PASCUAS DE LURRES

 

        Inork ere ez daki broma hura aitarena, alegia, Arximiro jaunarena izan zen, edo aita pontekoarena, don Pedro Pardo-rena —bere ustez lerro zuzenez Mondoñedoko plazan lepoa moztu egin zioten izen bereko mariskalarekin ahaidetua—. Umeari Felices jarri zioten izen, eta deitura Pascuas García zuenez gero, Felices Pascuas García geratu zitzaion.

        — Soldadutzan amorrarazi ninduten gehiena.

        Sarjentu murtziar batek, Jesualdo Fábregasek, abenduaren hogei batean erregimentuko gainerako sarjentuei bisita egitera bidali zuen, baita kabo korneta ere, mutil tikia eta baztangak pikatua.

        — Llegas y dices tu nombre.

        Pascual de Lurres-ek bere burua aurkeztu eta esaten zuen:

        — Felices Pascuas!

        — Muchas gracias —erantzuten zioten.

        — Postal gisa bidali ninduen Girona osotik! Eta euria ari zuela!

        Pascuas de Lurres bizitza osoan ibili zen Felices Pascuasen bromarekin nazka-nazka eginda. Mozkotea, gizena, ilehoria, begi argiak; gehien maite zuena egunkaria ozenki irakurtzea zen, eta Gironako bi setioak kontatzea, horiei buruz dena baitzekien, data salbu, eta aditzen zuenak pentsatuko zuen 1927. urtean gertatu zirela, izan ere, Pascuasi erregeri zerbitzatzea egokitu zitzaion urtean. Girona, haren arabera, frantsesek setiatu zuten, mairuen laguntzarekin... Pascuasek ezin zuen ulertu zergatik musikan bazen «El sitio de Zaragoza» eta ez Gironako setioak. Pascuasek buruz zekien «El sitio de Zaragoza», baina benetan menperatzen zuena Ferreren fusilamenduen diskoa zen, eta deskargak oso ederki egiten zituen, hain ederki ezen bat edo bi egin ordez, zortzi edo hamar egiten baitzituen, zutik jarrita, keinu dramatikoz, eta azkenekoan bere burua erortzen uzten zuen, Ferrer-ek Montjuicheko hobian bezala. Berrogei eginak zituela, konturatu zen bizitza osoan, Lurrestik Lugora Paciosko bidetik joaten zen guztietan, edo Mondoñedoko San Lucasetara jaisten zenetan, danborra jotzearen itxurak egiten joaten zela.

        — Plan, plan, rataplan, plan, plan!

        Eta danborrik gabe ezin zela ibili. Danborraren konplexua sartu zitzaion. Bat erosi eta jotzen ikasi zuen. Ederki egiten zuen tarrapata, eta bere hanka motzari ongi ze,okion martxa bat ere aurkitu zuen. Puntu batera heldu z_n, non danborrik gabe ibiltzen ere ez baitzekien. Ohatzetik jaiki eta gerrikotik zintzilikatuko zuen. Belazera belarretara joan, era danborra jotzen joango zen. Ordurako, ez zuen pausorik ematen danborraren animoa, hobeki esan, akuilua eduki gabe. Hitz egin ere egiten zuen harekin:

        — Jaiki hadi, Pepiño, zuloak egitera goazak eta!

        Eta danborra eskuan zuela mendiko labakira joaten zen. Familiak zioen txoratuta zegoela, baina Felices pozik ibiltzen zen, eta trufa egiten zien ilobei. Azkenean, egunkaria danborrarekin irakurtzen bukatu zuen, eta azken urteetan ez zuen jada hitzik ere egiten: danborrarekin esaten zuen dena. Ikusi nuen azkeneko aldian, Vilaresko bidetik nindoan ni, autobusaren eske, eta Pascuas larrainean zegoen, ahoztegiaren ondoan, danborra gerrikotik zintzilik. Oihu egin nion:

        — A ze bizitza, Pascuas!

        Eta tarrapata alai eta oso adiskidetsu batekin erantzun zidan.

        Hilabete gutxi geroago hilik zela jakin nuen, eta Ribeirako apaiz jaunak, Mondoñedon gogo-jardunetan zegoela, kontatu zidan Felicesek aitortu nahi izan zuenean danborraren laguntzaz egin nahi zuela.

        — Toliño, toliño! Nahi zuen guztia jotzen utzi nion, hain zen ona! Goian bego!

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia