SOUTO DE LIRES-EN ARIMA

 

        Hirurogeian-edo ezagutu nuen nik Souto de Lires. Hogei urte eginak izango zituen. Manuel Berdía González zuen izena. Haren aita Liresko eiheraren jabea zen. Manuel tikia burua alde batera makurxea zuela jaio zen, eskuineko besoa ezkerrekoa baino motzagoa, eta ezkerreko oina erdi bihurtua. Buruaren akatsari ez zion garrantzi handirik ematen. Garai haietan kapelu gris bat erosia zuen Mondoñedon; kapeluak propio prestatutako eredu batean zenbait egun eman ondoren, aurrera begira jartzen lortzen zuen, hots, gorputzaren bertikalean, burua eskuin aldera makurtua bazuen ere. Besoaren motzak ere ez zuen asko kezkatzen. Uste zuen zuloak egiteko, zizparako eta kitarrarako eroso eta guzti suertatzen zela. Haren desioa zen nik Mondoñedoko «Vallibria» astekarian beso bat bestea baino motzagoa izateak dituen alde onei buruz, alegia, bizartegian kontatzen zizkidanei buruz, zerbait idaztea. Nik Guillermo II.aren beso motzarena erants nezake. Oinarekin, ordea, oso nahigabetua zegoen Souto.

        — Ez dut merezi, kontxo! —esan zidan egun batean.

        Soldadutzara joatea egokitu zitzaionean, gaitzat hartuko zutelako itxaropenen bat zeukan, zalduneriarako nahiz artilleriarako.

        — Zaldiz, ez da oinarena nabaritzen, eta kainoi baten atzean egoteko ere balio dut.

        Erabateko ezgai eman zuten. Sandiásko neska batek ez zuen hura maite izan, Souto de Lires-tarrek aberats fama bazuten ere. Orduan Manuel muzintzen hasi zen, alfer hotz egoten, mendian bakarrik ibiltzen, astebeteak ohatzean ematen. Haren oin bihurtuarena maila kosmiko, fisiko eta moraleko erasoa zen. Kreatzaileak Adan eta Eba paradisutik kanporatu zituenean, esan zien beren bekokiko izerdiz jango zutela ogia, baina ez zien esan: «zuen artean hankamotzak izango dira». Eta ez bazuen esan, baina bai pentsatu? Hori alukeria! Filosofatzen, Souto de Lires benetako ateismo batera heldu zen. Garai hartan lo egitea galarazten zioten kolpe batzuk jarri zitzaizkion bularrean. Medikuek ez zuten asmatzen, eta Manuel Bedía, Souto de Lires izenaz ezagunagoa, hilzorian zegoen. Seixoko apaizari hots egin zioten, zeinak harekin hizketa luzeak izan zituen. Badirudi ados jarri zirela, beste munduan ez dagoela, gehienbat, gorputzezko diferentziarik, ez dagoela maingueriarik, eta izatekotan ere ez dela nabaritzen. Uste dut, Seixoko apaiz jaunak, Soutok zeuzkan zailtasunak gaindi zitzan, Orígenes ere aipatu zuela, izan ere, horrek uste baitu dohatsu guztien gorputzak, Paradisura ailegatzen diren guztienak, esferikoak direla, goreneko betegintzarre egoerak irudi betegina eskatzen baitu, eta beteginena esfera baita, hasi Pitagorasengandik eta Platónengana arte. Soutok jaunartu zuela aitortu zuen. Ezinegon handiz eta isilik zegoen ohatzean, eta noizean behin soilik komentatzen zuen jakako poltsikoan hogei peso eramanda ere, hiltzen zenean, ezin izango zuela beste munduan argazkilari bat topatu eta bere buruaren bi erretratu bidali, bat Seixoko apaiz jaunarentzat eta bestea Sandiásko neska harentzat. Eta halako egun batean, iluntzean —udazkena zen eta Liresko eiheratik jaisten den bideko orbelak hegan ari ziren—, Manuel hil zen.

        Bi-hiru urte pasa ziren. San Martinetan zen, eta Seixoko apaiza zaindariarenera zihoan, Teixeirora. Bele bat atera zen bidearen ezkerrean zegoen arbi-alor batetik eta apaizagandik bi kanatara pausatu zen. Don Perfecto Iliade Morante-k beleari begiratu zion, norbaiten itxura hartzen baitzion. Bai jauna, Manuel Berdíarena, Souto de Liresena. Burua alde batera zuen, hego bat bestea baino motzagoa, eta ezkerreko hanka bihurtua.

        — Zertan babil hemen, motel? —galdegin zion apaizak.

        — Hegan egiten ez dago maingurik! —oihukatu zuen beleak karrankaz.

        Eta alde egin zuen, arbi-alorraren gainetik, Mestasko hariztiraino. Kasu hura asko komentatu zen alderdi haietan. Don Perfecto Iliade-k guztiei erantzuten zien:

        — En primer lugar, hermanos, los caminos del Señor son imprevisibles. En segundo lugar, el que la sigue la consigue.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia