LOMAS DE NOCEDA

 

        Aipatzen ditudan Lomas hauek guztiak beti gauza arraroekin ibiltzen den jendea dira, lilurapen, sorginkeria eta mirariekin. Ni haietako batzuen adiskide nintzen, Pontigoko eihera zuten Lomastarrena. Semea, Manuel, bi urterekin, eiherako bere sehaskan zegoela, nabigatzen atera zen leihotik, ortots handia izan zen batean, uholde bat etorri eta zelaia erreka egina baitzen. Sehaskak errekan behera nabigatu zuen, eta sahats batzuetan hondartu zen arte Manuelen oinetan begirik kentzen ez zion arratoi bat egon zen. Amari hamaika aldiz aditutako abentura hartatik, Manueli Tulubio Unibertsalaren eta gainerako uholdeen berrietarako zaletasuna geratu zitzaion. Lugoko «el Progreso»k uholderen baten berri ekartzen bazuen, Lomasek behin eta berriz irakurriko zuen egunkaria, eta kasua komentatuko, eta Carracedo mendia estaltzeko zenbat ur beharko litzatekeen diskutituko zuen:

 

                ... que a todos os montes pon medo,

                a non ser ao Montiral

                que é seu igoal.

 

        Lomastarrek, osaba Felipo zela-eta, Xaneiro izenaz ezagunagoa, asko hitz egiten zuten Weylerri buruz, baita Kuban agindu zuen azkeneko aldian zituen bota batzuei buruz ere. Xaneiro Weilerren laguntzailea zen, botak garbitzeko mandatua zuena. Zeukan arnasagatik aukeratu zuten. Quintana izeneko mediku batek hamabi soldadu bilatu zituen, eta arnas proba bat egin zien beira eta argizari pizar batekin. Felipo irten zen irabazle.

        — Gudaroste osoan ez zegoen hark baino arnasa beroagoa zuenik!

        Weylerren botak gizaki baten arnasaz eta balusazko oihalez baizik ezin zitezkeen garbitu. Weylerrek Felipo Lomas formazioan jarri eta esan zion:

        — Este cuero tiene que durar eternamente!

        Xaneirok, Quintana medikuaren aburuz, gauez egiten zuen garbiketa, afaldu ondoren. Bota bakoitzarekin ordu erdia ematen zuen. Ez zuten dirdirarik egiten, kapitain nagusiari gutxien inporta zitzaiona, baina botak ongi garbirik zeuden, eta larruak leuntasun paregabea hartzen zuen.

        Weilerri bi oinetako behatz txikiek jada minik egiten ez ziotenean, kabo izatera igo zuen Xaneiro. Uhartea galdu ondoren, Xaneiro Kubara itzuli zen, eta kantabriar batekin ezkondu, goiko ezpainean orin handia zuen batekin. Santandertarrak jenio bizia zuen, edozein gauzagatik amorratzen zen, eta Xaneirok mulata bati estuturen bat emana ziolako jeloskor zegoenean, gorri-gorri jartzen zen, ikaratzeko moduan. Baina egun batean, mokokaldi horietako batean, odola aurpegitik joan ondoren, orina kendu zitzaion.

        — Garatxoren bat izango zen! —esaten nion nik.

        — Bai zera garatxoa! Orin andaluziarra zen!

        Baina kantabriarra, orina galdu zuenean, asko mudatu zen, eta oso emakume langile eta apal bihurtu zen; jeloskeriak utzi eta senarrari irribarrez aditzen zizkion Weylerren eta bere boten pasadizoak.

        Xaneiro Kubatik etorri zen kantabriarrarekin eta Candedon jarri ziren, etxe eder batean, eta baratzean gereziondo mardul batzuk zeuzkaten, goiz loratu eta ederki zabaldu eta kargatzen direnak. Gereziak tiki eta mokodunak dira, baina oso gozoak. Gereziondoen parean Mirandako errege-bide zaharra pasatzen da, Recaréraino haritzek inguratua.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia