FELIPE DE LOMBA

 

        Andre amerikar batek, Chicagon, elefante batekin egin zuen amets gau batzuetan. Elefanteak tronparekin jotzen zuen etxeko atean, eta andreak ireki egiten zion, eta pakidermoak, fin askoa, andrea gonbidatzen zuen paseo bat ematera. Andreak airean bidaiatzen zuen, elefantearen gainean. Gau batean andrea esnatu egin zen, izan ere benetan ari baitziren bizi zen txaletaren atean joka. Senarra esnatu zuen, eta gizona ohatzetik altxa eta ikustera joan zen desordu hartan nor ari ote zen hain gogor ate joka. Elefante bat zen, zirko batetik alde egin eta auzo hartan bake-bakean paseatzen ari zena. Andreak ametsetako elefantea ezagutu zuen, alegia, airean eramaten zuen bidenabar kanta zahar ingelesak, Bazkotan oparitu zioten disko batetik andreak aditu ohi zituen berberak, kantatzen zizkion lagun goxoa.

        Felipe de Lomba, morkots batek jota begi bat galdua zuena, Gaztelara joan zen behin sega lanetara, eta Santa María de Nieva-n, elizaren atarian, sugetzar baten larrua ikusi zuen zintzilik. Zorro hark, berde argia, ia hiru kana zituen luze. Hura ikustean, Felipe ikaratu zen, eta denbora luzean, sugetzar segoviarrarekin amets egin zuen: ezkerreko besoan kiribiltzen zitzaiola, bularrean zartakoak ematen zizkiola, eta ahutzak hurbiltzen zizkiola, mihi luze, gorri eta izoztua zeukaten ahutzak. Felipek esnatu eta oihu egiten zuen, eta sugetzarrak, ikaratuta, alde egiten zuen, ohatzetik botatzean zartako ederra emanez lurrean. Eta zartakoaren dudarik ez zegoen, Felipe ordurako esna egoten zelako. Eta oso gauza bitxia da, ametsetan bi begiekin ikusten zuelako sugetzarra, begi baten faltan izaki, izan ere gaztetan galdu omen zuen gaztainak hagarekin botatzen ari zela morkots batek jota.

        Felipe de Lomba-k Cispas de Reiriz esaten zioten batekin kontsultatu zuen, petrikiloa bera, Montevideon pentsamendua asmatzen zuen alaba bat zuena. Alaba Paolini izeneko italiar batekin heldu zen behin Reirizera, uda pasatzera, eta ferietan ibiltzeko aprobetxatu zuen, eta duro asko irabazi zituen. Chispasek, hasteko, ohatzearen bueltan irina botatzeko esan zion Lombari, horrelaxe jakingo zuela nondik egiten zuen sartu-aterea sugetzarrak. Felipe, ohi bezala, sugetzarrak milikatu nahi zuenean esnatu zen, sugeak ohatzetik erortzean egiten zuen zartakoa sentitu, eta egindako arrastoak aztertzeari ekin zion. Oilo batenak ziren, ederki ikusten baitzen irinean egin berri zituen aztarnetan... Handik aurrera Felipek ez zuen sugetzarrarekin sekula amets egin, orduantxe hasi baitzen begi hutsean mokoka ari zitzaion oilar batekin amets egiten. Min hura ezin izan zuen jasan, eta hil egin zen.

        — Mokokada horiek zoratu egiten naitek!

        — Baina, horrelakorik ez zegok, Felipe! Ametsetakoak dituk-eta!

        — Min egiten zidatek, ordea! —kontra eginez.

        Oilarraren mokoa barren-barrenean sartzen zitzaion, burdinazko ziri bat bezala. Felipe esnatzen zeneantxe, oilarrak alde egiten zuen hegan, eta tranpaduran sartzen zen, sukaldean. Eta sinetsiko didazue Felipek behin baino gehiagotan oilar baten lumak aurkitu zituela tranpaduran?

        Chispas de Reiriz-ek eskuineko eskua aurpegitik pasatu, garondotik esku-pasa batzuk eman, eta barruntatzen hasten zen aferan sakondu nahian.

        — Agian, galdutako begiarekin ikusiko zian, ez baitzuten lurperatuko. Ez zagok begi bat, horrela, ehortzi gabe uzterik!

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia