PORTEIRO DE MOUROS

 

        Corda mendiaren atzean dago Mouros. Han belaze onak, zenbait harizti eta malkar usu bat badaude. Etxeak bailararen sakanean daude, errekaren ondoan, Chao esaten dioten hartan. Estreinako etxea, beti oso kareztatua, Porteiroren eihera da. Erreka Sor-en ibaiadar ziztor bat da, saltari alai bat, eta eiheratik beherago urgeldi bat dago, urkiei, eta are gehiago sahatsei, ispilurako baliatzen zaiena. Mourosko herrixka pobrea da, eta basoetako birlandaketak mendiko aziendarik gabe utzi zituen mourostarrak. Jende gazte guztia joan egin zen, Suitzara eta Alemaniara, eta hemendik gutxira ez da Mourosik izango, eta ezin izango da Portelatik, hondo hartan, tximinietako ke urdina ikusi.

        Behin galdegin nion Porteirori, adarra jotzearren, ea mairurik ba ote zegoen Mourosen. Serio begiratu zidan eta luze egon zen erantzunik eman gabe. Azkenean, esan zuen:

        — Eta nondik etorriko zen ba izena, bestela?

        Ni saiatu nintzen izan ote ziren argitzen, Mourosko mairuak, edo artean ere baten bat ote zegoen, nondik zebiltzan, altxorrak gordetzen zituen ezkutuko jende horretakoak ote ziren, lagun sorginduak edo hiritar arruntak, nekazariak edo eskalapoigileak. Eta Mourosko mairuen kontu hori misterio handia zela izan zen Porteirori atera nion guztia. Urteak igaro ziren, ez nuen Porteiro gehiago ikusi, eta duela gutxi hilik zela esan eta istorio bat kontatu zidaten. Porteiro Lugotik zetorren, eta zubia igarotzen ari zela, haren eiheratik berrehun pausotara, mairu bat ikusi zuen gaztainondo baten adar batean. Nabarraren eta beltzaren arteko ordua zen. Mairua entretenitzen ari zen urrezko txanpon bat lurrera botaz; txistuka ari zen, eta txanpona eskura itzultzen zitzaion. Porteiro ordu erdi bat egon zen harriturik, jolasa ikusten. Gau iluna zen, baina txanponak dir-dir egiten zuen iluntasunean, eta ederki segi zitezkeen haren hegaldiak. Ordurako ez zen mairua ageri; txanpona gora eta behera baizik ez zen ikusten, eta itzulerako bidaia agintzen zuen txistu hotsa aditzen zen.

        — Hiretzat! —esan zuen haur baten ahots alaiak.

        Eta txanpona han zen, Porteiroren aurrean, txingar bat bailitzan dir-dir. Porteirok txanpona eraman zuen, Isabel II.aren ontza erdiko bat. Gau hartan behin baino gehiagotan jaiki zen ohatzetik hura ikusi eta berrikusteko. Oso gauza ederra izaten zen urre hura gauean ferekatzea. Porteiro beldur zen mairu gaizkina txistuka hasi eta txanpona ez ote zen haren eskuetara hegan itzuliko. Nondik adituko zuen txanponak txistu hotsa? Isabel II.aren belarritik? Ez ote litzateke hobe argizari pixka bat paratzea, estaltzeko? Baina mairuak ez zuen txisturik egin. Porteiro eta mairua lagun egin ziren. Noizean behin, mairuak txanpon bat oparitzen zion eiherazainari. Harik eta egun batean mairuak Porteirori peso amadeo bat baizik ez zuela aitortu zion arte, eta arestian eman zizkionak, ez ziotela jada balio jolaserako, eskutik uztean haien gainean zeukan agintea errefusatua baitzuen.

        — Eta zergatik eman hizkidan, motel?

        — Bada uste nuelako hemen mairuak bazeudela.

        Porteirok barruntatu zuen mairuari gelditzen zitzaion txanponarekin —Porteirok hika egiten bazion ere, beti «mairu jauna» esaten zion— Lugora joan zitezkeela, Villalbara, Mondoñedora, mairua zegoen horretan jantzia; Mago Mustafá-ren itxurak egin, eta jokoa jendeaurrean entseatzera, txanpona sari bezala emanez hegan zebilela harrapatzen zuenari, eta jokoan esku hartzearen ordainez pezeta bat kobratuz. Mairuak, hasieran, ez zuen nahi, baina azkenean amore eman zuen, eta Porteirorekin ibili zen San Froilánetan, eta Monterrosora joan zen, baita Palasko feriara ere, eta San Lucasetara jaitsi zen, eta Villalban hiru feria egin zituen. Inork ez zuen inoiz peso amadeoa harrapatu. Mairuak eta Porteirok lau mila pezeta inguru irabazi zituzten. Bidaiak gauez egiten zituzten, eta egunsentirako ferian. Mairuak olagarroa eta okela gisatua jaten zituen. Fideo zopa ere gogoko zuen.

        — Eta zer egingo diagu sosekin? —galdegin zion Porteirok mairuari.

        — Eros itzak eskalapoi on batzuk niretzat, eta ikusmen nekaturako antipar batzuk. Ez zegok bistarako okerragorik urreari hegan dabilela begiratzea baino!

        Porteirok eskalapoiak eta antiparrak erosi zizkion mairuari. Orduan ere mairua lehengo gaztainondo hartan bizi zen, baina sekula ez zion Porteirori esan nola moldatzen zen sartu eta irteteko, ezta zuhaitz barrenean zertan aritzen zen ere. Mairuak istorio arabiarrak kontatzen zizkion Porteirori.

        Porteiro gaixotu zenean, mairua bi aldiz joan zen hura ikustera, eta ohatzearen oinetan eseri zen. Hori esaten zuen Porteirok, izan ere, inork ez baitzuen ikusi Mago Mustafá han sartzen. Porteiro hil zen, eta burukoaren azpian, puru habanarretako kutxa hustu batean, urrezko hamaika txanpon haiexek zeuden, hori bai, guztiak argizari pixka batekin, edo Isabel II.aren belarrian edo Carlos III.arenean. Lagunak ziren bai, baina badaezpada ere. Porteiroren semeek mairuaren gaztainondoa bota zuten, baina ez zuten desio zuten altxorra aurkitu. Hotsa ibili zen, mairua, orduan, beste gaztainondo batetik ateratzen zela txanponarekin jolastera, erreka ondoan, eta txanpona uretaraino bidaltzen zuela. Mourosko jendea gauez ezkutatzen zen zelatan egoteko, baina inork ere ez zuen mairua ikusi. Hori bai, Porteiroren semeek txanponak gorde dituzte, eta ikusi nahi dituen guztiari erakusten dizkiote.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia