SABELO DE BOUZAMO

 

        Gauza asko konta nitzake Sabelo de Bouzamo-ri buruz, baina momentuz, soilik, azeri bati txistu egiten erakutsi ziola esango dizuet. Parrokoa Mondoñedora gogo-jardunetara jaitsi zen batean, Sabelok etxeko azeriarekin lagun egin zion. Apaizari «dos Negrillos» esaten zioten bide batera jotzen zuen balkoidun gela bat eman zioten, hartan zeuden arbolengatik naski, eta Sabelo haien ondoan eserita geratu zen ilundu arte, eta iruditu zitzaionean bere artzaina jada gelan zegoela, azeriarekin batera duo bat bota zuen txistuka. Jende franko bildu zen, Daniel jaunaren labera ogitartekoak egitera zihoazen andreak gehienak, Santo Cristobo bezpera baitzen, eta apaiz batzuk atera ziren balkoietara, eta egundoko txaloak jo zizkieten.

        Sabelok igarabak ehizatzen ibiltzen zen Min-on, eta larrua saltzeaz gain, animaliaren bizkarreko koipea saltzen zien erreumadunei. Salamancan egin zuen soldadutza, eta han neskalagun bat izan zuen, María del Almidón izenekoa, goren mailako lisaketa egiten zuelako, eta toreroen atorrak eta apaizen erroketeak kiribiltzen zituelako. Dirdira eta kiribilak nonahi ateratzen zituen. Sabelo Bouzamora bueltatu zen, Mariarekin ezkontzearren Salamancara itzultzeko asmoz, baina Marlak idatzi zion kontatuz entregak egitera zihoan goiz euritsu batean, hango abokatu batek goardasolarekin zartako bat eman eta, ondorioz, ezkerreko begia galdua zuela.

        — Ni, don Alvaro, berdin ezkonduko nintzen Maríarekin, baina «Secretario de los Amantes»en ez nuen topatu begi bat galdutako kanpoko neska bati idatzi behar zitzaion eskutitza.

        Sabelok kontatzen zidan nota horrenbeste luma-tinta xurgatu zuen orri zuri baten aurrean, Maríari erantzuteko zirriborro baten ahaleginetan, non urtebete ibili baitzen urdaileko minez. Eta bizitza osoan geratu zen mutilzahar, ehiztari, Mirandako Lurraldeko bideetan alderrai. Edozein bidetan, urteko edozein sasoitan, txistuka agertu ohi zen Sabelo, Nerón zaunkaria atzetik zuela. Zorro tiki bat eramaten zuen beti, ogi eta urdaiarekin, eta zahato betea, eta lagunak frantsesez agurtzen zituen.

        — Bon jour! —arratsaldea izanda ere.

        Batzuetan logalea galtzen zuen, eta orduan Fozeraino joaten zen itsasoaren kulunkarekin sendatzera.

        — Eta zer gertatu zen txistu egiten zuen azeriarekin? —galdegin nion egun batean.

        — Mundua hankaz gora! Esaten badizut oiloek jan zutela ez didazu sinetsiko!

        Ukabil itxia eraman zuen ahora eta erpuruan musu eman zuen, eta ezin izan nion hitz bat gehiago atera.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia