CERDEIRA DO MARCO

 

        Xosé Onega Viadorrek, Cerdeira do Marco izenaz ezaguna, bizitza osoa pasatu zuen loro hizlari bat edukitzeko irrikan. Cerdeira gizon tikia zen, ziztrina, hozbera, kapelu hegal-zabal beltz baten azpian bildua. Sirmundeko oinordekoetako batekin ezkondu zen, Euxenia andrea, luzea, bular-harroa, zuria. Euxenia hil ondoren, Cerdeira kapital guztiaren jabe egin zen unean, erabaki zuen loroa erosteko garaia heldua zela. Gainera ezkontzatik ez zitzaion seme-alabarik gelditu. Lugon atez ate loroak, kakatuak, papagaioak eta gainerako hegaztiak partitzen zituen Bartzelonako etxe baten helbidea eman zioten, eta Cerdeirak prezioak eskatzeko idatzi zien. Erantzun zioten une hartantxe frantsesez hitz egiten zuten loro pare bat zutela, eta modu onean, parea nahiz bat bakarra. Loritoen argazkiak bidali zizkioten Cerdeirari, baita hegazti horien hazkuntza, elikadura, berariazko gaitz eta abarrei buruzko liburuxka bat ere. Loroetako batek Briand zuen izena eta besteak Calumet, eta ertamerikarrak ziren. Cerdeira Domingo de Moure-rekin kontsultatzera joan zen, agrimentsore eta ehiztaria bera, Leongo lizentziadun ehiztaria. Cerdeira Brianden alde zegoen, baina Domingo de Moure-k Calumet nahiago.

        — Begira nola zutitzen duen burua! Askoz ere ondratuagoa ematen dik!

        — Harro punttu bat ere badik! —apuntatzen zuen Cerdeirak.

        — Atzerritar batean ez zegok gaizki ikusia! —bukatu zuen Domingok.

        Cerdeirak ametitu eta Calumet loroa erosi zuen. Arazorik gabe heldu zen Lugora A Camerana-ren bitartez. Tiki antza zen, ipurterrea, eta begi batean lauso gorri bat zuen. Kutxatik atera eta berehala agurtzen hasi zen:

        — Bon jour, mesdames e messieurs! Mon biscuit, s'il vous plait!

        — Biscuit bizkotxoa duk, esan zion Marcoren maisuak, alikantearra bera.

        — Bai zera! Eta ez zaizkiok berdin izango zopa batzuk ardo azukretuan?

        — Voulez vous une soupe de vin sucrée? —galdegin zion alikantearrak.

        — Landru au poteau! —karranka loroak.

        Maisuak Cerdeirari landru zer zen azaldu zion. Ondoren, Domingo de Moure-rekin eztabaidatu zuten loroa sukalde gailegora nola jarri, bizkotxoak alde batera utz zitzan. Calumet isil-isilik zegoen, adi, eta noizean behin larruko zorriak bilatzen zituen mokoarekin. Egun hartan María galleta bat eman zioten esnetan bustia, eta mertxika erdia ur-azukrean.

        — Garesti samar ateratzen duk Calumet hau! —esan zuen Cerdeirak.

        Loroa lotan geratu zen bere kotan, Cerdeirak berak egindakoan, zurgin kontuetan zer edo zer aritzen baitzen, eta aldizkari brasildar baten azaletik kopiatzea lortu zuen. Argia itzali baino lehenago, Cerdeirak loroari hau esan zion:

        — Yo soy José Onega, tu amo!

        — Bon soir, papá! —erantzun zion Calumetek.

        Cerdeirari grazia egin zion. Frantsesez ikasi eta loroarekin hitz egiten zuela egin zuen amets, eta loroak bere familiari buruz hitz egiten ziola, eta Ertamerika eta Bartzelona nolakoak ziren. Baina biharamunean, Cerdeira jateko zerbait ematera joan zitzaionean, loroa alde egina zen. Cerdeirak berak kontatzen zidan:

        — Deus ere ez! Ezta arrastorik ere!

        Egun askotan, goizez, arratsaldez eta gauez, Cerdeira Calumeten bila ibili zen soroetan, Eirísko hariztian, Vilegako gaztainondoetan, auzoen etxeetan. Deus ere ez! Cerdeirak ez zekien galera hartatik nola atera. Bi urte pasa zirenean ere, Calumetez gogoratzen zen.

        — Zeinen goiz konturatu zen ni nintzela jabea! Bon soir, papá!

        Eta negarrari ematen zion. Frantses-gaztelania hiztegi bat erosi zuen Calumet itzultzen bazen edukitzeko. Egun batez Lugora joan zen Cerdeira, eta Vilares esaten dioten tokian eseri zen autobusaren zain, zumar batzuen ondoan. Burua altxatu zuen ondo-ondoan kuku bat kantari ari zelako.

        — Sinetsidazu, don Alvaro! Kukuak ku-kuu, ku-kuu zioen baina frantsesez. Ez baitakit azaltzen! Calumeten azentu bera! Inguru hartan zegoen! Liburuek loro bat kuku batekin ezkondu ote daitekeen esaten al dute?

        Cerdeira ez zen sekula bizkortu, berriz diot, Calumeten galeratik. Gero eta bilduago zirudien kapelu beltzaren azpian. Frantsesezko hiztegia besapean ibiltzen zen. Gero, alborengoa harrapatu eta hil zen. Hiztegian Bartzelonatik bidali zioten Calumeten argazkia zuen, burua xut, eta gainean idazkia: On parle français.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia