AREEIRO DE PORDADE

 

        Pordadetarrak beren etxeak erreka ondoan egiten joan ziren. Estreinakoa, ia Rendeko malkarrean, Puga Vellorena da. Uste dut Marcelino jaunaren iloba bat bizi dela bertan orain, nik inguru hartan udak pasatzen nituenean etxeko jauna zena. Marcelino jaunak Alfonso XII.aren erarako patilak zituen, eta bere burua Pepe Benitori eskaintzera Lugora joaten zenean, San Froilánetan beti, besapean egunkari mordo bat zuela itzultzen zen, nagusiaren opari, eta gero, etxean kronologikoki ordenatzen zituen. Gauero irakurtzen zuen zerbait. 1940. urtean, hil baino lehentxeago, «El Debate»ko 1931. urteko aleak ari zen irakurtzen. Azken etxea, ibarrean jada, Areeirotarrena da. Garaira, altua zinez, etxetik pasatzen da zazpi harlauza dituen zubi batetik, non udazkenean kui horiak egoten baitira eguzkitan. Errekak izen diferentea du tarte bakoitzean. Monteko erreka, Cruzkoa, Ferreira Vellakoa, Vilarkoa eta Pagoskoa, hurrenez hurren. Pordaden Vilarko erreka esaten zaio. Meirako fraideek sutegiak eta eihera bat zeuzkaten. Areeirokoak jende germanikoak dira, errubioak, luzeak, eta zeruaren koloreko begiak dituzte. Ni Manuelen lagun mina izan nintzen, zikiratzaile eta gaiteroa bera. «Obra»rako —hala esaten baitzion berak albaitarien arteari—, nire aitaren botikan erosten zuen lurrinketa aleman bat erabiltzen zuen, hoditxoa estaltzen zuen paper beltzean kaskezur bat eta bi zangar gurutzean zituena.

        — Ikusten? —esaten zidan niri hoditxoa erakutsiz— mortala ezinbestez! Gauzak ongi eginez gero pintzekin maneiatu beharko nuke. Zure aitak konfiantza handia du niregan.

        Areeiroren gaitaren mihiak italiarrak ziren, Venturini markakoak, Alessandria della Palma, via Bargello, 17. Oraintxe begi aurrean izango banu bezala gogoratzen dut mihiak gordetzeko zurezko kutxa tikia, bere etiketa berdearekin, Saboiako ezkutuarekin, eta Venturini anaiak «Reggia Armata»ren hornitzaileak zirela esaten zuten letra tikiekin. Bartzelonatik etortzen ziren jasordainezko bidalketan.

        Manuelek Secundino izeneko lehengusu bat zuen, sortzez hanka bat bestea baino motzagoa zuena. Lugotarren artean aukera asko dago maingu bat jostun egiteko. Secundino jostun egin eta Buenos Airesera joan zen. Han ederki aritu zen, eta egun batez bere lehengusu Manuelez gogoraturik, mihi batzuk bidali zizkion Bretoniako baten bidez. Bulgariarrak ziren. Urre koloreko latoizko kutxa batean zetozen. Eta estalkian, gaita bat ageri zen. Letra gorri batzuek zera zioten: «Toute la musique. I. Muroff, de la Royale Societé Folklorique. Sophie. Bulgarie».

        — Bulgaria! Begira noraino heldu zen gaita! —esaten zidan Manuel do Areeiro-k.

        Nik ez nekien Bulgarian gaitarik zegoenik. Urteak igaro egiten dira, eta Manuelen mihiei esker Bulgariako gaitarenaz jabetua nintzela erabat ahaztuta nuelarik, hara non lehengo batean egunkari frantses batean Bulgariako Boris-i buruzko erreportaje bat irakurri nuen; bulgariar hura Hitlerrekin hizketa egitetik zetorrela pozoituta hil omen zen. Erreportajeak bukaeran zioen Tsar Onaren oroimenak Bulgariako gaitek kanta egiten duten bitartean iraungo duela. Gaita bulgariarrak hain zuzen ere, Muroff mihiak dituztenak, Manuel do Areeiro nire lagunaren gaitek bezala, Seixoko apirikoan gaiteroa bera, hagin altuaren azpi hartan, Abuztuko Ama Birjinaren festaren arratsean...

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia