SECUNDINO PRIETO

 

        Nik lagun bat izan nuen, Secundino Prieto, azkeneko urteetan gaixorik zegoena eta gaixotasunaren zergatia aurkitzen ez ziotena. Secundino buruz azkarra zen, eta bere gaixo egotearen aztertzaile argia. Etxeko atean esertzen zen, pikondoaren azpian, ibar tikiari eta hurbileko mendiei begira, eta filosofatu egiten zuen.

        — Baina, minik ba al duzu? —galdegiten nion nik.

        — Ez ez dut inongo minik, gizona! Baina gaixorik nago. Gutxi iruditzen al zaizu?

        Secundinok, zurbil, nekaturik, goserik gabe, bat-bateko apeta batzuk salbu —beteezinenak beti ere, konparazio baterako urtarrilean, eta elurrarekin, larraineko gereziondotik gerezi helduak ekartzea—, aitortu zidan bere gorputza barrendik begiratzea eta nola funtzionatzen zuen ikustea lortu zuela.

        — Erloju bat bezalaxe! Seguru nago piezaren bat ez dabilela ongi, edo loka dagoela, baina nola ni ez naizen medikua, bada ezin diat esan non dagoen akatsa.

        Secundino gaixotasunaren estreinako sintomak izan zituen uneaz gogoratzen zen, baina duda egiten zuen, eta errua Tasastarrei botatzen zien, ikara handi bat eman ziotelako moxal batzuk hezteko Lugon erosi zituen bi zaku azukrerekin topatu zuten batean, izan ere, klase hartakoek hamabost mila pezeta baino gehiago balio baitzuten; edo, gainerakoan, gau hotz batean, arnasa izoztu bat harrapatuko zuen Filladen zeukan neskalagun batekin ordubete bat ematetik zetorren beste batean; Rosiña zuen izena neskak, eta Secundino jo eta ke gerripekoak jaso nahian zebilkion. Konturatu zen barrendik zerbait askatzen zitzaiola.

        — Gibelaren atariko, edo barearen edo giltzurrunen uhaleko botoiak askatu balizkidate bezala izan zen.

        Eta aitortzen zidan esapide egokia «botoiak askatzea» zela, zeren aste batzuetan ahotik botoi bat bota beharrean zegoela iruditu baitzitzaion. Ahotik bota izan balu, seguru ez zela gaixorik egongo. Egun batean ideia bat bururatu zitzaion Secundinori: zera, eta gaixotasuna beste bati pasatuko balio? Ez gaitz egiteagatik, ez beste inori kalte egiteagatik, ezta mendekuagatik edo norbaiti gorroto ziolako ere. Ez ba, inori gaixotasuna pasatzekotan, lagun bati pasatuko zion, hitz egiteko, paseatzeko, Lugora joateko, edo ogitarteko batekin Saavedráko Miragreetara, edo abuztu bukaeran Fozera bainuak hartzera joateko balioko zion bati.

        — Kasua aztertzen ari nintzela, don Alvaro —esaten zidan txapelari, eskuinaz, buru erdi soilean, jira eta bira eragiten zion bitartean—, ezinegon bat paratu zitzaidan. Ezinegon berezi bat: zera, noizbait ni osatu eta Rositarekin ezkonduko banintz, zer gertatuko litzaioke, berez zerbait gertatzekotan, afera honetan lagun edukiko nukeenari?

        Eta jada ahapeka, Secundinok esan zidan bere gaixotasuna pasatzeko batere makularik ez zuten adiskideen zerrendatu bat egina zuela, izan ere ez baitzen gaixotasun zikina, ez zuen kiratsik, ez pikorrik, ez mantarren beharrik, ezta sikiera botiken beharrik ere.

        — Atzeratuta dabilen erloju bat bezalakoa naiz, atzeratuta dabil, ez besterik.

        Bada, adiskideen zerrendan, ni jarri ninduen Secundinok. Konfiantza barkatzeko esan zidan, eta noizbait kasua suertatzen bazen, nik banekiela ederki jaten eta edaten, eta beti nituela hogei duro poltsikoan kolperik jo gabe, eta Rosiñari zegokionean, ados jarriko ginela.

        — Zuk badakizu kapitala egon badagoela!

        Eta okerrena zen Secundinok ez zekiela gaixotasuna besteri nola pasa.

        — Herbaden badago nire tamainako mutil bat, nire antza duena, ona, Tellastarra. Zer iruditzen zaizu?

        Baina, nola sartu Secundinoren gaixotasuna Herbadekoaren gorputzean? Herbadekoa oso apala eta langilea zen, irri batean beti, ile beltz eta kizkurduna. Secundino gero eta okerrago zegoen, eta konturatzen zen barrendik botoi gehiago askatzen zitzaizkiola, ilbeheran batez ere. Eta egia izango zen askatzen zitzaizkiola, nahiz eta medikuek ezer ere ez zuela eta lanean hasteko esaten zioten. Egun haietako batean goiz jaiki eta ohatzea aldatzeko, oihalik hoberenekin janzteko agindu zuen; gero, etzan eta hil egin zen. Barrendik, bere tokian botoi bat ere ez zuelako izango zen.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia