itsasertzera itzultzeko.
Ni erabat iritzi horren kontrakoa nintzen, eta elkarrekin Ameriketako kostaldeetako mapak aztertu ondoren, erabaki genuen inguru hartan, Karibeetako uharteetara iritsi arte, ez zegoela gu hurbiltzeko lurralde jendeztaturik, eta horregatik Barbadoetarantz abiatzea iruditu zitzaigun egokiena, itsas zabalean aurrera eginez, Mexikoko golkoko edo itsasarteko ur-lasterren trabarik ez izateko, bidaldia erraz egingo genuelakoan, hamabost bat egunetan edo, ez baikenuen bidezkoa ikusten Afrikako itsasalderaino joatea aurretik laguntzarik izan gabe, bai itsasontziarentzat eta baita guretzat ere.
Horregatik norabidea aldatu genuen eta ipar-mendebalerantz jo genuen ingeles uharte horietakoren batera iristeko asmoz, han laguntza lortzeko. Baina geure itsasaldia beste era batera zen gertatzekoa, eta 12 gradu eta 18 minutuko latitudean ginenean, bigarren ekaitzaren erasoa izan genuen. Aurrekoaren indar berarekin mendebalerantz bota gintuen, giza merkataritzaren bidetik kanpora; eta itsasotik salbatzea lortzen bagenuen ere, gizon basatiek gu jateko arriskua handiagoa zen gure herrira itzultzeko genituen aukerak baino.
Atsekabe horretan, haizeak oraindik oso gogor jotzen zuela, gure gizonetako batek oihu egin zuen goizean goiz: «Lurra!», eta ontzi-gelatik non demontre ginen ikusteko kanpora irten ginenerako, ontziak hondarra jo zuen, eta bat-batean mugitu gabe gelditu zen; itsasoa gainera etorri zitzaigun, eta orduan bertan gureak egin zuela uste izan genuen denok. Berehala itzuli ginen estalpera, aparretik eta itsasoaren erasoetatik babesteko.
Ez da erraza horrelako egoera ezagutu ez duen norbaiti hango gizonen samina azaltzea. Ez genekien non ginen, zein lur zen hura, uharteren bat ala kontinentea, jendez hornitua zegoen edo jenderik gabea zen, eta haizearen erauntsiak oraindik gogorrak zirenez gero, hasieran baino pixka bat ahulagoak hala ere, ez genuen itxaropen handirik ontziak txiki-txiki egin gabe luze iraungo zuenik uste izateko, baldin eta haizea, mirariz edo, berehala baretzen ez bazen. Hitz batean, eserita geunden bata besteari begira, une oro heriotzaren zain; itxuraz gizon guztiak beste mundurako ari ziren prestatzen, ez baikenuen beste egitekorik. Orduan genuen pozgarria, eta pozgarri bakarra zen, ontzia, espero genuenaren kontra, ez zela oraindik puskatu, eta kapitainak haizea eztitzen hasia zela esan zigula.
Orduan, haizea pixka bat baretu zela uste bagenuen ere, ontziak hondarra tinko jo zuen, eta ez genuen inola ere espero handik ateratzea. Horrenbestez, gure egoera ikaragarria zen eta, ahal izanez gero, biziak salbatzea zen egin genezakeen gauza bakarra. Ontzian txalupa bat generaman ekaitza hasi aurretik, baina azpia zulatu zitzaion lemaren kontra jotzean, eta gero ontzitik askatu, hondoratu edo itsasoan galdu zen, beraz ez genuen hura aurkitzeko itxaropenik. Bagenuen hala ere, beste txalupa bat, baina ez genekien uretan jartzerik izango ote genuen. Bestalde, ez genuen eztabaidarako astirik, une batean edo bestean ontzia txikitu egingo zela uste baikenuen, eta batzuek ordurako txikitzen hasia zela esan baitzuten.
Atsekabe horretan, ontziko gidariak txalupa hartu zuen, eta beste gizon guztien laguntzarekin ontzi gainetik uretara eramatea lortu zuen; denak sartu ginen, hamaika lagun, eta Jainkoaren esker onaren eta itsaso basatiaren eskuetan jarri ginen. Izan ere, ekaitza neurri handi batean baretu zen arren, itsasoa oso zakartua zegoen oraindik, eta den wild Zee izena egokia zen hari esateko, holandarrek ekaitza zenean esaten zioten bezala.
Gure egoera tamalgarria zen benetan, denok ikusten baikenuen itsasoa oso haserre zegoela, txalupak ezingo zuela handik osorik atera, eta nahitaez itoko ginela. Ez genuen ezer haize-oihal gisa erabiltzeko, eta izan bagenu ere alferrik izango zen, horrenbestez, arraunean egin genuen lehorrerantz buru-belarri, urkamendira doazen gizonen erara, denok baikenekien itsasbazterrera hurbiltzean txalupa mila zatitan txikituko zuela olatuen erasoak. Hala ere, geure arimak Jainkoaren esku utzi genituen gartsuki, eta haizeak itsasbazterrerantz bultzatu ahala, geure eskuz ari ginen hondamena hurbilarazten, lehorrerantz ari baiginen ahal genuen bezala arraun egiten.
Nolakoa zen itsasertza, harritsua edo hondartsua, aldapatsua edo laua, ez genekien, eta une horretan itxaropen errainu txiki bat izateko genuen aukera bakarra, itsasarte edo golko batera edo ibai baten bokalera iristea zen txaluparekin han sartzeko, edo haizebera joatea, eta horrela beharbada itsaso barera. Baina ez zen horrelakorik azaldu, eta aldiz itsasertzera zenbat eta gehiago hurbildu, lurrak beldurgarriagoa zirudien itsasoa bera baino.
Gure kontuen arabera, legoa eta erdi edo arraunean egin ondoren, edo hobeto esanda harkaitzen kontra jaurtikiak izan ondoren, mendi baten antzeko olatu zakar batek brankaren kontra jo zuen eta hark eman zigun bete betean espero genuen coup de grâce-a. Hitz batean, horrenbesteko indarrez hartu gintuen, ezen txalupa bat-batean hankaz gora jarri baitzuen, eta bai txalupatik eta bai elkarren ondotik sakabanatu gintuen, «Jaungoikoa!» esateko ere denborarik utzi gabe, berehalakoan irentsi baikintuen.
Ez dut hitzik aurkitzen uretan behera joan nintzenean izan nuen nahastea azaltzeko; izan ere, igerilari ona izan arren, ez nuen olatuen artetik irtetea lortzen arnasa hartu ahal izateko, harik eta olatu batek bota edo, hobeto esanda, tarte luze batean itsasbazterrerantz arrastaka eraman ninduen arte. Olatuak indarra galdu zuenean, atzera egin zuen, eta han geratu nintzen lehorrean, erdi hilik, irentsi nuen ura zela eta. Odol hotza nahikoa eta behar nuen adorea izan nuen lehorretik espero nuena baino gertuago nengoela ikusteko, eta zutik jarri eta ahaleginak egin nituen handik lehorrera ahal bezain azkar joateko, beste olaturen bat etorri eta ni berriro itsasora eraman baino lehen. Baina berehala konturatu nintzen ezingo nuela ezer egin, itsasoa ikusi bainuen gainera zetorkidala mendi erraldoi baten erara, eta etsai bat bezain amorratua, nik berriz, hari aurre egiteko ez baliabiderik eta ez indarrik ez nuelarik. Egin nezakeen gauza bakarra zen arnasari eutsi, eta ahal banuen neure buruari uretan sartzen ez utzi, igeri egin, arnasa behar bezala hartu, eta neure burua nola edo hala itsasbazterrerantz gidatu; baina orduan kezkarik handiena nuen itsasoak, aurrera egitean itsasbazterrerantz eraman ninduen bezala, atzera egitean berriro barrualdera eramango ninduela.
Gainera etorri zitzaidan hurrengo olatuak bere barruko zuloan lurperatu ninduen, 20 edo 30 oinetako sakontasuneraino, eta itsasbazterrerantz indar eta abiadura handiz eramaten ninduela sumatu nuen; baina arnasari eutsi eta aurrerantz egin nuen igeri, su eta gar. Arnasari eusteagatik lehertzeko zorian nengoen, baina poz handiz konturatu nintzen gorantz egiten ari nintzela, eta burua eta eskuak ur gainera irten zitzaizkidala, eta jarrera horretan bi segundo ere egin ez nituen arren, arinaldi galanta hartu nuen, eta adorea eta indarra berritu zitzaizkidan. Tarte batean urak berriro estali ninduen, baina ez oso denbora luzean, eta ikusita olatuaren indarra amaitu, eta atzera egiten hasi zela, aurrerantz hasi nintzen indar egiten olatuaren kontra, eta lurra sumatu nuen berriro oinen azpian. Geldirik egon nintzen pixka batean arnasa berritu eta urak atzera egin arte, eta gero zutik jarri, eta, zain eta muin, lasterka joan nintzen lehorrerantz. Baina horrek ere ez ninduen itsasoaren haserre bizitik aske utzi, berriro etorri baitzitzaidan atzetik, eta olatuek beste bi aldiz altxa ninduten eta, lehenago bezala, berriz arrastaka eraman, itsasbazterra oso laua baitzen.
Bi olatu horietako azkena ia behin eta betikoa izan zen niretzat, izan ere, itsasoak indarrez eraman ninduenean, harkaitz batean utzi edo, hobeto esan, harkaitz baten kontra bota ninduen, eta horrenbesteko indarrez, ezen konorte gabe eta onik ateratzeko itxaropenik gabe utzi baininduen. Izan ere, astindua saihetsean eta bularrean hartu nuen, eta geratzen zitzaidan arnasa eskasa gorputzetik kanpora atera zidan; eta olatua berehala itzuli izan balitz, han bertan itoko nintzen. Baina olatuak itzuli aurretik pixka bat bizkortu nintzen, eta urak berriz estali nintzakeela ikusiz, harkaitz mutur bati gogor eustea erabaki nuen, eta nola edo hala arnasari eustea olatua atzera joan arte. Handik aurrera olatuak ez ziren lehenagokoak bezain handiak izan, eta lehorretik gertu nengoenez gero, gogor heldu nion harkaitzari olatuak indarra galdu artean, orduan berriro egin zidan eraso itsasoak eta ia itsasbazterreraino eraman ninduen, eta hurrengo olatuak, gainera etorri zitzaidan arren, ezin izan ninduen atzerantz arrastaka eraman. Ondorengo erasoak lehorreraino eraman ninduen, eta atseginez itsasertzeko harkaitzetan gora egin ahal izan nuen, eta belar gainean eseri nintzen, arriskutik kanpo eta uraren irispidetik urruti samar.
Orain lehorrean nengoen, itsasbazterrean osorik eta onik, eta gora begira jarri nintzen Jainkoari eskerrak emateko, minutu batzuk lehenago itxaropenarentzat ia lekurik ez zen egoera batetik bizirik atera ninduelako. Uste dut ezinezkoa dela benetan adieraztea nolakoak diren arimaren sorraldiak eta eroaldiak horrelako arriskutik, nolabait esateko, hilobitik bertatik, salbatua izan denean. Eta orain ez zait ohitura harrigarria iruditzen, hots, soka lepo inguruan lotua duen gaizkileari, urkatzeko unean barkamena ematen bazaio, ez zait harrigarria iruditzen, diot, harengana berriemailearekin batera zirujau bat joatea, eta gaizkileari berria ematen dioten une berean odolustea egitea, ezusteak bihotzari kemena ez kentzeko eta han bertan leher ez egiteko:
Ezusteko pozak, atsekabeak bezala
hasieran nahasgarriak dira.
Hondartzan ibiltzen hasi nintzen, eskuak gora, eta nire izate osoa, nolabait esateko, nire salbamenaren aurrean liluratua, azaldu ezin ditudan milaka keinu eta mugimendu eginez, eta itota zeuden adiskideak gogoratuz, ez baitzen bakar bat ere bizirik atera, ni izan ezik; eta ez nituen handik aurrera berriz ikusi, ez lagunak eta ezta haien aztarnak ere, haien kapela batzuk, txano bat eta lagunak ez ziren bi zapata izan ezik.
Hondarra jotako ontziari begiratu nion, eta itsas-hautsia eta olatuen aparra horren handia izanda, eta urruti zegoenez gero, nekez ikusten nuen, eta esan nuen neure artean: «Jauna! Nola izan da posible ni itsasertzeraino iristea?»
Nire egoeraren alderdi pozgarri horrek adimenari atsegin eman ondoren, ingurura begiratzen hasi nintzen, non nengoen eta zer egin behar nuen aztertzeko, eta berehala ikusi nuen pozaldia makaltzen hasia zela eta, hitz batean, egoera tamalgarria nuela aurrean. Bustita nengoen, ez nuen aldatzeko arroparik, ez jatekorik edo edatekorik, indarra hartu ahal izateko, ez nuen inolako aukerarik ikusten etorkizunerako goseak, edo animalia basatiren batek irentsita, hiltzea ez bazen; eta benetan atsekabetzen ninduena zen, ez janaritarako animaliarik ehizatu edo hiltzeko, eta ezta ni jan nahi ninduketen izakien kontra babesteko ere, armarik ez izatea. Hitz batean, ez neraman ezer aldean labana, pipa eta toxa txiki bat izan ezik. Horiek nituen hornigai bakarrak, eta horrenbestez, barne-atsekabe oso larriak sortu zitzaizkidan. Tarte batean korrika ibili nintzen atzera eta aurrera zoro baten moduan. Gaua gainera zetorkidala ikusita, bihotz minez, aztertzen hasi nintzen nolako zoria izango nuen lurralde horretan animalia gosetuak beleude, animalia horiek harrapakinen bila beti gauez irteten zirela jakinda.
Pentsamendu horientzat une horretan aurkitu nuen irtenbide bakarra, alboan nuen izaiaren antzeko zuhaitz lodi eta adartsu, baina arantzatsu batera igotzea, izan zen. Han gaua ematea erabaki nuen, hurrengo egunean izango nuen heriotza motaz gogoetak eginez, ez bainuen bizirik irauteko aukerarik inondik ere ikusten. Milia erdi edo egin nuen oinez itsasbazterrean, edateko ur bila, eta aurkitu nuen, nire zorionerako. Ura edan eta, goseari aurre egiteko, ahora tabako pixka bat sartu ondoren, zuhaitzera itzuli nintzen, eta ahaleginak egin nituen, lo hartuz gero, neure burua handik ez erortzeko moduan kokatu ahal izateko. Erasoetatik babesteko, moztuta nuen haga baten moduko makila puska bat hartuta, nire egoitzara igo nintzen, eta oso nekatua nengoenez, berehala hartu nuen lo, eta, uste dut, nire egoeran gutxik egin ahal izango luketen bezain eroso egin nuela lo, eta inoiz baino gustorago hartu nuela atseden.
Esnatu nintzenean egun argia zen, zerua oskarbi zegoen, eta ekaitza baretu zenez gero, itsasoa ez zegoen lehenago bezain haserre eta harrotua. Baina gauzarik harrigarriena iruditu zitzaidan, gauean, itsasgorari esker, itsasontzia hondarretatik atera zela ikustea, eta urak arrastaka eraman zuela, aurreko gauean haren kontra jotzearen ondorioz, ia zeharo mazpilduta utzi ninduen harkaitzeraino. Ni nengoen lekutik milia batera edo zegoela ikusita, eta itsasontzia artean osorik zegoela zirudienez gero, ontziratzeko gogoa egin zitzaidan, erabilgarriak gerta lekizkidakeen zenbait gauza handik atera ahal izateko.
Zuhaitzean nuen bizitokitik jaitsi nintzenean, ingurura begiratu nuen berriz, eta hantxe hondartzan txalupa aurkitu nuen, itsasoak eta haizeak bidali zuten lekuan, hain zuzen ere; nire eskuin aldera bi miliatara edo. Ahal izan nuen bezain bizkor joan nintzen haren bila, baina zabaleran milia erdi edo izango zuen itsasarte edo itsasadar bat aurkitu nuen ni eta txaluparen artean. Hura ikusita, berriro atzera egitea erabaki nuen, nahiz eta itsasontzira joateko asmoari tinko eutsi, han bizirik irauteko zerbait aurkituko nuelakoan.
Eguerdia igaro eta berehala, itsasoa bare-bare aurkitu nuen, eta itsasaldiak horren behera egin zuenez gero, itsasontzitik milia laurdeneraino iritsi ahal izan nintzen. Han atsekabea berritu zitzaidan, oso garbi ikusi bainuen, itsasontzian geratu izan bagina, denak bizirik egongo ginatekeela, alegia, lehorrean egongo ginatekeela onik eta salburik, eta ez nintzatekeela orduan nenegoen bezain errukarri egongo, inolako erosotasunik eta lagunik gabe. Horrek malkoak aterarazi zizkidan berriz, baina onik egin ez zidanez gero, erabaki nuen, nola edo hala itsasontzira joatea. Beraz, arropak erantzi nituen, eguraldia oso beroa baitzen, eta uretan sartu nintzen. Baina itsasontzira iritsi nintzenean, zailtasunik handiena ontzira igotzen asmatzea izan zen. Izan ere, itsasontzia hondoa jota eta uretatik kanpo zegoen arren, ez nuen eskumenean ezer aurkitzen hari eutsita igotzeko. Bi aldiz eman nion jira igerian ontziari, eta bigarrenean soka mutur bat ikusi nuen brankako kateetatik oso beheraino zintzilik, eta harritu ninduen lehenengo jiran ikusi ez izana. Zailtasun handiak izan banituen ere, lortu nuen hari eustea, eta sokaren laguntzaz ontziaren brankako gazteluraino igo nintzen. Han konturatu nintzen ontziak azpia zulatua zuela, eta sotoan zurrusta handi bat zegoela. Baina hondar gogorraren, edo agian lur pila baten gainean geratu zenez gero, ontziaren txopa altxata zegoen, eta branka, berriz, ia uretan sartua. Horrek esan nahi zuen atzeko aldea osorik zegoela, eta alderdi horretan zeuden gauza guztiak lehorrak; ziur egon zaitezkete, beraz, nire lehenengo eginkizuna hondatua zegoena eta ongi zegoena bilatzea eta ikustea izan zela. Hasteko, ontziko hornigai guztiak lehorrak eta urak ukitu gabe zeudela ikusi nuen; eta jateko oso prest nengoenez gero, ogiaren biltegira joan eta poltsikoak opilez bete nituen, eta opilak jaten aritu nintzen beste gauzetan ari nintzen bitartean, ezin bainuen denbora alferrik galdu. Ron pixka bat ere aurkitu nuen armairu handian, eta zurrutada luze bat eman nion, indarrak biltzeko premia ere banuen eta, aurrean nuenari aurpegi eman nahi banion. Orduan txalupa bat besterik ez nuen behar, oso beharrezkoak izango nituela iruditzen zitzaizkidan gauza ugariz hornitua egoteko.
Alferrik nuen eserita egotea lortu ezingo nuena lortzeko irrikaz, eta larritasun horrek burua argitu zidan. Ontzian aldatzeko erabiltzen genituen zenbait belazurrun genituen, bizpahiru egurrezko masta, eta bada-ezpadako bizpahiru haga-gain. Erabaki nuen horiekin lanean hastea, eta ahal nituen gehienak ontzi gainetik bota nituen uretara, pisua baitzen haiek erabiltzeko oztopoa, eta bakoitza soka batekin ongi lotu nuen, ihes egin ez zezaten. Hori egin ondoren, ontziko saihetsetik jaitsi, eta neuregana hurbildu nituen. Horietako lau nola edo hala lotu nituen bi muturretatik, ala baten eran, eta bizpahiru egur puska gainean zeharka jarri ondoren, konturatu nintzen oso ongi ibil nintekeela gainean, baina ezinezkoa izango zela han pisu handirik jartzea, egur puskak arinegiak zirelako. Beraz lanari ekin nion, eta arotz-zerra hartuta, bada-ezpadako haga-gaina luzeraka hiru zatitan moztu, eta alari erantsi nizkion, lan eta neke handiak igarota; baina behar nituen gauzak lortzeko itxaropenak, indarra eman zidan, beste egoera batean egingo nituzkeen baino ahalegin handiagoak egiteko.
Ala orduan sendo zegoen pisu astun samarra gainean eramateko. Hurrengo lana nuen haren gainean jarriko nuen zama aukeratzea, eta gainean jartzen nuena olatuen erasoetatik nola edo hala babestea, baina ez nuen horretan luze pentsatu. Lehenik eta behin, aurkitu nituen egur puska eta ohol guztiak jarri nituen, eta gehien beharko nuena ongi aztertu eta gero, marinelen hiru kutxa handi hartu nituen, eta neronek ireki eta hustu ondoren, ala gainera jaitsi nituen. Lehenengoa janariz bete nuen, alegia: ogia, arroza, hiru gazta holandar, ahuntz zezinazko bost puska, denbora luzean itsasoan gure hornigai bakarra izandakoa, geratzen zen artale europar apurra, itsasontzian generamatzan oilo batzuentzat ontziratutakoa, oiloak janak bagenituen ere. Baziren baita ere garagar eta gari-aleak nahasita, baina, nire zoritxarrerako, gero konturatu nintzen arratoiek dena jan edo hondatu zutela. Edariei zegokienean, kapitainarenak ziren zenbait botila kaxa aurkitu nituen, fruitu urez egindako edari gozoenak batzuk, eta, denera, bospasei rake galoi. Horiek bere horretan gorde nituen, ez baitzegoen kutxetan sartzeko premiarik, ezta lekurik ere. Horretan ari nintzen bitartean, konturatu nintzen itsasaldia gora egiten hasi zela, oso pixkanaka bazen ere, eta nahigabetu egin nintzen hondartzan utzitako jaka, alkandora eta jipoi-barnekoa urak zeramatzala ikusi nuenean; prakak berriz, lihozkoak eta belaunetarainokoak zirenez gero, eta galtzerdiak, ez nituen erantzi ontziraino igeri egiteko. Gertatutakoa ikusita arropak bilatu behar izan nituen, eta aurkitu nituen franko, baina ez nituen berehala erabiliko nituenak baino gehiago hartu; izan ere, banituen beste gauza batzuk lehendik begiz jotakoak, lehorrean lan egiteko tresnak, adibidez. Denbora luzean bila aritu ondoren, arotzaren tresnen kaxa aurkitu nuen, benetan gauza baliotsua niretzat, une horretan urrez betetako ontzi bat baino baliotsuagoa. Hura ere alara jaitsi nuen, oso beteta zegoen arren, kaxa barruan zegoena begiratzen denbora galdu gabe, banekien eta gutxi gorabehera zer edukiko zuen.
Hurrengo eginkizuna nuen munizioa eta armak eskuratzea. Baziren ehizarako bi eskopeta eder armairu handian, eta bi pistola. Berehala hartu nituen, eta baita sutauts adar batzuk ere, bala zaku txiki bat eta bi ezpata zahar herdoildu. Banekien ontzian bazirela hiru upel sutautsez beteak, baina ez nekien non gordeko zituen gure kanoilariak. Hala ere, denbora luzean bila aritu ondoren aurkitu nituen; bi lehorrak eta ongi zeuden eta hirugarrenari ura sartu zitzaion. Ongi zeuden biak alara jaitsi nituen armekin batera. Primeran hornitua nengoela iruditu zitzaidan eta hondartzara nola iritsiko nintzen hasi nintzen pentsatzen, haize-oihalik, arraunik eta lemarik gabe, eta haize erauntsirik makalenarekin itsasaldia hondatua izateko arriskua nuela.
Hiru gauza nituen alde: 1. Itsaso barea eta lasaia. 2. Itsasgora izatea eta ura hondartzarantz mugitzea. 3. Zebilen haize pitinak lehorrerantz bultzatzen ninduela. Horrela, kutxan nituen tresnez gainera, txaluparenak ziren bizpahiru arraun puskatu, bi zerra, aizkora bat eta mailu bat aurkitu nituen, eta zama horrekin guztiarekin itsasoratu nintzen. Milia batean edo nire ala oso ongi ibili zen, baina lehorreratu nintzen lekutik pixka bat urruntzen ari zen, eta horrela konturatu nintzen ur-lasterren bat bazela, eta horrenbestez, errekatxoren bat edo ibaiondoren bat aurkitzea espero nuen, eta kai gisa erabiltzea neraman zama lehorreratzeko.
Espero bezala, hantxe zegoen; nire aurrean itsasarte txiki bat azaldu zen, eta konturatu nintzen itsasaldiaren ur-laster indartsuak harantz bultzatzen ninduela, eta ahal izan nuen bezala gidatu nuen ala ur-lasterraren erditik, bazterren kontra ez joateko. Baina orduan, ia bigarren ontzi-hondoratzea izan nuen, eta hala gertatu izan balitz, uste dut erabat bihozgabetuko nintzela. Itsasaldea inondik ere ezagutzen ez nuenez gero, alak mutur batekin hondarra jo zuen, eta beste muturrean hondarrik ez zuenez, zama beste alderaino irristatu eta ia-ia uretara erori zen. Ahalegin guztiak egin nituen bizkarra kutxen kontra jarri eta bultzaka kutxak zeuden lekuan mantentzeko, baina ezin izan nuen ala hondar pilatik atera, ahalegin guztiak eginda ere. Hala ere, ez nintzen aursartu kutxak eusteari utzi eta, jarreraz aldatzera. Han geratu nintzen ia ordu erdiz, bitarte horretan itsasgorak pixka bat igo ninduen, eta handik tarte batera, urak igotzen aurrera egin zuenez gero, ala osorik geratu zen ur gainean, eta arraunaren laguntzaz hondarretatik atera eta ur-lasterraren erdian jarri nuen berriz; eta handik gorantz egitean, konturatu nintzen erreka txiki baten ahoan nengoela, lurra nuela bi alboetan, eta ur tirak edo itsasaldiak gorantz bultzatzen ninduela. Bi alboetara begiratu nuen lehorreratzeko leku egokiren bat aurkitu nahian, ez bainuen ibaian oso gora joan nahi, noizbait itsasoan ontziren bat ikusteko itxaropenarekin, eta horregatik erabaki nuen neure burua itsasertzetik ahal bezain gertu kokatzea.
Azkenean golko txiki bat ikusi nuen errekaren eskuinetara, eta, zailtasun handiak igarota, ala harantz eraman nuen, eta horrenbeste hurbiltzearen ondorioz, arraunarekin lurra ukitzea, eta han sartzea lortu nuen; baina han berriz zama guztia uretan galtzeko zorian egon nintzen, itsasertza ez baitzen batere laua, aldapatsua baizik, eta ez zegoen ala lehorreratzeko adina lekurik, alaren mutur bat lehorreratuta izan ezik; eta hori eginez gero, mutur hori oso goian geratuko zen, eta bestea berriz, lehenago bezala, uretan sartua, eta zama orduan ere erortzeko arriskuan. Egin nezakeen gauza bakarra zen itsasgoraren zain geratzea, arraunarekin, aingura balitz bezala, alari eutsiz; horrela, alaren alde bat lur gainean finkatua nuen, zabalune lau baten ondoan, handik pixka batera urak estaliko zuelakoan, eta horixe gertatu zen. Mugitzeko ur nahikoa izan nuen bezain laster, alak oin bateko urpea baitzuen, gune laura eraman nuen, eta han lotu edo finkatu nuen, bi arraun hautsiak lurrean sartuta; bata, alaren saihets batean muturraren ondoan, eta bestea, beste saihetsean, beste muturraren ondoan, eta hala geratu nintzen itsasbehera hasi arte, eta ala eta zama kalterik gabe utzi nituen lehorrean.
Ondorengo eginkizuna izan nuen lurraldea aztertzea eta leku egokiren bat aurkitzea nire bizilekua jartzeko, eta gauzak edozer ezusteren aurrean ongi gordeta edukitzeko. Ez nekien oraindik non nengoen; kontinentea edo uharte bat zen, jendeztaua edo jendeztatu gabea, eta animalia basatien arriskurik zegoen edo ez. Mendixka bat bazen ni nengoen lekutik gorantz milia batera eskas, oso aldapatsua eta garaia, eta itxuraz, harekin batera iparralderantz mendi-lerroa osatzen zuten beste mendi bizkar batzuk baino gorago iristen zena. Ehiza eskopetak, pistola bat, eta sutauts adar bat hartu, eta armaz hornitua, mendi tontorrera iristeko asmoz abiatu nintzen, eta han, goraino iristeko neke handiak igaro ondoren, atsekabez ikusi nuen nire halabeharra; alegia, uharte batean nengoela, itsasoak leku guztietatik inguratzen ninduela, ez zela inon lurrik ikusten, oso urrutian zeuden harkaitz batzuk, eta mendebalerantz hiru legoatara, nirea baino txikiagoak ziren bi uharte izan ezik.
Konturatu nintzen baita ere uhartea lugorria zela erabat, eta arrazoi sendoak nituen jendeztatu gabea zela, eta piztiak besterik ez zirela bizi izango uste izateko, horietako bakar bat ere ikusi ez nuen arren. Hegaztiak berriz, ugari ikusi nituen, baina ez nekien zein motatakoak ziren, eta haiek hilez gero ere, ez nekien zeintzuk izango ziren jateko onak eta zeintzuk ez. Itzuleran, tiro egin nion baso handi baten ondoko zuhaitz batean ikusi nuen hegazti handi bati. Uste dut mundua sortu zenetik hura izan zela uhartean izandako lehenengo eskopeta tiroa. Tiro egin bezain laster, basotik era guztietako hegaztiak pilaka irten ziren, handik eta hemendik, garrasi nahasiak eginez, bakoitza bere ohiko doinuaren arabera intzirika, baina ez zegoen nik ezagutzen nuen motatakorik. Hil nuen hegaztiari zegokionean, zapelaitz motaren bat izango zela iruditu zitzaidan, kolorea eta mokoa haren antzekoak baitzituen, baina ez zituen txori txiki batenak baino atzapar edo gako-azkazal handiagoak; haragia berriz, ustel gustukoa zen, eta ez zuen ezertarako balio.
Pozik itzuli nintzen alara aurkikuntza hori egin nuelako, eta lanean hasi nintzen zama lehorrera eramateko, eta eguna amaitu arte horretan aritu nintzen. Baina ez nekien gauean zer egin neure buruarekin; ez nekien non atseden hartu, ez bainekien animalia basatiak ni jatera etorriko ziren, nahiz eta, geroago jakin nuenez, horrelako beldurrik izateko arrazoirik ez izan. Dena dela, neure burua ahal bezain ongi babestu nuen, lehorreratutako kutxa eta oholak inguruan jarrita, eta txabola moduko bat egin nuen gaua igarotzeko. Jatekoari zegokionean, ez nuen oraindik neure burua janariz hornitzeko modurik ikusi, hegaztia tirokatu nuenean, basotik korrika irteten ikusi nituen untxien antzeko bizpahiru animalia izan ezik.
Pentsatzen hasi nintzen, ontzitik niretzat erabilgarriak izango ziren gauza asko hartu behar nituela, batez ere hagak, sokak, haize-oihalak, eta lehorrera eraman nitzakeen beste zenbait gauza; eta erabaki nuen, ahal banuen, ontzira beste joan-etorri bat egitea. Eta lehenengo ekaitzak ontzia txiki-txiki egingo zuela jakinda, ontzitik gauza guztiak atera arte, beste eginkizun guztiak alde batera uztea erabaki nuen. Gero, batzarra egin nuen, esateko modu bat da, neure buruarekin egin bainuen, ontzira joatean ala berriro eraman edo ez erabakitzeko, baina oso zaila zirudien, eta aurrekoan bezala, itsasbehera zenean, ezer gabe joatea erabaki nuen. Hala egin nuen, baina txabolatik atera baino lehen arropak erantzi nituen, eta laukizko alkandora, liozko prakak eta oinetan txapinak besterik ez neramatzan jantzita.
Aurrekoan bezala igo nintzen itsasontzira, eta bigarren ala prestatu nuen, eta lehenengo saioan ikasitakoa kontutan hartuta, ez nuen aurrekoa bezain traketsa egin, eta ez nion horrenbesteko zama gainean jarri, baina hala ere zenbait gauza oso erabilgarri hartu nituen. Lehenik eta behin, aroztegian bizpahiru poltsa aurkitu nituen iltzez eta ziriz beteak, birabarki handi bat, dozena bat edo bi aizkora, eta batez ere gauzarik erabilgarriena: zorrotzarri bat. Hori guztia kanoilariaren zenbait gauzarekin batera lotu nuen, hala nola, bizpahiru burdinazko arpoi, mosketoi balaz betetako bi upel, zazpi mosketoi, beste ehiza eskopeta bat, sutauts pixka bat gehiago, poltsa handi bat bala txikiz betea, eta berun xafla handi bat kiribildua, baina azken hori ezin altxa izan nuen karel gaineraino, oso astuna baitzen. Gauza horiez gainera, aurkitu nituen gizonezkoen jantzi guztiak hartu nituen, bada-ezpadako brankako haize-oihal bat, eta ohe-jantzi batzuk. Horrekin bete nuen bigarren ala, eta poz pozik oso eta sendo utzi nuen dena lehorrean.
Lurretik urrun igarotako tartea, hornigaiak bitartean jango zizkidaten beldurrez eman nuen, baina itzuli nintzenean, ez nuen inongo bisitariren arrastorik sumatu, eta basakatuaren antzeko animalia bat kutxa baten gainean eserita besterik ez nuen aurkitu, eta hari hurbildu nintzaionean, ihesi joan zen tarte txiki batean, eta gero han geratu zen mugitu gabe. Oso dotore eta lasai zegoen eserita, eta aurpegira begiratzen zidan bete betean, nirekin harremanak izan nahiko balitu bezala. Eskopeta harengana zuzendu nuen, baina zer zen ere ez zekienez gero, ez zuen arretarik jarri, eta ez zuen ihes egiteko imintziorik egin. Orduan opil puska bat bota nion, nahiz eta, egia esateko, alferrik galtzeko janaririk ez izan, ez bainuen oso biltegi handia, inondik ere. Dena dela, esan bezala, opil puska bat bota nion, eta janariari hurbildu zitzaion, eta usaindu ondoren irentsi egin zuen, eta, eskerrak emanez bezala, gehiagoren zain begira geratu zitzaidan; nik, berriz, erarik atseginenean esan nion ezin niola gehiago eman, eta alde egin zuen.
Bigarren zamaldia lehorreratu ondoren, sutauts upelak ireki behar izan nituen, sutautsa zorroetan eraman ahal izateko, upelak oso handiak baitziren, eta pisuegiak; baina hala ere, lanean hasi nintzen jo eta ke denda txiki bat egiten, ontziko haize-oihalez eta horretarako moztu nituen haga batzuez baliatuta, eta denda horretan euriak edo eguzkiak honda zezakeen edozer gauza sartu nuen, eta gero kutxa eta upel hutsak denda inguruan pilatu nituen, gizonen nahiz animalien edozein ustegabeko erasotatik babestua egoteko.
Lana amaitu nuenean, dendako ateari ohol batzuk jarri nizkion barrualdean, eta kutxa huts bat kanpoaldean; lastairetako bat lurrean jarrita, bi pistolak buru ondoan, eta eskopeta lurrean nire alboan luzetara utzi ondoren, ohera joan nintzen lehenengo aldiz. Oso lasai egin nuen lo gau osoan, nekatua eta ahitua bainengoen, bezperan lo gutxi eta egunean zehar lana gogor egin nuelako, bai gauzak ontzitik ekartzen eta baita haiek lehorreratzen ere.
Orduan, esango nuke, gizon bakar batek inoiz biltzea lortu duen mota guztietako gauzen biltegirik handiena nuela, baina oraindik ez nengoen lasai; izan ere, itsasontzia tente zegoen bitartean, iruditzen zitzaidan ahal nuen guztia atera behar nuela handik. Beraz, egunero itsasbehera zenean ontzira joaten nintzen eta gauzaren bat edo beste eramaten nuen handik. Baina, batez ere hirugarren joan-etorrian, ahal izan nituen belazurrunak, sokak, eta haga guztiak hartu nituen, eta baita ere ahal izan nituen soka txiki eta listari guztiak, haize-oihalak konpontzeko genuen kalamu-oihal puska batekin, eta sutauts bustiaren upelarekin batera. Hitz batean, oihal guztiak hartu nituen, lehenengotik azkenera, eta puskatan moztu behar izan nituen, ahal nituen gehienak batera eramateko, ezingo baitziren handik aurrera ontziko haize-oihal gisa erabili, gehienez ere oihal soil gisa baizik.
Baina gehien poztu ninduena izan zen, azken bidaldian, halako bospasei egin ondoren, eta ontzian ez zela nekea mereziko zukeen ezer geratuko pentsatu ondoren; esan bezala, azken bidaldian, ogi upel bat, hiru dupa handi ron edo edari bizi, azukre kaxa bat, eta upeltxo bat irin zuri aurkitu nituela. Ezuste handia izan zen hura niretzat, ez bainuen hornigai gehiago aurkitzea espero, urak hondatutakoak ez baziren. Berehala hustu nuen ogi upela, eta moztutako oihal pusketekin fardeletan bildu nituen ogiak, eta, hitz batean, dena hartu eta lehorrera osorik eraman nuen.
Hurrengo egunean beste bidaldi bat egin nuen. Orduan gauza eramangarririk eta hartzeko erosorik geratzen ez zenez gero, sokekin hasi nintzen. Soka lodi bat moztu nuen nik mugitu ahal izateko moduko pusketatan, eta bi soka eta sokaburu lodi bat eraman nituen lehorrera, hartu ahal izan nituen burdina puska guztiekin batera; eta brankako masta, gibelekoa eta ala handi bat egiteko ahal nuen guztia moztu ondoren, ondasun astun horiek guztiak ala gainean jarri eta, handik alde egin nuen. Baina zorte ona, ihes egiten hasi zitzaidan, izan ere, ala horren traketsa izanda eta zamaz gainezka zegoenez, ezin izan nuen aurrekoak bezain erraz gidatu, eta gainerako ondasunak lehorreratzeko erabili nuen itsas-golkoan sartzen hasi nintzenean, ontzia irauli, eta uretara erori nintzen ni eta zama guztia. Nik ez nuen min handirik hartu, itsasbazterretik gertu bainengoen, baina alako zamari zegokionean berriz, gauza asko galdu ziren, burdina batez ere, probetxu handikoa izatea espero nuena, hain zuzen ere. Hala ere, itsasbehera iritsi zenean soka puska gehienak lehorrera eraman nituen, eta burdina puska batzuk ere bai, lan nekeza egin behar izan nuen arren; hura jasotzeko urpean sartu behar izan bainuen, eta horrek izugarri nekatu ninduen. Hori gertatuz geroztik, egunero joan nintzen ontzira, eta ahal izan nuen guztia atera nuen handik.
Hamahiru egun neramatzan lehorrean, eta hamaika aldiz egona nintzen itsasontzian, eta denbora horretan bi eskuk ontzi batetik atera zezaketen guztia atera nuela uste dut; hala ere, eguraldi bareak aurrera egin izan balu, uste dut ontzi osoa zatika-zatika ekarriko nukeela. Baina ontzira joateko hamabigarren bidaia prestatzen ari nintzela, konturatu nintzen haizea zakartzen hasi zela. Dena dela, itsasbehera zenean ontzira abiatu nintzen, eta ontzi-gela ongi miatua nuela eta ez nuela besterik aurkituko uste banuen ere, kaxoiak zituen armairu bat aurkitu nuen, eta horietako batean bizpahiru bizarra mozteko labana, guraize handi batzuk, eta hamar edo hamabi labana eta sardexka on aurkitu nituen; beste batean, hogeita hamasei libra dirutan, batzuk Europako txanponak, beste batzuk Brasilgoak, zortziko txanpon batzuk, eta urre eta zilar pixka bat ere bai.
Barre egin nuen neure artean diru hura ikusi nuenean.
— Oi, droga sendagarri hori! —esan nuen ozenki—. Zertarako balio duzu? Ezertarako ere ez, ezta lurretik jasoa izateko ere; labana horietako bat diru pila horrek baino gehiago balio du. Ez dut zu erabiltzeko modurik aurkitzen; gera zaitez zauden lekuan eta zoaz itsas hondoraino, bizia salbatzea ere merezi ez duen izaki baten antzera. Dena dela, berriro pentsatu ondoren, dirua hartu, eta oihal puska batean bildu nuen, eta beste ala bat egin beharko nuela hasi nintzen pentsatzen. Baina, lan horretan ari nintzela, ikusi nuen zerua estaltzen hasi zela, eta haizeak gogorrago jotzen zuela; eta handik ordu laurden batera itsasbazterretik haizete handia etorri zen. Orduan iruditu zitzaidan alferrik izango zela ala bat egiten saiatzea itsasaldetik zetorren haizea kontutan hartuta, eta egokiena itsasgora hasi baino lehen handik alde egitea zela, bestela ezingo bainintzen itsasertzera iritsi. Horrenbestez, uretan sartu, eta igeri egin nuen ontziaren eta hondartzaren artean zegoen ubidean zehar, baina ez nekerik gabe, alde batetik gainean neramatzan gauzen pisuagatik eta bestetik, uraren indarrarengatik. Gainera haizeak oso indartsu jotzen zuen, eta itsasaldia goraino iritsi baino lehen ekaitzak jo zuen.
Baina nire denda txikira iristea lortu nuen, eta oso babestua egon nintzen neure ondasun guztiak inguruan nituela. Haizeak gogor jo zuen gau guztian, eta goizean, kanpora begiratu nuenean, ez zen itsasontziaren arrastorik ageri. Nahigabetua geratu nintzen pixka batean, baina berehala etorri nintzen neure onera burutapen pozgarri batekin, alegia, ez nuela denborarik alferrik galdu, ez nuela ez indarrik eta ez prestutasunik makaltzen utzi, gauza erabilgarriak ontzitik ateratzeko orduan, eta denbora gehiago izan banu ere, handik ateratzeko moduko gauza gutxi geratu zela.
Orduan alde batera utzi nituen behin eta betiko ontziari eta handik hartuko nituzkeen gauzei buruzko burutapenak, hondoratzearen ondorioz hondartzara irits zitezkeen gauzak ez baziren behintzat, eta iritsi ziren, bai, zenbait gauza, baina ez zidaten mesede handiegirik egin.
Gero buru-belarri ekin nion neure burua babesteari, bai gizaki basatien kontra, baldin eta baten bat agertuko balitz, edo baita ere, uhartean baleude, animalia basatien kontra. Gauza asko bururatu zitzaizkidan hura egiteko moduaz eta eraiki beharko nuen bizileku motaz; alegia, lurrean leizezuloren bat egin, edo lur gainean denda bat eraiki, eta, labur esateko, biak egitea erabaki nuen, eta ez zait desegokia iruditzen eraikitzeko modua eta bizilekuen deskribapenaren berri hemen ematea.
Berehala konturatu nintzen ni nengoen lekua ez zela egokia han bizilekua kokatzeko, batez ere azpian itsaso ondoko lur laua eta zingiratsua zuelako, eta iruditzen zitzaidan ez zela bizitzeko oso leku ona, are gehiago inguruan edateko urik ez zegoelako. Beraz erabaki nuen lur osasungarriagoa eta egokiagoa aurkitzea.
Niretzat egokiak izango ziren zenbait gauza hartu nituen kontutan: lehenik eta behin, oraintxe esan dudan bezala, edateko ur ona; bigarrena, itzala, eguzkiaren berorik ez izateko; hirugarrena, izaki gosetuen kontrako babesa, gizon nahiz animalia; laugarrena, handik itsasoa ikustea, Jainkoak itsasontziren bat bidaltzen bazuen inguru horietara, salbatzeko aukerarik gal ez nezan, ez bainuen oraindik etsi nahi.
Leku egokiaren bila ari nintzela, zabaldi txiki bat aurkitu nuen mendixka baten hegalean, zabaldirantz ematen zuen aldea oso aldapatsua zuena, etxe baten horma balitz bezala, eta hartara goitik zetorren ezerk ezin ninduen ezustean harrapatu. Mendixkaren alde batean zulo antzeko bat zegoen, pixka bat barrurantz egiten zuena, leizezulo baten sarrera balitz bezala, baina han ez zen leizezulorik, edo harkaitzean barrura sartzeko biderik.
Berdegune horretan, denda zuloaren aurrean jartzea erabaki nuen. Lauguneak ehun iarda eskas zituen zabaleran, eta luzeran berrehun bat, eta etxe aurreko zelaitxo bat zirudien; beste muturrean lurrak jauzika behera egiten zuen alde guztietatik, itsaso ondoko beheko lurraldeetara iritsi arte. Zabaldia mendiaren ipar-mendebalean zegoen, eta horrenbestez gerizpean nengoen egun osoan, eguzkiak hego-ekialdera edo iritsi arte, eta lurralde horietan ia eguzkiaren sartzeko garaian izaten zen hori.
Denda jarri baino lehen, zirkulu erdi bat marraztu nuen harkaitz-zuloaren aurrean. Diametro erdiak hamar iarda edo hartuko zituen harkaitzetik hasita, eta haren diametroak mutur batetik bestera, hogei iarda izango zituen. Zirkulu erdi horretan, hesola sendoez osatutako bi ilara egin nituen, ziriak bailiren, lurrean tinko sartuta. Hesolen zatirik handiena kanpoan geratzen zen, bost oin eta erdi edo, eta muturra zorrotza zuten. Bi ilarek ez zuten elkarren artean sei hatzena baino tarte handiagorik.
Orduan ontzian aurkitutako sokatzarrak hartu, eta errenkan jarri nituen bata bestearen gainean, zirkulu barruan, zutoinen ilaren tartean, muturreraino iritsi arte. Barruan bi oin eta erdiko garaiera zuten, beste hesola batzuk jarri nituen haien kontra, haga baten ostikoa balira bezala. Hesia oso sendoa zen, eta ez gizonik eta ez animaliarik sartzerik edo gainetik igarotzerik ez zuketen izango. Hori egiteko denbora luzean lan handia egin behar izan nuen, batez ere basoan zutoinak mozten, haiek zelairaino eramaten eta lurrean tinko sartzen.
Bizilekuari ez nion atea jarri sarrera gisa, hesi gainetik sartzeko erabiltzen nuen eskailera motz bat baizik. Ni barrura sartu ondoren, eskailera jaso egiten nuen, eta era horretan erabat babestua geratzen nintzen hesi barruan, eta nik uste nuen bezala, mundu osotik gotortua; horrela lasai egin nuen lo, bestela ez bainuen egingo, nahiz eta gero ikusi ez zegoela arriskutsuak izango zirela uste nuen etsaien kontra neurriak hartzeko premiarik.
Lana ezin gehiagoan egin ondoren, hesi barrura edo gotorlekura eraman nituen lehen adierazitako ondasunak, bizigaiak, munizioa, eta hornigaiak, eta denda handi bat egin nuen gero; eta, euriteen kontra babestua egoteko, urtearen garai batean oso indartsuak izaten zirenez, bikoa egin nuen, hau da, denda txiki bat jarri nion barruan, eta beste handi bat gainean, eta dendaren goiko aldea ontziko oihalen artean aurkitutako oihal bikeztatu batekin estali nuen. Ez nuen jadanik itsasertzera ekarritako ohean lo egiten, ontziko lemazainarena zen ohe-sare batean baizik; bikaina benetan.
Denda barruan sartu nituen hezetasunak honda zitzakeen hornigai guztiak, eta nire ondasun guztiak barruan izan nituenean, sarrera itxi nuen, ordu arte irekita utzi bainuen, eta handik aurrera, sartu eta atera, esan dudan bezala, eskailera motz batekin egiten nuen.
Lan hori amaitu nuenean, harkaitzean zuloa egiten hasi nintzen, eta handik ateratako lurra eta harriak, dendan zehar igaro, eta hesiaren barruan uzten nituen, etxe gain baten antzekoa osatuz, eta leku horretan lurrak oin eta erdi inguru egin zuen gora; horrela, leizezulo bat nuen dendaren atzean, etxeko soto gisa erabili ahal izateko.
Lan handia egin nuen, eta egun asko behar izan nituen gauza horiek prest izateko, eta horrenbestez, atzera egin behar dut garai horretan pentsamenduan izan nituen beste zenbait gauza aipatzeko. Izan ere, denda jartzeko eta harkaitzean zuloa egiteko erabakia hartua nuenean, hodei ilun lodi batetik euri jasa hasi zuen, eta halako batean tximista distira izan zen, eta atzetik, jakina, haren ondoriozko trumoi hots ikaragarria. Ez ninduen tximistak, tximista bera bezain bizkor burura etorri zitzaidan pentsamenduak adina kezkatu: «Ene, sutautsa!» Ia barrua lehertu zitzaidan eztanda bakar batekin sutauts guztia alferrik gal zitekeela ikusi nuenean, haren mende bainituen, ez bakarrik neure burua babesteko modua, baita janaria bera lortzekoa ere. Neure buruaz ez nintzen horrenbeste kezkatu; hala ere, sutautsak sua hartu izan balu, ez nukeen inoiz jakingo erasoa nondik etorri zitzaidan.
Ez nuen bihotz zirrara makala izan haren ondorioz, eta ekaitza amaitu ondoren, eraikuntza lanak, babestekoak eta beste lan guztiak alde batera utzi, eta sutatutsa poltsa eta kutxetan banatzeari ekin nion. Sorta txikitan jarri nuen, baldin eta ezer gertatuko balitz, sutauts guztia batera erre ez zedin, eta sortak elkarrengandik bereizita jarri nituen, batetik bestera sua ez hedatzeko. Hamabost egunetan amaitu nuen lan hori, eta uste dut sutautsa, 240 librako pisukoa gutxi gorabehera, ehun sorta baino gutxiagoetan ez nuela banatu. Bustia zegoen upelari zegokionean, ez nuen uste arriskua ekarriko zuenik, eta leizezulo berrian kokatu nuen, nire irudimenean sukaldea esaten nion lekuan, eta gainerakoa han-hemenka harkaitz-tarteetan gorde nuen, urak ez bustitzeko moduan, eta kontu handiz seinaleak utzi nituen gorde nituen lekuetan.
Hori egiten aritu nintzen bitartean, gutxienez, egunean behin eskopeta hartu eta bizilekutik irteten nintzen, bai atsegin hartzeagatik, bai jatekorik eskura ahal nezakeen ikusteagatik, eta baita ere, ahal nuen neurrian, uharteak eskaintzen zuena ezagutzeagatik. Irten nintzen lehenengo aldian, uhartean ahuntzak bizi zirela ikusi nuen, eta horrek poz handia eman zidan. Baina berehala bihozgabetu nintzen, izan ere, hain izuak, arinak eta iheskorrak zirenez gero, munduko gauzarik zailena zen animalia horiengana hurbiltzea. Baina ez nuen horregatik amore eman, ez bainuen zalantzarik, bat edo beste tirokatu ahal izango nuela, laster gertatu zen bezala, eta, haien gordelekuak aurkitu ondoren, era honetan egoten nintzen zelatan: konturatu nintzen ibarrean ikusten baninduten, goiko harkaitzetan zeudela, beldurtuta ihes egiten zutela ziztu bizian, baina ibarrean bazkatzen ari zirenean, ni harkaitzen gainean banengoen, ez ziren konturatzen han nengoela. Orduan erabaki nuen, begikerarengatik edo, beti beherantz begiratzen zutela, eta goian zeuden gauzak ez zituztela ikusten. Azkenean bide hori hartu nuen: lehenbizi, harkaitzetara igotzen nintzen haien gainean egoteko, eta horrela askotan asmatzen nuen tiro egiten nienean. Animalia horiei egin nien lehenengo tiroak ahuntz eme bat hil zuen, alboan oraindik amaren esnea edoskitzen ari zen antxume bat zuena; horrek benetan nahigabetu ninduen. Izan ere, ahuntz emea erori zenean, ni hurbildu eta ama hartu nuen arte, umea ez zen amaren ondotik mugitu, eta ez hori bakarrik, ama bizkarrean hartuta neramanean, antxumea ondo ondotik etorri zitzaidan. Beraz, erabaki nuen harrapakina lurrean uztea eta antxumea besoetan hartu eta nire gotorlekura eramatea, han hazi eta hezteko asmotan; baina antxumeak ez zuen ezer jan nahi, eta azkenean hura ere hil behar izan nuen, eta gero jan. Bi animalia horiekin haragia izan nuen denbora luzerako, neurriz jaten bainuen, eta bizigaiak, ogia batez ere, ahal nuen neurrian, pixkanaka jateko gordetzen bainituen.
Egoitza prest izan nuenean, ezinbestekoa iruditu zitzaidan sua egiteko lekua eta erregaia lortzea, eta hori nola egin nuen, leizezuloa nola handitu nuen eta nolako aurrerapenak egin nituen azalduko dut bere garaian. Baina neure buruaz azalpen batzuk eman behar ditut lehenago, bizitzaz pentsatzen nuenari buruz, uste izango duzuen bezala, ez baitzen gutxi.
Etorkizun goibela eskaintzen zidan neure egoerak, uharte horretara eraman baininduen ekaitz zakar batek, esan dudan bezala, gure bidaldiaren ibilbidetik kanpo, eta gizartearen ohiko merkataritza bideetatik oso urruti, ehundaka legoatara, eta arrazoiak nituen uste izateko Jainkoaren erabakiz, leku ilun horretan eta era ilun eta goibel horretan amaituko nuela nire bizitza. Malkoak erortzen zitzaizkidan aurpegian behera burutapen horiek nituenean, eta haserretu egiten nintzen Jainkoaren ardurak erabat hondoa jota uzten zituelako berak sortutako izakiak, zorigaiztoko egiten zituelako, laguntzarik gabe uzten zituelako, erabat lur jota, bizitzarengatik eskerrak emateko arrazoiak nekez aurkitzeko punturaino.
Baina horrelakoetan berehala zerbaitek zuzenarazten zizkidan pentsamendu okerrak eta zuzen ez nengoela esaten zidan. Horrela, egun batean, eskopeta eskuan hartu eta neure egoeraz pentsatzen ari nintzela hondartzan, «arrazoiak», nolabait izendatzeko, errietan egin zidan era honetan: «Tira, egoera tamalgarrian zaude, egia da, baina arren gogora ezazu; non dira gainerakoak? Ez al zineten hamaika itsasontzian? Non dira beste hamarrak? Zergatik ez ziren haiek salbatu eta zu ito? Zergatik izan zinen zu aukeratua? Zer da hobe hemen ala han egotea?». Eta orduan itsasora zuzendu nuen hatza. Zoritxar guztiak, barruan duten alderdi ona eta inguruan dituzten beste zoritxar okerragoak ahaztu gabe, hartu behar dira kontutan.
Orduan berriro hasi nintzen pentsatzen, zeinen ongi nengoen hornitua bizirik irauteko, eta nolakoa izango zen nire egoera gauzak bestela gertatu izan balira, eta ehun mila aukera nituela baten kontra hala gertatzeko; alegia, itsasontzia, lehenengo aldiz hondarra jo zuen lekutik ur gainera atera eta, itsasbazterretik horren gerturaino joan ez balitz, eta handik gauza guztiak atera ahal izateko aukerarik izan ez banu; eta nolakoa izango zen nire egoera, itsasbazterrera lehenengo aldiz iritsi nintzen egoera berean egongo banintz, bizirik irauteko premiazko gauzarik gabe, edo bizigaiak eskuratzeko eta lortzeko premiazko baliabiderik gabe.
— Batez ere —esan nuen ozenki (neure buruarekin ari nintzen arren)—, zer egingo nukeen armarik gabe, muniziorik gabe, ezer egiteko edo lanerako tresnarik gabe, jantzirik, oherik, dendarik, edo nolabait estaltzeko modurik gabe?
Orduan behar nituen gauza guztiak neuzkan, behar adinako kopuruan, eta nerure burua hornitzeko moduan nengoen, baita armarik gabe bizi ahal izateko ere, munizioak amaitzean; eta bizirik irauteko moduan nengoela esango nuke, premia larririk izan gabe, bizi nintzen artean. Izan ere, hasieratik hartu bainuen kontutan nola aurre egingo nien gerta zitezkeen istripuei, edo zailtasunei, ez bakarrik munizioa amaitzean, baita nire osasuna eta indarra makaltzean ere.
Aitortu behar dut ez nuela inondik ere kontutan hartu, munizioa eztanda bakar batean alferrik gal zitekeenik, alegia, tximistak sutautsa leherraraztea, horregatik kezkatu nintzen horrenbeste aldi hartako tximista eta trumoiek hura pentsarazi zidatenean.
Eta orain bizitza isil baten kontakizun goibelean sartzera noa, beharbada munduan inoiz entzun ez den kontakizuna, eta hasiera hasieratik abiatuko naiz, eta gertakariak, hurrenez hurren, gertatu bezala aipatuko ditut. Nire zenbaketen arabera, irailaren 30ean, lehenago aipatu dudan bezala, jarri nuen oina lehenengo aldiz uharte ikaragarri honen gainean, gure lurraldean eguzkia udazkenaren ekinozioan izaten den garaian, eta hemen berriz, zuzen-zuzen buru gainean, azterketen bidez erabaki bainuen, 9 gradu eta 22 minutuko latitudean nengoela, ekuatoreko marratik iparraldera.
Uhartean hamar edo hamabi egun neramatzanean, burura etorri zitzaidan denboraren zentzua galdu egingo nuela libururik, lumarik eta tintarik ez nuelako, eta jaiegunak ez nituela aste egunetatik bereiziko. Horrelakorik ez gertatzeko, aiztoa hartu eta haga handi bat moztu nuen, eta harekin gurutze handi bat egin ondoren, hondartzan ezarri nuen, lehorreratu nintzen leku berean, eta letra larriz idatzi nuen: «Hemen lehorreratu nintzen 1659ko irailaren 30ean». Lauki formako zutoin horren bazterretan egunero koskak egiten nituen aiztoarekin, eta zazpigarren ebakia besteak baino bi aldiz handiagoa egiten nuen, eta hilabetearen lehenengo eguna zazpigarrena baino handiagoa. Horrela osatu nuen egutegia edo horrela neurtzen nituen asteak, hilabeteak edo urteak.
Ondoren esan behar dut, itsasontzira, lehen jakinarazi dudan bezala, egindako joan-etorrietatik ekarritako gauzen artean bazirela zenbait balio handirik ez zutenak, baina niretzat erabat baliorik gabeak ere ez zirenak, eta orain arte aipatu ez ditudanak, bereziki, lumak, tinta eta papera, kapitainaren, haren bigarrenaren, kanoilarien eta arotzaren ardurapean zeudenak; lauzpabost itsasorratz, matematika tresna batzuk, eguzki-orratzak, betaurrekoak, nabigazio liburuak eta mapak, eta horiek denak batera pilatu nituen, inoiz erabili beharko nituen jakin gabe. Gainera hiru Biblia aurkitu nituen, oso txukunak, Ingalaterratik niretzat bidalitakoak, eta nire gauzekin batera bidaia egiteko hartu nituenak; portugesez idatzitako liburu batzuk, Aita Santuaren bizpahiru otoitz liburu tartean, eta beste zenbait; eta denak ongi gorde nituen. Ez dut ahaztu behar, itsasontzian zakur bat eta bi katu genituela, eta izango dut bi horien istorio bikaina kontatzeko aukera bere garaian; izan ere, bi katuak lehorrera eraman bainituen, eta zakurra, berriz, itsasontzitik jauzi egin eta hondartzaraino etorri zitzaidan igerian, lehenengo zamaldia lehorrera eraman nuen egun berean, eta urte askotan zerbitzari aparta izan nuen. Behar nituen gauza guztiak ekartzen zizkidan, eta beti izaten nuen ondoan; nirekin hitz egitea besterik ez zuen falta, baina hori ezinezkoa zen. Lehen esan bezala, luma, tinta eta papera aurkitu nituen, eta ahal izan nuen gehiena luzatu nituen, eta gauza nabaria zen, tintak iraun zuen bitartean, gauzak zehatz-mehatz gogoan izan nituela, baina hura amaitu zenean, ezinezkoa egin zitzaidan, ezin izan bainuen inondik ere tinta egitea lortu.
Horrek gogorazi zidan gauza asko behar nituela, beste gauza asko bildu nituen arren, eta horietako bat tinta zen, baina hala ere, ezpata, pikotxa, palaren bat lurra zulatu edo iraultzeko, jostorratzak, orratzak eta haria falta nituen. Arropa zuriari zegokionean berriz, laster ikasi nuen, zailtasun handirik gabe, haren premiarik ez izaten.
Tresnarik ez izateak nekezagoa egiten zuen eguneroko lana, eta ia urte osoa behar izan nuen nire bizilekuaren inguruko zurezko hesia erabat amaitzeko. Hagak edo zutoinak, nekez altxatzen nituen, eta denbora luzea ematen nuen basoan haiek mozten eta prestatzen, eta are gehiago etxeraino eramaten, eta zenbaitetan bi egun behar izaten nituen haga bakar bat mozteko eta etxeratzeko, eta hirugarren eguna lurrean sartzeko. Hori egiteko hasieran egur puska astun bat erabiltzen nuen, baina azkenean egokiagoa iruditu zitzaidan burdinazko haga bat erabiltzea, eta tresna aurkitu nuen arren, nekeza eta aspergarria egiten zitzaidan, hala ere, hagak edo zutoinak lurrean sartzea.
Baina zergatik kezkatu behar nuen nire eginkizunen bat aspergarria zelako, behar adina denbora eta gehiago nuela jakinda?, eta hura bukatuz gero, bestelako eginkizunik —ez behintzat nik aldez aurretik ikus nezakeenik— ez nuela ikusita?, uhartean zehar janari bila ibiltzea ez bazen, eta hori ia egunero egiten nuen.
Orduan nire egoera benetan aztertzen hasi nintzen, eta baita egoera horrek jartzen zizkidan mugak ere, eta idatzi egin nituen; ez horrenbeste nire atzetik etor zitezkeenentzat, ez bainuen uste ondorengoak izango nituenik, nire pentsamenduek adimenari ematen zioten lan eta nekeetatik askatzeagatik baizik. Eta arrazoia nire zoritxarrei nagusitzen hasi zitzaienez gero, nola edo hala zuzpertzen hasi nintzen, eta gauza onak txarren parean jartzen, nire zoria beste zori okerragotik bereizteko, oso modu hotzean, zorrak eta hartzekoak balira bezalaxe, nik nituen erosotasunak eta jasandako zoritxarrak aurrez aurre nituela, era honetan:
TXARRA
Jenderik gabeko uharte beldurgarri batera jaurtikia izan naiz, eta ez dut salbatua izateko itxaropenik.
Bereizia eta mundutik kanporatua izan naiz, nolabait, zoritxarrekoa izateko.
Gizaditik baztertua izan naiz, bakartua, gizartetik egotzia.
Ez dut soinean janzteko arroparik.
Ez dut gizonen edo piztien erasoei aurre egiteko modurik edo baliabiderik.
Ez dut alboan hiz egiteko arimarik, ezta inor ere poza emango didanik.
ONA
Baina bizirik nago, eta ez itota, itsasontziko gainerako marinelak dauden bezala.
Baina bereizia izan naiz baita ere itsasontziko beste marinel guztiengandik, onik ateratzeko; eta heriotzatik mirariz salbatu nauen Horrek berak, aska nazake era berean egoera honetatik.
Baina ez nago goseak hiltzen edo oinazez, jatekorik ematen ez duen eremu antzu batean.
Baina eguraldia beroa da, eta arropak izan banitu ere, ia ezingo nituzke soinean jantzita eraman.
Baina jaurtikia izan naizen uhartean ez dut, Afrikako itsasaldean ikusi nituen bezala, pizti erasotzailerik ikusi; eta zer gertatuko zitzaidakeen itsasontzia han hondoratu izan balitz?
Baina Jainkoak, zorionez, itsa-sontzia itsasertzetik horren gerturaino bidali duenez gero, premiazko gauza guztiak eskuratu ahal izan ditut, edo aukera eman dit bizirik irauteko beharko nituzkeenak eskuratu ahal izateko.
Oro har, hor bazen zalantzarik gabeko lekukotasuna, munduan nire egoera baino zoritxarrekoagorik aurkitzea oso zaila zela garbi uzten zuena, baina bazuen barruan zerbait txarra baina aldi berean ona, harengatik eskerrak emateko. Eta munduko egoera tamalgarrienean ateratako irakaspena izan dadila, gauza guztietan adore hartzeko zerbait aurkitzen jakitea, eta gauza on eta txarren zerrendan, hartzekoen aldean jartzea.
Barrua pixka bat bizkortzea lortu nuenean, eta itsasontziren bat ageri ote zen itsasoari begira egoteaz etsita; esan bezala, hori alde batera utzi eta, saiatu nintzen bizimodu erosoa antolatzen, eta eguneroko gauzak ahalik eta atseginen bihurtzen.
Bizilekua nolakoa zen adierazi dut dagoeneko, harkaitzezko horma baten azpian jarria nuen denda, zutoinez eta sokaz egindako hesi batez inguratua, eta zehatzagoa izateko horma bat zela esango nuke, zohizko horma bat jarri bainuen haren kontra kanpoko aldetik, bi oin edo lodikoa. Geroago, uste dut urte eta erdi inguru igaro zela, zutoinak harkaitzen kontra jarri nituen, eta zuhaitz adarrez eta ura igarotzen uzten ez zuten zenbait gauzez estali nituen, euria oso indartsua izaten baitzen urtaro batzuetan.
Esan dut dagoeneko nola eraman nituen ondasun guztiak hesi barrura, eta bizilekuaren atzealdean egin nuen leizezulora. Baina gogoan hartu behar da baita ere, hasieran ondasunak nahaspilatuak nituela, eta txukundu gabe zeudenez gero, ia leku osoa hartzen zutela, eta ia ez nuela mugitzeko lekurik. Beraz leizezuloa handiagoa eta zuloa sakonagoa egiten hasi nintzen. Harkaitza erraz desegiten zen hareharrizkoa zelako, eta erraz ematen zion amore nire ahaleginari. Orduan, piztien arriskutik babestua nengoela ikusi nuenean, bideak egin nituen harkaitz barruan eskuinetara, eta gero, kanporantz eta eskuinetara, eta azkenik, ate bat egin nuen hesiaren edo gotorlekuaren kanpoko aldean. Horrela aukera nuen ez bakarrik handik sartu eta atera ibiltzeko, dendako atze-atea balitz bezala, lekua eskaintzen zidan baita ere nire ondasunak han gordetzeko.
Ondoren buru-belarri hasi nintzen beharrezkoak iruditzen zitzaizkidan gauza batzuk egiten, aulkia eta mahaia bereziki, horiek gabe ezin bainuen munduan neuzkan erosotasun eskasez gozatu. Ezin nuen idatzi, ez jan, edo beste zenbait gauza horren eroso egin mahairik gabe.
Eta hala lanean hasi nintzen. Esan beharra dut bestalde, arrazoia matematikaren muina eta hasiera den bezala, gauzak arrazoiz eratzen eta kokatzen badira, eta arrazoizko iritziak erabiliz, edonor izan daitekeela maisu edozein eskulanetan. Ez nuen bizitza osoan erreminta bakar bat eskuan hartu, eta berehala, lan eginez, saiatuz eta burua erabiliz, konturatu nintzen nahi nuen guztia egin nezakeela, erremintak baldin banituen batez ere. Dena dela, gauza asko egin nituen erremintarik izan gabe ere, eta beste batzuk jorraia eta aizkora besterik erabili gabe, beharbada sekula era horretan egin ez zirenak, eta noski, lan handiz. Adibidez, ohol bat nahi banuen, beste biderik ez nuen: zuhaitz bat moztu, ertz baten gainean jarri, eta bi aldeetatik aizkorarekin jo, xafla bezain fina utzi arte, eta gero jorraia hartu eta leundu. Egia da, lana egiteko modu horrekin, ohol bakarra egin nezakeela zuhaitz batekin, baina horrek ez zuen pazientzia izatea beste eremediorik, ohol edo xafla bat egiteko behar nuen denbora ikaragarri luzearekin eta lan nekezarekin gertatzen zitzaidan bezalaxe. Baina nire denborak edo lanak ez zuen balio handirik, eta berdin zitzaion hura era batera edo bestera erabiltzea.
Dena dela, mahaia eta aulkia, lehen esan bezala, egin nituen lehenik, itsasontzitik atera eta alan eraman nituen ohol puska txikiekin. Baina horietako ohol batzuk erabili ondoren, lehen esan bezala, apal luzeak egin nituen, oin eta erdiko zabalerakoak edo, eta bata bestearen gainean jarri nituen leizezuloko alde bateko hormaren luzera guztian, erremintak, iltzeak eta burdinak han uzteko; eta, hitz batean, gauza guztiak bereizita eta bere lekuan gordetzeko, denak erraz aurkitzeko moduan. Iltzeak sartu nituen harkaitzean, eskopetak eta zintzilikatu nahi nituen beste zenbait gauza han jartzeko. Eta horrela nire leizezuloari, inork ikusiko balu, gauza beharrezkoen biltegi handi baten tankera emango lioke; eta dena horren eskura nuenez gero, atsegin ematen zidan ondasun guztiak txukun jarrita nituela eta premiazko bizigaiez ongi hornitua nengoela ikustea.
Eta orduan eguneroko zereginekin egunkaria idazten hasi nintzen; izan ere, hasieran, egia esateko, presa handia nuen, eta ez bakarrik lanerako, burua ere oso nahasia nuen, eta egunkaria gauza ilunez betea egon zatekeen. Era honetako gauzak esango nituzkeen: «Irailak, 30. Lehorrera iritsi nintzenean, uretan ito gabe, Jainkoari onik atera nintzelako eskerrak eman ordez, sabelean nuen irentsitako ur gazi pila oka egin nuen lehenbizi, eta indar pixka bat hartu ondoren, hondartzan batera eta bestera lasterka hasi nintzen, eskuak bihurrituz eta buruan eta aurpegian zapla astinduak emanez, nire zoritxarraren kontra oihuka eta garrasika, nireak egin zuela eta nireak egin zuela; azkenean, leher eginda eta zorabiaturik, lurrean atseden hartzeko etzan behar izan nuen arte, baina lo hartzen ausartu gabe, piztiren batek irentsiko ninduen beldurrez».
Egun batzuk geroago, eta itsasontziraino joan eta handik ahal izan nuen guztia hartu ondoren, ezin nuen oraindik etsi mendixkaren tontorreraino igo gabe, handik itsasora begiratzeko, itsasontziren bat ikusiko nuelakoan. Orduan irudimenean haize-oihal bat ikusten nuen oso urruti, eta itxaropen horrek poza ematen zidan, eta gero, mugitu gabe eta, ia itsu geratu arte, luze begira egon ondoren, ikusmenetik galdu egiten nuen, eta eseri eta negar egiten nuen, haur baten erara, eta zoramen horrek areagotu egiten zuen nire zoritxarra.
Baina gauza horiek nolabait gainditu ondoren, etxeko gauzak eta bizilekua antolatu, eta mahaia eta aulkia egin nituenean, dena ahal izan nuen bezain dotore, egunkaria idazten hasi nintzen, eta hemen duzu haren kopia (nahiz eta bertan lehen aipatutako zenbait gorabehera berriz azaldu), hasieratik bukaerarainokoa, izan ere, tinta amaitu zitzaidanean, bertan behera utzi behar izan bainuen.
EGUNKARIA
1659ko, irailak 30. Ni, Robinson Crusoe gizajo errukarria, ekaitz ikaragarri batean itsasoko ur handitan ontzia hondoratu ondoren, lehorrera iritsi nintzen, ordurako ontziko gainerako kideak itota zeudela eta ni erdi hilda, zoritxarreko uharte goibel honetan, zeinari «Etsipen uhartea» izena jarri bainion.
Handik aurrera eguna neure egoera tamalgarriagatik nahigabetua eman nuen. Adibidez, ez nuen janaririk, etxerik, arroparik, armarik, ezta babesteko lekurik ere, eta minak arintzeko arrazoirik gabe etsita, ez nuen heriotza besterik aurrean ikusten; edo basapiztiek jango ninduten, gizon basatiek akabatu, edo goseak hilko nintzen bestela. Gaua egin zenean, zuhaitz batera igo, eta han geratu nintzen, basabereen beldur bainintzen, baina hala ere zerraldo egin nuen lo, gauean euria etengabe egin zuen arren.
Urriak 1. Goizean, poz handiz ikusi nuen, itsasgorari esker ontzia ur gainera irten zela, eta urak uhartera hurbilarazi zuela. Horrek alde batetik zuzpertu ninduen, ontzia osorik eta tente ikusi nuelako eta ez zati txikitan apurtua; eta pentsatu nuen, haizea baretzen bazen, ontziratu ahal izango nintzela, eta neure egoera arintzeko behar nituen janariak eta zenbait gauza hartu ahal izango nituela. Baina bestalde, berritu egin zitzaidan adiskideak galtzeagatik nuen mina, eta bururatu zitzaidan, ontzian geratu izan bagina agian onik atera ahal izango ginela, edo gutxienez, ez zirela denak itota egongo orduan zeuden bezala, eta marinelak bizirik egon balira, agian aukera izango genuela itsasontzi zaharraren hondakinekin ontzi bat egin, eta munduko beste lekuren batera joan ahal izateko. Denbora luzea eman nuen egun horretan gauza horiekin kezkatuta, baina azkenean ontzia ia lehorra zegoela ikusita, hondar gainean oinez ahal izan nuen gehiena hurbildu nintzen, eta gero igeri eginez ontziraino iritsi nintzen. Egun horretan ere euria egin zuen etengabe, baina haizerik ez zebilen batere.
Urriaren 1etik 24ra. Egun horiek guztiak itsasontzira joan-etorriak egiten eman nituen, ahal nituen gauza guztiak handik atera, eta alen gainean itsasbazterrera eramaten, itsasaldiaz baliatuta. Egun horietan ere euria sendo egin zuen, noizbehinka ostarteak izan ziren arren, baina bazirudien hura euriteen garaia zela.
Urriak 20. Ala irauli zitzaidan gainean zeraman guztiarekin, baina ur mehea zenez gero, eta gauza gehienak astunak, asko eta asko itsasbehera izan zenean eskuratu ahal izan nituen.
Urriak 25. Egunez eta gauez euria egin zuen, eta haize-erauntsiak ere izan ziren. Tarte horietan itsasontzia txiki-txiki eginda geratu zen, haizeak gogorxeago jo baitzuen lehen baino, eta handik aurrera ez zen ontzia ikusi, haren aztarna batzuk besterik ez, eta hori urak behera egiten zuenean. Ontzitik ateratako gauzak, euriak honda ez zitzan, estaltzen eta babespean jartzen eman nuen eguna.
Urriak 26. Ia egun osoa itsasbazterrean oinez atzera eta aurrera igaro nuen, nire bizilekua jartzeko leku on baten bila, neure burua bai piztien bai gizonen gaueko erasoren baten aurrean babestua egon zedin, oso kezkatua. Iluntzean harkaitz baten azpian leku egokia aurkitu, eta han geratzea erabaki nuen, eta neure kanpaldia jartzeko lurrean zirkulu erdi bat marraztu nuen, eta hura sendotzeko horma bat edo hesolaz eginiko hesi bikoitza eraikitzea erabaki nuen, barrutik soka lodiz lotua eta kanpotik zohiz estalia.
26tik 30era gogotik egin nuen lan ondasun guztiak bizileku berrira eramaten, nahiz eta egun horietan zenbait aldiz euria oso gogor egin.
Hilaren 31n goizean, uhartean barrualdera joan nintzen eskopeta hartuta janari bila, eta mendialdea ezagutu nuen. Ahuntz eme bat hil nuen, eta haren umea atzetik etorri zitzaidan etxeraino, baina hura ere hil egin behar izan nuen azkenean, ez baitzuen ezer jan nahi.
Azaroak 1. Denda harkaitz baten azpian jarri nuen, eta han igaro nuen lehenengo gaua. Barrua ahal izan nuen bezain zabala egin nion, hamaka zintzilik jartzeko eraman nituen ziri batzuk erabilita.
Azaroak 2. Alak egiteko erabili nituen kaxa, ohol eta egur puskekin hesi bat osatu nuen nire inguruan, gotorleku izateko lurrean marraztu nuen zirkulotik pixka bat barrurantz.
Azaroak 3. Eskopeta eta guzti irten, eta bi hegazti bota nituen, ahatearen antzekoak, jateko bikainak. Arratsaldean lanean hasi nintzen mahai bat egiteko.
Azaroak 4. Goizean lana egiteko denbora, ehizan aritzekoa, lo egitekoa, eta atseden hartzekoa antolatzen hasi nintzen. Alegia, goizero bizpahiru orduz ehizan ibiltzen nintzen, euririk ez bazen; gero lan egiten nuen hamaikak ingurua arte, eta bizirik irauteko neukana jaten nuen; hamabietatik ordubiak arte lotara joaten nintzen, eguraldia beroegia baitzen, eta arratsaldean berriz lana egiten nuen. Egun horretako eta ondorengoetako lana oso osorik mahaia egitea izan zen, langile oso traketsa bainintzen artean, baina denborak eta premiak berehala bihurtu ninduten goitik beherainoko eskulangile, nire ustez, edonori gertatuko litzaiokeen bezala.
Azaroak 5. Eskopeta eta txakurra hartu, eta ehizara irten nintzen. Basakatu bat harrapatu nuen, larrua leun samarra zuena, baina haragia berriz, ezertarako balio ez zuena. Hiltzen nuen edozein animalia larrutu, eta larrua gordetzen nuen. Hondartza aldera itzultzean, ezagutzen ez nituen era askotako itsasoko hegaztiak ikusi nituen, baina harritu egin nintzen, eta ia beldurtu, bizpahiru foka ikustean. Haiei begira geratu nintzenean, zer ziren ez nekiela, animaliak itsasoan sartu, eta ihes egin zidaten.
Azaroak 6. Goizeko ibilaldiaren ondoren mahaia egiteari ekin nion berriz, eta azkenean bukatu nuen, oso gustora geratu ez nintzen arren, baina berehala ikasi nuen hura konpontzen.
Azaroak 7. Eguraldiak hobera egin zuen. 7, 8, 9, 10a eta 12ko zati bat (11 igandea baitzen) aulkia egiten eman nituen, eta lan asko egin ondoren, nola halakoa egitea lortu nuen, baina egiten aritu nintzen bitartean, zenbait aldiz desegin nuen arren, ez nuen erabat gogokoa.
Oharra: laster utzi nion igandeak gordetzeari, hagan arrastoak jartzen huts egin nuelako, eta handik aurrera ez nuen asmatzerik izan zein zen egun bakoitzekoa.
Azaroak 13. Egun horretan euria egin zuen, euriak erabat freskatu ninduen eta lurra hoztu zuen, baina sekulako trumoi eta tximistak izan ziren euriarekin batera, eta ikaragarri beldurtu nintzen, sutautsa zela eta. Ekaitza amaitu bezain laster, sutautsa ahal nuen sorta txikienetan banatzea erabaki nuen, leherketa arriskurik ez izateko.
Azaroak 14, 15, 16. Hiru egun horiek kutxa edo kaxa karratu txikiak egiten eman nituen, libra bat edo gehienez bi libra gordetzeko edukiera zutenak, eta horrela sutautsa bertan sartu, eta ahal izan nuen era babestuenean eta elkarrengandik bereizienean kokatu nituen. Hiru egun horietako batean txori handi bat harrapatu nuen. Jateko ona zen, baina zer zen ez nekien.
Azaroak 17. Egun horretan dendaren atzeko harkaitza zulatzen hasi nintzen, lekua zabaldu eta erosoago egoteko.
Oharra: hiru gauza ezinbesteko nituen lan horretarako; hau da, pikotxa zorrotza, pala eta esku-orga edo otarreren bat. Lana bertan behera utzi nuen beraz, eta premia horri erantzuteko eta tresna batzuk egiten hasteko erabakia hartu nuen. Pikotxa egiteko burdinazko hagak erabili nituen, nahiko egokiak, baina astunegiak. Orduan premiazkoa nuen hurrengo gauza pala edo sarderen bat zen. Erabat ezinbestekoa nuen, hura gabe ezin bainuen ezer egin; nola egin ordea, ez nekien.
Azaroak 18. Hurrengo egunean, basoak miatzen nenbilela, zuhaitz bat aurkitu nuen, Brasilen, neurriz gainezkako gogortasunagatik, burdinazko zuhaitza esaten diotenaren zur bera edo antzekoa zuena, eta handik, lan handiz, eta ia aizkora hondatuta, puska bat moztu eta etxera eraman nuen, nahiz eta horretarako zailtasun handiak izan, oso astuna baitzen.
Zuraren gogortasunak eta hura lantzeko tresna egokirik ez izateak, lan horretan luze aritu beharra eragin zidaten, zura oso pixkanaka lantzen bainuen, pala edo sarde baten itxura eman arte. Kirtena Ingalaterran ditugunen itxura berberekoa zen, baina alderdi zabalaren azpialdean burdinazko ertzik ez zuenez gero, ez zidan oso denbora luzerako iraungo. Dena dela, etekin ona atera nion erabili nuen bitartean; hala ere, ez dut uste inoiz pala bat era horretan egingo zenik, edo inori niri horrelakorik egitea bezain luze joko zionik.
Oraindik banituen premiak, otarre bat edo esku-orgaren bat behar bainuen. Otarrea ezin nuen inolaz ere egin, ez bainuen zumitzaren antzeko gairik, okertu eta saskigintzan erabili ahal izateko, edo gutxienez oraindik ez nuen horrelakorik aurkitu. Esku-orgari zegokionean, iruditu zitzaidan dena egin nezakeela, gurpila izan ezik, baina hura nola egin susmorik ere ez nuen, ezta nola egiten hasi ere; gainera ez nekien nola egin zitezkeen gurpilak birarazteko ardatzean zeharkatuta eduki behar zituen burdinazko ziriak; beraz, amore eman nuen, eta leizezulotik ateratzen nuen lurra eramateko, langileek, igeltsero lanetan aritzen direnean, mortairua eramateko izaten duten aska moduko bat erabili nuen.
Hori ez zitzaidan pala egitea adina kostatu; eta horretan, pala egiten eta esku-orga egiteko alferrikako ahaleginetan ez nituen lau egun baino gutxiago eman, beti ere, goizeko ehiza-ibilaldia alde batera utzita, horretan ez bainuen ia inoiz huts egiten, eta janaria etxeratzen ere oso gutxitan.
Azaroak 23. Beste lanak utzita nituen tresnak egiten aritu nintzen bitartean, baina aurrera egin nuen haiek amaitu bezain laster, eta egunero lan eginez, sasoiak eta denborak uzten zidaten neurrian, hemezortzi egun oso eman nituen leizezuloa zabaltzen eta sakontzen, gauzak han eroso gorde ahal izateko.
Oharra: Bitarte horretan lanean aritu nintzen gela horrek edo leizezuloak biltegi, hornitegi, sukalde, jangela edo sotoa izateko adina leku izan zezan; eta logela berriz, dendan utzi nuen, euriteen garaian zaparrada handia egiten zuenean izan ezik, ezin bainuen han busti gabe egon, eta hesi barruko egoitza estali behar izaten nuen, harkaitzaren kontra jarritako zurkaitzen bidez, gainean palmak eta hosto zabalak jarrita, teilatu baten antzera.
Abenduak 10. Leizezuloa edo sotoa amaitua nuela pentsatzen hasi nintzenean, halako batean (nonbait handiegia egin nuen) goitik lur pila handi bat erori zitzaidan zuloko bazter batera; horrenbesteko pila, ezen beldurtu ere egin baininduen, eta ez arrazoirik gabe gainera; izan ere, lurrak azpian harrapatu izan banindu, ez nuen ehorzlearen premiarik izango. Hondamen horrek lan handia ekarri zidan berriz, eroritako lurra kanpora eraman beharra nuelako, eta, are garrantzitsuagoa zena, sabaia zurkaiztu beharra nuelako, lur gehiagorik eroriko ez zitzaidala ziur egoteko.
Abenduak 11. Egunean zehar lan horretan aritu nintzen. Bi zurkaitz edo haga hartu, sabaiaren kontra tente jarri, eta bi ohol jarri nituen zeharka haga bakoitzaren gainean. Lan hori hurrengo egunean bukatu nuen, eta gainean oholez estalitako haga gehiago jarrita, astebete barru sabaia zurkaiztua nuen. Bestalde, hagak errenkan jarrita zeudenez gero, etxeko gelak bereizteko erabili nituen.
Abenduak 17. Egun horretatik hogeira arte apalak jarri nituen, eta hiltzeak sartu nituen hagatan, zintzilikatu zitekeen guztia zintzilikatzeko; horrela nolabaiteko txukuntasuna lortzen hasi nintzen etxe barruan.
Abenduak 20. Dena leizezulora eraman nuen, eta etxean altzariak jartzen hasi nintzen, eta ohol batzuekin alasa modukoa egin nuen bizigaiak han antolatzeko, baina oholak urritzen hasi zitzaizkidan; horrez gainera beste mahai bat egin nuen.
Abenduak 24. Euria barra-barra gau eta egun. Kanpora irten ezinik.
Abenduak 25. Egun osoan euria.
Abenduak 26. Euririk ez; lurra lehenago baino freskoagoa eta atseginagoa.
Abenduak 27. Ahuntz gazte bat hil nuen eta beste bat zauritu, eta zauritua hartu eta etxera eraman nuen soka batetik lotuta. Etxean sendatu eta hanka hautsia ziriz lotu nion.
Oharra: horrenbeste zaindu nuenez gero, sendatu egin zen, eta hanka ongi hazi zitzaion eta lehen baino sendoago. Horren luze zaindu izanaren ondorioz ordea, etxekotu egin zitzaidan, eta atariko zelaitik jaten zuen belarra; eta ez zuen ihes egin. Hori izan zen abereak etxean haztea bururatu zitzaidan lehenengo aldia, era horretan janaria izango bainuen, sutautsa eta balak amaituz gero ere.
Abenduak 28, 29, 30. Bero handia eta haizerik batere ez. Beraz ezinezkoa zen kanpora irtetea, iluntzean, janari bila, izan ezik. Egun horiek etxe barruan gauzak txukun jartzen eman nituen.
Urtarrilak 1. Oso bero oraindik, baina goizean eta iluntzean ehizara irten nintzen, eta eguerdian berriz atseden hartu nuen. Arratsean uhartearen erdialdean zeuden ibarretara urrundu nintzen, eta ahuntz ugari zegoela ikusi nuen, oso izuak eta iheskorrak izan arren. Dena dela, erabaki nuen, ahal izanez gero, hurrengoan haiek harrapatzeko zakurra eramatea.
Urtarrilak 2. Hurrengo egunean, beraz, zakurra hartuta irten nintzen, eta ahuntzak harrapatzeko zirikatu nuen. Ez nuen zuzen jokatu ordea, ahuntzek aurre egin baitzioten, eta zakurrak, arriskua ikusita, ez zuen haiengana hurbildu nahi izan.
Urtarrilak 3. Hesia edo horma egiten hasi nintzen, eta oraindik erasoen beldur nintzenez gero, lodia eta sendoa egitea erabaki nuen.
Oharra: Horma lehenago deskribatu dudanez gero, ez dut berriz egunkarian idatziko. Nahikoa da gogoraztea horma amaitzen eta hobetzen, gutxienez urtarrilaren 3tik apirilaren 14a arte aritu nintzela, luzeran hogei eta lau iarda baino gehiago ez zituen arren, harkaitzaren mutur batetik bestera zortzi iardako zirkulu erdia osatuz, eta leizezuloaren atea hesiaren atzeko erdialdean zuela.
Bitarte horretan jo eta ke aritu nintzen lanean, egun askotan euriak etxean gerarazi ninduen arren, baita aste osoak ere zenbaitetan, baina iruditzen zitzaidan ez nintzela erabat babestua egongo horma amaitua egon arte. Eta sinesgaitza da hura amaitzeko egin behar izan nuen lan nekeza, batez ere basotik egurrak ekartzea, eta lurrean sartzea, beharrezkoa zena baino askoz handiagoak egin nituelako.
Hesi hori amaitu nuenean, eta kanpoaldeari hesi bikoitza egin nionean, zohizko horma haren kontra eraikita, konturatu nintzen, inor han lehorreratuko balitz, ez lukeela bizileku baten antzekorik aurkituko; eta oso ongi egin nuen, geroago une oso adierazgarri batean ikusiko den bezala.
Bitarte horretan egunero egin nituen basoko ehiza-ibilaldiak, euriak baimena ematen zidanean, eta askotan egiten nituen neure probetxurako aurkikuntzak. Bereziki uso basati mota bat aurkitu nuen, kabiak, basoko usoen antzera, zuhaitzetan egin ordez, etxeko usoen antzera, harkaitz-zuloetan egiten ziuztenak. Usakume batzuk hartu nituen eta etxean haztea bururatu zitzaidan, eta hala egin nuen; baina handitzean hegan egin zuten, beharbada janari bila joateko, nik ez bainuen ezer haiei emateko. Dena dela, askotan aurkitzen nituen haien kabiak, eta usakume gazteak hartzen nituen, oso haragi ona baitzuten.
Etxeko kontuak antolatzen ari nintzela, ikusi nuen gauza askoren premia nuela, eta hasieran ezingo nituela egin iruditu zitzaidan, eta hain zuzen ere, hala gertatu zen horietako batzuekin. Adibidez, ezin izan nuen inoiz upel uztaidunik egin. Gurbil bat edo beste banuen, lehenago esan dudan bezala, baina ez nuen inoiz horrelakorik egitea lortu, lan horretan aste asko eman nituen arren. Ezin nituen bi muturrak lotu edo upel oholak elkartu, urari barruan eusteko moduan, beraz lan hori ere bertan behera utzi nuen.
Gainera, kandela baten premia handia nuen. Izan ere, ilundu bezain laster, gehienetan zazpiak aldera edo izaten zen, oheratu beharra izaten nuen. Orduan Afrikako bidaldietan kandelak egiteko erabili nuen argizari puska etorri zitzaidan burura, baina ez nuen horrelakorik. Konponbide bakarra nuen, ahuntzak hiltzean bilgorra atera eta gordetzea; eta harekin, eguzkitan egositako buztinezko platertxo batekin, eta iztupazko argi-muki batekin, kandela bat egin nuen. Horrek argia eman zidan, kandela batena bezain garbia eta iraunkorra ez izan arren.
Nire zereginetan ari nintzela, behin batean, poltsa txiki bat aurkitu nuen gauzak miatzerakoan, lehen esan dudan bezala, oiloei jaten emateko aleez betea egondakoa, ez gure bidaldian, aurreko batean baizik, uste dudanez, itsasontzia Lisboatik etorri zenean. Poltsan geratutako ale apurrak arratoiek jan zituzten, eta barruan ez nituen azalak eta hautsa besterik ikusi. Poltsa beste zerbaitetarako behar izan nuenez gero, uste dut sutautsa gordetzeko izango zela, tximisten beldurrez zakuetan bereizi nuenean, edo antzeko zerbaitetarako, poltsa astindu eta ale azalak kanpora bota nituen, harkaitzaren azpian, gotorlekuaren bazter batean. Oraintxe aipatutako euriteak baino pixka bat lehenago, apur haiek bota nituen ezertaz konturatu gabe, eta han ezer bota nuenik ere gogoan hartu gabe. Hilabete edo beranduago, ikusi nuen zurtoin berde berri batzuk irten zirela lurretik, eta agian ordu arte ikusi ez nuen landareren batenak izango zirela pentsatu nuen. Baina hura ezustea eta harridura nirea, handik pixka batera, hamar edo hamabi garagar buru atera zirela ikusi nuenean, Europako garagarraren mota berekoak, Ingalaterrakoak bezalakoak ez izan arren.
Ezinezkoa da adieraztea une hartan buruan nuen nahaspila eta harridura. Ordu arte ez nuen inongo erlijio oinarriren arabera jokatu; egia esateko, erlijio ezaguera urriak nituen, eta gertatu zitzaizkidan gauza guztietan zoriaren eskua edo, arinkeriaz esaten dugun bezala, Jainkoaren nahia besterik ez nuen ikusi, Jainkoaren arduraz edo Hark munduko gertaerez arduratzeko duen antolamenduaz kezkatu gabe. Baina garagarra hazten ikusi nuenean, aleak hazteko egokia ez zen klima batean, eta batez ere leku horretaraino nola iritsi ziren jakin gabe, harri eta zur geratu nintzen, eta pentsatzen hasi nintzen Jainkoak mirariz sortu zituela han landareak, ereintzaz baliatu gabe, eta nik zoritxarreko leku horretan bizirik iraun ahal izateko jarri zituela han, besterik gabe.
Horrek hunkitu egin ninduen, eta malkoak irtenarazi zizkidan begietara. Neure burua zoriontzen hasi nintzen Izadiak halako miraria egin zuelako nire mesederako. Hala ere, gauzarik harrigarriena izan zen, ale haien ondoan, harkaitzaren bazter batean errenkan, beste zurtoin jaioberri batzuk ikusi nituela, hain zuzen ere, arroz zurtoinak ziruditenak, Afrikako itsasaldean izan nintzenean han hazten ikusi nituelako ezagutzen bainituen.
Eta Jainkoaren ardurak ni goseak ez hiltzeko han jarritako emaitza garbia zela uste izateaz gainera, ziur nengoen beste lekuetan gehiago izango zirela, eta horregatik lehendik ezagutzen nituen uharteko leku guztietan haien bila aritu nintzen, bazter guztietan eta harkaitz guztien azpian, baina ez nuen ezer aurkitu. Azkenean bururatu zitzaidan oilo-janaren poltsa astindu behar izan nuela han, eta harridura moteltzen hasi zitzaidan; eta aitortu beharra daukat, Jainkoaren ardurari zor nion esker ona ere itzaltzen hasi zitzaidala, gertaera arrunta besterik ez zela konturatu nintzenean. Dena dela, eskerrak eman behar nituen miraria izan balitz bezalaxe, zorioneko gertakari bitxi eta aparta harengatik. Egia esateko, Jainkoaren ardurari zegokion lana izan zen, hamar edo hamabi ale haiek osorik geratzea (arratoiek beste guztiak jan zituztenez gero), zerutik erori balira bezala, eta baita ere nik leku jakin hartara bota izana. Izan ere, harkaitz garai baten itzalpean zeudenez gero, berehala erne baitziren, aldiz, une hartan beste norabait bota izan banitu, eguzkitan erre eta alferrik galduko baitziren.
Garagar buruak ardura handiz gorde nituen, ez izan zalantzarik, uzta garaian, hau da, ekainaren bukaera aldera; eta erabaki nuen ale guztiak bildu eta berriro ereitea, noizbait ogiz hornitzeko ale kopuru nahikoa izateko. Baina lau urte behar izan nituen haietako aleren bat jan ahal izateko, eta orduan ere nekez, geroxeagao azalduko dudan bezala, lehenengo ereinaldiko uzta osorik galdu bainuen, ereiteko une egokia ez nuelako kontutan hartu, lehorteen garaiaren aurretik erein bainuen, eta ez zen landarerik sortu, ez behintzat garai egokian erein izan banu sortuko ziren adina.
Garagarraz gainera, baziren, lehen esan bezala, hogei edo hogeita hamar arroz zurtoin, ardura berberarekin gorde nituenak, hauek ere modu berean erabiltzeko edo helburu berbererako, alegia, ogia edo janariren bat egitea; izan ere, labean erre behar izan gabe ogia prestatzeko modua asmatu bainuen, beste erara ere egitea gerora lortu nuen arren. Baina itzul gaitezen egunkarira.
Lauzpabost hilabete horietan oso gogor egin nuen lan horma bukatzeko, eta apirilaren 14an itxi nuen, eta barrura sartzeko aterik ez jartzea bururatu zitzaidan; aldiz, eskailera bat erabiltzen nuen horma igotzeko, era horretan bizilekuaren kanpoaldetik sarreraren arrastorik ez ikusteko.
Apirilak 16. Eskailera bukatu nuen, eta handik igo nintzen hormaren goiko alderaino, gero beste aldera igaro nintzenean eskailera hartu eta barruan utzi nuen. Erabateko itxitura nuen, barruan behar adina leku bainuen, eta kanpotik ez baitzegoen sartzeko modurik, horma igota ez bazen behintzat.
Horma amaitu eta hurrengo egunean bertan, ia lan guztia apurtu zitzaidan eta bizia galtzeko zorian egon nintzen. Hauxe gertatu zen: lanean ari nintzela dendaren atzean, leizezuloaren sarreran hain zuzen ere, ezuste beldurgarri batek izutu ninduen. Halako batean, leizezuloko sabaitik eta buru gainean nuen mendiaren alde batetik lurra erori zen, eta leizezulo barruan jarri nituen zurkaitzetako bik era beldurgarrian karrak egin zuten. Beldurrak airean nengoen, baina ez nekien zer gertatzen zen, eta leizezuloko sabaia erortzera zihoala pentsatu nuen, lehenago ere zatiren bat erori baitzen, eta lurperatua geratzeko beldurrez, korrika joan nintzen eskaileraraino; han ere neure burua oso babestua ikusten ez nuenez gero, horma igo eta beste aldera igaro nintzen, menditik abailduko ziren lurretenek azpian harrapatuko ninduten beldurrez. Oina lur gainean jarri bezain laster, argi eta garbi ikusi nuen hura lurrikara ikaragarri bat zela, azpian nuen lurrak dardar egin baitzuen hiru aldiz, batetik bestera zortzi minutuko tartearekin, eta astinduak horren handiak izan zirenez, lur gaineko eraikuntzarik sendoena ere botako zuketen, eta ni nengoen lekutik itsaso aldera milia erdira edo zegoen harkaitz tontor batetik mendi puska handi bat erori zen, nire bizitza osoan entzun ez nuen burrunba ikaragarria eginez. Konturatu nintzen baita ere lurrikarak itsasoa bera bortizki mugiarazi zuela, eta uste dut astinduak gogorragoak izan zirela ur azpian uhartean baino.
Gertaerak ikaragarri harritu ninduen, ez bainuen inoiz horrelako gauzarik sumatu, ez horrelakorik jasandako inorekin hitz egin; horregatik hilik edo txunditurik nengoela iruditu zitzaidan, eta lurraren dardarak sabelaldea nahastu zidan, norbaiti itsasoan min-zuria egiten zaionean bezala. Baina erori zen harkaitzaren zaratak esnarazi ninduen, nolabait esateko, eta txunditze egoeratik aterarazi eta izutu ninduen guztiz, eta orduan ez nuen besterik buruan, mendia denda gainera eta nire ondasun guztien gainera eroriko zela, eta dena lurperatuko zuela. Uste horrek berriz hondoratu zidan arima.
Hirugarren astinaldia amaitu zenean, eta pixka batean ezer nabaritu ez nuenez gero, adore hartzen hasi nintzen, eta oraindik horma igarotzeko adina indar ez nuen arren, bizirik lurperatua izateko beldurrez, lurrean eserita geratu nintzen mugitu gabe, lur jota eta goibelduta, zer egin ez nekiela. Bitarte horretan ez nuen benetako erlijio pentsamendu txikienik izan, ohizko «Jauna, erruki zakizkit» izan ezik, eta arriskua amaitu zenean, hori ere alde batera utzi nuen.
Eserita nengoela, iluntzen eta lainotzen hasi zuela konturatu nintzen, laster euria egingo balu bezala. Berehala hasi zen haizea gero eta gehiago harrotzen, eta orduerdi igaro baino lehen haize-erauntsirik ikaragarrienak jotzen zuen. Itsasoa bat-batean aparrez estali zen, kostaldea olatuek esatali zuten, eta zuhaitzak errotik aterata zeuden. Gutxi gorabehera hiru ordu iraun zuen ekaitz ikaragarriak, eta gero baretzen hasi zen. Handik bi ordutara barealdi osoa izan zen, eta euria sendo hasi zuen.
Bitarte horretan lurrean eserita egon nintzen, beldurrak airean eta bihozgabetua, eta halako batean bururatu zitzaidan, hango haizea eta euria lurrikararen ondorio zirela, eta lurrikara bera amaitu zela, eta beraz leizezulora itzul nintekeela. Pentsamendu horiekin adore hartzen hasi nintzen berriz, eta euriak dendan sartu eta han esertzera bultzatu ninduen. Baina euria indar handiz egiten zuenez gero, denda ia erortzeko zorian zegoen, eta leizezulora sartu behar izan nuen, izutua eta urduri joan arren, lurra gainera eroriko zitzaidan beldurrez.
Euri sendo horrek beste lan berri bat egitera behartu ninduen, alegia, nire gotorlekuan zehar zulo bat irekitzera, erreten baten modukoa, ura handik ateratzeko eta leizezuloan uholderik ez izateko. Leizezuloan tarte batean egon ondoren, lurrikararen astindu gehiago sumatu gabe, lasaitzen hasi nintzen. Orduan adore hartzeko, premia banuen eta, nire biltegi txikira joan eta ron zurrutadatxo bat edan nuen, oso noizean behin besterik egiten ez nuen gauza, banekien eta hura bukatzean ez zela besterik izango.
Gau osoan eta hurrengo egunean ere gogotik egin zuen euria, eta ezin izan nintzen kanpora joan, baina burua lasaiago nuenez gero, zer egin beharko nuen pentsatzen hasi nintzen, kontutan hartuta uhartean era horretako lurrikarak izaten baldin baziren, ezingo nintzela leizezuloan bizi, eta txabola txikiren bat egin beharko nuela zabaluneren batean, han egina nuena bezalako horma batez inguratua, eta hala babestua egongo nintzela animalia nahiz gizonen erasoetatik. Eta erabaki nuen, nengoen lekuan geratzen banintzen, batean ez bazen bestean, bizirik lurperatua izango nintzela.
Burutapen horiek gogoan nituela, nire bizilekua tokiz aldatzea erabaki nuen, izan ere kili-kolo zegoen harkaitzaren azpian baitzegoen, eta beste astinaldiren bat izanez gero, ziur nengoen dendaren gainera eroriko zitzaidala. Hurrengo bi egunak, apirilaren 19a eta 20a, nire egoitza nora eta nola mugituko nuen asmatzen eman nituen.
Bizirik irentsia izateko beldurrak ez zidan inoiz lasai lo egiten uzten, baina kanpoan inolako babesik gabe lo egiteko ikara ere ez zen bestea baino txikiagoa. Baina ingurura begiratzen nuenean, eta gauza guztiak bere lekuan zeudela ikusten nuenean, eta zein modu atseginean nengoen ezkutatua, eta arriskuetatik ongi babestua, nekeza egiten zitzaidan lekuz aldatzea.
Iruditu zitzaidan denbora luzea beharko nuela hura egiteko, eta bitartean hango arriskuan geratu beharko nuela, kanpaleku berria eratu arte, eta leku berria hara bizitzera joateko bezain segurua izan arte. Erabaki horrekin zertxobait lasaitu nintzen pixka baterako, eta ziztu bizian lanean hasi eta horma bat eraikitzea erabaki nuen, aurrekoan bezala biribilean, zutoinak, sokatzarrak eta abar erabilita, eta hura bukatzean erdian denda kokatzea, baina arriskuan geratu beharko nuela nengoen lekuan, bestea bukatu eta prest jarri bitartean. Hori hilaren 21ean izan zen.
Apirilak 22. Biharamunean erabakitakoa aurrera eramaten hasteko burutapenak izan nituen, baina erreminten premia handia nuen. Hiru aizkora handi nituen eta aizkora txiki pila (indiarrekin salerosketak egiteko eraman baikenituen aizkora txikiak), baina horrenbeste egur gogor eta korapilotsu moztu eta landu ondoren, akatsez beteak eta kamustuta zeuden. Banuen bai zorrotzarria, baina ezin nuen hura birarazi eta tresnari aldi berean eutsi. Horrek estatu gizon bati politika arazo garrantzitsu batek, edo epaile bati gizon baten bizitzaren eta heriotzaren artean erabakitzeak emango liokeen adina buruhauste eman zidan. Azkenean, gurpil sokadun bat asmatu nuen, oinari eraginda mugitzen zena, era horretan bi eskuak aske nituelarik. Oharra: ez nuen Ingalaterran inoiz horrelako gauzarik ikusi, edo ez behintzat nola zegoen egina konturatu ahal izateko, nahiz eta hura eginez geroztik, han oso gauza arrunta zela konturatu. Horretaz gainera, nire zorrotzarria oso handia eta astuna zen. Tresna horrek aste osoko lana eman zidan erabat bukatua izan arte.
Apirilak 28, 29. Bi egun horiek lanabesak zorrozten eman nituen, eta zorrotzarriari eragiten zion tresna primeran zebilen.
Apirilak 30. Ogia asko urritu zitzaidala konturatu nintzen, eta zegoena aztertu ondoren, eguneko ogi kopurua opiltxo batera jaitsi nuen; horrek atsekabetu ninduen.
Maiatzak 1. Goizean, itsasora begira nengoela, itsasbehera zenean, gauza handi samar bat ikusi nuen itsasertzean, upel baten antza edo zuena. Haren ondora hurbildu nintzenean, upeltxo bat aurkitu nuen, eta itsasontzi hondoratze baten bizpahiru hondakin, azken haizeteak itsasbazterreraino eraman zituenak; eta itsasontzi hondoratuari begiratu nionean, iruditu zitzaidan besteetan baino uretan kanporago zegoela. Itsasbazterrean zegoen upela aztertu nuen, eta ikusi nuen barruan sutautsa zuela, baina ura sartu zitzaionez gero, sutautsa harria baino gogorragoa zegoela. Hala ere, besterik ezean upela itsasbazterrerantz jira-biraka eraman nuen, eta hondar gainean ahal nuen gehiena hurbildu nintzen itsasontzi hondoraturaino, ezer gehiago zegoen ikustera.
Iritsi eta konturatu nintzen itsasontzia modu bitxian mugitu zela. Brankako gaztelua, lehen hondarrez estalia zegoena, gutxienez sei oinetaraino irten zen ur gainean, eta puska-puska eginda zegoen txopa, eta itsasoaren indarrak ontzi gainetik bereizi zuena, ni han miatzen aritu eta berehala, goikoz behera jarri, eta saihets baten gainean zegoen etzanda. Baina txoparen ondoan hondarra pilatu zenez gero, ur putzu handi bat egin zen, eta ez zegoen itsasontzi hondoratura hurbiltzerik, mila laurdena edo igeri egin gabe, orduan aldiz, oinez hurbil nintekeen itsasbehera erabatekoa baitzen.
Hasieran ikusitakoak harritu egin ninduen, baina laster erabaki nuen lurrikarak eragingo zuela. Itsasoaren indarrak lehenago baino gehiago txikitu zuen itsasontzia, eta horregatik egunero gauza asko iristen ziren hondartzara, itsasoak indarrez eraman eta haizeak eta urak bultzaka pixkanaka lehorreratutakoak.
Horrek guztiak burutik kendu zizkidan nire egoitza lekuz aldatzeko nituen asmoak, eta egun hori bereziki, itsasontziraino iristeko modu baten bila eman nuen. Hala ere, espero nuen gauzarik ez nuen aurkitu, itsasontziari barrua erabat itsutzen baitzion hondarrak. Dena den, edozein gauzaren aurrean ez etsitzen ikasi nuenez gero, itsasontzia handik pusketaka eramatea erabaki nuen, handik ateratzen nuen guztia modu betera edo bestera erabilgarria izango zela uste bainuen.
Maiatzak 3. Zerra hartu, eta ontzi gaina txopako gazteluarekin lotzeko erabiltzen zen habe bat erditik mozten hasi nintzen. Hura erdibitu nuenean, nola edo hala hondarra kendu nion zati garaienari, baina gorantz zetorren itsasaldiak amore ematera behartu ninduen.
Maiatzak 4. Arrantzara joan nintzen, baina ez nuen harrapatu jatera ausartu nintzen arrainik, eta kirolaz aspertuta, alde egitera nindoanean, izurde kume bat harrapatu nuen. Soka mehe batekin arrantzarako hari luze bat egin nuen, baina ez nuen amurik. Halere, askotan harrapatzen nituen arrainak, jateko nahi nituen guztiak, eta eguzkitan jarri eta lehortu ondoren jaten nituen.
Maiatzak 5. Itsasontzi hondoratuan ihardun nuen, beste habe bat moztu nuen puskatan, eta hiru pinu xafla handi atera nituen ontzi gainetik; hirurak batera lotu eta itsasertzeraino bidali nituen ur gainean, itsasgora hasi zenean.
Maiatzak 6. Itsasontzi hondoratuan ihardun nuen, burdinazko zenbait torloju hartu nituen eta beste zenbait burdinki. Gogor aritu nintzen lanean eta leher eginda iritsi nintzen etxera. Dena bertan behera uztea ere pentsatu nuen.
Maiatzak 7. Itsasontzi hondoratura itzuli nintzen, baina ez lan egiteko asmoz. Ikusi nuen ontzi gaina bere pisuz hautsi egin zela, habeak moztu bainizkion; itsasontziaren zenbait zati aske zeudela zirudien, eta sotoa horren agerian zegoenez, barrura begiratu eta urez eta hondarrez ia beteta zegoela ikusi nuen.
Maiatzak 8. Ontzi hondoratura joan nintzen berriz, eta burdinaga bat eraman nuen ontzi bizkarra errotik ateratzeko, ur eta hondar gutxi baitzuen ordurako. Bi egur xafla erauzi eta hondartzara eraman nituen itsasgorarekin. Burdinaga ontzian utzi nuen hurrengo egunerako.
Maiatzak 9. Ontzi hondoratura joan nintzen, eta hagaz baliatuta ontzi barrura joateko bidea egin nuen; zenbait upel aurkitu nituen eta hagaz mugitu nituen, baina ez nituen hautsi. Aurkitu nuen baita ere Ingalaterrako berun kiribildua, eta mugitu ahal izan nuen, baina astunegia zen handik ateratzeko.
Maiatzak 10, 11, 12, 13, 14. Egunero joan nintzen ontzira, eta egur puska multzoa, oholak edo xaflak eta berrehun edo hirurehun libra burdina hartu nituen.
Maiatzak 15. Bi aizkora hartu nituen berun kiribildutik puska bat mozten saiatzeko, aizkora baten ahoa gainean ezarri eta bestearekin joz. Baina beruna uretan oin eta erdi edo sartua zegoenez gero, ezin izan nion aizkorakada bakar bat ere eman.
Maiatzak 16. Haize zakarra izan zen gauean, eta uraren indarrak ontzi hondoratua are gehiago apurtu zuela zirudien. Dena den, basoan janaritarako usoak harrapatzen horren luze ibili nintzenez gero, itsasgorak galarazi egin zidan egun horretan ontzi hondoratura joatea.
Maiatzak 17. Ontziaren zati batzuk ikusi nituen hondartzan, urruti samar, ni nengoen lekutik bi miliatara edo, baina zer zen ikustera joatea erabaki nuen. Ontziko brankaren zati bat zela ikusi nuen, baina astunegia nik handik eramateko.
Maiatzak 24. Orduraino egunero ontzi hondoratuan ihardun nuen lan eta lan, eta gogor saiatuta gauza batzuk askatu nituen burdinagari esker, eta lehenengo itsasgorak upel batzuk eta marinelen bi kutxa eraman zituen arrastaka, baina haizeak lehorretik jotzen zuenez gero, egun horretan ez zen ezer iritsi hondartzara, egur puska batzuk eta upel bat izan ezik, barruan Brasilgo zerrikia zuena, ur gaziak eta hondarrak hondaturik ordea.
Lan horretan eman nituen egunak ekainaren 15a arte, janaria eskuratu behar nuen garaian izan ezik, eta hori itsasgora zenean egiten nuen beti, bitartean zeregin horretan aritu nintzen, itsasbehera iristean lanerako prest egon ahal izateko. Ordurako itsasontzi bikain bat eraikitzeko adina egur, ohol eta burdinki nahikoa bildua nuen, nola egin baneki. Era berean, zenbait joan-etorri eginda eta zenbait puska bilduta, ia ehun libra berun xafla lortu nituen.
Ekainak 16. Hondartzara jaitsi eta dortoka bat aurkitu nuen. Hori zen ikusten nuen lehenengoa, baina nire zoritxarraren kontua besterik ez zirudien, eta ez lekuaren akatsa edo animalien urritasuna; izan ere, uhartearen beste aldean egokitu banintz, egunero ehundaka izango nituzkeen ikusmenean, gero jakin ahal izan nuen bezala, baina, agian, garestiegi ordainduta.
Ekainak 17. Dortoka maneatzen eman nuen eguna. Hirurogei arrautza aurkitu nituen barruan, eta dortoka haragia, une horretan, bizitza osoan jandadako goxoena eta atseginena iruditu zitzaidan, ez bainuen ahuntzen eta hegaztien haragia besterik jan, zoritxarreko leku honetan lehorreratuz geroztik.
Ekainak 18. Euria egun osoan, eta ezin etxetik irten. Euria hotza zegoela iruditu zitzaidan eta ni ere hotzez geratu nintzen, eta banekien hori ez zela inguru horietan maiz gertatzen.
Ekainak 19. Oso gaixorik eta hotzez dardarka, hotz handia egingo balu bezala.
Ekainak 20. Ez nuen gau guztian atsedenik hartu. Buruko min ikaragarriak eta sukarra.
Ekainak 21. Oso gaixorik, ia hiltzeko beldurrez, nire egoera tamalgarriagatik izutua, ondoezik nengoelako eta laguntzarik ez nuelako. Lehenengo aldiz, Hull-eko ekaitzaz geroztik, otoitz egin nion Jainkoari, baina ia ez nekien zer esaten nuen edo zergatik, burua erabat nahastua nuen eta.
Ekainak 22. Hobetoxeago, baina eritasunari beldur ikaragarria nion oraindik.
Ekainak 23. Berriro ere oso gaizki, hotzez eta dardarka, eta ondoren sekulako burukomina.
Ekainak 24. Askoz hobeto.
Ekainak 25. Sukar bortitza. Zazpi orduko sukarraldia izan nuen. Hotzaldia eta gero beroa eta ondoren zorabiatzeko moduko izerdia.
Ekainak 26. Onaldia. Jatekorik ez nuenez gero, eskopeta hartu nuen, baina ahulegi nengoen. Dena den, ahuntz bat hil, eta neke handiz etxeraino eraman nuen. Haragi zati bat erre eta jan nuen. Nahiago nukeen egosi eta salda egin izan banu, baina ez nuen eltzerik.
Ekainak 27. Berriro sukar bortitza, egun ososan ohean egoteko modukoa, ezer jan eta edan gabe. Egarriak hiltzeko zorian nengoen, baina horren ahul nengoenez gero, ez nuen zutik jarri eta ur bila joateko indarrik. Otoitz egin nuen berriro ere, baina burua joana nuen, eta horrela ez nengoenean ere, ez nintzen gai hitzik esateko. Etzanda egon eta oihu besterik ez nuen egiten:
— Jauna, begira iezadazu! Jauna, erruki zakizkit! Jauna nitaz gupida izan ezazu!
Bizpahiru ordutan ez nuela besterik egin uste dut, sukarraldia joan eta lotan geratu nintzen arte. Gauean berandu esnatu nintzela uste dut. Esnatu nintzenean, askoz zuzpertuagoa nengoen, baina ahula eta egarriak itota. Dena dela, gelan urik ez nuenez gero, berriro loak hartu eta goiza arte ohean geratu behar izan nuen. Bigarren loaldi horretan amesgaizto ikaragarri hau izan nuen.
Lurrean eserita nengoela iruditu zitzaidan, hormaren kanpoaldean, lurrikararen ondoren ekaitzak jo zuenean eseri nintzen lekuan, eta hodei beltz handi batetik gizon bat lur gainera jaisten ikusi nuela, sugar eta argi distiratsuz inguratua. Sugarra bezain distiratsua zenez, ezin nintzen hari begira egon. Begitarte beldurgarria zuen, hitzez ezin adierazteko modukoa. Oinak lur gainean jarri zituenean, uste dut lurrak dardar egin zuela, lehenago lurrikara izan zenean egin zuen bezalaxe, eta airea su distiraz bete zela iruditu zitzaidan.
Lur gainean jarri bezain laster hurbiltzen hasi zitzaidan, eskuan ni hiltzeko eztenaga edo armaren bat zuela, eta lur tontor batera iritsi zenean, ni nengoen lekutik gertu, hitz egin zidan, eta horren ahots beldurgarria entzun nuen, ezen ezinezkoa baitzait hark eragindako izua adieraztea. Ulertu nuen gauza bakarra hau izan zen: «Gertatutako gauza horiek guztiek damuarazi ez zaituztenez, orain hil beharra duzu». Hori esan zuenean uste dut eskuan ni hiltzeko zuen eztenaga altxatu zuela.
Kontakizun hau irakurtzen duenak ez dezala pentsa, nire arimak ikuspen ikaragarri horren aurrean izan zuen bihotz-ikara azaltzeko gai izango naizenik. Alegia, amets egiten nuenean ere, izugarrikeria horiekin egiten nuen amets. Ezin adieraztekoa da, era berean, nire gogoan geratu zitzaidan zirrara, esnatu eta ametsa izan zela konturatzean.
Ez nuen, ene!, aitaren heziketa onak emandako jainkozko ezagupenik, zortzi urtetan etengabe izan nituen itsasoan ibiltzeko burugabekeria sailek, eta ni bezalako ero eta sinesgabe apartekin besterik ez hitz egiteak, ordurako ezabatua baitzuten. Ez dut gogoan, denbora horretan guztian, behin ere gora Jainkoarengana begiratu nuenik, edo barrurantz, nire jokaeraz gogoetarik egiteko; aldiz arima tentel antzekoa jabetu zen nitaz, onaren aldeko borondaterik ez zuena eta gaitzaz ohartzen ez zena, eta ni marinel guztien arteko izakirik bihozgabeena, burugabeena eta gaiztoena nintzen, ez bainuen sentipenik txikiena ere, ez arriskuan nengoenean Jainkoaren beldur izateko, eta ezta ere onik ateratzean Jainkoari eskerrak emateko.
Oraintxe aipatu dudan nire kontakizunaren pasadizo hori errazago ulertuko da eransten badiot, egun horretan gertatu zitzaizkidan zoritxar horiek guztiak gertatu arren, ez nuela pentsamendu bakar bat izan Jainkoaren eskua tartean zegoela uste izateko, edo nire bekatuengatik, aitaren kontrako jokabide bihurriagatik, edo orduko bekatuengatik, handiak baitziren, merezitako zigorra zela pentsatzeko; edo oro har nire bizitza gaiztoagatik hartzen nuen zigorra. Afrikako itsasalde bakartietan zehar egin nuen etsipenezko bidaldian, ez nuen behin ere gertatuko zitzaidanaz ezer pentsatu, ez nion Jainkoari erregurik egin niri bide zuzena erakusteko, edo itxuraz inguruan nituen arriskuetatik, edo basati anker haiek bezalako izaki gosetuen erasoetatik salbatzeko. Ez nuen ez Jainkoaz, ez Goi-arduraz pentsamendu bakar bat ere izan, basati soil baten eran jokatzen nuen, Izadiaren legeetan oinarri hartuta, eta zentzuaren esanetara, eta hori ere nekez.
Kapitain portugaldarrak itsasoan bere ontzian jaso eta salbatu ninduenean, nirekin horren ongi, zuzen eta zintzo, eta baita bihotz onez jokatu zuenean ere, ez zitzaidan eskerrik txikiena ematea ere burutik pasa. Gero uretan galdua, porrot eginda, eta uhartean itotzeko arriskuan egon nintzenean, damutzetik urrun nengoen eta baita gertatutako zigorra izan zitekeela uste izatetik, eta neure buruari esan eta esan besterik ez nion egiten, zoritxarreko zakur bat besterik ez nintzela, beti zoritxarreko izateko jaioa.
Egia da uhartera iritsi nintzenean, eta ikusi nuenean ontziko beste lagun guztiak ito egin zirela, eta ni berriz bizirik nengoela, estasi eta arimaren goraldi moduko bat izan nuela, eta, Jainkoaren graziaren laguntzarekin, benetako esker ona izatera irits zitekeela; baina hasi zen lekuan amaitu zen, pozaldi arrunt batean, edo, bizirik egotearen pozaldi soilean, nolabait esateko, burutapen bakar bat izan gabe, beste guztiak ezereztuak izan zirenean, ni salbatu eta hautatu ninduen eskuaren ontasun bereziaz; edo neure burari galdetu gabe Jainkoaren ardura zergatik izan zen nirekin horren eskuzabala. Marinelek oro har hondoratze batetik lehorrera bizirik eta onik iristen direnean izan ohi duten poz arrunt berbera zen, besterik gabe, berehala pontxe edalontzian itotzen dutena, eta igaro eta lehenbailehen ahazten dutena; eta nire gainerako bizitza horren antzekoa zen.
Baina geroago ere, neure egoeraz ohartu nintzenan, ulertu nuen leku beldurgarri honetara izan nintzela jaurtikia, gizartearen irispidetik urrun, atsekabean laguntzarik izateko itxaropenik gabe, edo salbabiderik gabe. Baina bizimodua aurrera atera nezakeela, eta goseak ez nintzela hilko ikusi bezain laster, estualdia desagertu zitzaidan, eta oso lasai bizi izan nintzen, bizirik irauteko eta janariak eskuratzeko lanetan buru-belarri, eta ez nengoen inondik ere nire egoeragatik kezkatua; alegia, zerutik bidalitako zigorra zen hura, edo nire kontra ari zen Jainkoaren eskua; pentsamendu horiek ia ez zitzaizkidan inoiz bihotzean sortzen.
Alea erne zenean, egunkarian aipatu nuen bezala, hasieran izan zuen nigan eraginik, eta eragin sakonagoa gainera, mirariz gertatu zela pentsatu nuelako, baina pentsamendu horiek desagertu bezain laster, hark sortutako zirrara guztiak joan egin zitzaizkidan, oraintxe esan dudan bezala.
Baita lurrikara izan zenean ere, hori baino gauza ikaragarriagorik, eta horrelako gauzak bere esku dituen Ahalmen ezkutuarekin zerikusi zuzenagoa duenik ez egon arren; hasierako beldurra joan zitzaidanean, nigan sortutako zirrarak desagertu ziren. Ez nuen bizitzaren zorion handienaren aurrean izango nukeena baino sentipen handiagorik Jainkoaren edo Haren zigorraren aurrean, eta are gutxiago nire egoera tamalgarria Haren esku egon zitekeen usterik.
Baina gaixotu, eta heriotzaren zoritxarrak pixkanaka nire aurrean ikusi nituenean, gogoa makalaldi handi baten zamaren azpian hondoratzen hasi zitzaidanean, eta sukarraren indarrak gorputza leher eginda utzi zidanean, barrua, horren luze lotan egon ondoren, esnatzen hasi zen, eta iraganeko bizitza aurpegiratzen hasi zitzaidan nabarmenki, izan ere, nire neurriz kanpoko maltzurkeriak eragin baitzuen Jainkoaren justiziak niri astinaldi bereziak ematea eta nirekin horren zitalki jokatzea.
Gogoeta horiek makalaldiaren bigarren edo hirugarren egunetik aurrera estutzen zidaten bihotza, eta astinaldi horretan, bai sukarrarenean eta baita barruaren aurpegiratze ikaragarrienean ere, hitz batzuk kanporatu nituen, Jainkoari otoitz egingo banio bezala, ezin esan badezaket ere borondatez eta itxaropenez betetako otoitza zen edo beldur eta nahigabe hutsaren ahotsa. Burua nahasia nuen, gaitzespena nagusitu zitzaidan barruaz, eta egoera tamalgarri horretan hiltzeko ikarak, burua lainotu zidan beldur hutsez, eta arimaren larrialdi horretan, ez nekien zein hitz ahoskatzen zituen mihiak, eta harridura esaldiak hauek ziren gutxi gorabehera: «Jauna, bai izaki zoritxarrekoa naizela! Gaixotzen banaiz, ziur nago hil egingo naizela laguntza faltagatik, eta orduan zer gertatuko zait?» Gero malkoak irten zitzaizkidan borborka begietatik eta ezin izan nuen ezer esan tarte luze batean.
Bitarte horretan, aitaren aholku onak etorri zitzaizkidan burura, eta gero haren iragarkizuna, alegia, kontakizunaren hasieran aipatu nuena, urrats zoro hori ematen baldin banuen, Jainkoak ez ninduela bedeinkatuko, eta denbora nahikoa izango nuela handik aurrera bere aholkuari emandako ezetzaz pentsatzeko, agian niri laguntzeko alboan inor ez izatean.
— Orain —esan nuen ozenki—, bete dira nire aita maitearen hitzak. Jainkoaren justizia nitaz jabetu da, eta ez dut inor alboan niri laguntzeko edo nire esanak entzuteko. Goi-arduraren ahotsari entzungor egin nion, bihotz onez bizi maila zoriontsua eta lasaia izateko aukera eman zidanean. Baina ez nuen hori ulertu, eta ez nuen gurasoengandik bizimodu haren abantailarik antzematen ikasi. Nire erokeria zela eta, intzirika utzi nituen, eta orain ni ari naiz intziri egiten haren ondorioz. Haien laguntza eta babesa ez nituen onartu, mundura itzultzen lagundu eta gauza guztiak erraztuko zizkidaten arren. Orain zailtasunei aurre egin behar diet, zailtasun handiegiak gizatasunak berak ere jasan ahal izateko, eta ez dut inoren laguntzarik, ez babesik, ez adorerik, ez aholkurik.
Gero esan nuen oihuka:
— Jauna, lagundu, etsiak hartuta nago eta!
Hori izan zen urte askotan egin nuen lehen otoitza, zilegi bada horrela izendatzea. Baina itzul gaitezen egunkarira.
Ekainak 28. Loaldiak nolabait indarberritu ninduenez, eta sukarraldia erabat desagertu zitzaidanez gero, jaiki egin nintzen, eta egin nuen ametsak eragindako beldurra eta ikara handiak izan arren, gogoan izan nuen sukarraldia itzul zitekeela hurrengo egunean, eta orduan nuela garaia gaixoaldia itzultzen zenerako freskagarriak eta lagungarriak eskuratzeko. Lehenengo eta behin botila antzeko kaxa karratu handi bat urez bete eta mahai gainean jarri nuen, ohetik irispidean nuela, eta urari hoztasuna edo hozkirria kentzeko, ron pinta laurden bat edo bota nion, eta dena nahastu nuen. Gero ahuntz haragi zati bat hartu, eta txingarretan erre nuen, baina ia ezin izan nuen ezer jan. Ibiltzera irten nintzen, baina oso ahul nengoen, oso goibeldua eta bihozgabetua nire egoera tamalgarriagatik, hurrengo egunean ondoeza itzuliko zitzaidan beldurrez. Gauean hiru dortoka arrautza jan nituen afaritarako; txingarretan erre nituen, eta, guk esaten dugun bezala, kuskuan jan nituen. Hori izan zen bizitza osoan Jainkoari bedeinkatzeko eskatu nion lehengo janari puska, nik gogoan dudala behintzat.
Jan ondoren ibiltzeko ahaleginak egin nituen, baina ahulegi nenegoen eta nekez eraman nezakeen eskopeta (ez bainintzen inoiz hura hartu gabe irteten), beraz, pixka bat ibili eta lurrean eseri nintzen, nire aurrean, oso lasai eta leun nuen itsasoari begira. Han eserita nengoela zenbait gogoeta izan nituen.
Zer dira behin eta berriz ikusi ditudan lur eta itsaso zabal horiek? Noiz sortu ziren? Zer naiz ni, eta beste izaki guztiak, basatiak nahiz heziak, errukiorrak eta bihotz gogorrak, nongoak gara? Ziur gu guztiok ezkutuko Ahalmen batek egin gaituela, lurra eta itsasoa, airea eta zerua sortu zituen Ahalmen berak. Eta zer da Ahalmen hori?
Gero ondorio garbia atera nuen: Jainkoa zen guztiaren egilea. Tira, baina ondoren gauzak ilunago etorri zitzaizkidan, Jainkoak gauza horiek guztiak egin baldin bazituen, berak zuzendu eta bideratzen zituen, eta baita horiekin zerikusia zuten beste gauza guztiak ere; alegia, gauza guztiak egiteko Ahalmenak, ahalmena izan behar zuen era berean haiek zuzendu eta bideratzeko.
Hala bazen, ezin zen ezer gertatu Haren sorkuntzen esparruan, Hark ezagutu edo erabaki gabe. Eta ezer ez bada gertatzen Hark jakin gabe, badaki ni hemen nagoela, eta egoera tamalgarri honetan nagoela. Eta ezer gertatzen ez bada Hark erabaki gabe, hau guztia niri gertatzea erabaki behar izan du.
Ez zitzaidan ezer bururatu ondorio horietako bakar bati aurka egiteko, eta horrenbestez nire baitan indar handiz sendotu zitzaidan uste hura, alegia, Jainkoak erabaki behar izan zuela niri gertatutako guztia gertatu izana, eta zoritxarreko egoera horretaraino Haren borondateak eraman ninduela, Hark baitzuen ahalmen osoa, ez bakarrik nire gain, baita munduan gertatzen ziren gauza guztien gain ere. Berehala etorri zitzaidan burura: «Zergatik egin dit hau Jainkoak? Zer egin dut horrela erabilia izateko?»
Barruak galdera gaitzetsi zidan, eta iruditu zitzaidan, birao egin banu bezala, ahots baten eran mintzatu zitzaidala: «Zori txarrekoa! Zer egin duzun galdetzen didazu? Begira ezazu atzera alferrik galdu duzun bizitza ikaragarrira, eta galdetu zeure buruari zer ez duzun egin. Galde ezazu zergatik ez zinen suntsitua izan aspaldian. Zergatik ez zinen ito Yarmouth-eko itsasartean; borrokan hil itsasontzia Sale-ko itsaslapurrak harrapatu zuenean, animalia basatiak jan Afrikako itsasaldean, edo zergatik ez zinen hemen ito, zu ez beste guztiak suntsitu zirenean? Eta hala ere, zer egin duzun galde egiten duzu?»
Gogoeta horiek mutu utzi ninduten, harri eta zur, eta ez nuen ez zer esanik, ez neure buruarentzat erantzunik aurkitzen. Orduan, pentsakor eta goibel zutitu eta neure aterpera itzuli nintzen, horma atzaparka igo eta ohera joateko asmoz. Baina burua tamalez nahasia nuen, eta ez nuen lotarako gogorik. Beraz, aulkian eseri eta argia piztu nuen, iluntzen ari zuen eta. Orduan, ondoeza itzultzeko beldurrak izugarri ikaratu ninduen. Gogora etorri zitzaidan brasildarrek ia eritasun guztietarako tabakoa beste sendagarririk ez zutela hartzen, eta nik kutxetako batean tabako orri kiribildu bat nuen, lehor samarra, eta oraindik gordin samarra zegoen beste pixka bat ere bai.
Joan nintzen, ez dut zalantzarik, zeruak bidea erakutsita, eta kutxan sendabidea aurkitu nuen bientzat, bai arimarentzat eta bai gorputzarentzat. Kutxa ireki eta bila nenbilena aurkitu nuen, alegia, tabakoa, eta, ontzitik onik atera nituen liburu urriak han zeudenez gero, lehen aipatutako Biblietako bat hartu nuen, ordu arte ez bainuen astirik, edo hura ikusteko adina zaletasunik izan. Esan bezala, hura hartu eta biak, tabakoa eta liburua, mahai gainera eraman nituen.
Ez nekien eritasuna sendatzeko tabakoa nola erabili, ezta horretarako ona edo txarra izango zen ere, baina zenbait saio egin nituen, batean ez bazen bestean asmatuko nuela erabaki bainuen. Hosto zati bat hartu nuen lehenbizi, eta ahoan xehatu, eta hark garuna ia zorabiatua utzi zidan, tabakoa gordina eta oso sendoa baitzen, eta ni ez bainengoen hura hartzen ohitua. Gero beste pixka bat hartu eta ordubetez edo bi orduz ronetan beratzen utzi nuen, eta oherakoan handik pixka bat edatea erabaki nuen. Azkenik, sutontzi batean erre nuen beste pixka bat, eta sudurra haren kearen ondoan jarri nuen, bai kea eta bai beroa jasan ahal nitzakeen bezain luze, ia ito arte.
Hori egiten nuen bitartean, Biblia hartu eta irakurtzen hasi nintzen, baina burua nahasiegia nuen tabakoaren eraginez irakurri ahal izateko, gutxienez une horretan. Liburua begiratu gabe iriki nuen, eta aurkitu nituen lehenengo hitzak hauek izan ziren: «Dei iezadazu estualdian zauden egunean eta nik salbatuko zaitut, eta zuk goretsiko nauzu».
Oso hitz egokiak ziren nire egoerarako, eta nolabaiteko zirrara eragin zidaten irakurri nituenean, baina ez gero eragingo zidaten adina: izan ere, «salbatu» hitzak ez baitzidan, nolabait esateko, une horretan ezer esan. Egoera hori horren urrun ikusten nuen, ulermenarentzat horren antzeman ezina, ezen ni ere Jainkoak haragia emango ziela hitz eman zienean Israelgo haurrek esan zutena hasi bainintzen esaten: «Jainkoak jarri dezake mahaia basamortuan?», horrela nik esan nuen: «Jainkoak onik atera nazake leku honetatik?» Eta urte askotan itxaropen arrastorik izan ez nuenez gero, askotan nagusitu zitzaizkidan burutapen horiek. Baina hala ere, hitz horiek zirrara ikaragarria egin zidaten, eta askotan erabiltzen nituen gogoan.
Berandutu zen, tabakoak, esan bezala, burua sorgortu zidan erabat, eta lotarako gogoa egin zitzaidan. Argia piztua utzi nuen leizezuloan, gauean zerbait behar banuen ikusteko, eta ohera joan nintzen. Baina loak hartu aurretik, bizitza osoan egin ez nuen gauza bat egin nuen, belauniko jarri eta errezatu; eta Jainkoari eskatu nion Hark agindutakoa, hots, arazoak nituen garaian dei egiten banion salbatuko ninduela, bete zezan. Nire otoitz etena eta baldarra amaitu nuenean, tabakoa beratzen eduki zuen rona edan nuen, eta tabakoak edaria horren zarmindua eta latza utzi zuenez gero, ia ezin izan nuen irentsi. Rona edan eta berehala oheratu nintzen. Konturatu nintzen une horretan bertan edariak burura egin zidala, baina lo zerraldo geratu nintzen, eta ez nintzen esnatu, harik eta, eguzkiari begiratuta, hurrengo eguneko arratsaldeko hirurak inguru izan ziren arte. Are gehiago, iruditzen zait agian biharamuneko eguna eta gaua lotan eman nituela, hurrengo eguneko hirurak arte, bestela ez baitakit nola galduko nuen egun bat aste horretako egunen zenbaketan, zenbait urte geroago ikusi ahal izan nuen bezala. Izan ere, egun hori marra bi aldiz gurutzatzeagatik galdu izan banu, egun bat baino gehiago galduko nuen. Baina garbi dago egun bakar bat galdu nuela zenbaketan, eta inoiz ez nuen jakin nola.
Era batera nahiz bestera, esnatu nintzenean indarberritua nengoen guztiz, eta bihotza pozik eta alai nuen. Jaiki nintzenean, bezperan baino indartsuago nengoen, eta sabela ere hobeto neukan, goseak bainengoen. Labur esateko, hurrengo egunean ez nuen sukarraldirik izan, eta hobera egin nuen gero eta gehiago. Hori 29an izan zen.
30ean zuzpertuagoa nengoen, noski, eta eskopeta hartu eta irten nintzen, baina ez nintzen urrutiegi joaten ausartu. Itsas-hegazti bat edo bi bota nituen, baso-antzararen antzekoak, eta etxera eraman nituen, baina ez nuen hegaztiak jateko gogo handirik, eta dortoka arrautzak jan nituen berriro, goxo goxoak gainera. Gau horretan, bezperan nire ustez on egin zidan sendagarria hartu nuen berriz, alegia, tabakoa beratzen edukitako rona, baina ez nuen aurrekoan adina edan, ez tabako hostorik xehatu, eta ezta burua ontzi gainean jarrita, haren lurrina arnastu ere. Hala ere, hurrengo egunean, uztailaren 1ean, ez nintzen espero bezain ongi egon, izan ere, sukarraldiaren hotzikara aztarna txikiak izan bainituen, baina ez gehiegi.
Uztailak 2. Sendagarria hiru eratara hartu nuen berriz, eta lehenengo aldian bezala, baina edandakoaren neurria bikoiztuta.
Uztailak 3. Sukarra behin betirako joan zitzaidan, erabateko sasoia aste batzuk geroago arte berreskuratu ez nuen arren. Indarrak biltzen ari nintzela, buru belarri aritu nintzen esaera honetaz pentsatzen: «Salbatuko zaitut», eta ezin nuen burutik kendu nire salbazioaren ezina, eta ezinezkoa zitzaidan itxaropenik izatea. Baina gogoeta horiekin bihozgabetzen ari nintzela, burura etorri zitzaidan, nire atsekabe nagusiak horrenbesteko kezka eman zidanez gero, alde batera utzia nuela nik izan nuen salbazioa, eta neure buruari honelako galderak egiten hasi nintzaion, hots: ez al naute salbatu, eta mirariz gainera, eritasunetik, izan zitekeen egoera tamalgarrienetik, eta ni horrenbeste ikaratu ninduenetik? Eta zer ikasi dut horrekin? Bete al ditut neure eginkizunak? Jainkoak salbatu nau, baina nik ez dut Hura goretsi. Beste era batera esanda, ez dut salbaziotzat hartu, eta ezta eskerrak eman ere, eta nola espero dezaket salbazio handiagorik?
Ikaragarri minduta, belaunikatu eta Jainkoari eskerrak eman nizkion ozenki, sendatu ninduelako.
Uztailak 4. Biblia hartu eta Testamentu Berrian hasita, zinez hasi nintzen liburua irakurtzen, eta goizero eta gauero tarte batean hura irakurtzeko erabakia hartu nuen, atal kopuru jakin bati lotu gabe, nire gogoak irakurketan iraun zezakeen bezain luze. Eginkizun horretan arretaz hasi eta berehala, bihotza erabat eta benetan atsekabetu zitzaidan nire iraganeko bizitzaren gaiztakeriengatik. Berpiztu egin zitzaidan ametsaren zirrara, eta «gauza horiek guztiak ez zaituzte damuarazi» hitzak buruan zebilzkidan etengabe. Behin eta berriz eskatzen nion Jainkoari damutzeko ahalmena emateko, eta egun horretan bertan, Idatzi Santuak irakurtzen ari nintzela, hitz hauek aurkitu nituen, mirariz: «Printze eta Salbatzaile gisa goretsia izan da, damua eta barkamena emateko». Liburua erortzen utzi eta bihotza eta eskuak zerurantz goratuz, pozezko estasi antzekoan, esan nuen ozenki:
— Jesus, Dabiden semea, Printze eta Salbatzaile gisa goretsia izan zaren hori, damuarazi nazazu!
Hori esan dezaket izan zela, hitzaren zentzu estuan, bizitza osoan errezatu nuen lehenengo aldia. Orduan nire egoeraz jabetuta errezatu nuen, Idatzi Santuen itxaropen ikuspegi benetakoa nuela, Jainkoaren hitzak ematen zidan adorean oinarri hartuta; eta harrezkero, esan dezaket, Jainkoak entzungo zidan itxaropena izaten hasi nintzela.
Orduan lehen aipatutako hitzak, «dei egidazu eta salbatuko zaitut», lehenago egin ez nuen beste zentzu batean hasi nintzen aztertzen, ordu arte ez bainuen salbazio izena merezi zuen ezer ikusten, nire atxilotze hartatik ateratzea ez bazen. Izan ere, han aspalditik egon arren, oraindik uhartea kartzela zen niretzat, eta gainera hitzaren zentzu okerrenean. Baina orduan beste zentzu batean hartzen ikasi nuen. Iraganeko bizitzak horrenbesteraino izutzen ninduen, eta bekatuak horren ikaragarriak iruditzen zitzaizkidan, ezen nire arimak ez baitzion Jainkoari lasaitasuna galarazten zidan erruaren zamatik aske uzteko beste gauzarik erregutzen. Nire bizitza bakartiari zegokionean berriz, hutsa zen; ez nuen handik onik ateratzeko errezatzen, edo horretan pentsatu ere egiten, ez baitzuen garrantzirik bestearen aldean. Eta hau hemen eransten dut, irakurtzen duen edonori jakinarazteko, gauzen benetako zentzua ulertzera iristean, bedeinkazio handiagoa aurkituko duela bekatutik salbatzean atsekabetik salbatzean baino.
Baina zati hau utzi eta itzul nadin egunkarira.
Neure egoera, eguneroko bizimoduan zoritxarrak txikiagoak ez izan arren, errazagoa egiten hasi zitzaidan arimarentzat, eta gogoetak, Idatzi Santuen etengabeko irakurketa eta Jainkoari egindako otoitzen bitartez, goragoko mailan zeuden gauzetara zuzendu nituen; eta horrek atseden handia eman zidan, ordu arte ezagutzen ez nuena bezalakoa. Era berean, osasuna eta kemena itzuli zitzaizkidan, eta behar nuen guztia neureganatzeko eta bizimodua ahal bezain antolatua izateko lanean hasi nintzen.
Uztailaren 4tik 14ra, eskopeta eskuan hartu eta inguruan ibiltzen ematen nuen denbora gehiena, egunero pixka bat, gaixoaldiaren ondoren indarrak biltzen ari den norbaiten antzera, zaila baita zer jota nengoen eta zer neurritaraino nengoen ahuldua sinestea. Erabilitako sendabidea erabat berria zen, eta agian ez zuen ordu arte sukarraldirik sendatu, eta ezin diot inori, nire saioan oinarrituta, erabiltzea gomendatu. Sukarra kendu zidan arren, ahuldu egin ninduen, eta horregatik denboraldi batean, askotan izan nituen dardarak eta karranpak.
Gertatutakoarekin ongi ikasi nuen eurite garaian kanpoan egotea nire osasunarentzat izan zitekeen gauzarik kaltegarriena zela, batez ere haizete eta ekaitzekin batera zetorren euria zenean, eta lehorte garaiko euria gehienetan ekaitzekin batera izaten zenez gero, konturatu nintzen euri hori arriskutsuagoa zela irailean edo urrian egiten zuena baino.
Uharte penagarri honetan zegoeneko bost hilabetetik gora neramatzan, eta egoera horretatik ateratzeko aukera guztiak alde egin zidatela zirudien, eta benetan uste nuen giza itxura zuen izakirik ez zuela inoiz leku horretan bere oina jarri. Bestalde, bizilekua erabat tinkotua nuela uste nuenez, gogo bizia nuen uhartearen miaketa zehatzagoa egiteko, eta oraindik ezagutzen ez nuen lurraren beste emaitzarik aurki nezakeen ikusteko.
Uztailaren 15ean uhartea zehatzago aztertzen hasi nintzen. Hasteko errekan gora abiatu nintzen, lehen esan bezala, han lehorreratu bainituen alak. Konturatu nintzen, bi milia edo gorantz egin ondoren, itsasgora ez zela handik aurrera iristen, eta ur-lasterra zekarren erreka txiki bat besterik ez zegoela han, ur fresko eta onekoa; baina orduan lehorte garaian ginenez, zenbait lekutan ez zuen batere urik, edo ez behintzat antzemateko moduko ur jarioa osatzeko adina.
Erreka bazterrean zabalune edo zelai eder asko ikusi nituen, lauak, leunak eta belarrez estaliak; eta zelai gainetan, goiko lurretatik hurbil, urak, pentsa zitekeenez, inoiz gainezka egiten ez zuen lekuetan, tabako landare mordoa aurkitu nuen, berdea eta zurtoin handi eta oso sendokoa. Inoiz ikusi ez nituen eta erabiltzen ez nekien beste zenbait landare ere baziren, eta agian nik ezagutzen ez nituen gaitasunak izan zitzaketen.
Indiarrek, lurralde horietan guztietan, ogia egiteko erabiltzen zuten manioka sustraien bila aritu nintzen, baina ez nuen ezertxo ere aurkitu. Aloe landare handiak ikusi nituen, baina ez nekien nola erabiltzen ziren. Azukre kanabera batzuk ikusi nituen, baina basokoa zenez, eta ereinda ez zegoenez gero, akastuna zen. Nahikoa izan nuen orduko hartan aurkikuntza horiekin, eta etxera itzuli nintzen, aurki nitzakeen fruitu eta landare horien gaitasun eta doaiak ezagutu ahal izateko, zein bide hartu behar nuen neure buruari galdezka; baina ez nuen ondoriorik atera, izan ere, labur esateko, Brasilen bizi izan nintzen denboran horren arreta gutxi jarri nienez gero, ia ezer ez nekien basoko landareei buruz, edo behintzat gutxiegi gaixorik egonda haietaz baliatu ahal izateko.
Hurrengo egunean, 16an, bide bera hartu nuen, eta bezperan baino urrutixeago joan ondoren, ikusi nuen erreka eta zabaluneak han amaitzen zirela, eta lurraldea lehen baino oihantsuago bihurtzen zela. Inguru horretan zenbait fruitu aurkitu nituen, eta bereziki meloi pila handi bat lurrean, eta mahatsa zuhaitzetan. Mahastiak zuhaitz adarren gainetan sakabanatuak zeuden, eta mahats-mordoak oso onak zeuden, sasoian eta goxo goxoak. Izugarri poztu ninduen ezusteko aurkikuntza horrek, baina banekien, lehenago ikasitakoagatik, hura neurriz jan behar nuela, gogoan bainuen Berberian nengoela, han jopu zeuden zenbait gizon ingeles hil zirela, mahatsa jan eta hark eragindako beherako eta sukarraldien ondorioz. Baina erabilera bikain bat aurkitu nuen mahats horrentzat, hau da, eguzkitan umotu edo lehortzea, eta mahats lehorrak edo mahaspasak gordetzen diren bezala gordetzea, uste bainuen, eta hala ziren benetan, jateko onak bezain osasungarriak izango zirela, mahatsik ez zen garaian.
Gaua han eman nuen, eta ez nintzen nire bizilekura itzuli, bide batez esango dut, hori izan zela etxetik kanpo lo egin nuen lehenengo gaua. Gauean, lehenago ere hartutako neurri bera hartu nuen; zuhaitz batera igo nintzen, eta han ongi egin nuen lo. Biharamunean aurrera egin nuen miaketan, eta ia lau milia egin nituen, ibarraren neurriari begiratuta, zuzen-zuzen iparralderantz, bai hegoaldean eta bai iparraldean mendi-lerro bat nuela.
Ibilaldiaren amaieran, zabalune batera iritsi nintzen, eta han lurra mendebalerantz jaisten zela zirudien, eta ondoko mendi baten saihetsetik zetorren ur freskoko iturbegi bat beste alderantz zihoan, hau da, ekialderantz. Lurraldea horren freskoa, berdea eta loretsua zenez gero, eta udaberriko berdetasuna edo loraldia zuenez gero, ereindako lorategia zirudien.
Pixka bat behera egin nuen ibar zoragarri horretan, ezkutuko atseginez aztertzen nuen bitartean, nire beste atsekabezko gogoetekin nahasita bazen ere; eta hura guztia nirea zela pentsatzen nuen, ni lurralde oso horretako behin-betiko errege eta jaun nintzela, eta jabetasun eskubideak nituela, eta lurra besterentzeko aukera izango banu, Ingalaterrako edozein jauregitarren sendotasun berarekin sartuko nuela nire oinordekotzan. Kokondo, laranjondo, limoiondo eta angurri ugari ikusi nuen han, baina denak basokoak, eta orduan behintzat, oso gutxik zuten fruitua. Bestalde, bildutako lima berdeak jateko oso atseginak izateaz gainera, oso osasungarriak ziren. Gero haien zukua urarekin nahasi, eta edari osasuntsu, hotz eta freskagarria lortu nuen.
Konturatu nintzen nahikoa lan nuela haiek bildu eta etxera eramaten, eta biltegi bat egitea erabaki nuen, bai mahats aleena, eta baita lima eta limoiena ere, euriteen denboraldian neure burua hornitu izateko, garai hori hurbiltzen ari zela banekien eta.
Horretarako, leku batean mahats pila bildu nuen, beste batean pila txikiagoa, eta beste leku batean limoi eta lima sorta handi bat. Pila bakoitzetik batzuk hartu nituen, eta etxera itzuli nintzen, eta poltsa, zaku, edo egin ahal nuenarekin berriz joateko erabakia hartu nuen, beste guztiak etxera eramateko.
Asmo horrekin, bidaian hiru egun eman ondoren, etxera itzuli nintzen (horrela esan behar diot nire denda eta leizezuloari); baina etxera iristerako mahats aleak hondatu egin ziren. Fruituen ugaritasunak eta zukuraren pisuak, lehertu eta mazpildu zituen, eta ezer gutxitarako edo ezertarako ez zuten balio. Limak berriz onak zeuden, baina oso gutxi eraman ahal izan nituen.
Hurrengo egunean, 19an, itzuli nintzen, uzta etxeratzeko egin nituen bi poltsa hartuta, baina ezuste handia izan nuen, mahats pilara iritsi eta, bildutakoan horren goxoak eta ederrak zirenak, denak inguruan sakabanatuak, puskak eginda, eta batzuk leku batean eta besteak bestean, eta asko hozka eginda eta janda aurkitu nituenean. Horrenbestez, erabaki nuen horren egile izan ziren izaki basatiak ibiliko zirela inguruan, baina zer ziren ez nekien.
Bestalde, ez pilak eginda, eta ez zakuan sartuta ezin nituela jarri ohartu nintzenean, era batera apurtuak izango zirelako, eta bestera pisuak lehertuko zituelako, beste bide bat hartu nuen. Mahatsa bildu eta zuhaitzetako adarretatik zintzilikatu nuen, eguzkitan umotu eta lehor zedin, eta lima eta limoiak berriz, ahal nituen gehienak hartu eta eraman nituen.
Bidalditik etxeratu nintzenean, atsegin handiz begiratu nuen ibarreko fruituen ugaritasuna, kokapen atsegina, eta ekaitzen kontrako babesa, uraren eta basoaren ondoan baitzegoen, eta erabaki nuen bizilekua jartzeko aukeratu nuen lekua, lurralde hartako okerrena zela zalantzarik gabe. Horrenbestez, bururatu zitzaidan nire egoitza lekuz aldatzea, eta hura bezain leku seguru baten bila hastea, fruituz hornitutako uharteko leku atsegin horretan.
Gogoeta horrek luze iraun zidan buruan, eta denboraldi batean, lekuaren atseginak erakarrita, oso aldeko izan nin-duen; baina hura zehatzago aztertu, eta kontutan hartu nuenean itsasertzean nengoela, eta gerta zitekeela horrek abantailaren bat ekartzea, eta, ni han utzi ninduen zoritxarreko halabeharrak, leku berera eraman zezakeela beste hondoratze tamalgarriren bat ere, horrelakorik gertatzeko oso aukera txikiak izan arren; eta neure burua uhartearen erdiko mendi artean eta basoan ezkutatzen banuen, nire esklabotasuna aurreratu besterik ez nuela egingo, eta balizko gertaera hori ez bakarrik nekeza, baizik eta ezinezkoa bihurtuko nuela; garbi zegoen ez zitzaidala inondik ere lekuz aldatzea komeni.
Hala ere, lekuarekin horren maitemindua nengoenez gero, han eman nituen uztaileko gainerako egunak, eta arazoa berriz aztertu ondoren, lehen esan bezala, bizilekuz ez aldatzea erabaki nuen arren, itzalpe bat eraiki nuen eta, tarte bat utzita, hesi sendo bat jarri nion, bikoitza eta zutoinak ongi lotuak zituena, eta sasiz bete nuen tartea. Han oso lasai egiten nuen lo, batzuetan bizpahiru gau ematen nituen, lehenago egin nuen bezala, eskailera hartu eta hesia igota. Orduan irudimenak esaten zidan mendiko etxea nuela bata eta itsasondokoa bestea. Lan horretan aritu nintzen abuztuaren hasiera arte.
Hesia bukatu berria nuen, eta lana gustokoa egiten hasi zitzaidan, baina euritea iritsi zen, eta nire lehenengo etxean atera gabe gerarazi ninduen. Izan ere, ondo zabaldutako haize-oihal zati batekin, bestea bezalako denda bat egina izan arren, ez nuen mendi tontorrik ekaitzetatik babesteko, ezta atzean leizezulorik ere, euriteak neurriz gorakoak zirenean han gordetzeko.
Abuztuaren hasierarako, esan dudan bezala, amaitua nuen itzalpea, eta poz handia hartu nuen. Abuztuaren 3an, ikusi nuen zintzilikatutako mahatsa erabat lehortuta zegoela, eta eguzkitan mahaspasa bikainak egin zirela, beraz mahatsa zuhaitzetatik jaisten hasi nintzen. Eta eskerrak hala egin nuen, bestela ondoren etorri zen euriteak hondatu egingo zituen, eta neguko janariaren zatirik handiena galduko nuen, berrehundik gora mahats-mordo handi bainituen.
Mahats-mordoak jaitsi, eta ia denak etxera leizezuloan sartzera eraman bezain laster, euria hasi zuen, eta handik aurrera, orduan abuztuaren 14a edo izango zen, ia egunero egin zuen euria, urriaren erdialdea arte, eta batzuetan horrenbesteko indarrez, ezen zenbait egunetan leizezulotik irten ezinik geratu bainintzen.
Denboraldi horretan, harritua utzi ninduen nire familiaren ugalketak. Kezkatua nengoen nire katemeetako bat galdu nuelakoan, eta ihes egin zidala, edo hil egin zitzaidala pentsatu nuen, eta ez nuen haren berri gehiagorik izan, harik eta, harriduraz, abuztuaren amaieran hiru katakumerekin etxera itzultzen ikusi nuen arte. Horrek bai harritu ninduela, izan ere, eskopetaz basakatu bat (nik hala izendatu nuen) hil nuen arren, uste dut gure katu europarren oso bestelakoa zela, baina katakumeak etxabereak ziren ama bezala, eta nire bi katuak emeak zirenez gero, harritzekoa iruditu zitzaidan. Baina hiru katu horiek katakumez gainezka jarri zidaten etxea, eta zorriak edo piztiak balira bezala hil, eta etxetik ahal izan nuen leku urrutienera eraman behar izan nituen.
Abuztuaren 14tik 26ra etengabe egin zuen euria, eta ezin izan nintzen kanpora irten, oso kontuz ibiltzen bainintzen ez bustitzeko. Itxialdi horretan, janariak urritzen hasi zitzaizkidan, eta bi aldiz ausartu nintzen irtetera. Egun batean ahuntz bat hil nuen, eta azkenekoan, 26an alegia, dortoka handi bat aurkitu nuen eta hura bai izan nuela jai galanta. Era honetan antolatu nituen otorduak: mahats-mordo bat jaten nuen gosaritarako, ahuntz haragi puska bat edo dortokarena errea bazkaritarako, zoritxarrez, ez bainuen egosteko edo janaria saltsan jartzeko ontzirik; eta bizpahiru dortoka arrautza afaritarako.
Euritik babestua egon nintzen bitartean, egunero bizpahiru ordu ematen nituen leizezuloa handitzen, eta alde batera aritu nintzen lanean zuloa egiten, mendiaren kanpoalderaino iritsi arte; han ate bat edo irteera bat egin nuen, hesiaren edo hormaren beste aldera ematen zuena, eta handik sartu eta ateratzen nintzen. Baina ez nengoen oso lasai horren agerian egonda, izan ere, itxitura bikain baten barruan nengoen, eta era horretan berriz, arriskuan, eta niri eraso egitera sar zitekeen edozein gauzaren aurrean, babesik gabe. Hala ere, ez nuen ordu arte beldur izateko izakirik ikusi, uhartean ikusitako animaliarik handiena ahuntz bat izan baitzen.
Irailak 30. Nire lehorreratzearen zoritxarreko urteurrenera iritsi nintzen. Habean egindako arrastoak zenbatu nituen, eta ikusi nuen hirurehun eta hirurogeitabost egun neramatzala itsasbazter horretan. Benetako baraua egin nuen egun horretan, eta otoitz eginez gorde nuen jaieguna, apaltasun handienarekin lurrean belauniko jarri, eta Jainkoari neure bekatuak aitortuz, Hark niri bidalitako zigorraren zuzentasuna onartuz, eta Jesukristoren izenean nitaz erruki zedin otoitz eginez. Ez nuen mokadu txikiena ere hartu hamabi orduetan, eguzkia sartu arte, eta orduan opiltxo bat eta mahats-mordo bat jan, eta oheratu nintzen, eta eguna hasi bezala bukatu nuen.
Denbora horretan guztian ez nuen jaiegunik gorde, izan ere, hasieran nire barruan erlijio sentipenik ez nuenez gero, handik pixka batera ahaztu egin zitzaidan asteak bereiztea, igandeetan beste egunetan baino arrasto luzeagoa eginez, eta ez nekien asteko zein egun zen. Baina orduan, egunak zenbatu nituenean, lehentxeago esan dudan bezala, konturatu nintzen urtebete neramala han, eta asteetan zatituz, eta zazpi egunero igandea bereizita, zenbaketaren amaieran ikusi nuen egun bat edo bi falta zitzaizkidala.
Handik pixka batera tinta urritzen hasi zitzaidan, eta kontu handiagoarekin erabiltzeko neurriak hartu nituen; handik aurrera nire bizitzako gertaera aipagarrienak bakarrik idazten nituen, beste gauzen eguneroko idazketarekin aurrera egin gabe.
Eurite eta lehorte garaiak araututa zeudela hasi zitzaidan iruditzen, eta haiek bereizten ikasi nuen, behar bezala prestatua egoteko. Hala ere, hori lortu baino lehen garesti ordaindu behar izan nuen, eta orain kontatzera noana, nik izan dudan esperientziarik etsigarrienetako bat da. Lehenago esan dut gordeta nituela, ezustean, eta nik uste izan nuen bezala, berez erneta aurkitu nituen garagar eta arroz buruetako batzuk. Uste dut hogeita hamar bat arroz zurtoin nituela, eta hogei inguru garagar; eta iruditu zitzaidan euriteen ondoren garai egokia izan zitekeela haiek ereiteko, eguzkia niregandik hegoalderantz zegoela.
Horrenbestez, zuloa egin nuen lur zati batean ahal izan nuen bezala egurrezko pala hartuta, eta alea zatitu ondoren, erein egin nuen. Baina ereiten ari nintzela, bururatu zitzaidan hobe nuela lehenengo txandan dena ez ereitea, ez bainekien noiz zen hori egiteko garairik egokiena, beraz gutxi gorabehera haziaren bi heren erein nituen, eta bakoitzetik eskukada bat edo bereizi nuen.
Gero asko poztu nintzen hala egin nuelako, ereindako ale bakar batetik ere ez baitzen landarerik sortu, ondorengo hiru hilabete lehorretan, lurrak ez zuelako euri urik izan ereindako haziarentzat, eta horrenbestez, ez zegoen landarea ernetzeko behar zen hezetasunik; eta landareak ez ziren batere hazi garai hezea itzuli arte, baina orduan ere alea erein berria balitz bezala.
Lehenengo hazia ez zela erne ikusita, erraz ulertu nuen lehorteagatik izan zela, eta beste saio bat egiteko lur zati heze baten bila hasi nintzen. Nire itzalpe berriaren ondoko lur zati batean egin nuen zuloa, eta geratzen zitzaidan hazia otsailean erein nuen, udaberriko ekinozioa baino pixka bat lehenago. Hazi hori berriz oso erraz erne eta hazi zen, ura hartzeko martxoko eta apirileko hilabete euritsuak izan baitzituen, eta uzta bikaina eman zuen. Baina lehendik geratutako hazietako batzuk zirenez gero, eta denak ereiten ausartu ez nintzenez gero, kopuru txiki bat besterik ez nuen lortu, eta uzta osoa ez zen mota bakoitzeko lakari erdia baino gehiagora iritsi. Saio horrekin aditua egin nintzen lan horretan, eta zehatz-mehatz nekien noiz zen ereiteko garairik onena, eta urtero bi ereinaldi eta bi uzta izan nitzakeela.
Alea hazten ari zen bitartean, gerora oso erabilgarria egingo zitzaidan aurkikuntza txiki bat egin nuen. Euriteak amaitu bezain laster, eguraldia baretzen hasi zen, gutxi gorabehera azaroan. Orduan mendialdean nuen itzalpera joan nintzen ikustaldi bat egitera, eta, nahiz eta zenbait hilabetetan hara ez joan, gauzak utzi bezala aurkitu nituen. Egindako biribila edo hesi bikoitza tinko eta osorik egoteaz gainera, inguruko zuhaitzetatik moztutako zutoinak erne egin ziren, eta adar luzeak hazi zitzaizkien, sahatsa lehenengo aldiz adaburutzen denean hazten den bezala. Ez dakit nola deitzen zen zutoinak moztu nizkion zuhaitza. Harrituta nengoen eta oso pozik zuhaitz gazteak hazten ikusi nituelako, eta inausi egin nituen ahal bezain paretsu haz zitezen. Eta harritzekoa da hiru urtetan osatu zuten irudi ederra. Horrela, hesiak diametroa hogeitabost iardakoa zuen biribila osatzen bazuen, zuhaitzek, orduan hala deitzea zilegi bainuen, inguru osoa estali zuten, eta itzalpe tinkoa osatu zuten, lehorte garaian ni itzalean edukitzeko modukoa.
Horrek zutoin gehiago moztu, eta horrelako beste hesi bat eginarazi zidan, hormaren inguruan (nire lehenengo egoitzarenean, alegia) zirkulu erdia osatuz, eta hala egin nuen. Zuhaitzak edo zutoinak bi lerrotan kokatu nituen, nire lehenengo hesitik hogei bat iardako tartera. Erraz hazi ziren, eta hasieran nire bizilekuarentzat estalki mehe bat baziren ere, gero babesa ere izan ziren, behar den garaian azalduko dudan bezala.
Konturatu nintzen ordurako urtaroak oro har ez zirela udan eta neguan banatzen, Europan gertatzen zen bezala, eurite eta lehorte garaietan baizik, eta gutxi gorabehera era honetera:
Otsailaren erdia
Martxoa: Euritsua eta eguzkia ekinozioan edo ekinoziotik gertu.
Apirilaren erdia
Apirilaren erdia
Maiatza
Ekaina: Lehorra eta eguzkia ekuatoreko lerrotik iparralderantz.
Uztaila
Abuztuaren erdia
Abuztuaren erdia
Iraila: Euritsua eta eguzkia ekuatorera itzultzen da.
Urriaren erdia
Urriaren erdia
Azaroa
Abendua: Lehorra eta eguzkia ekuatoreko lerrotik hegoalderantz.
Urtarrila
Otsailaren erdia
Eurite garaia batzuetan luzeagoa edo motzagoa izaten zen haizeak zekarren norabidearen arabera, baina hori zen nik egin nuen azterketa orokorra. Euria ari zuenean kanpoan egoteagatik izan nituen ondorio tamalgarriak ikusita, neurriak hartu nituen handik aurrera garai hori iristerako aldez aurretik ongi hornitua egoteko, eta kanpora joan behar ez izateko, eta ahal nuen gehiena barruan egoten nintzen hilabete hezeetan.
Garai horretan lan ugari izaten nuen, eta oso egokia denboraldi horretarako, aukera paregabea aurkitu bainuen, lana gogor eginez eta iharduera etengabeaz besterik lortu ezin nituen gauza asko lortzeko. Bereziki, era askotara saiatu nintzen saski bat egiten, baina aurkitzen nituen adar guztiak hauskorregiak ziren ezer egin ahal izateko. Abantaila handia izan zen niretzat, umetan gustora egoten nintzela saskigile batzuen lantegian, aita bizi zen herrian, zumitza nola lantzen zuten ikusten, eta, mutikoek egin ohi duten bezala, beti laguntzeko prest egoten nintzenez gero, gaia nola lantzen zuten arreta handiz begiratzen nuenez, eta batzuetan lagundu ere egiten nienez gero, goitik behera ezagutzen nuen ihardunbidea, eta zumizgaia besterik ez nuen behar. Orduan bururatu zitzaidan erne ziren zutoinak egiteko erabili nituen zuhaitzen adarrak, agian Ingalaterrako sahatsa edo zumitza bezain gogorrak izan zitezkeela, eta horiekin saiatzea erabaki nuen.
Horrenbestez, hurrengo egunean mendialdeko etxera joan nintzen, nik deitzen nion bezala, eta adaxka txikietako batzuk moztu ondoren, ikusi nuen nik nahi bezain egokiak zirela zeregin horretarako. Beraz, hurrengo txandan aizkora hartuta itzuli nintzen mordo bat mozteko, berehala konturatu nintzen eta, mota horretako zuhaitz pila zegoela han. Lehortzen utzi nituen zirkuluaren edo hesiaren barruan, eta erabiltzeko prest egon zirenean, leizezulora eraman nituen. Han hurrengo denboraldian lanean aritu nintzen, ahal izan nuen bezala, saski pila egiten, bai lurra eramateko eta baita, egoeraren arabera, edozer gauza han sartu edo gordetzeko ere. Eta oso dotore amaitzen ez nituen arren, nire helburuetarako nahikoa erabilgarriak ziren. Geroztik, saskirik gabe inoiz ez geratzeko ardura hartu nuen, eta zumitza zaharkitu ahala, berriak egiten nituen, bereziki alea gordetzeko saski handi eta sakonak, kopuru oso handia biltzen nuenean, zakuen ordez erabiltzeko.
Zailtasun hori menderatu, eta denbora luzean ihardun ondoren, aztertzen hasi nintzen beste bi premiei nola aurre eman. Ez nuen isurkariak gordetzeko ontzirik, ronez beteta zeuden bi upel, eta ura, edari biziak eta abar gordetzeko kristalezko botilak, batzuk arruntak eta besteak botila kaxa karratuak, izan ezik. Janaria surtan jartzeko ontzi bat besterik ez nuen, eta itsasontzitik atera nuen tupin handi bat, nik behar nuen gauzetarako handiegia, hau da, salda egiteko, edo haragi puska bat egosteko. Lortu nahi nuen bigarren gauza pipa bat egitea zen, baina ezinezkoa nuen. Azkenean, ordea, hura egiteko modua ere asmatu nuen.
Zutoinen edo zurkaitzen bigarren lerroa landatzen eta zumitza lantzen ihardun nuen, udarak edo lehorte garaiak iraun zuen bitartean, espero nuena baino denbora luzeagoan lotu ninduen beste zeregin bati ekin behar izan nionean.
Esan dut lehenago gogo handia nuela uharte osoa ikusteko, eta errekan gora egin nuela, itzalpea eraiki nuen lekuraino, eta han irekiune bat zegoela itsaso aldera, uhartearen beste aldean. Orduan erabaki nuen lurraldea zeharkatzea beste aldeko itsasertzeraino. Beraz eskopeta, aizkora, txakurra, ohikoa baino sutauts eta munizio gehiago hartuta, eta bi opil eta mahaspasa mordo handi bat zakuan sartuta, abiatu nintzen. Itzalpea eraikita nuen harana igaro ondoren, mendebalean itsasoa izan nuen ikusmenean, eta oso egun argia zenez gero, lurra oztoporik gabe begiztatu nuen, uhartea zen ala kontinentea ezin esan nezakeen arren. Dena den, oso lur garaia zen eta mendebaletik mendebal-hego-mendebalera hedatzen zen, nengoen lekutik oso urrun, nire irudipenaren arabera, eta tartea ez zen hamabost edo hogei legoatakoa baino txikiagoa izango.
Ezin dut esan munduko zein leku izan zitekeen, baina banekien Ameriketakoa zela, eta egindako azterketen ondorioz, espainiar lurraldeetatik hurbil egon behar zuen, eta beharbada izaki basatiz betea, eta han lehorreratu banintz, orduan nengoen baino egoera okerragoan egongo nintzen. Horrenbestez, Jainkoaren arduraren esku utzi nuen neure burua, orduan hasi bainintzen hura onartu eta gauzak onerako egiten zituela sinesten. Nolabait esateko, horrekin barrua baretu nuen, eta alferrik negar egiteari utzi nion.
Gainera, gai horri buruz etenaldi bat egin ondoren, erabaki nuen, lurralde hori espainiar itsasaldea bazen, zalantzarik gabe, noizbait itsasontziren bat ikusi beharko nuela alde batera edo bestera joaten edo etortzen; eta bestela, lurralde espainiarren eta Brasilen arteko itsasalde basatia izango zela, basatirik okerrenak zeuzkana, kanibalak edo gizajaleak, beren eskutan erortzen ziren gizaki guztiak hil eta jaten zituztenak.
Burutapen horiek nerabiltzala lasai egin nuen aurrera. Ikusmenean nuen uhartearen aldea nirea baino atseginagoa iruditu zitzaidan, lorez eta belarrez apaindutako zabalune eztiz, eta baso dotorez betea baitzegoen.
Papagaia asko ikusi nituen, prest nengoen, ahal izanez gero, bat hartzeko, animalia hezi eta niri hitz egiten irakasteko. Zenbait ahaleginen ondoren, papagaia gazte bat harrapatzea lortu nuen, eta makila bat hartu, buruan jo eta konorterik gabe utzi nuen, eta bere onera etorri zenean, etxera eraman nuen; baina zenbait urte igaro arte ez nuen hark hitz egitea lortu. Halere, azkenean irakatsi nion nire izena adiskidetasun handiz esaten. Gero gertatu zitzaidan ezustea, ordea, huskeria izan bazen ere, oso barregarria izan daiteke bere garaian.
Bidaia oso atsegina izan zen. Beheko lurretan erbiak, edo erbi itxura zutenak, eta azeriak aurkitu nituen; baina ordu arte aurkitutako mota guztien ondoan oso desberdinak ziren, eta ez nuen haiek jateko asmorik, batzuk hil nituen arren. Ez nuen ordea, ausartegia izateko arrazoirik, janari premiarik ez bainuen, eta neukana oso ona zen gainera, batez ere hiru mota hauetakoa: ahuntza, usoa eta dortoka, eta horri mahatsa eransten banion, Leadenhall merkatuak berak ere ez zukeen nirea baino mahai hobea prestatuko, gonbidatuak kontutan hartuta. Eta nire kasua tamalgarria izan arren, arrazoi sakonak nituen eskerrak emateko, janari faltarik ez bainuen, eta, nahikoa izateaz gainera, gozoa ere bai baitzen.
Txango horretan ez nituen inoiz bi milia inguru baino gehiago egin egunean, baina horrenbeste joan-etorri egin nituen aurkikuntza berriak ikusteko, ezen leher eginda iristen bainintzen gaua igaro behar nuen lekura. Orduan zuhaitz batera igotzen nintzen atseden hartzera, edo zuhaitz bateko nahiz besteko zutoinak moztu, eta lurrean tente jarrita, neure burua inguratzen nuen, inolako piztirik, ni esnatu gabe behintzat, niregana hurbil ez zedin.
Itsasertzera iritsi bezain laster, harritu ninduen nire egoitza uhartearen lekurik okerrenean jarri nuela ikusteak, han hondartza ezin konta ahala dortokaz baitzegoen betea; eta beste aldean, berriz, hiru besterik ez nituen aurkitu urte eta erdian. Era askotako hegazti kopuru ikaragarria ere bazen; batzuk lehenago ikusiak nituen eta beste batzuk ez nituen ordu arte ikusi; askok oso haragi ona zuten, baina ez nituen izenak ezagutzen, pinguino izenekoak izan ezik.
Nahi adina harrapa nitzakeen, baina sutautsa eta munizioa asko urritu zitzaizkidan, eta horregatik nahiago nuen, ahal izanez gero, ahuntzen bat hil, hura jaki hobea bainuen. Baina han ahuntz asko egon arren, uhartearen nire aldean baino gehiago, ehizarako zailtasun handiagoak nituen, lurraldea laua eta zabala baitzen, eta mendi gainean nengoenean baino errazago ikusten baininduten.
Aitortu beharra daukat uhartearen alderdi hori nirea baino askoz atseginagoa zela, baina oraindik ez nuen lekuz aldatzeko asmo txikiena ere, nire bizilekuan ongi kokatua nengoelako eta hartara jarria nengoelako, eta han egon nintzen denbora guztian etxetik urrun bidaia bat egiten aritu nintzela iruditu zitzaidan. Bestalde, itsasertzetik ekialderantz egin nuen ibilaldia, hamabi milia edo uste dut. Orduan, zutabe handi bat ezarri nuen hondartzan ezaugarri gisa, eta berriro etxera itzultzea erabaki nuen, eta hurrengo ibilaldia uhartearen beste aldera egingo nuela, nire bizilekutik ekialderantz, eta horrela biribilean berriro zutaberaino iritsi arte; baina hori bere garaian adieraziko dut.
Etxera itzultzeko lehenagokoa ez zen beste bide bat hartu nuen, uharte osoa erraz ikusmenean izan nezakeela pentsatuz, eta mendiari begiratuta, nire lehenengo bizilekua aurkitzen huts egingo ez nuelakoan; baina oker nengoen. Izan ere, bizpahiru milia egin nituenean, ibar handi batera jaitsi nintzen, baina mendiz inguratua zegoenez gero, eta mendiak basoz estalita, ezin izan nuen bidea aurkitu, ez alde batera ez bestera, eguzkiari begiratuta ez bazen, baina hori ere ezinezkoa zen, egunaren ordu horretan eguzkiaren lekua zehatz-mehatz jakin ezean.
Nire zoritxarra areagotzeko, eguraldi lainotsua izan zen hiruzpalau egunetan, ibar horretan egon nintzen bitartean, eta eguzkia ezin ikus nezakeenez gero, nora ezean larri ibili nintzen; eta azkenean, itsasertza aurkitu behar izan nuen, zutabea bilatu, eta lehengo bide beretik itzuli. Orduan ibilaldi motzak eginez etxeratu nintzen, eguraldia oso beroa zelako, eta eskopeta, muzizioa, aizkora eta beste gauzak oso astunak.
Ibilaldi horretan nire zakurrak antxume bat aurkitu zuen ezustean, eta harrapatu egin zuen. Ni bizkor joan nintzen haren bila, eta heldu eta onik atera nuen zakurraren mendetik. Animalia, ahal izanez gero, etxera eramateko gogo bizia nuen, askotan bururatu baitzitzaidan antxumeren bat etxera eramatea, horrela etxeko ahuntzen arraza bat hazi eta zer janik izateko, sutautsa eta munizioa guztiz amaitzean.
Lepoko bat egin nion animalia txikiari, eta beti soinean neraman soka batekin lotu, eta, zailtasunak izan nituen arren, neure itzalperaino eraman nuen; han itxita utzi nuen, etxera itzultzeko irrikatzen bainengoen, hilebete baino gehiago neraman eta etxetik kanpo.
Ezin dut adierazi nolako poza hartu nuen nire itzalpe zaharrera itzuli eta hamakan etzan nintzenean. Bidez bide egindako ibilalditxo hori, atseden hartzeko leku finkorik ez izateagatik, oso nekagarria egin zitzaidan, eta nire etxea, nik neure buruari esaten nion bezala, egoitza ezin hobea iruditzen zitzaidan bestearen ondoan, eta inguruko guztia horren erosoa iruditzen zitzaidanez gero, erabaki nuen ez nintzela berriz handik hain urrutira joango, uhartean egon beharra nuen bitartean.
Astebetez atseden hartu nuen, ibilaldi luzearen ondoren indarberritu eta gozatzeko. Bitarte horretan denbora gehiena nire Poll-entzat kaiola bat egiteko lanean buru-belarri eman nuen, orduantxe etxekotzen eta nirekin harreman onak izaten hasi baitzen. Gero biribil txikian itxita utzi nuen antxumean hasi nintzen pentsatzen, eta etxera ekartzea, edo jaten ematera joatea erabaki nuen. Horrenbestez, hara joan nintzen, eta utzi nuen leku berean aurkitu nuen, ezin baitzen irten, baina ia goseak hilda. Zuhaitzetako adarrak, eta aurkitu nituen zuhaixketakoak moztu, eta barrura bota nizkion. Jan zuenean berriro lotu nuen handik eramateko, baina goseak erabat ahuldua zegoenez gero, ez nuen hura lotzeko premiarik izan, eta zakur bat bezala etorri zitzaidan atzetik. Eta animaliari janaria ematen jarraitu nuenez gero, maitagarri, atsegin eta bihotz oneko bihurtu zen, eta geroztik hura ere etxekotu zitzaidan, eta ez zidan alde egin.
Udazkeneko ekinozioko eurite garaia iritsi zen, eta ordu arte bezain ospe handiz gorde nuen irailaren 30a, nire lehorreratzearen urteurrena baitzen. Bi urte neramatzan orduan, eta ez nuen handik ateratzeko iritsi nintzen egunean baino itxaropen handiagorik. Egun osoa eskerrik benetakoenak ematen igaro nuen, nire egoera bakartiak izan zituen mesede zoragarriengatik, haiek gabe askoz zoritxarrekoagoa izango baitzen. Eskerrik apalenak eta benetakoenak eman nizkion Jainkoari ikusarazi zidalako, bakardade horretan agian zoriontsuagoa izan nintekeela gizartearen askatasunean eta munduko jolas eta atsegin guztiez inguratua egonda baino; eta nire egoera bakartia eta lagunartearen premia, Bere irudiarekin eta Bere graziak nire ariman izan zuen eraginarekin bete ahal izan zuelako; eta laguntza, indarra eta adorea eman zidalako lurrean Haren Goi-arduraren mendean egoteko eta Haren betiko agerpenean itxaropena izateko.
Orduan hasi nintzen sumatzen askoz zoriontsuago bizi nintzela, zoritxar ugari izan arren, iraganeko egunetako bizitza gaizto, makur eta izugarrian baino. Eta orduan aldatu zitzaizkidan biak, atsekabeak eta pozak; nahiak ere desberdinak nituen, nire grinei zoroaldiak aldatu zitzaizkien, eta nire gozaldiak erabat berriak ziren, iritsi nintzenean edo iraganeko bi urteetan izan nituenen ondoan.
Lehenago, han hemaneka nenbilenean, bai ehizan edo bai lurraldea miatzen, nire arimaren egoerak sortzen zidan ezinegona bat batean azaltzen zitzaidan, eta bihotza bera barruan itzaltzen zitzaidala sumatzen nuen, hango baso, mendi eta basamortuetan pentsatzean, eta ozeanoaren betiereko burdinaga eta sarrailekin lotuta preso nengoela, jenderik gabeko basamortuan, ihesbiderik gabe. Arimaren barealdi handienen erdian, ekaitz baten moduan azaltzen zitzaizkidan burutapen horiek, eta eskuak bihurriarazten zizkidan, eta haur bat banintz bezala negar eginarazten. Batzuetan lanean ari nintzela gertatzen zitzaidan, eta berehala eseri eta hasperen egiten nuen; ordubetez edo bi orduz lurrera begira geratzen nintzen, eta hori okerragoa zen niretzat; izan ere, negar eginez edo hitz eginez barrua askatuz gero, burutik kenduko nukeen, eta oinazea, besterik gabe, nekearen ordorioz baretuko zitzaidakeen.
Baina orduan gogoeta berriak izaten hasi nintzen. Egunero irakurtzen nuen Jainkoaren Hitza eta hango gozagarri guztiak erabiltzen nituen neure egoerarako. Goiz batean, oso goibel nengoela, hitz hauek zeuden lekuan ireki nuen Biblia: «Ez zaitut inoiz utziko, ez zaitut inoiz bazterreratuko». Berehala iruditu zitzaidan niri zuzenduak zirela, bestela zergatik ziren horren aproposak, nire egoeragatik horren goibeldua nengoen unerako, eta Jainkoak eta gizonek bazterreratu nindutenerako?
Handik aurrera neure barruan garbi ikusten hasi nintzen zoriontsuagoa izan nintekeela egoera bakarti eta baztertutako horretan, ziur asko beste egoera jakin batean munduan izan nintzena baino; eta gogoeta horiekin Jainkoari eskerrak emateko prest nengoen, haraino eraman ninduelako.
Ez nekien zer zen, baina zerbaitek asaldatu zidan arima gogoeta hori izan nuenean, eta ez nintzen hitz horiek esatera ausartu.
— Nola izan zaitezke horren azal zuria —esan nuen ozenki— zer eta, ihes egiteko erregutuz otoitz egitea nahiago izan duzun egoera beragatik eskerrak emateko, pozik egoteko ahalegin guztiak egin dituzun arren?
Han geratu nintzen, eta ezin esan badezaket ere Jainkoari han egoteagatik eskerrak eman nizkionik, benetan eskerrak eman nizkion begiak ireki zizkidalako, bide mingarriak erabilita, nire aurreko bizitzaren egoera ikusi, maltzurkeriez errukitu eta damuarazteko. Ez nuen inoiz Biblia ireki ez itxi Jainkoa neure arimaren barru barrutik bedeinkatu gabe, Hark Ingalaterrako adiskidea, nik ezer esan gabe, liburua nire beste gauzekin batera jartzera bultzatu zuelako, eta gero itsasontzi hondoratutik ateratzen lagundu zidalako.
Horrela, arimaren jarrera horrekin, hasi nuen hirugarren urtea, eta, irakurlea lehenengo urtean egin nuen bezalako kontaketa zehatzarekin nekarazteko asmorik ez dudan arren, oro har esan daiteke gutxitan egoten nintzela zereginik gabe, eta denbora egunean zehar nituen eginkizunen arabera zatitua nuela; hala nola, lehenengoa, Jainkoareganako betebeharrak eta Idatzi Santuen irakurketa, eta horretarako beti gordetzen nuen tarte bat, egunean hiru aldiz. Bigarrena, eskopeta hartu eta janari bila joatea; horretarako goizero, euririk ez bazen, hiru ordu edo behar izaten nituen. Hirugarrena, jateko hil edo harrapatu nuena antolatu, ondu, gorde eta jateko prestatu. Horrek egunaren zati handi bat hartzen zuen. Kontutan izatekoa da baita ere, eguerdian, eguzkia punturik gorenean zegoenean, beroaren indarra handiegia zela kanpora joateko; horregatik lanerako lau ordu besterik ez nituen arratsaldean, lanerako eta ehizarako orduak aldatzen nituenenean izan ezik, orduan lana goizean egiten nuen eta eskopetarekin irten arratsaldean.
Lanerako geratzen zitzaidan denbora labur horri lanean egin behar nuen neurriz kanpoko ahalegina, tresnarik eta laguntzarik ez nuelako eta ezta trebetasunik ere, eta edozer gauza egiteko behar nuen ordu pila erantsi beharko nioke. Adibidez, berrogei eta bi egun eman nituen ohol bat prestatzen leizezuloan jarri nahi nuen apal luze bat egiteko; aldiz, bi zerralarik beren erreminta eta zerrarekin, horrelako sei moztuko lituzkete zuhatiz beretik egun erdian.
Nire egoera hau zen: zuhaitz handia behar nuen, ohol zabala lortzeko. Hiru egun behar izan nituen zuhaitza mozteko, eta bi gehiago adarrak kendu eta enbor edo enborki bilakatzeko. Aizkorakadaka eta kolpeka bi muturretatik txirbila aterata enborra arindu nuen, handik mugitu ahal izateko bezain arin bihurtu arte. Orduan jiratu, eta alde bat, mutur batetik besteraino, ohola bezain laua eta leuna utzi nion; gero alde hori azpian jarri, eta beste aldea jan nion, oholak gutxi gorabehera lodieran hiru hatz zabal neurtu eta bi aldeetatik laua izan arte. Edonork har dezake kontutan lan hori egiteko nire eskuek egin behar izan zuten indarra, baina indarrak eta eraman onak lan hori, eta beste gauza asko egiteko gai egin ninduten. Hau aipatzen dut bereziki horrelako lan txiki bat egiteko denbora nola joaten zitzaidan ikusarazteko; hau da, laguntza eta tresnekin txikikeria izan zitekeena, lan itzela zela, eta denbora harrigarria behar nuela neuk bakarrik eta neure eskuz egiteko. Baina hala ere, eraman handiz eta ahaleginduz, gauza asko egin nituen, eta, egia esateko, nire egoeran beharrezkoa nuen edozer gauza, aurrerago azalduko dudan bezala.
Azaroa eta abendua bitartean, garagar eta arroz uztaren zain nengoen. Horretarako hongarritu edo atxurtu nuen lurra ez zen oso handia, landare bakoitzeko hazia ez baitzen lakari erditik gorakoa, uzta oso bat galdu bainuen lehorte garaian ereiteagatik. Orduan, bazirudien uzta oso ona zetorrela, baina halako batean konturatu nintzen berriro dena galtzeko arriskuan nengoela, aurre egiten oso zailak ziren zenbait etsai zirela eta. Lehenengo eta behin, ahuntzak eta basoko beste animaliak, nik erbi deitzen nituenak, belar izpien eztitasuna dastatu ondoren, han egoten baitziren gau eta egun; eta landarea hazi orduko behe behetik jaten zuten eta ez zioten zuztarra egiteko denborarik ematen.
Ez nuen ikusten inguruan hesi bat egitea beste konponbiderik, eta ahalegin handiz saiatu nintzen, bizkor bukatu beharra nuelako. Dena den, goldetutako lur zatia txikia zenez gero, eta uztari egokitua, hiru asteetan gutxi gorabehera erabat hesiz inguratua izan nuen, eta animalia batzuei egunez tiro eginez, eta gauean zakurra, ateko zutoin bati lotua, zaunka aritzeko zaindari jarrita, etsaiek laster utzi zuten lekua, eta alea indartsu eta ongi hazi zen, eta bizkor hasi zen heltzen.
Baina animaliek alea landare zenean hondatu zidaten bezala, txoriak hondatzeko zorian egon ziren buru egin zenean. Hain zuzen ere, alea nola ari zen hazten ikustera joan nintzenean, nire alor txikia ez dakit zenbat motatako hegaztiz inguratua ikusi nuen, eta han geratu ziren ni joateko zain baleude bezala. Berehala uxatu nituen, eskopeta beti eramaten bainuen aldean. Tiro egin orduko, nik ikusi ez nuen hegazti multzo txiki bat altxa zen alorretik bertatik.
Horrek oso nahigabetu ninduen, egun gutxi batzuetan nire itxaropen guztiak irentsiko zizkidaten beldur nintzelako, eta goseak hil eta uzta bakar bat biltzeko gai izango ez nintzelako; eta ez nekien zer egin. Dena dela, ahal izanez gero, uzta alferrik galtzen ez uztea erabaki nuen, horretarako gau eta egun lurra zaintzen egon behar banuen ere. Beste ezer egin aurretik, egin zituzten kalteak ikustera joan nintzen, eta asko samar hondatu zutela konturatu nintzen, baina oraindik alea gordinegia zegoenez gero, galera ez zen horren handia izan, eta zirudienez geratzen zena, onik ateratzea lortzen banuen, uzta ona izango nuen.
Han ondoan geratu nintzen eskopeta betetzen, eta gero irten nintzenean, erraz ikusi nituen lapurrak inguruko zuhaitz guztietan zeudela, itxuraz ni noiz joango zain. Eta hala gertatu zen; handik urrundu nintzenean, alde egin banu bezala, ikusmenetik galdu ninduten orduko, banan-banan abaildu ziren berriz nire alorrera. Oso haserre nengoen eta ezin nuen gehiago etorri arte zain geratu, jakinda orduan jaten zuten ale bakoitza, nolabait esateko, gerora ogi puska bat gutxiago izango zela niretzat. Horrenbestez, hesiraino hurbildu, berriro tiro egin eta hiru txori hil nituen. Hori zen egin nahi nuena, beraz, lurretik jaso eta Ingalaterran lapur nabarmenei egiten zaien gauza bera egin nien, hau da, kateatuta zintzilik jarri, besteen eskarmenturako. Zaila da inork sinestea hark izan zuen eragina; izan ere, txoriek, alorrera gehiago ez hurbiltzeaz gainera, handik gutxira, uhartearen alde hori utzi zuten, eta ez nuen txori bakar bat ikusi nire egoitzaren inguruan, txorimaloak zintzilik izan nituen bitartean.
Oso pozik nengoen horregatik, ziur egon zaitezke, eta abenduaren bukaera aldera, uzta bildu nuen; urteko bigarrena.
Baina goibelduta ekin nion belarra mozteari ez segarik eta ez igitairik ez nuelako, eta ontzian zeuden armetatik onik ateratako ezpata eta aiztoekin ahal nuen bezala halako bat egiten ahalegintzea beste biderik ez nuen. Dena dela, nire lehenengo uzta txikia zen, eta ez nuen zailtasun handiegirik izan hura mozteko. Berehala bildu nuen uzta neure erara, buruak besterik ez bainituen mozten; eta nik egindako otar handi batean sartu eta eraman nituen; gero eskuz aletu nituen. Eta uztaren amaieran ikusi nuen lakari erdi hazitik orduan ia bi lakari arroz nituela eta bi lakari eta erdi baino gehiago garagar, edo horrelako zerbait iruditu zitzaidan, ez bainuen neurtzeko modurik orduan.
Dena den, hori bultzagarri handia izan zen niretzat, ikusten bainuen, denboraren poderioz, Jainkoak ogiz hornituko ninduela. Orduan berriz kezkatu nintzen, ez bainekien alea nola eho edo irina nola egin, edo nola garbitu eta galbahetu, eta ezta ere, irina lortu arren, ogia nola egin edo nola egosi. Arazo horiek guztiak biltegian ale kopuru handi bat izateko eta horniketa jarraia ziurtatzeko nuen gogoari erantsita, erabakiarazi zidaten bildutako uztatik ezer ez jatea eta hurrengo denboraldiko hazitarako gordetzea; eta bitartean, lan eta ikasketa ordu guztiak neure burua aleez eta ogiz hornitua izateko zeregin mardulean eman nituen.
Benetan esan daiteke, ogia lortzeko ari nintzela lanean. Lan harrigarria zen, eta uste dut oso jende gutxik pentsatu duela horretaz, alegia, zenbat gauza txiki diren beharrezkoak gari uzta egin, bildu, ontzen utzi, maneatu eta ogi bakar bat egiteko.
Ni izadian ezer gabe egoteak egunetik egunera gehiago atsekabetzen ninduen, eta orduak igaro ahala, gero eta gehiago konturatzen nintzen horretaz, baita hazien lehenengo eskukada jaso nuenean ere, esan dudan bezala, era harrigarrian sortu eta bildu bainituen.
Lehenik eta behin ez nuen golderik lurra iraultzeko, ez aitzurrik edo palarik zuloa egiteko. Baina tira, egurrezko pala bat egin eta konpondu nuen, lehen adierazi dudan bezala. Hala ere, horrela lana erdizka besterik ez nuen egiten, eta pala egiteko egun asko eman nituen arren, burdinarik ez zuenez gero, oso erraz hondatzen zen, eta gainera lana egitea gogorragoa zen eta emaitzak ez ziren oso onak.
Halere, ohitu egin nintzen egoera horretara, jasankortasunez lan egitearekin nahikoa nuen, eta emaitzaren akatsak onartzen ikasi nuen. Alea erein nuenean, area behar nuen, eta oztopo hori gainditzeko, zuhaitz baten adar handi eta sendo bat hartu, eta esan daiteke lurra atzaparkatu egin nuela, eskuaretu edo jorratu baino gehiago.
Alea hazi bitartean, esan dut dagoeneko zenbat eta zenbat gauza egin behar nituen: hesia egin, ongi finkatu, alea moztu edo uzta bildu, ontzen utzi eta etxera eraman, jo, eta lastoa eta oloa bereizi eta gorde. Gero errota behar nuen alea ehotzeko, galbahea bahetzeko, legamia eta gatza ogia egiteko, eta labea egosteko. Dena den, lortu nuen ezer izan gabe hori guztia egitea, gero esango dudan bezala, eta alea aukera ezin hobea zen niretzat eta aurrerapen ikaragarria. Horrek guztiak, esan bezala, nekagarriagoa eta astunagoa bilakatzen zuen lana, baina ez zegoen konponbiderik. Ez zidan gainera denbora asko galarazi, zatitua bainuen eguna, eta ordu batzuk ematen bainituen egunero zeregin horietan; eta ogia egiteko ale kopuru handi bat izan arte batere ez erabiltzea erabaki nuenez gero, ondorengo sei hilabeteak nituen, buru-belarri lanean eta asmaketetan arituz, neuretzako behar adina ale lortu nahi banuen, hura lantzeko behar nituen tresnez hornitua egoteko.
Baina lehenbizi lur-sail handiagoa prestatu behar nuen, akre bat lur ereiteko adina hazi bainuen orduan. Hori egin aurretik, gutxienez astebeteko lana nuen pala bat egiteko, baina egin nuenean ordea penagarria iruditu zitzaidan eta oso astuna, eta harekin lan egiteak lan bera bi aldiz egitea esan nahi zuen. Dena den, aurrera egin nuen eta hazia bi lur-sail handi eta lauetan erein nuen, etxetik ahal izan nuen bezain gertu; hesi on batez inguratu nituen, eta hura egiteko zutoinak lehen erabilitako zuhaitzetatik moztu nituen, banekien eta hazi egingo zirela, eta handik urtebetera hesi igokaria edo bizia izango nuela, eta konponketarik ez zuela beharko. Lan horretarako ez nituen hiru hilabete baino gutxiago behar izan, baina denboraldi horren zatirik luzeena eurite garaikoa izan zen, eta garai horretan ezin izan nintzen kanpora irten.
Etxean, euria ari zuenean eta irten ezin nintzenean, zereginik aurkitzen nuen ondoren esango dudan gauzak egiten. Lanean ari nintzen bitartean, jolasean aritzen nintzen papagaiari hitz egiten, eta hari hizketan irakasten. Laster ikasi zuen bere izena esaten, eta «Poll» oihukatzen, eta hori izan zen, nire ahoak esan gabe, uhartean entzun nuen lehenengo hitza. Hori ez zen lana, lanaren osagarri bat baizik. Baina orduan, esan dudan bezala, zeregin garrantzitsu bat nuen esku artean, hau da, aspalditik ari nintzen ikertzen, modu batera edo bestera, buztinezko ontziak nola egin, eta premia handia izan arren, ez nuen modurik aurkitzen. Bestalde, eguraldiaren beroa kontutan hartuta, zalantzarik ez nuen buztin motaren bat lortuz gero, ontzi modukoren bat egiteko gai izango nintzela, eta eguzkitan lehortzen utzita, nahikoa gogorra eta sendoa izango zela erabili ahal izateko, eta barruan gauza lehorrak edo lehor egon behar zutenak gordetzeko. Eta alea, irina eta abar... prestatzeko beharrezkoa zenez gero, ahal izan nituen handienak egitea erabaki nuen, suilen antzekoak, barruan sartzen nuenak luzaroan iraun zezan.
Irakurleari barre eginaraziko nioke, edo nitaz errukiarazi, esango banio zenbat bide aldrebes hartu nituen orea altxatzeko, eta zenbat gauza bitxi, itxuragabe eta itsusi egin nituen; zenbat hautsi ziren barrurantz eta kanporantz, buztina ez zelako bere pisuari eusteko bezain gogorra; zenbat pitzatu ziren eguzkiaren berotasun ikaragarrian bizkorregi jartzeagatik, eta zenbat egin ziren txiki-txiki, bai lehortu baino lehen eta bai lehortu ondoren mugitu nituenean; eta hitz batean, nola, buztina bilatzen, ateratzen, gozatzen, etxera eramaten eta lantzen bi hilabetetan buru belarri aritu ondoren, buztinezko bi gauza itsusi (ezin diet suil izena eman) besterik ez nituen egin.
Dena dela, bi ontzi horiek eguzkitan egosi eta ongi lehortu eta gogortu zirenean, kontuz altxa nituen eta horretarako bereziki egin nituen zumitzezko bi saski handietan sartu nituen ez puskatzeko, eta ontziaren eta saskiaren artean lekua geratzen zenez gero, arroz eta garagar lastoz bete nuen. Bi ontzi horiek beti lehorrak egonda, iruditu zitzaidan alea ere lehorra gorde ahal izango zutela barruan, eta agian irina, alea xehatu ondoren.
Ontzi handiak egiteko ahaleginean huts egin nuen arren, gauza txiki batzuk egin nituen arrakasta handiagoarekin; hala nola, ontzi txiki biribilak, plater zapalak, eltzeak eta tupinak, eta nire eskuek egin zezaketen beste edozer gauza, eguzkiaren beroak gogor-gogor egin arte berotzen zituenak. Baina horrek guztiak ez zuen nire asmoa betetzen, hau da, isurkariak gordetzeko eta surtan jartzeko buztinezko ontzi bat egitea, eta egindako ontziekin ez bata ez bestea ezin nuen egin. Handik pixka batera, haragia prestatzeko su handi bat egin eta, hura amaitzean sua itzaltzera nindoala, buztinezko ontzietako baten puska bat aurkitu nuen sutan, erreta, harria baino gogorragoa, eta teila bezain gorria. Poztu egin nintzen hori ikustean, eta puska bat erre baldin bazen, osorik ere egosi ahal izango zirela, esan nion neure buruari.
Horrek ontzi batzuk egosteko sua nola antolatu pentsarazi zidan. Ez nuen susmorik ere ontzigileek erabiltzen zituzten labeak nola egiten ziren, edo ontziak berunez nola beiraztatu zitezkeen, horretarako beruna izan arren. Baina hiru lurrezko ontzi eta bizpahiru ontzitxo jarri nituen bata bestearen gainean pilatuta, inguruan sua egiteko egurra, eta azpian txingar ugari zutela. Sua indarberritzeko enbor berriak jarri nituen kanpoaldean eta ontzien gainean, barruko ontziak gori-gori zeudela eta ez zirela hausten ikusi arte. Ongi gorrituta zeudela garbi ikusi nuenean, sutondoan utzi nituen bospasei orduz, ontzietako bat pitzatu ez, baina urtu edo galdatu egin zela ikusi nuen arte, beroaren indarrak buztinarekin nahasita zegoen hondarra urtu egin zuelako, eta han utziz gero beira bilakatuko zen. Orduan sua gutxitu nuen pixkanaka, ontzien kolore gorria ahultzen hasi arte, eta gau osoan geratu nintzen hari begira, suari azkarregi itzaltzen ez uzteko, eta goizean hiru eltze bikain, ez dut esango dotore, nituen eta beste bi buztinezko ontzi, ezin hobeto egosiak, eta horietako bat ongi beiraztatua, hondarra urtzearen ondorioz.
Saio horren ondoren, ez dut esan beharrik, handik aurrera ez nuela buztinezko ontziren premiarik izan, baina esan behar dut itxuran ez zegoela alde handirik batetik bestera, edonork pentsa dezakeen bezala, haurrek buztinezko opilak egitean erabiltzen duten modu bera edo opilaren orea egiten ikasi ez duen emakumezko batena erabiltzen bainuen.
Ez zen inoiz horrelako gauza txiki baten aurrean nirea bezalako poz handia izango, sutan jar nezakeen buztinezko ontzi bat egin nuela ikusi nuenean. Ia ezin izan nuen ontziak hoztu arte itxaron, horietako batean, haragi zati bat uretan sartuta, egosten sutan jartzeko; eta primeran egosi zen. Gero antxume zati bat hartu eta salda on bat egin nuen, nik nahi bezain ona izateko, olo-irina eta beste zenbait osagarriren premia izan arren.
Hurrengo eginkizuna harrizko mortairu bat lortzea nuen, alea txikitu edo xehatzeko, ez bainuen uste, bi esku besterik izan gabe, errota bat egin ahal izateko behar zen trebezia maila gorenera iritsiko nintzenik. Premia hori betetzeko, gauza garrantzitsu bat behar nuen; izan ere, munduko lanbide guztien artean, beste ezertarako baino gutxiago nengoen prestatua harri xehatzaile izateko, eta gainera ez nuen tresnarik lan horri ekiteko. Egun bat baino gehiago eman nuen harri handi baten bila, barrua zulatuz mortairua egiteko, baina ez nuen bat ere aurkitu, arkaitz gogorrekoak izan ezik, eta han ezin nuen zuloa egin edo harria ebaki. Bestalde uharteko harriek ez zuten gogortasun nahikorik eta erraz birrintzen ziren, hareharriak baitziren denak, eta ezin zuten mortairu-esku sendo baten pisua jasan, edo hondarrez bete gabe alea xehatu. Beraz, harri egoki baten bila denbora luzea galdu ondoren, amore eman, eta erabaki nuen egur mokor sendo bat bilatzea, eta hori askoz errazago aurkitu nuen. Nik altxatzeko moduko egur handi bat ikusi nuen, eta aizkora eta aizkora txikia hartu eta kanpotik biribildu eta forma eman nion; gero, suaren laguntzaz, eta ezin gehiagoan lanean aritu ondoren, zuloa egin nion barruan, Brasilen indiarrek kanoak egiten dituzten bezala. Hori egin ondoren, burdinazko egurra zeritzan zuhaitzetik mortairu-esku edo xehatzaile handi astun bat egin, eta hurrengo uzta bildua izan arte gorde nuen, ogia egiteko alea xehatzeko edo gutxienez mazpiltzeko asmoz.
Hurrengo zailtasuna galbahe edo bahe bat egitea nuen, irina bahetzeko, eta zahia azaletik bereizteko, hura gabe ez baitzitzaidan iruditzen ogia egin ahal izango nuenik. Hori zailagoa zen, eta horretan ezin nuen pentsatu ere, ez bainuen premiazko gauza bakar bat ere, alegia, kalamu ehun edo oihal fin eta meherik irina handik igaroarazteko. Orduan hilabete batzuetako etenaldia izan nuen, ez bainekien zer egin. Ez nuen ehunik, piltzar batzuk izan ezik; banuen ahuntz ilea, baina ez nekien nola ehundu edo irun, eta nola jakin izan banu ere, ez nuen lanerako tresnarik. Horretarako aurkitu nuen irtenbide bakarra izan zen, itsasontzitik atera nuen itsasgizonen arroparen artean, perkalezko edo muselinazko zapi batzuk bazirela gogoratzea, eta puska batzuk hartu eta hiru galbahe txiki egin nituen, nire lanerako nahikoak; eta zenbait urtetan horiekin moldatu nintzen. Haiek hondatu ondoren zer egin nuen azalduko dut bere garaian.
Ogia egostea zen ondoren kontutan hartzeko eginkizuna; eta ogia nola egingo nuen alea izatean, legamiarik ez banuen. Horri buruz, konponbiderik ez zegoenez gero, ez nintzen gehiegi kezkatu, baina labearen premia ezinbestekoa zen. Azkenean, horretarako ere zerbait egitea bururatu zitzaidan. Buztinezko ontzi zabal zabalak egin nituen, baina ez sakonak, hau da, bi oineko diametroa zuten, eta bederatzi hatz eskasekoa sakonera. Besteak bezala sutan erre nituen eta gero sutondoan utzi. Ogia egosi nahi izan nuenean, sutzarrean su handi bat piztu eta teila karratu batzuekin estali nuen, horiek ere nik egin eta erretakoak, baina erabat karratuak zirenik ere ezin esan.
Sua txingar edo ikatz gori bihurtu zenean, sutzarraren gainera eraman nituen, ia erabat estali arte, eta han eduki nituen sutzarrak iraun zuen bitartean; gero txingarrak erratzaz garbitu nituen eta ogi opila edo opilak han jarri nituen. Buztin ontzia goikoz behera gainean jarri nuen, eta txingarrak inguruan jarri nizkion, beroari eusteko eta beroa areagotzeko. Eta horrela, munduko laberik onenean bezala, egosi nuen garagar-ogia, eta epe motzean, gozogile bikain egin nintzen; izan ere, arroz opil batzuk eta budinak egin nituen, baina ez nuen barrunbeterik egin ahal izan, ez bainuen barruan jartzeko ezer, hegaztien eta ahuntzen haragia izan ezik.
Ez da harritzekoa gauza horiek guztiak uhartean egin nuen hirugarren urtearen zatirik handiena hartzea, azpimarratzekoa baita hori egin bitartean, uzta berria eta uzta bilketa nituela eskuartean. Uzta bere garaian bildu eta nola edo hala eramaten nuen etxera, eta saski handietan uzten nituen ale buruak, aletzeko denbora izan arte, ez bainuen gainean alea jotzeko zorurik, ez eultzirik edo bestelako tresnarik.
Gainera, ale kopurua handitzen ari zitzaidan, eta aletegia handitu nahi nuen, eta uztak horrenbeste ematen zuenez gero, hogei garagar lakari inguru nituen, eta beste hainbeste edo gehiago arroz. Horrenbestez, mugarik gabe erabiltzea erabaki nuen, ogia aspaldi amiatu baitzitzaidan. Era berean, urte osorako behar nuen kopurua ikusi eta urtean behin besterik ez ereitea erabaki nuen.
Oro har, erabaki nuen berrogei garagar eta arroz lakari urte osoan jan nezakeena baino gehiago zela, eta beraz, urtero azken aldian ereindako kopuru bera ereitea, kopuru horrek ogiz eta abarrez erabat hornituko ninduelakoan.
Gauza horiek guztiak egiten nituen bitartean, ziur egon zaitezke pentsamenduek askotan uhartearen beste aldetik ikusitako lurraldera ihes egiten zidatela, eta ezkutuko gogoak sortzen zitzaizkidala han egoteko, handik kontinentea ikusiko nuela, eta lurralde jendeztatua izango zela amets eginez, eta handik aukera izango nuela urrutirago joateko eta agian azkenean ihesbideren bat aurkitzeko.
Baina aldi berean ez nituen egoera horren arriskuak kontutan hartzen, basatien eskuetan eror nintekeela, eta agian arrazoiak nituela Afrikako lehoiak eta tigreak baino okerragoak izango zirela uste izateko; izan ere, haien mende eroriz gero, arrisku handia nuela eta seguraski niri eraso egin ondoren jan egingo nindutela, Karibeko itsasaldeko biztanleak kanibalak edo gizajaleak zirela entzunda bainuen, eta latitudearengatik banekien ezin nintzela itsasalde horietatik oso urruti egon. Eta kanibalak ez baziren ere, hil nintzaketen, haien eskuetan eroritako europar askori gertatu zitzaien bezala, baita hamar edo hogeiko taldeetan zeudenean ere, are errazago ni, bakarra izanda, eta haien aurka neure burua babesteko ezer gutxi egin nezakeelarik. Gauza horiek guztiak, berriro diot, ongi gogoan izatekoak, ez nituen hasieran kontutan hartu, gero hartuko nituen bezala, nire barruak beste aldeko itsasertzera iristea besterik ez baitzuen nahi.
Orduan itzulminez gogoratzen nituen Xury mutil gaztea eta ahari bizkarra zuen bela-ontzia, harekin Afrikako kostaldean mila miliatik gora egin bainituen; baina alferrik zen. Gero gure itsasontziko txalupa ikustera joan nintekeela bururatu zitzaidan, esan bezala, ekaitzak, hondoa jo genuenean, hondartzan urrutiraino bota zuena. Hasieran zegoen leku berean zegoen ia, eta olatuen eta haizearen indarrek ia ipurdiz gora jarri zuten, eta hondarrezko haitz-lerro garai baten kontra bota, baina ez zuen, lehen bezala, urik inguruan.
Laguntzarik izan banu txalupa konpondu eta uretara botatzeko, bere lana ongi egingo zukeen, eta neke handirik gabe Brasilera iritsiko nintzatekeen. Baina aldez aurretik ikusi behar izan nuen ontzia irauli eta tente jartzea, uhartea zegoen lekutik mugitzea bezain zaila izango zela. Dena dela, basora joan nintzen eta, hagak eta subilak moztu, eta ontzira eraman nituen, zer egin nezakeen ikusteko erabakia hartuta, eta neure buruari gogoraziz, ontzia iraultzea lortzen baldin banuen, erraz konpondu ahal izango nituela hark jasandako kalteak, eta txalupa bikaina izango zela harekin itsasoratu ahal izateko.
Su eta gar aritu nintzen emaitzarik gabeko lan horretan, eta uste dut hiruzpalau aste eman nituela zeregin horretan. Azkenean, nire indar eskasekin hura altxatzea ezinezkoa zela ikusita, hondarrean zuloa egitea erabaki nuen, azpiak jan eta beherantz irristarazteko, eta enborren gainean jarrita, aldapa behera bultzaka eramateko. Baina hori egin nuenean, ikusi nuen ezin nuela mugitu, ezin nuela azpian sartu, eta are gutxiago uretara aldapa behera irristaka eraman; beraz amore eman behar izan nuen. Eta orduan, ontziaren itxaropenari agur esan nion arren, gutxitu beharrean, baliabideak alferrikakoak zirela ikusita, areagotu egin zitzaidan kontinentera nora ezean abiatzeko gogoa.
Horrek azkenean pentsarazi zidan, lurralde horietako biztanleek egiten zituztenak bezalako kanoa edo piragua bat egiteko gai izango nintzela, baita erremintarik gabe ere, edo nik esango nukeen bezala, laguntzarik gabe, hau da, zuhaitz handi baten enborraz baliatuta. Hori zitekeena iruditzeaz gainera, erraza ere iruditzen zitzaidan, eta pozik nengoen hura egiteko burutapena izan nuelako, abantaila handiagoak bainituen beltzek edo indiarrek baino, baina indiarrek ez zuten oztopo jakin bat kontutan izan gabe, alegia, ontzia amaitzean, hura mugitu eta uretara eraman ahal izateko eskuen premia, niretzat, indiarrei erreminta premiatik sortutako ondorio guztiak baino konpontzen zailagoa zen oztopoa. Izan ere, zertarako nahi nuen basoan zuhaitz handi bat aukeratu, nola edo hala moztu, kanpoaldea aizkoratu eta berdindu txalupa itxura eman arte, eta barrua erre edo moztu hutsunea egiteko, hori guztia egin ondoren, aurkitu nuen leku berean utzi behar baldin banuen, uretaraino eramateko gai ez nintzelako?
Inork esan dezake txalupa egiten ari nintzen bitartean ez nuela nire egoeraz burutapen txikiena ere izan, aldez aurretik txalupa nola itsasoratu pentsatu beharra nuelako; baina nire gogoa horren lotua nuenez gero itsasoko bidaldiarekin, ez zitzaidan behin ere bururatu txalupa nola eraman uretara. Eta noski, errazagoa zen niretzat harekin itsasoan berrogeita bost milia egitea, lehorrean berrogeita bost beso baino, alegia, zegoen lekutik uretaraino eramatea.
Txalupa egiten hasi nintzen gizonik zoroenak edo zentzumena sorgortua zuenak egingo lukeen moduan. Helburuan pentsatzen poza hartzen nuen, hura egiteko gai nintzen gogoan izan gabe. Askotan etortzen zitzaizkidan ordea burura txalupa itsasoratzeko zailtasunak, baina amaiera eman nien galdera horiei, neure buruari eman nion erantzun zoro batekin: «Egin dezadan lehenik txalupa, eta aurkituko dut gero, amaitua egotean, hura eramateko moduren bat edo beste».
Biderik barregarriena zen hura, baina nire ametsaren gogo bizia nagusitu zitzaidan eta lanean aurrera egin nuen. Izai bat moztu nuen, eta askotan galde egin izan diot neure buruari Salomonek horrelakoren bat aurkitu ote zuen Jerusalengo tenplua egiteko. Bost oin eta hamar hatz beteko diametroa zuen beheko aldean, errotik gertu, eta lau oin eta hamaika hatz beteko diametroa hogeita bi oinetara iristean, handik aurrera meheagoa zen eta gero adarretan banatzen zen. Lan ikaragarria egin behar izan nuen zuhaitz hori mozteko. Hogei egun eman nituen jo eta su lanean, aizkora eta aizkora txikia erabilita, enborra errotik mozten eta aizkoratzen, hamalau gehiago adarrak eta adaxkak kentzen eta adaburutzen. Ondoren, hilabete behar izan nuen enborrari itxura eman eta akatsak berdintzeko, eta txalupa baten azpiaren antzeko zerbait egiteko, uretan behar bezala tente egon behar bazuen. Hiru hilabete gehiago behar izan nituen barrua husteko, eta txalupa egoki baten tankera emateko. Hori sua erabili gabe egin nuen, besterik gabe zur-mailuz eta zizelaz baliatuta, eta lanaren lanaz, piragua dotorea egitea lortu nuen, barruan hogeita sei gizon eramateko adinakoa, eta horrenbestez nahikoa ni eta nire zama guztia barruan eramateko.
Lan hori amaitu nuenean, pozez zoratzen nengoen. Txalupa neure bizitzan inoiz ikusi nuen zuhaitz bakarrarekin egindako piragua edo kanoarik handiena zen. Hura bai izan zela lan nekeza, ziur egon zaitezke, eta uretaraino eramatea besterik ez nuen falta; eta uretaraino eramatea lortzen banuen, zalantzarik ez dut, inoiz egin den bidaldiarik zoroena eta bitxiena izango zela nirea.
Baina uretara eramateko asmatu nituen bide guztiek huts egin zidaten, lan handia eman zidaten arren. Txalupa uretatik ehun iarda ingurura zegoen, baina lehenengo oztopoa errekarantz joateko bidean zegoen muino bat zen. Tira, bada, traba hori saiesteko, lurra zulatu eta aldapa bat egitea erabaki nuen. Hasi nintzen hori egiten, eta neke ikaragarriak izan nituen, baina, nor ikaratzen du nekeak, aurrean salbabidea ikusita? Lana amaitu nuenean eta zailtasun hori gainditu nuenean, ordea, lehengoan nengoen, ezin bainuen kanoa mugitu beste txalupa mugitu ezin izan nuen bezala.
Gero uretatik neukan tartea neurtu nuen, eta aingura leku edo ubide bat egiteko zuloa egitea erabaki nuen, ura kanoa zegoen lekuraino iristarazteko, kanoa uretaraino ezin nuela eraman ikusita. Beraz, lan horri ekin nion, baina lanean hasi bezain laster, kontuak ateratzen hasi nintzenean zenbateko sakonera behar nuen, zenbateko zabalera, eta lurra nola kendu behar nuen; eta konturatu nintzenean, neuzkan eskuekin, neureak besterik ez baitziren, hamar edo hogei urte beharko nituela bidea egiteko, itsasertza garaia baitzen han, eta zuloak tontorrean gutxienez hogei oin izan beharko baitzituen sakonean; azkenean, gogoz kontra izan arren, ahalegin horretan ere amore eman nuen.
Horrek neke handiak eragin zizkidan, eta orduan ulertu nuen, beranduegi izan arren, zorakeria galanta zela, kostuak kontutan izan gabe eta indarrak ongi neurtu gabe, lan bat hasi eta aurrera eramatea.
Zeregin horren erdian laugarren urtea bete nuen uhartean, eta urtebetetzea ohiko debozio berberarekin ospatu nuen; inoiz baino lasaiago, izan ere, Jainkoaren hitza etengabe ikasiz eta zintzo erabiliz, eta Haren graziaren laguntzaz, lehenago ez nuen ulermen berri bat lortu bainuen. Gauzak beste era batera ulertzen nituen. Mundua urrun zegoen zerbait balitz bezala ikusten nuen, harekin zerikusirik izango ez banu bezala, handik ezer espero ez nuela eta, are gehiago, hari buruzko desiorik gabe; hitz batean, ez nuen benetan harekin zerikusirik, eta ez nuen uste handik aurrera ere izango nuenik. Beraz, iruditzen zait, gehienez ere, garai batean bizi izandako leku bat balitz bezala ikusten nuela, baina orduan handik kanpo nengoela; eta esan nezakeen, Abrahamek aberatsari esan zion bezala: «zuen eta gure artean leize handi bat dago».
Lehenik eta behin, munduaren gaiztakerietatik kanpo nengoen. Ez nuen haragiaren, ez begien gutiziarik, ezta bizitzaren arrogantziarik ere. Ez nuen ezeren gutiziarik, atseginez goza nezakeen guztiaren jabe nintzenez gero. Jaurerri osoaren jauna nintzen, edo, nahi izanez gero, neure buruari, mendean nuen lurralde osoaren errege eta enperadore izena ezar niezaiokeen. Aurkakorik ez nuen, lehiakiderik ere ez, eta subiranotasunaz edo aginteaz eztabaidatzeko inor ere ez. Ale ontzikadak bete nitzakeen, baina ez nituen ezertarako behar, beraz, niretzat nahikoa nuena besterik ez nuen ereiten. Dortokak ere nahi adina neuzkan, baina bakarra izaten zen noizean behin jan nezakeen guztia. Ontzidi oso bat egiteko adina zur nuen. Mahastiak ere banituen, ardoa egin edo mahatsa ihartu eta mahaspasak bildu ondoren, ontzidi horretako ontzi guztiak zamatzeko adina.
Baina erabil nezakeena besterik ez zen baliagarria niretzat. Nahikoa nuen jateko eta nire premiak asetzeko, eta, zer zen gainerakoa niretzat? Jan nitzakeenak baino animalia gehiago harrapatzen banituen, zakurrak edo harrek jaten zituzten. Jan nezakeena baino ale gehiago ereiten banuen, alferrik galtzen zen. Moztu nituen zuhaitzak han zeuden lurrean usteltzen; ezin nituen sutarako besterik erabili, eta hori, janaria prestatzeko premia nuenean besterik ez.
Hitz batean, izadiak eta esperientziak erakutsi zidaten, gogoeta sakona egin ondoren, mundu honetako gauza guztiak onak direla guretzat erabilgarriak diren neurrian, eta besteei emateko pilatzen ditugunean, edo guk geuk erabiltzen ditugunean besterik ez dugula atsegin hartzen. Mundu honetako diruzale handinahi zuhurrenari ere sendatuko litzaioke diru gosearen eritasuna, nire egoeran balego, erabil nitzakeenak baino askoz gauza gehiago bainituen. Ez nuen irrikarik, han ez nituen gauzetarako izan ezik; izan ere, txikikeriak izan arren, oso erabilgarriak baitziren niretzat. Adierazi dudan bezala, banuen diru mordo bat, bai urrea eta bai zilarra, hogeita hamasei libra esterlina inguru. Ene!, han zegoen zoritxarreko eta alferrikako zikinkeria higuingarri hura, ezertarako erabili ezin nezakeena; eta askotan esaten nion neure buruari, eskukada bat diru emango nukeela pipa batzuen, edo alea ehotzeko errota baten truke. Are gehiago dena emango nuke sei penike Ingalaterrako arbi eta azenario hazien truke, edo ilar eta baba eskukada baten eta tinta ontzi baten truke. Eta han zegoen, ez abantailarik eta ez etekinik lortzen nuenez gero, kaxoi batean sartuta, eta eurite garaiko leizezuloko hezetasunak lizunduta. Eta kaxoia diamantez beteta izan banu ere, gauza bera izango litzateke, ezingo bainituen ezertarako erabili.
Nire bizimodua erosoagoa zen hasieran baino, bai nire gogoarentzat eta baita gorputzarentzat ere. Askotan eskerrak emanez esertzen nintzen jatera, eta Jainkoaren eskua goresten nuen, basamortuan nire mahaia janariz hornitu zuelako. Ikasi nuen nire egoeraren alderdi distiratsuari gehiago begiratzen, alderdi ilunari baino, eta atsegin nuena, falta nuena baino gehiago kontutan hartzen. Horrek askotan adierazi ere ezin dudan ezkutuko poza ematen zidan, eta hemen aipatu nahi dut, Jainkoak eman ez diena irrikatzen dutelako, daukatenarekin pozik ez dauden atsekabetuak oharrarazteko; nahi dugunagatik sortzen zaizkigun atsekabe guztiak, dugunarengatik ez ditugulako eskerrak ematen sortzen zaizkigula iruditzen baitzait.
Banuen on egiten zidan beste gogoeta bat, eta zalantzarik gabe nirea bezalako zoritxarrean egon zitekeen edonori berdin egingo lioke; alegia, une horretan nuen egoera hasieran espero nuenarekin konparatzea, edo izan zitekeenarekin; hau da, Jainkoaren ardurak mirariz ontzia itsasertzetik hurbil jarri izan ez balu, eta bertara hurbiltzeaz gainera, nire poz eta atseginerako, handik atera nuen guztia hondartzara eramatea lortu ez banu; orduan ez bainuen izango ez lanerako erremintarik, ez babesteko armarik edo janaria lortzeko sutautsa edo miniziorik.
Orduak eman nituen, egunak esango nuke, neure buruari kolore bizienekin ikusarazten zer litzatekeen nitaz ontzitik ezer atera ez banu. Jatekorik ere ez nuen izango, arraina eta dortokak izan ezik, eta horrelakorik aurkitzerako denbora luzea igaro zenez, lehenago goseak hilko nintzen; eta, goseak hil ezean, basati soil baten eran bizi izango nintzen; eta trikimailuren bati esker ahuntz edo hegaztiren bat harrapatu izan banu ere, ez nuen hura larrutzeko edo zatitzeko modurik izango, edo haragia larrutik eta erraietatik bereizteko edo mozteko, eta hortzekin karraskatu beharko nuen, eta azkazalekin urratu piztiek bezala.
Gogoeta horiek sentikorrago egin ninduten Jainkoaren ardurak nirekin izan zuen eskuzabaltasunarekiko, eta une horretako egoeraren aurrean esker oneko, zoritxar eta nahigabe guztiak kontutan hartuta ere. Une horretan ezin nien ohartarazi besterik egin, zoritxarrean «ba al da nirea bezalako atsekaberik?» galdetzeko ohitura zutenei, kontutan har zezatela beren egoera baino okerragoa bizi zuen jendea, eta baita ere Jainkoaren ardurak hala nahi izan balu, nolakoa izan zitekeen beraiena.
Beste gogoeta bat izan nuen, arima itxaropenez asebete zidana; hau da, une horretako egoera merezi nuenarekin konparatzea, eta horrenbestez Jainkoaren eskutik jasotzea espero nuenarekin. Bizitza ikaragarria bizi izan nuen, Jainkoaren ezagutzarik eta Haren beldurrik gabea. Aitak eta amak ongi hezi ninduten; ez batek eta ez besteak ez zuten etsi hasierako ahaleginetan nire ariman Jainkoarenganako gorespena, eginbeharraren zentzua, eta izadiak eta bizitzaren amaitu beharrak eskatzen zidana sorrarazten. Baina, ene!, itsasoko bizimoduan goiz erori nintzen, bizitza guztien artean, Jainkoaren beldurrik gutxiena duena, Haren haserreak askotan aurrean dituzten arren. Esan bezala, itsasoko bizimoduan goiz erori nintzenez, eta itsas giroko lagunartean, piztu zitzaidan erlijio sentipen apurra, adiskideen isekek, arriskuak gogor gutxiesteak eta heriotzaren irudia ikusteak, gero eta maizago ikusten bainuen, ni bezalakoak ez zirenekin hitz egiteko aukera guztietatik aspaldi urruntzeak, edo gauza onik edo onaren antzekorik ez entzuteak ezabatu zidaten.
Beraz gauza on guztiak galduta eta nolakoa nintzen edo nolakoa izan behar nuen susmorik izan gabe, unerik zoriontsuenetan ere, hala nola, Saletik ihes egin nuenean, ontziko kapitain portugaldarrak jaso ninduenean, Brasilen arazorik gabe bizi izan nintzenean, Ingalaterratik bidalitako zama hartu nuenean eta antzekoetan, ez nuen inoiz «eskerrak Jauna» ez pentsatu eta ez esan; zoritxar handienetan ere ez nuen Jainkoari otoitz egiteko edo «Jauna erruki zakizkit!» edo horrelako zerbait esateko pentsamendu bakar bat ere izan. Ez, ez nuen Jainkoaren izenik aipatzen, birao eta zin egiteko izan ezik.
Esan bezala, hilabeteak eman nituen gogoeta ikaragarri horiek eginez, neure iraganeko bizimodu zital eta zekenari buruz; eta ingurura begiratzean, ikusten nuenean uhartera iritsiz gero hartu nituen dohain bereziak, eta Jainkoa zein neurritaraino izan zen bihotz onekoa nirekin, ez bakarrik nire gaiztakeria merezi baino neurri txikiagoan zigortu zuelako, baizik eta han egoteko behar nuena emateko orduan oso eskuzabala izan zelako; itxaropena sortzen zitzaidan nire damua onartzeko eta Jainkoak niretzat oraindik bazuela errukirik uste izateko.
Gogoeta horiekin, ez nuen bakarrik une horretako egoeran nire gogoa Jainkoaren borondatearen aurrean etsitzera bultzatu, baizik eta egoera horrengatik benetako eskerrak ematera; eta bizirik nengoenez, ez nuela nahigabetu beharrik, neure bekatuengatik merezitako zigorra jaso ez nuela ikusita; eta horrelako leku batean egonda atsegin hartzen nuela espero ez nituen horrenbeste mesederekin; ez nuela inoiz neure egoeragatik atsekabetu behar, poztu baizik, eta mirari multzo batek, eta ez beste ezerk, ekar zezakeen eguneroko ogiarengatik eskerrak eman behar nituela; kontutan izan behar nuela ia mirariz edo mirari multzo batez lortu nuela janaria, ia beleek Elias elikatu zutenekoa bezain handia; eta nekez aukeratu ahal izango nuela jendeztatu gabeko munduko lekuen artean, ni bidalia izan nintzen hura baino abantaila handiagoak zituenik; izan ere, eta alde batetik nire zoritxarrerako, jenderik ez zen bizi, baina bestetik, ez nuen pizti gosetirik, ez otso edo tigre amorraturik, nire bizitza arriskuan jar zezaketenik; ezta izaki pozoitsu edo kaltegarririk ere, haiek jan eta kalte egin liezadaketenik; ez gizaki basatirik ni hil edo irentsi nintzaketenik.
Hitz batean, nire bizitza alde batetik zoritxarrekoa bazen, bestetik errukiz betetakoa zen, eta bizimodu eroso bihurtzeko, eguneroko pozgarria nuen Jainkoak nirekiko zuen ondasuna eta ardura ulertzeko gai izatea. Eta gauza horiek behar bezala ulertu nituenean, aurrera egin nuen, eta ez nintzen berriro goibelduta egon.
Uhartean horrenbeste denbora neramanez gero, ontzitik hondartzaraino eraman nituen gauza erabilgarri asko amaitu egin zitzaizkidan, edo oso erabiliak zeuden edo ia alferrik galduak. Tinta, esan bezala, aspaldi samar agortu zitzaidan, kondar bat izan ezik, eta urarekin nahasiz iraunarazi nuen, pixkanaka-pixkanaka kolorea galdu eta paperean beltzaren arrastorik uzten ez zuen arte. Iraun zuen biatartean, gauza adierazgarriren bat gertatzen zitzaidan eguna idazteko erabili nuen. Gogoan dut, hasieran, aspaldiko garaiak gogoratzean, zenbait egunen bat etortze bitxiaz konturatu nintzela, eta, sineskeria zalea izan banintz, zoritxarreko eta zorioneko egunak nituela uste izateko, arrazoiak izango nituela gertatzen zitzaidana jakinmin handiz aztertzeko.
Lehenik eta behin, konturatu nintzen aitaren eta amaren ondotik itsasoratzeko asmoz alde egin, eta Hull-era ihes egin nuen eguna, geroago, Saleko itsaslapurrak atxilotu eta bere jopu egin ninduen egun bera zela.
Yarmouth-eko itsasarteko hondoratzetik salbatu nintzen egun berean, egin nuen geroago ihes Saletik txalupan.
Jaio nintzen egunean, alegia, irailaren 30ean, hogeita sei urte geroago mirariz salbatu nuen bizitza, uharte honetako hondartzara jaurtikia izan nintzenean. Beraz, nire bizitza gaiztoa eta nire bizitza bakartia biak egun berean hasi ziren.
Tintaren atzetik ogia amaitu zitzaidan, itsasontzitik atera nituen opilak, alegia. Ogia amaitu arte oso neurtua jan nuen, eta urtebetez egunean opil bat besterik ez nuen jan; hala ere, ia beste urtebete ogirik gabe egon nintzen neure alea lortu arte, eta arrazoi handiak nituen ale haiengatik eskerrak emateko, esan dudan bezala, ia mirariz lortu bainituen.
Arropak ere zarpailtzen hasi zitzaizkidan nabarmenki. Denboraldi bat igaro eta ehunik gabe geratu nintzen, eta marinelen kutxetan aurkitu, eta kontu handiz zaindutako alkandora kuadrodun batzuk besterik ez nituen, askotan ezin bainuen alkandora bat beste jantzirik soinean eraman; eta laguntza handia izan zen niretzat, ontziko gizonen arropen artean, ia dozena bat alkandora aurkitzea. Marinelen longain sendo batzuk ere geratu ziren, baina beroegiak ziren jantzita eramateko, eta egia bada ere eguraldia oso beroa zela eta arropa janzteko premiarik ez nuela, ezin nintzen biluzik ibili. Ez, ezta horretarako joera izan banu ere, ez nuen izan baina; izan ere, horretan pentsatze hutsak min ematen baitzidan, uhartean bakarrik egon arren.
Biluzik ez egoteko nuen arrazoia zen, nekezago eraman nezakeela eguzkiaren berotasuna biluzik egonda, jantzita egonda baino. Egia esateko askotan babak sorrarazten zizkidan azalean, aldiz, alkandora jantzita neramanean, airea zertxobait mugitzen zen haren azpian, eta bi aldiz freskoago nengoen biluzik egonda baino. Are gutxiago irten nintekeen eguzki betean txanorik edo kapelarik gabe; leku horietan eguzkiaren indarra oso handia baitzen, eta buruko mina eragingo zidan, burua zuzenean berotuta, txanorik edo kapelarik jantzi gabe, eta beraz, jasanezina zen; burua estalita edukiz gero berriz, ez zitzaidan horrelakorik gertatzen.
Hori ikusita, pentsatzen hasi nintzen arropa izena ematen nien piltzar batzuk txukuntzen hastea. Hondatuak nituen jipoi guztiak, eta orduko eginkizuna nuen longain handiekin eta beste zenbait gairekin jakak egiten saiatzea. Beraz, jostun lanean hasi nintzen, edo, hobeto esan, lardaskan, emaitzak penagarriak izan baitziren. Dena dela, lortu nuen bizpahiru jipoi berri egitea, eta luzarorako izango nituela espero nuen. Prakei edo galtza motzei zegokienean berriz, denbora pixka bat igaro arte, negargarria izan zen egin nuen lana.
Lehenago esan dut hiltzen nituen izaki guztien larrua, lau oinetakoena, alegia, makiletan zintzilik jarri eta zabaltzen nuela eguzkitan. Batzuek, gehiegi lehortu eta gogortzen zirenez gero, ezer gutxitarako balio zuten, baina beste batzuk oso erabilgarriak ziren. Larru horiekin egin nuen lehenengo gauza buruan jartzeko kapela handi bat izan zen, ilea kanpoaldetik zuena, euriari sartzen ez uzteko; eta hori horren ederki egin nuen, ezen arropa sail osoa egin bainuen modu berean; alegia, jipoia, eta belaunetan zabalik eramateko galtza motzak, biak oso lasaiak, fresko egoteko nahi bainituen eta ez beroa emateko. Ez nuke aipatu gabe utzi beharko oso baldar zeudela eginda; izan ere, arotz kaskarra baldin banintzen, jostun are kaskarragoa nintzen. Dena dela, oso ongi etorri zitzaizkidan, eta kanpora joatean, euria egiten bazuen, jipoiak eta kapelak ilea kanpoalderantz zutenez gero, ez nintzen batere bustitzen.
Ondoren denbora eta neke handiak igaro nituen eguzkitako bat egiteko. Haren premia handia nuen, eta bat egiteko erabaki tinkoa hartu nuen. Brasilen ikusi nuen nola egiten zituzten, han oso erabilgarriak baitira bero handiak egiten dituenerako; eta iruditzen zitzaidan beroa hangoa bezain handia, edo are handiagoa zela uhartean, ekinoziotik gertuago baitzegoen. Gainera, askotan kanpora joan behar izaten nuen, eta oso tresna erabilgarria nuen, bai euritarako eta baita beroa egiten zuenerako ere. Neke handiak igaro nituen hura egiten, eta denbora luzea behar izan nuen haren antzeko zerbait egin arte; are gehiago, egiteko modua asmatu nuela uste izan nuenean ere, bizpahiru alferrik galdu nituen, nire asmoarekin bat zetorrena egin arte, baina azkenean lortu nuen nire gustokoa egitea. Zailtasunik handiena hura ixteko modua aurkitzea izan nuen. Zabaldu nezakeen, baina ezin baldin banuen itxi edo tolestatu, ezingo nuen eraman, buru gainean zabalik ez bazen, eta hori ez zitzaidan egokia iruditzen. Dena dela, azkenean, esan bezala, lortu nuen ongi erantzun zuen bat egitea, eta larruz estali nuen, ilea kanporantz jarrita, eta aterbe baten eran, ez euriari eta ez eguzkiari ez zion sartzen uzten, eta hala kanpoan ibil nintekeen eguraldi beroenean, lehen eguraldi hotzean baino abantaila handiagoekin; behar ez nuenean berriz, itxi nezakeen eta besapean eraman.
Horrela eroso bizi nintzen, arima erabat baretua, Jainkoaren borondateari amore emanez, eta neure burua Goi-arduraren esku utzita. Horrek nire bizitza jendartekoa baino hobea egiten zuen, eta elkarrizketaren faltaz atsekabetzen hasten nintzenean, neure buruari galde egiten nion neure burutapenekin nituen elkarrizketak, eta zilegi izan bekit esatea, otoitzen bidez Jainkoarekin berarekin nituenak, ez ote ziren gizarteko atsegin gorenak baino hobeak.
Ezin dut esan harrezkero, bost urteetan, gauza berezirik gertatu zitzaidanik. Lehengo modu berean, lehengo jarrera eta leku berean bizi nintzen. Eskuartean nituen eginkizun nagusiak, urteroko garagarra eta arroza ereiteaz, eta mahats-mordoak lehortzen uzteaz gainera, eta bietatik aldez aurretik urte osorako adina izaten nuen beti; esan bezala, urteroko lan horietaz gainera, eta eskopeta hartu eta eguneroko irteeraz gainera, banuen eginkizun bat: kanoa bat egitea. Hori ere azkenean amaitu nuen, eta sei oin zabal eta lau oin sakon zituen ubide bat zulatu ondoren, errekaraino milia erdia hurbiltzea lortu nuen. Lehenengo txalupa izugarri handia egin nuen, aldez aurretik nola botako nuen uretara kontutan hartu gabe, bidezkoa zenaren kontra. Beraz, ez nintzen gai izan txalupa uretaraino eramateko edo ura txaluparaino iristarazteko, eta zegoen lekuan utzi behar izan nuen, hurrengoan zuhurragoa izan behar nuela irakasteko oroigarri gisa. Izan ere, hurrengoan, zuhaitz egokirik aurkitu ez nuen arren, eta ura, esan bezala, milia erdi baino hurbilago ezin iristarazi nezakeen lekuan egon arren, ez nuen amore eman, nola edo hala egin nezakeela ikusita; eta ia bi urte neramatzan arren, ez nuen lana hasieran baino zabarrago egin, azkenean itsasoratzeko txalupa bat izateko itxaropenez.
Hala ere, nire piragua txikia amaitu nuen arren, haren neurriak ez zetozen bat lehenengo txalupa egitean buruan nituen asmoekin; hau da, harekin berrogei miliako tartera zegoen lehorrera iristeko abiatzea. Horregatik, txalupa txikiegia zela ikusita, amore eman nuen asmo horretan, eta burutik behin betirako baztertu nuen. Baina txalupa izan, banuenez gero, nire hurrengo asmoa zen uharteari bira emateko bidaldia egitea; izan ere, uhartearen beste aldeko leku batean egona nintzen, esan dudan bezala, mendiz joanda, eta ibilaldi txiki horretan egin nituen aurkikuntzek gogoa piztu zidaten itsasaldeko beste leku batzuk ikusteko, eta orduan txalupa nuenez gero, uhartearen inguruan ibiltzea beste gauzarik ez nuen buruan.
Helburu horretarako, eta gauzak zentzuz eta arduraz egiteko, masta txiki bat jarri nion txalupari, eta haize-oihal bat egin nion pila handian gordeta nituen itsasontziko oihal puska batzuekin, asko bainituen.
Masta eta bela egokitu nituenean, txaluparekin ahalegin bat egin nuen, eta ikusi nuen oso ondo zebilela uretan. Gero armairu edo kaxa batzuk egin nizkion bi muturretan, hornigaiak, premiazko gauzak, munizioa, eta abar, barruan gorde eta, euriak edo itsasoko uraren zipriztinek ez bustitzeko; gero, zulo luze bat moztu nuen txalupa barruan eta gainean tapa bat jarri nion ez bustitzeko.
Gainera euritakoa txopako zurezko maila batean lotu nuen, masta balitz bezala, buru gainean izateko, eta eguzkiaren beroaren kontra babesteko, itzal-oihal baten antzera. Horrela noizean behin itsasaldi txikiak egiten nituen, baina ez nintzen inoiz uhartetik asko urrutiratzen, ezta errekatik ere. Baina azkenean, nire erreinu txikiko ingurua ikusteko irrikaz, bidaldi luzeagoa egitea erabaki nuen, eta horretarako ontzia janariz hornitu nuen. Hartu nituen bi dozena garagar-opil (opiltxo esan beharko nuke zehatzagoa izateko), buztin ontzi bat bete arroz lehor, askotan jaten bainuen, ron botila txiki bat, ahuntz erdia eta sutautsa eta munizioa ahuntz gehiago hiltzeko, eta, lehen esan dudan bezala, marinelen kutxetatik atera nituenetako bi longain handi, bata azpian jartzeko eta bestea gauean neure burua estaltzeko.
Azaroaren 6an, nire erreinaldiaren, edo nire gatibualdiaren, nahi duzun bezala, seigarren urtean, uste nuena baino luzeagoa egingo zitzaidan itsasaldia egiteko asmoz abiatu nintzen. Izan ere, uhartea oso handia ez izan arren, ekialdera iritsi nintzenean, itsasoan barrena bi legoatara baino urrunago iristen zen harkaitz sail handi bat aurkitu nuen, harkaitz batzuk ur gainean eta besteak azpian zituena, eta harantzago legoa erdi baino gehiago hartzen zuen hondar pila lehor bat; beraz, itsasoan barrena joatera behartua nengoen lurmuturrari bira emateko.
Harkaitzak ikusi nituenean, eginkizuna bertan behera utzi eta itzultzeko zorian egon nintzen, ez bainekien itsasoan barrena noraino joan beharko nuen, eta, batez ere, zalantza egiten nuelako itzultzerik izango nuen, beraz aingura bota nuen; izan ere, aingura moduko bat egin bainuen ontzitik ateratako arpoi apurtu baten zatiarekin.
Txalupa finkatu ondoren, eskopeta hartu eta itsasbazterrera abiatu nintzen. Haitz lekua ikusmenean izango zuen muino baten gainera igo nintzen, eta handik lur zabalera osoa ikusi ondoren, aurrera egitea erabaki nuen.
Baina zutik jarri eta muino horretatik itsasoa ikusi nuenean, ekialderantz zihoan ur-laster indartsu eta oso zakar bat antzeman nuen, ia lurmuturreraino iristen zena. Arreta handiz begiratu nuen, arriskua egon zitekeelako han, bertara hurbildu eta haren indarrak itsasoan barrena bultza nintzakeelako, eta berriro uhartera itzultzen ez utzi. Eta benetan uste dut muino horretara igo ez banintz horixe gertatuko zela, uhartearen beste aldean ur-laster berbera baitzegoen; hori bai, bestea baino urrutixeago. Gainera zurrunbilo sendo bat ikusi nuen ur azpian, eta beraz, lehenengo ur-lasterrari ihes egiten banion, zurrunbiloan amaituko nuen.
Halere, bi egun eman nituen han, haizeak zakar samar jotzen baitzuen eki-hego-ekialdetik, aipatutako itsas-lasterraren kontrako zentzuan, lurmuturrean itsas-hautsi galanta sorraraziz, beraz ez zen niretzat oso gauza ziurra uhin handi haiek zirela eta, itsasbazterretik oso hurbil ibiltzea, ezta urrunegi joatea ere ur-lasterra zela eta.
Hirugarren goizean, haizea gauean zehar baretu zenez gero, itsasoan gozaldia zen eta ausartu nintzen. Baina eredu izan nadila berriro ere pilotu ausartegi eta ezjakinentzat; izan ere, lurmuturrera iritsi bezain laster, itsasbazterretik nire txaluparen luzera baino tarte handiagoa egin ez nuela, sakonune handi batean egokitu nintzen, eta errotaren hegalak ziruditen ur-laster batean. Txalupa indar handiz eraman zuen, eta nekez eusten nion itsas-lasterraren ertzean, baina konturatzen nintzen gero eta urrunago bidaltzen ninduela nire ezkerretan zegoen ur zurrunbilotik kanpora. Niri laguntzeko haizerik ez zebilen, eta arraunekin egin nezakeena hutsa zen. Orduan etsitzen hasi nintzen, ur-lasterrak uhartearen bi aldeetan zeudenez gero, banekien handik legoa batzuetara berriro elkartuko zirela, eta orduan ezingo nuela inolaz ere itzuli. Ez nuen hari ihes egiteko aukerarik ikusten, beraz ez nuen hiltzea beste irtenbiderik, ez itsasoaren eraginez, orduan bare samar baitzegoen, goseak baizik. Itsasertzean dortoka bat aurkitu nuen, eta ia ezin altxa nezakeen, pisu handikoa baitzen, baina lortu nuen txalupa barrura botatzea. Banuen baita ere ur freskoa pitxer batean, hobeto esanda, buztinez egindako ontzietako batean; baina zer zen hori guztia ozeano zabalean egonez gero?, han ez baitzegoen ez itsasertzerik, ez kontinenterik, ez uharterik, gutxienez mila legoatako tartean.
Orduan garbi ikusi nuen zer erraza zen Jainkoaren ardurarentzat egoera tamalgarrienean zegoen gizakia okerragora eramatea. Eta orduan atzera begiratu nuen nire uharte bakarti eta goibelera, munduko lekurik atseginena balitz bezala, eta nire bihotzak izan zezakeen poz bakarra berriro han egotea zen. Eskuak luzatu nituen gogo biziz:
— Oi basamortu zoriontsua —esan nuen—, ezingo zaitut berriz ikusi! Oi zoritxarreko gizakia, nora noa?
Gero neure buruari aurpegi eman nion esker txarreko jarrera izan nuelako, eta bakarrik egoteagatik negar egin nuelako; eta orduan nuena eta ez nuena emango nukeen berriro lehorrean egoteagatik. Horrela baita, ez dugu jakiten nolakoa den benetan gure egoera, egoera okerragoek ikusarazten ez diguten arte; ez dugu atsegin duguna aintzat hartzen, hura joaten zaigun arte. Zaila da inork ulertzea nire larritasuna, nire uharte maitagarritik ia bi miliara bidalia (hori iruditzen baitzitzaidan orduan), amaierarik gabeko ozeanoan barrena, eta berriro itzultzeko etsiak hartuta. Dena dela, gogor saiatu nintzen, ia indargabetu arte, txalupa ahal izan nuen neurrian iparralderantz gidatzen, alegia, zurrunbiloa zuen ur-lasterren alborantz, harik eta eguerdian, eguzkiak meridianoa igaro zuenean, hego-hego-ekialdetik jotzen zuen haizekirri leuna aurpegian sumatu nuen arte. Horrek bihotza poztu zidan pixka bat, orduerdi geroago itsas-haize leun samar bihurtu zenean batez ere. Ordurako uhartetik tarte ikaragarrira nengoen, eta eguraldi hodeitsua edo lainotsua izan balitz, beste egoera batean egongo nintzateke, ez bainuen txalupan ipar-orratzik, eta ez nuen inoiz asmatuko nora jo uhartea ikusmenetik galdu izan banu. Baina eguraldiak argi iraun zuen, eta masta jaso eta haize-oihala zabaltzen ahalegindu nintzen, ahal nuen gehiena iparralderantz gidatzen, ur-lasterretik irteteko.
Masta eta haize-oihala jarri bezain laster, eta txalupa uretan mugitzen hasi zenean, uraren gardentasunak ur-lasterraren aldaketa hurbil zegoela ohartarazi zidan; izan ere, ur-lasterra indartsua zen lekuan ura arrea baitzen, baina ur gardena ikusten nuenez gero, ur-lasterra baretu zela konturatu nintzen. Eta milia erdi edo ekialderantz, itsas-hautsia ikusi nuen harkaitz batzuen gainean. Harkaitz horiek itsas-lasterra berriro erdibitzen zuten, eta ur tira indartsuenak hegoalderantz egiten zuen bidea, harkaitzak ipar-ekialdean utzita, eta besteak berriz, harkaitzen kontra jo, eta atzera egiten zuen, ur zurrunbilo ikaragarria sorraraziz, eta berriro ipar-mendebalera itzultzen zen, ur tira bizian.
Urkamendiko eskailera igo eta barkamena azken unean iristea zer den dakitenek, lapurren eskuetatik heriotzako orduan salbatzea lortzen dutenek, edo antzeko egoera muturrekoren batean egon direnek, agian uler dezakete nolako poza hartu nuen txalupa zurrunbilo horren barrura gidatu nuenean; eta haizearen hozkirriak lagunduta, haizeak bultzata joateko, haize-oihala zabaldu nuenean, ontzipean ur tira indartsua edo ur zurrunbiloa nuela.
Zurunbilo horrek legoa bat inguru eraman ninduen atzera, zuzenean uharterantz, baina ur-lasterrak hasieran eraman ninduena baino bi legoa inguru gehiago iparralderantz. Beraz, uhartera hurbildu nintzenean haren iparraldeko itsasaldean nengoen, alegia, uhartearen beste muturrean, abiatu nintzenaren kontrakoan.
Legoa bat baino zerbait gehiago egin nuenean, ur-laster edo zurrunbiloaren laguntzaz, konturatu nintzen agortua zegoela, eta ez zidala lagunduko handik aurrera. Dena dela, bi ur-laster horien artean nengoela, hau da, hegoaldekoa, urrunarazi ninduena, eta iparraldekoa, beste aldean ia legoa bateko tartera zegoena; berriro diot, uhartearen atzean bi ur-laster horien artean ikusi nuen ura geldirik zegoela, eta ez zela ez alde batera ez bestera mugitzen, eta haize-kirria alde nuenez gero, uharterantz zuzen eutsi nion norabideari, lehenago bezain bide arina egin ez nuen arren.
Arratsaldeko laurak inguru zirenean, uhartetik legoa batera nengoela, hondamena eragin zuten lurmuturreko harkaitzak ikusi nituen, lehen esan dudan bezala, hegoaldean; eta harkaitzek ur-lasterra hegoalderantz bidaltzen zutenez gero, beste zurrunbiloa sortzen zuten iparraldean, eta oso indartsua zela iruditu zitzaidan, baina ez zegoen nire bidean, mendebalean, alegia, ia erabat iparraldean baizik. Dena dela, haizealdi arin bati esker, zurrunbiloa zeharkatu nuen iparretik-mendebalera, eta handik ordubetera itsasertzetik milia batera edo hurbildu nintzen, eta han itsasoa bare zegoenez gero, berehala lehorreratu nintzen.
Itsasbazterrera iritsi nintzenean, belaunikatu eta Jainkoari eskerrak eman nizkion salbatu ninduelako, eta txalupan ihes egiteko asmoak erabat baztertu nituen. Bidaldirako hartu nituen janari-edariekin indarberritu ondoren, txalupa itsasertzera hurbildu nuen, zuhaitz batzuen azpian antzeman nuen itsasarte txiki batera, eta lotarako etzan nintzen, leher eginik bainengoen bidaldiaren lan eta nekeen ondorioz.
Galduta nengoen eta ez nekien itsasoz etxera nola itzuli. Arrisku handiak bizi izan nituen, eta oso ongi ezagutzen nuen egoera, lehengo bide beretik berriro saiatzea pentsatzeko. Ez nekien gainera zer egon zitekeen beste aldean (mendebalekoan esan nahi dut), eta ez nuen arrisku gehiagotan ibiltzeko asmorik. Beraz erabaki nuen goizean itsasbazterretik urrundu gabe mendebalerantz bidea egitea, eta errekaren bat aurkitzen ote nuen ikustea nire ontzi arina ezkutuan uzteko, eta behar nuenean berriro hartzeko. Itsasertzetik gertu hiru milia edo antzeko zerbait aurrera egin nituenean, milia bat inguruko sakonera zuen itsasarte edo badia bikain batera iritsi nintzen, ur-laster txiki edo errekatxo bihurtu arte estutuz zihoana. Han oso kai egokia aurkitu nuen txaluparentzat, eta berariaz harentzat jarritako aingura-leku txiki bat zirudien. Han gelditu nintzen, eta txalupa tinko lotu ondoren, lehorrera abiatu nintzen ingurua aztertzeko eta non nengoen ikusteko.
Berehala konturatu nintzen itsasalde horretara oinez joan nintzenean egondako lekutik ez nengoela oso urrun. Beraz txalupatik eskopeta eta euritakoa besterik hartu gabe, oso bero baitzegoen, ibilaldiari ekin nion. Bidea erraza iruditu zitzaidan aurreko bidaldiaren ondoren, eta iluntzerako itzalpe zaharrera iritsi nintzen. Han dena utzi nuen bezala aurkitu nuen; beti txukun uzten bainuen, lehen esan bezala, mendiko etxea bainuen hura.
Hesia igo eta itzalean etzan nintzen gorputzari atsedena emateko, neka-neka eginda bainengoen, eta lo hartu nuen. Pentsa ezazu, ahal baduzu, nire istorioa irakurtzen ari zaren hori, nolako ezustea izango nuen loalditik nire izena zenbait aldiz errepikatu zuen ahots batek honela esnarazi ninduenean: «Robin, Robin, Robin Crusoe, Robin Crusoe gizajoa! Non zaude Robin Crusoe? Non zaude? Non izan zara?»
Hasieran lozorroan nengoen, leher eginda egunaren lehenengo zatian arraun egiten edo arrabatzen, hala esaten diote, aritu bainintzen, eta ez nintzen erabat esnatu; eta erdi lo erdi esnatua nengoela, iruditu zitzaidan ametsetan norbait hizketan ari zitzaidala. Baina ahotsak «Robin Crusoe, Robin Crusoe» errepikatzen aurrera egin zuen, eta azkenean hobeto esnatu nintzen. Hasieran beldurrak airean egon nintzen eta erabat goibelduta zutitu nintzen, baina begiak ireki bezain laster Poll eserita ikusi nuen hesiaren gainean, eta berehala konturatu nintzen hark hitz egiten zidala; nik hitz egin ohi nion hizkera negarti berberan, nik irakatsi eta hark horren ongi ikasi zuena, eta nire hatz gainean jarri eta mokoa nire aurpegira hurbilduz, esan zuen oihuka: «Robin Crusoe gizajoa! Non zaude? Non izan zara? Nola iritsi zara hona?» eta nik irakatsi nizkion beste zenbait gauza.
Dena dela, papagaia izan zela jakinda ere, eta beste inor ezin zitekeela izan, denbora pixka bat behar izan nuen neure onera etortzeko. Hasieran harri eta zur nengoen ez nekielako animalia nola iritsi zen leku horretara, eta zergatik geratu zen han eta ez zen beste leku batera joan. Baina Poll zintzoa beste inor ezin zitekeela izan jakitean lasaitu nintzen eta horretan utzi nuen. Orduan eskua luzatu nion, eta Polli bere izenez deitu ondoren, izaki lagunzalea niregana etorri eta hatz lodiaren gainean jarri zitzaidan, lehen egiten zuen bezala, eta aurrera egin zuen «Robin Crusoe gizajoa!» esaten, eta non izan nintzen eta nola iritsi nintzen, eta abar galdezka, ni berriro ikusteagatik pozik balego bezala; eta hartu eta etxera eraman nuen.
Nahikoa nuen itsasoan han-hemenka ibiltzeaz tarte baterako, eta nahikoa nuen zenbait egunetarako lasai eseri, eta bizi izandako arriskuan pentsatzearekin. Pozik egongo nintzateke txalupa uhartearen beste aldean berriz izango banu, baina ez nekien nola eraman. Ezagutzera joan nintzen uhartearen ekialdeko alderdiari zegokionean, banekien ezin nuela berriz joaten saiatu, izan ere bihotza uzkurtu eta odola izoztu egiten baitzitzaidan pentsatze hutsarekin. Eta ez nekien nolakoa izango zen uhartearen beste aldea, baina ur-lasterrak itsasbazterraren kontra ekialdean bezain indartsu jotzen bazuen, urak eramama eta uhartetik urrundua izateko lehen izandako arrisku bera nuen. Beraz, gogoeta horiek buruan nituela, poztu egin nintzen txaluparik ez izateagatik, hura egiteko hilabete askotako lana beharrezkoa izan banuen ere, eta are gehiago hura itsasoratzea lortzeko.
Ia urtebete eman nuen egoera horretan, bizitza oso lasaia eta bakartia neramala, pentsa dezakezun bezala. Nire gogoetak egoerarekin bat zetozenez gero, eta Goi-arduraren borondatearen aurrean etsita egoteagatik sendotua nengoenez gero, uste dut oso pozik bizi nintzela oro har, lagunarteari zegokion gaian izan ezik.
Garai horretan beharrak eskuartean jarritako iharduera mekaniko guztietan aurrerapenak egin nituen, eta uste dut zenbaitetan arotz oso ona ere izan nintzela, kontutan hartzen baditugu nituen tresna apurrak. Gainera buztingintzan, espero ez nuen arren, maila bikainera iritsi nintzen, tornuaz baliatuta lan egiten asmatu bainuen. Horrek lana erraztu eta hobetu zidan, eta lehen trakets samarrak ziren ontziak, biribilak eta itxura egokikoak egitea lortu nuen. Baina uste dut inoiz ez nintzela nire lanarengatik harroago egon, eta asmatu nuen edozer gauzarekin baino alaiago, pipa bat egiteko gai izan nintzenean baino. Amaitu nuenean oso itsusia eta baldarra bazen ere, eta, gainerako ontziak bezala, buztin gorria errez egina, gogorra eta sendoa zenez, eta kea ongi ateratzen zuenez gero, oso gustora geratu nintzen; izan ere, erretzeko oihutura izan bainuen, eta itsasontzian pipak zeuden arren, hasieran han utzi nituen, uhartean tabakorik izango ez zelakoan, eta gero, itsasontzia berriz miatu nuenean, ez nuen bat ere aurkitu.
Saskigintzan ere hobekuntzak egin nituen, eta saski erabilgarri ugari egin nituen, nire irudimenak erakutsi bezala, eta oso dotoreak ez ziren arren, oso erabilgarriak eta aproposak ziren gauzak txukun gordetzeko edo etxeratzeko. Adibidez, mendian ahuntz bat hiltzen banuen, zuhaitz batean zintzilikatu, larrutu, garbitu eta zatitu ondoren etxera eramaten nuen saskian. Gauza bera egiten nuen dortokekin: moztu, arrautzak atera eta haragi zati bat edo beste, nik behar nuen adinakoa, etxera eramaten nuen saskian, eta gainerakoa han uzten nuen. Bestalde, saski handiak eta sakonak alea gordetzeko erabiltzen nituen, laboreak lehortu eta ondu bezain laster aletu egiten bainituen, eta gero saskietan sartu.
Orduan konturatu nintzen sutautsa nabarmenki urritzen hasi zitzaidala, eta horrek ez zuen konponbiderik, eta benetan aztertzen hasi nintzen zer egingo nuen sutautsa amaitzean, alegia, nola hilko nituen ahuntzak. Esan bezala, uhartean egin nuen hirugarren urtean antxume bat hazi nuen, eta etxean hezi, aker bat harrapatzeko itxaropenaz. Baina antxumea ahuntz zahar egin arte, ez zen horrelakorik gertatu, eta orduan ez nuen hiltzeko adorerik izan, eta azkenean, zahartuta, berez akabatu zen.
Baina nire egonaldiaren hamaikagarren urtean nengoela, eta, esan bezala, munizioa urritzen hasita, ahuntzak harrapatzeko edo sarean erorarazteko trikimailuren bat aztertzeari ekin nion, bat edo beste bizirik atxikitzeko, eta bereziki, ahuntz emeren bat bere antxume eta guzti.
Hori lortzeko sareak egin nituen, eta uste dut behin baino gehiagotan han geratu zirela harrapatuta, baina nire tresneria txarra zenez gero, burdin-haririk ez bainuen, sarea beti puskatua aurkitzen nuen eta beita irentsia. Azkenean animaliak harrapatzeko lurrean zulo bat egitea erabaki nuen. Horretarako zenbait zulo egin nituen ahuntzak jatera joaten zirela ikusi nuen zenbait lekutan, eta zuloen gainean nik egindako hesi batzuk jarri nituen, gainean zama handi bat zutela. Zenbaitetan garagar eta arroz buru lehorrak jarri nituen, zuloa egin gabe, eta erraz ikusi nuen, aztarnei begiratuta, ahuntzak han sartu zirela, eta aleak jan zituztela. Azkenean, hiru zulo prestatu nituen gau batean, eta goizean itzuli nintzenean, ukitu gabe aurkitu nituen, eta beita jana eta desagertua. Horrek izugarri bihozgabetu ninduen. Dena dela, zuloak beste era batera prestatu nituen, eta xehetasunak emanez inor ez aspertzeko, esango dut, goiz batean zuloak ikustera joan nintzenean, azkenean batean aker bat aurkitu nuela, eta bestean hiru antxume, ar bat eta bi eme.
Akerrarekin ez nekien zer egin, oso basatia baitzen eta ez bainintzen zulora jaistera ausartzen, hau da, handik animalia bizirik ateratzeko, hori baitzen, hain zuzen ere, nahi nuena. Hil nezakeen, baina ez zen hori nire egitekoa, eta horrela ez nuen lortuko nahi nuena; beraz, ateratzen utzi nion eta ihes egin zuen, beldurrak bere onetik atera balu bezala. Baina orduan ez nuen gogoan gero ikasiko nuena, alegia, goseak lehoi bat ere etxekotu dezakeela. Hiruzpalau egunetan janaririk eman gabe han utzi izan banu, eta gero ur pixka bat eta ale batzuk eman banizkio, antxumeak bezain mendekoa izango nuen, oso animalia sotilak eta moldaerrazak baitira, ongi erabiltzen badira.
Dena dela, alde egiten utzi nion, ez bainuen gauza hoberik asmatu une horretan. Gero hiru antxumeengana jo nuen, eta banan banan hartu eta sokaz lotu nituen hirurak, eta nekez baina etxeratu nituen guztiak.
Denboraldi luze samarrean ez zuten ezer jan, baina bota nizkien ale gozo batzuek zirikatu zituzten, eta etxekotzen hasi ziren. Orduan konturatu nintzen, ahuntz haragia jan nahi banuen, sutautsa eta munizioa amiatu ondoren, bide bakarra ahuntz batzuk heztea nuela, eta beharbada etxe inguruan izan beharko nituela artalde bat balira bezala.
Baina gero bururatu zitzaidan ahuntz heziak eta basatiak bereizi egin beharko nituela, edo bestela, hazitakoan denak basati bihurtuko zirela, eta hori ez gertatzeko bide bakarra lur-eremu itxi bat prestatzea zen, eta sasisko edo zurezko itxitura bat jartzea, barruan zeudenak han geratzeko eta kanpora ez irteteko, eta kanpoan zeudenak barrura ez sartzeko.
Hori eginkizun handiegia zen bi eskurentzat, baina ikusi nuen ezinbestekoa zela. Horretarako lehenengo lana nuen lur-eremu egokia aurkitzea, alegia, jateko belarra, edateko ura eta eguzkitik babesteko itzala izango zuena.
Hesi mota horiek ezagutzen dituztenek pentsa dezakete, ez nuela buru argirik izan horretarako leku egoki gisa lautada bateko belar soro bat edo sabana (gure herritarrek mendebaleko kolonietan deitzen dioten bezala) aukeratu nuenean, bizpahiru ur xirripa eta bazter batean zuhaitz ugari zituena. Esan bezala, barre egingo liokete nire asmoari, esango banie lur-eremu horren itxiturak gutxienez bi milia inguruko hesia edo zuresia eskatzen zuela. Eromena ez zen lurraldearen eremua hamar milia ingurukoa izatea, denbora nahikoa izango bainuen itxitura egiteko, ahuntzak eremu handi horretan uharte osoan bizi izan balira bezain basatiak izango zirela kontutan ez hartzea baizik, eta ahuntzen atzetik ibiltzeko leku handiegia izango nuela eta ezingo nituela harrapatu.
Hesia hasita nuen eta aurreratua, uste dut berrogeita hamar iarda ingururaino edo, gogoeta hori burura etorri zitzaidanean. Beraz, berehala eten nuen lana, eta hasteko, luzeran 150 iarda inguru eta zabaleran 100 zituen lur-eremu bat ixtea erabaki nuen, zentzuzko denbora epean bil nitzakeen ahuntzak gordetzeko, eta ahuntz taldea handitu ahala, lur gehiago erants niezaiokeen itxiturari. Horrek zuhurtziaz jokatzea esan nahi zuen, eta lanean hasi nintzen adorez. Hiru hilabete inguru eman nituen lehenengo zatia ixten, eta amaitu bitartean, hiru antxumeak lekurik egokienean lotu nituen, eta niregandik ahal nuen gertuena uzten nien jaten, nirekin egotera ohitu zitezen. Askotan garagar buru batzuk eta arroz eskukada bat eramaten nien, eta eskutik ematen nien jaten. Horrela itxitura amaitu eta aske utzi nituenean, gora eta behera etortzen zitzaizkidan atzetik, eskukada bat ale eskatuz beheka.
Helburua lortua nuen, eta urte eta erdi igaro zenerako, hamabiko ahuntz taldea nuen, antxumeak eta guzti; eta hiru urte geroago berrogeita hiru nituen, jateko hartu eta hil nituen zenbait alde batera utzita. Gero beste bost lur-eremu itxi nituen animaliei jaten emateko, eta ahuntzak sartzeko esparru txikiagoak egin nituen, baten bat behar nuenean handik hartu eta eramateko, eta ate eta guzti jarri nien itxitura batetik bestera igarotzeko.
Baina hori ez zen guztia. Jateko behar nuen ahuntz haragiaz gainera, esnea ere banuen. Hasieran ez zitzaidan horrelakorik burutik pasa, baina horretan pentsatzean, benetan ezusteko atsegina izan nuen. Orduan esnetegia antolatu nuen, eta gutxi gorabehera galoi bat edo bi esne biltzen nituen egunean. Eta Izadiak, izaki guztiak janariz hornitzen dituenak, senez erakusten die horiez nola baliatu, eta horrela, nik, behi bat inoiz jetzi ez nuen arren, are gutxiago ahuntz bat, edo gurina edo gazta inoiz egin ez banuen ere, bizkor eta trebe, saio eta hutsegite askoren ondoren, biak gurina eta gazta egin nituen, eta handik aurrera ez nituen inoiz faltan izan.
Bai errukiorra dela gure Sortzaile handia Berak sortutako izakiekin, baita hondamenean itota diruditen egoeretan ere! Nola goza ditzake egoera saminenak eta nola eman diezaiguke ziega eta espetxeetatik Hura goresteko arrazoirik! Nolako mahaia nuen aurrean prest basamortuaren erdian, lehorreratu nintzenean goseak hiltzea besterik espero ez nuen lekuan!
Pairakorrenak ere barre egingo luke norbaitek ni eta nire familia urria bazkaltzen eserita ikusita. Han nengoen ni, jaun gorena, uharte osoaren printze eta nagusi; mendeko guztien bizitzak erabat neure esanetara nituela. Lepotik zintzilikatu nitzakeen, esteak atera, askatasuna eman eta kendu; eta ez zegoen matxinaturik haien artean.
Gainera ikus zitekeen errege baten tankeran bazkaltzen nuela, bakarrik eta zerbitzariak ondoan nituela. Poll zen, nire begikoena balitz bezala, nirekin hitz egiteko baimena zuen bakarra. Zakurra, zahartua eta makaldua ordurako, eta ugaltzeko bere gisako animaliarik aurkitu gabe, beti nire eskuinetara esertzen zen; eta bi katuak, bata mahaiaren alde batean eta bestea bestean, nire eskutik mokaduren bat noiz emango nien zain, mesede berezi baten adierazgarri.
Baina horiek ez ziren uhartera iritsi nintzenean eraman nituen bi katuak. Biak hilik zeuden, eta neuk lurperatu nituen neure bizilekutik gertu. Baina bietako bat ugaldu egin zen ez dakit zein motatako izakiren batekin, eta horiek etxean hezitako ume sail horretako bi ziren. Besteak, berriz, basora ihes egin eta basati bizi ziren; baina azkenean arazoak ekarri zizkidaten, askotan etortzen baitzitzaizkidan etxera harrapakeriak egitera, eta azkenean tiro eman behar izan nien, eta mordoa hil; harrezkero betiko alde egin zuten. Beraz, lagunarte horretan eta ugaritasunean bizi nintzen; esan dezaket ez zitzaidala ezer falta, lagunartea izan ezik, eta horretaz handik pixka batera, uste dut gehiegi ere izan nuela.
Irrikan nengoen, esan dudan bezala, txalupa erabiltzeko, arrisku gehiagotan ibiltzeko bat ere gogorik ez izan arren. Horregatik batzuetan uhartea inguratuz txalupa nola ekar nezakeen pentsatzen aritzen nintzen, eta beste batzuetan hura ez nuelako etsita eta lasai samar egoten nintzen. Baina banuen barruan ezinegon bitxi bat; esan dudan bezala, nire azken bidaldian, uhartearen itsasbazterra eta inguruko ur-lasterrak ikusteko, eta zer egin nezakeen erabakitzeko, behin igo nintzen mendi tontorrera berriro igotzea. Tentaldia egunetik egunera handiagoa egin zitzaidan, eta azkenean bidaia lehorretik egitea erabaki nuen, itsasertzari jarraituz. Hala egin nuen. Bestalde Ingalaterran ni bezalako gizon bat ikusiko lukeen edonor, ikaratu egingo litzateke edo bestela barre algara galantak egingo lituzke; eta neure buruari askotan erreparatzen nionez gero, ezin nuen irribarre besterik egin, halako tresneria eta halako jantziak neramatzala, Yorkshire-n barrena ibilaldi bat egitea pentsatzean. Ikus ezazu ondoren nire irudiaren gutxi gorabeherako azalpen bat:
Itxura zehatzik gabeko kapela handi bat neraman, ahuntz larruz egina, eta atzetik zintzilikario bat zuena, burua eguzkitik babesteko eta euriari lepotik behera sartzen ez uzteko, ezerk ez baitzuen horrelako eguraldia egiten zuen lekuetan baino kalte handiagorik egiten euriak, arroparen azpitik sartuta, haragia bustitzean baino.
Ahuntz larruzko jaka motz bat nuen, gona gutxi gorabehera iztarren erdiraino iristen zitzaiona, eta era berean egindako galtza motzak, belaunetan zaba-zabal nituenak. Galtza motzak aker zahar baten larruz eginak ziren, eta ilea zintzilik zuten bi aldeetan, eta ia galtza luzeak balira bezala, zango-sagar erdiraino iristen zitzaizkidan. Ez nuen ez galtzerdirik eta ez oinetakorik, baina boten antzeko gauza bitxi batzuk egin nituen, zein izen eman asmatzen ez badut ere, zangoen gainean jartzekoak, eta bi aldeetan lotzen zirenak, azpantarrak bezala, baina itxura erabat basatia zutenak, nire gainerako jantziek bezala.
Ahuntz larru onduz egindako gerriko zabal bat nuen, uhalak bezala lotu ordez, bi larruzko xingolez lotzen nuena, eta gerrikoaren bi aldeetan, txirrindola moduko batean, ezpata eta sastakaia eraman beharrean, zerra txiki bat eta aizkora neramatzan zintzilik, bata alde batean eta bestea bestean. Banuen beste gerriko bat, ez horren zabala, era berean lotua neramana, sorbalditk behera zintzilikatua, eta beheko muturrean, ezkerreko besoaren azpian, bi zorro zeuzkana, biak ahuntz larruzkoak, eta batean sutautsa eta bestean munizioa gordetzen nuen. Bizkarrean otar bat neraman, bizkar gainean eskopeta, eta buru gainean ahuntz larruzko euritako handi itsusi eta baldar bat, baina, edozein modutara ere, hura gauzarik premiazkoena nuen, eskopetaren ondoren. Eta nire aurpegiari zegokionean, kolorea beltzen tankerakoa zuen, hartaz gehiegi arduratu ez eta ekuatoretik hemeretzi gradutara bizi den gizon batek izango lukeena bezalakoa. Bizarra behin luzatzen utzi nuen, iarda laurden bat edo, baina bai guraizeak eta bai bizarra mozteko labanak nahikoak nituenez gero, motz-motza jarri nuen, goiko ezpainaren gainean hazten zena izan ezik, eta hura mahometar tankerako bibote handi baten eran moztua nuen, Salen turkiar batzuei ikusi niena bezalakoa, mairuek ez baitzeramaten horrelakorik, baina turkiarrek berriz bai. Bibote edo mostatxo horri buruz, ez nuke esango nire kapela handik zintzilikatzeko bezain luzea zenik, baina itxura eta luzera ikaragarria zuen, eta Ingalaterran beldurgarritzat hartuko lukete.
Hori guztia bidenabar esan dut, izan ere, nire itxurari begiratzeko jende gutxi baitzegoen, eta ez baitzuen inolako ondoriorik; beraz ez naiz gehiago luzatuko. Itxura horrekin egin nuen bidaldi berria, eta bospasei egun eman nituen etxetik kanpo. Lehenik eta behin, itsasbazterretik egin nuen bidaldia, zuzen zuzenean txalupa lehenengo aldiz ainguratu nuen lekuraino, gero harkaitzetan gora igotzeko. Baina orduan kezkatzeko txaluparik ez nuenez gero, lehorretik egin nuen aurrera, eta bide motzenetik lehengo mendi tontor bereraino igo nintzen, eta handik uhartetik irteten ziren haitzak ikusi nituen, txalupaz inguratu behar izan nituenak, lehen esan bezala; eta harri eta zur geratu nintzen itsasoa bare eta leun ikusi nuenean, ez kizkurrik, ez mugimendurik, ez ur-lasterrik ez zegoela, ez behintzat beste edozein lekutan baino handiagorik.
Ezin nuen ulertu, eta tarte batean han geratzea erabaki nuen, itsasoaren joan-etorriaz kanpo, hori eragin zuen beste ezer ba ote zen aztertzeko. Berehala ohartu nintzen han gertatu zenaz; hau da, mendebaletik zetorren itsasbeherak, itsasbazterretik zetorren ibai handiren baten ur biziekin bat egitean, sortzen ziren ur-laster horiek, eta haizeak nondik jotzen zuen mendebaletik edo hegoaldetik, ur-lasterra hurbildu edo urrundu egiten zen itsasbazterretik. Gaua arte zain geratu eta berriro igo nintzen harkaitzera, eta itsasbehera izan zenean, berriro ere argi eta garbi ikusi nuen ur-lasterra, urrunxeago ordea, itsasbazterretik ia legoa erdira. Niri egokitutakoak berriz, itsasbazterretik gertuago zegoenez gero, kanoa eta guzti eraman ninduen, baina beste itsasaldia izan balitz, ez zen halakorik gertatuko.
Azterketa horrek garbi erakutsi zidan itsasgorak eta itsasbeherak kontutan hartzen banituen, uhartea inguratuz erraz eraman ahal izango nuela handik txalupa. Baina hori egitea pentsatzen hasi nintzenean, arima izutu zitzaidan, bizi izandako arriskuak gogoratzean, eta ezin izan nuen handik aurrera horretan patxadaz pentsatu; aldiz, bestelako erabakia hartu nuen, ziurragoa, baina baita neketsuagoa ere, eta hau izan zen: beste piragua edo kanoa bat egitea; eta horrela uhartearen alde baterako bat eta besterako beste bat izango nituen.
Pentsa dezakezu orain, nolabait esateko, bi lur-sail nituela uhartean. Bata, nire gotorleku txikia edo denda, hormaz inguratua, harkaitzaren azpian zegoena, eta atzean leizezuloa zuena, eta ordurako, barruan zenbait gela edo zulo berri egin nizkiona. Horietako bat, gela lehorrena eta handiena, eta hormatik edo gotorlekutik kanpora, hau da, horma eta harkaitza batzen ziren lekutik kanpora ate bat zuena, buztinezko ontziz betea nuen; baina eman ditut lehen horri buruzko xehetasunak. Gainera hamalau edo hamabost otar nituen, eta bakoitzak bospasei lakari hartuko zituen. Han gordetzen nituen hornigaiak, laboreak bereziki, batzuk buruak, lastotik moztu eta bereizi ondoren, eta beste batzuk eskuz aletuak.
Zutoin edo zurkaitz luzez egindako hormari zegokionean, zutoinak zuhaitzen erara hazi ziren, eta ordurako horrenbeste handitu eta zabaldu zirenez, ezin zuen inork haien atzean bizileku baten arrastorik txikiena ere ikusi.
Nire bizilekutik hurbil, baina urrunxeago uhartearen erdialderantz, eta beheragoko lurretan bi lur-sail nituen, bere garaian landu eta ereiten nituenak, eta bere garaian uzta ematen zidatenak, eta ale gehiago behar izanez gero, haien ondoan lur-sail gehiago nituen, besteak bezain egokiak.
Gainera mendiko egoitza nuen, eta han ere nola halako ereintza. Lehenik eta behin, nire itzalpe txikia nuen, nik esaten nion bezala, behar bezala zaindua; hau da, inguruan zuen sasizko hesia beti neurri berean mantentzen nuen, eta eskailera barruan uzten nuen. Zuhaitzak zaintzen nituen, eta hasieran zutoin hutsak zirenak, sendo eta garai hazi ziren, eta beti mozten nituen, zabaldu, hostoz hornitu zitezen, eta itzal atsegina egin zezaten; eta nahi bezala gertatu zen. Erdian denda beti zabalik nuen, alegia, haize-oihal zati bat helburu horretarako zutoinen gainean teinkatua, eta inoiz ez konponketarik ez berrikuntzarik behar izan ez zuena. Denda azpian biguingarri edo ohe moduko bat nuen, hildako animalien larruez eta beste gauza leunez egina, eta tapaki bat jarria nuen gainean, itsasontziko ohe batetik hartutakoa, eta longain handi bat ni estaltzeko. Han nuen, nire egoitza nagusitik kanpora joateko aukera nuenean, mendiko bizilekua.
Horren ondoan abeltegia nuen, ahuntzena, alegia. Lurra hesiz inguratzen eta ixten neke eta lan handiak izan nituen, ez bainintzen lasai egon erabat itxi arte, ahuntzek irteteko zulorik izan ez zezaten, eta ez nuen amore eman, lan nekeza egin eta itxituraren kanpoaldea ia bata bestearen gainean zeuden zutoin txikiz bete nuen arte; eta horrela itxitura itxura izan beharrean ohol hesia zirudien, eta ia ez zen haien artetik eskua sartzeko lekurik. Geroago, zutoin horiek hazi zirenean, eta denak hazi ziren hurrengo eurite garaian, itxitura edozein horma bezain sendoa egin zen, are gehiago, edozein horma baino sendoagoa.
Horrek erakusten du ez nuela denborarik galtzen eta ez zitzaizkidala indarrak urritzen, eroso bizirik irauteko beharrezkoa nuen edozer gauza lortzeko. Izan ere, iruditzen zitzaidan abere talde hezi bat eskura izatea, han egon bitartean, haragi, esne, gurin eta gazta biltegi bizia izatea izango zela, baita berrogei urte balira ere, eta haiek eskura izatea erabat itxiturak hobetzearen mende zegoela, ahuntzak taldean egongo zirela ziurtatzeko neurriraino; eta modu horretan, ziur nengoen. Are gehiago, zutoin txiki horiek hazi zirenean, horrenbeste sartu nituenez gero, batzuk kendu egin behar izan nituen.
Han bertan mahastiak hazten ziren, eta horiekin osatzen nuen batez ere neguko mahaspasen biltegia. Arretaz zaintzen nituen, huts egin gabe, haiek baitziren nire dieta osoaren mokadurik onena eta gustagarriena. Eta ez ziren gustagarriak soilik, osasungarriak, elikatzaileak eta freskagarriak ere bai baitziren azken neurriraino.
Itzalpea gutxi gorabehera beste bizitokiaren eta txalupa zegoen tokiaren erdibidean zegoenez gero, han geratzen nintzen harantza joatean, askotan egiten bainizkion ikustaldiak txalupari, eta inguruko gauzak edo hari zegozkionak behar bezala uzten nituen beti. Batzuetan pixka bat irteten nintzen atsegin hartzeko besterik gabe, baina ez nuen bidaldi arriskutsu gehiagorik nahi, ez nintzen kostaldetik harri ukaldi bat edo bi baino gehiago urruntzen, ur-lasterrak, haizeak edo beste ezustekoren batek eramango ninduen ideiak beldurtu egiten baininduen. Baina orduan neure bizitzan agerraldi berri bat izan nuen.
Txaluparantz nindoan egun batean gertatu zen, eguerdi aldera. Erabat txunditua geratu nintzen, hondarretan argi eta garbi giza oin baten arrastoa ikusi nuenean. Tximistak jota bezala geratu nintzen edo agerraldi baten aurrean banengo bezala. Entzuten geratu nintzen, eta ingurura begiratu nuen, baina ez nuen ezer entzun, ez ezer ikusi. Mendixka batera igo nintzen urrutirago begiratzeko, hondartzan gora eta behera ibili nintzen, baina ez zegoen besterik; hura zen arrasto bakarra. Berriro hurbildu nintzen ondoan beste arrastorik ba ote zen ikusteko, eta nire irudimena ez zela ziurtatzeko; baina ez zegoen zalantzarik, oin baten arrasto garbia zen, behatzak, orpoa eta oin baten zati guztiak. Nola iritsi zen, ez nekien, ezin zitzaidan inola ere bururatu. Eta gogoeta nahasi pila buruan erabili ondoren, zalantzan eta bere onetik aterata dagoen gizon baten erara, etxera itzuli nintzen, neure gotorlekura; guk esaten dugun bezala, lurra oinen azpian sumatu gabe, beldurrak hartuta, bizpahiru urrats ematen nituen bakoitzean atzera begira, sasiak eta zuhaitzak, eta urrutira ikusten nuen mozkin bakoitza gizon baten irudiarekin nahasiz. Ezinezkoa da adieraztea zenbat eratarara irudikatzen zizkidan gauzak nire irudimen izutuak, zenbat ideia zoro topatzen nituen une oro nire irudimenean, eta zenbat eta zenbat bitxikeria arraro bururatu zitzaizkidan bide horretan.
Neure gaztelura iritsi nintzenean, eta uste dut hala deitu niola harrezkero, atzetik norbait segika banu bezala sartu nintzen. Eskailera hartuta sartu nintzen, hasieran pentsatu nuen bezala, ala haitz zuloko atea esaten nionetik, ez dut gogoan; ez, ezin nuen hurrengo egunean ere gogoratu; izan ere, ez dut uste inoiz erbi batek ezkutalekura, edo azeri batek bere zulora ihes egingo zuenik, nik neure babeslekura baino izutuago.
Ez nuen lorik egin gau horretan. Zenbat eta urrunago egon beldurraren unetik, orduan eta handiagoa zen nire beldurra, berez behar lukeenaren kontrakoa dirudien arren, eta bereziki izakiek beldurtzean izaten duten jokabidearen kontrakoa. Baina gertaerari buruzko ideiekin horren izutua nengoenez, irudikapen tamalgarriak besterik ez zitzaizkidan bururatzen, une horretan leku hartatik urrun egon arren. Batzuetan deabrua zela buruatzen zitzaidan, eta arrazoia bat zetorren nirekin uste horretan; izan ere, nola zitekeen giza irudia zuen beste ezer leku horretan azaltzea? Non zen uhartera eraman zuen ontzia? Ba al zen beste oin arrastorik? Nola zen posible hara gizonik iristea? Baina nola izan zitekeen Satanek leku horretan giza irudia hartuta azaltzea, bere oinaren arrastoa uztea beste helbururik gabe, eta hori ere zertarako, ez baitzekien ikusiko nuenik; adarra jotzeko edo zertarako? Iruditzen zitzaidan deabruak askoz bide gehiago izan zitzakeela ni oin arrasto soil batekin baino errazago beldurrarazteko, eta uhartearen beste aldean bizi nintzenez gero, ez zen bere arrastoa aurkitzeko hamar mila aukera baten kontra nituen leku batean uzteko bezain ergela izango, eta gainera hondarretan, lehenengo itsasgorak edo haize zakarrak erabat ezabatuko zuen lekuan. Horrek guztiak ez zuen zentzu handirik erakusten ez gertaerarekin berarekin, eta ezta ere deabruaren zolitasunaz izan ohi ditugun usteekin.
Horrelako gauzek indarra ematen zidaten deabrua izan zitekeen ustea baztertzeko; eta azkenik erabaki nuen, izaki are arriskutsuagoren bat izan behar zuela, alegia, kontinentetik etorritako basatiak izango zirela, kanoetan itsasora abiatu zirenak, eta ur-lasterrak edo kontrako haizeak bultzata, uharteraino iritsi zirenak, eta itsasertzeraino iritsi ondoren, berriro itsasora itzuli zirenak, agian, uharte ilun honetan geratzeko, nik haiek ondoan izateko nuen gogo txar berbera izan zutelako.
Gogoeta horiek buruan nerabiltzan bitartean, eskerrak ematen nituen une horretan han inguruan ez ibiltzeagatik, eta nire txalupa ikusi ez zutelako, hura ikusita uhartean norbait bizi zela jakingo baitzuten, eta agian nire bila ariko baitziren. Orduan gogoeta ikaragarriak etorri zitzaizkidan burura, alegia, nire txalupa aurkitu zutela eta horrenbestez, uhartean jendea bizi zela bazekitela, eta horrela izatekotan, ziur nengoen berriz itzuli eta jango nindutela; eta ni aurkituko ez baninduten ere, itxitura aurkituko zutela, bildutako ale guztiak hondatu eta hezitako ahuntz taldea eramango zutela; eta horrenbestez goseak hilko nintzela.
Orduan izuak erlijio itxaropen guztiak ezabatu zituen. Lehenago Jainkoarengan izan nuen uste ona, Haren ontasunaz izan nuen esperientzia miragarrian oinarri hartu zuena, desagertu zen; ordura arte mirariz elikatu ninduen Hark, handik aurrera, Bere ontasunak eman zizkidan aberastasunak gordetzeko Ahalmenik izango ez balu bezala. Neure buruari errieta egin nion alferkeriaz ez nuelako ale gehiagorik erein, hurrengo urte sasoia iritsi bitartean beharko nuena baino, lurrean zegoenak alferrik galtzeko arriskurik ez balu bezala. Eta errieta onartu, eta etorkizunean laboreak aldez aurretik bizpahiru urtetarako bilduak izatea erabaki nuen, horrela, edozer gertatuta ere, ez nintzateke ogi premiaz goseak hilko.
Bai bitxia eta aldakorra dela Jainkoaren ardura gizonaren bizitzan! Eta bai grina bitxiak eragiten dituztela ezkutuko indarrek, egoera batean modu batekoak eta bestean bestekoak! Gaur maite dugu bihar gorrotatuko duguna, gaur bilatzen dugu bihar atzean utzi nahiko duguna, gaur nahi dugu bihar izutuko gaituena; are gehiago, bihar dardararaziko gaituena. Ni nintzen une horretan inork pentsa zezakeen horren adibiderik garbiena. Izan ere, nik, atsekabe bakarra gizartetik kanpora bidalia izatea nuelarik, bakarrik egonda, ozeano amaigabeaz inguratua, gizartetik bereizia eta, nik esaten nion bezala, bizitza isilera zigortua; nik, Jainkoaren iritziz bizien artean zenbatua izatea, edo Haren gainerako izakien artean azaltzea merezi ez nuenak; neure motako norbait ikuste hutsak heriotzatik bizitzara igarotzea iruditu beharko litzaidakeen arren, eta Jainkoak eman ziezadakeen bedeinkapenik handiena, salbazioaren bedeinkapen gorenaren ondorengoa; nik, diot, dar-dar egiten nuen gizon bat ikustearen ideia hutsaren aurrean; eta besterik gabe prest nengoen lur azpian sartzeko uhartean oina jarri zuen gizonaren errainua edo agerpen isila zela eta!
Halakoa da giza bizitzaren egoeraren aldakortasuna, eta horrek gogoeta bitxi ugari sortu zizkidan, hasierako ezustea pixka bat menderatu nuenean. Erabaki nuen hura zela Jainkoaren ardurak, neurririk gabe on eta jakintsuak, niretzat erabakia zuen bizimodua; eta amaiera, ikusten ez banuen ere, Jainkoaren jakinduriak aldez aurretik erabakia zuela, ez nuela Haren burujabetasuna eztabaidatuko, eta, Hark sortutako izakia nintzenez gero, erabateko eskubidea zuela (sortu ninduelako) niri eman nahi zizkidan aginduak emateko, eta nahigabetu nuenez gero, era berean legezko eskubidea zuela egoki iruditzen zitzaion zigorra niri ezartzeko; eta Haren haserrea jasan beharko nuela, Haren kontra bekatu egin nuelako.
Eta gero gogoan erabili nuen Jainkoa zuzena ezezik, ahalguztiduna ere bazela, eta ni zigortzea eta nahigabetzea bidezkoa zela uste izan zuen bezala, era berean ahalmena zuela ni salbatzeko; eta ez bazitzaion hori bidezkoa iruditzen, nire ezinbesteko betebeharra zela erabat eta zeharo Haren borondatearen mende jartzea. Bestalde, nire betebeharra zen baita ere Harengan itxaropena izatea, Jainkoari otoitz egitea eta Haren eguneroko arduraren aginduen eta esanen zain egotea.
Pentsamendu horietan ordu askotan, egun askotan, are gehiago, esango nuke, aste eta hilabeteetan aritu nintzela, eta ezin dut aipatu gabe utzi gogoeta horien ondorio berezi bat. Hau da, goizean goiz, ohean nengoela, basatiak agertzeko arriskuen gorabeherekin burua erabat hartua nuela, eta lur jota, gogora etorri zitzaizkidan Idatzi Santuetako hitz hauek: «Estualdian niri dei egidazu, eta salbatuko zaitut, eta zuk ohoratuko nauzu».
Orduan ohetik pozik jaiki nintzen, eta bihotza sendotua izateaz gainera, indarra eta adorea hartu nuen neure salbazioaren alde Jainkoari zinez otoitz egiteko. Otoitza amaitu ondoren, Biblia hartu eta irakurtzeko ireki nuen, eta aurrean ikusi nituen lehenengo hitzak hauek izan ziren: «Zerbitza ezazu Jainkoa, eta izan zaitez adoretsu, eta hark bihotza sendotuko dizu; zerbitza ezazu, esan dut, Jainkoa». Ezinezkoa zait adieraztea horrek nola zuzpertu ninduen. Erantzun gisa, eskerrak emanez liburua utzi eta ez nuen goibelaldi gehiagorik izan, ez behintzat, arrazoi horrengatik.
Pentsamendu, beldur eta gogoeta horietan ari nintzela, egun batean bururatu zitzaidan nire ameskeria izan zitekeela dena, eta oin arrasto hori neure oinarena izan zitekeela besterik gabe, txalupan lehorreratu nintzen garaikoa. Horrek pixka bat adoretu ninduen, eta neure buruari irudipena besterik ez zela sinestarazi nahian hasi nintzen, eta nire oin arrastoa izango zela. Eta zergatik ez nuen, bada, bide hori hartuko lehorreratzean, txalupara itzultzeko hartu nuen bezala? Gogoan izan nuen baita ere, ezingo nuela ziurtasunez inola ere jakin non zapaldu nuen eta non ez, eta, azkenean, aztarna nire oinarena bazen, mamuen eta agerpenen istorioak kontatu, eta gero beste guztiak baino gehiago ikaratzen diren zoroena egiten aritu nintzela.
Orduan adoretsuago nengoen eta burua kanpora agertzen hasi nintzen, hiru egun eta gauetan ez bainintzen gaztelutik irten, eta hornigaiak urritzen hasi zitzaizkidan; izan ere, etxe barruan garagar opil baztuk eta ur pixka bat besterik ez bainuen. Gainera banekien ahuntzak gaizki zeudela jetzi gabe, hura izaten baitzen nire iluntzeroko denborapasa, eta gaixoak oinazez eta minez egongo zirela premia horrengatik; eta hala gertatu zen, zenbaiten errapea hondatu egin zen, eta ia esnea agortu zitzaien.
Beraz, neure oin aztarna izango zela uste izateak eman zidan adoreaz lagunduta —eta hala neure itzalak berak beldurtzen ninduela esan zitekeen—, berriro hasi nintzen irteten, eta mendiko etxera joan nintzen ahuntz taldea jeztera.
Baina edonork ikusiko balu aurrera egiteko nuen beldurra, zenbat aldiz begiratzen nuen atzera eta behin eta berriz prest nengoela saskia lurrean utzi eta airean ihes egiteko, pentsatuko luke barrengo harra zebilkidala estutu nahian edo beste zerbaitek izugarri larritu ninduela; eta hala zen gainera.
Halere, bizpahiru egun neramatzala etxetik irten eta ezer ikusi gabe, ausartzen hasi nintzen, eta nire irudimena besterik ez zela pentsatzen. Baina ezin izan nion neure buruari hori erabat sinestarazi, berriro hondartzara itzuli, oin aztarna ikusi, nirearekin neurtu, eta bien artean antzik zegoen edo bat zetozen ikusi arte, neure oina zela ziur egoteko. Baina aztarnaren lekura iritsi nintzenean, lehenik eta behin, txalupa lehorreratu nuenean ezin izan nuela han inguruan ibili garbi ikusi nuen; eta bigarren, aztarna nire oinarekin neurtzean, nirea ez zela inondik ere hura bezain handia. Bi gauza horiek burua irudipen berriz bete zidaten, eta berriro erabat lur jota geratu nintzen. Hotzez dardarka hasi nintzen sukarraldiak hartua dagoena bezala, eta etxera itzuli nintzen, itsasalde horretan gizonen bat edo batzuk egonak zirela sinetsita; edo, laburrago esanda, uhartea jendeztatua zegoela, eta konturatu gabe eta ezustean atzemana izan nintekeela. Baina ez nekien babestua egoteko zein neurri hartu.
Ene, bai erabaki barregarriak hartzen dituztela gizonek beldurrak hartuta daudenean! Arrazoiak atsekabea arintzeko emango liokeen laguntza gogoan izatea galarazten dio. Lehenengo itxiturak apurtzea bururatu zitzaidan, eta etxabere guztiak basora bidaltzea, etsaiek aurki ez zitzaten, eta altxor horren edo beste antzekoren baten bila uhartera itzul ez zitezen; gero, pala hartu eta bi soroak zulatzea, etsaiek alerik aurki ez zezaten eta horren bila uhartera itzul ez zitezen; ondoren itzalpea eta denda botatzea, bizilekuaren aztarnarik ikus ez zezaten, eta horrek bultzata beste lekuetan ere uharteko biztanleen bila aritu ez zitezen.
Hori izan zen, barrua hartu zidaten beldurrak gori-gori nituela eta burua, lehen esan bezala, zeharo nahasturik, etxera itzuli, eta lehenengo gauean izan nituen gogoeten gaia. Arriskuaren beldurra hamar mila aldiz beldurgarriagoa da arriskua bera begien aurrean ikustea baino; eta larritasunaren pisua handiagoa da, askoz ere, larritasuna eragiten duen etsaia bera baino; eta hori baino okerragoa zena, ez nuen sumatzen, bestela espero nuen arren, nahiagabeak etsimenez eramateak lehen sortzen zidan atsedena. Saulen antza nuen, ez baitzen soilik filistarrak atzetik zituelako kexatzen, baita ere Jainkoak laguntzarik gabe utzi zuelako. Ez nituen behar bezalako bideak erabiltzen arima zuzpertzeko, atsekabean Jainkoari oihu eginez, eta nire babesa eta salbazioa Haren arduraren esku utziz, lehen egiten nuen bezala; eta, hala egin izan banu, ezuste berri hori gutxienez errazago eraman ahal izango nuen, eta agian kementsuago egingo nuen aurrera.
Buru nahasiak esna eduki ninduen gau osoan, eta goizean lotan geratu nintzen, buruari eragitearen ondorioz nekatua bainuen, eta arima leher eginda. Zerraldo egin nuen lo, eta inoiz baino hobeto esnatu nintzen. Orduan lasaiago hasi nintzen pentsatzen, eta neure buruarekin eztabaidan aritu ondoren, erabaki nuen uhartea, horren atsegina, eta oparoa izanda, eta ikusi nuen bezala, kontinentetik ez oso urrundua, ez zegoela nik uste bezain alde batera utzia; eta biztanle egonkorrak ez zituen arren, noizean behin txalupak iritsiko zirela, batzuk hala erabakita, edo agian kontrako haizeak bultzata; hamabost urte neramatzala eta ez nuela inoiz inoren itzal edo giza irudirekin topo egin, eta inoiz iritsi izan balira, ziurrenik ahal bezain laster handik alde egingo zutela, ordu arte ez baitzuten egokitzat hartu han kokatzea; eta gehienez ere, kontinenteko jende galduaren ezusteko lehorreratzeen arriskua nuela; seguruenik, beren borondatearen kontra iritsitakoak izango zirela, eta beraz, ez zutela han geratu nahiko, eta ziztu bizian alde egin nahiko zutela handik; horrenbestez, ez nuela leku segururen bat besterik aurkitu beharko, basatiak lehorreratzen ikusten nituenerako.
Orduan benetan hasi nintzen damutzen leizezuloa handitu eta atea kanpoaldera egin niolako, lehen esan dudan bezala, hesia harkaitzarekin elkartzen zen lekutik kanporantz. Behin eta berriz luze pentsatu ondoren, erabaki nuen bigarren hesia eraikitzea, biribil erdia osatuz hura ere, hormatik tarte batera, hain zuzen ere, hamabi urte lehenago, jadanik aipatutako zuhaitz lerro bikoitza landatu nuen lekuan. Zuhaitz horiek estu-estu jarri nituen, eta zurkaitz gutxi batzuk besterik ez nituen behar izan tarteetan sartzeko, zurkatiz sendo eta lodiak, eta horma berehala amaitu nuen.
Horrela hesi bikoitza nuen; kanpokoari, oholak, burdin-hariak, eta harrapatu nituen gauza guztiak erantsi nizkion, sendoagoa egiteko; eta zazpi zulo txiki utzi nizkion, armak handik ateratzeko modukoak. Barrutik horma hamar oin lodi izateraino sendotu nuen, leizezulotik etengabe ateratako lurra hormaren beheko aldean jarri eta zanpatu ondoren. Zazpi zuloetan mosketeak ezartzen saiatu nintzen, banekien eta itsasontzitik zazpi lehorreratu nituela. Kanoiak balira bezala, egituretan edo kanoi-etxe antzekoetan kokatu nituen, eta horrela zazpi eskopetekin su egin nezakeen bi minutuetan. Hilabete osoan lan eta lan aritu behar izan nuen horma amaitzeko, eta horma amaitu arte ez nintzen lasai egon.
Hori amaitu nuenean, hormatik kanpo zegoen inguruko lur-eremuan, handik eta hemendik, sahatsaren antzeko egurra zuten zurkaitzak edo zutoinak landatu nituen, ahal nituen guztiak, erraz hazten zirela banekien eta; horrenbesteraino, hogei mila sartu nituela uste baitut, zutoinen eta hormaren artean tarte zabal samar bat utziz, etsaia hurbiltzen ikusteko lekua izan nezan, eta zuhaitz gazteen artean babes ez zedin, nire hormara hurbiltzen bazen.
Handik bi urtera zuhaizti zabala izan nuen, eta bospasei urte igarota, baso bat nuen nire bizilekuaren aurrean, neurriz gainezka horren lodi eta sendo hazi zenez gero, erabat igaro ezina; eta inori ez zitzaiokeen bururatuko haren atzean ezer egon zitekeenik, are gutxiago bizileku bat. Eta sartu eta irteteko erabaki nuen moduari buruz, esan behar dut, bi eskailera erabili behar zirela, ez bainion inondik sarbiderik egin; bata, haitzaren beheko aldean zegoen leku bateraino iristeko; eta hara igo eta han lekua nuen bigarren eskailera kokatzeko; beraz bi eskailerak kentzen nituenean, inork ezingo zukeen niregana hurbildu minik hartu gabe; eta igarotzea lortuta ere, hormaren kanpoaldean egongo zen oraindik.
Horrela neure biziraupena segurtatzeko giza zuhurtziak proposatuko lituzkeen neurri guztiak hartu nituen, eta ikusiko da aurrerago ez zirela denak funtsik gabeak izan, une horretan nik neure buruari eragindako beldur hutsaren ondorio besterik ez izan arren.
Hori egin bitartean, ez nituen erabat alde batera utzi beste zereginak; izan ere, kezka handia ematen zidan ahuntz talde txikiak. Ahuntzak ez ziren edozein premiatarako jaki lagungarri soilik, pixkanaka behar nuen janari guztia eskaintzen zidaten, sutautsa eta minizioa alferrik erabili behar izan gabe, eta batez ere ahuntz basatien atzetik ehizan nekerik hartu gabe. Eta ez nengoen abantaila horiek galtzeko prest, eta berriro hutsetik zaintzen hasteko.
Horretarako, eta luze pentsatu ondoren, haiek ezkutatzeko bi bide besterik ez nituen aurkitu. Bata zen leku egoki batean lurrean zulo handi bat egitea eta gauero ahuntzak han sartzea; eta bestea, bizpahiru lur-eremu txiki hesiz inguratzea, urruti bata bestetik, eta ahal bezain ezkututak, eta bakoitzean dozena erdi bat antxume edo jartzea. Horrela hondamenik gertatuko balitzaio taldeari oro har, berriz haziko nituzkeen nekerik gabe eta epe motzean. Hori iruditu zitzaidan biderik zentzuzkoena, lan handia eta denbora luzea eskatuko zidan arren.
Horrenbestez, denbora pixka bat eman nuen uharteko lekurik ezkutukoenak aurkitzen, eta egokia iruditu zitzaidan bat aukeratu nuen. Lur zati txiki heze bat zen baso sarri eta itxi batean, uhartearen ekialdetik itzuleran nentorrela, bere garaian esan nuen bezala, ia galdu nintzen leku berean. Han ia hiru akre hartzen zituen zabalune bat aurkitu nuen, eta zuhaitzez horrenbesteraino inguratua zegoenez gero, ia izadian berez sortutako itxitura zirudien; edo gutxienez ez zidan beste lur-eremuek ixteko eman zidaten lanik emango.
Berehala hasi nintzen lanean lur zati horretan, eta hilebete igaro baino lehen bukatua nuen, eta, hasieran uste izan nuen bezain basatia ez zen nire azienda edo abere taldea, nahiago duzun bezala, ongi gorde nezakeen han. Beraz, bestelako atzerapenik gabe, hamar antxume eme eta bi ar eraman nituen itxitura horretara. Han izan nituenean, hesia hobetzen aritu nintzen, bestea bezain sendoa egin arte, lana ordea patxada handiagoan egin nuen, eta horregatik denbora luzeagoa behar izan nuen.
Lan hori guztia hondartzan ikusi nuen gizon baten oin arrastoak sortu zidan beldurrak eraginda egin nuen; ez bainuen ordu arte inongo gizakirik uhartera hurbiltzen ikusi. Bi urte neramatzan ezinegon horretan, eta bizimodua lehen baino nekagarriagoa egiten zitzaidan, gizonaren beldurrak maltzurki atzetik etengabe edukitzea zer den dakienak pentsa dezakeen bezala. Eta azpimarratu behar dut, atsekabez baita ere, arimaren ezinegonak eragin handia izan zuela nire erlijio pentsamenduetan; izan ere, basati eta kanibalen eskuetan erortzeko arriskuak sortzen zidan izuak eta beldurrak nire arima horren menderatua zuten, ezen nekez aurkitzen bainuen egokierarik nire Sortzaileari otoitz egiteko, edo ez behintzat lehen izan nuen arima lasai eta etsi berarekin. Aldiz, Jainkoari oinaze eta arima-estura handia nuela egiten nion otoitz, arriskuz inguratua, eta gauero eguna argitu baino lehen hila eta irentsia izango nintzelakoan; eta adierazi beharra dut, bake, esker on, maitasun eta xerazko jarrera askoz egokiagoa dela otoitz egiten duenarentzat, izuarena eta ezinegonarena baino, eta berehala gertatuko den zoritxarraren beldur den gizona ez dagoela prestatua Jainkoari otoitz eginez bere burua sendotzeko, ez behintzat ohean dagoen gaixoa bekatuez damutzeko dagoena baino gehiago. Ezinegon horiek ariman baitute eragina, besteek gorputzean duten bezala, eta arimaren ezintasunak gorputzarenak bezain handiak dira, eta are handiagoak, Jainkoari otoitz egitea berez arimaren ekintza baita, eta ez gorputzarena.
Baina egin dezagun aurrera. Nire abere talde txikiaren zati bat hesi barruan gorde nuenean, uhartean zehar ibili nintzen beste biltegi bat egiteko leku bila; eta, uhartean inoiz baino mendebalerago nenbilela, eta itsasoari begira, urrutian txalupa bat ikusi nuela iruditu zitzaidan. Betaurreko luze bat edo bi aurkitu nituen itsasontzitik atera nituen itsasgizonen kutxetako batean, baina ez nituen eskura, eta txalupa horren urruti zegoenez gero, ezin nuen ia antzeman, nahiz eta begiak erabat itsutu arte begira eta begira egon. Txalupa bat zen ala ez ez dakit, baina mendi gainetik jaisterako ez nuen ezer ikusi, beraz amore eman nuen. Dena dela, handik aurrera sakelean betaurreko luzerik gabe ez irtetea erabaki nuen.
Mendia jaitsi eta uhartearen beste muturrean nengoela, ordu arte inoiz egon ez nintzen lekuan, jabetu nintzen gizon baten oin aztarna ikusi izana ez zela uste bezain gauza harrigarria uhartean. Eta ardura berezi batek basatiak inoiz joaten ez ziren uhartearen aldera eraman ez banindu, erraz jakingo nukeen kontinenteko kanoentzat, itsasoan gehiegi urrunduz gero, ez zela uhartearen alde horretan kairatzea baino gauza arruntagorik. Gainera, basati horiek askotan aritzen ziren txalupetan borrokan, eta irabazleek inor atxilotzen bazuten, hondartza horretara eraman, eta haien ohitura beldurgarrien arabera, hil eta jan egiten zuten, gizajaleak baitziren denak, gero ikusiko dugun bezala.
Menditik hondartzara jaitsi nintzenean, lehen esan bezala, uhartearen hego-mendebalean, nahasia eta harrituta geratu nintzen erabat. Ezinezkoa zait adieraztea nire arimaren izu-ikara hondartzan buru-hezur, esku, oin eta giza gorputzen beste hezurrak sakabanatuak ikusi nituenean; eta bereziki, arretaz begiratu nion sua piztua egon zen lekuari, eta, jolastoki bat balitz bezala, haren inguruan egindako zulo biribilari, han eseri eta egingo baitzituzten zoritxarreko basatiek jai anker horiek lagun hurkoen gorputzekin.
Hura ikusi, eta harri eta zur geratu nintzen, eta tarte luze batean ezin izan nuen ezertarako hango arriskuetan pentsatu. Hango bihozgabekeriek, infernuko indarkeriek eta gizatasunaren hondamenek beldurra zeharo ezabatu zidaten; izan ere, askotan entzunak nituen arren, ordu arte ez bainituen inoiz horren gertu ikusi. Labur esateko, ikuskizun beldurgarri hura begien aurrean ez izateko beste aldera begiratu nuen. Sabela ondoezik nuen, zorabiatzeko puntuan nengoen, eta senak sabelaren ondoeza kanporarazi zidan. Eta neurriz kanpoko indarrez oka egin ondoren, pixka bat zuzpertu nintzen, baina ezin izan nuen une batez ere han geratu, beraz, ahal bezain bizkor mendira igo, eta neure bizilekurantz abiatu nintzen. Uhartearen alde horretatik urrundu nintzenean ere, oraindik pixka batean harritua egon nintzen, eta gero neure onera etorri nintzenean, gora begiratu nuen, arima mindua eta begiak malkoz beteak nituela, eta Jainkoari eskerrak eman nizkion nire lehenengo bizilekua horrelako izaki beldurgarririk ez zen munduaren zati batean jarri zuelako; eta hasieran nire egoera oso tamalgarria iruditu bazitzaidan ere, horrenbeste mesede egin zizkidanez gero, eskerrak emateko arrazoi gehiago nituen kexatzeko baino; batez ere, neure egoera negargarrian Jainkoaren ezagutzak eta Haren bedeinkapenaren itxaropenak sendotu egin nindutelako, eta zorion hori erraz jar nezakeen jasan nituen zoritxar guztien edo jasan nitzakeenen parean.
Esker oneko jarrera hori nuela neure gaztelura itzuli nintzen, eta nire segurtasunari zegokionean ordu arte baino errazagoa egin zitzaidan; izan ere, konturatu nintzen izaki beldurgarri horiek ez zirela inoiz uhartera zerbaiten bila etorri, agian ez zutelako ezer aurkitzea espero, edo ez zutelako ezer nahiko; eta, zalantzarik gabe, askotan uhartearen alderdi itxienean eta adartsuenean egongo zirenez gero, ez zutela gauza erabilgarririk aurkituko. Ia hemezortzi urte neramatzan han, eta ez nuen inoiz inoren oin aztarnarik ikusi, eta beste hainbeste eman nitzakeen ordu arte bezain ezkutuan, ez baninduten aurkitzen, eta ez nien horretarako aukerarik emango, nire eginkizun bakarra nengoen lekuan erabat ezkutuan egotea baitzen, baldin eta ez banituen kanibalak baino izaki egokiagoak aurrean ikusten neure burua agerian jartzeko.
Baina aipatutako basati doilor horiek, eta batak bestea irensten eta jaten aritzeko ohitura bihozgabea horrenbesteraino gorrotatzen nituen, ezen pentsakor eta goibel egon bainintzen, eta nire biribil barrutik urrundu gabe ia bi urte igaro arte. Biribila esaten dudanean, hau esan nahi dut: hiru lur-sailak, gaztelua, mendiko egoitza, itzalpea esaten niona, eta basoetako itxitura. Era berean, ez nuen ahuntzentzat beste itxiturarik bilatu; izan ere, infernuko izaki doilor horien kontra sortu zitzaidan gorrotoa horren handia zen, ezen beldur handiagoa ematen baitzidan haiek ikusteak deabrua bera ikusteak baino. Bitarte horretan ere ez nintzen txaluparen bila joan, aldiz beste bat egitea hobe nuela hasi zitzaidan bururatzen; ezin bainuen inondik ere beste saiorik egin txalupa uharteari bira emanez ekartzeko, baldin eta ez banuen izaki horiekin itsasoan topo egin nahi; eta haien eskuetan eroriz gero, banekien nolako zoria izango nuen.
Denbora, ordea, eta jende horrek ni aurkitzeko arriskurik ez zegoela jakiteak sortzen zidan lasaitasuna, nire ezinegona ezabarazten hasi zen, eta lehen bezain lasai bizitzen uzten; alde bakar batekin, hau da, arreta handiagoa jartzen nuela eta lehen baino gehiago begiratzen nuela inguruan, haiek ni ezustean ez harrapatzeko; eta bereziki kontu handiagoa nuen eskopetaz tiro egitean, haietakoren bat uhartean baldin bazegoen, ez zezan entzun. Gainera, abantaila handia izan zen niretzat ahuntz etxekotuen talde batez hornitua egotea, ez bainuen basoan ehizan ibili beharrik, edo haiei tiro egin beharrik. Eta harrezkero, bat edo beste harrapatzen banuen sareak eta arteak erabilita izan zen, lehen egin nuen bezala. Horrenbestez, uste dut bi urteetan ez nuela inoiz eskopetaz tiro egin, hura hartu gabe inoiz irteten ez nintzen arren, eta are gehiago, itsasontzitik hartu nituen hiru pistolak beti aldean eramaten nituen, edo gutxienez hiruretatik bi, ahuntz larruzko gerrikoan lotuta. Gainera itsasontzitik hartutako aiztoetako bat leundu nuen, eta beste gerriko bat egin nuen hura lotzeko. Orduan bai nintzela etxetik irtetean edonoren begien aurrean lagun bitxi eta nabarmena, neure buruaz egindako deskribapenari bi pistolak, eta gerrikoaren alde batean zintzilik nuen zorrorik gabeko aizto handia eransten badizkiozu.
Esan bezala, denboraldi batean gauzak horrela gertatu ziren, eta ardura horiek alde batera utzita, lehengo bizimodu lasai eta baketsura itzuli ziren. Gauza horiek guztiek gero eta gehiago ikusarazten zidaten, nire egoera urrun zegoela zoritxarreko izatetik, beste zenbaitenaren ondoan; are gehiago, nire bizitzaren xehetasun asko, Jainkoak niri mesede egiteko emango zizkidanak baino hobeak izan zirela. Horrek pentsarazi zidan munduan kexa gutxi izango zirela edozein egoeraren aurrean, baldin eta jendeak beren egoera okerrago daudenen egoerekin konparatuko balu, hobeto bizi direnekin konparatu beharrean, eta orduan eskerrak emango lituzkeela, kexaka eta marmarka aritu ordez.
Une horretan premiazko gauza gutxi falta nituen, eta iruditu zitzaidan basati doilor horiek eragindako beldurrak, eta bizirik irauteak sortu zidan kezkak, neure probetxurako asmakizunak sortzeko ahalmena gutxitu zidatela, eta alde batera utzi nuela buruan askotan erabili nuen asmoa; alegia, garagarraz malta egiten saiatu eta harekin garagardoa prestatzea. Apetaldia zen hura egia esateko, eta neure buruari agirika egin nion ideia tolesgabe hori izateagatik, berehala konturatu bainintzen bazirela zenbait gauza garagardoa egiteko premiazkoak zirenak, eta nik lortu ezin nituenak. Hala nola, lehenik eta behin, garagardoa gordetzeko upelak, lehen ere esan dudan bezala, inoiz egin ezin izan nituenak; ahalegin horretan egunak, asteak, are gehiago, hilabeteak eman nituen arren, baina ezer ez lortzeko. Bigarren, ez nuen ezker-aihenik garagardoa urrineztatzeko, ez legamiarik muztiatzeko, ez tupikirik edo kobrezko ontzirik irakinarazteko. Dena den, gauza horiek guztiak gorabehera, benetan uste dut, basatiek eragindako izu eta beldurrik izan ez banu, aurre egingo niokeela, eta agian arrakasta lortu ere bai; izan ere, gutxitan etsitzen bainuen zerbaitetan eta bukatu gabe uzten, lanean hasteko erabakia hartu ondoren.
Baina nire asmakizunak beste bide bat hartu zuen. Gau eta egun ezin nuen burutik kendu basati horietako batzuei erasotzea, zeregin odoltsu eta ankerrean ari zirenean, eta ahal izanez gero, hiltzera eraman zutena salbatzea. Liburu honen luzera baino handiagoa lukeen beste bat beharko nuke, izaki horiek deusezteko, edo gutxienez beldurrarazi eta behin eta betiko uhartetik uxatzeko bururatu zitzaizkidan azpijoko eta amarru guztiak idazteko. Baina denak alferrikakoak ziren. Ezerk ez zuen eraginik izango, baldin eta haien aurrean jarri eta eginbeharrekoa neronek egiten ez baldin banuen. Eta zer egin zezakeen gizon bakar batek haien aurrean, agian hogei edo hogeita hamar baziren, beren dardo edo uztai, gezi eta guzti, eta nik eskopetarekin nuena bezain begi ona zutela?
Batzuetan sua egina zuten lekuan zulo bat egitea bururatzen zitzaidan, eta barruan bospasei libra sutauts jartzea, sua pizten zutenean eztanda egin eta inguruko guztia leherrarazteko. Baina, ez nuen horrenbeste sutauts alferrik galtzeko asmorik, upel bat besterik ez baitzitzaidan geratzen, eta gainera ez nekien sutautsa noiz lehertuko zen zehazki; eta batez ere, gainetik pixka bat erre eta izutu besterik ez zituen egingo, baina ez zituen uhartetik behin-betiko uxatuko. Beraz, alde batera utzi nuen asmo hori, eta neure burua leku egokiren batean ezkutatzea bururatu zitzaidan, lehergai bikoitza zuten hiru eskopetak hartuta, eta, jai odoltsuaren erdian, haien kontra tiro egin, tiro bakoitzean bizpahiru hil edo zauritu nitzakeela ziur egotean, eta gero haien gainera oldartzea hiru pistolak eta aiztoa hartuta; zalantzarik ez nuen hogei baldin baziren ere denak hilko nituela. Irudipen hori erabili nuen buruan zenbait astetan, eta horren barruraino nuen sartuta, ezen askotan amets egiten bainuen, eta batzuetan ametsean haiei tiro egiteko zorian egoten nintzen.
Irudipenean horren urrutiraino joan nintzenez gero, zenbait egun eman nituen ezkutuan zelatan egoteko leku egoki bila, eta leku hartara hainbestetan joan ondoren, etxekotzen hasi zitzaidan, bereziki burua mendeku asmoz, eta hogei edo hogeita hamar basati, nik esaten nion bezala, ezpatan pasatzeko asmo odoltsuz, betetzen zitzaidanean; baina lekuak eragiten zidan beldurrak, eta basati boihozgabeek batak bestea jan ondoren utzitako arrastoek gaiztakeria baretu egiten zidaten.
Azkenean, aurkitu nuen mendiaren alde batean haien txalupak hurbiltzen ikusten zain egoteko leku bat; eta basatiak hondartzara iristerako, aurrera egin nezakeen ezkutuan, zuhaitz sarrien artean. Horietako batean ni osorik ezkutatzeko moduko zulo bat zegoen, eta han eseri eta haien ekintza odoltsuak ikus nitzakeen, eta buruetara tiro egin, elkarren ondoan jartzen zirenean, halako eran non huts egitea ia ezinezkoa baitzen, edo lehenengo tiroaz hiruzpalau zauritzea nahitaezkoa.
Han erabaki nuen nire asmoa aurrera eramatea, eta hala bi moskete eta betiko ehiza eskopeta prestatu nituen. Bi mosketeak berunezko bala pare batez eta lauzpabost bala txikiagoz, gutxi gorabehera pistolaren neurrikoak, bete nituen; eta ehiza eskopeta beltxargak harrapatzeko neurri handiagoa zuten ia eskukada bat balaz bete nuen. Pistolak ere launa balaz edo bete nituen. Eta horrela, bigarren edo hirugarren erasoa egiteko munizioz ongi hornitua, txangoa egiteko prestatu nintzen.
Neure egitasmoaren nondik norakoa amaitu nuenean, eta nire irudimenak asmoa gauzatu zuenean, goizero, huts egin gabe, hiru milia ingurura edo urrunago zegoen nire gaztelutik, nik esaten nion bezala, mendi tontorreraino egiten nuen ibilaldia, ea txalupak itsasoan uhartearen inguruan edo uhartera hurbiltzen ikusten nituen. Baina eginkizun gogor horrekin nekatzen hasi nintzen, izan ere, bizpahiru hilabetez etengabe zelatan aritu, eta beti ezer aurkitu gabe itzultzen bainintzen, ez bainuen ezer ikusi denbora horretan guztian, ez bakarrik itsasertzean edo itsasertzetik hurbil, ezta nire begiek edo betaurreko luzeak, bazter guztietara begiratuta, hartzen zuten ozeanoaren tarterik handienean ere.
Mendira zelatan aritzeko eguneroko ibilaldiak egin nituen bitartean, zutik iraun zuen nire asmoak, eta barrua prest nuela zirudien hogei edo hogeita hamar basati biluzi akabatzeko eginkizun ikaragarria aurrera eramateko, neure buruarekin eztabaidatu ez nuen delitu bat egin zutelakoan, ez behintzat lurralde horretako jendearen ohitura basatiak hasieran piztu zidan grina baino areago. Itxuraz, Jainkoaren ardurak berak onartu baitzuen, munduaren antolamendu jakintsua egitean, beren grina ikaragarri eta gaiztoak beste gidarik ez izatea, eta horrenbestez, aukera izan zuten, eta agian aspalditik, horrelako gauza ikaragarriak egiteko, horrelako ohitura beldurgarriak aurrekoengandik jasotzeko, eta infernuko gaiztakeriak bultzata iharduteko, Zeruak erabat zapuzturik utziak balira bezala. Baina, esan dudan bezala, emaitzarik gabeko ibilaldiez nekatzen hasi nintzenean, aspalditik goizero-goizero alferrik egin bainituen, ekintzari buruzko iritziak aldatzen hasi zitzaizkidan, eta zer egitera nindoan hasi nintzen hotzago eta lasaiago pentsatzen. Nolako aginpidea edo egitekoa nuen gizon horiek gaizkileak balira bezala epaitu eta hiltzeko, Jainkoak berak, hainbeste urtetan, onartu, zigorrik gabe utzi eta ekintza horietan aurrera egiteko baimena eman bazien, Haren epaiaren elkarren arteko gauzatzaile izan zitezen? Zer neurritaraino iraundu ninduten, eta zer eskubide nuen nik horren maiz egiten zituzten liskar odoltsu horietan nahasteko? Askotan eztabaidatzen nuen hau neure buruarekin: nola jakin dezaket Jainkoak berak zer iritzi duen gai zehatz horri buruz? Egia da jende horrek ez duela hori lege hauste moduan egiten; ez dute bihotzak agintzen dienaren kontra jokatzen, ezta adimenak esaten dienaren kontra ere. Ez dakite iraintzen dutenik, eta ez dute Jainkoaren justiziari erronka egiteagatik horrela jokatzen, guk ia gure bekatu guztietan egiten dugun bezala. Iruditzen zaie gerran preso hartutako norbait hiltzea ez dela, guretzat idi bat hiltzea baino lege hauste larriagoa; ezta giza haragia jatea, guretzat aharia jatea baino larriagoa denik ere.
Pixka batean pentsatu ondoren, argi eta garbi ikusi nuen oker nengoela; pertsona horiek ez zirela hiltzaileak, nik neure pentsamenduetan gaitzetsi nituen moduan, ez behintzat guduan harrapatutako presoak hiltzen zituzten kristauak baino gehiago; edo are maizago, askotan, inori barkamenik eman gabe, tropa osoak ezpataz pasatzen zituztenak baino, ordurako etsaiek armak jaitsi eta amore eman zutenean ere.
Ondoren bururatu zitzaidan, batak bestea jateko ohitura oso gogorra eta bihozgabea bazen ere, ez zuela nirekin zerikusirik; ez baitzidaten niri irainik egin. Eta eraso egiten bazidaten edo bizirik irauteko ezinbestekoa banuen, oldartuko nintzaiela; baina haien mendean ez nengoenez gero, nire berri ez zutenez gero, eta horrenbestez, nirekin ezer egiteko asmorik ere ez, ez zitzaidan bidezkoa iruditzen haiei eraso egitea; horrek gainera, espainiarren jarrera zurituko zukeen, eta haiek Ameriketan egin zituzten basatikeria guztiak, milioika pertsona sarraskitu baitzituzten; zeinak idolozaleak eta basatiak izan arren, eta ohituren artean zenbait ospakizun basati eta odoltsu izan, hala nola idoloei giza gorputzak eskaintzea, espainiarrekiko errugabeak baitziren; eta haiek lurraldetik era horretan erauzteaz gorrotoz eta gaitz iritziz hitz egiten zuten bai gaurko espainiarrek eta baita Europako beste herrialde kristau guztiek ere, eta sarraskitzat eta bihozgabekeria odoltsu eta gizalegearen kontrakotzat hartzen zuten, zuritu ezinezkoa ez Jainkoaren ez gizonen aurrean; eta horregatik espainiar izenak berak gizadiko jende guztiari beldurra eta ikara eragiten zion edo kristauen errukia; Espainiako erreinua gizon arraza berezi bat sortzeagatik nabarmendu balitz bezala, errukia zer zen ez zekiena, edo zoritxarrekoen aurrean barru onik ez zuena, hau da, jarrera eskuzabalaren ezaugarria izango litzatekeena.
Gogoeta horiek etenaldia eragin zidaten, erabateko geldialdia. Pixkanaka pixkanaka nire asmoa alde batera utzi eta basatiei eraso egiteko erabakian oker jokatu nuela pentsatu nuen; ez zela nire egitekoa haien arazoetan muturra sartzea, baldin eta ez bazidaten lehenago eraso egiten; eta ahal izanez gero, horrelakorik gertatzea galarazi behar nuela, baina atzematen baninduten eta eraso egiten bazidaten, banekien zein zen nire betebeharra.
Bestalde, neure buruarekin eztabaidan ari nintzen hura ez zelako salbatzeko bidea, neure burua erabat suntsitzekoa eta alferrik galtzekoa baizik. Izan ere, ziur ez baldin banengoen denak hilko nituela, ez bakarrik une jakin batean hondartzara iritsiko zirenak, baizik eta atzetik etor zitezkeenak, eta bakar batek ihes egiten bazuen, bere herriko jendeari zer gertatu zen esatera joateko, milaka itzuliko ziren adiskideen heriotza mendekatzera, eta neure hondamen ziurra besterik ez nuke ekarriko, horretarako arrazoirik izan gabe.
Azkenean, erabaki nuen ez burubidez ez ihardunbidez, ez modu batera ez bestera, ez zitzaidala komeni istilu horretan neure burua nahastea. Nire eginkizuna zela, nola edo hala, haiengandik ezkutatzea, eta arrasto txikiena ere ez uztea haiek uhartean izakirik bizi zela jakin ez zezaten, giza itxurakorik alegia.
Erlijioa bat zetorkidan zuhurtasun horretan, eta ez nuen inolako zalantzarik, neure eginkizunetik kanpo nengoela izaki errugabe horiek suntsitzeko asmo odoltsuetan ari nintzenean; errugabeak nirekiko, esan nahi dut. Lege hausteei zegokienean, errudunak ziren bata bestearekiko, eta nik ez nuen horretan zerikusirik. Nazio lege hausteak ziren, eta Jainkoaren zuzenbidearen eskutan utzi behar nituen, bera baita nazioetako gobernaria, eta berak baitaki, nazio zigorren bidez, nazio lege hausteengatik bidezkoa den ordaina ematen, eta berak, gogoko duen moduan, jendaurreko epaiketak ezartzen jendaurrean iraindu dutenei.
Horren garbi ikusi nuen hori, ezen ezerk ez baitzidan eman halakorik ez egiteak baino poz handiagorik, orduan arrazoiak ikusten bainituen, hura eginez gero, nirea hilketa basatia baino bekatu txikiagoa ez zela izango uste izateko. Belaunikatu eta apal-apal eman nizkion eskerrak Jainkoari, odolezko bekatutik libratu ninduelako; Bere arduraren babesa eman ziezadan erregutu nion, basatien eskuetan eror ez nendin, edo nire eskuak haien gainean jar ez nitzan, neure burua babesteko Zeruko dei argiagorik entzuten ez nuen bitartean.
Jarrera horretan ia urtebete eman nuen. Horren urruti nengoen basatien gainera oldartzeko gogotik, ezen denbora horretan guztian ez bainintzen behin ere mendira igo, basatiren bat zetorren edo hondartzan izan zen ala ez ikusteko; horrela haien kontrako asmoak berritzeko aurkerarik ez nuen izango, edo aurrean izan nezakeen abantailaren batek ez ninduen haiei eraso egitera bultzatuko. Uhartearen beste aldean nuen txaluparen bila joan besterik ez nuen egin, eta uhartearen ekialdeko muturreraino eraman nuen; han harkaitz handi batzuen azpian aurkitu nuen itsasarte txiki batean utzi nuen, banekien eta, hango ur-lasterrengatik basatiak ez zirela ausartuko gutxienez txalupekin hurbiltzen.
Txaluparekin batera harenak ziren gauza guztiak eraman nituen, bidaldi motz hura egiteko beharrezkoak ez izan arren; alegia, txalupari egindako masta eta haize-oihala, eta aingura antzeko gauza bat, aingura edo arpoi izena merezi ez zuena, baina, dena den, egin ahal izan nuen antzekoena. Hori guztia aurkikuntza baten arrastorik txikiena ere izan ez zedin, edo txaluparik edo gizaki baten bizilekurik uhartean aurki ez zezaten.
Horrez gainera, esan dudan bezala, inoiz baino bizimodu etxezuloagoa egiten nuen, eta gutxitan irteten nintzen gelatik eguneroko lanak egiteko ez bazen, alegia, ahuntzak jezteko edo basoko ahuntz talde txikia gobernatzeko, uhartearen beste aldean baitzegoen, eta han ez baitzuen horrenbesteko arriskurik; garbi geratu den bezala, uhartera zenbaitetan iritsi ziren basatiak, ez baitziren ezer aurkitzeko asmoz etorri, eta horrenbestez, ez ziren inoiz itsasertzetik urrundu; eta zalantzarik ez dut nire beldurrak eragindako neurriak hartuz geroztik ere, zenbait aldiz hondartzan izan zirela, lehenago izan ziren bezala. Eta izutua begiratu nuen atzera nolakoa izango zen nire egoera pentsatzean, haiekin topo egin eta aurkitu izan banindute, biluzik eta eskopeta beste armarik ez nuela, eta askotan munizio txikiz betea gainera, uhartean zehar atzera eta aurrera, zer aurki nezakeen ikusteko nenbilenean. Nolako ezustea izango nuen, gizon baten oin aztarna aurkitu beharrean, hamabost edo hogei basati aurkitu izan banitu, ni harrapatu nahian, eta haien lasterketa biziaren aurrean, ihes egiteko aukerarik gabe!
Gogoeta horiek lur jota uzten ninduten batzuetan, eta arima atsekabetzen zidaten, eta ezin izaten nuen berehalakoan neure onera etorri, zer egingo nukeen pentsatzean; eta ez bakarrik ezingo nielako aurre egin, baizik eta egin beharko nukeena egiteko nahikoa odol hotzik izango ez nuelako; orduan, gogoeta eta prestaketa askoren ondoren nuena baino askoz gutxiago. Egia esateko, gauza horietan luze pentsatzen aritu ondoren, goibelaldia sortzen zitzaidan, eta batzuetan luze irauten zidan; baina azkenean, Jainkoaren ardurari eskerrak ematea erabaki nuen, ikusten ez ziren arrisku askotatik salbatu ninduelako, eta onik irteteko modurik izango ez nuen kalteetatik gorde ninduelako, gertatzekoak zirenik, ezta gerta zitezkeenik ere ez bainekien.
Horrek lehenago ere askotan bururatu zitzaidan gogoeta berritu zidan, lehenengo aldiz, bizitza honetan aurkitzen ditugun arriskuen aurrean, Zeruak duen esker oneko jarrera ikusten hasi nintzenean. Nola salbatzen gaituen horren era miragarrian, guk ezer jakin gabe! Nola, guk esaten dugun bezala, estu eta larri gaudenean, bide bat hartu edo bestea zalantzan edo nora jo ez dakigula, ezkutuko dei batek bide batera bultzatzen gaituen, beste bidetik jotzeko asmoa dugunean. Are gehiago, senak, barruko joerak, edo agian onurak, beste bidea hartzeko esan digunean, orduan barruko zirrara bitxi batek, nondik sortzen den ez dakigunak, beste bidera bultzatzen gaitu; eta azkenean ikusten dugu, guk genioen bidea, eta gure irudipenak ere hartzeko esaten ziguna, hartu izan bagenu, lur jota eta galduta egongo ginela. Gogoeta horiek eta antzeko beste askok arau bat gogorazi zidaten, hots, barruko dei edo teinkaldi horiek sumatzen nituenean, gauza bat egiteko edo ez egiteko, edo bide batetik edo bestetik jotzeko, barruko agindu horien esana egingo nuela beti, horretarako barruko teinkaldi edo dei horiek beste arrazoirik ez izan arren. Jokabide horrek bizitzan zehar ekarri zizkidan ondorio onen adibide ugari eman nezake, baina bereziki, zoritxarreko uhartean bizi izan nintzen azken garaian, alde batera utzita beste zenbait gertaera, oraingo begi berberekin ikusi izan banitu hobeto aztertuko nituenak. Baina inoiz ez da berandu zuhurra izateko, eta oharrarazi nahi nieke behar bezalako gizon guztiei, bizitzan nireak bezalako gertaera bitxiak bizi izan badituzte, edo ez horren bitxiak, ez ditzatela Goi-arduraren ezkutuko adierazpen horiek gutxietsi, eta adimen ikusezin batek sortuak izan arren, kanporatzen utz ditzatela. Eta horretaz ez eztabaidatu ez azalpenik eman ezin dudan arren, izpiritu aldaketen benetako froga direla, eta gorputza dutenen eta ez dutenen arteko ezkutuko komunikazioarena; aurka egin ezin zaion froga direla, eta zoritxarreko leku honetan handik aurrera bizi izandako egonaldi bakartian, adibide oso adierazgarriak emateko aukera izan dudala.
Iruditzen zait irakurlea ez dela harrituko aitortzen badiot estualdi horiek, bizi nituen etengabeko arriskuek, eta gainera zetozkidan kezkek, etorkizunean bizimodu erosoa eta lasaia izateko egiten nituen asmakizun, eta ahalegin guztiei amaiera eman zietela. Neure segurtasunaz gehiago arduratu beharra nuen janariaz baino. Ez nintzen iltze bat sartzen ausartzen, edo egurra mozten, soinua entzungo zen beldurrez, are gutxiago eskopetaz tiro egiten, arrazoi beragatik; eta, batez ere, larritu egiten ninduen sua pizteak, keak, salatuko ninduen beldurrez, egunez oso urrutitik ikusten baitzen; eta horregatik, su premia zuen lana, hala nola ontziak, pipak, eta abar egitea, mendialdeko bizileku berrira eraman nuen, eta han, denboraldi bat igaro ondoren, adierazi ere ezin dudan nire zorionik onenerako, leizezulo handi bat aurkitu nuen, eta esango nuke, basati bakar bat ere, atean egon arren, ez litzatekeela ausartuko han sartzen; ezta beste inor ere, baldin eta, ni bezala, gordeleku seguru bat nahiko ez balu.
Leizezuloaren ahoa harkaitz handi baten beheko aldean zegoen, eta halabehar hutsez (hala esango nuke, gauza horiek Jainkoaren ardurari egozteko arrazoi ugari ikusi izan ez banitu), hantxe ari nintzen ikatza egiteko zuhaitz adar sendo batzuk mozten. Baina aurrera egin aurretik, adierazi nahi dut zein zen ikatza egiteko nuen arrazoia.
Bizilekuaren inguruan sua pizteko beldurrez nengoen, lehen esan dudan bezala, baina ezin nintzen bizi ogia egosi gabe, janaria prestatu gabe, etab. Beraz bururatu zitzaidan mendian egurra erretzea, Ingalaterran zotalaren azpian egiten ikusi nuen bezala, zotal-ikatza edo ikatz lehorra egin arte; eta gero sua itzali, eta ikatza etxera eramateko prest uzten nuen, etxean sua ezinbestekoa nuen zereginetan erabiltzeko, baina kearen arriskurik gabe.
Baina hori bide batez esan dut. Egurra mozten ari nintzela, konturatu nintzen zuhaixka edo sasi adar lodi baten atzean, zulo moduko bat zegoela. Ikusmina sortu zitzaidan eta ahotik nekez sartu ondoren, barrua handi samarra zuela ikusi nuen, alegia, nahikoa ni barruan zutik egoteko eta agian beste norbait ere bai. Baina aitortu behar dizut sartu nintzena baino bizkorrago irten nintzela, barrura begiratu, eta erabat ilun zegoen arren, izaki baten bi begi zabal eta distiratsu ikusi nituenean. Deabruarenak edo gizonarenak ziren ez nekien, baina bi izar balira bezala keinu egiten zuten, leizezuloko sarreratik sartzen zen argi izpia haietan islatzen zenean.
Dena den, etenaldi baten ondoren neure onera etorri nintzen, eta ergela baino ergelagoa nintzela hasi nintzaion neure buruari aurpegiratzen, eta esaten, deabrua ikusteagatik beldurtzen zena ez zela gai uharte batean bakarrik hogei urtez bizi izateko, eta sinetsi beharra nuela leizezulo horretan ez zegoela ni baino gauza beldurgarriagorik. Berehala, zuzpertu nintzen, eta zuzi handi bat hartuta, berriro sartu nintzen, makila sugarretan neramala. Ez nituen hiru urrats eman, eta lehen bezain izutua nengoen berriro, izan ere, hasperen ozen bat entzun bainuen, oinazez dagoen gizon batena bezalakoa, eta ondoren ozentasun txikiko hots bat, hitzak marmarka esaten direnean bezalakoa, eta azkenik berriro ere hasperen ozen bat. Atzera egin nuen, eta orduan izan nuen ezusteak izerdi hotza zeridala utzi ninduen, eta buru gainean kapela jantzita izan banu, ez dakit hari eusteko gai izango nintzen, ileek burutik altxa egingo baitzuten. Baina nola edo hala bihotza zuzpertu zitzaidan, eta pixka bat adoretu nintzen, Jainkoaren indarra eta Jainkoa bera leku guztietan zegoela, eta ni babestuko ninduela gogoan hartuz. Beraz, berriro egin nuen aurrera, eta burua baino pixka bat gorago neraman zuziaren argiari esker, aker zahar ikaragarri eta izugarri bat ikusi nuen lurrean etzanda, guk esaten dugun bezala, hilburukoa egiten, hilzorian; besterik gabe, zahartua azken hatsa ematen.
Pixka bat zirikatu nuen handik aterarazteko, eta zutik jartzen ahalegindu zen, baina ezin izan zuen. Orduan iruditu zitzaidan han gera zitekeela, eta ni horrenbesteraino izutu baninduen, berdin-berdin izu zezakeela basatiren bat, baldin eta animalia bizirik zegoen bitartean, han sartzeko ausardia nahikoa bazuen.
Ezustearen ondoren neure onera etorri, eta ingurura begiratzen hasi nintzen, eta leizezuloa oso txikia zela konturatu nintzen. Hamabi oin inguru izango zituen, baina itxura zehatzik gabe, ez zen ez biribila ez lauki formakoa, ez baitzuen inongo eskuk landu izadiarenak berarenak izan ezik. Era berean albo batean aurrera egiten zuen bide bat bazela ikusi nuen; baina oso apala zen, eta handik sartzeko eskuak eta zangoak lurrean jarri behar nituen eta ez nekien bidea handik nora zihoan. Horrenbestez, kandelarik ez nuenez gero, asmoa bertan behera utzi nuen pixka baterako, baina hurrengo egunean itzultzea erabaki nuen, kandelak, eta, mosketeetako baten gakoa eta haren sutautsa erabiliz egina nuen supiztekoa hartuta.
Horrenbestez, biharamunean neronek egindako sei kandela handi hartuta itzuli nintzen, ahuntz-bilgorraz kandela bikainak egiten bainituen. Eta leku apal horretan sartu eta lauoinka ibili beharra izan nuen, esan bezala, ia hamar iarda; eta bide batez, esango dut, abentura arriskutsu samarra zela, kontutan hartzen badugu ez nekiela bidea noraino iritsiko zen edo harantzago zer zegoen. Mehargune horren amaierara iritsi nintzenean, ikusi nuen sabaiak gora egiten zuela, hogei oin inguru edo. Baina esango nuke ez nuela inoiz uhartean ikuskizun miragarriagorik begien aurrean izan, zulo edo gela horretako alboetara eta sabaira begiratzean izan nuena baino, hormek nire bi kandeletako argitik ehun mila argi islatzen zituztela ikusi bainuen. Harkaitzetan zer zegoen, diamanteak, beste harri bitxiren batzuk edo urrea, ez nekien, hala uste nuen arren.
Leku hura hutsune edo haitzulorik zoragarriena zen, ezinbestean, erabat ilun egon arren. Lurra lehorra eta laua zen, eta gainean hartxintxarrak zituen; ez ziren animalia pozointsuak edo nazkagarriak ikusten, ez zegoen ez urik ez hezetasunik hormetan. Zailtasun bakarra sarrera zen, baina babesleku bat zenez gero, eta nik nahi nuen bezala, gordelekua, abantaila iruditu zitzaidan. Eta aurkikuntzarekin benetan pozik nengoenez gero, erabaki nuen atzerapenik gabe, gehien kezkatzen ninduten gauzak leku horretara eramatea; bereziki sutautsa, eta bada-ezpadako armak, alegia, bi ehiza eskopeta, denera hiru bainituen, eta hiru moskete, zortzi bainituen denera. Beraz, nire gazteluan bost besterik ez ziren geratu, erabiltzeko prest kanoi-etxeetan lotuta, kanpoko hesian kanoiak balira bezala, eta prest nituen baita ere edozein ibilalditarako.
Munizioa lekuz aldatu nuenean, aukera izan nuen ura alde bakoitzetik hiruzpalau hatzetaraino sartu zitzaiolako itsasontzian hezea aurktiu nuen upela irekitzeko; baina bustitakoa gogortu eta trinkotu ondoren, erdigunea babestua geratu zen, alea oskol barruan bezala, eta horrenbestez ia hirurogei libra sutauts bikain aurkitu nituen upelaren erdialdean. Eta hori aurkikuntza pozgarria izan zen niretzat une horretan, beraz leizezulora eraman nuen, eta ez nuen inoiz gazteluan bizpahiru libra baino gehiago utzi, ezusteren bat gertatuz gero, hari aurre egiteko. Era berean balak egiteko nuen berun guztia ere hara eraman nuen.
Neure burua leizezuloetan eta harkaitzetako zuloetan edonoren irispidetik kanpo bizi ziren antzinako erraldoien antzekotzat neukan; eta neure buruari sinestarazi nion, han egon bitartean, bostehun basati ni harrapatzera etorriko balira ere, ez nindutela aurkituko, eta aurkituko banindute ere, han ez liratekeela niri eraso egitera ausartuko.
Hilzorian aurkitu nuen aker zaharra, hurrengo egunean hil zen leizezuloaren sarreran, eta errazagoa iruditu zitzaidan zulo bat egin eta han bertan luperatzea, kanpora arrastaka eramatea baino; beraz han ehortzi nuen, kiratsik sor ez zedin.
Uhartean neraman hogeita hirugarren urtea zen, eta horren ohitua nengoen lekuarekin eta hango bizimoduarekin, ezen jakingo banu basatiek ez zidatela trabarik egingo, arazorik gabe amore emango bainuen geratzen zitzaizkidan egunak han igarotzeko, baita azken unea iritsi arte ere, han etzanda jarri eta hil arte, aker zaharrak leizezuloan egin zuen bezala. Atsedenaldi eta jolas txiki batzuk ere asmatu nituen, eta denbora lehen baino askoz gustorago igaroarazten zidaten. Horrela, lehenik eta behin, Polli, lehen esan bezala, hitz egiten irakatsi nion, eta horrenbesteko erraztasunez eta horren argi eta garbi egiten zuenez gero, atsegin handia ematen zidan. Ez zituen nirekin hogeita sei urte baino gutxiago egin. Geroztik zenbat iraun zuen ez dakit. Dena den, Brasilen uste dutenez, papagaiak ehun urte bizi daitezke. Agian Poll gizajoa bizirik dago oraindik, Robinson Crusoe gizajoari deika. Ez nuke nahi inongo ingelesek hara joan eta hari entzuteko zoritxarrik izatea, baina hala gertatuko balitz, deabrua zela pentsatuko luke. Zakurra lagun atsegina eta maitagarria izan nuen gutxienez hamasei urtez, eta gero zaharrez hil zen. Katuei zegokienean, lehenago esan dudan bezala, horrenbesteraino ugaldu ziren, ezen hasieran zenbaiti tiro eman behar izan bainien, ni eta nire gauza guztiak irensten ez uzteko; baina azkenean, uhartera eraman nituen bi katu zaharrenak hil zirenean, eta denboraldi batean besteak handik uxaten aritu ondoren eta jaten eman gabe, basora ihes egin eta basati egin ziren denak, etxerako gorde nituen bizpahiru gustokoenak izan ezik; baina umeak egiten zituztenean, haiek hartu eta ito egiten nituen beti; horiek ere familiakoak nituen. Gainera, nire eskutik jaten zekiten bizpahiru antxume izaten nituen beti etxean. Beste bi papagai nituen, hizketan ongi moldatzen zirenak, eta «Robin Crusoe» deitzen zidatenak, baina ez lehenengoak bezain ongi, ez batarekin ez bestearekin ez bainituen lehenengoarekin hartu nituen lanak hartu. Hegazti batzuk ere banituen, baina haien izenik ez nekien. Hondartzan harrapatu, eta hegoak moztu nizkien, eta gaztelu aurrean landatu nituen zurkaitz txikiak ordurako zuhaizti sarri bihurtu zirenez gero, hango zuhaixketan bizi ziren, eta handik jaten zuten; eta horrek giro alaia sortzen zuen. Beraz, lehen esan dudan bezala, neraman bizitzarekin pozik nengokeen, basatiek eragiten zidaten beldurraren kontra babesik izan banu.
Baina beste era batera gertatu zen, eta ez legoke gaizki nire kontakizunarekin topo egiten duten guztiek honako honi arreta berezia jartzea; alegia, askotan, gure bizitzan, ihes egin nahi izaten diogun zoritxarra, eta harrapatzen gaituenean gauzarik ikaragarriena iruditzen zaiguna, askotan, gure salbamenerako bidea edo atea izaten dela, eta handik eroritako nekalditik irten gaitezkeela. Nire bizitza adieraztezinean gertatutako horren adibide ugari emango nituzke, baina bat ere ez uharte bakartian bizi izan nintzen azken urteetako egoeran gertatutakoa baino nabarmenagoa.
Abendua zen, lehen esan dudan bezala, han neraman hogeita hirugarren urtean, eta neguko solstizioaren garaia zenez gero (negua ezin bainion esan), nire uzta garaia zen, eta soroetan askotan ibili beharra izaten nuen. Egun batean, goizean goiz, ia eguna argitu baino lehen irten nintzen, eta harri eta zur geratu nintzen hondartzan suaren distira ikusi nuenean, ni nengoen lekutik uhartearen beste muturrerantz bi milia ingurura, lehen ere basatiak izan zirela sumatu nuen leku berean. Baina orduan ez zeuden uhartearen beste aldean, nire atsekabe handirako, uhartearen nire aldean baizik.
Hura ikusi eta txunditua geratu nintzen, eta nire zuhaiztira sartu eta ez nintzen irteten ausartu, ikusiko nindutelakoan, eta hala ere ez nengoen lasai; izan ere, basatiek, uhartera egiten zituzten ikustaldietan, nire aleak, soroetan nahiz moztuta, edo nik egindako beste lanak edo hobekuntzak aurkituko balituzte, berehala han norbait bizi zela erabaki, eta ni aurktitu arte etsiko ez zuten beldur bainintzen. Estu eta larri itzuli nintzen gaztelura, eskailera jaso eta gauza guztiei ahal izan nuen itxura basati eta bertakoena eman nien.
Gero neure burua prestatu nuen, eta babesean jarri nintzen. Kanoi guztiak, nik esaten nien bezala, bete nituen; hau da, hesi berriaren gainean kokatuak nituen mosketeak, eta nire pistola guztiak; eta neure burua babestea erabaki nuen azken arnasa eman arte, neure burua zeruko Jaunaren esku uztea, eta Jainkoari basatien eskuetatik salbatzeko adoretsu otoitz egitea ahaztu gabe. Horrela eman nituen beste bi ordu, baina ezinegona hasi zitzaidan pizten kanpoan zer gertatzen ari zen jakiteko, ez bainituen kanpora bidaltzeko zelataririk.
Beste pixka batean eserita egon ondoren, zer egin behar nuen erabaki nahian, ezin izan nuen denbora luzeagoan geratu zer gertatzen ari zen jakin gabe; beraz eskailera hartu, eta lehen esandako leku laura igotzeko moduan jarri nuen, gero berriz jaso, eta berriz jarri nuen, horrela mendi tontorreraino iritsi arte. Soinean neraman betaurreko luzea atera, eta lurrean etzanda jarri nintzen ahozpez; eta leku hartara begiratzen hasi nintzen. Konturatu nintzen bazirela gutxienez bederatzi basati biluzik haiek egindako su txiki baten ingururan, ez berotzeko, ez baitzuten horren premiarik, eguraldia oso beroa baitzen, baizik eta, iruditzen zitzaidanaren arabera, beraiekin, ez nekien bizirik edo hilik, ekarritako gizonekin giza haragizko otordu ikaragarri horietako bat prestatzeko.
Bi kanoa eraman zituzten hondartzaraino, eta itsasbehera zenez gero, iruditu zitzaidan itsasgora iristeko zain zeudela handik alde egiteko. Ez da erraza ikuskizun hark eragin zidan nahasmendua ulertzea, batez ere uhartearen nire aldean ikusi nituelako eta niregandik oso hurbil. Baina konturatu nintzenean itsasbehera zenean etortzen zirela, zertxobait baretu zitzaidan barrua, banekien eta itsasgora zen bitartean arriskurik gabe irten nintekeela, ordurako hondartzara iritsi ez baldin baziren behintzat; eta horretaz ohartuz gero, uzta biltzera lasaiago irteten nintzen.
Espero nuena gertatu zen. Itsasaldia mendebalerantz hasi orduko, txalupak hartzen ikusi nituen, eta arraun eginez (edo arrabatzen, guk esaten diogun bezala) urrundu ziren. Aipatu behar dut, alde egin baino lehenago, ordubetez edo dantzan aritu zirela, eta betaurreko luzeen laguntzaz haien jarrerak eta keinuak ongi ikusten nituen arren, biluzik zeudela besterik ezin izan nuen antzeman, eta ez zutela soinean estalki txikienaren arrastorik; baina ez ordea gizonezkoak ala emakumezkoak ziren.
Txalupetan sartu eta joan zirela ikusi bezain laster, bi eskopetak hartu nituen bizkarrean, bi pistolak gerrian, eta zorrorik gabeko ezpata handia saihetsean, eta ahal bezain bizkor igo nintzen lehenengo aldiz basatiak ikusteko igo nintzen mendi tontor bereraino. Iritsi bezain laster, eta gutxienez bi ordu behar izan nituen (ezin bainintzen bizkorrago ibili armen pisua zela eta), konturatu nintzen basatiek beste hiru kanoa zituztela han, eta urrutira begiratu eta ikusi nuen itsasoan denak elkarrekin zihoazela kontinenterantz.
Ikuskizun ikaragarria iruditu zitzaidan, batez ere hondartzara jaitsi eta iharduera ikaragarriaren arrastoak begien aurrean izan nituenean, alegia, odola, hezurrak, eta pozik eta atsegin hartzeko, gizatxar horiek jan eta irentsi zituzten giza gorputzen haragi puskak. Horrek neure onetik atera ninduen, eta etor zitezkeen hurrenak txiki-txiki egiteko erabakia hartu nuen, bost axola zeintzuk eta zenbat ziren.
Gauza nabarmena iruditu zitzaidan uhartera ez zituztela ikustaldiak oso maiz egiten, hamabost hilabete baino gehiago igaro baitziren berriz hondartzara etorri arte, beste era batera esanda, ez nituen ikusi, eta ez nuen haien aztarnarik ez arrastorik aurkitu denbora horretan guztian, euriteen garaian ez baitziren seguruenik irtengo, ez behintzat horren urrutiraino. Halere, bitarte horretan ez nintzen lasai bizi izan, etorri eta ezustean harrapatuko ninduten etengabeko beldurra zela medio. Horren ondorioz konturatu naiz, zoritxarraren zain egotea oinazea bera baino saminagoa dela, batez ere itxaron beharra edo beldurra bera baztertzeko modurik ez denean.
Bitarte horretan gogaldi txarrean egon nintzen, eta ordu gehienak hobeto erabili beharrean, basatiak ikusten banituen nola inguratuko nituen eta nola oldartuko nintzaien pentsatzen eman nituen, batez ere, azken aldian bezala, bi taldetan bereizita baldin bazeuden. Ez nuen kontutan izan talde bat hiltzen banuen, jo dezagun hamar edo hamabi zirela, hurrengo egunean, edo astean edo hilean beste bat hil beharko nuela, eta horrela ad infinitum, azkenean ni ere haiek gizajale izateagatik ziren bezain hiltzaile bihurtu arte, edo are gehiago.
Egunak kezkatuta eta ezinegoenean igaro nituen, egunen batean esker gaiztoko izaki horien eskuetan eroriko nintzen beldurrez, eta noiz edo noiz irteten ausartzen banintzen, inguruan arreta eta kontu handienaz begiratu ondoren egiten nuen. Eta orduan atseginez ohartu nintzen, bete betean asmatu nuela animalia talde bat edo ahuntz talde bat osatzean, ez bainintzen, inolaz ere eskopetari tiro egitera ausartzen, batez ere basatiak azaltzen ziren uhartearen aldetik hurbil, haiek ez asaldatzeko. Orduan ihes egiten bazidaten, ziur nengoen berriz itzuliko zirela, agian berrehun edo hirurehun kanoatan, eta orduan banekien zer gertatuko zen.
Dena dela, urtebete eta hiru hilabete igaro ziren berriz basatiak ikusi arte, eta orduan berriz aurkitu nituen, berehala azalduko dudan bezala. Egia da, agian, behin edo bitan izan zitezkeela uhartean, baina han geratu gabe, edo nik behintzat ikusi gabe. Maiatzean ordea, nire kontuen arabera, uhartean neraman hogeita laugarren urtean, topo egite bereizi bat izan nuen haiekin; baina bere garaian emango dut horren berri.
Nire barruko ezinegona hamabost hamasei hilabeteetako tarte horretan oso handia izan zen. Ez nuen lasai lo egiten, amets ikaragariak nituen, eta askotan izutua esnatzen nintzen gauez. Egunez arazo larriek kezkatzen ninduten, eta gauez askotan basatiak hiltzen nituela, eta egindakoa zuritzeko arrazoi bila aritzen nintzela, amesten nuen.
Baina hori guztia alde batera utzita, maiatzaren erdialdea edo izango zen, hamaseia edo, iruditzen zait, nire egurrezko egutegi errukarriak erakusten zidanaren arabera; bada, esaten ari nintzen bezala, maiatzaren hamaseia izango zen, eta egun osoan haize erauntsi ikaragarria egin zuen, tximista eta trumoi ugari eta guzti. Hurrengo gaua ere ikaragarria izan zen. Ez dakit zer zela eta, baina Biblia irakurtzen ari nintzen, eta nire egoeraz gogoeta sakonak egiten, nire ustez itsasotik zetorren kanoi baten hotsak ustekabean harrapatu ninduenean.
Hori, egia esateko, ordu arte izan nituen ezusteen ondoan oso bestelakoa izan zen, hark ekarri zizkidan pentsamenduak oso beste era batekoak izan baitziren. Ziztu bizian jaiki nintzen eta, berehala kokatu nuen eskailera harkaitzaren kontra; eskailera igo, jaso eta bigarren aldiz jarri ondoren, mendi tontorreraino iritsi nintzen; hain zuzen ere, su distirak bigarren kanoikada entzungo nuela oharrarazi zidan unean, eta horrela, minutu erdi edo geroago, entzun nuen. Hotsa entzun eta, konturatu nintzen ur-lasterrak txalupa eta guzti eraman ninduen itsasaldetik zetorrela.
Berehala pentsatu nuen larrialdian zegoen itsasontziren bat izan behar zuela, eta beste itsasontzi laguntzaileren bat izango zuela inguruan, eta kanoiaz tiro egingo ziola larrialdia adierazteko eta laguntza eskatzeko. Une horretan nahikoa lasaitasun izan nuen pentsatzeko, nik ezin banien lagundu, agian haiek lagunduko zidatela niri; beraz, ahal izan nuen egur abar lehor gehienak bildu, eta pila eder bat egin ondoren, sua piztu nuen mendi tontorrean. Abarrak lehorrak zeuden eta primeran hartu zuten su, eta haizeak oso gogor jotzen zuen arren, ongi erre ziren. Ziur nengoen, itsasontziren bat baldin bazen, sua ikusi beharko zuela, eta zalantzarik gabe ikusi zuen; izan ere, suak indarra hartu bezain laster beste tiro bat entzun bainuen, eta haren atzetik beste batzuk, denak leku beretik. Gau osoan zaindu nuen sua, eguna argitu arte, eta egun argia izan zenean eta zerua garbi geratzean, urruti zerbait ikusi nuen itsasoan, uhartearen ekialdean, hain zuzen ere. Haize-oihal bat zen ala ontzi-azala ezin nuen garbi ikusi, ezta betaurreko luzearekin ere, urrunegi baitzegoen itsas zabalean, eta eguraldia lainotu samarra baitzegoen oraindik.
Egunean zehar askotan begiratu nion, eta laster konturatu nintzen ez zela mugitzen, eta horrenbestez itsasontzia ainguratua egongo zela, baina jakinahia asetzeko eskopeta hartu, eta lasterka joan nintzen uhartearen hegoalderantz, ur-lasterrak eraman ninduen harkaitzetaraino. Harkaitzetara igo eta, zerua ordurako erabat garbi zegoenez gero, argi eta garbi ikusi nuen, nire zoritxar handirako, hondoa jotako itsasontzi bat, gauean ezkutuan zeuden harkaitz batzuen kontra jo zuena, txalupan irten nintzenean aurkitu nituen harkaitz berberen kontra, hain zuzen ere; eta harkaitz horiek berak ziren ur-lasterraren indarrari traba egiten ziotenez, eta urak haien kontra jo eta gainezka egitean nolabaiteko zurrunbiloa sortzen zenez gero, aukera eman zidatenak bizitza osoan izan dudan egoera zoritxarrekoenetik eta etsienetik irteteko.
Baina gizon baten salbamena beste baten hondamena izaten da, eta, zirudienez, gizon horiek, edonor zirela ere, han zegoena ezagutu gabe, eta harkaitzak erabat urpean zeudela, gauez leku horretaraino joan ziren, haizeak bultzata, ekialdetik eta ekialde-iparralde-ekialdetik gogor jo baitzuen. Uhartea ikusi izan balute, eta nahitaez ezetz pentsatu behar dut, ahalegin guztiak egingo zituzten hondartzara txalupetan iristeko; baina laguntza eske egin zituzten tiroek, sua ikustean batez ere, hala uste nuen behintzat, gogoeta ugari ekarri zizkidaten burura. Hasieran pentsatu nuen, nire argia ikusita, txalupetan sartuko zirela eta hondartzaraino iristeko ahaleginak egingo zituztela; baina agian itsaso zakarrak beste norabait eramango zituela. Beste batzuetan pentsatzen nuen txalupa lehenago galdua izango zutela, askotan gertatzen den bezala; itsas-hautsiak askotan behartzen baititu itsasgizonak txaluparen azpia zulatzera, edo txiki-txiki egitera, eta batzuetan txalupa hartu eta ontzi gainetik botatzera. Beste batzuetan bururatzen zitzaidan itsasontzi laguntzaileren bat edo gehiago zihoazela harekin batera, eta larrialdi seinaleaz jabetzean, itsasgizonak jaso eta handik eramango zituztela. Besteetan denak txalupan itsasoratuko zirela etortzen zitzaidan burura, eta nik ezagutu nuen ur-laster berak, itsas handira eramango zituela, eta han zoritxarra eta heriotza besterik ez zutela aurkituko, eta agian, goseak hilko zirela etsita egongo zirela, edo bata bestea jateko moduko egoeran.
Horiek guztiak gehienez ere uste hutsak ziren, eta nire egoeran, gizon gizajo haien zoritxarra ikusi eta haietaz errukitu besterik ezin nuen egin; eta horrek nigan eragin ona zuen, gero eta arrazoi gehiago bainituen Jainkoari eskerrak emateko, horrenbesteko pozez eta erosotasunez hornitu ninduelako nire egoera ilunean, eta munduaren inguru honetan hondoa jo zuten bi itsasontzietatik bizirik atera zen bakarra izateagatik. Berriro ikasi nuen zaila dela Jainkoaren ardurak inor bizimodu txarrera edo zoritxar handietara bidaltzea, aldi berean eskerrak emateko arrazoiren bat edo beste badela, eta beste batzuk gurea baino egoera okerragoan daudela ikusteko aukerarik eman gabe.
Hori zen zalantzarik gabe gizon horien zoria, ez bainuen arrazoririk ikusten salbatu zirela uste izateko. Arrazoizkoena zirudien denak hil zirela pentsatzea edo uste izatea, baldin eta haiekin batera zihoan beste itsasontziren batek jaso ez baldin bazituen, eta hori aukera txiki bat besterik ez zen, ez bainuen horrelako zerbait gertatu zela uste izateko arrastorik edo ezaugarririk bat ere ikusi.
Ez nituen behar nituen hitzak aurkitzen, hura ikustean barruan sortu zitzaizkidan irrikak eta gogoak nahikoa indarrez adierazi ahal izateko, eta batzuetan hitz hauek esanarazten zidaten: «Gutxienez bat edo beste, edo hobeto esan, arima bakar bat itsasontzitik onik atera balitz, edo ihes egin balu eta niregana etorri, eta horrela lagun bat, adiskide bat izan, niri hitz egiteko eta nik harekin hitz egiteko! Nire bizitza bakartian ez nuen inoiz horren gogo bizi eta gartsua izan adiskideen laguntasuna izateko, edo ez nintzen hura galtzeagatik horrenbeste damutu.
Badira gure grinetan ezkutuko baliabideak, zeinak aurrean dugun gauza bat ikustean, edo aurrean ez badago ere, irudimenaren indarrak irudikatzen dituenean, arima horrenbesteko indarrez oldarrarazten baitute gauza hori besarkatzera, ezen haren hutsa jasanezina egiten baita.
Bai gogo bizia nuela gutxienez gizon bakar bat salba zedin! Bakar bat behintzat salbatu balitz! Uste dut hitz horiek mila aldiz errepikatu nituela: «Baten bat salba zedila!». Eta hitz horiek esatean horren hunkitua nengoenez gero, eskuak bata bestearen kontra estutu, eta hatzak esku ahurren kontra zapaltzen nituen, eta gauza bigunen bat izan banu eskuan, nahi gabe txiki-txiki egingo nukeen. Hortzek karraska egiten zidaten eta horren estu nituen jarrita elkarren kontra, ezen tarte batean ezin bereizi izan bainituen.
Naturalistek argi ditzatela gauza horiek, eta horien arrazoia eta izaera. Egin dezakedan gauza bakarra gertaera adieraztea da, niri ere harrigarria egin baitzitzaidan, eta ez bainekien nondik sortu zen. Zalantzarik gabe, gogo gartsuen eta adimenean eratu zitzaizkidan ideia indartsuen eragina izango zen, adiskide kristau batekin izandako elkarrizketak on egingo zidala konturatzea.
Baina ez zen halakorik gertatu. Haien halabeharrak edo nireak, edo bionak debekatu zuten, eta uhartean egon nintzen azken urtea arte ez nuen jakin itsasontziko inor salbatu zen ala ez, eta handik egun batzuetara, itota iritsi zen marinel baten gorpua ikusteko atsekabea besterik ez nuen izan, hondoratzetik gertu zegoen uharteko mutur bateko hondartzan. Marinelen jipoi bat, belaunetarainoko lihozko barruko galtzak eta lihozko alkandora urdin bat beste jantzirik ez zuen, baina zein herrialdeetakoa zen erakusten zidan ezer ere ez zeraman. Sakelean bi zortziko txanpon eta pipa bat besterik ez zuen, eta azkenak hamar aldiz besteak baino balio handiagoa zuen niretzat.
Itsasoa bare zegoen eta itsasontzi hondoratura nire txalupan abiatzeko erabakia hartua nuen, zalantzarik ez bainuen gauza erabilgarriren bat aurkituko nuela han. Baina horrek ez ninduen ontzian izaki bizidunen bat aurkitzeko aukerak adina bultzatzen, ez bainuen soilik haren bizia salbatuko, harena salbatuz nirea zuzpertuko bainukeen neurri handi batean. Pentsamendu hori izugarri sartu zitzaidan bihotzean, eta ezin nuen lasai egon ez egunez ez gauez, eta itsasontzira nire txalupan joatea nahitaezkoa nuen. Eta gainerakoa Jainkoaren arduraren esku utzita, iruditu zitzaidan, zirrara oso handia zela eta ezingo niola ihes egin, eta ezkutuko lekuren batetik etorri behar zuela, eta joaten ez banintzen ez niola neure buruari barkatuko.
Zirrara horren indarrak bultzatuta, presaka itzuli nintzen gaztelura, eta bidaldia egiteko gauzak prestatu nituen. Ogi pila handia hartu nuen, ur freskoz betetako ontzi handi bat, bidea erakusteko ipar-orratza, botila bat ron (oraindik asko geratzen baitzitzaidan), eta mahaspasaz betetako saski bat. Eta horrela, behar nuen gauzez zamatua, txaluparaino jaitsi nintzen; ura atera nion, uretan jarri nuen eta zama guztia barruan utzi eta etxera itzuli nintzen gauza gehiagoren bila. Bigarren zamaldian zakukada handi bat arroz, txalupan buruari itzala egiteko kokatuko nuen euritakoa, urez betetako beste ontzi bat, lehen baino bi dozena inguru opiltxo edo garagar ogi gehiago, botila bat ahuntz esne eta gazta bat. Eta dena nekez eta pekez txaluparaino eraman nuen. Eta Jainkoari nire itsasaldia zuzentzeko erregutu ondoren, abiatu nintzen. Arraun eginez, edo arrabatuz, kostaldetik hurbil aurrera egin zuen kanoak, eta uhartearen beste aldeko, alegia, ipar-ekialdeko azken muturreraino iritsi nintzen. Orduan ozeanora oldartzeko garaia nuen, ausartu ala ez ausartzekoa. Urrutian uhartearen bi alboetan etengabe mugitzen ari ziren ur-laster biziei begiratu nien, eta ikaragarriak iruditu zitzaizkidan, bizi izan nituen arriskuak gogora ekartzen zizkidatelako, eta bihotza huts egiten hasi zitzaidan. Izan ere, konturatu bainintzen ezinbestean ur-laster horietakoren batean sartuz gero, ur tirak itsasoan oso barrura eramango ninduela, eta agian berriro ere uhartera itzultzeko edo uhartea ikusteko modurik ez nuela izango; eta gainera, txalupa horren txikia zenez gero, haize bolada txikienak joko balu ere, ezinbestean galduta egongo nintzela.
Gogoeta horiek horrenbesteraino estutzen zidaten bihotza, ezen eskuartean nuena bertan behera uztea bururatzen hasi baitzitzaidan. Txalupa kostaldeko itsasarte txiki bateraino eraman nuen, eta ontzitik jaitsi eta lur tontor txiki baten gainean eseri nintzen, pentsakor eta urduri, bidaldia egiteko beldurrez eta irrikaz aldi berean. Horretan pentsatzen ari nintzela, konturatu nintzen itsasaldia aldatu egin zela, itsasgora zela, eta horregatik zenbait ordutan ezingo nintzela abiatu. Hori zela eta, bururatu zitzaidan aurki nezakeen mendi tontor garairaino igo nintekeela eta handik, ahal izanez gero, itsasgora zenean ur tiraren edo ur-lasterren mugimenduak aztertu, eta horrenbestez erabaki, ur-laster horietako batek urrunarazten baninduen, beste bideren bat izango nuen ala ez, ur-lasterren lastertasuna bera erabiliz, etxera itzultzeko. Hori bururatu bezain laster, begiak muino batera zuzendu nituen, zeinak uhartearen bi alboak nahikoa ongi hartzen baitzituen, eta ur-lasterrak edo itsasaldiak argi eta garbi ikusteko, eta baita itzulerarako zein bide hartu behar nuen erabakitzeko ere, aukera ematen baitzidan. Orduan ikusi nuen itsasbeheraren ur-lasterra uhartearen hegoalde ondotik abiatzen zela, eta itsasgorakoa iparraldeko itsasertzaren ondotik. Itzuleran uhartearen iparralderantz jo besterik ez nuen egin behar, eta horrela asmatuko nuen.
Azterketa hori egin ondoren adoretsuago nengoen, eta hurrengo goizean lehenengo itsasaldiarekin abiatzea erabaki nuen, eta gauean, aipatutako longain handiaz estalita, kanoan atseden hartu ondoren, abiatu nintzen. Itsasoan barrena tarte batean iparralderantz abiatu nintzen, ekialdetik zetorren ur-lasterraren abantaila sumatzen hasi arte, eta indarrez eraman ninduen, baina ez hegoaldeko ur-lasterrak aurrekoan eraman ninduen adina, alegia, txaluparen gidaritza galarazi gabe. Orduan arrabari gogor eragin, eta bizkor joan nintzen itsasontzi hondoraturaino, eta bi ordu baino gutxiagotan ontzi gainera igo nintzen.
Ikuskizun tamalgarria zen hura. Itsasontzia, eraikuntzaz espainiarra, trabatua zegoen erabat, estu-estu sartua harkaitzen artean. Txopa eta hegala txiki-txiki egin zituen itsasoak, eta harkaitzetan indar handiz sartu, eta harrapatua zegoen txopako gazteluak eramanak zituen ontzi gainetik masta nagusia eta brankako masta, hau da, errotik aterata zeuden; baina branka-haga osorik zegoen, eta ontziaren aurrealdea eta branka tinko zeudela zirudien. Hurbildu nintzenean zakur bat azaldu zen ontzi gainean, eta ni hurbiltzen ikustean, negar-intzirika hasi zen. Deitu bezain laster, itsasora jauzi egin zuen niregana hurbiltzeko, eta txalupan sartu nuen, baina goseak eta egarriak erdi hilik zegoen. Opil bat eman nion eta elurretan hamabost egun jan gabe goseak amorratua dagoen otso baten antzera jan zuen. Animalia errukarriari ura eman nion, eta nahi zuena edaten utzi izan banio, lehertu egingo zen.
Gero ontzi gainera igo nintzen, eta lehenik eta behin bi gizon itota ikusi nituen ontziko sukaldean edo brankako gazteluan, elkar besarkatuz. Atera nuen ondorioa izan zen, ziurrenik, ekaitzaldian itsasontziak hondoa jo zuenean, itsasoa horren harrotua zegoenez gero, eta etengabe ontziari ura gainera etortzen zitzaiola, gizonek ezingo zutela hura jasan, eta bata bestearen kontra jarrita elkar itota hilko zirela, uraren etengabeko danbatekoen ondorioz, urpean egon balira bezalaxe. Zakurraz gainera ez zegoen beste ezer bizirik ontzian, eta ez nuen ikusi urak alferrik galdu gabeko ondasunik bat ere. Bazeuden edari biziz betetako upel batzuk sotoko behealdean, itsasbeherak ura jaitsiarazi zuenean ikusi ahal izan nituenak. Ez nekien ardoa edo brandy-a zen, baina handiegiak ziren handik ateratzeko. Kutxa batzuk ikusi nituen eta itsasgizonen batenak izango zirela pentsatu nuen. Horietako bi hartu eta txalupan sartu nituen barruan zutena aztertu gabe.
Branka osorik egon balitz eta txopa hondatua, iruditzen zait bidaldia ona izango zela niretzat; izan ere, bi kutxa horietan aurkitu nuenak, bidea ematen zidan ontzian ondasun pila handia zegoela uste izateko; eta zeraman bideari begiratuta, esango nuke Ameriketako hegoaldean, Brasil baino urrunago zegoen Buenos Airesetik edo Rio de la Platatik abiatu, eta Mexikoko golkoan zegoen Habanara zihoala, eta handik agian Espainiara. Bazuen, zalantzarik gabe, altxor handi bat barruan, baina une horretan alferrikakoa edonorentzat; eta gainerako ontzi gizonei zer gertatu zitzaien ez nekien.
Kutxa horiez gainera, hogei galoi inguruko upel txiki bat aurkitu nuen edari biziz betea, eta zailtasun handiz baina sartu nuen txalupan. Gela batean moskete batzuk zeuden, eta barruan sutauts adar handi batean lau libra inguru sutauts. Mosketeak ez nituen behar, eta han utzi nituen, baina adarra hartu nuen. Pala bat eta matxardak gorde nituen, haien premia handia bainuen; eta baita brontzezko bi te ontzi txiki, kobrezko txokolate ontzi bat eta burduntzi bat ere. Zama hori eta txakurra hartuta, abiatu nintzen ur tira etxerantz bultz egiten hasi zitzaidanean, eta arratsalde horretan bertan, ilundu eta ordubetera edo, uhartera iritsi nintzen, leher eginda eta lur jota.
Txalupan hartu nuen atseden gau horretan, eta goizean erabaki nuen eskuratutakoa neure leizezulo berrian lehorreratzea eta ez nire gazteluan. Neure burua freskatu ondoren, zamaldia hondartzara eraman nuen eta xehetasunez aztertu nituen hango gauza guztiak. Edari biziaren upela ron moduko batez zegoen betea, baina ez Brasilen izaten dugunaren tankerakoa, eta hitz batean esateko, ez zen batere ona. Baina kutxak ireki nituenean, zenbait gauza erabilgarri aurkitu nituen. Adibidez, batean botila kaxa dotore bat aurkitu nuen, bikaina, barruan edari bizi goxoz betetako botilak zituena. Hiru pinta hartzen zituen botila bakoitzak eta burua zilarrez estalia zuten. Primerako gozokiz betetako bi ontzi aurkitu nituen, eta horren ongi itxita zeudenez, ur gaziak ez zien kalterik egin; eta horrelako beste bi ontzi, baina urak hondatu zituenak. Alkandora bikain batzuk ere aurkitu nituen, eta oso pozik hartu nituen; eta dozena eta erdi inguru lihozko mukizapi zuri eta lepoko zapi koloredun; lehenengoek mesede handia egin zidaten, ikaragarri freskagarriak baitziren bero zenean aurpegiko izerdia lehortzeko. Gainera, kutxaren hondoraino iritsi nintzenean zortziko txanponez betetako hiru zaku handi aurkitu nituen, denera mila eta ehun txanpon egingo zituzten; eta horietako batean, paperean bilduta, urrezko sei dobloi, eta urre barra txiki batzuk. Uste dut dena batera jarrita ia libra bateko pisua izango zuela.
Aurkitutako beste kutxak arropak zituen barruan, baina balio eskasekoak; halere, hango xehetasunak kontutan hartuta, kutxa kanoilariarena izan behar zuen; izan ere, barruan sutautsik ez egon arren, hiru poto txikietan sutauts bernizduna baitzegoen gordeta, noizean behin ehizari tiro egiteko. Oro har, gauza baliagarri gutxi eskuratu nituen bidaldi horretan; diruari zegokionean ez bainuen hura erabiltzeko aukerarik, eta ez zuen niretzat oin azpietan nuen hautsak baino gehiago balio, eta den dena emango nukeen hiruzpalau zapata eta galtzerdi ingelesen truke, izan ere, haien premia larria nuen arren, urte asko baitziren janzten ez nituela. Bi zapata pare nituen orduan, itsasontzi hondoratuan itota zeuden bi gizonei kendutakoak eta kutxetako batean aurkitutako beste bi pare, gustora hartu nituenak, baina ez ziren gure zapata ingelesen antzekoak, ez erosotasunean eta ezta erabilgarritsunean ere, guk txapinak deritzegunak baitziren zapatak baino gehiago. Marinel horren kutxan zortzi errealeko berrogeita hamar txanpon inguru aurkitu nituen, baina ez ziren urrezkoak. Horregatik pentsatu nuen lehenengoa baino gizon txiroago batena izango zela, hura ofizial batena zela baitzirudien.
Dena dela, dirua etxera eraman nuen, leizezulora, eta han gorde nuen, gure ontzitik ateratakoa gorde nuen bezala. Baina tamalgarria zen, esan dudan bezala, itsasontziaren beste aldea ez egotea ondasunik eskuratzeko moduan, ziur bainengoen kanoa zenbait aldiz bete ahal izango nuela diruz, eta inoiz Ingalaterrara ihes egitea lortzen banuen, leizezuloan ezkutuan utz nezakeela, berriro haren bila itzuli bitartean.
Gauza guztiak hondartzara eraman eta ezkutuan jarri ondoren, txalupara itzuli, eta itsasbazterraren ondotik arraun egin edo arrabatu nuen txaluparen kai zaharreraino, eta han ezkutatu nuen; handik berehala joan nintzen bizileku zaharrera, eta dena txukun eta behar bezala aurkitu nuen. Beraz atseden hartu, antzinako bizimodura itzuli, eta etxeko arazoez arduratu nintzen. Denboraldi batean patxadan bizi izan nintzen, baina lehen baino erneago egoten nintzen, zelatan maizago egoten bainintzen, eta ez bainintzen horrenbeste aldiz etxetik irteten. Eta noizbait nolabaiteko askatasunez irtetea erabakitzen banuen, beti uhartearen ekialdera jotzen nuen, ia ziur bainengoen hara ez zirela basatiak inoiz joaten, eta ardura handiegirik gabe joan nintekeen, armak eta munizioa soinean eraman gabe, baina uhartearen beste aldera joateko beti eramaten nituen.
Ia beste bi urte egin nituen egoera horretan, nire zoritxarreko buruak, ordea, huts egin gabe jakinarazten zidan nire gorputza errukarri egiteko sortua zela, bi urte horiek, uhartetik ihes egiteko egitasmoz eta gogoetez betea eman baitzituen. Zenbait aldiz itsasontzi hondoratura beste joan-etorriren bat egiteko asmoa izan nuen, arrazoiak han bidaldiaren arriskuak adina balio zuen ezer ez zela geratzen esaten zidan arren. Besteetan txalupa hartu eta alde batera edo bestera jotzeko gogoa egiten zitzaidan; eta benetan uste dut, Saletik ihes egiteko erabili nuen bela-ontzi bera izan banu, norabait joateko itsasoratuko nintzela, nora ez banekien ere.
Egoera guztietan gizadian zabaldua dagoen ohiko izurriteak jotakoen oroigarri izan naiz, eta, uste dut hortik sortzen direla gizonen zoritxarren erdiak, alegia, Jainkoa eta Izadiak eskainitako egoerarekin gustora ez egotetik; hori, nire jatorrizko egoera eta aitaren aholku bikaina gogora ez ekartzeagatik, hari aurka egitea izan baitzen, nik esaten diodan bezala, nire jatorrizko bekatua, eta ondoren egin nituen antzeko hutsak, zalantzarik gabe egoera tamalgarri honetara eraman nindutenak. Izan ere, Brasilen horren zorion handiz etxalde jabe gisa kokatu ninduen Jainkoaren ardurak nire asmoak mugatzea onetsi izan balu; eta nahikoa izan banu pixkanaka han aurrera egitearekin, ordurako, alegia, uhartean neraman denboran, Brasilgo landa jabe nagusietako bat izango nintzen; are gehiago, ziur nago han bizi izan nintzen denbora eskasean egin nituen aurrerapenak, eta han geratu banintz egingo nituenak gogoan hartuta, ehun mila moidore izango nituela irabaziak. Eta zer lortu nuen, Gineara beltzen bila zama-zain gisa joanda, dirutza ziurra, eta hobetzen eta handitzen ari ziren ongi hornitutako lur-sailak han utzita, pazientziak eta denborak etxeko ondasunak handituko zizkidatela jakinda, eta horrenbesteraino, ezen haien bila joateko eginkizuna zutenei beltzak etxeko atarian bertan erosteko aukera emango baitzidaten? Eta garestixeagoak izan balira ere, ez dut uste, inondik ere, alde horrek arrisku handi hura bidezko egiten zuenik.
Baina hori gazte txoriburuen halabeharra izan ohi da, eta erokeria horietaz gogoetak egitea berriz urteak igarota, zerbait garesti ordaindu ondoren egin ohi den ariketa; eta hori gertatzen zitzaidan orduan niri. Baina hala ere, okerra horren sakoneraino nuen errotua neure baitan, ezen ezin bainintzen nengoen egoeran lasai egon, eta etengabe aurrera egin nuen handik ihes egiteko modu eta aukeren bila. Eta kontakizunaren azken partean irakurleari atsegin handia emateko, egokia iruditzen zait uhartetik ihes egiteko asmo zoro horri buruzko xehetasunak ematea, eta nola eta zertan oinarrituta jokatu nuen.
Nire gazteluan atseden hartzen nengoen, itsasontzi hondoratura azken joan-etorria egin, eta ontzi arina, ohi bezala jaso, eta ur azpian ezkutatu ondoren, berriro lehengo egoerara itzulita. Ondasun gehiago nituen lehen baino, baina ez nintzen aberatsa inondik ere; ondasun horiek Peruko indiarren ondasunek espainiarrak iritsi aurretik balio zutena baino gutxiago balio baitzuten.
Martxoan eurite garaiko gau batean, bakardade uharte honetan lehenengo aldiz oina jarri nuenez geroztik hogeita laugarren urtean, ohean edo hamakan etzanda nengoen; esna, osasunez ongi, ez minik, ez gaxoaldirik, ez gorputzaren ondoezik, ez arimarenik ez nuela, ez behintzat ohikoa baino handiagoa; hala ere, ezin nituen inolaz ere begiak itxi, lo hartu, alegia. Ez nituen begiak batu gau osoan, orain esango dudanarekin izan ezik.
Ezinezkoa da, eta alferrikakoa, gau horretan etengabe jirabiraka garunaren bide luzea den oroimenean izan nituen zenbatu ezinezko pentsamenduak. Nire bizitza osoaren historia txikitua igaro zitzaidan burutik, edo haren laburpen bat, nolabait esateko, bai uhartera iritsi artekoa, eta baita uhartera iritsiz geroztikakoa ere. Gogoetan ari nintzela uhartera iritsi ondorengo egoera aztertzen, uhartean eman nituen lehenengo urteetako jarrera alaia konparatu nuen, hondarretan oin arrastoa ikusi nuenetik sortu zitzaidan ezinegonaz, beldurrez eta kezkaz betetako bizimoduarekin. Ez zen basatiak uhartean lehen ere izan zirela sinesten ez nuelako, agian ehundaka etorriak baitziren askotan hango itsasbazterrera; baina jakin ez nuen bitartean, ezin beldurrik izan. Nire lasaitasuna erabatekoa zen, arriskua berbera izan arren, eta arriskuaren berri ez izateak, horrelakorik inoiz izan ez banu bezala jokarazten zidan. Gertaera horrek gogoeta probetxugarri asko sortu zizkidan, eta bereziki hau: nolako ontasun neurrigabea duen Jainkoaren ardurak, gizadia gobernatzean, giza ikusmenari eta jakintzari horren muga estuak jarri dizkiolako; eta milaka arriskuren artean dabilenean, haiek ikusi edo aurkituko balitu adimena nahasi eta gogoa itoko lioketen arren, lasai eta bare egoten uzten diolako, gertaera horiek begien aurrean ez izatean, eta inguruko arriskuez ezer ez jakitean.
Gogoeta horiek denboraldi batean buruan erabili ondoren, uhartean urte horietan guztietan bizi izan nituen benetako arriskuetan hasi nintzen sakonki pentsatzen, eta nola ibili nintzen horren segurtasun handiz eta patxada osoan, agian mendi tontor bat, zuhaitz handi bat edo bat-batean gaua egite hutsa kokatu zirenean, nire eta txikizio okerrenaren artean; hau da, kanibalen eta basatien eskuetan erortzea, ahuntza edo dortoka bat banintz bezala harrapatuko baininduten, eta ni hil eta irenstean ez bailukete pentsatuko, nik usoa edo kurlinka janda egingo nukeen lege haustea baino handiagoa egingo zutenik. Bidegabeki gezurretan ariko nintzaioke neure buruari Zaindari handiarekiko zinez esker oneko ez nintzela esango banu, Haren laguntza bereziari zor bainizkion, umiltasun osoz, salbazio ezezagun horiek guztiak, eta hura gabe, ordurako nahitaez haien esku errukigabeetan eroria bainintzen.
Gogoeta horiek amaitu nituenean, zoritxarreko izaki horiek, basatiak esan nahi dut, izan nituen gogoan, eta nola gerta zitekeen munduan gauza guztien Arduradun jakintsuak bere izakiei horrelako bihozgabekerietan erortzen uztea; are gehiago, astakeria bera baino gauza beherakoagoan, kideen artean elkar irenstea, alegia. Baina hori nolabait gogoeta hutsean (oraindik ez zuen emaitzarik) geratzen zenez gero, neure buruari galdetzea bururatu zitzaidan, munduko zein alderditan bizi ziren zoritxarreko horiek; zenbaterainoko tartea zegoen haien lurralderaino; zertarako ausartzen ziren etxetik horren urrutiraino joaten; nolako txalupak zituzten; eta ni ere haiengana joan nintekeen, haiek niregana etortzen ziren bezalaxe.
Ez nuen kezka handirik izan hara iristean zer gertatuko zitzaidan kontutan hartzen; zer gertatuko zitzaidan basatien eskuetan erortzen banintzen; edo nola ihes egingo nien, aurkitzen baninduten. Ez, inork antzeman gabe, itsasertzera nola iritsiko nintzen nuen batez ere buruan, bestela ez bainuen onik ateratzeko aukerarik izango. Eta haien eskuetan erortzen ez banintzen, nola lortuko nituen hornigaiak edo norantz joko nuen? Nire egoera une hartan izan zitekeen tamalgarriena zela iruditzen zitzaidan; ezin nuen neure burua hura baino egoera okerragoan ikusi, heriotza izan ezean; eta kontinenteko itsasbazterrera iritsiz gero, agian laguntzarik lor nezakeen, edo itsasertz ondotik aurrera egin, Afrikako itsasertzean egin nuen bezala, lurralde jendeztaturen batera iritsi arte, eta han laguntza aurkitu; eta okerrenean ere, hil nintekeen, eta bat-batean amaituko ziratekeen zoritxar guztiak. Adierazi beharra dago hori guztia nire adimen nahasiaren emaitza zela, izakera urduriarena, eta arazo amaigabeek bere onetik aterata, eta itsasontzi hondoratuan aurkitutakoak etsita zegoen norbaitena, aspalditik gogo biziz nahi nuena lortzeko oso gertu egon bainintzen; alegia, hitz egiteko, nengoen lekuaz zerbait jakiteko, eta handik onik ateratzeko moduaz zerbait esango zidan norbait ondoan izatea. Esan dudan bezala, pentsamendu horiek burua nahasten zidaten. Goi-arduraren mende eta Zeruaren borondatearen zain zegoen nire gogo lasaia, baztertua zirudien; eta indarrik ere ez nuen nire pentsamenduak kontinentera bidaldia egitea ez zen beste zerbaitetara bideratzeko, eta horrenbesteko gogoz eta indarrez bururatzen zitzaidanez gero, ezin nion aurka egin.
Gogo horrek bi ordu edo gehiagotan nire pentsamenduak astindu zituenean, odola irakiten jartzerainoko indarrez, eta bihotz-taupadak, nire gogoaren irrika bereziaren eraginez, sukarraldian bezain bizkor pil-pil eraginarazteraino, izadiak berak lo zerraldo utzi ninduen, pentsatze hutsez nekatua eta leher egina bainengoen. Edonork pentsatuko luke horri buruzko ametsak izango nituela, baina ez nituen izan; ezta antzekorik ere. Amets egin nuen ordea, goizean, gaztelutik egunero bezala irtetean, itsasbazterrean bi kanoa ikusten nituela, eta hamaika basati zetozela uhartera, eta beste basati bat zekartela jateko hiltzera; eta halako batean, hiltzera zihoazen basatiak jauzi egin, eta ziztu bizian ihes egin ziela. Eta nire loaldian pentsatu nuen hesiaren aurrean nuen zuhaizti sarrira iritsi zela lasterka han ezkutatzera; eta bakarrik ikusi nuenez gero, eta besteek bide hori hartzen ikusi zutela sinesteko susmorik ez nuenez gero, neure burua azaldu, eta irribarre eginez bihotz eman niola. Orduan nire aurrean balaunikatu eta laguntza eskatuz otoitz egiten ari zitzaidala zirudien. Hori ikustean eskailera erakusten nion, eta handik nire leizezuloraino igoarazi, eta nire zerbitzari egiten nuen; eta nirekin izan bezain laster esaten nion neure buruari: «Orain bai abiatu naitekeela kontinentera, lagun honek pilotuarena egin baitezake, eta berak esango dit zer egin, hornigaien bila nora jo, eta irentsia ez izateko norantz abiatu; zein tokitara joan eta nondik alde egin». Buruan hori nuela esnatu nintzen, eta nire ihesaren irudia ikusita, alaitasun zirrara adierazezin batek hartu ninduen, baina neure onera etortzean, eta ametsa besterik ez zela izan konturatzean sumatu nuen etsipena ere neurriz kanpokoa izan zen, baina alderantzizkoa, eta arima erorialdi ikaragarrian amildu zitzaidan.
Dena den, ondorio hau atera nuen: ihesaldi saio bat egiteko nuen modu bakarra, ahal izanez gero, basati bat neureganatzea zen; eta, ahal izanez gero, haiek jatera zigortu eta hiltzera zeramaten atxilotuetakoren bat izan behar zuen. Baina horrek zailtasun bat zuen: hori lortzea ezinezkoa zela basati talde osoari eraso egin eta denak hil gabe. Hori ez zen huts egin zezakeen ahalegin zoro bat soilik, gainera, zalantza eta kezka handiak nituen haren zilegitasunaz, eta bihotzak dar-dar egiten zidan horrenbesteko odol isurtzeaz pentsatzean, nire salbazioa lortzeko bazen ere. Ez ditut berriz aipatuko haren aurka bururatzen zitzaizkidan arrazoiak, lehen esandako berberak baitira. Baina, hala ere, banuen orduan beste arrazoirik, gizon horiek nire bizitzaren kontrako etsaiak zirela alegia, eta, ahal izanez gero, jan egingo nindutela; etsi etsian bizirik irauteko izango zela, heriozko bizitza horretatik aske geratzeko; neure burua babesten ari nintzela, zuzenean erasotzen ariko balitzaizkit bezala, eta antzeko gauzak; eta berriro diot, arrazoi horiek alde nituen arren, ni salbatzeko giza odola isurtzearen ideia ikaragarria iruditzen zitzaidan, eta denbora luzean ezin izan nuen inolaz ere neure buruarekin adiskidetu.
Halere, azkenean, neure buruarekin isilpeko eztabaida eta zalantza handiak izan ondoren, modu batera edo bestera, denbora luzean kezkarazi ninduten arrazoi horiek. Azkenean askatasun gogo biziak gainerako arrazoiak menderatu zituen, eta erabaki nuen, ahala banuen, basati horietakoren bat eskuratzea, kosta ahala kosta. Hurrengo zeregina nuen hura nola egin asmatzea, eta benetan gauza zaila zen. Baina modu segururik aurkitu ezin nuenez gero, zain geratzea erabaki nuen, hondartzara noiz iristen ziren ikusi, eta gainerakoa etorkizunaren esku uztea, eta abaguneak eskaintzen zizkidan baliabideak erabiltzea, zirenak zirela ere.
Erabakia hartuz geroztik, ahal nuen guztietan miatze lanari ekiten nion; eta maizegi, leher eginda geratzen nintzen. Urte eta erdi baino gehiago itxaron nuen, eta denbora horretan ia egunero joaten nintzen uhartearen mendebalera eta hego-mendebaleko bazterrera kanoak ikustera, baina ez zen bakar bat azaltzen. Horrek atsekabetu ninduen, eta kezka handiak sortzen hasi zitzaizkidan; baina ezin dut esan ordukoan, aspaldi gertatu zitzaidana errepikatu zenik, alegia, nahi nuena lortzeko nuen irrika desagertu zitzaidanik. Zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta gogo biziagoa nuen hura lortzeko. Hitz batean, une horretan basatien ikusmenetik ihes egiteko edo haiek ni ez ikusteko nuen ardura, ez zen haiei eraso egiteko nuen irrika bezain handia.
Gainera, basati bat menderatzeko gai nintzela bururatzen zitzaidan, hobeto esan, bizpahiru nire zerbitzari egiten nituela eta nik esandako guztia betearazten niela, eta niri inoiz kalterik egitea galarazteko neurriak hartzen nituela. Denboraldi luzean atsegin hartu nuen irudipen horrekin, baina ez zitzaidan ezer aurrean azaldu. Nire irudimen eta asmo guztiak bertan behera gelditu ziren, ez baitzen aspaldian basatirik uhartera etorri.
Ideia horiek bururatu eta, urte eta erdi igaro zenean, eta luze pentsatzen aritu ondoren, dena ezereztu zen, asmoa aurrera eramateko aukerarik izan ez nuelako; baina, egun batean goizean goiz ezustea izan nuen, gutxienez bost kanoa batera ikusi bainituen hondartzan uhartearen nire aldean. Haietan etorritako jendea lehorreratua zegoen eta nire ikusmenetik kanpo. Jende kopuruak neurri guztiak hausten zituen; izan ere, horrenbeste ikustean, eta txalupa bakoitzean lau edo sei, edo batzuetan gehixeago etortzen zirela jakinda, ez nekien zer pentsatu edo nolako neurriak hartu hogei edo hogeita hamar gizoni, inoren laguntzarik gabe, eraso egiteko. Beraz, gazteluan geratu nintzen kezkatua eta lur jota. Dena den, eraso egiteko jarreran nengoen, lehen ere egon nintzen bezala, eta ezer gertatuko balitz ekiteko prest. Tarte luze batean zain egon ondoren, zaratarik egiten zuten entzun nahian, azkenean, lasaitu ezinik, armak eskaileraren oinean kokatu nituen eta gora egin nuen mendi tontorreraino; eta, beti bezala, nire bi solairuak igo eta han geratu nintzen, kontuz burua mendi tontorrean agerian ez uzteko, inolaz ere ikus ez nintzaten. Orduan konturatu nintzen, betaurreko luzearen laguntzaz, gutxienez hogeita hamar zirela, sua piztua zutela, eta haragia prestatua. Nola prestatu zuten edo zer zen ez nekien; baina denak dantzan ari ziren, eta, ohitura zuten bezala, suaren inguruan ez dakit zenbat keinu eta jauzi basati egiten.
Begira ari nintzaien bitartean, betaurrekoa hartu eta bi zoritxarreko izaki ikusi nituen txalupetatik arrastaka ateratzen zituzela, itxuraz han eduki baitzituzten, eta zirudienez lepo egitera zeramatzaten. Konturatu nintzen bat berehala erori zela zerraldo, haga edo zurezko aiztoren batez jota, hori baitzuten hiltzeko modua, eta berehala bizpahiru lanean hasi eta, txiki txiki egin zutela sutan jartzeko. Beste hilgaia bitartean bakarrik utzi zuten, harekin hasteko prestaketetan ari ziren bitartean. Une horretan bertan, gizajoak bere burua aske samar ikustean, bizia salbatzeko esperantzaz, Izadiak argi emanda, ihes egin zien. Ziztu bizian hondarretan aurrera egin zuen zuzenean niregana, alegia, nire bizilekua zegoen itsasertzaren aldera.
Hezurretaraino izutu nintzen, esan beharra daukat, niregana lasterka zetorrela konturatzean, eta batez ere, uste nuen bezala, talde osoa atzetik segika zuela ikusi nuenean; orduan itxaropena nuen ametseko zati bera gertatu eta nire leizezuloan ezkutatzeko aukera izango zuela; baina ezin nuen inolaz ere handik aurrekoa nire ametsaren mende utzi, hau da, gainerako basatiak ez zituela atzetik, eta ez zutela han aurkitzen. Dena den, nire lekuan geratu nintzen, eta ez zituela atzetik hiru gizon baino gehiago ohartzean pixka bat adoretu nintzen; eta are gehiago, lasterketan atzean utzi zituela, eta aurrera egiten zuela gero eta gehiago konturatu nintzenean; eta era horretan lasterketari ordu erdiz edo eutsiz, erraz alde egingo ziela ikusi nuen.
Haien eta nire gazteluaren artean erreka zegoen, nire kontakizunaren lehenengo zatian, zamaldiak itsasontzitik lehorreratu nituenean, askotan aipatu nuena; eta ikusi nuen nahitaez igeri egin beharko zuela, edo bestela gizajoa han harrapatuko zutela. Baina basati iheslaria hara iritsi zenean, itsasgora izan arren, uretan murgildu zen, eta hogeita hamar besakada ingurutan lehorreratu ondoren, ikaragarrizko indarrez eta ziztu bizian alde egin zuen korrika. Beste hirurak errekara iritsi zirenean, konturatu nintzen bik bazekitela igeri egiten, baina hirugarrenak ez zekiela, eta erreka ondoan zutik jarrita beste aldera begiratu bai, baina ez zuela aurrera egin, eta geroxeago atzera egin zuela pixkanaka; eta bere onerako izan zen guztiz hala gertatu izana.
Konturatu nintzen igeri egiten zuten biek ihes egin zienak baino bi aldiz denbora gehiago beharko zutela erreka gurutzatzeko. Orduan burura etorri zitzaidan modurik sutsuenean eta ezinbestekoenean, hura zela zerbitzari bat, eta agian lagun edo adiskide bat lortzeko garaia, eta Jainkoaren ardurak dei egin zidala izaki gizajo hari bizia salbatzeko. Ziztu bizian jaitsi nituen eskailerak, bi eskopetak hartu, lehen esan dudan bezala, eskaileraren oinean bainituen, eta berriro ere mendi tontorrera bizkor igo eta itsasorantz jo nuen. Bide-zidorra hartu nuenez gero, eta mendian behera abiatuta, neure burua jarraitzaileen eta jarraituaren artean kokatu nuen, eta oihu egin nion iheslariari. Hark atzera begiratu zuenean, uste dut nik beldur handiagoa sorrarazi niola besteek eragindakoa baino; baina eskuz adierazi nion itzul zedin, eta bitartean poliki hurbildu nintzen jarraitzaileengana. Halako batean aurrekoari eraso egin nion, eta eskopetaren kulataz jo, eta lurrean zerraldo utzi nuen. Tiro egiteak beldurtzen ninduen, ez bainuen besteek entzuterik nahi; hala ere, tartea kontutan hartuta, ez zen erraz entzungo, eta kea ikusi gabe ezingo zuketen gertatutakoa erraz ulertu. Laguna erori zela ikustean, harekin batera zihoan jarraitzailea, izutua balego bezala hantxe geratu zen. Berehala hurbildu nintzaion, baina gertuago egon nintzenean, konturatu nintzen uztaia eta gezia zituela, eta niri jaurtikitzeko zuzenduak gainera. Beraz, ezinbestekoa nuen berak baino lehenago tiro egitea, eta hala egin nuen; eta lehenengo tiroaz hil nuen.
Geldirik zegoen basati iheslari gizajoa, bere bi etsaiak, berak uste bezala, erorita eta hilik ikusi zituen arren; izan ere, eskopetaren keak eta hotsak oraindik horren izutua zutenez gero, harri eta zur geratu baitzen, ez aurrera eta ez atzera, nahiz eta itxuraz ihes egiteko joera handiagoa izan, niregana hurbiltzekoa baino. Dei egin nion berriro, eta keinuka aurrera egin zezan adierazi nion; zailtasunik gabe ulertu zidanez gero, pixka bat aurreratu eta geratu egin zen, eta gero beste pixka bat eta berriz geratu zen. Orduan konturatu nintzen dardarka ari zela, preso hartu eta, bere bi etsaien moduan, hiltzeko zorian balego bezala. Dei egin nion berriro niregana hurbil zedin, eta bururatu zitzaizkidan keinu guztiak erabili nituen hari bihotz emateko. Gero eta gehiago hurbildu zen, eta hamar edo hogei urrats ematen zituen bakoitzean belaunikatu egiten zen bizia salbatu niolako esker ona adierazteko. Irribarre egin eta begiratu samurra erakutsi nion, eta gehiago hurbiltzeko keinu egin nion berriz. Azkenean iritsi zen niregana, eta orduan berriro belaunikatu eta lurrari musu eman zion, eta nire oina hartu eta bere buruaren gainean jarri zuen. Hori zirudienez, handik aurrera nire zerbitzaria izango zela hitza emateko egin zuen. Lurretik altxa nuen eta ahalegin guztiak egin nituen hura adoretzeko. Baina oraindik banuen beste zereginik, konturatu bainintzen lurrera bota nuen basatia ez zegoela hilik, kolpeak zorabiatu besterik ez zuela egin, eta bere onera etortzen hasia zela. Hatzaz erakutsi nion nire basatiari ez zegoela hila, eta orduan hitz batzuk esan zizkidan; eta ulertu ezin izan nituen arren, entzuteko atseginak iruditu zitzaizkidan; hori baitzen, neurea alde batera utzita, hogeitabost urteetan entzuten nuen lehenengo giza ahotsa. Baina orduan ez nuen gogoeta horietarako astirik. Kordea galdua zuen basatia bizkor etorri zen bere senera eta lurrean eserita jarri zen. Konturatu nintzen nire basatia izutzen hasi zela. Hori ikustean, beste eskopeta zuzendu nion, tiro egiteko itxuran. Orduan nire basatiak, horrela deitzen bainion, mugimendu bat egin zidan saihets batean zorrorik gabe gerrikotik zintzilik neraman ezpata nahi zuela adierazteko; eta utzi egin nion. Arma hartu eta, lasterka joan zen etsaiarengana. Kolpe batez lepoa moztu zion horren trebe, ezen Alemaniako borrero batek ere ez bailuke bizkorrago edo hobeto moztuko, eta hori harrigarria egin zitzaidan oso, bere bizitza osoan ezpata bat ikusi ez zuela uste izateko arrazoiak nituelako, zurezko ezpatak izan ezik. Dena den, geroago jakin nuen, egurrezko ezpatak oso zorrotzak, astunak eta zur gogorrekoak zituztela, eta lepoak eta besoak kolpe bakar batez motz zitzaketela. Hori egin zuenean, irribarrez etorri zitzaidan garaile itxuraz, eta ulertzen ez nituen keinu ugari eginez, ezpata itzuli zidan, eta hil zuen basatiaren buruarekin batera nire aurrean utzi zuen.
Baina batez ere harritua zegoen, beste indiarra horren urrutitik nola hil nuen ez zekielako; eta eskua hari zuzendu eta keinuak egin zizkidan harengana joaten uzteko; nik, nola edo hala, baimena eman nion joateko. Iritsi zenean, zer egin ez zekiela geratu zen hari begira; alde batera jiratu zuen eta gero bestera, eta balak bularrean egin zion zauriari begiratu zion, zirudienez han egin baitzion zuloa, eta ez zuen odol askorik isuri, odol-jarioa barrurantz izan baitzuen, eta horrenbestez zerraldo hilik zegoen. Uztaia eta geziak hartu zizkion, eta atzera egin zuen. Nik beste aldera jira egin nuen handik alde egiteko eta keinu egin nion nire atzetik etor zedin, haien atzetik basati gehiago etor zitezkeela oharraraziz.
Gero keinuz adierazi zidan hondarretan lurperatuko zituela, eta horrela gainerakoak atzetik etortzen baziren ez zituztela ikusiko. Nik ere keinuak egin nizkion hori egin zezan eta lanean hasi zen. Amen batean, lehenengoa lurperatzeko moduko zuloa atzamartu zuen hondarretan, eta arrastaka eraman eta sartu zuen barruan; gero gauza bera egin zuen bigarrenarekin. Uste dut biak ordu laurden batean edo lurperatu zituela. Gero dei egin nion, eta handik eraman nuen, ez gaztelura, uhartearen lekurik bazterrekoenean nuen leizezulora baizik; beraz, ez nuen nire ametsaren azken zatia bete zedin utzi, nire zuhaiztian ezkutatzen zen zatia, alegia.
Han ogia eta mahaspasa sorta bat eman nion jateko eta ur pixka bat, lasterketen ondorioz premia handia izango zuela iruditu baitzitzaidan. Bizkortu zenean, keinuak egin nizkion etzan eta lo egin zezan, eta horretarako arroz-lastozko pila handi bat nuen lekua erakutsi nion, gainean tapaki bat eta guzti zuena, eta batzuetan nik ere lo egiteko erabiltzen nuena. Beraz, izaki tamalgarria han etzan eta lo geratu zen.
Ederra zen, dotorea, itxura onekoa, hanka zuzenak eta sendoak zituen, ez luzeegiak; garaia eta lerdena zen, eta hogeita sei bat urte izango zituen. Begitarte atseginekoa, ez zuen itxura basati edo zakarrik, aldiz gizontasuna erakusten zuen haren aurpegikerak, eta are gehiago europar baten begitarte goxo eta leuna zuen, batez ere irribarre egiten zuenean. Ile luze eta beltza zuen, ez kizkurra artilearen antzera; kopeta garaia eta zabala, eta begietan zorroztasun distiratsu eta bizia. Azalaren kolorea ez zuen beltza, baina bai oso beltzarana, hala ere ez zuen Brasilgo, Virginiako eta Ameriketako beste indiarrek zuten beltzaran kolore itsusi, horixka eta higuingarria; oliba kolore arre bizia zuen, ikusteko atsegina, baina adierazteko ez oso erraza. Aurpegia biribila zuen eta betea; sudurra txikia, ez zabala beltzena bezalakoa; aho ederra, ezpain finak eta hortz bikainak, ongi lerrotuak eta bolia bezain zuriak.
Ordu erdiz edo, erabat lotan egon baino gehiago lo kuluxkak egin ondoren, jaiki eta leizezulotik nire bila irten zen, ondoko itxituran nituen ahuntzak jezten ari bainintzen. Ikusi ninduenean lasterka hurbildu zitzaidan, eta lurrean etzan zen berriro, jarrera esker onekoa eta umila adierazteko ahal zituen keinu guztiak erabiliz, eta horretarako mugimendu xelebre ugari eginez. Azkenean burua lurrean jarri zuen, nire oinetik hurbil, eta beste oina hartu zidan bere buruaren gainera eramateko, lehen ere egin zuen bezala, eta gero, inori bururatuko litzaizkiokeen lotura, mendekotasun eta morroitza keinuak egin zizkidan, bizi zen artean nire mendekoa izango nuela jakin nezan. Gauza asko ulertu nizkion, eta jakinarazi nion oso pozik nengoela berarekin. Handik gutxira hizketan hasi nintzaion, eta niri hitz egiten ere irakatsi nion. Lehenik eta behin, bere izena Ostiral izango zela jakinarazi nion, egun horretan salbatu bainion bizia. Eguna gogoratzeko deitu nion horrela. Nagusi esaten ere irakatsi nion, eta gero nire izena izango zela jakinarazi nion. Irakatsi nion baita ere bai eta ez esaten, eta hitz horien esanahia ulertzen. Esne pixka bat eman nion buztinezko ontzi batean, eta nola edaten nuen eta ogia nola bustitzen nuen erakutsi nion, eta beste ogi puska eman nion gauza bera egin zezan. Berehala bete zuen agindua, eta oso ona iruditu zitzaiola adierazi zidan keinuka.
Gau osoa igaro nuen berarekin, baina eguna argitu bezain laster, nirekin etortzeko adierazi nion, eta arropa batzuk emango nizkiola jakinarazi nion; poz handia hartu zuela zirudien, erabat biluzik baitzegoen. Bi gizonak lurperatu zituen lekutik igaro ginenean, lekua zehatz-mehatz seinalatu zuen, eta hura berriz antzemateko egin zituen arrastoak erakutsi zizkidan. Keinuak egin zizkidan gizonak zulotik atera eta jan genitzakeela esanez. Hori entzutean oso haserre jarri nintzen, nire gaitzespena azaldu nion, eta pentsatze hutsarekin oka egitera nindoala itxura egin nuen, eta aurrera egin zezan adierazi nion eskuaz; eta hala egin zuen, erabat nire esanetara. Gero mendi tontorreraino gidatu nuen etsaiak joan ziren ikustera. Betaurrekoa atera eta begiratzean, bete betean ikusi nuen haiek egondako lekua, baina ez zegoen ez haien arrastorik, ez haien kanoenarik; beraz argi eta garbi zegoen alde egin zutela eta han utzi zituztela bi kideak, haien bila ibili gabe.
Ez nengoen pozik aurkikuntza horrekin, baina orduan ausardia handiagoa nuenez gero, eta jakinmina ere handiagoa, Ostiral nire zerbitzaria eraman nuen. Aiztoa eskuetan jarri nion, eta uztaia eta geziak bizkarrean, hura erabiltzen oso trebea izan zitekeela iruditzen baitzitzaidan; eskopeta bat eramanarazi nion, eta nik beste bi hartuta, izaki horiek egondako lekura abiatu ginen, haien berri zehatzagoak nahi nituen eta. Hara iritsi nintzenean, odola gatzatu zitzaidan zainetan, eta ia bihotza galdu nuen hango ikuskizun izugarriaren aurreran. Benetan ikuskizun ikaragarria zen, behintzat niretzat, Ostiral lasai asko geratu baitzen. Lekua giza hezurrez estalia zegoen, lurra odolez tindatua, haragi zati handiak han eta hemen sakabanatuak, erdi janak, zatikatuak eta txigortuak; labur esanda, etsaiak menderatu ondoren egindako garaipen jaiaren froga guztiak. Hiru buru-hezur, bost esku eta lauzpabost oin eta hanken hezurrak, eta gorputzen beste zati asko. Ostiralek keinuka adierazi zidan lau preso eraman zituztela festara, eta hiru jan egin zituztela, eta, bere burua seinalatuz, bera zela laugarrena. Borroka handi bat izan zela haien eta alboko errege baten artean —eta zirudienez bera haren mendekoetako bat zen—, eta atxilotu pila hartu zituztela; borrokan harrapatu zituztenek zenbait lekutara eraman zituztela atxilotu guztiak, haien kontura jaia ospatzera, hara eraman zituzten gizajoekin egin zuten bezalaxe.
Ostirali agindu nion buru-hezurrak, beste hezurrak eta geratzen zen guztia bildu, pila batean jarri, eta sua piztu eta hauts bihurtu arte erretzen utz zitzala. Konturatu nintzen Ostiralek irrikaz zuela sabela haragi pixka bat jateko, eta senez gizajalea zela oraindik, baina ideiari berari eta haren agerpen txikienari, horrenbesteko gorrotoa erakutsi nionez gero, ez zen agerian jartzera ausartu; nola edo hala jakinarazi bainion hil egingo nuela bere iritzia adierazten bazuen.
Hori egin eta gaztelura itzuli ginen, eta han nire zerbitzari Ostiralenetzat hasi nintzen lanean. Lehenik eta behin, lihozko galtza pare bat eman nion, lehen aipatutako kanoilari gizajoaren kutxan aurkitu, eta itsasontzi hondoratutik atera nuena, eta oso konponketa txikia eginda, primeran geratzen zitzaiona. Gero, nola edo hala, ahuntz larruzko jaka bat egin nion, jostun on samarra bainintzen ordurako. Erbi larruz egindako kapela erosoa eta dotorea eman nion; eta horrela ongi samar jantzia geratu zen behin behinean, eta oso pozik ia nagusia bezain dotore zegoelako. Egia da hasieran baldar samar zebilela jantzi horien barruan, galtzak eramatea oso aldrebesa baitzen harentzat, eta jakaren maukek sorbalda eta beso barrenak urratzen baitzizkioten. Baina min ematen ziola esaten zuen lekuan arropa pixka bat zabalduta, eta ohitura pixka bat hartu zuenean, primeran egokitu zen.
Hurrengo egunean, Ostiralekin nire txabolara iritsi nintzenean, non emango nion ostatu hasi nintzen pentsatzen. Eta harentzat egokia izateko, eta niretzat erabat erosoa, denda txiki bat egin nion bi gotorlekuen artean zegoen tarte hutsean, bigarrenaren barruan eta lehenengotik kanpo; eta han nire leizezuloan sartzeko ate edo sarrera bat zegoenez gero, behar bezalako ate-uztai bat egin nuen, han oholezko ate bat jartzeko, eta pasabidean kokatu nuen, sarrera baino pixka bat barrurago. Atea barrutik irekitzen zen, eta gauez ate-langa jartzen nion eta eskailerak nire aldean uzten nituen, beraz Ostiralek ezin zuen niregana iristeko barruko horma igaro, hura igarotzean zarata handia eginez ez bazen, eta horrek nahitaez esnatuko ninduen; izan ere, nire lehen harresiak mendiaren kontra bermatutako zurkaitz luzez eginiko sabaia zuen, denda erabat estaltzen zuelarik, eta aldi berean, oholen ordez arba txikiak zituen zeharkatuak, eta zumitza bera bezain sendoa zen arroz-lasto pila handi batek estaltzen zuen. Eta eskailera hartu eta sartu eta ateratzeko zegoen zuloan edo lekuan, nolabaiteko ate tranpa bat kokatu nuen, kanpotik irekiz gero, irekitzen ez zena, erori eta zarata handia eginez izan ezik; eta armak gauero nire alboan uzten nituen.
Baina ez nuen ardura horietako bat ere behar, inork ez baitu zebitzari leial, maitagarri eta tolesgabeagorik izan Ostiral niretzat izan zena baino. Ez grinarik, ez setakeriarik edo asmo txarrik, erabat esanekoa eta mendekoa; haren sentipenak nirekiko haur batek aitarekin dituenak bezalakoak ziren, eta esango nuke noiznahi bere bizia emango zukeela nirea salbatzeko. Lekukotasun ugari eman zidan zalantzarik ez izateko, eta berehala jabetu nintzen ez nuela harekin horrelako kezkarik izan behar.
Horrek aukera ematen zidan askotan ohartzeko, eta harriduraz, Jainkoak gogoko izan badu, bere jakindurian, eta bere eskuz egindako lanen gobernuan, berak sortutako izakien munduko horren multzo handi batetik, gaitasunen eta arimen indarraren erabilera egokia galarazteko, hala ere, guri eman digun ahalmen bera, arrazoi bera, zaletasun berberak, maitakortasun eta betebehar sentipen bera, grina eta gaitzondo berberak, esker on, zintzotasun eta leialtasun sentipen berberak, eta ongia egiteko eta ongia hartzeko ahalmen guztiak eskaini dizkiela. Eta aukera ematen dienean horiek bideratzeko, gu bezain prest, are gehiago, gu baino prestago daudela eskaini zaizkien ahalmen horiek behar bezala erabiltzeko. Horrek batzuetan goibeltzen ninduen, aurrean izan ditugun aukerei nolako erabilera traketsa eman diegun pentsatzean, ahalmen horiek jakintzaren argi handiak, Jainkoaren Izpirituak alegia, Haren Hitza ezagutzeak, eta gure ulermenak, denak batera, argitzen zituzten arren. Eta zergatik zuen gogoko Jainkoak salbazioaren ezagupena bera milioika arimei ezkutatzea, haiek, basati gizajo hark egindakoa kontutan hartuz gero, guk baino erabilera askoz egokiagoa egin zezaketenean?
Horrenbestez, batzuetan urrunegi joaten nintzen Goi-arduraren aginpidean sartu arte, eta justiziari gauzen antolamenduan bidegabekoa izatea leporatzen nion, batzuei argia ezkutatzen zielako eta besteei azaltzen, eta hala ere, biengandik esker on bera jasotzea espero zuelako. Baina isildu eta neure pentsamenduak eten nituen ondorio hauekin: lehenengoa, ez genekiela zein argi eta legeren arabera kondenatuak izango ziren izaki horiek, Jainkoa ezinbestean, eta izatez, neurririk gabe baitzen santua eta zuzena, eta ezin zituen izaki horiek zigortu bera ezagutzen ez zutelako, Idatzi Santuetan esaten den bezala, haientzat lege zen argiaren kontra bekatu egiteagatik, barruak zuzentzat jotzen zituen arauen kontra baizik, horien oinarriak guri azaltzen ez zaizkigun arren. Eta bigarrena, gu guztiok buztina ontzigilearen eskuan garela, eta lur-ontzi batek ezin diola Hari esan: «Zergatik egin nauzu honelakoa?»
Baina itzul nadin nire adiskide berriarengana. Pozez zoratzen nengoen berarekin, eta gizon prestu, trebe eta baliagarri bihurtzeko egokia izan zitekeen guztia irakasteko lana hartu nuen, baina bereziki hitz egin eta ulertarazteko. Inoiz izan den ikaslerik argiena zen, eta horren alaia, langile fina, eta ulertzen ez zidanean edo ulertu ezin nionean horren atsegina zenez gero, oso gustokoa nuen harekin hitz egitea. Eta orduan bizitza oso erosoa egiten hasi zitzaidan, eta neure buruari hasi nintzaion esaten, beste basatien kezkarik izan ez banu, ez litzaidakeela axolako bizi nintzen artean hantxe geratzea.
Nire gaztelura itzuli eta handik bizpahiru egunetara, bururatu zitzaidan, Ostiral bere jateko modu ikaragarritik eta gizajale sabelaren aho gozotik urrunarazteko, beste haragi mota bat eman behar niola dastatzeko, eta horrela goiz batean basora eraman nuen. Nire ahuntz taldeko ahuntz bat hil, etxera eraman eta prestatzeko asmoa nuen, baina bidean ahuntz eme bat ikusi nuen itzalean etzanda, bi antxume alboan zituela. Ostiral geldiarazi nuen:
— Egon —esan nuen—, ez mugitu —eta keinuak egin nizkion ez mugitzeko. Berehala eskopeta hartu, tiro egin eta antxumeetako bat hil nuen. Gizajoa, urrutitik bere etsai basatia hil nuela lehenago ere ikusi bazuen ere, ez zekien nola egin nuen, eta harri eta zur zegoen, dardarka eta astinduka, eta erabat asaldatua, ia zorabiatzeko punturaino. Ez zuen ikusi tiro egin nion antxumea, eta ez zen konturatu hil nuenik, aldiz bere jaka zabaldu eta zauritua ote zegoen begiratu zuen; eta berehala jabetu nintzen bera hiltzera nindoala sinetsia zegoela, izan ere, niregana hurbildu eta belauniko jarri baitzen, eta nire belaunak besarkatuz ulertu ez nizkion gauza pila esan zituen, baina erraz konturatu nintzen ez nezala hil esan nahi zidala.
Berehala aurkitu nuen kalterik ez niola egingo ikusarazteko modua. Eskutik heldu eta zutituarazi nuen, irribarre egin nion, eta hil nuen antxumea seinalatuz, haren bila lasterka joateko adierazi nion. Hala egin zuen; eta animalia nola hil nuen jakin nahian harritua zegoen bitartean, berriro bete nuen eskopeta, eta orduan bertan zapelaitz baten antzeko hegazti handi bat ikusi nuen zuhaitz adar batean, tiro menean. Ostirali zer egitera nindoan nolabait ulertarazteko, berriro deitu, eta hegaztia erakutsi nion; papagaia zen, nahiz eta orduan zapelaitza zela uste izan. Berriro diot, papagaia erakutsi nion, gero eskopeta eta gero papagaiaren azpian zegoen lurra, ikusarazi nion hegaztia eroraraziko nuela, eta txoriari tiro egin, eta hil egingo nuela ulertarazi nion. Horrenbestez, tiro egin nuen, eta hari begiratzeko esan orduko, papagaia erortzen ikusi zuen. Baina hala ere, izutua zirudien, eta uste dut lehen baino harrituagoa zegoela, ez ninduelako eskopetan ezer sartzen ikusi, eta hark barruan heriotza eta hondamen iturri miragarriren bat zuela pentsatzen zuelako, gizonak, abereak, txoriak eta gertu edo urrun zegoen beste edozer gauza hil zezakeena. Hark eragin zion harridura denbora luzean ezin izan zuen burutik kendu, eta uste dut, utzi izan banio, ni eta eskopeta gurtuko gintuela. Eskopetari dagokionean, zenbait egunetan ez zen ukitzera ere ausartu, baina bakarrik zegoenean gauzak esaten eta hizketan aritzen zitzaion, hark erantzungo balio bezala; eta, geroago jakinarazi zidanez, bera ez hiltzeko erregutzen aritzen zitzaion.
Harridura zertxobait arindu zitzaionean, keinuka esan nion korrika joateko tirokatu nuen hegaztiaren bila, eta hala egin zuen, baina pixka batean ez zen itzuli, papagaia ez baitzegoen erabat hila, eta hega-biraka erori zen lekutik urruti samar joan baitzen. Dena den, aurkitu zuen, eta jaso eta ekarri zidan. Eskopetari buruz zuen ezjakintasuna antzeman nionez gero, une hori erabili nuen hark ikusi gabe arma berriz betetzeko, eta hurrengo aukerarako prest egoteko. Baina ez nuen horrelakorik izan, beraz, antxumea etxera eraman, gau berean larrutu, eta ahal izan nuen bezala zatitu nuen, eta horretarako nuen ontzi apropos batean, haragi puska batzuk irakiten jarri edo egosi nituen, eta salda bikaina egin nuen. Pixka bat jan ondoren, nire zerbitzariari eskaini nion. Oso gogoko zuela zirudien eta gustora jan zuen. Baina harentzat harrigarriena gatza bota niola ikustea izan zen. Keinu egin zidan gatza ez zela ona esateko, eta ahoan gatz piska bat jarri eta nazka ematen zion itxura egin zuen; txistua botaka eta zitzipitzika mintzatuz aritu zen, eta gero ahoa urez garbitu zuen. Bestalde, nik ere gatzik gabeko haragi puska bat jarri nuen ahoan, eta gatzaren premia adierazteko txistua botaka eta zitzipitzika mintzatzen aritu nintzaion, hark gatza zuen zatiarekin egin zuen bezain bizkor. Baina alferrik, ez zion gatzik bota ez haragiari eta ez saldari, denbora luzean behintzat, eta gero ere oso gutxi.
Haragi egosia eta salda hartu ondoren, hurrengo egunean antxume zati erre bat oparitzat emateko erabakia hartu nuen. Sutondoan soka batetik zintzilik jarri nuen, Ingalaterran jende askok egiten zuen bezala, bi ziri suaren albo bakoitzean ezarrita, eta beste bat bien gainean zeharka, eta soka zeharka zegoen ziriari lotzen zitzaion, haragiak etengabe jira zezan. Ostiral txunditua geratu zen hura ikusita, baina haragia dastatu zuenean, mila modutara esan zidan zenbat gustatzen zitzaion, eta nik nahitaez ulertu behar izan nion. Azkenean ez zuela berriro giza haragirik jango esan zidan, eta niri poz handia eman zidan hura entzuteak.
Hurrengo egunean Ostiral alea xehatzen jarri nuen, eta lehen esan dudan bezala, nik asmatutako eran galbahetzen, eta berehala ulertu zuen nik bezain ongi nola egin, haren esanahaia ulertu zuenean batez ere, hau da, ogia egitea, izan ere, berehala utzi bainion ogia nola egiten nuen eta nola egosten nuen ikusten, eta denbora gutxi barru, gai izan zen lan hori guztia nik bezain ongi egiteko.
Orduan kontutan hartzen hasi nintzen, aho baten ordez jaten emateko bi nituela, eta lantzeko lur gehiago neureganatu beharko nuela, eta ohikoa baino ale multzo handiagoa erein beharko nuela. Horrenbestez, lur-sail handiagoa aukeratu nuen, eta hesia jartzen hasi nintzaion lehen egin nuen bezala. Han Ostiral irrikaz eta oso gogor lanean aritzeaz gainera, pozik aritu zen. Zertan ari ginen esan nion, alegia, alea ereiten ogi gehiago egiteko, nirekin zegoelako eta bientzat adina eskuratu beharra genuelako. Zentzu handikoa azaldu zen orduan, eta jakinarazi zidan konturatzen zela beragatik neure buruarentzat baino lan handiagoa hartzen ari nintzela, eta gogor saiatuko zela niretzat lan egiten, zer egin behar zuen esaten banion.
Uhartean igaro nuen bizitzaren urterik atseginena izan zen. Ostiral ongi samar hasi zen hitz egiten, eta aipatzen nizkion ia gauza guztien izenak eta bidaltzen nuen leku guztienak ulertzen zituen, eta asko hitz egiten zidan. Beraz, berehala hasi nintzen mihia berriz erabiltzen, horretarako aukera gutxi izan bainuen ordu arte, hitz egiteko, alegia. Harekin hitz egiteak sortzen zidan atseginaz gainera, gozaldi bereizia eskaintzen zidan adiskideak berak. Haren zintzotasun soil eta benetakoa egunetik egunera nabarmenago azaltzen zitzaidan, eta izaki hori benetan maitatzen hasi nintzen, eta hari zegokionean, uste dut, lehenago maite ahal izan zuen edozer baino gehiago maite ninduela.
Behin batean bururatu zitzaidan bere herrira itzultzeko grinarik zuen jakitea; eta ingelesa ia edozein galderari erantzuteko bezain ongi irakatsi nionez gero, galdegin nion ea bere herriak inoiz gudaldirik irabazi zuen. Hark irribarre egin, eta esan zuen:
— Bai, bai, gu beti hobe borrokan —eta esan nahi zuen beti besteak baino hobeak izaten zirela borrokan.
Eta horrela hasi genuen ondorengo elkarrizketa:
— Zuek beti hobe borrokan —esan nuen—, nola hartu zintuzten preso orduan, Ostiral?
Ostiral: Nire herriak irabazi.
Nagusi: Nola irabazi? Zure herriak irabazi bazuen, nola hartu zintuzten preso?
Ostiral: Haiek gehiago izan nire herria baino, ni nengoen lekuan; han hartu zituzten bat, bi, hiru eta ni. Nire herriak irabazi harantzago lekuetan, baina ni ez egon; han nire herriak preso hartu bat, bi, milaka.
Nagusi: Baina zergatik ez zen zure jendea joan zu etsaien eskuetatik askatzera?
Ostiral: Bat, bi, hiru eta ni kanoan sartu eta eraman; nire herriak orduan ez izan kanoarik.
Nagusi: Eta, Ostiral, zer egiten du zure herriak harrapatzen dituen gizonekin? Eraman eta jan egiten al ditu, horiek egiten duten bezala?
Ostiral: Nire herriak gizonak jaten ditu baita ere; denak jaten ditu.
Nagusi: Nora eramaten ditu?
Ostiral: Beste leku batera pentsatzen dutena joaten dira.
Nagusi: Hona etortzen dira?
Ostiral: Bai, bai, hona etortzen dira; eta beste lekuetara.
Nagusi: Egon zara hemen inoiz beraiekin?
Ostiral: Bai, hemen egon (eta uhartearen Ipar-mendebaleko aldea seinalatzen du, zirudienez, hori baitzen haien aldea).
Horrela jakin nuen nire zerbitzari Ostiral uhartearen alderdi urrunekoan lehorreratzen ziren basatien artean lehenago egona zela, bera jateko eraman zuten bezalako giza jate jaialdi berberetan. Eta handik denboraldi batera, lehen aipatu dudan uhartearen alderdi horretara eramatera ausartu nintzenean, hark lekua ezagutu zuen, eta esan zidan hogei gizon, bi emakume eta haur bat jan zituzten batean bera han egon zela. Ez zekien hogei ingelesez esaten, baina harriak errenkan jarriz zenbatu zituen, eta niri harriak seinalatu eta zenbatzeko esan zidan.
Gertaera hau aipatu dut ondoren esango dudanaren sarrera gisa. Harekin izan nuen elkarrizketaren ondoren, galdegin nion zenbateko tartea zegoen gure uhartetik itsasbazterrera, eta kanoak inoiz galtzen ziren. Esan zidan ez zegoela arriskurik, ez zela inoiz kanoarik galtzen, baina itsasoratu eta handik tarte batera, ur-laster eta haize bera izaten zirela beti, goizean norabide batera eta arratsaldean bestera.
Itsasaldiak igotzen eta jaisten besterik ez zirela izango iruditu zitzaidan; baina gero jakin nuen Orinoco ibai ahalmentsuaren ur-lasterrak eta itsas gorabeherak sortutakoak zirela, ibaiaren ahoan edo itsas-golkoan baitzegoen gure uhartea, gero jakin nuen bezala; eta mendebalean eta ipar-mendebalean, ibaiaren ahotik iparralderantz ikusten nuen lurra Trinidad uharte handia zela. Mila galdera egin nizkion Ostirali jaioterriaz, biztanleez, itsasoaz, itsasbazterraz, eta hurbil zeuden herriez. Zekien guztia esan zidan inolako tolesik gabe. Bere tankerako jendearen herrien izenak galdetu nizkion, baina ez nuen caribs beste izenik lortu, eta horrela erraz ulertu nion Karibe uharteak zirela haiek, gure mapetan Orinoco ibaiaren bokaletik Guianaraino eta harantzago Santa Martaraino iristen den Ameriketako lurraldean kokatzen dituztenak. Esan zidan ilargitik harantzago, ilargia sartzen zen lekutik harantzago esan nahi zuen, eta beren herritik mendebalerantz izan behar zuen, nik bezala bizar zuria zuten gizonak bizi zirela, eta lehen aipatu dudan nire bibote handia seinalatu zuen; eta haren hitzak erabilita, «gizonak asko» hil zituztela. Ulertu nuen espainiarrez ari zela, haiek Ameriketan egin zituzten bihozgabekeriak herrialde guztietara zabaldu baitziren, eta belaunaldiz belaunaldi gogoan izan baitituzte herri guztietan.
Galde egin nion ea uhartetik gizon zuri horienganaino nola iritsi esango zidan. Baietz erantzun zidan, «bi kanoatan» joan nintekeela. Ez nion ulertzen zer esan nahi zuen, eta azalduarazi nion bi kanoa esatean zer esan nahi zuen. Azkenean, konturatu nintzen, zailtasun handiz izan bazen ere, bi kanoa bezain handia zen itsasontzi batean esan nahi zuela.
Ostiralen hizketaldiaren zati hori entzutean atsegin handia hartu nuen, eta orduz gero, itxaropena izan nuen, noizbait handik ihes egiteko aukeraren bat izan nezakeela, eta basati gizajo hura laguntza izan zitekeela hori lortzeko.
Ostiral nirekin egon zen denboraldi guztian, eta nirekin hitz egiten eta esaten niona ulertzen hasi zenez geroztik, haren ariman erlijioaren oinarriak ezartzen ahalegindu nintzen. Behin batean, nork sortu zuen galde egin nion. Gizajoak ez zidan inondik ere ulertu, eta pentsatu zuen aita nor zuen galde egiten niola. Baina beste bide batetik jo nuen eta itsasoa, zapaltzen dugun lurra, eta mendiak eta basoak nork eginak ziren galde egin nion. Esan zidan harantzago bizi zen Benamuckee agureak eginak zirela. Ezin izan zuen izaki handi horren deskribapenik egin, oso zaharra zela besterik ez zuen esan, itsasoa eta lurra bera, eta ilargia eta izarrak baino zaharragoa. Orduan galde egin nion agure horrek gauza guztiak egin bazituen, zergatik ez zuten gauza guztiek hura goresten. Oso aurpegi iluna jarri zuen, eta begirada tolesgabea zuela, esan zuen:
— Gauza guztiek «oi!» esaten diote.
Gero galdetu nion bere herrian hiltzen zirenak inora joaten ziren, eta baietz esan zuen, denak Benamuckeerengana joaten zirela. Orduan jaten zituztenak ere joaten ziren galde egin nion, eta baietz esan zidan.
Harrezkero, benetako Jainkoaren ezagupena irakasten hasi nintzaion. Esan nion gauza guztien Egile handia han bizi zela, eta zerua seinalatu nion; Hark mundua gobernatzen zuela, hura sortzeko erabili zuen ahalmen eta ardura berarekin; ahalguztiduna zela, gauza guztiak egin zitzakeela, guri dena emateko edo kentzeko ahalmena zuela; eta horrela, pixkanaka begiak ireki nizkion. Arreta handiz entzuten zidan, eta atsegin handiz hartu zuen Jesukristo gu salbatzeko bidalia izan zen ustea, eta baita Jainkoari otoitz egiteko era ere, eta Hura guri entzuteko gai izatea, zeruan zegoen arren. Egun batean esan zidan gure Jainkoak eguzkitik harantzago entzuten bagintuen, Benamuckee baino handiagoa izan behar zuela nahitaez, bera ez baitzen oso urrun bizi eta halere ez baitzien entzuten, baldin eta bera bizi zen mendietara harekin hitz egitera joaten ez baziren. Galde egin nion ea inoiz joan zen harekin hitz egitera. Ezetz esan zidan, gazteak ez zirela inoiz joaten, gizon zaharrak baizik, oowokakee deiturikoak, hau da, erlijio gizonak edo klerigoak, aurrerago azalduarazi nionez gero; eta «oi!» esatera joaten zirela (horrela esaten zion otoitz egiteari), eta handik itzultzean Benamuckeek esandakoaren berri ematen zietela. Horrela ikusi nuen apaizen iharduna munduko fedegabe ezjakin eta itsuenen artean ere ezaguna zela; eta herriak kleroarekiko gorespena gordetzeko asmoz, erlijioa ezkutukoa egiteko politika, ez zela Erromako erlijioan soilik gertatzen, baizik eta agian munduko erlijio guztietan, baita basati zakar eta ankerren artean ere.
Ahaleginak egin nituen nire zerbitzari Ostirali trikimailu hura argitzeko, eta esan nion agureak mendira igo eta haien jainko Benamuckeeri «oi!» esateko asmo hori iruzurra besterik ez zela, eta hark esan zuen bezala, handik ekartzen zituzten hitzak antzeko zerbait. Erantzunen bat aurkituz gero, edo inorekin hitz egiten bazuten, izpiritu gaiztoren batekin izan behar zuela. Eta gero deabruari buruzko hizketaldi luze bati ekin nion, haren jatorriaz, Jainkoaren kontra altxatzeaz, gizonarekiko areriotasunaz, horren arrazoiaz, munduko leku ilunenetan Jainkoaren ordez, eta Jainkoa balitz bezala, goretsia izateko zuen joeraz, eta gizakiak hondamenera eramateko erabiltzen zituen trikimailu ugariez; nola erabiltzen zituen ezkutuko bideak gure grina eta zaletasunetara iristeko, nola egokitzen zituen azpikeriak gure joeretara, baita geure tentaldietan erorarazteko eta geure borondatez hondamenera joanarazteko.
Konturatu nintzen haren gogoan deabruari buruzko ideiak behar bezala ezartzea, ez zela Jainkoaren izateari buruzkoak ezartzea bezain erraza. Izadiak arrazoi guztietan laguntza ematen zidan haren aurrean garbi uzteko Lehenengo Arrazoiaren, Ahalmen arautzailearen, ezkutuko Goi-ardura zuzentzailearen eta gu egiteagatik zerga ordaindu beharraren zuzentasunaren eta justiziaren premia, eta abar. Baina horrelakorik ez zen ezer ageri izpiritu gaiztoaren ideian, haren jatorrian, izatean, izakeran eta, batez ere, gaiztakeriak egiteko eta gu horretara bultzatzeko hark zuen joeran. Behin batean, gizajoak galdera soil eta tolesgabe bat egin, eta erabat harritua utzi ninduen, zer erantzun ez nekiela. Denbora luzea neraman harekin hizketan Jainkoaren ahalmenaz, ahalguztidun izateaz, bekatuari zion gorroto ikaragarriaz, gaiztakerien egileentzat zuen su suntsitzaileaz; eta nola hark sortu gintuenez gero, gu eta mundu guztia desegin zezakeen berehalakoan; eta arreta handiz entzun zidan denbora guztian.
Gero esan nion deabrua Jainkoaren etsaia zela gizonen bihotzean, eta bere maltzurkeria eta trebetasun guztiak erabiltzen zituela Goi-arduraren asmo onak menderatzeko, eta Kristok lurrean zuen erreinua suntsitzeko, eta abar.
— Ederki —esan zuen Ostiralek— zuk esan duzu Jainkoa oso indartsua eta handia; ez al da indartsuena eta ahaltsuena deabrua baino?
— Bai, bai —esan nion— Ostiral, Jainkoa deabrua baino indartsuagoa da. Jainkoa deabruaren gainetik dago, eta horregatik otoitz egiten diogu gure oinpean jar dezan, eta bai haren tentaldiei aurre egiteko, eta bai haren gezi kixkalgarriak itzaltzeko gai egin gaitzan.
— Baina —esan zuen berriz—, Jainkoa indartsuagoa eta ahaltsuagoa deabrua baino, zergatik Jainkoak ez deabrua hil, eta gaiztakeria gehiago ez egiten utzi?
Galdera horrek ezustean harrapatu, eta harri eta zur utzi ninduen, eta azken finean, gizon heldua nintzen arren, doktore gazte bat besterik ez nintzen, kasuistikarako edo arazoak konpontzeko prestakuntzarik ez zuena. Hasieran ez nekien zer esan, beraz ez entzunarena egin nuen, eta zer esan zuen galde egin nion. Baina jakinahi handiegia zuen galdera ahazteko, beraz lehengo hitz hautsi berberekin errepikatu zuen. Bitartean neure onera etortzeko astia izan nuen, eta erantzun nion:
— Jainkoak azkenean gogor zigortuko du. Azken epaiketarako gordetzen du zigorra, eta hondorik gabeko amildegira botako du, eta han geratuko da betiko suan. Horrek ez zuen Ostiral ase, eta berriro errepikatu zizkidan nik esandako hitzak:
— Azkenerako gorde! Nik ez ulertu. Baina zergatik ez hil deabrua orain, zergatik ez aspaldi?
— Galde egin zenidake baita ere —erantzun nion—, zergatik ez gaitu Jainkoak zu eta biok hiltzen min ematen dioten gaiztakeriak egiten ditugunean? Ez, damutu eta barkatuak izateko zaintzen gaitu.
Pixka batean gogoeta egin, eta esan zidan goxo-goxo:
— Ederki, ederki; beraz zu, ni, deabrua, denak gaiztoak, denak zainduak, denak damutuak, Jainkoak denak barkatzen.
Berriro geratu nintzen erabat lur jota. Hori froga garbia izan nuen ikusteko nola izadiak berak, izaki arrazoidunak Jainkoaren ezagupenera bultzatzen dituen arren, eta Jainkoaren izate gorena goretsi eta omentzera, gure izatearen ondorioz, Goi-argiak besterik ezin duela aditzera eman Jesukristoren ezagupena, eta guretzat lortutako salbazioarena, hitzarmen berriaren Bitartekari eta Jainkoaren jarlekuaren aurrean Ararteko izatearena. Berriro diot, Goi-argiak besterik ezin ditu ideia horiek ariman ezarri, eta horrenbestez, Jesukristo gure Salbatzailearen Ebanjelioa, Jainkoaren Hitza alegia, eta Jainkoaren Izpiritua, bere herria gidatu eta santu egiteko hitz eman zuena direla, gizonen arimen ezinbesteko argitzaileak Jainkoaren ezagupen salbatzailea eta salbaziorako bidea lortzeko.
Orduan eten egin nuen ni eta nire zerbitzariaren arteko elkarrizketa, bat-batean zutik jarri eta norabait joan beharko banu bazala; gero urrutira bidali nuen zerbaiten bila, eta benetan otoitz egin nion Jainkoari basati zoritxarrekoari salbazio bidea irakasteko gai egin nintzan, eta Bere Izpirituaren laguntzaz, izaki ezjakin gizajoaren bihotzak Jainkoa Jesukristorengan ezagutu, Haren argia jaso, eta Harekin adiskidetu zezan, eta Jainkoaren Hitza hari adierazteko gida nintzan, haren barruaz jabetzeko, begiak irekiarazteko eta haren arima salbatzeko. Berriro itzuli zenean, hitzaldi luze bati ekin genion munduaren Salbatzaileak gizona bere egoeratik askatzearen gaiaz eta zerutik berri ematen zaigun Ebanjelioaren ikasbideaz, hau da, damutu eta Jainkoarengana jotzeaz eta Jesukristo gure Jaunarenganako fedeaz. Gero nola edo hala azaldu nion zergatik gure Askatzaile bedeinkatuak ez zuen aingeruen izaera hartu eta bai Abrahamen ondorengoena; eta nola, arrazoi horrengatik, eroritako aingeruak betiko salbaziotik baztertu zituen; Israelgo etxearen ardi galduengatik etorri zela, eta abar.
Jainkoak daki egiazaletasuna handiagoa nuela jakituria baino izaki gizajoari irakasteko aukeratzen nituen ikasbide guztietan, eta esan baharra daukat, nire ustez hastapen berberetan oinarri hartuko lukeen edonori gauza bera gertatuko litzaiokeela, alegia, gauzak argi eta garbi hari azaltzean, neure burua jantzi eta prestatu nuela lehenago ez nekizkien, edo gogoan izan ez nituen gauza askotan, denak basati gizajoari berri emateko ikerketan ari nintzenean besterik gabe bururatutakoak. Une horretan inoiz baino grina handiagoa izan nuen jakin-nahi horretan. Beraz, ez dakit zoritxarreko gizajoak hobera egin zuen ala ez, baina nik arrazoiak nituen eskerrak emateko niregana etorri zelako. Atsekabea arindu zitzaidan, bizilekua erabat eroso bilakatu, eta pentsatzen nuenean zokoratua izan nintzen bizitza bakarti horrek ez zidala soilik, hara eraman ninduen Eskuaren bila, zerura begirarazi; baizik eta tresna bat nintzela Goi-arduraren mendean basati gizajo hari bizia, eta, zalantzarik gabe, arima salbatzeko, eta erlijioaren eta Kristau ikasbidearen benetako ezagupenera eramateko, Jesukristo ezagutu zezan, eta hura ezagututa betiko bizitza. Esan bezala, gauza horiei buruz gogoetan aritzen nintzenean, ezkutuko poz bat jabetzen zen nire arimaren alderdi guztiez, eta askotan atseginez hartzen nuen inoiz leku horretara eramana izatea, askotan eta askotan atsekabe guztien artean ikaragarriena zela uste izan banuen ere.
Esker oneko jarrera horretan aurrera egin nuen gainerako denbora guztian, eta Ostiralen eta nire arteko elkarrizketan emandako orduek, elkarrekin eman genituen hiru urteak erabat eta guztiz zoriontsuak egin zituzten, ilargi azpiko egoeran erabateko zoriontasuna bidezkoa den neurrian behintzat. Basatia kristau ona zen orduan, ni baino askoz hobea, nahiz eta arrazoiak izan uste izateko, eta Jainkoa bedeinkatzen dut horregatik, biak neurri berean ginela damutuak, damutu sendotuak eta indarberrituak. Jainkoaren Hitza genuen irakurtzeko, eta guri irakasten zigun Haren Izpiritua ez zegoen Ingalaterran izan bagina baino urrunago.
Idatzi Santuak irakurtzen ahalegintzen nintzen beti, hari irakurtzen nuenaren esanahia, ahal nuen bezala, jakinarazteko; eta hark, bere galdera eta itaunketa sakonekin, lehen esan dudan bezala, Idatzi Santuen ezagupenean inoiz bakarkako irakurketa soila eginez izango nintzena baino ikasle hobea bilakatu ninduen. Era berean, ezin dut aipatu gabe utzi, nire bizitza bakartiaren zati horretan ikasitako beste gauza bat; hau da, bedeinkapen adierazezina eta betikoa den Jainkoaren ezagupena eta Jesukristoren salbazioaren ikasbidea Haren Hitzetan horren argi eta garbi adierazia egotea, horren erraza izatea jasotzeko eta ulertzeko, ezen Idatzien irakurketa soil batek gai egin baininduen ulertarazteko bekatuengatik benetan damutzearen zeregin handiari ekin behar niola zuzenean, eta Salbatzailearen eskutan jartzean bizitza eta salbazioa lortzeko, eraberritzea aurrera eraman behar nuela, eta Jainkoaren esanak bete, eta hori gainera irakaslerik eta laguntzarik gabe (gizakiena esan nahi dut); eta ikasketa soil hori bera nahikoa izan zen izaki basatia argitzeko, eta nire bizitzan ezagutu ditudan gutxi batzuk bezain kristau on bihurtzeko.
Munduan erlijioari buruz gertatutako liskar, oker, eztabaida eta istilu guztiak, bai dotrinen zorroztasunak izan edo elizaren gobernu egitasmoak, denak alferrikakoak ziren guretzat, eta, orain ikus dezakedanaren arabera, alferrikakoak izan ziren baita munduko gainerako guztientzat ere. Zerura iristeko bide erakusle ziurra genuen Jainkoaren Hitza, eta guk, bedeinkatua izan dadila Jainkoa, Jainkoaren Izpirituaren ikusmen sendotzailea genuen, Haren Hitzaren bidez guri irakatsi eta prestakuntza ematen baitzigun, gu biok egia osora bultzatu, eta gogotsu eta esaneko bihurtzeko, Haren Hitzak ematen zigun prestaketa eskuratzean. Ez dut ikusten munduan halako nahasmenduak sortu zituzten erlijio gai eztabaidagarriei buruzko jakituria sakonagoak, halakorik lortu izan bagenu ere, guretzat izango lukeen erabilerarik txikiena. Baina kontakizunaren jarraipenarekin aurrera egin behar dut, eta gauza bakoitza bere lekuan kokatu.
Ostiral eta biok elkar sakonago ezagutu genuenean, hark nik esandako ia guztia ulertzen zuenean, eta hiztun trebe egin zenean, sasi-ingelesean izan arren, nire istorioaren berri eman nion, edo gutxienez uhartera iristearekin zerikusi zuen zatiarena, nola bizi nintzen han eta zenbat denbora neraman. Sutautsaren eta balen misterioa, horixe baitzen harentzat, jakinarazi nion, eta tiro egiten irakatsi nion. Labana eman nion, eta harekin liluratua geratu zen, eta zorro bat zintzilikatua zeraman gerriko bat egin nion, Ingalaterran ehiza labanak eramateko erabiltzen direnak bezalakoa, eta zorroan sartzeko labanaren ordez, aiztoa eman nion; izan ere, arma ona izateaz gainera, oso erabilgarria baitzen beste egoera askotan.
Europako herrialdeen deskribapena egin nion, bereziki Ingalaterrakoa, hangoa bainintzen; nola bizi ginen eta nola goresten genuen Jainkoa, nolako harremanak genituen geure artean, eta nola aritzen ginen merkataritzan geure itsasontzietan munduko leku guztietan. Nire itsasontziaren hondoratzearen berri eman nion, eta erakutsi nion, ahal izan nuen gertuenetik, hura zegoen lekua, baina hauts egina zegoen, eta ordurako desagertua.
Ihesean galdu, eta indar guztiak erabili arren, mugitu ezin izan nuen txaluparen hondakinak erakutsi nizkion, baina ia txiki-txiki eginda zegoen ordurako. Txalupa ikusi zuenean Ostiral pentsatzen geratu zen tarte luze batean, ezer esan gabe. Zer zerabilen buruan galde egin nion, eta azkenean esan zuen:
— Nik ikusi horrelako txalupa etorri nire herrira.
Pixka batean ez nion ulertu esan zuena, baina azkenean, hobeto aztertu nuenean, ulertu nion bera bizi zen lurraldeko itsasbazterrera haren antzeko txaluparen bat iritsi zela, alegia, hark azaldu zidanaren arabera, ekaitzaren indarrak eraman zuela hara. Orduan pentsatu nuen europar itsasontziren batek haien itsasbazterrean hondoa jo behar izan zuela, eta txalupa askatu eta hondartzaraino eramana izango zela; baina oso ergela izan nintzen, eta ez zitzaidan bururatu handik inork ihes egingo zuenik, are gutxiago bururatu zitzaidan nongoak ziren galdetzea, eta txaluparen deskribapena besterik ez nion eskatu.
Ostiralek zehatz-mehatz deskribatu zidan txalupa, baina hobeto ulertu nion bero samar esan zidanean:
— Gizonak zuriak guk salbatu ez itotzeko.
Gero galde egin nion gizonak zuriak, hark esaten zien bezala, ba ote ziren txalupan.
— Bai —esan zuen—, txalupa gizonak zuriak beteta.
Zenbat zeuden galde egin nion, eta hatzak erabiliz hamazazpi zeudela esan zidan. Galde egin nion zer gertatu zitzaien, eta esan zidan:
— Haiek bizi, egon gure herrian.
Horrek gogoeta berriak sorrarazi zizkidan, eta bururatu zitzaidan gizon horiek nire uhartearen aurrean, orduan deitzen nion bezala, hondoa jo zuen itsasontzian zihoazenak izan zitezkeela; eta itsasontzia harkaitzen kontra jo zuenean, eta ezinbestean haienak egin zuela ikusita, agian txalupan abiatuko zirela, eta itsasbazter soil hartan basatien artean lehorreratu.
Hori zela eta, zorrotzago galde egin nion gizon haiei gertatutakoaren berri. Segurtatu zidan oraindik bizirik zeudela; lau urte inguru zeramatzatela han, basatiek bakarrik utzi zituztela, eta bizitzeko janariak ematen zizkietela. Galdetu nion zer zela eta ez zituzten hil eta jan. Orduan esan zidan:
— Ez, anaiak egin haiekin.
Alegia, adiskidetu egin zirela ulertu nion, eta gero erantsi zuen:
— Haiek ez jan gizonak, borrokak behartuta ez baditu.
Eta horrek esan nahi zuen basatiek ez zituztela gizonak jaten, baldin eta haien kontra borrokatzera etorritakoak ez baziren, edo borrokan preso hartutakoak.
Handik denbora luzera, uhartearen ekialdean mendi tontor batean ginela; esan dudan bezala, egun argia zen batean, lur nagusia edo Ameriketako kontinentea ikusi nuen lekuan, Ostiral arretaz zegoen kontinentera begira, orduan ere eguraldia bare-bare baitzegoen. Halako batean, jauzika eta dantzan hasi zen, eta dei egin zidan, urruti samar bainengoen. Zer gertatzen zen galde egin nion.
— Oi poza —esan zuen—, oi pozik! Han ikusi nire herria, nire nazioa!
Konturatu nintzen aurpegia pozez bete zitzaiola, begiak distiratsu, zituela, eta begitartean ezinegon bitxia erakusten zuela, bere herrira itzultzea bururatu balitzaio bezala. Ikusitakoak pentsamendu ugari ekarri zizkidan burura, eta hasieran nire zerbitzari berri Ostiralek kezka sortu zidan, eta zalantzarik ez nuen Ostiral bere herrira itzuliz gero, bere erlijioa erabat ahazteaz gainera, nirekiko zituen betebeharrak ere ahaztuko zituela, eta gai izango zela bere herritarrei nire berri emateko, eta agian haietako ehun edo berrehunekin niregana itzuli eta nirekin jai bat ospatzeko, eta horrek borrokan etsaiak harrapatzeak ematen zion poz berbera emango ziola.
Baina oker ibili nintzen izaki zintzo gizajoarekin, eta gero damutu zitzaidan. Dena dela, nire bekaizkeria handitu ahala, zenbait astez, hotzago jokatu nuen harekin eta ez nion lehengo adiskidetasun eta atsegintasun bera adierazi; eta horretan ere oker ibili nintzen, izaki zintzo eta esker onekoak ez baitzuen kristau fededun eta adiskide zintzo baten jokabidearekin zerikusirik ez zuen pentsamendu bakar bat ere izan, gero nire atsegin osorako garbi ikusi zen bezala.
Harekiko bekaizkeriak iraun zidan bitartean, ziur egon zaitezke etengabe zirikatzen aritu nintzaiola, nire ustez hark izan zitzakeen pentsamendu berriak asmatu nahian; baina hark esaten zuen guztia horren zuzena eta tolesgabea zela ikusita, ezin izan nuen ezer aurkitu nire susmoei su emateko; eta nire ezinegon guztiak gorabehera, berriro bereganatu ninduen, eta azkenean ez zen ni kezkatua nengoela konturatu, eta ezin izan nuen hark iruzur egingo zidan susmorik izan.
Egun batean, lehengo mendi tontor berbera igotzen ari ginela, baina itsasoa laino zegoelako, kontinentea ikusten ez genuela, Ostirali dei egin eta esan nion:
— Ostiral, ez zenuke zure herrian, zure jaioterrian egon nahiko?
— Bai —esan zuen—, ni oi pozik egon nire jaioterrian egoteagatik.
— Zer egingo zenuke han? —esan nion—. Berriro hezigabe bihurtu, giza haragia jan, eta lehenago bezain basati izan?
Kezkati begiratu zidan eta buruari eraginez esan zuen:
— Ez, ez; Ostiralek esango die zintzo bizi; esango die Jainkoari otoitz egin; esango die artale-ogia jan, ahuntz haragia eta esnea..., eta berriro gizonik ez jan.
— Baina, orduan, hil egingo zaituzte.
Kopeta zimurtu, eta esan zidan:
— Ez, haiek ni ez hil, haiek nahiko maite ikasi.
Horrekin esan nahi zuen ikasi nahiko zutela. Gainera esan zuen asko ikasi zutela txalupan iritsi ziren gizon bizardunekin. Gero galde egin nion haiengana itzuliko zen, eta irribarre egin, eta ezin zuela horren urrutiraino igeri egin erantzun zidan. Esan nion kanoa bat egin niezaiokeela, eta joango zela erantzun zidan, ni ere joaten banintzen.
— Joango naiz —esan nuen—, baina joaten banaiz jan egingo naute.
— Ez, ez —esan zuen—, nik ez utzi zu jan, nik zu asko maitarazi.
Hau da, nik bere etsaiak hil nituela eta bizia salbatu niola esango ziela, eta horrenbestez ni maitatzera behartuko zituela. Gero, ahal izan zuen bezala adierazi zidan, zein atseginak izan ziren hondamenean hondartzara iritsi ziren hamazazpi gizon zuri edo gizon bizardunekin, hark deitzen zien bezala.
Harrezkero, esan beharra daukat, gogoan izan nuela handik ihes egitea, eta gizon bizardun horiekin elkartzerik nuen ikustea, zalantzarik ez bainuen, espainiarrak edo portugaldarrak zirela. Ziur nengoen, hara iristea lortuz gero, ihesbideren bat aurkituko genuela, kontinentean egonda eta talde ugarian, hantxe uhartean, itsasbazterretik berrogei miliatara, bakarrik eta laguntzarik gabe egonda baino errazago. Beraz, handik egun batzuetara berriro ekin nion elkarrizketa bidez Ostiralekin eskuartean nuenari, eta esan nion txalupa bat nuela bere herrira itzul zedin; eta hala uhartearen beste aldean nuen txaluparaino eraman nuen, barruan zuen ura hustu, urpean gordetzen bainuen beti, uretatik atera eta erakutsi nion, eta biok barruan sartu ginen.
Oso marinel trebea zela konturatu nintzen hura gidatzen, eta txalupa ia nik bezain erraz eta bizkor eraman zezakeela. Beraz txalupa barruan zegoenean esan nion:
— Eta orain, Ostiral, joango gara zure jaioterrira?
Nik esandakoa entzutean harritua geratu zen, itxuraz horren urrutira joateko txalupa txikiegia zela pentsatzen zuelako. Gero beste txalupa handiagoa nuela esan nion, eta hurrengo egunean, uretaraino eraman ezin izan nuen nire lehenengo txalupa zegoen lekuraino joan nintzen. Esan zuen baietz nahikoa handia zela, baina hogeitabi edo hogeitahiru urte zeramatzanez gero zaindu gabe han utzita, eguzkiak pitzatu eta lehortu zuen, ia usteltzeraino. Ostiralek esan zidan txalupa oso ona zela, eta haren hitzetan esanda, «janari, edari, ogi nahikoa asko» eraman zezakeela.
Azkenean, harekin kontinentera joateko erabakia horren tinko hartua nuenez gero, esan nion hura bezain txalupa handia egingo genuela eta etxera joan ahal izango zela. Ez zidan hitzik erantzun, baina oso ilun eta goibel zirudien. Zer gertatzen zitzaion galdegin nion, eta hark berriz:
— Zer dela eta haserre bizian Ostiralekin? Nik zer egin?
Zer esan nahi zuen galdetu nion, eta esan nion ez nengoela inolaz ere haserre.
— Ez haserre, ez haserre —esan zuen, hitzak zenbait aldiz errepikatuz—. Zergatik bidaltzen duzu Ostiral etxera nire herrira?
— Zergatik? —esan nion—. Ostiral, ez zenidan zuk esan han egon nahiko zenukeela?
— Bai, bai —esan zuen—, nik nahiko nuke biak egon han, ez Ostiral han egon, eta nagusia ez.
Hitz batean, ez zuen ni gabe joateko asmorik.
— Joaten banaiz, Ostiral —esan nuen—; zer egingo dut han?
Berehala itzuli zen niregana hura entzutean:
— Zuk on egin asko han —esan zuen—. Gizonak basatiak zintzoak, behar bezalakoak, esanekoak izaten irakatsi; zuk haiei esan Jainkoa ezagutu, Jainkoari otoitz egin, eta bizitza berria bizi.
— Ene bada, Ostiral! —esan nion—. Ez dakizu zer diozun. Ni gizon ezjakina naiz.
— Bai, bai —esan zuen—. Zuk niri irakatsi ongi, zuk haiei irakatsi ongi.
— Ez, ez, Ostiral —esan nuen—. Ni gabe joango zara; utz nazazu hemen neure kabuz bizi nadin, orain arte bezala.
Hori entzutean kezkatua zirudien berriz, eta lasterka abiatu zen berak erabiltzen zituen aizkora txikietako baten bila, eta hura presaka hartu, niregana etorri eta eman zidan.
— Zer egin behar dut honekin? —esan nion.
— Zuk hartu eta hil Ostiral —esan zuen.
— Zergatik hil behar zaitut? —esan nuen berriro.
Berehala erantzun zidan:
— Zergatik zuk bidali urrutira Ostiral? Tori, hil Ostiral, ez bidali urrutira Ostiral.
Hitz horiek benetan esan zituen eta begietatik malkoak zerizkiola ikusi nuen. Hitz betean, nireganako zuen joera eta hark hartutako erabaki tinkoa argi eta garbi antzeman nituen, eta orduan esan behar izan nion, eta gerora ere askotan, ez nuela inoiz urrutira bidaliko, nirekin egon nahi bazuen.
Dena den, hark esan zituen hitzetan nirekiko joera oso tinkoa zela ikusi nuen, eta ezerk ez zuela niregandik bereiziko, eta konturatu nintzen bere herrira itzultzeko gogo biziaren arrazoia herritarrenganako maitasun sutsua eta nik haiek on bihurtzeko itxaropena zela; nik ordea, horretarako prestakuntzarik ez nuenez gero, ez nuen ez pentsamendu, ez asmo, ez gogo izpirik ere horrelako eginkizunik neure gain hartzeko. Baina oraindik joera bizia nuen ihes egiten saiatzeko, lehen esan dudan bezala, elkarrizketatik atera nuen ondorioan oinarri hartuta, alegia, han hamazazpi bizardun zeudela jakitean. Horrenbestez, atzerapenik gabe, Ostiralekin batera lanean hasi nintzen zuhaitz handi eta egoki baten bila, hura moztu, piragua edo kanoa handi bat egin, eta bidaldiari ekiteko. Uhartean baziren ontzidi txiki bat eraikitzeko adina zuhaitz, eta ez piragua edo kanoena, itsasontzi handienena baizik. Baina kontutan izan nuen lehenik eta behin uretatik gertu zegoen bat aurkitzea, ontzia egina izatean itsasoratu ahal izateko, eta lehen egindako hutsa berriz ez errepikatzeko.
Azkenean Ostiralek bat aukeratu zuen, nik baino hobeto baitzekien zein zen ontzia egiteko egurrik aproposena. Ezin dut esan une honetan ere, zein zen moztu genuen zuhaitzaren izena, horikai izenez ezagutzen dugun zuhaitzaren oso antzekoa zela besterik ez, edo zuhaitz horren eta nikaragua zuhaitzaren artekoren bat, kolore eta usain beretsua baitzuten. Ostiral zuhaitzaren barrualdea erretzera zihoan txalupa egiteko, baina nire tresnekin zuloa egitea errazagoa zela erakutsi nion, eta nola erabili ikasi zuenean, oso trebe aritu zen lanean. Hilabetez lanean jo eta ke aritu ondoren amaitu genuen, eta oso dotore gainera, batez ere aizkorekin, Ostirali nola erabiltzen zen erakutsi ondoren, kanpoaldea moztuz eta landuz benetako txalupa itxura eman genionean. Gero, hala ere, hamabost egun behar izan genituen, hatz betez hatz bete, enbor handien gainean txalupa uretaraino eramateko. Baina uretan sartu genuenean, hogei gizon eraman zitzakeen erraz. Uretan zegoela, eta handia izan arren, harritua geratu nintzen ikusi nuenean, nire zerbitzari Ostiralek nolako trebetasunez eta erraztasunez gidatu, norabidez aldatu eta aurrera eramaten zuen. Orduan, bera joango litzatekeen, eta bere iritziz joaten ausart gintezkeen galde egin nion:
— Bai —esan zuen—, txalupan ausartu oso ongi, haize zakarrak jota ere.
Hala ere, hark ez zekien beste asmo bat nuen, alegia, txalupari masta eta haize-oihal bat egitea, eta aingura eta soka bat eranstea. Masta erraz lortu genuen, horretarako handik gertu aurkitu nuen izai tantai gazte bat moztuta, uhartean ugari baitziren. Ostiral jarri nuen hura mozten, eta argibideak eman nizkion horretan aritzeko eta masta bere lekuan jartzeko. Baina haize-oihala nire zeregin berezia zen. Banekien oihal zaharrak banituela horretarako adina, edo gutxienez haize-oihal zahar puskak; baina nire ondoan hogeita sei urte egin ondoren, eta haiek zaintzeko ardura berezirik hartu ez nuenez gero, ez baitzitzaidan inoiz bururatu horrelako erabilerarik izango zutenik, zalantzarik ez nuen denak ustelduta egongo zirela, eta gehienak hala zeuden. Hala ere, itxura nahiko ona zuten bi ale aurkitu nituen, eta haiekin lanean hasi nintzen. Lana gogotik egin, eta, orratz premiaz, jostura nekeza eta motelaren ondoren (ez egin zalantzarik), hiru mutur zituen gauza itsusi bat egin nuen, Ingalaterran ahari bizkarra esaten diogun haize-oihalaren antzekoa, behealdean euskarri bat, eta goiko muturrean haize-oihala jasotzeko tantai txikia izaten duena; gure itsasontzietako txalupek eraman ohi dutena bezalakoa, eta nik primeran erabiltzen nekiena, horrelako bat baitzuen Berberiatik ihes egiteko erabili nuen bela-untziak, nire kontakizunaren lehenengo zatian adierazi nuen bezala.
Ia bi hilabete eman nituen azken lan horretan, alegia, ontzia sokaz janzten eta masta eta haize-oihalak jartzen; osatzeko eztai txiki bat egin nion, eta haize-oihal bat edo trinketea jarri nion, haizearen indarra erabiltzean laguntza izateko; eta are gehiago, lema bat txopan ontzia gidatzeko. Ontzigile baldarra izan arren, banekien erabilgarritasunak eta baita premiak ere bultzaten ninduela; eta horrenbesteko nekeak hartuta lotu nintzaion lanari, ezen azkenean helburua lortu bainuen. Hala ere, kontutan izanda porrot egin zidaten asmaketa tamalgarri ugariak, uste dut hura egiteko ontzia bera egiteko bezainbesteko lana hartu nuela.
Lana amaitu nuenean, nire zerbitzari Ostirali itsasketarekin zerikusia zuen guztia irakatsi behar nion; izan ere, oso ondo bazekien ere kanoa nola arrabatu, haize-oihalarekin eta lemarekin zerikusia zuen ezer ez zekien, eta zeharo harritua geratu zen txalupa batera eta bestera lemaz itsasoan gidatzen ikusi ninduenean, eta haize-oihalak nola biratzen zuen eta nola betetzen ziren haizez bide batean edo bestean, norabidez aldatzen genuenean; eta esan dudan bezala, hori ikustean txunditua eta harri eta zur geratu zen. Dena den, erabileraren poderioz ikasi zuen, eta marinel trebe bihurtu zen, ipar-orratzari zegokionean izan ezik, horretaz ezer gutxi ulertarazi bainion. Bestalde, inguru horietan zeruak estalita gutxitan izaten zirenez gero, eta lainoa oso gutxitan edo inoiz ez, ez zen ipar-orratza erabiltzeko aukera handirik, izarrak beti ikusten baitziren gauez, eta egunez itsasbazterra, eurite garaian izan ezik, eta orduan ez zen inor irtetera ausartzen, ez lehorrean eta ez itsasoan.
Uhartean nire presoaldiaren hogeita zazpigarren urtean nengoen, nire zerbitzariarekin neramatzan azken hiru urteak zenbaketatik kendu beharko nituzkeen arren, urte horietan nire bizimodua ordu arte ez bezalakoa izan baitzen. Nire lehorreratzearen urteurrena hasieran nuen Jainkoarenganako esker on berarekin ospatzen nuen Haren errukia zela eta; eta hasieran eskerrak emateko arrazoiak banituen, handiagoak nituen orduan, Goi-arduraren lekukotasun berriak bainituen, eta benetan eta berehala salbatuko nintzen itxaropen handia bainuen; eta nire salbazioa ezinbestean hurbil zegoela, eta ez nuela han beste urtebete egingo uste bainuen. Dena den, lurra lantzen aurrera egin nuen, aitzurtzen, ereiten eta hesiak jartzen beti bezala; mahatsa biltzen eta lehortzen uzten, eta premiazko gauza guztiak ordu arte bezala egiten.
Bitartean, eurite garaia iritsi zen, eta beste garaitan baino denbora luzeagoan egon beharra nuen etxean, eta horregatik gure txalupa berria ahal izan genuen leku seguruenean ezkutatu genuen, ibaian gora igo eta, hasieran esan nuen bezala, itsasontzitik etortzean alak lehorreratu nituen leku berean. Itsasgora zenean itsasbazterreraino eraman genuen arrastaka, eta nire zerbitzari Ostirali itsasarte txiki bat palaz zularazi nion, txalupa han gorde ahal izateko adinakoa, eta hura ur gainean egoteko bezain sakona; gero itsasoak behera egin zuenean, ur-hesi sendo bat egin genion urari, txalupa barrura sartzen ez uzteko. Horrela txalupa lehorra egongo zen eta itsasaldietatik babestua. Eta euriari sartzen ez uzteko, zuhaitz adar pila jarri genion gainean, etxe batek izan dezakeen lastozko teilatua bezain sendo, eta azaroa eta abendua arte zain geratu ginen, ordurako bainuen erabakia gure abentura aurrera eramatea.
Aukeratutako sasoia iristear zegoenean, eta eguraldi onaren eraginez hartutako erabakia gogora itzuli zitzaidanean, egunero aritu nintzen bidaldia prestatzen. Lehenik eta behin, janari eta edari batzuk bildu nituen, gure bidaldiko ontzi-horni izateko; eta asmoa nuen astebete edo hamabost egunetan ur-hesia ireki eta txalupa itsasoratzekoa. Goiz batean, horrelako zerbaitetan lanpetua nengoela, Ostirali dei egin nion itsasbazterrera joateko ea lehorreko edo uretako dortokaren bat ikusten zuen, astean behin egiten genuen lana baitzen hura, bai arrautzak eta baita haragia ere lortzeko. Ez zen denbora luzea igaro Ostiral joan zenetik, tximistaren pare korrika itzultzen ikusi nuenean, kanpoko horma edo hesia airean igarotzen, lurra ukituko ez balu bezala edo oinen aztarnak lurrean utziko ez balitu bezala; eta ezer esateko denborarik izan baino lehen, ohiu egin zidan:
— Oi nagusi, nagusi! Oi tamala! Oi txarra!
— Zer gertatzen da, Ostiral? —esan nuen.
— Hara han —esan zuen—, bat, bi, hiru kanoa! Bat, bi, hiru!
Hitz egiteko moduagatik sei zirela pentsatu nuen, baina galdetu ondoren, hiru besterik ez zirela jakin nuen.
— Tira, Ostiral —esan nuen—, ez izan beldurrik!
Ahalegin guztiak egin nituen adore emateko. Dena den, gizajoa beldurrak airean ikusi nuen, buruan sartu baitzitzaion haren bila etorri zirela, eta txiki-txiki egin eta jan egingo zutela. Eta errukarria etengabe dardarka ari zen, eta ez nekien harekin zer egin. Ahal izan nuen bezala lasaitu nuen, eta esan nion ni ere arrisku berean nengoela, eta ni ere bera bezala jango nindutela.
— Baina Ostiral, —esan nuen—, horien kontra borrokatu beharra dugu.
— Ezin al zaitezke borrokatu, Ostiral?
— Nik, tiro egin —esan zuen—, baina haiek pila handian etorri gero.
— Lasai horregatik —esan nuen berriz—, gure eskopetek ikaratuko dituzte hiltzen ez ditugunak.
Orduan galde egin nion, ea nik bera babestea erabaki banuen, berak ni babestuko ninduen, eta nire ondoan egon eta nik esaten niona egingo zuen.
— Ni hil zuk esaten duzunean hil, nagusi —esan zuen.
Beraz, ron zurrutada on baten bila joan nintzen, eta Ostirali eman nion; izan ere, oso ongi aurreztu bainuen rona eta asko nuen oraindik. Edan zuenean, beti alboan generamatzan bi ehiza eskopetak harrarazi nizkion, eta pistola-bala txikien neurriko ehiza-bala handiz bete nituen. Gero lau moskete hartu nituen, eta bi kartutxo eta bost bala txiki sartu nituen bakoitzean; eta nire bi pistolei bala pare bana jarri nizkien. Ezpata handia, beti bezala, saihetsean neraman zorrorik gabe, eta Ostirali bere aiztoa eman nion.
Neure burua horrela prestatu ondoren, betaurreko luzeak hartu eta mendian gora abiatu nintzen, zer aurkitzen nuen ikustera. Berehala konturatu nintzen, betaurrekoari esker, hogeita bat basati zeudela han, hiru atxilotu, eta hiru kanoa, eta, itxuraz, haien zeregin guztia zela hiru gizakien gorputz haiekin garaipen hasealdi on bat egitea; jaialdi basatia benetan, baina, nik ikusi nuena ikusita, besteetan egin ohi zutena besterik ez.
Konturatu nintzen baita ere, ez zirela lehorreratu Ostiralek ihes egin zuen leku berean, nire ibaitik gertutago baizik, itsasbazterra lauagoa eta ia itsasoraino iristen zen baso sarri bat zegoen lekuan, hain zuzen ere. Horrek eta basati horiek egitera etorri ziren eginkizun errukigabeak sortzen zidan gorrotoak erabat asaldatu ninduten, eta berriro Ostiralengana joan, eta haiei eraso egitea eta denak hiltzea erabakia nuela esan nion, eta galde egin nion ea bera ere prest zegoen. Izualdia igaro berria zuen, eta nik emandako zurrutadari esker barrua bero samarra zuenez gero, kementsu zegoen, eta erantzun zidan, lehentxeago ere esan zidan bezala, bera nik hiltzeko agintzen nionean hilko zela.
Beroaldi horretan, lehenik eta behin armak banatu nituen, lehen bezala, bion artean. Ostirali pistola bat eman nion gerrikoan jartzeko eta bizkarrean eramateko hiru eskopeta, eta nik pistola bat eta beste hiru eskopetak hartu nituen; eta horrela abiatu ginen. Ron botila txiki bat sartu nuen poltsikoan, eta Ostirali barruan sutautsa eta bala gehiago zituen poltsa handi bat eman nion. Aginduei buruz nire atzean hurbil egon zedin esan nion, ez mugitzeko, eta ez tirorik edo beste gauzarik egiteko nik esan gabe, eta bitartean hitzik ez esateko. Gero ia milia bateko zeharbidea hartu nuen neure eskuinetara, ibaia inguratu eta basoan sartzeko, basatiak tiromenean izateko asmoz, ni ezkutuan egonda, erraza baitzen hori egitea, betaurreko luzearekin ikusi nuenaren arabera.
Ibilaldian aurrera nindoala, lehen izan nituen gogoetak itzuli zitzaizkidan, eta erabakian atzera egiten hasi nintzen. Ez dut horrekin esan nahi giza kopuruaren beldur nintzenik; izan ere, basati biluziak eta armarik gabeak zirenez gero, zalantzarik gabe mendean nituen, baita bakarrik egon banintz ere. Baina orduan pentsatu nuen, zer eskaera, zer arrazoi, are gehiago zer premia nuen nire eskuak odoletan zikintzeko, niri ez kalterik eta ez kalte egiteko ahaleginik egin ez zuen jendeari eraso eginez; niretzat errugabeak baldin baziren, eta ohitura basatiak berriz, haien hondamena, eta Jainkoak, munduko alderdi horretako beste zenbait herrirekin batera, bere eskutik, haien ergelkeriaren eta ohitura bihozgabeen mende utzi zituen froga? Hark ez zidan dei egin ekintza horien epaile izateko, are gutxiago Haren zuzentasunaren gauzatzaile; egoki iruditzean Bere esku hartuko baitzuen arazoa, eta nazio mendekuaren bitartez zigortuko baitzituen, nazio gaiztakeriak egin zituen jendea zigortzen zuen bezala; baina bitartean ez zen nire eginkizuna; eta, egia zen Ostiralek zuritu zezakeela jokabide hura, etsai nabarmena baitzuten, eta gerra egoeran baitzegoen jende jakin horrekin, eta horregatik legezkoa zen harentzat haiei eraso egitea; baina ezin nuen nik gauza bera esan. Oinez nindoan bitartean gauza horiek burua horrenbesteraino berotu zidatenez gero, haiengana joan, ondoan jarri eta jaialdi basatia ikustea erabaki nuen, eta Jainkoak agindu bezala jokatuko nuela, baina dei argi bat zela esaten zidan zerbait ez banuen aurrean ikusten, ez nuela han sudurra sartuko.
Erabaki hori hartuta sartu nintzen basoan, eta kontu handiz eta isilik, Ostiral orpoz orpo nuela, basatiengandik hurbilen zegoen alderdian aurrera egin nuen basoaren atariaraino iritsi arte, nire eta haien artean basoaren ertz bat besterik ez genuela. Orduan isil isilik dei egin nion Ostirali, eta basoaren ertzean zegoen zuhaitz handi bat erakutsi nion. Hara joan eta handik zertan ari ziren ongi ikusten bazuen niri jakinarazteko agindu nion. Hala egin zuen, eta berehala itzuli eta esan zidan handik oztoporik gabe ikus zitzakeela; denak suaren inguruan zeudela, preso hartutako baten haragia jaten, eta urrunxeago berehala jango zuten beste bat zegoela hondarretan lotua; eta, sutan jarri nintzen bere herrikoa ez zela, eta lehenago aipatutako txalupan bere jaioterrira iritsi ziren gizon bizardunetako bat zela esan zidanean. Gizon zuri bizardun izena entzute hutsak izutu ninduen, eta zuhaitzera joan eta bete betean ikusi nuen betaurreko luzea erabilita, hondarretan etzanda zegoen gizon zuri bat, europarra eta jantziak zeramatzana, eta eskuak eta oinak ehun-zerrendaz edo ihien antza zuten gauza batzuez lotuak zituena.
Beste zuhaitz bat eta sasiarte txiki bat zegoen harantzago, basatiak zeuden aldera, ni nengoen lekutik hamabost bat iardatara, eta handik itzulingurua eginez gero, konturatu nintzen ez nindutela hurbiltzen ikusiko, eta gainera tiromenean izango nituela. Beraz, neure grinak menderatu nituen, nahiz eta sutan egon; eta hogei bat urrats atzera eman eta bide osoan aurrera egiten zuten sasi batzuen atzera iritsi nintzen, eta handik beste zuhaitz bateraino. Orduan haiek bete betean ikusteko aukera eskaintzen zidan muino baten gainera iritsi nintzen, haiengandik hogei bat iardatara.
Ez nuen galtzeko une bakar bat ere, izan ere gizatxar ikaragarri horietako hemeretzi lurrean eserita baitzeuden denak pilatuta, eta beste bi bidali berriak zituzten kristau gizajoa hiltzera, eta agian soin atalez soin atal sutara eramatera. Haiengana iritsi eta makurtuta zeuden oinetako zerrendak askatzeko prest. Orduan jira egin nuen Ostiral zegoen aldera:
— Orain, Ostiral —esan nion—, egin nik esandakoa.
Ostiralek baietz esan zuen.
— Tira, Ostiral —esan nuen— egizu zehatz-mehatz nik egiten dudan gauza bera, ez ezertan huts egin.
Mosketeetako bat eta ehiza eskopeta lurrean jarri nituen, eta Ostiralek gauza bera egin zuen. Beste mosketea basatiei tiro egiteko moduan jarri nuen, eta gauza bera egiteko esan nion. Gero prest zegoen galde egin nion, eta baietz esan zidan.
— Orduan, tiro egin —esan nion, eta une berean neuk ere tiro egin nuen.
Ostiralek nik baino hobeto egin zuen tiro, eta hark tiro egindako aldean bi izan ziren hildakoak eta beste hiru zaurituak; nire aldean, berriz, hildako bat eta bi zauritu. Guztiz izututa zeuden, ziur egon zaitezke, eta zaurituak ez zeuden guztiak bat-batean zutitu ziren, baina ez zuten berehala asmatu norantz ihes egin, edo nora begiratu, ez baitzekiten nondik zetorkien hondamena. Ostiralek ez zidan begirik kentzen, egiten nuen guztia gogoan hartu behar baitzuen, nik esan nion bezala. Beraz lehenengo erasoa egin ondoren arma lurrera bota, eta ehiza eskopeta hartu nuen, eta Ostiralek gauza bera egin zuen. Katua jaso eta arma tiro egiteko eran jartzen nuela konturatu zen, eta berak orduan ere gauza bera egin zuen.
— Prest zaude, Ostiral? —esan nuen.
— Bai —erantzun zidan.
— Eraso egin diezaiegun —esan nuen— Jainkoaren izenean!
Eta hori esan eta berriro tiro egin nien gizatxar izutuei, eta gauza bera egin zuen Ostiralek. Gure armak nik esaten nien bezala, ehiza-balaz edo pistola-bala txikiz hornituak zeudenez gero, ikusi genuen bi besterik ez zirela erori, baina zoro moduan oihu eta garrasi eginez lasterka hasi ziren zauritu asko izan ziren, denak odoletan, eta gehienak larri zaurituak; eta berehala beste hiru erori ziren, erabat hilik ez egon arren.
— Orain, Ostiral —esan nion, erabilitako armak lurrean utzi eta oraindik betea zegoen mosketea hartuta—, zatoz nire atzetik.
Eta ausardia handiz egin zuen nik esandakoa. Orduan basotik irten eta neure burua azaldu nuen, Ostiral orpoz orpo nuela. Ikusi nindutela sumatu bezain laster, ahal bezain ozenki egin nuen oihu, eta Ostirali gauza bera eginarazi nion. Eta ahal bezain bizkor lasterka eginez, eta, bide batez, esan beharra daukat, ez zela bizkorregi, armez zamatua nengoelako, zuzen-zuzen jo nuen, lehen esan dudan bezala, hondartzan edo itsasertzean, besteak eserita zeuden lekuaren eta itsasoaren artean zegoen hilgai gizajoarengana. Harekin ihardutera zihoazen bi harakinek hantxe utzi zuten, ezustean lehenengo tiroa entzun eta beldurrak airean itsasertzera abiatu zirenean, han kanoa batera jauzi egiteko; eta haiek bezala, beste hiruk ere bide bera hartu zuten. Ostirali begiratu eta aurrera jotzeko eta haiei tiro egiteko agindu nion. Berehala ulertu zidan, eta hurbilago egoteko berrogei iarda edo egin zituenean, tiro egin zien. Denak hil zituela pentsatu nuen, denak batera txalupa barrura erortzen ikusi nituelako, baina berehala bi zutik jarri zirela konturatu nintzen. Hala ere, beste biak hil zituen eta hirugarrena zauritu, baina txalupa barruan etzanda geratu zen, hilik balego bezala.
Nire zerbitzari Ostiralek tiro egin zienean, labana atera nuen hilgai gizajoa lotzen zuten zerrendak mozteko, eta eskuak eta oinak aske izan zituenean, zutitzen lagundu nion, eta portugesez galde egin nion nongoa zen. Latinez erantzun zidan: Christianus. Baina ahuleziak jota eta erdi zorabiatua zegoenez gero, ia ezin zen zutik egon edo hitz egin. Botila sakeletik atera eta eman egin nion, keinuka edateko esanez, eta hala egin zuen; gero ogi puska bat eman nion eta jan egin zuen. Orduan galde egin nion nongo herritarra zen eta esan zidan:
— Espagniole.
Eta pixka bat bere onera etorri zenean, adierazi zidan, ahal izan zuen keinu guzitiak erabilita, zorretan eta zorretan zegoela nirekin bizia salbatu niolako.
— Seignior —esan nuen, burura etorri zitzaidan gaztelania guztia erabiliz.
— Gero hitz egingo dugu, baina orain borrokatu beharra dago. Indarrik geratzen bazaizu, hartu pistola eta ezpata, eta erabil itzazu ezker-eskubi.
Esker ona adieraziz hartu zituen, eta armak eskuetan izan bezain laster, indarberritu balute bezala, su eta gar abaildu zen bere hiltzaileen kontra, eta haietako bi txiki-txiki egin zituen amen batean. Egia esateko, ezustea horren handia izan zuten, eta armen zaratak horrenbesteraino izutu zituen gizajoak, ezen harriduraz eta beldurrez besterik gabe erori baitziren, eta ez zuten ihes egiteko indar handiagorik izan, haragiak gure balei aurre egiteko izan zuena baino. Eta hori izan zen, hain zuzen ere, Ostiralek txalupan tiro egin zien bostei gertatu zitzaiena, hiru zauriengatik erori baitziren, baina beste biak beldurraren eraginez.
Arma eskuetan nuen, baina tiro egin gabe, hango karga behartuz gero prest izan nahi nuelako, espainiarrari eman bainizkion pistola eta ezpata. Orduan Ostirali dei egin, eta esan nion lehenengo aldiz tiro egin genuen zuhaitzera igotzeko, eta ekartzeko erabili ondoren han utzi genituen armak. Dena ziztu bizian egin zuen. Gero nire mosketea eman nion, eta beste arma guztiak berriro betetzeko lurrean eseri nintzen, eta behar zituztenean niregana bila etortzeko esan nien. Armak betetzen ari nintzen bitartean, borroka basatia gertatu zen espainiarraren eta, zurezko ezpata handi bat eskuetan zuela, —lehentxeago, neuk galarazi izan ez banio, espainiarra hilko zukeen ezpata bera, hain zuzen ere—, hari eraso egin zion basatietako baten artean. Espainiarrak, kementsua eta bihoztuna inon horrelakorik bazen, ahuldua egon arren, indiarrarekin tarte luzea zeraman borrokan, eta ordurako bi zauri handi eginak zizkion buruan; baina basatia sendoa eta indartsua izaki, bere kontra estutu eta lurrera bota zuen, ahuldua baitzegoen, eta nire ezpata eskutik kentzeko ahaleginetan ari zen; baina orduan espainiarrak, azpian egon arren, zuhurki jokatu zuen, eta ezpata lurrean utzi, gerritik pistola hartu, basatiari tiro egin eta gorputza zeharkatu zion; eta bertan zerraldo utzi zuen, ni lasterka hari laguntza ematera iristerako.
Ostiral, bere gisa, zorigaiztoko iheslarien atzetik zihoan, eskuan aiztoa beste armarik ez zuela, eta horrekin akabatu zituen, lehen esan dudan bezala, hasieran zauritu eta erori zirenak, eta gero harrapatu ahal izan zituen guztiak. Espainiarra niregana etorri zen arma bila, eta ehiza eskopetetako bat eman nion; harekin basatietako biren atzetik joan, eta biak zauritu zituen. Baina lasterka aritzeko gai ez zenez gero, basora ihes egin zioten. Han Ostiral joan zitzaien atzetik, eta bat hil zuen, bestea, ordea, trebeegia zen harentzat, eta zauritua egon arren, bere burua itsasora bota zuen, eta ahalegin guztiz igeri egin zuen kanoan geratu ziren beste biengana iristeko. Kanoako hirurak eta hil zen ala ez ez dakigun beste zauritu bat izan ziren hogeita batetik ihes egin ziguten bakarrak. Gainerakoen zerrenda ondorengoa da:
3 hildako zuhaitzetik egin genuen lehenengo tiroketaren ondorioz.
2 hildako hurrengo tiroketan.
2 hildako Ostiralek txalupan eragindakoak.
2 hildako Ostiralenak berarenak, hasieran zauritu zirenetakoak.
1 basoan Ostiralek berak hildakoa.
3 hildako espainiarrarenak.
4 hildako, leku batean eta bestean erori zirenak zaurien ondorioz, edo Ostiralek ehizaldian hildakoak.
4 txalupan ihes egindakoak, tartean zauritu bat, hildakoa ez bazen.
21 denera.
Kanoan zihoazenak gogor ahalegindu ziren gure eskopeten tiromenetik alde egiten, eta Ostiralek bizpahiru tiro egin zien arren, ez nuen ikusi inor jo zuenik. Ostiralek kanoetako bat harrarazi nahi zidan haien atzetik joateko, eta neu ere oso kezkatua nengoen haien ihesagatik, izan ere beren herritarrengana gure berri ematera itzultzen baziren, berrehun edo hirurehun etor zitezkeen kanoetan, eta gu irentsi, kopuruagatik besterik ez bazen. Horrenbestez, onartu nuen itsasora abiatu eta haien atzetik joatea; eta kanoetako bateraino lasterka joan eta barrura jauzi egin nuen, eta Ostirali esan nion atzetik etortzeko. Baina kanoan sartu eta, harri eta zur gelditu nintzen beste izaki gizajo bat han etzanda bizirik aurkitu nuenean, eskuak eta oinak lotuta, espainiarra bezala hura ere lepo egiteko prest, ia beldurrak akabatua, zer gertatzen zen ez zekiela, ezin baitzuen txalupako alboetatik kanpora begiratu, oso tinko baitzituen lotuak lepoa eta txonkatilak, eta horrela horren denbora luzea zeramanez gero, bizitza izpi bat besterik ez zitzaion geratzen.
Berehala moztu nizkion hura lotzeko erabili zituzten zerrendak edo ihi bihurritua, eta zutik jartzen lagundu nion, baina ezin zuen ez zutik egon, ez hitz egin, eta hasperen atsekabetuak besterik ez zituen egiten, zirudienez hiltzeko askatzen zutela uste zuelako.
Ostiral hurbildu zitzaionean, hari hitz egin, eta bere askatasunaren berri emateko agindu nion, eta nire botila atera eta zurrutada bat emanarazi nion zoritxarreko gizajo hari. Zurrutadak eta askatasunaren berriak adoretu egin zuten, eta txalupan eseri zen. Baina Ostiral haren hitzak entzuteko hurbildu zitzaionean, eta aurpegira begiratu zionean, edonori malkoak eragingo zizkiokeen Ostiralek gizon hura nola musukatu, besarkatu, eta estutu zuen ikusteak; nola egiten zuen negar, oihu eta garrasi; nola ari zen inguruan jauzika eta dantzan, eta nola abesten zuen; gero berriz negarrez hasi, eskuak bihurritu, eta aurpegian eta buruan astinduak emateko, eta berriro ere abestu eta, zoro baten moduan, haren inguran jauzika aritzeko. Tarte luze batean ezin izan nion hitzik atera edo gertatzen zena kontarazi; baina pixka bat bere onera etorri zenean, esan zidan bere aita zela.
Ez da niretzat erraza adieraztea nola erdibitu zitzaidan bihotza, bere aita han aurrean eta heriotzatik libre zegoela ikustean, basati gizajoari sortu zitzaion estasia eta seme maitasuna ikusi nuenean; ezin ditut azaldu ezta ere maitasuna adierazteko egin zituen gehiegikerien erdiak; izan ere, txalupan sartu eta atera aritu zen ez dakit zenbat aldiz. Sartzen zenean haren ondoan esertzen zen, besoak zabaltzen zituen, eta aitari adore emateko burutik heldu eta bere bularraren kontra estutzen zuen, eta hala eduki zuen ordu erdiz edo. Gero loturen eraginez gogortuak eta zurrunduak zituen besoak eta txonkatilak hartzen zizkion, eta eskuekin igurtzitzen eta marruskatzen zizkion; eta zertan ari zen konturatu nintzenean, ron pixka bat eman nion nire botilatik igurtzialdietarako, eta on egin zion.
Zeregin horrek basatien kanoaren atzetik joatea galarazi zigun, ia ikusmenetik kanpo baikenituen, eta eskerrak joan ez ginen, handik bi ordura, eta haiek bidaldiaren laurdena egiteko denbora izan baino lehen, haize ikaragarria atera baitzuen, eta hala iraun zuen gau osoan; gainera ipar-mendebaletik jotzen zuenez gero, ez dut uste txalupa onik aterako zenik edo haien lurraldeko itsasbazterrera inoiz iritsiko zirenik.
Baina itzul gaitezen Ostiralengana. Aitarekin horren lanpetua zebilenez gero, tarte batean ez nuen adorerik izan harengandik bereizteko, baina pixka batean bakarrik utz zezakeela ikusi nuenean, dei egin nion, eta jauzika eta barrez hurbildu zitzaidan, pozez zoratzen. Orduan galde egin nion ea aitari ogirik eman zion. Buruari eragin eta esan zuen:
— Ez; zakur maltzurra, dena neronek jan.
Beraz, zorro txiki batean horretarako apropos neraman ogi opil bat eskaini nion. Ron zurrutada bat ere eman nion Ostirali, baina ez zuen dastatu ere egin, eta aitari eraman zion. Sakelean bizpahiru mahaspasa sorta nituen eta eskukada bat atera nuen aitarentzat. Mahaspasak aitari eman bezain laster, Ostiral txalupatik lasterka abiatzen ikusi nuen, eta hain bizkor zihoan, sorgindua zirudiela; izan ere, hura lasterka zihoanean inoiz ikusi dudan pertsonarik bizkorrena zen. Berriro diot, lasterka horren bizkor joan zenez gero, une batean ikusmentik galdu nuen, eta deika aritu arren, eta atzetik ohiuka joan arren, alferrik izan zen, joana baitzen. Handik ordu laurdenera itzultzen ikusi nuen, baina ez joaterakoan bezain bizkor, eta hurbilago izan nuenean pausoa motelagoa zekarrela konturatu nintzen, eskuan zerbait zekarrelako.
Nire ondora iritsi zenean, konturatu nintzen etxeraino joan zela buztinezko pitxer edo ontzi baten bila, aitari ura eramateko, eta beste bi opil edo ogi ekarri zituela. Ogia niri eman zidan, baina ura aitarentzat zuen. Dena den, ni ere egarriak nengoenez gero, zurrutada txiki bat hartu nuen. Urak nik eman nion ronak edo edari biziak baino gehiago zuzpertu zuen aita, egarriak hiltzen baitzegoen.
Aitak edaten amaitu zuenean, Ostirali dei egin nion urik geratu zen jakiteko. Baietz esan zuen, eta espainiar gizajoari emateko esan nion, bere aitak adina behar baitzuen. Opiletako bat ere eman nion Ostirali espainiarrari eramateko, oso ahuldua baitzegoen, eta atseden hartzen ari zen belar gainean, zuhaitz baten itzalpean. Hark ere soin-adarrak gogortuak zituen eta handituak, loturik eduki zuten zerrenda estuen ondorioz. Ikusi nuenean Ostiral ura eta guzti beregana iritsi zela, eta eseri eta edan zuela, eta ogia hartu eta jaten hasi zela, hurbildu nintzaion eta eskukada bat mahaspasa eman nion. Aurpegira begiratu zidan begitarte batek adieraz dezakeen esker on eta onespen ezaugarri guztiekin, baina borrokan egin zituen ahaleginek horrenbesteraino ahuldu zutenez gero, ezin zen zutik egon. Bizpahiru aldiz saitu zen, baina ez zen gai, txonkatilak handituak eta minduak baitzituen oso. Orduan lasai esertzeko esan nion, eta Ostirali txonkatilak igurtzi eta ronetan bustiarazi nizkion, aitari egin zion bezalaxe.
Konturatu nintzen izaki maitagarri gizajoak bi minuturo, edo agian maizago, han egon zen denbora guztian, burua jiratzen zuela aitak leku berean eta eserita, berak utzi bezala, zegoen ikusteko. Baina azkenean, ez zuela ikusten konturatu zenean, zutik jarri eta hitzik esan gabe, airean joan zen harengana, oinak ia lurra ukitzen ikusten ez zitzaizkiola. Baina iritsi zenean, aita soin-adarrei atseden emateko etzanda jarri besterik ez zuela egin ikusi zuen, eta niregana itzuli zen berehala. Gero espainiarrari esan nion Ostiralek zutik jartzen lagunduko ziola nahi bazuen, eta txalupan sartu eta gure bizilekuraino eramaten ahaleginduko zela, eta han zainduko nuela. Ostiral, ordea, mutil sendo eta indartsua izaki, bizkar gainean hartu zuen espainiarra, eta txaluparaino eraman zuen, eta kontuz utzi zuen kanoaren ertz batean, oinak barrualdera zituela, gero berriz pixka bat altxa eta aitaren ondoan jarri zuen; azkenean txalupatik atera, txalupari kanpotik bultza, itsasertzaren parean arrabatu, eta ni oinez baino bizkorrago joan zen, haizeak gogor samar jotzen zuen arren. Horrenbestez, biak bizirik eta onik eraman zituen gure itsasarteraino, eta biak txalupan utzita, lasterka joan zen beste txaluparen bila. Nire ondotik igaro zenean, hitz egin nion eta nora zihoan galde egin nion. Esan zidan:
— Joan txalupa gehiago bila.
Eta han joan zen tximista baino bizkorrago, ez baitzuen seguruenik inoiz ez gizonik ez zaldirik hark bezala lasterka egin; eta beste kanoa itsasarteraino eraman zuen, ia ni lehorretik iritsi baino lehenago; beraz, errekaren beste bazterreraino eraman ninduen, eta gero gonbidatu berriei txalupatik irteten lagundu zien, eta lortu zuen; baina ez bata eta ez bestea ibiltzeko gai ez zirenez gero, Ostiral gizajoak ez zekien zer egin.
Hori konpontzeko pentsatzeari ekin nion, eta Ostirali dei egin eta esan nion biak ur bazterrean eserita uzteko, nirekin zetorren bitartean. Berehala esku-ohe bat egin nuen gizonak eramateko eta, han biak etzanda jarrita, Ostiral eta bion artean eraman genituen. Baina gure hormaren edo harresiaren kanpoaldera iritsi ginenean, lehenago baino okerrago ginen, ezin baitzuten hura igaro, eta nik ez nuen hura botatzeko inolako asmorik. Beraz, berriro ekin nion lanari, eta Ostiral eta biok, bi ordu ingurutan, denda dotore bat eraiki genuen, oihal zaharrez estalia, gainaldean zuhaitz adarrak zituela, hesiaren kanpoaldean; hain zuzen ere, hesiaren eta landatu nituen zuhaitz gazteen artean. Barruan bi ohe egin genituen, hango zenbait gauza erabiliz, hala nola, arroz-lasto bikaina, lasto gainean jartzeko burusiak, eta ohe bakoitzaren gainerako beste burusi bana.
Nire uhartea jendeztatua zegoen, eta mendeko pila nituela bururatu zitzaidan; bestalde askotan izaten nuen beste gogoeta zoriontsu bat, hau da, benetako errege baten itxura nuela. Lehenik eta behin, lurralde osoa neure jabetza zen. Bigarren, biztanleak erabat mendean nituen. Neu nintzen jaun eta legegile guztiz ahaltsua; denek bizia zor zidaten, eta niregatik bizia emateko prest zeuden, behar izanez gero. Azpimarratzekoa zen baita ere, hiru mendeko besterik ez izanda, hirurak erlijio desberdinetakoak zirela: nire zerbitzari Ostiral protestantea zen, aita paganoa eta gizajalea, eta espainiarra Aita Santu zalea. Dena den, kontzientzia askatasuna onartu nuen nire jabetzan zehar. Hori bide batez esaten dut.
Nik libre utzitako bi atxilotu ahulak ezkutuan, estalpean eta atseden hartzeko leku egokian jarri bezain laster, jatekorik prestatu beharko niela hasi zitzaidan bururatzen. Lehenik eta behin, Ostirali esan nion nire ahuntz taldetik urtebeteko ahuntza, antxumearen eta ahuntzaren artekoa, hartu eta hiltzeko. Atzeko laurden bat moztu eta puska txikiak eginda, Ostiral lanean jarri nuen haragia egosten eta maneatzen; eta benetan esaten dizut, haientzat haragi eta salda jaki on bat egin zuela, saldari arroza eta garagar pixka bat eta guzti jarrita. Janaria kanpoaldean prestatzen nuen, ez bainuen surik piztu nahi harresien barrualdean, eta horregatik gauza guztiak denda berrira eraman nituen, eta haientzat mahaia jarri ondoren, eseri eta denok batera bazkaldu genuen; aldi berean adorea eta kemena eman ahal izan nien. Ostiral nire interpretaria zen, batez ere bere aitarekin hitz egiterakoan, eta baita espainiarrarekin ere, espainiarrak basatien hizkuntza ongi samar hitz egiten baitzuen.
Bazkalondoan edo hobeto esan afalondoan, agindu nion Ostirali kanoetako bat hartu, eta mosketeen eta beste armen bila joateko, denbora faltaz, borroka lekuan utzi baikenituen; eta hurrengo egunean basatien gorpuak lurperatzera joateko agindu nion, eguzkitan baitzeuden, eta gaitza ekar baitzezaketen; jai basatiaren aztarna ikaragarriak ere lurperarazi nizkion, banekien eta asko zirela, eta ezin nuen pentsatu ere neronek egitea; era berean ezin nuen eraman leku hartatik igarotzean haiek ikustea. Dena nik esan bezala egin zuen, eta han izandako basatien azken aztarna ere desagerrarazi zuen, eta horrela hara berriz itzultzean ezin izan nuen lekua non zen asmatu, lekua seinalatzen zuen basoko ertzetik begiratuta izan ezik.
Orduan nire bi mendeko berriekin hasi nintzen zertxobait hitz egiten. Aldez aurretik Ostirali esan nion aitari galdetzeko zer zeritzon basatiek kanoan egin zuten ihesari, eta ea guk aurre egin ahal izateko baino indar handiagoekin itzultzea espero genezakeen. Haren lehenengo iritzia izan zen, basatiak ezin izango zirela bizirik atera ihes egin zuten gauean jo zuen ekaitzetik, eta ziurraski itota hilko zirela, edo bestela, hegoaldeko itsasertzetara bidaliak izango zirela, han zalantzarik gabe irentsiak izateko, hondoratu balira itoko zirela bezain ziur. Eta lehorrera onik iritsi balira egingo luketenari buruz, ez zekiela esan zidan; baina bere iritziz eraso egiteko moduarekin, zarata eta suarekin horrenbesteraino izutu zirenez gero, herritarrei trumoiek eta tximistek hil zituztela esango zietela, eta ez gizonak, eta aurrean agertu zitzaizkien biak, Ostiral eta neu, alegia, zeruko bi izpiritu zirela, edo haiek suntsitzera jaitsi ziren bi izpiritu amorratu, eta ez gizon armatuak. Hori haien hizkuntzan elkarri oihuka esaten ziotelako zekiela esan zidan; haientzat ezinezkoa baitzen, orduan ikusi zuten bezala, gizonezko batek sua jaurtikitzea, trumoiak bezala hitz egitea eta horren urrutitik hiltzea ia eskua altxatu gabe. Eta agure basatiak arrazoi zuen; izan ere, beste iturrietatik ere jakin nuenaren arabera, geroztik basatiak ez ziren uhartera indarrez sartzen ausartu. Lau gizon horien kontakizunak horrenbesteraino izutu zituztenez gero (nonbait itsasotik irtetea lortu zuten), uste izan zuten uharte sorgindura joaten zen edonor jainkoen suek suntsituko zuela.
Hala ere, artean ez nuen horren berririk, eta horregatik denbora luzean beldurrak airean ibili nintzen, eta zelatan egoten ginen, bai ni eta baita nire gudaroste osoa ere. Izan ere lau ginenez gero, ehuni eraso egitera ausartuko nintzateke edonoiz zelai zabalean.
Baina denboraldi batean kanoarik azaldu ez zenez gero, haiek itzultzeko beldurra joan egin zitzaidan, eta berriro hasi zitzaizkidan bururatzen kontinentera itsasaldia egiteko lehenago izan nituen pentsamenduak. Gainera Ostiralen aitak ziurtatu zidan bere herriaren harrera ona izango nuela, joatea erabakiz gero.
Baina nire asmoak pixka bat airean geratu ziren espainiarrarekin eztabaida sakon bat izan, eta, bere herritarren eta portugesen artean, beste hamasei kide gehiago zirela ulertu nionean, eta guztiak, itsasontzia hondoratu eta bizirik lehorreratzea lortu ondoren, basatiekin bakean bizi zirela, baina neke handiak zituztela zenbait premiazko gauza lortzeko, eta askotan baita bizirik irauteko ere. Bidaldiaren gorabehera guztiak galdetu nizkion, eta Río de la Platatik Habanara bidaldia egiten zuen espainiar itsasontzian zihoazela esan zidan, zeraman zama han uzteko, batez ere larrua eta zilarra, han aurkitzen zituzten salgai europarrak hartu eta haiekin itzultzeko; ontzian bost marinel portuges zeramatzatela, beste hondoratze batetik hartutakoak; bere ontziko bost gizon ere ito zirela lehenengo itsasontzia galdu zenean, eta bizirik ateratzea lortu zutenek, era guztietako arriskuak eta nekeak igaro ondoren, ia goseak hilda, kanibalen itsasbazterrera iritsi zirela, eta han une oro irentsiak izateko beldurrez zeudela.
Esan zidan bazituztela arma batzuk, baina alferrik zela, ez baitzuten ez sutautsik, ez balarik, urak ia sutauts guztia hondatu baitzien, pitin bat izan ezik, eta hura lehorreratu berritan janaria lortzeko erabili zutela.
Galdetu nion han geratuz gero, zer uste zuen gertatuko zitzaiela, eta ihesbiderik bururatu zitzaien. Esan zidan askotan hitz egiten zutela horretaz, baina itsasontzirik gabe, eta halakorik eraikitzeko tresnarik gabe, edo edozein eratako bizigairik gabe, bilerak beti etsita eta negarrez amaitzen zituztela.
Galdetu nion, bere ustez, nola hartuko luketen handik ihes egiteko egin nahi nien proposamena, eta haiek uhartera ekartzeko nuen asmoa bidezkoa ikusten ote zuen. Tolesik gabe esan nion saldukeriaren bat egin edo tratu txarra emango zidaten beldur nintzela, nire bizia haien eskuetan uztean; ez baita esker ona izaten gizakiaren berezko bertutea; gizonek ez baitute jarrera egokitzen jaso dituzten mesedeen arabera, espero dituzten abantailen arabera baizik. Esan nion gogorra izango zela niretzat ni haien askatasunaren bidea izatea eta gero haiek ni preso hartu, eta Espainia Berrira, ingelesak hiltzen zituzten lekura, eramatea; edozein zela ere hara joateko premia edo arrazoia; eta nahiago nuela basatien eskuetan geratzea, eta haiek bizirik irenstea, apaizen atzapar esker gaiztokoetan erori eta Inkisiziora eramana izatea baino. Erantsi nion, dena den ziur nengoela, denak han bilduz gero, horrenbeste esku izanda, denak handik ateratzeko moduko itsasontzia eraiki genezakeela, bai Brasilera joateko, hegoalderantz abiatuta, edo uharteetara edo espainiar itsasertzera, iparralderantz joaten baginen; baina aldiz, ordainetan, nik armak beren eskuetan jarri ondoren, indarrez beren herritarren aurrera eramaten baninduten, gaizki ordainduko zidaketela nik egindako mesedea, eta nire egoera lehenagokoa baino okerragoa izango litzatekeela.
Tolesgabetasun eta xalotasun handiz erantzun zidan, egoera hain zoritxarrekoa zutenez gero, eta horren minberatuak zeudenez gero, ez zuela uste bururatuko zitzaienik onik ateratzen lagundu zietenari kalterik egitea; eta nahi banuen agurearekin joango zela eta haiekin hitz egingo zuela, eta gero erantzuna ekarriko zidala. Zinez hitza emanaraziko ziela, nire erabateko gidaritza, haien agintari eta kapitain izateko, onartzen zutela; eta sakramentu santuen eta Ebanjelioen gainean zin egin beharko zutela leial eta zintzo jokatuko zutela nirekin, eta nik onartutako kristau herri batera joango zirela, eta ez beste batera, eta nire esanetara egongo zirela erabat eta guztiz, aldez aurretik nik onartutako lurraldean bizirik eta onik lehorreratuak izan arte; eta horretarako haiek izenpetutako hitzarmen bat ekarriko zidala.
Gero esan zidan lehenengo berak zin egingo zidala, ez ninduela inoiz utziko bizi zen artean, nik bestelakorik esan arte; eta nire ondoan emango zuela azken odol tantoa, bere herritarrei asmo txarrez jokatzea bururatzen bazitzaien.
Esan zidan denak gizon zintzoak eta jatorrak zirela, eta erabat etsiak hartuta zeudela, ez baitzuten ez armarik, ez jantzirik, ez janaririk, basatien borondate eta esker onak emandakoa izan ezik; ez zutela beren herrira itzultzeko itxaropenik, eta ziur zegoela, haiei laguntzen ahalegintzen banintzen, nire ondoan bizi eta hilko zirela.
Baieztapen horiek entzun ondoren, erabaki nuen ahaleginak egitea haiek askatzera joateko, eta horretarako basati zaharra eta espainiarra haiengana tratua egitera bidaltzea. Baina gauza guztiak abiatzeko prest nituenean, espainiarrak alde batetik zuhurtasuna eta bestetik tolesgabetasuna adierazten zuen oztopo bat jarri zidan, eta poz handia eman zidan bere jarrerak; beraz, haren aholkuz, adiskideen askatasuna gutxienez urte erdiz atzeratu nuen. Arazoa hau zen:
Hilabete inguru zeraman gurekin, eta bitarte horretan Goi-arduraren laguntzaz janariz nola hornitzen nintzen erakutsi nion. Ikusi zuen noski bildua nuen gari eta arroz uzta, eta niretzat nahikoa baino gehiago bazen ere, ez zela nahikoa, ez behintzat lurra gogor landu gabe, lau kide izateraino hazi zen nire familiarentzat. Are gutxiago haren herritarrak, hark esandakoaren arabera, hamalau bizirik geratzen zirenak, etortzen baziren. Eta inondik ere ez zen nahikoa izango gure itsasontzia, baldin eta horrelakorik eraikitzen bagenuen, janariz hornitu, eta Ameriketako edozein kolonia kristautara bidaldia egiteko. Beraz, esan zidan egokiagoa iruditzen zitzaiola berari eta beste biei lur gehiago aitzurtu eta lantzeko baimena ematea, ereiteko gordeta nuen hazi guztia erabiliz, eta beste uzta bildu arte itxaron genezakeela, horrela bere herritarrak iristerako aleez hornituak egoteko; izan ere, beharra istiluak sortzeko tentagarri izan baitzitekeen, edo aske ez leudekeela, eta nekaldi batetik beste batera igaro besterik ez zutela egin, uste izateko.
— Badakizu —esan zidan—, Israelgo semeak Egiptotik irten zirenean, hasieran poztu baziren ere, Jainkoaren beraren kontra altxa zirela, basamortuan ogirik gabe zeudela ikusita.
Haren ardura hain arrazoizkoa zenez eta aholkua hain ona, proposamenak poz handia besterik ez zidan eman, eta haren leialtasunak atsegina. Horrenbestez, laurok aitzurtzen hasi ginen, gure egurrezko tresnak erabiliz ahal genuen neurrian, eta handik hilabetera gutxi gorabehera, hilaren amaiera aldera, ereiteko garaia egin zenean, hogieta bi lakari eta hamasei arroz pitxar ereiteko lurra garbia eta prestatua genuen. Hori zen, gutxi-asko, ereiteko genuen hazi guztia, ia ez baikenuen utzi uzta bildu artean zain egon beharreko sei hilabeteetarako adina garagar; alegia, sei hilabete hazia ereiteko bereizi genuen unetik kontatzen hasita, lurralde horretan haziak ez baititu sei hilabete lurpean egin behar.
Giza talde egokia ginenez gero, eta kopuru nahikoa basatiak etorriko balira ere, haien beldur ez izateko, talde oso handian etortzen ez baziren behintzat, uharte osoan zehar ibiltzen ginen beldurrik gabe, aukera genuen guztietan. Eta ihes egitea edo askatasuna lortzea buruan izanda, ezinezkoa zen, gutxienez niretzat, hura lortzeko moduak burutik kentzea. Helburu horrekin gure lanerako egokiak izan zitezkeen zenbait zuhaitz markatu nituen, eta Ostiral eta bere aita jarri nituen haiek mozten; gero espainiarrari, nire asmoen berri eman nion, eta haien lana zaintzen eta zuzentzen jarri nuen. Azaldu nien nolako lanak hartu nituen zuhaitz handi bat moztu, eta harekin xaflak egin ahal izateko, eta gauza bera eginarazi nien, haritz bikainezko dozena bat inguru xafla egin zituzten arte, ia bi oin zabal, hogeita hamabost oin luze eta bitik laura hatz lodikoak. Ez da zaila edonori bururatzea haiek izango zituzten lanak eta nekeak.
Aldi berean, nire ahuntz talde txikia hazteko ahaleginak egin nituen. Horretarako egun batean Ostiral eta espainiarra bidaltzen nituen ahuntz bila, eta hurrengoan neu joaten nintzen Ostiralekin, eta horrela txandaka. Hogei antxume baino gehiago lortu genituen era horretan, beste guztiekin batera hazteko, izan ere, ahuntz ama bat hiltzen genuen guztietan, antxumeak hartu eta taldeari eransten baikenizkion. Baina horrez gainera, mahatsa lehortzen jartzeko garaia iritsi zenez gero, eguzkitan nuen horrenbesteko mahats pila ikusita, Alikanten, mahatsa eguzkitan lehortzen duten lekuan ginela esango luke edonork, eta izango genuen hirurogei edo larogei upel betetzeko adina mahats. Ogiarekin batera hura zen gure jaki nagusia, eta oso bizigai ona gainera, ziur diotsut, elikagarria baita guztiz.
Alea biltzeko garaia zen, eta uzta primerakoa zetorren. Ez zen uhartean izan nuen emankorrena, baina, dena den, nahikoa genuen gure helbururako. Gure hogeita bi garagar lakaritatik, berrehun eta hogei lakari inguru bildu eta jo genuen, eta beste hainbeste arrozari zegokionean. Harekin nahikoa janari genuen hurrengo uzta bildu arte, baita hamasei espainiarrak gurekin uhartean bagenituen ere, edo bidaldia egiteko prest bagina, gure itsasontzia ongi hornitua izateko, munduko edozein tokitara, hau da, Ameriketakora, joateko.
Alea bildu eta gorde ondoren, saskigintzari ekin genion, eta alea gordetzeko otarrak egin genituen. Espainiarra oso zen trebea eta artetsua langintza horretan, eta askotan aurpegiratzen zidan ez nituela zenbait gauza egin langintza hobetzeko, baina nik ez nuen premiarik ikusi.
Eta orduan, espero nituen gonbidatuentzat adinako hornigarri nuela, baimena eman nion espainiarrari kontinentera joateko, atzean utzi zituen lagunekin zer egin zezakeen ikustera. Idatziz agindu zorrotzak eman nizkion esanez, ez zezala gizonik ekarri, aldez aurretik bere aurrean eta agure basatiarenean, uhartean aurkituko zuten pertsona ez zutela irainduko, haren kontra ez zirela borrokatuko, edo ez ziotela eraso egingo zin egiten ez bazuen; hark zintzo jokatu baitzuen, haien askatasuna lortzeko norbait bidaltzeko neurriraino; eta aldiz, horrelakorik gertatuko balitz, haren ondoan geratu eta haren alde egingo zutela, eta edonora joaten baziren ere, erabat haren esanak beteko zituztela; eta esandakoa idatziz jarri eta sinatu beharko zutela. Hori nola egingo zuten, haiek ez lumarik eta ez tintarik ez zutela jakinda, ez genion inoiz geure buruei galdetu.
Agindu horiek eman ondoren, espainiarra eta agure basatia, Ostiralen aita, alegia, abiatu ziren, nolabait esateko, uhartera etorritako kanoetako batean, edo hobeto esan, uhartera ekarri zituzten kanoetako batean, han irentsiak izateko basatien mendean atxilotuta etorri zirenean.
Gainean suarria eta guzti zuten moskete bana, eta zortzi sutauts karga eta bala inguru eman nien, eta bi gauzekin aurrezlari onak izateko agindu nien, eta ez bata eta ez bestea ez erabiltzeko premiazkoa ez bazen.
Lan atsegina izan zen hura, nire askatasuna lortzeko hartzen nituen lehenengo neurriak baitziren, hogeita zazpi urte eta zenbait egunetan. Ogia eta mahats lehorra eman nien bientzako adina egun askotarako, eta espainiarraren herritar guztientzat zortzi bat egunetarako. Bidaldi ona oparo, eta abiatzen ikusi nituen, itzuleran erakutsi beharko zidaten ezaugarriaz bat etorri ondoren, itsasertzera iritsi baino lehen, urrutitik ezagutu ahal izateko.
Haizealde zutela abiatu ziren, ilargi betea zuten egun batean, nire kontuen arabera, urrian; baina, egun zehatzari zegokionean, behin batean zenbaketa galdu nuenez gero, ezin izan nuen kontaketa zuzena berreskuratu; ezta urteena ere, ez behintzat zuzen nengoela jakiteko neurriraino. Dena den, gero, nire kontaketa aztertu nuenean, ikusi nuen urteen kontaketa zuzena gorde nuela.
Zortzi egun gutxienez emango nituen haien zain, gertaera bitxi eta ezusteko bat izan zenean, nire kontakizunean inoiz entzun ez dena bezalakoa. Lotan zerraldo nengoen goiz batean nire etxetxoan, nire zerbitzari Ostiral lasterka iritsi, eta oihuka esan zidanean:
— Nagusi, nagusi, badatoz, badatoz!
Jauzi egin eta, arriskua kontutan hartu gabe, jantzi bezain laster kanpora joan nintzen, nire zuhaizti txikian zehar, eta bide batez esango dut ordurako baso sarria zela; esan dudan bezala, arriskua kontutan hartu ez, eta armarik gabe irten nintzen, ohitura ez nuen arren; baina harri eta zur geratu nintzen, itsasora begiratu eta, legoa eta erdi ingurura, uharterantz zetorren txalupa bat ikusi nuenean, ahari bizkarra esaten genion haize-oihala zeramana, eta haizealde zekartenez gero, uhartera erraz hurbiltzen ari zena. Gainera berehala ikusi nuen ez zetorrela hondartza aldetik, uhartearen hegoaldeko muturretik baizik. Orduan Ostirali dei egin eta ezkutuan jartzeko esan nion, ez baitziren espero genituenak, eta ez baikenekien lagunak edo etsaiak ziren.
Gero betaurreko luzearen bila joan nintzen, zer egin nezakeen ikustera, eta eskailera hartu eta mendi tontorrera igo nintzen, zerbaiten beldur nintzenean egiten nuen bezala, ikuspegi argiagoa izateko, baina ni ezkutuan egonda.
Mendi tontorrean oina jarri orduko, argi eta garbi ikusi nuen nire begien aurrean itsasontzi batek aingura bota zuela, ni nengoen lekutik hego-hego-ekialderantz bi legoa eta erdi ingurura, baina itsasertzetik ez legoa eta erdi baino urrunago. Begiztatzeak argi eta garbi erakutsi zidan ontzi ingeles bat zela, eta zirudienez txalupa ere ingeles txalupa luze bat zela.
Ezin dut adierazi nolako nahasmendua sortu zitzaidan, nahiz eta itsasontzia ikustean hartu nuen poza, nire herritarrek, eta beraz lagunek gidatua zela uste izateko arrazoiak nituenez gero, aditzera eman ezinezko modukoa izan. Baina ezkutuko zalantzak nituen, nondik zetozkidan ezin esan nezakeen arren, eta haiek erne egoteko esaten zidaten. Lehenik eta behin, neure buruari galdetu nion zer eginkizun izan zezakeen itsasontzi ingeles batek munduko leku horretan, kontutan hartuta hura ez zela ingelesek munduan zehar egiten zituzten joan-etorrietan, ez joateko eta ez etortzeko erabiltzen zuten bidea. Gainera banekien ez zela ekaitzik izan ontzia istripuz hara eramana izateko; eta benetan ingelesak baziren, ziurrenik ez zuten oso asmo onik ekarriko, eta beraz, hobe nuela nengoen bezala geratzea lapur edo hiltzaileen eskuetan erortzea baino.
Ez ditzala gizonak gutxietsi arriskuaren berri emateko batzuetan sortzen zaizkion ezkutuko susmo eta oharrak, benetan arriskurik izan daitekeela ere bururatzen ez zaionean. Susmo eta ohar horiek nola edo hala eskaintzen zaizkigula, uste dut gauzei buruz gogoetak egin dituzten gutxik ezeztatu dezaketela. Mundu ikusezinezko baten aurkikuntza direla, eta izpirituekin daudela harremanetan, hori ere ezin dugu zalantzan jarri. Eta helburua arriskuaz ohartaraztea badute, zergatik ezin dugu pentsatu gure aldeko egile batek eskainiak direla —goragokoa, beheragokoa edo mendekoa den ez da orain axola zaiguna—, eta geure onerako eskaintzen zaizkigula?
Oraingo gaiak arrazoiketa honen zuzentasuna ziurtatzen dit; izan ere, ezkutuko ohar hori gogoan hartu eta zuhur jokatu izan ez banu, edonondik zetorrela ere, halabeharrez aurrekoa baino askoz egoera okerragoan egongo nintzateke, berehala ikusiko duzun bezala.
Ez neraman denbora luzea jarrera horretan, halako batean txalupa hondartzara hurbiltzen ikusi nuenean, itsasarte baten bila ariko balira bezala, handik sartu eta lehorreratzea errazago egiteko. Dena den, nahikoa urrundu ez zirenez gero, ez zuten alak lehorreratzeko erabili nuen itsasadarra aurkitu, eta txalupa hondartzan lehorreratu zuten, ni nengoen lekutik milia batera gutxi gorabehera. Horrek poz handia eman zidan, bestela, esan dudan bezala, nire ate ondoan lehorreratuko baitziren, eta neure gaztelutik bota eta neukan guztia kenduko baitzidaten.
Itsasertzera iritsi zirenean, atsegin hartu nuen ingelesak zirelako, gehienak behintzat. Bat edo beste iruditu zitzaidan holandarra zela, baina ez nuen frogatzeko aukerarik izan. Denera hamaika gizon ziren, horietatik hiru armarik gabe zeudela ikusi nuen, eta, susmoa nuen bezala, lotuak zeuden. Lehenengo lauzpabostek lehorrera jauzi egin zutenean, beste hiru horiek txalupatik atera zituzten, presoen antzean. Ikusi nuen hiruretako batek erregu, nahigabe eta etsipen keinu nabarmenenak eta bestelako gehiegikeriak egiten zituela. Beste biak zenbait aldiz eskuak altxatu zituztela ikusi nuen, baina ez lehenengoak bezainbeste.
Ezinegona sortu zitzaidan hura ikustean, ez bainuen gertatzen zena ulertzen. Ostiralek ahal zuen bezala dei egin zidan ingelesez:
— Nagusi! Ikusten duzu ingelesak gizonak atxilotuak jaten, basatiak gizonak bezalaxe.
— Zer bada, Ostiral —esan nuen—, jango dituztela uste al duzu?
— Bai —esan zuen Ostiralek—, jango dituzte.
— Ez, ez, Ostiral —esan nuen—, hilko dituzten beldur naiz, baina ziur egon zaitezke ez dituztela jango.
Bitartean ez nuen asmatzen zer ari zen gertatzen, eta aurrean nuena ikusita dadarka nengoen, hiru atxilotuak une batean edo bestean hilko zituztelakoan. Gaizkileetako bat ikusi nuen besoa altxatzen eskuan prantxuela handi bat, itsasgizonek esaten dioten bezala, edo ezpata bat zuela, gizajo haietako bat jotzeko; eta luzaro gabe lurrera erortzen ikustea espero nuen; eta orduan gorputzeko odol guztia izoztuko zitzaidala iruditu zitzaidan.
Bihotz bihotzez han izan nahi nituen espainiarra eta harekin joan zen basatia; edo ezkutuan haiengana hurbildu eta tiro egiteko aukera izatea, armarik ez zutela ikusi bainuen. Baina beste zerbait bururatu zitzaidan.
Marinel lotsagabeek hiru gizonei eman zieten tratu bidegabea ikusi ondoren, gainerako ontzigizonak han-hemenka zebiltzala ikusi nuen, lurraldea aztertu nahiko balute bezala. Konturatu nintzen lehengo hiru gizonek askatasuna zutela nahi zuten lekura joateko, baina hirurak lurrean eserita jarri ziren pentsakor, gizon etsiak ziruditela.
Horrek gogorazi zidan uhartera iristean egoera aztertzen hasi nintzen unea; nola nireak egin zuela uste izan nuen, nolako etsipenez begiratu nuen ingurura, izan nituen beldur ikaragarriak, eta nola eman nuen gau osoa zuhaitz batean igota, animalia basatiek irentsiko ninduten beldurrez.
Gau horretan ez bainekien ezer, ekaitzak eta itsasaldiek lur ondora ekarriko zidaten itsasontziaren zorioneko etorreraz, gero horren luze janariz hornitu eta lagundu zidana; bada era berean, hiru gizon atsekabetu horiek ez zekiten benetan askatasuna eta laguntza zeinen gertu zituzten, eta, benetan eta zalantzarik gabe, salbatuak zeudela, haienak egin zuela, eta zer eginik ez zutela, uste zuten une berean.
Oso gutxi da munduan aldez aurretik ikus dezakeguna, eta asko dira munduaren Egile handiaren mende pozik egoteko ditugun arrazoiak, Hark ez baititu izakiak inoiz babesgabe uzten; aldiz, egoera larrienetan ere, haiek beti izango dute eskerrak emateko arrazoiren bat, eta batzuetan gainera, salbaziotik uste dutena baino hurbilago daude. Are gehiago, askotan salbaziora eramanak dira hondamenera eramanak izango direla dirudien bide berberetatik.
Itsasgoraren une gorenean lehorreratu ziren gizon horiek ez ziren uraren egoeraz arduratu, bai ekarri zituzten presoekin hizketan aritu zirelako, edo bai han-hemenka lekua aztertzen ibili zirelako, itsasaldia amaitu, eta ura, txalupa hondarretan utzita, beheraino jaitsi zela konturatu ziren arte.
Bi gizon utzi zituzten txalupan, eta geroago jakin nuenez, brandy gehiegi edateagatik, lotan geratu ziren. Hala ere, bietako bat bestea baino lehenago esnatu zen, eta txalupa hondarretan horren sartua zegoela ikusi zuenean, berak bakarrik handik mugitu ahal izateko, han inguruan zebiltzan marinelei dei egin zien, eta haiek deia entzun orduko, berehala joan ziren txaluparaino. Baina alferrikakoak izan ziren txalupa itsasoratzeko egin zituzten ahalegin guztiak, ontzia oso astuna baitzen, eta hondarra loihitsua eta biguna, ia zingira-lurraren tankerakoa.
Egoera horren aurrean amore eman zuten, benetako itsasgizonak baitziren, agian munduko buru arinenak gauzak aldez aurretik kontuan izateko, eta mendialdera itzuli ziren han-hemenka ibiltzera. Orduan entzun nuen batek txalupatik oihuka esaten ziola beste bati:
— Uztak, Jack, zergatik ez duk txalupa bakean uzten? Hurrengo itsasaldiak mugituko dik.
Hori entzun orduko, erantzun ziurra izan nuen gizon horien herrialdeaz nuen zalantza argitzeko.
Bitarte horretan ezkutuan egon nintzen, nire gaztelutik behin ere irteten ausartu gabe, ez behintzat mendi tortorretik gertu nuen begiratokira baino urrunago, eta pozik nengoen bizilekua oso ongi gotortua nuelako. Banekien gutxienez hamar ordu beharko zirela txalupa berriz ur gainean egoteko, eta ordurako ilunduko zuen, eta askatasun handiagoa izango nuen haien mugimenduak ikusteko eta haien elkarrizketak entzuteko, horrelakorik izatekotan behintzat.
Bitartean, borrokaldirako prestatu nuen neure burua aurrekoan bezala, baina kontu handiagoa izanda, etsaia, aurrekoaren aldean, beste era batekoa zela banekien eta. Era berean Ostirali, agindu nion, ordurako tiratzaile bikaina baitzen bere eskopetarekin, bera ere armaz horni zedin. Nik bi ehiza eskopeta hartu nituen, eta hiru moskete eman nizkion hari. Itxura benetan ikaragarria nuen. Ahuntz larruzko beroki bikaina neraman jantzia, aipatutako kapela handia eta guzti, zorrorik gabeko ezpata alde batean, gerrikoan bi pistola, eta bizkar alde bakoitzean eskopeta bat.
Erabakia nuen, lehen esan dudan bezala, ahaleginik ez egitea gaua egin arte, baina ordubiak aldera, eguzki-galda beroenak izaten zirenean, konturatu nintzen, basora abiatu zirela denak, eta pentsatu nuen lotara joanak izango zirela. Hiru gizajo atsekabetuak, ziurrenik beren egoeraz kezkatuegiak loak hartu ahal izateko, etzanda zeuden zuhaitz handi baten itzalean, ni nengoen lekutik milia laurden batera edo, eta iruditu zitzaidanez, gainerakoen ikusmenetik kanpo.
Horregatik erabaki nuen haien aurrean neure burua azaltzea, zeuden egoeraren berri emateko. Berehala abiatu nintzen lehen esandako itxura nuela, nire zerbitzari Ostiral atzerago zetorrela, ni bezain bikain armatua, nirea bezain mamu itxura deigarria ez izan arren.
Ahal izan nuen gehiena hurbildu nintzaien ezkutuan, eta orduan, haiek ni ikusi baino lehen, oihu egin nien gaztelaniaz:
— Nortzuk zarete, jaunak?
Soinua entzun orduko zutitu ziren, baina hamar aldiz txundituago geratu ziren, ni aurrean jarrita, nire irudi traketsa ikusi zutenean. Ez zuten hitzik esan, eta iruditu zitzaidan ihes egiteko zorian zeudela; orduan inglesez hitz egin nien:
— Jaunak —esan nien—, ez harritu ni ikusita, agian lagun bat izan dezakezue aurrean, espero ez duzuen arren.
— Zerutik bidalia izan behar duzu orduan —esan zidan goibelduta haietako batek, aldi berean kapela kenduz—, gure egoera gizonaren eskuak ezin baitu konpondu.
— Laguntza guztiak zerutik etorriak dira —esan nuen—. Baina esango al zenioke ezezagun bati zuei nola laguntza eman? Izan ere, zoritxarrak jo zaituztela dirudi. Lehorreratzen ikusi zaituztet, baita zuekin zetozen astakiloei itxuraz erreguka ari zinetenean ere, eta gainera ikusi dut haietako batek ezpata altxatzen zuela zuek hiltzeko.
Gizajoak, begietatik malkoak zerizkiola, dardarka eta harritua, erantzun zidan:
— Jainkoarekin ari naiz hizketan ala gizon batekin? Benetako gizona zara ala aingerua?
— Ez kezkatu horregatik, jauna —esan nuen—. Jainkoak aingeru bat bidali izan balu zu salbatzeko, hobeto jantzia agertuko litzateke eta beste modu batera armatua, eta ez ni bezala. Arren, utzi beldurrak alde batera. Gizon bat naiz, gizon ingelesa, eta zuri laguntza emateko prest nago; hori da. Zerbitzari bakarra dut, baditugu armak eta munizioa. Esaidazu lasai, nahi duzu gure laguntza? Zein duzue arazoa?
— Gure arazoa jauna —esan zuen—, oso luzea da orain esateko, etsaiak horren gertu ditugula, baina labur bilduz, jauna, itsasontzi horretako kapitaina nintzen. Ontzi gizonak matxinatu egin zaizkit, nekez lortu dut haiek ni ez akabatzea, eta azkenean leku goibel honetara ekarri eta hemen uztea onartu dute, bi gizon hauekin batera, bata nire bigarrena, eta bestea bidaiari bat; eta hemen hiltzea beste itxaropenik ez genuen, jenderik izango ez zelakoan, eta egia esan oraindik ez dakigu zer pentsatu.
— Non dira basati horiek, zuen etsaiak? —esan nuen—. Joan direla uste al duzue?
— Han daude etzanda, jauna —esan zuen, zuhaizti bat seinalatuz—. Bihotza beldurrez dardarka daukat ez ote gintuzten ikusiko eta hizketan entzungo. Hala gertatu bada, denak hilko gaituzte.
— Ba al dute su-armarik? —esan nuen.
Erantzun zidan bi ale besterik ez zituztela, eta horietako bat txalupan utzi zutela.
— Ederki orduan —esan nuen—, utzi gainerakoa nire esku. Lotan daudenez gero, erraza izango da guztiak hiltzea; baina ez al da hobe izango denak preso hartzea?
Esan zidan haien artean bazirela bi gaizkile zoro, eta ez litzatekeela oso zuhurra izango haietaz errukitzea; baina bi haiek menderatuz gero, uste zuela gainerakoak beren zereginetara itzuliko zirela.
Zeintzuk ziren galde egin nion, baina horren urrutitik ezin zidala erakutsi erantzun zidan; hala ere, nire esanak beteko zituela nik esandako guztian.
— Ederki —esan nuen—, ezkuta gaitezen haien ikusmen eta entzumenetik, ez daitezen esnatu, guk zer egin erabaki aurretik.
Beraz, beren kabuz atzera egin zuten nirekin batera, basoak ezkutatu gintuen arte.
— Begira, jauna —esan nuen—, ausartzen banaiz zuen askatasunaren alde borrokatzera, beteko al dituzu nik jarritako bi baldintza?
Baldintzak entzun aurretik esan zidan biak, bera eta itsasontzia, berreskuratuz gero, erabat nire eskuetan eta nire esanetara egongo zirela; eta itsasontzia berreskuratu ezingo balitz ere, nirekin bizi eta hilko zela, munduko edozein lekutara bidaltzen nuela ere, eta beste bi gizonek gauza bera esan zuten.
— Ederki —esan nuen—, bi dira nire baldintzak. Lehenengoa, uhartean nirekin zauden bitartean, ez duzula aginpidea lortzeko inolako asmorik izango, eta eskuetan armak jartzen badizkizut, beti nik esandakoan itzuliko dizkidazula, ez didazula inoiz ez niri, ezta nire gauzei kalterik egingo, eta bitarte guztian nire esanak beteko dituzula. Bigarrena, itsasontziaz jabetzea lortzen badugu, ni eta nire zerbitzaria Ingalaterrara dohanik eramango gaituzula.
Irudimenak eta gizonaren fedeak asma zezaketen ziurtasun modu guztiak asmatu zituen niri jakinarazteko, zentzuzkoak ziren baldintza horiek beteko zituela, eta gainera, bizia zor izango zidala beti, eta bizi zen artean ez zuela hura ahaztuko.
— Ederki, bada —esan nuen—, hemen dituzue hiru moskete, sutautsa, balak eta guzti. Orain, esaidazue, zer iruditzen zaizuen egin beharko genukeela.
Bere esker ona adierazi zidan, ahal izan zuen era guztietan, eta bere bura eskaini zidan nire aginduak betetzeko. Erabakitzen genuena erabakita ere, esan nion lan zaila izango zela, baina bururatzen zitzaidan bide bakarra denei batera etzanda zeuden bitartean tiro egitea zela, eta baten bat lehenengo tiro-jasan hilko ez balitz, eta gure mendera etorri nahiko balu, salbatuko genukeela; eta hartara tiroen norabidea Jainkoaren arduraren esku uzten genuela.
Apal-apal esan zidan ez zela haiek hiltzearen aldekoa, ahal izanez gero, baina haietako bi gaizkile zentzakaitzak zirela, eta itsasontziko matxinadaren eragile izan zirela, eta haiek ihes egitea lortuz gero, gureak egin zuela, itsasontzira joan eta gainerako gizonekin itzuliko zirelako gu suntsitzera.
— Ederki, bada, —esan nuen—, beharrak bidezko egiten du nik esandakoa, hori baitugu bizia salbatzeko bide bakarra. Hala ere, odola isurtzeaz kezkatua ikusi nuenez gero, esan nion bakarrik joan beharko zutela eta egoki iruditzen zitzaiena egiten ahalegindu.
Hizketaldiaren erdian batzuk esnatu zirela entzun genuen, eta geroxeago ikusi genuen bi zutik jarri zirela. Galde egin nion ea matxinadaren buru izandakoren bat zegoen horien artean.
— Ez —esan zuen.
— Tira bada, orduan —esan nuen—, utz iezaiezue ihes egiten, Goi-ardurak onik ateratzeko esnatu dituela dirudi eta. Orain —esan nuen—, gainerakoek ihes egiten badizuete, zuen errua izango da.
Hori ikustean indar hartuta, nik eman nion mosketea eskuan hartu, eta pistola gerrian zeramala, eta bere bi adiskideek ere eskopeta bana zutela, abiatu ziren. Aurretik zihoazen bi gizonek hotsen bat egin behar izan zuten, eta hura entzutean esnatua zegoen itsasgizonetako bat beste aldera jiratu zen, eta gizonak hurbiltzen ikusi zituenean, besteei oihu egin zien. Beranduegi ordea, izan ere, ohiu egin zuen une berean tiro egin baitzuten; baina bi gizonek besterik ez, kapitainak zuhurki gorde baitzuen bere tiroa. Oso ongi zuzendu zituzten tiroak ezagutzen zituzten gizonen kontra, eta beraz, bat zerraldo utzi zuten eta bestea larri zauritua. Baina bigarrena hilik ez zegoenez gero, zutik jarri eta, estu eta larri hasi zen besteei deika. Orduan kapitaina hurbildu zitzaion eta esan zion beranduegi zela laguntza eske aritzeko, eta hobe zuela Jainkoari dei egitea bere doilorkeriak barka ziezaizkion, eta hori esan, eta mosketearen ipurdiarekin eman eta betiko isildu zuen. Taldean baziren beste hiru, eta haietako batek zauri arinak zituen. Ordurako iritsi nintzen, eta larri zeudela ikusita, eta alferrik zela guri aurre egitea, erruki eske hasi ziren. Kapitainak bizia barkatuko ziela esan zien, hitz ematen bazioten egindako saldukeriaz benetan damutuak zeudela, eta leial eta zintzo jokatuko zutela berarekin itsasontzia berreskuratzen, eta gero Jamaikaraino eramaten, handik etorri baitziren. Benetan ari zirela adierazteko era guztietako ziur hitzak eman zizkioten, eta kapitaina haiek esaten zutena sinesteko eta haiei bizia barkatzeko prest zegoela zirudien. Ni ere ez nengoen horren kontra, baina kapitainari agindua eman nion uhartean zeuden bitartean haien eskuak eta oinak lotuta edukitzeko.
Horretan ari zirela, txalupara bidali nuen Ostiral eta kapitainaren bigarrena, ontzia lotu eta arraunak eta haize-oihalak handik eramateko aginduekin. Geroxeago, beren zorionerako besteen ondotik alde egin zuten hiru matxinatuek, tiroak entzutean itzuli ziren, eta kapitaina ikusi zutenean, preso izatetik nagusi bihurtu zela berriz, haiek ere gure mende geratu ziren eta lotuak izateko amore eman zuten, eta horrela gure garaipena erabatekoa izan zen.
Orduan eginkizun bakarra geratzen zitzaigun, kapitaina eta biok elkarri gure gertaera eta gorabeheren berri ematea. Neu hasi nintzen istorio osoa kontatzen, eta hark arreta handiz entzun zuen ia txunditzeraino, eta batez ere janariz eta munizioz hornitzeko egin behar izan nituen gauza harrigarriak entzutean; eta nire kontakizuna mirariz betea zegoenez gero, bihotza jota utzi zion. Baina bere buruaz gogoeta egin, eta berari bizia salbatzeko han babestua egon nintzela iruditzen zitzaiola bururatu zitzaionean, ezin izan zien malkoei eutsi, eta ezin izan zuen hitzik esan.
Elkarrizketa amaitu zenean, kapitaina eta bi gizonak nire bizilekuraino eraman nituen, eta irten nintzen leku beretik sarrarazi nituen, alegia, etxeko goiko aldetik, eta han eskura nituen janari-mokadu batzuk eskaini nizkien, eta uhartean neraman denbora luze luzean egindako asmakari guztiak erakutsi nizkien.
Erakutsi nien guztiak, esan nien guztiak harri eta zur utzi zituen, baina batez ere kapitainak nire gotorlekua miretsi zuen, nire bizitokia oso ongi ezkutatu nuelako zuhaitz tartean; izan ere, zutoinak zuela hogei urte landatu nituenez, eta Ingalaterran baino bizkorrago hazten zirenez, baso txiki bat egin zitzaidan ordurako, eta horren adartsua, ezen ezin baitzen inondik ere igaro, alde batean utzi nion pasabide txiki eta bihurritik izan ezik. Esan nion nire gaztelua zela eta nire egoitza, baina banuela beste atseden leku bat mendialdean, printze gehienek zuten bezala, zenbaitetan atseden hartzeko erabiltzen nuena, eta beste batean hura ere erakutsiko niola; baina gure arazoa une horretan itsasontzia eskuratzeko ahaleginak egitea zela. Bat etorri zen nirekin, baina esan zidan zein neurri hartu ez zekiela eta erabat galduta zegoela, oraindik beste hogeitasei buru geratzen baitziren ontzi gainean, eta azpikeria madarikatua egin zutenez gero, eta harengatik legez heriotza merezi zutela jakinda, gogor eutsiko ziotela egoerari besterik ezean, eta aurrera egingo zutela, bazekiten eta menderatuak izanez gero, Ingalaterrara edo edozein ingeles koloniatara iritsi bezain laster urkamendira eramango zituztela, eta horregatik ez geniekeela erasorik egin beharko, horren gutxi izanda.
Gogoeta egin nuen pixka batean hark esandakoaz, eta oso arrazoizko ondorioa zela erabaki nuen, eta horrenbestez zerbait pentsatu behar genuela lehenbailehen, bai ontzi gaineko itsasgizonak trikimailuren bat erabilita ezustean harrapatzeko, bai haiei lehorreratzen eta gu menderatzen ez uzteko. Halako batean, burura etorri zitzaidan handik gutxira, itsasgizonak, adiskideei eta txalupari zer gertatu zitzaien jakin nahian; haien bila etorriko zirela lehorrera ontziko beste txalupan, eta agian armatuak etorriko zirela, eta indartsuegiak izan zitezkeela guretzat. Hori arrazoizkoa iruditu zitzaion kapitainari.
Horrenbestez, esan nion egin behar genuen lehenengo gauza hondartzan zegoen ontziaren azpia zulatzea zela, horrela ezingo baitzuten handik eraman, eta barruan zuen guztia atera ondoren, ur gainean ibiltzeko baliogabetzea. Horretarako, ontzian sartu ginen, atera genituen han zeuden armak eta aurkitu genituen beste gauza guztiak; hau da, brandy botila bat eta ronez betetako beste bat, opil batzuk, sutauts adar bat, eta ehun zati batean bildutako azukre kozkor handi bat, bospasei libratakoa edo. Guztia oso ongi etorri zitzaidan, batez ere brandy-a eta azukrea, urte asko baitziren ahitu zitzaizkidala.
Gauza horiek guztiak lehorrera eraman genituenean, lehen esan bezala, arraunak, masta, haize-oihala eta txalupako lema aterata baikenituen ordurako, zulo handi bat egin genion txaluparen azpiari, eta horrela, gu menderatzeko adinako kopuruan iristen baziren, ezingo zuten txalupa handik eraman.
Egia esan, ez nuen uste itsasontzia eskuratzeko gai izango ginenik, baina hau zen nire asmoa: txalupa han utzita alde egiten bazuten, ez nuen zaila ikusten han ginenon artean txalupa berriro konpontzea Haizebeko uharteetara iristeko, eta bidean gure adiskide espainiarren bila joateko, artean gogoan bainituen.
Eta helburu horiek lortzeko lanean aritu ginen. Lehenik eta behin, indarraren indarrez txalupa hondartzan gora eraman genuen, itsasgorak ur handitara eraman ez zezan, gero txalupari zulo handi samar bat egin genion, errazegi ez itsutzeko, eta eserita ginen handik aurrera zer egingo genuen pentsatzen; halako batean entzun genuen itsasontziak tiro egin zuela, eta txalupari keinuak egiten zizkiotela ikurrinaz ontzira itzularazteko. Baina txalupa mugitu ez zenez gero, beste zenbait tiro eta keinu egin zizkioten.
Azkenean, keinu eta tiro guztiak alferrikakoak zirela eta txalupa ez zela itzultzen ikusita, konturatu ginen, nire betaurreko luzearen laguntzaz, beste txalupa bat bota zutela itsasora eta lehorrera zetorrela. Hurbildu ahala, gutxienez hamar gizon zetozela ikusi genuen, eta armak zekartzatela.
Ontzia hondartzatik ia bi legoatara zegoenez gero, aurrez aurre ari zitzaizkigun hurbiltzen, eta gizonak argi eta garbi bereizten genituen, baita haien aurpegiak ere; izan ere itsasaldiak beste txalupatik pixka bat ekialderantz eraman zituenez gero, hondartza aurrean arraun egin behar izan zuten, beste txalupa lehorreratu eta utzi zuten lekuraino iristeko.
Era horretan, berriro diot, marinelak bete betean ikusi genituen, eta kapitainak txalupan zetozen gizon guztiak ezagutzen zituen, kanpotik eta barrutik. Esan zuen haietako hiru oso zintzoak zirela, eta ziur zegoela gainerakoak behartuta hartu zutela parte matxinadan, menderatuak zeudela ikusita eta beldurrak hartuta. Baina talde horretako burua zirudien kontramaisua, eta beste guztiak, edozein itsasontzitako marinelak bezain doilorrak zirela, eta zalantzarik gabe beren eginkizunean setatsu egingo zutela aurrera, eta guretzat indartsuegiak izango ziren beldur zela.
Irribarre egin eta esan nion gurea bezalako egoeran zeudenek gainditua izan behar zutela beldurraren neurria, eta ikusita ia edozein egoera guk bizi genuena baino hobea zela, itxaropena izan behar genuela; izan ere, ondorioak, heriotza nahiz bizia izan, askatasuna ekarriko baitzigun beti. Galde egin nion zer pentsatzen zuen nire bizitzaren gorabeherez, eta ea askatasunak ez zuen ahalegintzea merezi.
— Eta non da, jauna —esan nion—, ni zu salbatzeko bizirik eta osorik uhartean babestua egon naizen ustea, duela gutxi adore ematen zizuna? Nik ez dut arazo honetan oztopo bakar bat besterik ikusten.
— Eta, zein da? —esan zuen.
— Bada —esan nuen—, zuk esan duzun bezala, badirela hor datozenen artean onik atera beharko luketen hiruzpalau kide jator. Horiek beste marinelen tankera maltzur berekoak izan balira, pentsatuko nukeen Jainkoaren ardurak gure eskuetan uzteko aukeratuak izan zirela; baina, ez galdu itxaropena, hondartzara iristen den gizon bakoitza gurea izango da, eta hilko da edo biziko da gurekin duen jarreraren arabera.
Ahots ozenez eta aurpegi alaiz hitz egiten nion bitartean, konturatu nintzen indarberritu nuela; eta horrela gogor ekin genion lanari. Txalupa lehenengo aldiz itsasontzitik gurengana hurbiltzen ikusi genuenetik, atxilotuak bereiztea erabakia genuen, eta ordurako ongi ezkutatuak genituen.
Horietako birekin kapitainak besteekin baino zalantza handiagoak zituen, eta Ostiralekin eta guk salbatutako hiru gizonetako batekin leizezulora bidali nituen. Han nahiko urrun zeuden, eta aukerarik ez zuten, ez entzunak eta ez aurkituak izateko, eta, askatzea lortzen bazuen, ezta basoko irteerarik aurkitzeko ere. Lotuta utzi zituzten, baina jatekorik bazuten, eta hitz eman zieten, han geldirik geratzen baziren, aske utziko zituztela egun pare batean; baina ihes egiteko ahaleginik eginez gero, errukirik gabe hilko zituztela. Zin egin zuten bazterraldia jasankortasunez eramango zutela, eta eskerrak eman zituzten janariak eta argia uztean eman genien tratu onagatik; izan ere, Ostiralek haien erosotasunerako geuk egindako kandeletako batzuk eman baitzizkien, eta bera kanpoan zelatan izango zutela besterik ez zien esan.
Beste atxilotuek tratu hobea hartu zuten. Bik eskuak lotuta zituzten, kapitaina ez baitzen haiek aske uzteaz fidatzen, baina beste biak neure esanetara jarri nituen, kapitainaren gomendioz, eta gurekin bizi eta hiltzeko prest zeudela esanez, zinez emandako hitzean oinarri hartuz. Horrenbestez, horiekin eta beste hiru gizon jatorrekin denera zazpi gizon ongi armatu ginen; eta zalantzarik ez nuen gai izango ginela han zetozen hamar gizonei aurre egiteko, kontutan hartuz kapitainak esan zuela hiruzpalau jator ere bazetoztela haien artean.
Ontziko gizonak beste txalupa zegoen lekuraino iritsi bezain laster, hondartzaraino iritsi, denak lehorreratu, eta txalupa hondartzan gora arrastaka eraman zuten. Horrek poza eman zidan, beldur bainintzen agian ez ote zuten nahiago izango txalupa hondartzatik hurbil samar ainguratu, eta barruan hura zaintzeko norbait utzi; eta horrela ezingo genukeen txalupa geureganatu.
Hondartzara iritsi orduko, lehenik eta behin beste txaluparaino lasterka joan ziren, eta erraz igerri nien ezuste galanta hartu zutela txalupa tresnagabetua aurkitu zutenean; lehen esan bezala, barrua hutsik eta azpian zulo handi bat zuela.
Pixka batean pentsatzen egon ondoren, bizpahiru oihu handi egin zituzten, lagunei indar guztiz dei eginez, haiek entzuteko ahaleginean, baina dena alferrik izan zen. Gero biribilean jarri eta batera argi eta garbi entzun zen tiro-danbada egin zuten arma txikiekin, eta haren oihartzunak basoan burrunba sortu zuen. Baina horretan amaitu zen dena. Leizezuloan zeudenek ziur ginen ez zutela entzun, eta gure ardurapean zeudenek, ongi entzun zuten arren, ez ziren erantzutera ausartu.
Horren harrituta eta liluratuta geratu ziren, gero esan zigutenaren arabera, ezen berriro ontzira itzultzea erabaki baitzuten, gizon guztiak hilik zeudela, eta txalupak azpia zulatua zuela besteei jakinarazteko. Horrenbestez, berehala txalupa berriz itsasoratu eta denak barruan sartu ziren.
Kapitaina harri eta zur geratu zen, zer egin ez zekiela, uste baitzuen berriro itsasontzira igo, haize-oihalak zabaldu eta adiskideak galdutzat emango zituztela, eta ontzia berreskuratzeko itxaropenik izan zuen arren, betiko galduko zuela. Baina berehala beste gauza batek izutu zuen.
Txalupan ez ziren oso urrutira iritsi, berriro hondartzara itzultzen ikusi genituenean, baina itxuraz asmo berri batekin, denen artean erabakitakoa nonbait; alegia, txalupan hiru gizon uztea, eta gainerakoak lehorrera joatea, mendialdean lagunen bila aritzeko.
Atsekabe handia izan zen guretzat, ez baikenekien zer egin, lehorrera iritsitako zazpi gizon horiek harrapatzea ez baitzen guretzat abantaila handia izango, txalupa joaten uzten bagenuen, orduan gainerakoek aingura jaso eta haize-oihalak hedatuko baitzituzten, eta itsasontzia berreskuratzeko aukera galduko baikenuen. Dena den, itxarotea eta gauzak nola gertatzen ziren ikustea beste biderik ez genuen. Zazpi gizonak lehorrera iritsi ziren, eta txalupan geratu ziren hirurek itsasertzetik urruti samar eraman zuten ontzia, eta han aingura bota, eta lagunen zain geratu ziren. Beraz ezinezkoa gertatzen zitzaigun haiengana txalupaz joatea.
Hondartzara iritsi zirenak bata bestearen ondoan estu-estu zeudela egin zuten aurrera mendixka baten tontorrerantz, nire bizilekuaren gainean hain zuzen ere, horregatik guk argi eta garbi ikusten genituen, baina haiek gu ez. Poza hartuko genukeen guregana gehiago hurbildu balira, tiro egin ahal izango baikenien, edo urrunago joan izan balira, ateratzeko aukera emango baitziguten.
Baina mendi tontorrera iritsi zirenean, eta handik ipar-ekialdeko ibarrak eta basoak, eta uhartea lauagoa zen aldea ikusi zutenean, oihuka eta garrasika aritu ziren indarrak ahitu arte. Eta itxuraz, hondartzatik urruntzeko eta elkarrengandik bereizteko asmorik ez zutenez gero, zuhaitz baten azpian eseri ziren denak, egoera aztertzera. Lo hartzea erabaki izan balute, beste taldeak egin zuen bezala, mesede ederra egingo ziguten, baina beldurtuegiak zeuden lotarako, ez baitzekiten zein zen ikaratzen zituen arriskua.
Kapitainak arrazoizko proposamen bat egin zidan haien erabakia ikusita, alegia, agian berriro tiro-danbada egingo zutela, lagunek entzun zezaten, eta guk denok batera eraso egin behar geniela, hain zuzen ere, armak hutsak zituzten unean; orduan amore emango zutela eta odol isurketarik gabe errendituko genituela. Gustokoa nuen proposamena, baldin eta haiengana garaiz nahikoa hurbiltzea lortzen bagenuen, haiek armak berriz bete baino lehen.
Baina ez zen horrelakorik gertatu, eta denbora luzean egon ginen zain, zein erabaki hartu ez genekiela. Azkenean esan nien, nire ustez, ez zegoela zereginik gaua egin arte, eta orduan, txalupara ez baziren itzultzen, agian bideren bat aurkituko genuela haien eta itsasertzekoen artean kokatu, eta trikimailuren baten bidez, txalupakoak hondartzara etorrarazteko.
Zain eta zain egon ginen, baina alde egingo zutelakoan oso kezkatuak, eta nahigabe handia izan genuen, bilera luzeen ondoren, denak batera zutik jartzen eta itsasorantz abiatzen ikusi genituenean. Zirudienez, beldurrak airean zeuden leku hartako arriskuengatik, eta itsasontzira itzuli, lagunak galdutzat eman eta buruan zuten bidaldiarekin aurrera egitea erabaki zuten.
Hondartzara lasterka joaten ikusi orduko bururatu zitzaidan hori; eta hala gertatu zen, lagunak bilatzeari utzi zioten eta itzultzeko prest zeuden. Kapitaina, nire gogoeten berri eman nionean, lur jota geratu zen; baina berehala trikimailu bat bururatu zitzaidan gizonak itzularazteko, eta nire helburua erabat betetzeko.
Agindu nion Ostirali eta kapitainaren bigarrenari, Ostiral salbatu nuenean, basatiak lehorreratu ziren aldean, alegia mendebalean zegoen erreka hori bera zeharkatzeko; eta esan nien milia erdi batera edo zegoen bizkargune batera iritsi bezain laster, ahal zuten ozenkien oihu egiteko, eta han egoteko itsasgizonek oihuak entzun arte. Itsasgizonen erantzuna entzun orduko, berriz itzultzeko, eta ezkutuan, itzulinguruka ibiltzeko, beti haien oihuei erantzunez, eta uhartean ahal zuten barruraino eramateko, eta, ahal izanez gero, itsasgizonak basoan barrena urrunarazteko, eta gero berriz nik esandako zenbait bide hartuta niregana etortzeko.
Txalupan sartzeko zorian zeuden Ostiralek eta kapitainaren bigarrenak oihu egin zutenean. Oihuak entzun orduko, erantzun eta hondartzan aurrera abiatu ziren lasterka mendebalerantz, ahotsa entzun zuten aldera, errekak geldiarazi zituen arte, ura oso goian baitzegoen, eta ezin baitzuten beste aldera igaro. Txalupari dei egin behar izan zioten erreka zeharkatzen laguntzeko, hain zuzen ere, nik espero nuen bezala.
Beste aldera iritsi zirenean, konturatu nintzen txalupak errekan gora egin zuela tarte handi samar bat, eta lurrez inguratutako kai moduko batera iritsi zirenean, hiru gizon horietako bat aukeratu zuten besteekin joateko, eta bi besterik ez zituzten txalupa zaintzen utzi, hura zuhaitz txiki baten errondoari lotuta zutela.
Hori zen nahi nuena, eta berehala, Ostiral eta kapitainaren bigarrena beren eginkizunean utzi, eta gainerakoak hartu nituen. Txalupako gizonen ikusmenetik kanpo erreka zeharkatu genuen, eta ezustean harrapatu genituen, arriskuan zeudela konturatu baino lehen; bata lehorrean zegoela eta bestea berriz, txalupan. Lehorrean zegoena erdi lo erdi esna zegoen, eta zutik jartzera zihoan. Kapitaina aurrean zihoan, eta haren gainera jauzi egin, eta lurrera bota zuen. Gero txalupan zegoenari amore emateko esan zion, bizirik jarraitu nahi bazuen.
Arrazoi gutxi behar izan ziren bakarrik zegoen gizon bat amore ematera behartzeko, bost gizon aurrean zituela, eta bere adiskidea lurrean. Gainera matxinadan beste itsasgizonak bezain sartuta ez zegoen hiru haietako bat zela zirudien, eta horregatik amore eman ezezik, zintzo-zintzo gurekin bat egin zuen.
Bitartean, Ostiral eta kapitainaren bigarrena ongi moldatu ziren gainerakoekin beren lanean, eta tontor batetik bestera eta baso batetik bestera eraman zituzten, oihuka eta erantzunka, ez bakarrik haiek erabat lehertuta utzi arte, baita ere txalupara gaua egin baino lehen ezingo zirela iritsi ziur egon arte; eta haiek ere leher eginda zeuden guregana iritsi zirenerako.
Gauean zain egotea beste eginkizunik ez genuen, haiei eraso egiterakoan ez genuela huts egingo garbi ikusi arte.
Ordu batzuk igaro ziren Ostiral itzuli zenetik, haiek txaluparaino iritsi zirenerako, eta iritsi baino lehenago, aurrean zetozenei entzun genien atzekoei deika eta mugitzeko esanez, eta horiei neka-neka eginda zeudela, eta ezin zutela arinago ibili erantzunez; eta hori oso berri ona izan zen guretzat.
Azkenean iritsi ziren txaluparaino, baina ezinezkoa da haiek egin zituzten zalapartak azaltzea txalupa errekatik kanpo, lehorrean, aurkitu zutenean; itsasbehera baitzen, eta han utzitako bi gizonak ez baitziren inon ageri. Bata besteari deika entzun genituen modu negargarrienean, uhartea sorgindua zegoela elkarri esaten, biztanleak bazituen hil egingo zituztela, eta deabruak eta izpirituak bazeuden, berriz, handik eraman eta jan egingo zituztela.
Berriro egin zuten oihu eta beren izenez dei egin zieten bi adiskideei behin eta berriz; baina ez zen erantzunik izan. Handik pixka batera ikusi ahal izan genituen, han zegoen argi eskasez, atzera eta aurrera zebiltzala, eskuak bihurrituz, etsiak hartuta dauden gizonak bezala, eta batzuetan txalupara joan eta atseden hartzera han esertzen zirela; gero berriz hondartzara itzuli eta inguruan ibiltzeko, eta berriro ere lehengo gauza bera egiteko.
Nire gizonek gauean bat-batean eraso egiteko baimena ematea besterik ez zuten nahi, baina nik abantaila izan nahi nuen, haietaz errukitu eta ahal ziren gutxienak hiltzeko; eta, batez ere, ez nuen arriskuan jarri nahi gure gizonen bizitza, besteak ongi armatuak zeudela banekien eta. Itxarotea erabaki nuen, elkarrengandik bereizten ziren ikustea; eta ziur egoteko, gehiago hurbildu nintzen zelatan egitera, eta Ostirali eta kapitainari agindu nien lauoinka inork ikusi gabe joateko, lurretik ahal zuten hurbilena, eta haiengana ahal zuten gehiena hurbiltzeko, tiro egin baino lehen.
Ez zeramaten denbora luzea jarrera horretan, kontramaisua, matxinadaren buru izandakoa, eta orduan besteak baino izutuago eta etsiago zegoela zirudiena, beste bi itsasgizonekin oinez hurbildu zitzaienean. Kapitaina sutan zegoen, bere etsairik zitalena ia bere mendean izateagatik, eta horrenbesteraino, ezen ia ezin izan baitzuen patxadarik hartu, harengana hurbildu, eta bera zela ziurtatzeko. Ahotsa besterik ez zion entzun, baina pixka bat gehiago hurbildu zirenean, kapitaina eta Ostiral zutik jarri ziren, eta tiro egin zieten.
Suaren hotsa entzun orduko, berehala egin nuen aurrera gudaroste osoarekin, orduan zortzi gizonetakoa, alegia, ni neu, generalissimo-a; Ostiral, nire ordezko nagusia; kapitaina eta bere bi laguntzaileak, eta guk armaz hornitu genituen gerrako bi presoak.
Haiengana ilunpetan iritsi ginen, eta ezin izan zuten zenbat ginen ikusi. Txalupan utzi zuten gizonetako bati, eta orduan gure alde zegoena, besteei izenez dei eginarazi nion, hizketatzeko modurik ote zegoen ikusteko; eta gauzak guk nahi bezala gertatu ziren; ez baitzen harritzekoa, egoera ikusita, haiek amore eman nahi izatea. Beraz indar guztiz oihukatu zuen baten izena:
— Tom Smith! Tom Smith!
Tom Smithek berehala erantzun zuen.
— Nor haiz, Robinson? —nonbait ahotsa ezagutu zion.
— Ai ene! Jainkoaren izenean —Tom Smithek—, bota armak eta etsi, edo bestela hemengo aldia egina duzue.
— Noren aurrean etsi behar diagu? Non zeudek? —esan zuen Smithek berriz.
— Hemen —esan zuen Robinsonek—, hemen zegok gure kapitaina eta duela bi ordu zuen atzetik dabiltzan beste berrogeita hamar gizon. Kontramaisua hilda zegok, Will Frye zauritua, eta ni atxilotu naitek, eta ez baduzue amore ematen, zuenak egin dik.
— Barkamena emango zaiguk, amore emanez gero? —esan zuen Tom Smithek.
— Galde egingo diat, baina etsiko duzuela hitza ematen badidak —esan zuen Robinsonek.
Kapitainari galde egin zion eta honek esan zuen orduan ozenki:
— Hi, Smith! Ezagutzen duk nire ahotsa, armak berehala uzten badituk eta amore ematen baduk, onik irtengo zarete, denak Will Atkins izan ezik.
Hori entzutean esan zuen Will Atkinsek oihuka:
— Jainkoaren izenean, kapitain, emaidazu barkamena, zer egin dut nik? Denak izan dira ni bezain gaiztoak.
Baina, bide batez esango dut, ez zela egia. Zirudienez, Will Atkins hura izan baitzen, matxinatu zirenean, kapitaina preso hartu zuen lehenengo gizona, modu txarrean erabili zuena, eta eskuak lotu eta irain hitzak esan zizkiona. Dena den, kapitainak esan zion zentzuz jokatu eta armak utzi behar zituela, eta gero gobernariari errukia eskatzera joateko. Niri buruz ari zen hura esatean, denek gobernari esaten baitzidaten.
Hitz batean, denek utzi zituzten armak, eta bizia barkatzeko erregutu zuten; eta haiekin hizketatu zen marinela eta beste bi bidali nituen denak lotzera. Gero nire berrogeita hamar gizonetako gudaroste bikainak —hiru horiek kontutan izanda ere, denera zortzi gizon besterik ez zituenak—, aurrera egin zuen marinel guztiak eta txalupa eskuratu arte. Ni, berriz, beste batekin haien ikusmenetik kanpo geratu nintzen, estatu arrazoiak zirela eta.
Gure hurrengo eginkizuna txalupa konpontzea zen, eta ontzia nola geureganatu pentsatzea. Kapitainak bazuen orduan haiekin hizketatzeko astia; aurpegiratu zizkien berarekin egin zituzten bidegabekeriak, eta beren asmoetan aurrera eginez gero, egingo zituzten gaiztakeria are handiagoak, eta bide horrek denak ezbeharrera eta zoritxarrera eramango zituela, eta agian urkamendira.
Denek oso damututa ziruditen, eta bizia barkatzeko erregutu zioten. Baina kapitainak esan zien ez zirela bere presoak uhartearen agintariarenak baizik; uharte soil eta jendeztatu gabe batean lehorreratuko zituztela uste izan zutela, baina Jainkoaren mesedea izan zela uharte jendeztatu horretan egokitzea, eta hango gobernaria gizon ingeles bat izatea. Hark nahi izanez gero, denak urkatuko zituela; baina barkamena eman zienez gero, uste zuela Ingalaterrara bidaliko zituela, hango legearen aurrean erantzutera; denak Atkins izan ezik, gobernariak agindua eman baitzuen hiltzeko presta zedin, goizean urkatuko zutelako.
Dena berak asmatutakoa izan arren, lortu nahi zuen ondorioa ekarri zion. Atkins belauniko jarri zen, eta kapitainari erregutu zion gobernariaren aurrean bitartekari izateko, hark barkamena eman ziezaion; eta beste guztiek ere erregutu zioten, Jainkoaren izenean, Ingalaterrara ez bidaltzeko.
Orduan bururatu zitzaidan askatasunaren garaia iritsi zitzaigula, eta erraza izango zela gizon horiek gure alde jartzea ontzia eskuratzeko ahaleginean. Ilunpetan ezkutatu nintzen haien ondotik, nolako gobernaria zuten ikus ez zezaten, eta kapitaianari niregana etortzeko dei egin nion. Baina niregandik urrun samar zegoenez gero, gizonetako bati eman nion hari dei egiteko agindua, eta hark esan zion:
— Kapitain, agintariak deitzen dizu.
Eta kapitainak erantzun zuen:
— Esan jaun gorenari oraintxe noala.
Horrek ziria sartu zien bete betean, eta denek sinetsi zuten agintaria han inguruan zegoela bere berrogeita hamar gizonekin.
Kapitaina etorri zitzaidanean, itsasontzia eskuratzeko nuen asmoaren berri eman nion, eta horrenbeste gustatu zitzaionez gero, hurrengo egunean nire proposamena aurrera eramatea erabaki zuen. Baina erosoago aritzeko, eta arrakasta seguruagoa izateko, atxilotuak bereizi behar genituela esan nion, eta Atkins eta beste bi okerrenetakoen bila joan behar zuela, eta eskuak lotuta, besteak zeuden leizezulora bidali beharko zituela. Lan hori Ostirali eta kapitainarekin batera lehorreratu zituzten bi gizonei egokitu zitzaien.
Leizezulora eraman zituzten, kartzelara eramango balituzte bezala, leku ikaragarria baitzen benetan, batez ere egoera horretan zeuden gizonentzat. Gainerakoak, bere garaian zehatz-mehatz deskribatu nuen mendiko itzalpera, nik deitzen nion bezala, bidali nituen. Eta hesiz inguratua zegoenez gero, eta gizonak eskuak lotuta, lekua segurua zen, kontutan izanda jokabidearen arabera epaituak izango zirela.
Goizean kapitaina bidali nuen haiekin hizketatzeko asmoz, hitz batean, zer zioten ikertzera, gero itsasontzia ezustean hartu eta geureganatzera joateko fidagarritzat jotzen zituen ala ez niri jakinarazteko. Hitz egin zien egin zizkioten irainez, erabili zuten modu txarrez, eta esan zien gobernariak bizia barkatu bazien ordu arte, Ingalaterrara bidaliak izanez gero, zalantzarik gabe, han kateatu eta urkatuko zituztela; baina itsasontzia berreskuratzeko gizalegezko ahaleginean parte hartzen bazuten, eginahalak egingo zituela gobernariaren barkamena lortzeko.
Edonork pentsa dezake zein azkar emango zioten baiezkoa egoera horretan zeuden gizonek. Belauniko jarri ziren kapitainaren aurrean, eta hitz eman zioten, madarikaziorik handienak esanez, zintzo jokatuko zutela azken odol tantoa haren alde isuri arte, eta bizia zor izango ziotela, eta munduko edozein tokitara jaongo zirela haren atzetik, eta aitatzat izango zutela bizi ziren artean.
— Ederki —esan zuen kapitainak—, gobernariarengana joan beharra dut eta esan didazuenaren berri emango diot, eta ikusiko dut zer egin haren baiezkoa lortzeko.
Beraz, niregana etorri zen gizonen aldartearen berri ematera, eta esan zidan benetan uste zuela leialki jokatuko zutela.
Hala ere, ziurrago egoteko, berriz itzultzeko esan nion eta hango taldetik bost bereizteko, eta esateko, gobernariak gizonen kezkarik ez zuela ikusteko, bost gizon horiek hautatuak izan zirela haren laguntzaile izateko, eta gobernariak beste biak, eta gaztelura, nire leizezulora alegia, preso eramandako hirurak bahituta izango zituela beste bosten leialtasunaren ordainetan; eta eginkizunean zintzo jokatzen ez bazuten, bahituak zeuden bostak itsasertzean bizirik zintzilikatuko zituztela.
Gauza latza zirudien, eta horrenbestez sinestarazi zien gobernaria ez zebilela brometan. Dena den, hura onartzea beste irtenbiderik ez zuten, eta atxilotuen zeregina zen kapitainarena adina, beste bostak beren eginbeharrekoa betetzeaz jabearaztea.
Gure indarrak era honetara izan ziren antolatuak eginkizuna aurrera eramateko:
1. Kapitaina, haren bigarrena, eta bidaiaria. 2. Lehenengo taldeko bi atxilotuak, kapitainak haien izaeraz esandakoa entzun ondoren, askatasuna eman eta armaz hornitu genituenak. 3. Ordu arte nire mendiko itzalpean gordeta izan nituen beste bi, eskuak lotuta egon arren, kapitainaren eskariz aske utzi genituenak. 4. Azken unean aske utzitako beste bostak; denera hamabi, leizezuloan bahituak genituen bostaz gainera.
Kapitainari galde egin nion, ea gizon kopuru horrekin ausartuko litzatekeen ontzia bereganatzera abiatzea; izan ere, ez baitzitzaidan egokia iruditzen, ez ni eta ez nire zerbitzari Ostiral uhartetik urruntzea, atzean zazpi gizon utzita, nahikoa lan baikenuen haiek bereizita mantentzen, eta behar zutenaz hornitzen. Leizezuloko bostak, lotuta edukitzea erabaki nuen; hala ere Ostiral egunean bitan joaten zitzaien behar zutena eramatera; beste biei berriz, janariak garraiarazten nizkien leizezulotik urrun samarreraino, eta handik Ostiralek jasotzen zituen.
Bahituei neure burua azaltzera kapitainarekin joan nintzen, eta hark esan zien ni nintzela beraien zaindari izateko gobernariak jarri zuen pertsona, eta gobernariaren aginduz debekatua zutela inora joatea, nire aginduz ez bazen, eta kontrakorik eginez gero, gaztelura eramango zituztela kateatuak izateko. Neure burua gobernari gisa inoiz ikusten utzi ez genienez gero, beste pertsona bat banintz bezala azaldu nintzaien, eta gobernariaz hitz egin nien, gudari taldeaz, gazteluaz, eta abar, aukera nuen guztietan.
Kapitainak bi txalupak tresnatzea beste zailtasunik ez zuen aurrean, batek zuen zuloa konpontzea eta gizonez hornitzea. Bidaiaria txalupa bateko kapitain izendatu zuen, beste lau gizonekin; eta bera, bigarrena, eta beste bost gizon bestean abiatu ziren. Eginkizuna primeran bete zuten, itsasontziaren ondora gauerdi inguruan iritsi baitziren. Itsasontzikoen entzumenera iritsi bezain laster, kapitainak Robinsoni agindu zion oihu egin zezan, gizonak eta txalupa zekartela esanez, eta haiek aurkitzen lan handia izan zutela, eta abar; eta hizketan aurrera egin zezan itsasontziaren saihets batera iritsi bitartean. Orduan, kapitaina eta haren bigarrena sartu ziren lehenbizi, armak eskuan zituztela, eta mosketearen ipurdiaz jo, eta berehala utzi zituzten konorterik gabe orduan kontramaisu zena eta arotza. Itsasgizon leialen laguntzaz, ontzi gainean eta zubian zeuden guztiak lotu zituzten, eta sabaizuloak ixten hasi ziren, behean zeudenei handik ateratzen ez uzteko. Beste txalupan zetozenak brankako abenkatatik sartu ziren, eta brankako gazteluaz eta sukaldera ematen zuen sabaizuloaz jabetu ondoren, han aurkitutako lau gizon atxilotu zituzten.
Hori amaitu ondoren, eta denak ontzi gainean oso eta sendo zeudenean, kapitainak bere bigarrenari agindu zion, beste hiru gizonekin batera, txopako zubiaren estalpean indarrez sartzeko, han babestu baitzen kapitain matxinatua, larrialdia zela entzun orduko, beste bi itsasgizonekin eta ontzi mutilarekin batera, armak eskuan zituztela. Eta kapitainaren bigarrenak atea burdinagaz errotik atera eta bota zuenean, kapitain berriak eta haren gizonek tiro egin zuten parrastan aurrean zeudenen kontra, eta kapitainaren bigarrena zauritu zuten, moskete bala batek besoa hautsi baitzion, eta baita beste bi gizon ere, baina ez zuten inor hil.
Kapitainaren bigarrena laguntza eske, estalpe barrura oldartu zen zauri eta guzti, eta pistola hartu eta tiro eman zion kapitain berriari buruan. Bala ahotik sartu eta belarri baten atzetik irten zitzaion, beraz ezin izan zuen handik aurrera hitzik esan. Hori ikustean gainerakoek amore eman zuten, eta ontzia berreskuratua izan zen, beste inork bizia galdu gabe.
Itsasontzia berreskuratu bezain laster, kapitainak zazpi kanoi tiro egiteko agindu zuen, nirekin erabaki bezala, arrakastaren berri emateko. Pentsa dezakezue nolako poza hartu nuen hura entzutean, haren zain eserita baineraman hondartzan ia goizeko ordubiak ezkero.
Beraz seinalea argi eta garbi entzun ondoren, etzan egin nintzen, eta egun oso nekagarria izan nuenez gero, zerraldo hartu nuen lo, tiro baten hotsak ezustean harrapatu ninduen arte. Gero, «gobernari, gobernari» dei egiten zidan ahots bat entzun nuen, eta kapitainaren ahotsa zela ezagutu nuen. Mendi tontorrera igo nintzenean, han aurkitu nuen, eta itsasontzia seinalatuz besarkatu ninduen.
— Nire adiskide eta askatzailea —esan zuen—, han duzu zure itsasontzia, zurea baita goitik behera, gu garen bezala, eta baita barruan duen guztia ere.
Itsasontzira begiratu nuen, eta han zegoen ur gainean hondartzatik milia erdi baino pixka bat gehiagora; izan ere, aingura jaso baitzuten ontzia berreskuratu bezain laster, eta eguraldia ona zenez gero, errekaren ahoaren ondo ondoan ainguratu zuten, eta itsasgora izanik, kapitainak zama-ontzitxoa nik garai batean alak lehorreratu nituen lekuaren ondoan utzi zuen, alegia nire ate ondoan.
Ezusteak hasieran zorabiatzeko puntuan jarri ninduen, askatasuna ikusi bainuen aurrez aurre, baliabideak nire eskuetan, eta itsasontzi handi bat nahi nuen lekura ni eramateko prest. Tarte batean, ez nintzen hari hitzik esateko gai izan, baina besoetan hartu ninduenean, eskerrak estu-estu heldu nintzaion, bestela lurrera eroriko nintzen.
Antzeman zuen nire harridura, eta berehala sakeletik botila bat atera eta niretzat apropos ekarritako edari-goxo zurrutada bat eman zidan. Edan eta lurrean eseri nintzen, eta neure onera ekarri ninduen arren, denbora puska bat behar izan nuen hari hitz bakar bat esan ahal izateko.
Bitarte horretan gizon gizajoa ni bezain bihotzean joa zegoen, ez ni bezain harri eta zur ordea. Milaka gauza goxo eta atsegin esan zizkidan, ni adoretu eta neure onera ekartzeko. Baina hain zen handia bihotzean nuen poza, ezen barrua dena nahasi zitzaidan. Azkenean negarrari ezin eutsi izan nion, eta handik pixka batera hitza etorri zitzaidan.
Orduan nire txanda iritsi zen, eta nik besarkatu nuen askatzaile izan nuena, eta biok atsegin hartu genuen. Esan nion Zeruak ni askatzeko bidali zuen gizona balitz bezala hartzen nuela, eta gertaera guztiek mirari bat beste baten atzetik ziruditela; gauza horiek mundua gobernatzen zuen Goi-arduraren esku ezkutu baten agerbideak zirela, eta Ahalmen amaigabe baten begiak munduko bazter ezkutuenetara, Hark nahi zuenean zoritxarrean zeudenei laguntza emateko, irits zitezkeenaren froga.
Ez zitzaidan ahaztu zerura bihotza altxa eta eskerrak ematea. Eta zein bihotzek ez zukeen Jainkoa bedeinkatuko, ez bakarrik modu miragarrian mantendu ninduelako eremu horretan eta egoerarik goibelenean, baizik eta askatasun guztiak beti Hari zor dizkiogulako!
Pixka batean hitz egiten aritu ondoren, kapitainak esan zidan ontzian zeuden hornigai gutxi batzuk ekarri zizkidala, horren luze hango jabe egin ziren gizatxar haiek lapurretan alferrik galdu ez zituztenak. Berehala ozenki dei egin zion txalupari, eta marinelei agindu zien gobernariaren gauzak lehorreratzeko. Opariak ez zirudien itsasaldia haiekin batera egitera zihoan norbaitentzat zenik, uhartean bizitzen geratu behar zuen batentzat baizik, ni han utzita joango balira bezala.
Lehenik eta behin, edari goxo bikainez betetako botila kaxa bat eman zidan, sei botila handi Madeirako ardoz beteak (botila bakoitza bi laurdenekoa zen), bi libra tabako primerakoa, hamabi puska eder haragi gatzatu, eta txerri haragizko beste sei puska, zorro bat ilar eta ehun libra inguru opil.
Gainera azukre kaxa bat ekarri zidan, eta beste bat irinez betea, limoiz betetako zorro bat, lima urezko bi botila, eta beste gauza asko. Baina, horrez gainera, eta niretzat mila aldiz erabilgarriagoa zena, sei alkandora berri-berri ekarri zizkidan, sei korbata bikain, bi eskularru pare, zapata pare bat, kapela bat, galtzerdi pare bat, eta kapitainaren beraren jantzi dotore bat, oso gutxi erabilia. Hitz batean, burutik oinetaraino jantzi ninduen.
Opari oso atsegina eta gustokoa izan zen, edonork pentsa dezakeen bezala, nire egoeran zegoen batentzat; baina ez da mundu honetan gauza zakarragorik, baldarragorik eta nekagarriagorik izan, niretzat hasieran arropa horiek janztea izan zena baino.
Oparien eskaintza amaitu, eta gauza on horiek guztiak nire bizileku txikira eraman zituztenean, atxilotuekin zer egin hasi ginen elkarri galdezka; izan ere, hobe genuen aztertzea ea gurekin eramatera ausartu behar genuen ala ez, bereziki haien arteko bi, neurriz gainezka zentzagaitzak eta bihurriak zirela jakinda. Kapitainak zioen zitalak zirela, eta alferrik ahaleginduko ginela haiekin; eramaten bazituen, kateatuta eramango zituela, gaizkileen eran, bidean aurkitzen zuen lehenengo ingeles koloniako justiziaren esku uzteko, besterik gabe. Baina konturatu nintzen kapitaina bera ere oso kezkatua zegoela gai horrekin.
Orduan esan nion, nahi bazuen, bi gizon horiei dei egin eta galde egingo niela zer iritzi zuten uhartean gelditzeko ematen zitzaien aukeraz.
— Pozik onartuko nuke nik —esan zuen kapitainak—, bene benetan.
— Ederki —esan nuen—, bidaliko dut norbait horien bila, eta hitz egingo diet zure izenean.
Eta horrela bidali nituen Ostiral eta lehen bahituta egondako biak, izan ere, adiskideek hitza bete zutenez gero, orduan aske baitzeuden. Esaten ari nintzen bezala, leizezulora bidali nituen hango bost gizonak, zeuden bezala, eskuak lotuta, mendiko itzalpera eramateko, eta ni iritsi arte han edukitzeko.
Handik denboraldi batera iritsi nintzen, janzkera berria eta guzti, eta berriro gobernari deitzen hasi zitzaizkidan. Denak elkartu ginenean, eta kapitaina alboan nuela, gizonak nire aurrera ekartzeko agindua eman nuen, eta esan nien kapitainarekin izan zuten jarrera doilorraren berri eman zidatela zehatz-mehatz, eta nola ihes egin nahi izan zuten itsasontzia hartuta, eta lapurreta gehiago egiteko asmotan zebiltzala, baina Goi-ardurak ihesbidean harrapatu zituela, eta besteentzat prestatuak zituzten sareetan erorarazi zituela.
Esan nien nire zuzendaritzapean itsasontzia berreskuratua izan zela, itsas-golkoan zegoela, eta kapitain berriak bere gaiztakeriarengatik hartuko zuen ordaina laster ikusiko zutela, masta nagusitik zintzilik ikusiko baitzuten. Beraiei zegokienean, ezer esatekorik zuten jakin nahi nuela, itsaslapurren antzera zintzilikatuak izatea galarazteko, lege haustean harrapatuak izan baitziren, eta zalantzarik gabe, neure aginteak horretarako eskubidea ematen baitzidan.
Batek beste guztien izenean, zeresanik ez zuela erantzun zuen, zera izan ezik: kapitainak harrapatu zituenean, hitza eman ziela bizia barkatuko zitzaiela, eta horregatik apal-apal erruki izateko eskatzen zidatela. Baina esan nien niri zegokidanean, ez nekiela errukia nola adieraziko nien; hain zuzen ere, uhartetik nire gizon guztiekin batera alde egitea, eta kapitainarekin bere ontzian Ingalaterrarantz abiatzea erabaki nuelako. Kapitainak, berriz, ezingo zituela Ingalaterrara eraman, atxilotuen eran kateatuak izan ezean, matxinatzeaz eta ontziarekin ihes egiteaz han epaituak izateko, eta horren ondorioa, ondo jakin behar zuten bezala, urkamendia izango zela. Beraz, ezin niela esan zer izango zen haientzat hobe, baldin eta halabeharrari uhartean itxaroteko gogorik ez bazuten. Hori nahi izanez gero, ez zitzaidala axola, nik handik alde egiteko aukera bainuen; baina, dena dela, banuela bizia barkatzeko nolabaiteko joera, uhartean bizirik irauteko modua izango zutela iruditzen bazitzaien.
Eskerrak eman zizkidaten eskaintzarengatik, eta esan zidaten, zalantzarik gabe, nahiago zutela han geratzen ausartu, Ingalaterrara zintzilikatuak izateko eramanak izan baino; beraz horretan utzi nuen erabakia.
Dena den, kapitainak zenbait oztopo jartzeko itxura egin zuen, gizon atxilotuak han uztera ausartuko ez balitz bezala. Orduan itxura egin nuen harekin pixka bat haserretu nintzela, eta esan nion nire atxilotuak zirela eta ez bereak; eta haiei barkamena eskaini ondoren, ezin nuela hitza bete gabe utzi, eta hura ez bazitzaion zuzena iruditzen, aurkitu bezala, aske utziko nituela berriz; eta gustokoa ez bazuen, joan eta berriro harrapatzeko, ahal baldin bazuen.
Hori entzutean eskerdun azaldu ziren, eta esandakoaren arabera aske utzi nituen. Basora bidali nituen, etorri ziren lekura, eta armak eta munizioa utziko nizkiela, eta oso eroso bizi ahal izateko zenbait ohar emango nizkiela esan nien, ongi iruditzen bazitzaien.
Gero itsasontzira joateko prestatzen aritu nintzen, baina kapitainari esan nion gaua gauzak antolatzen emango nuela, eta hobe zuela bitartean ontzira joatea, han gauzak behar bezala edukitzeko, eta hurrengo egunean txalupa lehorrera bidaltzeko nire bila; eta aldi berean agindu nion, kapitain berria, ordurako hila, masta nagusitik zintzilikatzeko, uharteko gizonek ikus zezaten.
Kapitaina joan zenean, gizonak nire bizilekura ekarrarazi nituen, eta zinez hitz egin nien beren egoeraz. Esan nien nire ustez aukera zuzena egin zutela, eta kapitainak eramaten bazituen, denak zintzilikatuko zituztela. Kapitain berria erakutsi nien ontziko masta nagusitik zintzilik, eta esan nien ez zutela zertan besterik espero.
Guztiek han geratzeko gogoa adierazi zidatenean, nik han izan nuen bizimoduaren berri emango niela jakinarazi nien, beraiena ahalik eta errazena egitearren. Horrenbestez, uhartearen azterketa zehatza egin, eta hara nola iritsi nintzen adierazi nien; eraikuntzak erakutsi nizkien, ogia nola egiten nuen, alea nola erein nuen, mahatsa nola lehortzen uzten nuen, eta, hitz batean, eroso bizitzeko premiazkoa zuten guztia. Uhartean lehorreratzekoak ziren hamasei espainiarren istorioaren berri ere eman nien, haientzat eskutitz bat utzi nuen, eta gauzak denen artean erabiliko zituztela hitz emanarazi nien.
Nire su-armak utzi nizkien, hau da, bost moskete, hiru ehiza eskopeta eta hiru ezpata. Gainera oraindik upel eta erdi pasatxo sutauts geratzen zitzaidan, lehenengo urtetik, edo lehenengo bi urteetatik aurrera, gutxi erabili bainuen, eta ez nuen alferrik galtzen utzi. Ahuntzak nola gobernatzen nituen azaldu nien, eta ahuntzak jezteko eta gizentzeko, eta bai gurina eta bai gazta egiteko oharrak eman nizkien.
Hitz batean, nire kontakizunaren alderdi guztien berri eman nien. Era berean, esan nien lortuko nuela kapitainak baiezkoa ematea beste bi sutauts upel, eta zenbait barazkiren haziak han uzteko, nik neuk ere beste garai batean oso gustora hartuko nituzkeenak. Eman nien baita ere ilar zorro bat, kapitainak nik jateko bidali zidana, eta esan nien, ereinez gero, ugaldu egingo zirela zalantzarik ez izateko.
Hori guztia egin ondoren, hurrengo egunean gizonak han utzi, eta itsasontzira igo nintzen. Berehala prest ginen itsasoratzeko, baina ezin izan genuen aingura jaso gau horretan. Hurrengo egunean, goizean goiz, uharteko bost gizonetako bi igerian etorri ziren ontziaren saihets bateraino, eta beste hiruengatik kexarik negargarrienak eman ondoren, erregutu ziguten Jainkoaren izenean ontzian hartzeko, bestela hil egingo zituztela, eta kapitainari eskatu zioten mesedez igotzen uzteko, baita berehala zintzilikatuko bazituen ere.
Horren aurrean kapitainak itxura egin zuen, nirekin hitz egin ezean, ahalmenik ez zuela, baina zenbait zailtasun aditzera eman ondoren, eta benetan zentzatuko zirela gizonei zin eginarazi ondoren, ontziratuak izan ziren. Handik pixka batera zigorrez jo eta kolpatu zituzten, eta geroztik gizon zintzo eta esanekoak izan ziren.
Geroxeago, itsasgora zenean, lehorrera bidali zuten txalupa, gizonei hitz emandako gauzak zeramatzala; kapitaianak, nire eskariz, haien kutxak eta arropa batzuk eransteko agindua eman zuen, eta haiek oso esker onez hartu zituzten. Nik ere adore aman nien esanez, ontziren bat haien bila bidaltzeko modurik izaten banuen, ez nituela ahaztuko.
Uhartea utzi nuenean, oroigarri gisa, neuk egindako ahuntz larruzko longain handia, euritakoa, eta papagaia ontzira eraman nituen. Ez zitzaidan ahaztu lehen ere aipatutako dirua, horren denbora luzean erabili gabe egoteagatik herdoildua eta belztua zegoena, eta pixka bat igurtzi eta garbitu arte zilarra zenik inork sinetsiko ez lukeena. Era berean, ez nuen ahaztu itsasontzi espainiar hondoratuan aurkitu nuen dirua.
Eta horrela uhartea utzi nuen, abenduaren 19an, itsasontziko oharren bidez jakin ahal izan nuenez gero, 1686. urtean, han hogeita zortzi urte, bi hilabete, eta hemeretzi egun eman ondoren, eta bigarren gatibualdi honetatik aske geratu nintzen, Saleko mairuen artetik bela-ontzian egin nuen lehenengo ihesaldiaren hilabeteko egun berean.
Itsasontzi horretan, bidaldi luzea egin ondoren, Ingalaterrara iritsi nintzen, ekainaren 11n, 1687. urtean, hogeita hamabost urte handik kanpo igaro ondoren.
Ingalaterrara itzuli nintzenean ezezaguna nintzen denentzat, inoiz han ezagunik izan ez banu bezala. Emakume ongile eta diruzain zintzoa oraindik bizirik zegoen, eta haren eskuetan utzi nuen nire diru guztia, baina zoritxar handiak izan zituen bizitzan zehar; bigarren aldiz alargundu zen, eta behar gorrian bizi zen. Zor zidanagatik ez kezkatzeko esan nion, hark ez ziola arazorik sortuko; aldiz, bere garaian nirekin izan zuen arduragatik eta zintzo jokatzeagatik, esker onez laguntza eman nion neure diru apurrak uzten zidan neurrian; izan ere, garai horretan ezin izan nuen gauza handirik egin, baina hitz eman nion ez nuela inoiz ahaztuko bere antzinako ontasuna, eta ez nuen ahaztu laguntzeko adina izan nuenean, bere garaian azalduko dudan bezala.
Gero Yorkshire-ra jo nuen, baina aita hila zen ordurako, eta ama eta familia osoa zendua, bi arreba eta anaia baten umeetako bi izan ezik, eta aspaldi hildakotzat hartu nindutenez gero, ez zidaten inolako ondarerik utzi. Beraz, hitz batean, ez nuen inolako laguntzarik aurkitu, eta neukan diru eskasarekin ezin nuen gauza handirik egin han bizimoduari aurre egiteko.
Hala ere, espero ez nuen esker on bat ere izan nuen, eta zera izan zen: ontziko kapitainak, nik atseginez uhartean salbatu nuena, haren ontzia eta zama bezalaxe, dotore kontatu zien ontzigileei nola salbatu nituen ontzia eta gizonak, eta elkar ezagutzera gonbidatu ninduten, ontziarekin zerikusia zuten beste zenbait merkatarirekin batera; eta denak eskerrak eman eta eman aritu zitzaizkidan egin nuenagatik, eta ia 200 libra esterlinatako opari bat egin zidaten.
Baina nire bizitzaren gorabeherez, eta munduan bizimodua aurrera ateratzeko nituen baliabide eskasez gogoeta egin ondoren, Lisboara joatea erabaki nuen, eta han Brasilgo lur-sailen egoeraz informaziorik, eta nire auzoaren berririk lortzen nuen ikusi, arrazoiak bainituen uste izateko hark aspaldi hildakotzat joko ninduela.
Asmo horrekin Lisboarantz joateko ontziratu nintzen, eta hara hurrengo apirilean iritsi nintzen. Ostiral laguntzaile zintzoa izan nuen ibilaldi horietan, eta zerbitzari leiala behar izan nuen guztietan.
Lisboara iritsi nintzenean, galdezka ibili ondoren, nire pozgarri, itsasoan Afrikako itsasbazterretik harantza nengoela, bere ontzian jaso ninduen nire lagun zahar kapitaina aurkitu nuen. Zahartua zegoen, eta utzia zuen itsasoko lanbidea, baina semea, ordurako gizondua, jarri zuen itsasontzian, eta oraindik ere Brasilgo merkataritzan aritzen zen. Agureak ez ninduen ezagutu, eta nik ere nekez ezagutu nuen, baina berehala etorri zitzaidan gogora, eta berari ere gauza bera gertatu zitzaion, nor nintzen esan nionean.
Garai zaharreko harremanen izenean maitasun adierazpenak egin ondoren, ez izan zalantzarik, nire lur-sailez eta auzoaz galde egin nion. Agureak esan zidan ia bederatzi urte zirela ez zela Brasilen izan, baina ziur esan zezakeela, berak alde egin zuenean, nire auzoa bizirik zegoela; aldiz, nire zatiaren ardura hartu zuten ordezkariak biak hil zirela. Baina hala ere, uste zuela nire lur-sailen etekinen kontu zehatza emango zidatela; izan ere, itsasontzia hondoratu eta itotzat jo nindutenean, han utzi nituen ordezkariek niri zegozkidan lur-sailen etekinen berri eman zioten fiskalaren diruzainari, eta, baldin eta ni eskatzera joaten ez banintzaion, heren bat erregearentzat bereizi zuen, eta beste bi herenak San Agustinen komentuarentzat, behartsuen premietan erabiltzeko eta indiarrak fede katolikora bihurrarazteko. Baina ni azaltzen banintzen, edo beste norbaitek nire izenean ondarea eskatzen bazuen, itzulia izan beharko zuela, osorik, interesak edo urteko etekinak izan ezik, erruki ekintzetan erabiliak izango zirelako, eta zati hori ezingo nuela berreskuratu. Baina ziurtatu zidan bai erregearen lurren zerga arduradunak eta bai komentuko hornitzaile edo arduradunak, arreta berezia jarri zuela onuradunak, nire auzoak alegia, urtero-urtero etekinen kontu zehatza eman zezan, kopuru horretatik behar bezala nire erdia jasotzeko.
Galde egin nion ea bazekien noraino hazi ziren nire lur-sailak, eta hartaz kezkatzea merezi zuen ala ez, eta ea hara joan eta oztopoak izango nituen legez zegokidan erdia berreskuratzeko.
Esan zidan ez zekiela zehatz-mehatz noraino hazi ziren lur-sailak, baina bazekiela behintzat nire auzoa ederki aberastu zela bere erdiari ateratzen zion onurarekin, eta gogoan zuela noizbait entzun zuela nire zatitik erregeari zegokion herena, itxuraz komentu edo abatetxeren bati eman zitzaiona, urtean berrehun moidoretik gorakoa zela. Jabetza berreskuratzeari zegokionean, zalantzarik ez zegoela, auzoa bizirik baitzegoen eskubidearen lekuko izateko, eta gainera nire izena lurraldeko izendegian idatzia zegoela. Esan zidan baita ere nire ordezkarien ondorengoak zintzoak eta zuzenak zirela, eta oso aberatsak, eta uste zuela ondasunak berreskuratzen laguntzeaz gainera, diru kopuru handi samarra izango zutela niretzat, haien aitak ondasunzain izan ziren garaian etxaldeak eman zituen etekinen ondorioz, lehen esan bezala, etekin horiek besteen esku utzi baino lehenagoko garaikoak; eta hark gogoratzen zuenaren arabera, zuela hamabi urte inguru izan zen hori.
Gertaera hori entzutean kezkatu eta urduri samar geratu nintzen, eta kapitain zaharrari galde egin nion nire ordezkariek zergatik antolatu zituzten nire ondasunak era horretara, nik hilburukoa egina nuela baldin bazekien, eta bera, kapitain portugaldarra izendatua nuela ondasun guztien oinordeko.
Esan zidan egia zela, baina ni hilik nengoen frogarik ez zegoenez gero, ezin zuela eskubidea gauzatu nire heriotzaren berri zehatzik ez zen bitartean, eta gainera, ez zuela horren urruti zegoen gauza batean sartu nahi izan; egia zela nire hilburukoa jaso zuela eta eskubide eskaera egina zuela, eta bizirik edo hilik nengoen esan ahal izan balu, ordezko baten bidez ihardungo zuela eta ingenio-az, horrela esaten diote azukre-olari, jabetu, eta orduan Brasilen zegoen semeari aginduak emango zizkiola hori egiteko.
— Baina —esan zidan agureak—, badut beste berririk zuri emateko, eta agian ez zaizu besteak bezain gustokoa gertatuko, hau da, zu betiko galdua zinelakoan, eta denek hala uste zutenez gero, auzoak eta han utzitako ordezkariek, zure izenean, tratua egin zuten nirekin, hasierako sei edo zortzi urteetako etekinei buruz, eta nik jaso nituen. Baina garai horretan —esan zuen—, xahupen handiak egin behar izan ziren lur-sailak handitzen, ingenio-a eraikitzen, eta esklaboak erosten, eta horregatik etekinak ez ziren gerokoak bezalakoak izan. Dena den —esan zuen agureak—, zehatz-mehatz kontu emango dizut zenbat diru jaso eta nola erabili nuen.
Zenbait egun lagun zaharrarekin hizketan aritu ondoren, beti salgaietan ordainduak izaten ziren nire lur-sailen lehenengo sei urteetako irabazien berri eman zidan, nire auzoak eta merkatari ordezkariek sinatutako agirien bitartez; hala nola, tabako-hosto kiribilduak, azukrea kaxetan, ronaz eta azukre-lapaz gainera, gai horiek guztiak azukregintzaren ondorio. Agiri horietan ikusi nuen etekinek urtero gora egiten zutela, baina, lehen esan bezala, xahupenak handiak zirenez gero, hasierako emaitza txikia zen. Dena den, agureak erakutsi zidan 470 urrezko moidore zor zizkidala, 60 kaxa azukre eta 15 tabako-hosto kiribil bikoitzez gainera, itsasaldian galdu baitziren, ontzia Lisboara zetorrela hondoratu zenean, nik alde egin eta handik hamaika urte ingurura.
Gizon zintzoa bere zoritxarrak hasi zitzaidan aipatzen, eta nola nire dirua erabiltzeko premia izan zuen bere diru galerei aurre egiteko, eta ontzi berri baten erosketan parte hartzeko.
Dena den, lagun zaharra —esan zuen—, ez zera premian laguntzarik gabe geratuko, eta nire semea itzuli bezain laster, zurekiko zorra kitatuko du.
Orduan zorro zahar bat atera zuen eta 160 Portugalgo moidore urretan eman zizkidan, eta semea Brasilera joandako ontziaren agiriak, haren laurden baten jabea baitzen, eta semea beste laurdenarena, eta biak jarri zituen nire eskuetan gainerakoaren bermetzat.
Bihotza ukitu zidan agure gizajoaren zintzotasunak eta gizalegetasunak hura onartu ahal izateko; eta niregatik egin zuena gogoan nuela, nola jaso ninduen itsasoan, zein eskuzabal jokatu zuen nirekin beti, eta batez ere nolako lagun zintzoa nuen une horretan, ia ezin nion negarrari eutsi hitz horiek esan zizkidanean. Horrenbestez, lehenbizi galde egin nion horrenbeste diru emateko moduan zegoen une horretan, eta ez al zen diruz larri ibiliko. Esan zidan baietz, hark pixka bat larritzen zuela; baina, dene den, nire dirua zela, eta berak baino gehiago beharko nuela nik.
Agure zintzoak esan zuen guztia zirraragarria zen, eta ia ezin nien malkoei eutsi hura hizketan ari zen bitartean. Hitz batean, moidoreetako 100 hartu nituen, eta tinta eta luma eskatu nizkion ordainagiri bat emateko. Gero gainerakoa itzuli, eta esan nion inoiz lur-sailen jabetza izango banu, bestea ere itzuliko niola, eta hala egin nuen geroago; eta semearen ontzian zuen zatiaren agiriari zegokionean, ez nuela inolaz ere hartuko, diru premiarik izango banu ordea, banekiela gizalegez jokatuko zuela eta zorra ordainduko zidala; eta premiarik izaten ez banuen, berak uste zuen dirua jaso ondoren, ez niola inoiz penike bakar bat ere eskatuko.
Hori amaitu genuenean, agureak galde egin zidan nire lur-sailen eskaria egiteko bera bideren batean ahalegintzea nahi nuen. Esan nion ni neu joatea pentsatua nuela. Nahi izanez gero joan nintekeela esan zidan, baina nahi ez banuen, bazirela nire eskubidea ziurtatzeko, eta nire irabaziak berehala eskuratu ahal izateko beste bideak. Eta Lisboako ibaian itsasontziak Brasilerantz abiatzeko prest zeudenez gero, nire izena jarri zuen ageriko izendegi batean, bere zinpeko adierazpenarekin batera, ni bizirik nengoela, eta aipatzen zituen lur-sailak sortzeko lurra landu zuen pertsona bera nintzela ziurtatuz.
Notarioak hura behar bezala jaso ondoren, lagun zaharrak nire ahalmen bat eransteko esan zidan, eta herrialde hartan bizi zen merkatari ezagun bati, berak idatzitako eskutitz batekin batera, dena bidaltzeko, eta gero erantzunaren berri izan arte bere etxean geratzeko proposamena egin zidan.
Inoiz ez da gauza legezkoagorik izan, ahalmen hari zegozkion gorabeherak baino; izan ere, zazpi hilabete igaro baino lehen fardel handi bat jaso nuen, nire ordezkari edo itsasoratzeko proposamena egin zidaten merkatarien ondorengoek bidalia, barruan eskutitz eta agiri hauek zituela:
Lehenengo, nire etxaldearen edo lur-sailen kontu korrontea, haien aitek kapitain portuges zaharrarekin tratua egin zuten urtetik aurrerakoa; hain zuzen ere, sei urtez. Emaitza 1.174 moidorekoa zen nire alde.
Bigarren, beste lau urteetako kontuak, ekoizpenak beren esku zituzten garaikoak, gobernuak ondasunen administrazioa eskatu bitartekoak, galduta zegoen pertsona baten irabaziak baitziren, heriotza zibila zeritzoten egoeran zegoen norbaitena, alegia. Kontu horien emaitzak, eta lur-sailen balioak gora egin zuenez gero, 38.892 crusadoes-ekoa zen, hau da, 3.241 moidore.
Hirugarren, irabaziak hamalau urte luzez jaso zituen agustindarren abadeen kontuak. Baina erietxean erabilitakoaren kontu eman behar ez zuenez gero, gizalege osoz jokatuz adierazi zuen 872 moidore zituela oraindik erabili gabe, eta niri zegozkidala. Erregearen zatiari zegokionetik, ez zidaten ezer itzuli.
Bazen baita ere nire auzoaren eskutitz bat, bizirik nengoelako zorionik beroenak ematen zizkidana, eta etxaldean izandako hobekuntzen berri ematen zidana, eta urtean ematen zuena, eta hartzen zituen karratu edo akreak zehatz-mehatz aipatzen zituena; nola landatzen zuen, zenbat esklabo zituen; eta horrez gainera, hogeita bi gurutze jartzen zituen bedeinkazio moduan, beste horrenbeste Agur Maria errezatu baitzizkion Ama Birjinari ni bizirik nengoelako eskerrak emateko. Nire ondasunen jabetza eskuratzeko hara joateko erregutzen zidan, bihotz bihotzez; eta, joaten ez banintzen, bitartean nori bidali behar zizkion nire irabaziak esateko; eta bukatzeko agurrik beroena bidaltzen zidan, bere izenean eta familiarenean. Eta opari gisa zazpi leopardo larru dotore bidaltzen zizkidan, itxuraz, Afrikara bidali zuen ontziren batean ekarri zizkiotenak, zirudienez nirea baino bidaldi hobea izan ondoren. Bidali zizkidan baita ere janari merlatu bikainezko bost kaxa, ehun urrezko txapon, diru egin gabeak, ia moidoreak bezain handiak. Ontzi berean bi merkatari ordezkariek 1.200 azukre kaxa bidaltzen zizkidaten, 800 tabako-hosto kiribildu, eta kontuaren gainerakoa urretan.
Orduan esan nezake Joben amaiera hasiera baino hobea izan zela. Ezinezkoa da azaltzea nolakoak izan ziren nire bihotzaren taupadak eskutitz horiek irakurri nituenean, eta batez ere ondasun horiek guztiak nire ondoan ikusi nituenean; izan ere, Brasilgo ontziak taldean etortzen zirenez gero, eskutitzak ekarri zizkidaten ontzi berberek ekarri zizkidaten ondasunak, eta salgaiak kalte gabe iritsi ziren ibaira eskutitzak nire eskuetara iritsi baino lehenago. Hitz batean, min txuria egin zitzaidan, eta agurea presaka edari bizi baten bila joan ez balitz, uste dut ezuste pozgarri horrek nire izatea gainditu egingo zuela, eta bertan seko geratuko nintzela.
Are gehiago, gero ere ondoezik egon nintzen zenbait orduz, sendagile baten bila joan ziren arte, eta hark ondoezaren arrazoia zein zen asmatu zuenean, zaina ireki eta odolustea egiteko agindua eman zuen, eta harrezkero hobera egin nuen. Baina benetan uste dut, edari biziak zuzpertu ez banindu, hila nengokeela.
Bat-batean nagusi bihurtu nintzen, dirutan 5.000 libratik gora nuen, eta urtean mila libratik gora ematen zuen etxalde bat Brasilen, horrela esan nezake, eta Ingalaterrako etxalde bat bezain segurua zen. Hitz batean, ia ulertzen ez nuen egoera batean nengoen, eta hartaz gozatzeko nola jokatu ez nekien.
Lehenik eta behin, antzinako ongile kapitain zahar zintzoari nire alde egindakoa ordaindu behar nion, zoritxarrean egon nintzenean eskuzabala izan zelako, atsegina hasierako garaietan eta zintzoa amaierakoetan. Bidali zidaten guztia erakutsi nion. Esan nion gauza guztiak antolatzen dituen Jainkoaren arduraz gainera, berari zor nizkiola; eta nire esku geratzen zela guzti horregatik saritzea, eta beste ehun aldiz ere hala egingo nukeela. Beraz, lehenik eta behin, hark emandako ehun moidoreak itzuli nizkion, notario bati dei egin, eta niri zor zizkidala zioen 470 moidoreak ematen edo barkatzen nizkiola idatz zezan agindu nion, ahal izan nuen modurik argi eta tinkoenean. Gero nire lur-sailen urteroko etekinak jasotzeko ahalmena ematen zion agiri bat idatziarazi nion, eta nire auzoari oharrarazi nion harekin tratua egiteko, eta nire izenean irabaziak hari bidaltzeko ohiko ontzietan. Gainera amaieran erantsi nion urtero, 100 moidoreko errenta izango zuela, bizi zen artean, eta 50 moidorekoa bere semeak. Eta horrela saritu nuen aspaldiko lagun zaharra.
Ondoren nora jo erabaki beharra nuen, eta zer egin Jainkoaren ardurak nire eskuetan jarri zuen etxaldearekin, eta zalantzarik gabe, orduan kezka handiagoak nituen buruan uharteko bizimodu isilean izan nituenak baino, han ez bainuen behar neukana besterik, eta behar nuena besterik ez baineukan. Baina orduan ardura handia nuen, eta ondasunak leku seguruan gordetzea zen nire zeregina. Ez nuen leizezulorik dirua ezkutatzeko, ezta leku bat ere giltzarik edo sarrailarik gabe lizundu edo kolorea galtzeko, inork hura erabiltzeko aukerarik izan baino lehen; aitzitik, ez nekien non jarri edo zaintzeko nori eman. Nire patroi zaharra, kapitaina, ordea, zintzoa zen benetan, eta bera nuen babestoki bakarra.
Bigarren, Brasilen nituen ardurek hara dei egiten zidatela zirudien, baina ezin nuen inolaz ere hara joatea pentsatu nire arazoak konpondu, eta ondasunak esku ziurretan utzi arte. Hasieran nire lagun zahar alarguna etorri zitzaidan burura, banekien eta zintzoa zela, eta zuzen jokatuko zuela nirekin; baina zahartua zegoen eta dirurik ez zuen, eta jakin nuenez zorrak ere bazituen. Beraz, labur esateko, Ingalaterrara ni neu joatea beste biderik ez nuen, eta ondasunak neurekin batera eramatea.
Hala ere, hilabete batzuk igaro ziren hori erabaki bitartean, eta horrenbestez, kapitain zaharra erabat saritua nuenez gero, eta haren pozgarri, nire antzinako ongilea izan baitzen, alargun gaixoaz hasi nintzen pentsatzen, haren senar zena nire lehenengo ongilea izan baitzen, eta baita bera ere, ahal izan zuen bitartean, nire diruzaina eta aholkulari leiala. Horrela, lehenik eta behin, Lisboako merkatari bat aurkitu behar nuen, hark Londresko ordezkari bati idatzi, eta ez bakarrik, hari diru-agiri bat emateko, baita ere hura aurkitu eta nire izenean ehun libra dirutan ordaintzeko. Aldi berean, mendialdean bizi ziren nire bi arrebei ehuna libra bidali nizkien; izan ere, behar gorrian ez egon arren, ez baitziren oso ongi bizi, bata alargundua baitzen, eta besteak, berriz, senarra zuen arren, ez baitzion laguntza handirik ematen.
Baina lagun eta ezagun guztien artean ezin nuen bakar bat aukeratu nire ondasunen zatirik handiena haren eskuetan uzten ausartzeko, eta gauzak leku seguruan utzita, Brasilera joan ahal izateko, eta horrek kezka handia ematen zidan.
Behin batean burutik pasa zitzaidan Brasilera joan eta han bizitzen geratzea; egia esateko, lekuarekin ohitua bainengoen. Baina banuen kezka txiki bat barruan, hain zuzen ere, erlijioak ematen zidana, eta konturatu gabe atzerazten ninduena; baina geroxeago emango dut horren berri. Dena den, ez zen erlijioa orduan hara joatea galarazten zidana; izan ere, han bizi izan nintzen denbora guztian, lurraldeko erlijioa onartzeko kezkarik izan ez banuen, ez nuen orduan horrelakorik izango. Baina, behin eta berriz, eta lehen baino maizago, gauza horiek burura etortzen zitzaizkidanean, eta haien artean bizitzea eta hiltzea pentsatzean, damutzen hasi zitzaidan Aita Santu zale egin izana, eta pentsatzen hasi nintzen, agian, ez zela erlijiorik onena heriotzako ordurako.
Baina, esan dudan bezala, hori ez zen Brasilera joatea galarazten zidan arrazoi nagusia, nire salgaiak noren eskuetan utzi ez jakitea baizik. Beraz azkenean erabaki nuen haiek hartu, eta Ingalaterrara joatea, eta hara iristean nirekin zintzo jokatuko zuen lagunen bat egingo nuen edo ezagunen bat aurkituko nuen. Horrenbestez, Ingalaterrara joateko gauzak prestatu nituen, neure ondasun guztiak hartuta.
Etxera joateko gauzak prestazeko asmoz, lehenik eta behin, Brasilgo ontziak abiatzeko prest zeudenez gero, erantzun egokia ematea erabaki nuen handik jaso nituen kontu zuzen eta zintzoei. Lehenengo, San Agustingo abadeari eskutitz bat idatzi nion bere jokabide zuzena eskertuz, eta nire borondatez, erabili gabeko 872 moidoreak eskaini nizkion, 500 monasteriorako, eta 372 behartsuen artean banatzeko, abadeak erabakiko zuen nola, eta azkenik, eskatu nion padre on haiek nire alde otoitz egin zezatela.
Gero eskerrak emateko beste eskutitz bat idatzi nien neure bi ordezkariei, horrenbesteko zuzentasunak eta zintzotasunak eskatzen zuen bezala, nire onespen osoa adieraziz. Eta opariren bat bidaltzeari zegokionez, haiek ez zuten horren premiarik.
Azkenik, neure auzoari idatzi nion, lur-sailak hobetzeko ahalegina, eta nire ondasunak handitzean izan zuen jokaera zintzoa eskertuz, eta aginduak eman nizkion nire zatia etorkizunean nola zuzendu behar zuen jakinarazteko; eta, nire patroi zaharrari legez utzitako ahalmenen arabera, hari bidaltzeko zor zidan guztia, nik gauza zehatzagorik esaten ez nion bitartean; eta hitz eman nion asmoa nuela ez bakarrik hara joatekoa, baizik eta bizi nintzen artean han geratzekoa. Idatziari seda italiar dotore batzuk erantsi nizkion opari bere emazte eta bi alabentzat, kapitainaren semeak haien berri eman baitzidan, ingeles oihal fineko bi piezarekin batera, Lisboan aurkitu ahal izan nituen onenetakoak, horrez gainera baieta beltzezko bost pieza, eta Flandriako balio handiko farfaila.
Horrela nire eginkizunak amaitu ondoren, zama saldu, eta salgai guztiak trukerako agiri bihurtuta, hurrengo zailtasuna Ingalaterrara nondik joan erabakitzea nuen. Itsasoan ibiltzen ohitua nengoen, baina garai horretan Ingalaterrara itsasoz joateak atzera eragiten zidan modu bitxian; eta arrazoiak azaldu ezin nituen arren, gero eta zailagoa egiten zitzaidan, eta bidaldiko gauzak ontziratu eta gero ere, iritziz aldatu nuen, eta ez behin bakarrik, bizpahiru aldiz baizik.
Egia da oso zoritxarrekoa izan nintzela itsasoan, eta hori izan zitekeen arrazoietako bat; baina inork ez ditzala inoiz horrelako uneetako barruko bultzada indartsuak gutxietsi. Joateko aukeratu nituen ontzietako bi, eta aukeratu diot, beste edozer gauza esan beharrean, horietako batean nire gauzak ontziratu nituelako, eta bestearen kapitainarekin tratua egin nuelako; berriro diot, bi ontzi horiek itsasoan galdu ziren, hau da, bata algeriarrek harrapatu zuten, eta bestea Start-en hondoratu zen, Torbay ondoan, eta bidaiari guztiak hil ziren, hiru izan ezik; beraz bi ontzi horietako edozeinetan zoritxarrekoa izango nintzen, eta zaila zait esatea non zoritxarrekoago.
Burua kezkaz betea nuenez gero, ontziko pilotu zaharrak aholkua eman zidan itsasoz ez joateko, eta bidaldia lehorretik egiteko Coruñaraino, eta handik Bizkaiko golkoa zeharkatuz Rotxelaraino; edo bestela Madrileraino joan, eta handik Frantzian barrena abiatzeko.
Hitz batean, bidaldia itsasoz egitearen aurka nengoen, Calais-tik Dover-era igarotzeko tartea izan ezik, eta erabaki nuen bide guztia lehorretik egitea. Izan ere, presarik ez nuen, eta diruari garrantzirik ematen ez nionez gero, hori zen biderik erosoena. Eta gustorago ibiltzeko, kapitain zaharrak nirekin bidaldia gustora egingo lukeen jaun ingeles bat ekarri zuen, Lisboako merkatari baten semea. Gero beste bi merkatari ingeles hartu genituen, eta Pariseraino zihoazen beste bi jaun portuges gazte. Horrela sei ginen denera, eta bost zerbitzari. Bi merkatariek eta bi portugesek zerbitzari bana baitzeramaten bikoteko, merkeago izateko, eta nik ingeles marinel bat hartu bainuen nirekin bidaldia zerbitzari gisa egiteko, nire zerbitzari Ostiralez gainera, arrotzegia baitzen bidaldi horretan zerbitzari baten lekua hartzeko.
Era horretan irten ginen Lisboatik, eta gure taldea ongi zamaritua eta armatua zegoenez gero, gudaroste txiki bat osatzen genuen, eta ni kapitain izendatzeko ohorea egin zidaten, bai zaharrena nintzelako, bai bi zerbitzari nituelako, bai eta bidaldiaren eragilea izan nintzelako ere.
Itsasoko egunkariekin nekerik eman nahi izan ez dizudan bezala, ez zaitut lehorreko egunkariarekin nekaraziko, baina ezin ditut aipatu gabe utzi bidaldi luze eta zail honetako zenbait gertaera.
Madrilera iritsi ginenean, eta Espainia gure arteko inork ezagutzen ez zuenez gero, pixka batean han geratzea erabaki genuen, Espainiako gortea, eta ikustea merezi zuten beste gauzak ezagutzeko, baina udaren amaiera aldean ginenez gero, presaka ibili ginen, eta Madrildik urriaren erdi aldera irten ginen. Baina Nafarroako mugara iritsi ginenean, bidean igaro genituen zenbait herritan izutu egin ginen, Frantzia aldeko mendietan elur pila bota zuela, eta mendien beste aldera igarotzen ahalegindu ondoren, arrisku handian zeudela ikusita, zenbait bidaiarik Iruñera itzuli behar izan zutela esan zigutenean.
Iruñera iritsi ginenean, horixe bera aurkitu genuen; eta niretzat, eguraldi beroan bizitzen ohitua egonda, eta ia soinean jantzirik eraman ezin zen lurraldeetan, hotza jasanezina zen; are mingarriagoa egin zitzaigun ezustean harrapatu gintuelako. Izan ere, hamar egun lehenago Gaztela Zaharretik irten ginen, eta han eguraldia epela baino gehiago beroa zen, eta bat-batean Pirineo mendietako haizea hasi ginen sumatzen, gogorra eta hozmina, jasanezina bilakatzeraino, eta hatzak eta behatzak gogortu eta hozmintzeko arriskuan jartzeko neurriraino.
Ostiral gizajoa izutu egin zen benetan mendiak denak elurrez estaliak ikusi zituenean, eta giro hotza sentitu zuenean, ez baitzuen ordu arte bere bizitza osoan horrelakorik ikusi ez sentitu.
Gauzak are gehiago okertzeko, Iruñera iritsi ginenean elurra marra-mara ari zuen eta horrela iraun zuen denbora luzean. Horregatik hango jendeak zioen negua garaia baino lehenago iritsi zela; eta bideak, ordu arte nekez igaro bagenituen, handik aurrera igaro ezinak izan ziren. Labur esateko, elur pilak lodiegiak ziren zenbait tokitan guri bidaldia egiten uzteko, eta elurra izoztua ez zegoenez gero, iparraldeko herrietan gertatu ohi den bezala, ezin zen urrats bakar bat eman bizirik lurperatuak izateko arriskurik gabe. Iruñean hogei egun eman genituen gutxienez, eta negua zetorrela, eta eguraldiak hobera egiteko itxurarik ez zuela ikusita, Europa osoan inork gogoratzen zuen negurik hotzena baitzen hura, Hondarribira joatea proposatu nuen, eta handik Bordelera itsasontziz, itsasaldia oso motza baitzen.
Baina horretan ari ginela, bost jaun ingeles iritsi ziren, Frantziako aldean, gu espainiarrean ginen bezala, mendiak ezin igaro zeudenean, gidari bat aurkitu, eta haren gidaritzapean, lurraldea Languedoc-eko lurmuturraren ondotik zeharkatu eta gero, azkenean mendiak igaro zituztenak, elurrak traba egiten ez zien zenbait bidetatik; eta elurra ugari ikusi zuten arren, esan ziguten izoztua, eta gu eta zaldiak gainean ibili ahal izateko bezain gogortua zegoela.
Gidari horren bila joan ginen, eta esan zigun gu eramateko bide berbera hartuko zuela, eta elurraren kezkarik ez izateko, basapiztietatik babesteko arma nahikoak genituela ikusten baitzuen; izan ere, esan zigun maiz gertatzen zela horrelako elurteak zirenean otsoak mendi barrenetan azaltzea, goseak amorrazten, lurra elurrez estalia zegoelako. Esan genion ongi prestatuak ginela animalia horiei aurre egiteko, berak bi oinetako otso mota berezi batetik zaintzen bagintuen; esan zigutenez gero, horien arrisku handia baitzen, batez ere Frantzia aldeko mendietan.
Ziurtatu zigun horrelako arriskurik ez zela izango gure bidean; beraz berehala bat etorri ginen haren atzetik joateko. Hala egin zuten baita ere, beren zerbitzari eta guzti, beste hamabi jaunek, batzuk frantsesak, besteak espainiarrak, lehen esan dudan bezala, aurrera egiteko saioa egin ondoren, atzera egin behar izan zutenak.
Horrenbestez, Iruñetik abitau ginen gure gidariarekin, azaroaren 15ean; eta harritu ninduen, aurrera egin beharrean, hogei milia baino gehiago, zuzenean atzera egin zuelako, Madrildik etortzeko erabili genuen bide beretik. Bi ibai igaro ondoren eta lautadara iristean, eguraldi epela aurkitu genuen berriz, lurraldea atsegina eta elurrik bat ere ez; baina bat-batean, ezkerretara jo, beste bide bat hartu eta berriz hurbildu zen mendietara, eta egia bada ere mendi tontorrak eta amildegiak beldurgarriak zirela, horrenbeste bira, ingurubide eta bide-zidor ibili ondoren, mendate garaienak konturatu gabe, eta elurraren traba handirik gabe igaro genituen. Bat-batean Languedoc eta Gaskoiniako lurralde emaritsu eta atseginak erakutsi zizkigun, eta oraindik urrun ginen arren, eta bide zail samarra geratzen zitzaigun arren, dena berdea eta loreztatua ageri zen.
Hala ere, kezkatu ere egin ginen, egun eta gau oso batean elurra eten gabe egin zuela ikustean; eta hain lodi aritu zuenez gero, ezin izan genuen aurrera egin. Baina gidariak lasai egoteko esan zigun, berehala atertuko zuela. Konturatu ginen egunero jaisten eta jaisten ari ginela, eta gero eta iparralderago jotzen genuela; eta horrela, gure gidariaren esanetara, egin genuen aurrera.
Gaua egin baino bi ordu lehenago, gidaria aurretik zihoala, eta gure ikusmenetik kanpo, hiru otso izugarri oldartu zitzaizkion, eta haien atzetik hartz bat, baso sarri baten ondoan zegoen erreten batetik aterata. Otsoetako bik gidariaren gainera jauzi egin zuten, eta guregandik milia erdi urrunago egon balitz, irentsi egingo zuten, gu laguntzera iritsi baino lehenago. Animalietako bat zaldiari atxiki zitzaion, eta besteak gizonari egin zion eraso, horrenbesteko indarrez, ezen hark ez baitzuen izan ez denborarik, ez lasaitasunik, pistola ateratzeko, eta guri ozenki oihuka deitu besterik ezin izan zuen egin. Ostiral zerbitzaria nire alboan zihoan, eta zaldi gainean arrapaladan aurreratzeko esan nion, zer gertatu zen ikustera. Ostiralek gizona ikusi bezain laster, hark bezain ozenki egin zuen oihu:
— Oi, nagusi! Nagusi! —baina mutil adoretsu batek egingo lukeen bezala, zuzenean gizon gizajoaren ondoraino hurbildu zen, eta pistola hartu, eta otsoari tiro egin zion buruan.
Zorte ona izan zuen gizon gizajoak Ostiral izan zelako beregana joan zena, bere herrian ohitua baitzegoen horrelako piztiekin, eta ez baitzioten beldurrik ematen; horregatik, esan dudan bezala, hurbildu eta tiro egin zion. Aldiz, guretako edonork urrunagotik botako zukeen tiroa, eta horrenbestez, huts egin zezakeen, edo nahigabe gizonari eman.
Dena den, ni baino ausartagoren bat ere izutzeko modukoa zen; eta, giza talde osoa ikaratu zen benetan, Ostiralen pistola hotsarekin batera, bi aldeetan otsoen ulu goibelak entzun zirenean; eta hotsa mendien oihartzunak bikoiztu zuenean, iruditu zitzaigun talde ikaragarri bat zegoela, eta agian beldurra eragiteko moduko taldea izan zitekeela.
Halere, Ostiralek otso hura hil zuenean, zaldiari atxiki zitzaionak berriz, animalia utzi, eta alde egin zuen; eta eskerrak buruan lotu zitzaion, uhalak eta ahokoa hortzetan trabatu baitzitzaizkion, eta horrela ez zion kalte handirik egin. Gizonak ordea, zauri larriagoak izan zituen; izan ere, pizti amorratuak bi aldiz egin zion hozka, behin besoan, eta hurrengoan belauna baino pixka bat gorago, eta zaldi zoratuaren gainetik erortzeko zorian zegoen, Ostiral hurbildu eta otsoari tiro egin zionean.
Pentsatzekoa da Ostiralen pistolaren hotsa entzutean, ibilera arindu egin genuela, eta bideak uzten zigun bezain azkar, ez baitzen bat ere erraza, arrapaladan joan ginela, zer gertatu zen ikustera. Traba egiten ziguten zuhaitzetatik irten bezain laster, argi eta garbi ikusi genuen gertatutakoa, Ostiralek salbatu zuela gidari gizajoa, nahiz eta behar bezala ez ikusi zein izaki mota zen hark hil zuena.
Baina ez da inoiz borroka gogorragorik eta ezustekoagorik izan orain azalduko dudana baino, Ostiral eta hartzaren artean izandakoa alegia; eta gu guztiok hasieran harritu eta kezkatu gintuen arren, azkenean inori bururatu zaion unerik alaiena eskaini zigun.
Hartza izaki astun eta baldarra da, eta ez daki otsoak bezala lasterka egiten, hura bizkor eta arin ibiltzen baita beti, baina baditu bi ezaugarri, gehienetan bere ekintzetako arau direnak: lehenengoa, gizonak ez ditu berezko harrapakinak, berezko harrapakinak diot, ez baitakit zer egingo luketen goseak amorrazten egonez gero, eta hori zen orduan gertatzen zitzaiena, lurra dena elurrez estalia baitzegoen. Baina ez dute gizonari eraso egiteko ohiturarik, hark ez badio kalterik egiten. Aldiz, basoan aurkitzen baduzu, eta bakean uzten baduzu, hark ere bakean utziko zaitu; baina harekin gizabidez jokatzeko ardura hartu beharko duzu, oso jaun kaskarina baita. Ez du pausua bere bidetik okertuko, ezta printze batengatik ere; are gehiago, benetan beldurtuta bazaude, onena duzu beste aldera begiratu eta aurrera egitea. Izan ere, haren aurrean jarri eta mugitu gabe hari begira geratzen bazara, iraintzat hartuko du; eta zerbait bota edo jaurtitzen badiozu, eta harekin jotzen baduzu, zure behatza baino handiagoa ez den makila bat izanda ere, iraintzat hartuko du, eta bere zeregin guztiak alde batera utziko ditu mendekua lortu arte, bere ohoreari egindako kaltea garbitzeko. Hori da lehenengo ezaugarria; bigarrena, berriz, hura iraintzen baduzu, ez zaituela bakean utziko, ez gau eta ez egun, mendekua lortu arte, eta atzetik joango zaizula, batera eta bestera, harrapatu arte.
Nire zerbitzari Ostiralek gidaria salbatu zuen, eta bere ondora iritsi ginenean, zaldi gainetik jaisten laguntzen ari zitzaion. Gizona, biak batera zegoen, zauritua eta beldurtua, eta bigarrena gehiago lehenengoa baino. Halako batean, basotik hartz bat irteten antzeman genuen, hartz erraldoi bat, inoiz ikusi dudan handiena, zalantzarik gabe. Animalia ikustean harritu samarrak geratu ginen, baina Ostirali, ordea, pozez eta adorez bete zitzaion aurpegia.
— Oi!, oi!, oi! —esan zuen Ostiralek hiru aldiz, animalia seinalatzen zuen bitartean—. Ene nagusi, utzi ni joan, nik eskua eman, nik zuei barre eragin.
Txunditua nengoen mutila horren pozik ikusita.
— Zoratu egin zara? —esan nuen—. Jan egingo zaitu.
— Ni jango! Ni jango! —esan zuen Ostiralek bi aldiz—, nik bera jango, nik zuei barre eragin. Hemen egon denak, nik zuei barre eragin.
Eta lurrean eseri, botak berehala erantzi, eta poltsikoan zituen txapinak, —guk hala esaten genien haiek erabiltzen zituzten zapata zapalei—, hartu eta jantzi zituen. Nire beste zerbitzariari eman zion zaldia, eta pistola zeramala, han joan zen ziztu bizian, tximista baino agudoago.
Hartza lasai zihoan bere bidetik, inori eraso egiteko asmorik gabe, Ostiral harengana hurbildu, eta, hartzak ulertuko balio bezala, dei egin zionean:
— Entzun, entzun —esan zuen Ostiralek— nik hitz egin zurekin.
Gu urrutitik gindoazen Ostiralen atzetik. Une horretan mendietako Gaskoinako aldera jaisten ari ginen, eta, lautada zabal eta oro har ireki samar batera iritsi ginen, han-hemenka zuhaitz ugari ageri ziren arren.
Esaten ari ginen bezala, Ostiral hartzaren atzean orpoz orpo doa, eta bizkor hurbiltzen zaio. Harri handi bat hartu, bota, eta bete betean harrapatzen du buruan. Hala ere, harria hormaren kontra bota izan balu baino min handiagorik ez dio egin. Ostiralek ordea, nahi duena lortzen du; izan ere, mutil barrabasak beldurrik ez zuen, eta hartza bere atzetik joatea besterik ez zuen nahi, eta guri barre eragitea, berak esaten zuen bezala.
Hartzak harrikada sumatu, eta Ostiral ikusi bezain laster, beste aldera jiratu eta atzetik joan zaio lasterka, urrats handi eta gaiztoak emanez, oinak arrastaka, eta lastertasun bitxi samarrean, zaldi batek lasterka nekez iritsiko lukeena, hala ere. Han abiatzen da Ostiral, eta guregana hartzen du bidea laguntza eske baletor bezala. Gu orduan hartzari tiro egiteko prest gaude, nire zerbitzaria salbatzeko. Dena den, oso haserre nengoen hartza guregana ekarri zuelako, hartzak beste bide batetik joatea baitzuen buruan; eta batez ere haserre nengoen hartza guregana bideratu ondoren, berak ihes egin zuelako. Orduan oihu egin nion:
— Aizu zakur —esan nion—, hori al zen zure barre eragite hori? Alde egizu hortik, eta hartu zaldia, guk animaliari tiro egingo diogu eta.
Hark nik esandakoa entzun, eta esan zidan oihuka:
— Ez tiro, ez tiro, egon lasai, zuek barre handiak egin.
Eta mutil trebea hartza baino bi aldiz arinago zebilenez gero, bat-batean guregana begira jarri zen, eta arte handi bat aurrean ikustean, berak nahi zuenerako egokia, bere atzetik joateko esan zigun keinuka. Pausoa bizkortu eta arin-arin igo zen zuhaitzera, eskopeta lurrean utzita, zuhaitzaren oinetik bospasei iardatara edo.
Hartza berehala iritsi zen zuhaitzera, eta guk urrutitik jarraitzen genion. Lehenengo eta behin, eskopetaren aurrean geratzen da, hura usaitu eta bertan uzten du, eta han doa zuhaitzean gora atzaparka, katu baten eran, baina hark baino askoz pisu astunagoa zuela. Harritua nengoen nire zerbitzariaren zorakeria horrekin, eta ez nuen inolaz ere ikusten barre egiteko arrazoirik, eta hartza zuhaitzean gora zihoala ikusi genuenean, hara hurbildu ginen.
Zuhaitzeraino iristean, han ikusi genuen Ostiral adar handi baten ertzean, eta hartzak harengana iristeko bidearen erdia edo egina zuela. Baina hartza adarra meheagoa zen aldera iritsi orduko, esan zuen Ostiralek:
— Ah, orain zuek ikusi nik hartzari dantzan egiten irakatsi.
Orduan jauzi eginez adarra astindu zuen, eta hartza zanbuluka hasi zen; baina lasai geratu zen eta atzera begiratu zuen nola itzuli ikusteko. Orduan bai barre egin genuela. Baina Ostiralek ez zuen horrekin amaitu, ez horixe. Hartza geldirik ikusi zuenean, berriro dei egin zion, hartzak ingelesez ulertuko zuela uste izan balu bezala:
— Zer, ez zoaz aurrerago? Tira, etorri aurrerago.
Eta jauziak eta astinduak utzi zituen, eta hartzak, esandakoa ulertu balu bezala, urrutixeago joan zen; orduan berriz hasi zen jauzika, eta hartza berriro geratu zen.
Iruditu zitzaigun une egokia zela animaliari buruan tiro egiteko, eta Ostirali ez mugitzeko esan nion ozenki, guk hartzari tiro egiten genion bitartean. Baina hark oihu egin zuen gogotik:
— Oi, arren! Ez tiro, nik geroko tiro.
«Geroxeago» esan nahi zuen. Dena den, eta gertaera laburtzeko, Ostiral etengabe dantzan ari zela eta hartza horren kilimatsu zebilela ikusita, barreari eman genion gogoz. Baina oraindik ez genekien zer asmo zuen gure adiskideak. Izan ere, hasieran, astinduaren astinduz, uste genuen hartza zuhaitzetik behera botako zuela, baina konturatu ginen animalia zuhurregia zela hori gertatzeko, ez baitzuen urrunegi joan nahi erortzeko beldurrez, aldiz, bere atzapar zabalak eta bere zangoak gogor estutzen zituela zuhaitzaren kontra, eta ezin genuen asmatu gertaera zertan amaituko zuen.
Baina Ostiralek berehala argitu zizkigun zalantzak. Ikusi zuenean hartzak gogor eusten ziola adarrari, eta ezin ziola buruan sartu aurrerago joatea, esan zion:
— Ederki, ederki, zu ez etorri aurrerago, ni joan, ni joan. Zu ez etorri niregana, ni joan zuregana.
Hori esan eta Ostiral adarraren mutur meharreneraino joan zen; bere pisuak adarra okertu zuen, eta poliki poliki hartaz baliatu zen beheraino jaisteko, haren gainean irristatuz, lurrera jauzi egin ahal izateko moduko tartera iritsi arte; eta han joan zen lasterka eskopetaren bila, eta hura hartu eta zain geratu zen.
— Ederki, Ostiral —esan nion—, zer egin behar duzu orain? Zergatik ez diozu tiro egiten?
— Ez tiro egin —esan zuen Ostiralek—, oraindik ez. Orain tiro egin, nik ezin hil. Nik itxaron, zuei berriz barre eragin.
Eta hala egin zuen, berehala ikusiko duzun bezala. Hartzak bere etsaia joan zela ikustean, adarrean atzera egiten hasten da, baina kontu handiz, pausu bakoitzean atzera begiratuz, atzerantz enborrera iritsi arte. Orduan alde bereko atzeko eta aurreko zangoarekin hasten da zuhaitzetik jaisten, atzaparrez ongi atxikita, eta aldiro zango bat mugituz, oso poliki. Une horretan, eta zangoa lurrean jartzera dihoanean, Ostiral hurbiltzen zaio, eta armaren ahoa belarrian sartuz, tiro egiten dio, eta animalia zerraldo uzten du.
Orduan mutil barrabasa barre egiten genuen ikusteko jiratu zen, eta gure aupegiei begiratuta pozik ginela konturatu zenean, barre algara ozenak egin zituen.
— Horrela guk hiltzen hartza nire herrian —esan zuen Ostiralek.
— Horrela hiltzen dituzue? —esan nuen—. Nola baina, ez duzue eskopetarik eta.
— Ez —esan zuen—, ez eskopeta, baina gezi oso handi luze bota.
Atseginaldia izan zen hura guretzat, baina oraindik leku basati batean ginen, gidaria oso larri zauritua genuen, eta ez genekien zer egin. Otsoen uluak buruan ongi sartuak nituen, eta benetan diot, Afrikako itsasertzean behin entzun nuen hotsa, eta dagoeneko aipatu dudana, izan ezik, ez dut inoiz horrenbeste ikaratu nauen hotsik entzun.
Gauza horiek eta gauaren gertutasunak aurrera eginarazi zigun, bestela, Ostiralek nahi zuen bezala, animalia ikaragarri hura larrutuko genukeen, larru ona baitzen eramateko; baina hiru legoa geratzen zitzaizkigun oraindik, eta gidariak bizkor ibiltzeko esan zigun. Beraz, animalia utzi, eta bidaldiari ekin genion.
Lurra oraindik elurrez estalia zegoen, mendietan bezain sakona eta arriskutsua ez izan arren; eta animalia gosetuak, gero entzun genuenaren arabera, basoetara eta lautadetara jaitsi ziren, goseak bultzata janari bila, eta herrietan kalte ikaragarriak egin zituzten, hango biztanleak ezustean harrapatu baitzituzten, eta ardi eta zaldi ugari jan baitzituzten, eta baita jendea ere.
Leku arriskutsu batetik pasa behar genuen, eta gure gidariak esan zigun, inguruan otso gehiago izatekotan, han aurkituko genituela. Lautada txiki bat zen, alde guztietatik basoz inguratua, amaieran mendi-lepo mehar eta luze bat edo igarobide bat zuena, hain zuzen ere, basoa zeharkatzeko eta ostatu hartu behar genuen herriraino iristeko igaro behar genuena.
Eguzkia ezkutatzeko ordu erdi falta zenean barruratu ginen lehenengo basoan, eta eguzkia sartu eta geroxeago iritsi ginen lautadara. Ez genuen ezer aurkitu lehenengo basoan, legoa erdi baino gutxiago izango zuen baso barruko argiune batean, bata bestearen atzean eta ziztu bizian, harrapakinen bat ikusi eta haren atzetik joango balira bezala, bidea zeharkatzen bost otso handi ikusi genituen arte. Ez ziren gu han ginenik konturatu, eta berehala desagertu ziren gure begien bistatik. Hori ikustean gure gidariak, eta bide batez esango dut gizona koldar eta doilor hutsa zela, erne ibiltzeko esan zigun, otso gehiago etorriko zirela uste baitzuen.
Armak prest genituen, eta begiak erne ingurua arakatzen, baina ez genuen otso gehiagorik ikusi gutxienez legoa erdia izango zuen baso horretatik irten, eta lautadara iritsi arte. Baina lautadara iritsi bezain laster, izan genuen ingurua arakatzeko aukera. Lehenengo gauza zaldi hil bat aurkitu genuen, alegia, otsoek hil zuten zaldi gizajo bat, eta azkenik dozena bat otso lanean, ezingo genuke esan jaten ari zirenik, hezurrak marraskatzen baizik, haragia jana baitzuten ordurako.
Ez zitzaigun burutik pasa haien janaldiari traba egitea, eta haiek ere ez ziren gutaz gehiegi arduratu. Ostiralek tiro egin nahi zien, baina ez nion inolaz ere utzi, uste genuena baino arazo larriagaoa baikenuen esku artean. Lautadaren erdian edo geundela, gure ezkerraldeko basoan otsoen uluak modu beldurgarrian entzuten hasi ginen, eta handik pixka batera ehun bat ikusi nituen zuzen zuzenean guregana zetozela, denak bat eginda, eta gehienak behar bezala lerrokatuak, ofizial adituek prestatuko luketen gudaroste ongi eratu baten antzera. Ia ez nekien haiei nola aurre egin, baina konturatu nintzen gu guztiok lerro itxi bat osatzea izango zela modu bakarra, eta berehala jarri ginen horrela. Baina denboraz urri ibiliko ginenez gero, agindu nuen bi gizonetako batek bakarrik tiro egiteko, eta tiro egin ez zutenek, otsoek aurrera egiten bazuten, prest egoteko bigarren tiro-jasa egiteko; eta gero lehenengo tiro egin zutenek ez saiatzeko berriro fusilak betetzen, eta pistola bana prest izateko, denek fusil bana eta bina pistola baikenituen. Era horretara, sei bala batera botatzeko gai izango ginen, taldearen erdiak tiro eginda. Dena den, ez genuen premiarik izan, lehenengo tiroa egin orduko, etsaia geldi-geldi geratu baitzen, bai zaratak eta bai suak izututa. Lau otso zerraldo geratu ziren, tiroa buruan hartuta, beste zenbait zauritu genituen, eta odola zeriela joan ziren, elurretako arrastoek adierazten ziguten bezala. Konturatu nintzen ez zirela mugitzen, baina ez zutela berehalakoan atzera egin; eta orduan gogoratu zitzaidan norbaitek esan zidala animalia basatienak ikaratu egiten zirela gizonaren ahotsa entzutean, eta talde osoari ozenki oihu eginarazi nion. Eta ikusi nuen ustea ez zela erabat okerra, gure oihuak entzutean otsoak atzera egiten eta jiratzen hasi baitziren. Orduan haien atzeraldian bigarren tiroketa egiteko agindu nuen, hark lauoinka bidali zituen, eta handik baso alderantz desagertu ziren.
Horrek denbora eman zigun eskopetak berriz betetzeko, eta presaka gindoanez gero, martxan bete genituen. Baina fusilak bete eta prest jarri orduko, soinu ikaragarri bat entzun genuen gure ezkerretara zegoen baso horretan bertan, baina gu ginen lekutik urrunxeago, egiteko genuen bide berean.
Laster egingo zen gaua eta, gure kalterako, ilunabarra zen ordurako; baina hotsa gero eta ozenagoa zenez gero, argi eta garbi entzun genuen animalia madarikatu horien ulu eta oihuak zirela. Eta bat-batean, bizpahiru otso talde antzeman genituen, bat gure ezkerretara, bestea gure atzean, eta hirugarren bat gure aurrean; beraz inguratuta gintuztela zirudien. Dena den, eraso egin ez zigutenez gero, gure zaldiak eraman ahal izan genituen bezain bizkor, aurrera egin genuen. Baina bidea oso aldapatsua zen, eta gehienez ere lasterka bizi samar bat izan zen hura, eta horrela, lautadaren beste muturrera joateko igaro behar genuen basoaren sarrerara iritsi ginen. Ezuste galanta izan genuen ordea, mendi-lepo edo igarobidearen sarreran, otso pila izugarri bat aurrez aurre aurkitu genuenean.
Halako batean, basoaren beste argiune batean, eskopeta baten hotsa entzun genuen, eta harantza begiratu, eta zaldi bat ikusi genuen, zela eta uhalak jarrita zituela, tximista baino bizkorrago zihoala ihesean, eta bere atzetik hamasei edo hamazazpi otso ziztu bizian. Zaldiak otsoak ia orpoan atxikita zituenez gero, eta kontutan izanda hark ezingo ziola arrapalada hari eutsi, ez genuen zalantzarik izan azkenean zaldia harrapatu eta jan egingo zutela, eta halaxe gertatu zen.
Baina han ikuskizun are ikaragarriagoa izan genuen. Zaldia arrapaladan irten zen basoaren sarrerara iritsi ginenean, beste zaldi baten eta bi gizonen gorpuzkinak aurkitu genituen, animalia madarikatu horiek irentsiak. Gizonetako bat, zalantzarik gabe, eskopeta tiroa botatzen entzun genuen bera izan behar zuen, alboan eskopeta su egin berria baitzeukan; baina gizonak burua eta gorputzaren goiko aldea janda zituen.
Horrek ileak laztu zizkigun, eta ez genuen asmatzen zein bide hartu. Animaliek ordea, berehala erabakiarazi ziguten, inguruan biltzen ari baitzitzaizkigun, harrapakina eskuratu nahian; eta benetan uste dut gutxienez hirurehun izango zirela. Gure zorionerako ordea, basoaren sarreraren ondoan, enbor handi batzuk zeuden lurrean botata, aurreko udan edo moztuak, eta itxuraz handik garraiatzeko prest zeudenak. Nire gudaroste txikia enbor horien erdiraino eraman nuen, eta errenkadan zuhaitz-enbor handi baten atzean jarrita, aholkua eman nien zaldi gainetik jaisteko; eta enborra lubaki moduan aurrean genuela, triangelu bat edo hiru aurrealde osatu genituen, zaldiak erdian utzita.
Hori egin genuen, eta ongi egin gainera; izan ere, inoiz ez baita eraso gogorragorik izan, izaki horiek leku horretan egin zigutena baino. Marmar-hots ikaragarria eginez etorri zitzaizkigun gainera, eta, esan dudan bezala, gure lubaki ziren enborren gainera igo ziren. Zirudienez, haien haserrea batez ere atzean genituen zaldiak eragindakoa zen, hura baitzen lortu nahi zuten harrapakina. Gizonei lehen bezala tiro egiteko agindu nien, aldiro bi gizoneko batek, alegia. Tiroak oso zehatzak izan ziren, eta otso batzuk hil zituzten lehenengo tiroketan, baina etengabeko tiro egiteko premia genuen, deabruak balira bezala etortzen baitzitzaizkigun, atzekoak aurrekoei bultzaka.
Bigarren tiroketa egin genuenean, iruditu zitzaigun pixka bat gelditu zirela, eta ihes egingo zuten itxaropena ere izan nuen; baina une bat besterik ez zen izan, atzetik gehiago etorri baitziren. Beraz pistolak hartuta, bi aldiz tiro egin behar izan genuen, eta uste dut lau tiroketa horietan hamazazpi edo hemezortzi hilko genituela, eta beste bi halako herren utzi, baina hala ere gehiago zetozen.
Ez nuen azken tiroa alferrik erabili nahi, eta nire zerbitzariari dei egin nion, ez Ostirali, beste zeregin batean ari baitzen, izan ere, hark trebetasun handienaz nire fusila eta berea bete baitzituen borrokan ari ginen bitartean, baizik eta, esan bezala, nire beste zerbitzariari, eta sutauts adar bat eman, eta enborrean zehar sutauts jario lodi bat uzteko agindu nion. Hori egin, eta ozta-ozta alde egin zuen handik, otsoak iritsi ziren unerako eta batzuek enbor gainera jauzi egin zutenerako; orduan nik, pistola bete gabea sutautsaren ondoan jarri, klask egin, eta su eman nion. Enbor gainean zeuden otsoak kixkali ziren, eta haietako sei edo zazpi erori, edo, hobeto esan, gainera oldartu zitzaizkigun, suaren indarraren eta beldurraren eraginez. Haiek berehala akabatu genituen, eta beste guztiek, suak ikaratuta, gauak, ia ilun baitzegoen orduan, beldurgarriagoa egiten baitzuen, pixka bat atzera egin zuten. Orduan azken pistola tiroa denek batera egiteko agindua eman nuen, eta azkenean garrasi egin genuen. Hori ikusita otsoak ihes egiten hasi ziren, eta gu berehala irten ginen lurrean hil zorian aurkitu genituen hogei bat oso zauriturengana, eta ezpata-ukaldiaz josi genituen, espero genuena lortuz; izan ere, haien oihu eta uluak ongi ulertu baitzituzten beren kideek, eta orpoz ipurdi joan ziren gu han utzita.
Denera hirurogei inguru hil genituen, eta egun argiz izan balitz, gehiago hilko genituen. Guda tokia garbi zegoela, aurrera egin genuen, legoa bat geratzen baitzitzaigun oraindik herrira iristeko. Bidean gindoazela zenbait aldiz entzun genituen basoan izaki amorratuen oihuak eta uluak, eta zenbaitetan iruditu zitzaigun batzuk ikusi genituela, baina elurraren distirak begiak itsutzen zizkigunez gero, ez geunden ziur. Ordubete barru ostatu hartu behar genuen herrira iritsi ginen, eta han denak beldurrak airean eta armatuak aurkitu genituen. Zirudienez, bezperako gauean otsoak eta hartz batzuk herrian sartu ziren, eta denak izutu zituzten; horregatik gau eta egun zelatan egotera behartuta zeuden, gauez bereziki, aziendak, eta baita jendea ere, zaintzeko.
Hurrengo goizean, gure gidaria oso larri zegoen, eta hanka bi zauri gaiztotuen eraginez handitua zuenez gero, ezin izan zuen aurrera egin. Beraz gidari berri bat hartu behar izan genuen herrian, eta harekin Tolosaraino joan. Han eguraldi goxoa aurkitu genuen, eta mendialde emaritsua eta atsegina, eta ez elurrik, ez otsorik, edo antzekorik. Baina Tolosan bidaldiaren berri eman genuenean, esan ziguten mendi barrenetako baso handi horietan, batez ere elurra zenean, ez zela batere harritzekoa horrelakorik gertatzea. Dena den, jakin nahi izan zuten zein gidaria mota zen hura, urte sasoi gogor horretan jendea handik eramaten ausartzen zena, eta esan ziguten ez zela gauza makala izan denak irentsiak ez amaitzea. Esan genienean otsoen aurrean nola kokatu ginen, zaldiak erdian jarrita, zentzugabekeriaz jokatzea aurpegiratu ziguten, eta esan ziguten berrogeita hamar aukera genituela baten kontra han denak suntsituak izateko. Izan ere, zaldiak ikusteagatik haserretu baitziren otsoak horrenbeste, harrapakina aurrean zuten eta; eta beste edozein unetan eskopeten aurrean beldurtu egingo zirela, baina goseak amorrazten zeudenez gero, gure zaldiengana iristeko grinak ez ziela arriskuaren kalteak ikusten utzi; eta etengabeko tiroketaren ondorioz eta azkenean sutautsaren jarioaren trikimailuari esker menderatu izan ez bagenitu, zaila izango zela haiek gu ez sarraskitzea. Bestalde, zaldi gainean geratu izan bagina, eta handik tiro egin, ez zituztela zaldiak horrenbesteraino harrapakin gisa irrikatuko, ez behintzat gizonak gainean ez zituztenean adina; eta gainera, azkenean denak batera geratu izan bagina, zaldiei joaten utzita, ahalegin biziz ariko zirela haiek jaten, eta gu osorik eta onik egongo ginela, batez ere armak genituelako eta asko ginelako.
Niri zegokidanez, ez nuen bizitza osoan horren arrisku handirik ezagutu. Izan ere, hirurehun deabru guregana orroka eta ahoak zabalik zetozela ikusita, ez babesteko eta ez atzera egiteko lekurik ez genuela, etsita nengoen; eta edozein modutara ere, ez dut uste mendi horiek berriz gurutzatzeko gogorik izango dudanik. Iruditzen zait nahiago izango nuela itsasoz mila legoa egin, astean ekaitz bati aurre egin beharko banio ere.
Ez zen gauza aipagarririk gertatu Frantzian zehar egin nuen bidaldian; ez behintzat beste bidaiariek, nik baino hobeto, kontatu ez dutenik. Tolosatik Parisera joan nintzen, eta han denbora luezeegia eman gabe, Calais-era; eta urtarrilaren 14an, osorik eta onik lehorreratu nintzen Dover-en, bidaldian eguraldi hotz eta latza jasan ondoren.
Nire bidaldien amaierara iritsi nintzen, eta handik denbora gutxira nire ondasun aurkitu berriez inguratua nengoen, neramatzan diru-agiriak zintzo-zintzo ordaindu baitzizkidaten.
Nire laguntzaile eta aholkulari onena alargun zahar zintzoa zen; eta hark, bidali nion diruaren ordainetan, ez zion ez neke ez ardura handienari uko egiten, niri laguntzeko baldin bazen. Beraz harengan jarri nuen uste osoa, eta ez nuen kezkarik izan nire dirutzaren segurtasunari zegokionean, eta lehenengo egunetik azkena arte poza besterik ez zidan eman emakume zintzoaren izaera orbangabeak.
Eta orduan ondasunak emakumeari utzi, eta Lisboara, eta handik Brasilera joatea hasi zitzaidan bururatzen. Baina une horretan beste kezka bat azaldu zitzaidan, erlijioarena, alegia. Izan ere, erlijio katolikoaz zalantza batzuk izan nituen atzerrian egon nintzen bitartean, batez ere bakarrik egon nintzenean. Eta banekien ez nintzela Brasilera joango, eta are gutxiago han geratzeko asmotan, baldin eta Erromako erlijio katolikoa besarkatzea erabakitzen ez banuen, salbuespenik gabe; edo bestela neure sinesmenaren alde bizia ematea, erlijioaren martiri izatea eta Inkisizioan hiltzea erabaki behar nuen. Beraz etxean geratzea erabaki nuen, eta modurik aurkitzen banuen, lur-sailak saltzea.
Horretarako Lisboako lagun zaharrari idatzi nion, eta hark han bertatik erraz saldu zitzakeela erantzun zidan, baina egokia iruditzen bazitzaidan ahalmena eman beharko niola nire ordezkarien ondorengo ziren bi merkatariei nire izenean eskaintza egiteko, Brasilen bizi zirenez gero, ongi ezagutzen baitzuten haren balioa, eta merkataritzatik bizi zirenez gero, oso aberatsak zirela gainera, eta iruditzen zitzaiola gogo onez erosi nahiko zituztela, eta zalantzarik ez zuela egiten 4.000 edo agian 5.000 zortziko txanpon lortuko nituela.
Proposamena onartu nuen, eta agindua eman nion haiei eskaintza egiteko; eta hala egin zuen. Zortzi hilabete inguru geroago, itsasontzia itzuli zen, eta eskaintza onartu zutela, eta 33.000 zortziko txanpon bidali zizkiotela erantzun zidan, Lisboan zuten ordezkari bati, hark ordainketa egiteko.
Nik ordainetan, Lisboatik bidali zidaten salmenta-agiria sinatu nuen, eta nire lagun zaharrari bidali nion, eta hark etxaldearen truke, 32.800 zortziko txanpon balio zuten diru-agiriak bidali zizkidan; urteko 100 moidoreetako ordainketa beretzat hartuta, bizi zen artean, eta 50 moidoreetakoa, hiltzen zenean semearentzat, nik hitz eman nion bezala, lur-sailek urteko sari ona ematen baitzuten. Eta horrela amaitzen da nire zoriko eta menturazko bizitzaren lehenengo zatia, Goi-arduraren borondatearen mendekoa eta munduak gutxitan erakusten dituen bezalako gertaera ugari izan zituena; eta hasiera zoroa izan bazuen, bukaera aldera bizitza osoan zehar espero izan nuena baino zoriontsuagoa izan zen.
Edonork pentsatuko luke nekez lortutako zorioneko egoera horretan handik aurrera abenturak baztertuko nituela; eta hala izango zen, bestelako bizimodua izan banu. Baina hara-hona ibiltzen ohituta nengoen, familiarik ez nuen, lagunik ere ez, eta aberatsa izan arren, ez nuen ezagun askorik; eta Brasilgo etxaldea saldu banuen ere, ezin nuen herrialde hura burutik kendu, eta berriro hegoak zabaltzeko asmoari ezin nion uko egin; batez ere ezin nion aurka egin nire uhartea ikusteko nuen grina biziari, eta espainiar gizajoak uhartean ote zeuden, eta han utzitako gaizkileek nola hartu zituzten jakiteari.
Nire lagun zintzo alargunak ahalegin guztiak egin zituen niri asmo hori burutik kentzen, eta horren gogor saiatu zenez gero, zazpi urtez eduki ninduen atzerrira joan gabe; eta bitarte horretan nire bi ilobez, nire anaietako baten semeez, arduratu nintzen. Zaharrena, berez zerbait bazekarren eta, jaun baten eran hezi nuen, eta ni hiltzerakoan nire oinordekotzaren zati bat utzi nion bere ondasunei erantsia izateko. Bestea ontzi bateko kapitain baten eskuetan jarri nuen, eta bost urte horrela igaro ondoren, eta merkatari gazte trebe eta zuhurra zela argi utzi zuenean, ontzi on bat erosi nion itsasora abaitzeko; eta mutil gazte hori bera izan zen, ni, zahartzaroan, abentura berrietara bultzatu ninduena.
Bitartean, neurri batean han kokatu nintzen; izan ere, lehenik eta behin ezkondu egin nintzen, ez nire kalterako eta ez gogoz kontra, eta hiru seme-alaba izan nituen, bi seme eta alaba bat. Baina emaztea hil zitzaidanean, eta iloba Espainiara egindako itsasaldi batetik arrakastatsu iritsi zenean, atzerrira bidaldiak egiteko nuen grina, eta haren tema nagusitu zitzaizkidan, eta ontzirarazi ninduten, Ekialdeko Indietan merkatari gisa aritzeko. Hori 1694. urtean izan zen.
Bidaldi horretan uhartean nuen kolonia berrira joan nintzen, nire ondorengoak ziren espainiarrak ikusi nituen, eta hango bizimoduaren berri eman zidaten, baita han utzi nituen gaizkileena ere; hasieran espainiar gizajoak iraindu zituztela, gero nola adiskidetu ziren, haserretu, bat egin, eta berriz bereizi, eta nola azkenean espainiarrak indarra erabiltzera behartu zituzten, eta nola geratu ziren espainiarren mende, eta harrezkero zein zintzo hartu zituzten espainiarrek. Kontakizuna niri gertatutakoak bezain gertaera ugariz eta harrigarriz osatua zegoen; batez ere karibeekin izandako borrokei zegokionean, behin baino gehiagotan lehorreratu baitziren uhartean, eta baita uhartean egin zituzten aurrerapenei buruz ari zirenean; edo hango bostek kontinentera joateko egindako saioaz, handik hamaika gizon eta bost emakume preso eramateko; eta horren ondorioz, uhartera iristean hogei bat ume aurkitu nituen.
Hogei egun inguru eman nituen han, eta era guztietako hornigai premiazkoak utzi nizkien, batez ere armak, sutautsa, balak, arropak, lanabesak eta, Ingalaterratik ekarritako bi langile, hau da, arotz bat eta errementari bat.
Gainera, uhartea zatitu egin nuen haien artean, uharte osoaren jabetza niretzat gorde nuen arren; baina, hala ere, bat etorri ziren denak zatien banaketarekin, eta gauza horiek guztiak antolatu ondoren, eta handik ez zutela alde egingo hitz emanarazi ondoren, han utzi nituen.
Gero Brasilerantz jo nuen, eta handik uhartera jende gehiago zeraman ontzi bat bidali nien; eta beste gauzen artean, zazpi emakume bidali nizkien, neskame lanetarako aurkitu nituen egokienak, edo emaztetzat hartzeko; aukeran. Ingelesei berriz, hitza eman nien Ingalaterratik emakume batzuk bidaliko nizkiela, premiazko gauzen zamaldi on batekin batera, lurra lantzen saiatzen baziren; eta hala egin nuen geroago. Eta gizonak, behin menderatuak izanez gero, eta ondasunak banatu ondoren, zintzoak eta langileak zirela garbi utzi zuten. Brasildik bost behi ere bidali nizkien, horietako hiru txahala egiteko zeudela, eta ardiak eta zerriak; eta berriro itzuli nintzenerako, nahikoa ugaldu ziren.
Baina gauza horiek guztiak, eta hirurehun karibek uhartean zeudenei eraso egin zietela, lur-sailak hondatu zizkietela, eta karibe talde handi horren kontra bi aldiz borrokatu behar izan zutela; hasieran menderatuak izan zirela eta haien arteko hiru hilak, baina azkenean ekaitzak etsaien kanoak suntsitu zituela, eta gainerakoak goseak hil zirela edo hil egin zituztela, eta lurrak berreskuratu eta berritu zituztela, eta oraindik uhartean bizi direla dioen kontakizun batekin batera; gauza horiek guztiak, harrezkero hamar urtez bizi izan nituen beste abentura batzuetako gertaera harrigarriekin batera, agian hurrengo batean adieraziko ditut.
© Daniel Defoe
© itzulpenarena: Aintzane Ibarzabal