BARCAS ETA AZERIA

 

        Barcas de Moure Lobosoko eskalapoigile bat da, Pastoriza eta Perrachako alderdi gehienak eskalapoi lanak egiten korritzen dituena; berdin egiten ditu zolaberrituak edo kalotxak, eskalapoietako zolak edo txinal alai eta arinak, eskote politarekin, emakumezko oinetakoetan munduko hoberenak, dudarik gabe. Barcas, Vilares do Santo-n eskalapoi lanetan zebilela, ingude-egur batean eseri zen zigarro bat egitera, eta txirbil pila batera begira zegoela, mugitu egiten zela konturatu zen, barnean norbaitek lo sakon eta lasaian arnasa egingo bailuen. Pila hura ez zen handia, eta Barcasi txakurren bat etorri zitzaion burura, palleiro horiren bat, herriko bazterrak nahasten ibiltzen diren horietakoa. Oinarekin txirbilak kentzen hasi zen, harik eta ezkutukoa agerian utzi zuen arte. Azeri bat zen. Barcasek etxolaren atea itxi eta, orduan, makila koxkor batekin lozorroan zegoena esnatu zuen. Azeriak eskuineko begia ireki, ahoa bi aldiz zabaldu eta irri egin zuen azkenik.

        — Bai, jauna, irribarre egin zidan!

        Azeria tiki-tikia zen, kalpar ederrekoa, eta buztana gorputzaren tamainakoa zuen ia.

        — Ongi tikia haiz! —esan zion Barcasek.

        — Zera, ipotxa nauk, Barcas! Eta hirukia gainera!

        Azeriak ederki egiten zuen gailegoz, eta bertako azentuarekin, hain zuzen ere han autro baitiote outroren ordez eta aira eiraren ordez. Barcas elazua zen oso, eta gustatu zitzaion azeriarekin izan zuen hitz-aspertua, izan ere hura baitzen dudarik gabe Lobosoko baten eta buztanluze baten arteko estreinako hizketa.

        Hizketaldiak aurrera ahala, azeriak, Anís izena omen zuenak...

        — Anís? —galdegiten nion nik Barcasi.

        — Bai, jauna, Anís! Hala esan zidan garbi aski sei edo zazpi aldiz!

        Bada, hara non Anísek Barcasi galdegin zion eskalapoi jaso batzuk, ongi mokodunak, egingo ote zizkion.

        — Sekula ez diat ikusi azeri bat eskalapoiekin! —esan zion Barcasek Anísi.

        — Seinale duk sekula ez haizela Monferora joan!

        Monferon, Anísek azaldu bezala, azeri bat badago, zaharra eta erreumaduna, oso jakintsua, eta eskalapoi zolatuak ibiltzen dituena.

        — Azken aldian uztaia jarri omen ziek hotsik ez egiteko. Asko maite omen dik Curtisera arteko bidea egitea, trena pasatzen ikusteko.

        Barcasek lau eskalapoi egin zizkion Anísi, eta azeriak etxolan estreinatu zituen, eta grazia handiarekin zebilen, nahiz eta batzuetan estropezu egiten zuen, batez ere atzeko hankekin. Anísek paper batean biltzeko eskatu zion eta lotzeko, behar ez zituen bitartean gordeta eduki nahi zituela. Barcasek bildu egin zizkion, eta Vilaresko eskalapoi lanak bukatuta Lobosora itzuli zen, eta bidean Anís ipotxak lagun egin zion. Ventosko bixkarrean agur esateko orduan, Anísek zera galdegin zion Barcasi:

        — Ahaztua nian, gizona! Nork agintzen du Frantzian?

        — De Gaulle izeneko batek. Zertarako jakin nahi duk?

        — Zera, Meiran dagoen azeri batek, besteekin ehizatzera joaten denean, beti hartzen baitu oilorik handiena, eta haren gainean jarrita oihu egiten dik: nork agintzen du Frantzian?

        Barcasek ez zuen Anís, azeri ipotx eta hirukia, gehiagotan ikusi. Tristeziaz esaten dit, nirekin Mondoñedoko taberna batean txarroa bete ardo beltz edan bidenabar.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia