RUZOS DE BEIRAL

 

        Nik ez nuen Ruzos de Beiral ezagutu, baina hartu-eman handia izan nuen haren iloba Evaristorekin, Oubellen bizi zenarekin, aintzira baten ondoan, lokatz berde bat neguko euriekin betetzen denean urkietaraino ailegatu, Nosteko bidea estali, eta lehen lihotzeak ziren eta orain belaze eta artalor diren lurrak pulunpatzen dituena. Nosteko bidea Focayko trikuharriaren azpitik pasatzen da, eta han mairu mardul bat egoten da, gorriz jantzita, altxor bat gordetzen; eta Empalmeko maragatoak, Pedro Nistalek, hiru alaba potolo askoak zituenak, kontatzen zuen nola behin mairua bidera atera zitzaion, artean ardoa zahagietan ekartzen zuenean, eta nola urrezko pitxer bat betetzeko eskatu zion. Mairuak segituan edan, korrok egin eta ardoa laudatu zuen, larruak ematen duen zaporeagatik akatsik batere aurkitu gabe, Valle-Inclán-ek esaten zuenez, gaztelak jotzen zuenean Farruquiño Montenegrori hain ezatsegina zitzaion zapore huraxe. Mairua ordaindu gabe itzuli zen bere gordelekura, eta horrek ederki amorrarazi zuen Nistal. Urte batzuk igaro ondoren —Nistal ordurako zahartuta zegoen— trikuharriaren ondoan ikusi zuten auzoek, makila airean astintzen, mairuari irain egiten eta pezeta bat eskatzen behinolako pitxer ardo harengatik.

        Ruzos kanaberako arrantzale fina izan zen, baina besteek sekretu propioak zituela sinestea nahi zuen, likore bitxiak-edo zizarea bigundu eta ateratzen zuen perfumearekin amuarraina erakartzeko. San Froilánetan hungariar batzuei erosi zizkiela esaten zuen, eta bide batez hungariarrek barraskiloak maneatzen erakutsi ziotela. Barraskiloak jateko onak zirela aditu nuen estreinako aldian Oubelleko apaizari aditu nion. Zera esaten zion nire osabari:

        — Hire lagun horrek, Ruzosek, barraskiloak jaten ditik. Horrelako gauzak aitortu egin beharko liratekek, kontxo, seigarreneko bekatuak bezala!

        Nire osaba Xuxtok, apaiza bera ere, eta Madrilen egona, eta «Apolo»ra kupletistei aditzera eta zezenketak ikustera joandakoa, barraskiloen saltsa pikantearena defendatzen zuen. Oubelleko abadeak hemen ezin aipa nezakeen hitz batez erantzuten zuen.

        Ruzosek, lagunartean zegoenean, kontatzen zuen nola lortu zuen amuarrainaren bizitza ulertzea, haren lan eta atsedenak, maitasunak, bizioak. Hitzarekin, hots, amuarrainen hizketarekin, arrantzatzea ere lortu zuela esan ohi zuen.

        — Izan ere, zer komeni zaien esaten baitakit!

        Eta haren iloba Evaristok esan zidan behin, amuarrain bat txistu eginez harrapatzen ikusi zuela Ruzos Bañoko putzuan. Ruzos txistuka hasi zen erreka bazterrean, sahats batzuen ondoan. Noizean behin txistu egiteari utzi eta matxinsalto bat jaten zuen, amuarrainari beste bat botaz. Amuarraina hurbiltzen hasi zen, ia bere burua estaltzeko urik ez izateraino. Ruzosek matxinsalto gehiago bota zizkion. Amuarrainak jan egin zituen. Ruzosek txistuka jarraitu, eta amuarrainak erantzun. Halako batean, Ruzosek eskueran zuen haritzezko kako bat, alegia, hortz zorrotzak zituen hiruko urkila bat, amuarrainari sartu eta lehorrera atera zuen.

        — Amuarrainak negar egiten zuen —esan dit Evaristok. Baina osabak buruan jotzen zion oihu eginez:

        — Ah, astapotroa, astapotroa!

        Ruzosek, arrantzarekin, hondoa jo zuen. Behin esan zuen amuarrainen zientzian gehiago sakontzeko errekan egin behar zuela lo. Eta halaxe egin zuen. Biharamunean ahituta agertu zen, eta handik hilabetera hil zen. Ilobak burua astinduz aleluia bat esan zidan:

 

                Diz que el pescador de caña

                pierde más que lo que gana.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia