MANUEL REGUEIRA

 

        Bukatu berri nuen Madrilgo «Centro Galego»n eman behar nuen hitzaldia, eta andre batzuekin hizketan ari nintzela, bizkarretik esku-pasa batzuk eman zizkidaten. Itzuli eta Manuel Regueira López topatu nuen. Nik asko tratatu nuen haren anaia Celso, sasi-erlojugilea, zeinak azkonarrei zepoak paratzen igarotzen baitzituen iraileko egunak. Haragi hori ongi adobatu eta errea laten zuen, eta bizarra kentzeko brotxak egiten zizkien lagunei. Xidulfetik hurbil bizi zen, Mirandako Lurraldeko leku altuen eta antzuenean, lurralde hori ur gardenetako Eon bukatu eta Asturiasko mendietako gailur urdin, nekatuak urrun ikusten diren hartan. Celso tikia eta potoloa zen, eta Villonen azaltzen den Eskoziako erregeak bezala, gorrista zuen aurpegiaren erdia:

 

                Nora doa errege eskotista

                musua omen zuena erdiraino,

                amatista bezain gorrista,

                kopetatik hasi eta kokotseraino?

 

        Duela bost-sei urte, besteak bezalako egun batean, Xidulfeko auzo batek, Lugoko «rua da Reina»n topatu ninduenak, Celso hilik zela kontatu zidan.

        — Paralisiak jo eta zazpi egun eman zituen ez oin ez esku, mugitu gabe eta hitzik egin gabe. Zortzigarren egunean begi bat ireki, ohatzearen oinetan negarrez ari ziren seme-alabei begiratu, eta zera esan zien:

        — Uxa itzazue saguak gaztetatik, alferrak halakoak!

        Eta hori esan ondoren hil zen. Hilobiratu behar zuten egunean, etxekoak ganbarara igo zirenean gapiriotik zintzilik zegoen alanbrezko saski batean lehortzen zeuden gaztetatik pare bat hartzera —izan ere ezinbestekoak baitziren eramaileen eultzirako—, gazta guztiak saguek hozkaturik zeuden, latazko hegala eta urki zurezko estalkia zituzten arren. Nola jakin zuen hil-hurren zegoen Celsok saguak gaztetan ari zirela? Nondik, eta zein begirekin begiratzen zien mundu honetako gauzei? Misterio sakona, nik ezin argi dezakedana.

        Manuel Regueira, soldadutza bukatu ondoren, hiriburuan egin baitzuen, bertan geratu zen okindegi batean enplegatu, eta handik Toledo kalean zegoen maskur sendatzaile batenera pasatu zen. Manuelek eskulturaren zaletasuna izan zuen beti, eta gizonen, zaldien eta txorien itxurako opilak egiten zituen okindegian, urteberri eta bestelako jaietan; maskur sendatzailearen laguntzaile zegoela, betiko bezeroen oinetako moldeak egiten zituen, haren nagusiak maskurretan lan egin baino lehen eta ondoren, eta beta izanez gero, bezeroa famatua bazen, eta egun haietako egunkarietan haren berri ematen bazen, eskaparatean jartzen zituen hildakoaren eskaiolazko oinak, maskurrekin eta maskurrik gabe. Isabel Infanta hil zenean, errepublikako egunak baziren ere, Chataren oinak agerian paratu zituen; eta egun batez, maskur sendatzaile maisuaren dendaren aurretik igaro nintzela, eskuineko bi oin zeuden eskaparatean, bata tamaina eta itxura guztietako maskurrez betea, baita toki bitxienetan ere, eta bestea garbia. Letrero batek hala zioen: «Pie derecho del excelentísimo Sr. D. Félix de Llanos y Torriglia, académico electo de la Real de la Historia, antes y después de haber sido tratados en esta su casa». Eta omen ondoan, Llanos y Torrigliaren lan bat zegoen, maskur sendatzaileari eskainia, «Las hijas de Felipe II» edo horrelako zerbait.

        Manuelek diru pixka bat aurreztu eta alaba bat ezkondu zuen behitegi bat heredatu zuen batekin. Ukuiluak Salamanca auzoko kale batean, bainuetxe baten ondoan daude. Gizendu da eta tabako errubioa erretzen du; behiak garbitzen, euliak akabatzen eta bentiladorea jartzen ematen du denbora suhiaren behiak marruka aritzen diren soto hartan. Manuelek Xidulfeko belaze freskoetara eramateko modurik izango balu!

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia