COUTO DE CARRACEDO

 

        Atzo hizketan aritu nintzen ni Lugoko probintzian gailetak saltzen ibili zen batekin —edo hala esan zidan berak, Elixioren tabernan topatu nuenean, adeitasun handiz agurtu ondoren, kafe bat hartzera gonbidatu ninduenean.

        — Zure lagun bat ezagutu nuen, han, Muriasen. Couto izeneko bat. Zure planoekin makina hegalaria egina zuela esan zidan.

        Eta egia zen, planoak nik eginak zirela salbu. Couto de Carracedo ahaide batzuen etxean ezagutu nuen, udazkenean artilezko matalazak berregitera joan nintzen batean. Tikia eta mehea zen, eta hilobiko ahotsa zuen. Gaztainak zartakatzen laguntzen zuen, eta mutiko-neskatoentzat gaztaina haiek erretzeko sutegiak egiten zituen han bertan, kanpoan. Nik «Minotauro» tituluko aldizkari baten ale batto nuen, eta hantxe azaltzen ziren Leonardoren makina hegalarien diseinuak, Fournier izeneko ingeniari frantses batek azalduak. Don Heraclioren deituraz gogoratu nintzen, naipeetako hura. Frantses horrek Leonardoren makina horietako bat egitea lortu zuen. Couto de Carracedo-k esan zidan agian berak ere bat egingo zuela.

        — Mondoñedoren gainetik pasatuko naiz, igual! —esan zidan.

        Ez nuen Couto de Carracedo gehiago ikusi, eta ez dakit Leonardo da Vinci-ren makina eraiki zuen ala ez. Itsasoaren gainetik hegan egitea zen Coutok nahi zuena. Coutok Valentzian egin zuen soldadutza, eta kleroarentzat galtzak egiten zituen alargun batekin ezkontzeko aukera izan zuen han. Ongi zihoazen maitasun kontuak. Alargunak tomate ogitartekoak prestatzen zizkion, eta freskagarri bezala bedaurrezko hortxata. Igandeetan paella tokatu ohi zen valentziarraren amaren etxean, baina andre horrek ere begi ona zion Coutori, eta soldaduari gehiegitxo hurbiltzen zitzaion, alaba postrerako gozokiekin ote zetorren ikusteko balkoira ateratzen zirenean.

        — Nik begizeharka begiratzen nion amaginarreba izango nuenari, irri egin eta ipurmasailean esku-pasa batzuk ematen nizkion zuhurtzia handiz.

        Egun batez, oldarrean, alargunak estutu on bat eman zion:

        — ¡Ay, Rosendito, eres el vivo retrato de un novio mío que murió tísico!

        Couto larderiatu egin zen, oso higienikoa zelako. Baina, Jainkoari esker, haren batailoia Pirinioetara bidali zuten. Gol haietan oso sanoa da airea, eta Coutok sos batzuk irabazi zituen moztaile lanetan laguntzen Huescako herri batean. Kontrabandista maingu baten adiskide ere egin zen, eta hari ematen zion soldadutzatik zegokion ogi puska, baina arrantxua bera ere, dilista urdaiarekin suertatzen zenean. Kontrabandistak hondo bikoitzeko maleta bat oparitu zion Coutori, eta bista luzea zuen metal horizko anteoju bat —neronek eskuetan izan nuen—, lieutenant de vaisseau Lavièbrerena zela esanez xafla tiki bat agerian zuena. Lavièvre hori almirante egin zuten niri esker, eta Frantziako Bretainiako tabernetan ibili ziren ipuin batzuetan atera nuen. Handik urte batzuetara jakin nuen Weigand jeneralaren inudea, zeinaren jatorri misteriotsua Europako Errege etxe batekin lotua dagoen, Lavièbre zela sortzez, eta Lavièbretarrak Malvinetako piratak izan zirela, Cratcobrdamen eta Bruc edo Roxoren lagunak.

        Poztu nintzen jakitean Couto bizirik zela eta nitaz gogoratu ere egiten zela. Oraintxe, astebeteko oporraldia baneuka, Murasera edo Xohán Blancoren tabernara joango nintzateke, eta seguru Couto aurkituko nukeela, alargun valentziarrarena kontatzen, eta haren amarena, goxo askoa, eta makina hegalariena, eta nola Pirinioetako airea oso sanoa den, eta estreinako aldiz barraskiloak jan zituenekoa, eta nola saltsaren saminaz hilabeteko zotina sufritu zuen. Hartatik gelditu omen zitzaion ardo bero azukretua edateko zaletasuna.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia