BERTOLDO DE READES

 

        Aurten Villalbako kapoien feriara itzultzen banaiz, seguru da elkar ikusi eta hitz-aspertu bat egingo dugula. Ben agertzen da plazan, bufandan bildua, besteak erdeinuz tratatzen, gangailenez egiten, eta azkenean bi kapoi on eramaten ditu beti, Madrilgo abokatu batentzako opari, don Martín izena duela baizik ez dakidan batentzat. Gero eta gehiago eta hobekiago egiten du maingu. Don Bertoldoren maingueriak zeresan asko eman zituen Miragaia eta Grandelako jaurerri zaharretako parrokietan. Bertoldo Cospeitotik bere etxera zihoan, udazkeneko arratsalde batean, euria gogor ari zuela, direla hogeita hamar urte-edo. Bertoldo orduan gaztea, luzea, lerdena zen, beti txapel txiki bat buruan kiribilak agerian uzteko moduan, begi argi eta alaiak, sudur luze eta zurbila. Kanpora ateratzen zenean, bizikleta utzi eta Martiñánen Lugorako autobusa hartuta ere, galtzak orkatilen parean metalezko txirrindola batzuekin lotuta eraman behar zituen. Bizpahiru neskalagun zituen, eta negua bukatze aldera, ardiak salerosteari ekiten zion. Esan bezala, Bertoldo etxe aldera zihoan, bustitzen, izan ere, egun hartan euria gogotik ari baitzuen haize-bolada gogorrekin, eta estrataren errebuelta batean hiru arrotzekin egin zuen topo, hirurak goardasol beraren azpian babestuta. Mainguak ziren hirurak, bata eskuineko hankatik, bestea ezkerrekotik, eta erdikoa, tikia, ia ipotxa, bietatik.

        — Arratsaldeon! —Bertoldok agur eginez.

        — Nahi dualako bustitzen ari haiz! —eskuineko hankatik maingu zegoenak.

        — Goardasola tikia duk, ba! —komentatu Bertoldok.

        — Nahi den guztian handitzen duk! —esan zuen ezkerreko hankatik maingu zegoenak.

        Bertoldok ez zion gonbiteari kasu egin eta aurrera jo zuen. Aurrera segitu zuen, bai, harik eta belarrietatik orratz bat bezala sartu zitzaion txistu bat aditu zuen arte. Burua jiratu zuen, eta tiki maingu-bikoitza zen txistuka ari zena; eta nola jakin gabe, Bertoldok, txistuak erakarria, mainguen artean ikusi zuen bere burua, goardasolaren azpian, hura sartzean handitua baitzen hodei beltz handi baten antzera. Goardasolaren zirietan bele batzuk zeuden pausatuta, izan ere jakina baita euriak kabreatzen dituen hegaztiak direla horiek. Laurak goardasolaren azpian Mostendeko bidepartitzera heldu zirenean, non gaztainondo zahar bat dagoen, bi hanketatik maingu zenak, goardasolari eusten zion berak, itxi egin zuen.

        — Le parapluie bukatu da! —esan zuen.

        Eta beleekin hegan eginez, hiru mainguak gaztainondoaren adarretara igo eta haien artean desagertu ziren. Bertoldori morkots batzuk erori zitzaizkion gainera, eta bere buruari mozkor ote zegoen galdegin zion.

        — Le parapluie!

        Bertoldok sekula ez zuen hitz hura ahaztu, eta horixe da pasadizoa egiazkoa dela frogatzen duena. Bertoldok mainguak gaztainondoan desagertu zirela ikusita, bakarrik jarraitu zion bideari. Ehun bat pauso eginak izango zituen maingu zebilela konturatu zenerako. Ezkerreko hankatik. Belauna kanpo alderantz makurtzen zitzaion eta oinak itzulinguru bat egiten zion airean. Oinaren errebuelta horietako batean, ziklisten txirrindola askatu zitzaion, eta ezponda aldera jo zuen. Bertoldok negarrari eman zion. Harrezkero, maingu ibiltzen da.

        Kontu hau, berriz diot, asko komentatu zen. Oraindik, neguan, sukalderen batean, edo larunbat batean bizartegian, horretaz hitz egiten da. Eta inork ez dio ez hanka ez bururik aurkitzen.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia