BELLE DE SEIXO

 

        Mintzatu izan naiz Seixoz, hango elizaz, fatxadan duen arku erromanikoaz, zeinaren kapiteletan musu biribileko fraide batzuek lepo luzeko hegaztiak dituzten eskuetan. Eguteran gaztainondo handi bat jaisten da erreka ondotik, eta ibarrean belaze berdeak daude etxe gutxietaraino heldu direnak, etxe zuriak, Murásko arbel urdinez estaliak. Errekaren bi bazterretan artoa ereiten da. Belletarren etxea aurrenekoa da, erreka Rilladako ibitik zeharkatuz gero. Nik adiskidantza handia izan nuen seme zaharrenarekin, Nicolás Picos Gonzálezekin, tetanoak jota hil zena. Luzea eta beltzarana zen, Belletar guztiak bezala, eta ehiztaria. Asturiasen hartz bat hil zuelako harropuztu ohi zen, eta herrialde osoan inork ez zuelako berak baino otso gehiago hil. Otso horietatik bat famatua zen, Quinto izenekoa. Ez nuen sekula jakin nork bataiatu zuen.

        Quinto ez zen akabatzen erraza izan. Nicolás Bellek jakin zuen otsoak herria korritzen zuenean, Miralgo malkarrean harrapatzen zuela beti egunsentiak, isats, hagin, ota eta gurbitzen sasitza hartara iturriko lasterbidetik sartzen ari zela, Liñares izeneko zerga-biltzaile bat hilik agertu zen toki berean hasten denetik. Aipatu horri, artean bizirik zegoenean —Villalbako forenseak, don Euxenio Basantak, aitortu zuen bezala—, ahotik sartu zizkioten, ogi baten laguntzarekin, zorroan zeramatzan zerga-agiri guztiak. Bada, Quinto otsoa handik sartzen zen, erreka ziztorrean edan eta gero, Nicolásek ederki asko baitzekien ez zuela urik aurkituko harik eta mendiaz beste aldetik jaitsi arte. Nicolás Bellek bisita egin zion Seixoko apaizari, eta estola bat uzteko eskatu zion, eta otsoa malkarrera sartzen zen puntuantxe jarri zuen. Belle, itxoiteko asmoz, haritz zahar batera igo zen, baina aurretik eskalapoiak baratxuriz igurtzi zituen, gizaki usainik ez edukitzeko. Egunsentia heldu zenean, Quinto, estola ikusirik, gelditu egin zen, eta zerbait barruntatu ondoren bueltaka ibili zen malkarrera sartzeko beste sarrera baten bila. Bellek tiro eman eta bertan hil zuen. Otso zahar eta kalpar-urdina zen, kokotean orbain handi batekin. Jende asko joan zen Quintoren orbaina ikustera, istorioaren seinale zelako. Quinto Sismondiko sakristauarekin borrokatu zen behin. Sakristaua urtemugako funtzio batetik zetorren eta otsoa zubian atera zitzaion. Sakristauak hiru aldiz tu egin eta txistuka hasi zen. Otsoa eseri eta ahoa zabaldu zuen. Sakristauak jaka kendu zuen, baina otsoa ez zen mugitu. Lourido izena zuen sakristauak. Bada, Louridok izerdi hotza zuen. Zubiko egurrezko barandan bermaturik, errekako uretara begira jarri zen. Egiten ari zenaz ohartu ere gabe, biluzten hasi zen eta arropak errekara botatzen. Kapelua ere bota zuen, baita gaineko zuria eta erroketea eramateko zeukan poltsa ere. Amak erditu bezain biluzik geratu zenean, otsoarengana jo zuen eta aurpegia baztertuz piztiak hortz zorrotzekin harrapatu ez zezan, otsoari kokotean hozkada bat eman eta urratu egin zion. Otsoak intziri egin, askatu, eta alde egin zuen. Louridok odolez eta otsoaren biloez beterik zeukan ahoa. Biluzik, zabuka, etxera heldu zen. Emaztea, ikusi zuenean, lurrera erori zen zur eta lur. Handik gutxira Louredori orban gorri batzuk atera zitzaizkion musuan, hortzak erori eta urdaila puztu zitzaion. Ezpainen tarteari lerde berdea zerion. Hori guztia otsoaren odolaren ondorioa zen, lurralde haietako jakitunek esan zutenez, Borrallo de Lagoa-k horien artean. Handik aste gutxira hil zen Lourido.

        Indian, errege kasta batzuei buruz diote, aita urrun egonda, gerraren batean, jauregian jaiotzen ziren seme-alabek legitimoak zirela agertu behar zutela, raja rajaniarekin bizpahiru urte oheratu gabe izanda ere, eta halakoak zirela egiaztatzeko otsoaren odola edan behar zutela eta batere kalterik sumatu ez. Baldin eta adulteriozkoak baziren, handik zazpi egunera hilko ziren. Bistan da Lourido ez zela Indiako raja baten seme legitimoa. Baina oso estimatua zen, goian bego, errespontsuak loreztatzen.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia