BRAULIO DE REGADAS

 

        Regadasi ederki dagokio izena, izan ere, As Pías bizkarrean sortzen diren bost edo sei erreka ziztor, hondo hartan, bailaran, gelditu eta Couzon biltzen baitira Mandeora joateko. Urkiak, makalak, sahatsak, lertxunak daude han, eta Reimonden zumadiak egoten dira, ikusteko ederrak negua heldu eta zume horien punten artean zilarrezko hosto tiki bakan batzuk gelditzen direnean. Oilagorrek hegan egiten dute, eta urtarrilean beterik dauden aintzirek dir-dir egiten dute eguzkiaren errainu hitsek argitzen dituztenean. Ligueiratarren etxea elizatik goraxeago dago, eta huraxe da Regadas, ez beste ezer; Couzora jaistean Saabeira, Froxán, Xobe, Millarenta eta Camiña daude, guztiak maldan diren zekale alorrak, belazeetatik beherago. Braulio de Ligueira-k edo Braulio de Regadas-ek, beta zuenean, igarabak ehizatzen jarduten zuen; larruak zurratu, solomoa ongi adobatua jan, eta animaliaren koipea urtzen zuen erreumaren kontrako ukendu bat egiteko. Braulio nire aitaren botikatik pasatzen zen iodo-tintura erostera, beti pipa handi hura ahoan zuela. Braulio mirariz salbatu zen tximistatik. Ortotsak uztaileko arratsalde baten estreinako orduetan harrapatu zuen, Couzoko ibian, eta Sanxeésera arterainokoa azkarrago egiteko, lasterbidetik sartu zen; loratzearekin eder askoak zeuden hango gaztainondoetako adarrak. Trumoia ari zuen, eta ortotsek bata bestearen atzetik korritzen zuten. Euria gogor ari zuen. Braulio gaztainondo baten azpian babestu zen, eta bat-batean besotik heldu zioten.

        — Gizon luze bat, kontatzen zuen. Zera, gizon biribil bat, eta urre kolorekoa...

        Gizon baten eskuak heldu zion gogor, airean jaso eta menditik behera bota zuen. Brauliok hegan egingo zuen, handik ehun metrora erori baitzen, aintzira batean. Eta Braulio aintzira alderantz zihoan bitartean, txinparta batek gaztainondoan jo eta hirutan txikitu zuen. Gaztainondoak kea botatzen zuen. Braulio ezezagun biribil, urre koloreko hari esker salbatu zen. Ez zien sinetsi nahi izan tximistaren haizeaz hitz egin eta gauza biribil eta urre koloreko hura leinurua izango zela esaten ziotenei. Eta guztien kontra Brauliok argudio bat zuen: tirakada gogor batez ezezagunak heldutako besoa lau bat hazbete luzatua zitzaion.

        — Tximista baino lehen besoak berdin nituela sinesteko, Lugoko jostun baten ziurtagiria ekartzen ahal dizut.

        Besoak luzatzen zituen nire aurrean, eta nik begiratu, ukitu, eta neurtzeko zinta batez neurtzen nituen, harrituta eta sinetsi ezinik.

        — Eta nor ote zen salbatu zintuena? Aingeru guardakoa? —galdegin nion nik.

        — Edo sorgin errukiorren bat, edo han egokitu zen defunturen bat, edo San Kosme...

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia