MONTEIRO DE RUBIAS

 

        Antón zuen izena. Rubias mendi altu batzuk dira, Sorko urrutiko lintzurak, larre eta isastiak, buruxka eta hirusten belazeak, urki bakarti bat, gaztainondoren bat zelaietan, eta belazeak aldatsetan, non San Juanak pasata saralea ebakitzen baita. Rubiasko etxeak bixkar batean daude, don Federico Menciñeirak sailkatu zuen kastro bat izandako tokian, eta Andradetarrek dorre bat izan zuten han. Erreka, kantari eta apartsu, han behean doa, malkorren artean. Rubiaskoak mendiko aziendatik bizi dira. Hobeki esan, bizi ziren, birlandaketaren kontu horrekin belazeak eta lintzurak bukatu baitzitzaizkien, eta pinuak ia etxe atariraino heldu baitira. Guztiek alde egin beharko dute handik. Monteirotarretatik, arestian aitonen semeak izandakoak, Sistalloko Verdetarrekin ahaidetuak, Vitorino baizik ez da geratzen. Mondoñedon apaizgai izana da, jantzi-gaineko ase eta beka gorridun haietakoa, eta orain Bartzelonan bizi da, Seat-en enplegatu eta Albaceteko beltzaran erdi ijito batekin ezkondua. Monteirotarren zuhaitz genealogikoan gora joz gero, Fernán Pérez de Andrade o Bó-renganaino heldu daiteke. Albako dukea zenak Galiziara bisita egin behar zuela iragarri zen batean, Monteiro de Rubias-i esan nion nik, Lugon topatu bainuen, hura agurtzera joan behar zuela, eta lehengusu gisa tratatu.

        — Agian ez dik nire konfiantza merezi! —erantzun zidan Antónek.

        Esan nahi izan zuen, apika, ez zegoela hainbesterainoko konfiantzarik, alabaina beharbada, esan zuena esan nahi izan zuen Rubiasko premuak, eta ez zitzaion gaizki irudituko Maurice Barrési, zeinak «déracinés» en, deserrotuen, afera ukitu baitzuen. Monteiro Covasko hondartzara joan zen behin bainuak hartzera. Zaharrari buruz ari naiz, Antóni buruz, eta ez gazteari buruz, Vitorinoz alegia. Medikuaren errezetarekin joan zen —hots, Pita de Sancobade petrikiloarena, oraindik bizirik dago, eta oso higienikoa da eta esnekien zalea—, baina ilbeheran egokitu zitzaizkion bainuak, eta kalte egin zioten. Flakatu zen, erdi gor geratu ere, bekatxoak atera zitzaizkion, eta okerrena da itzal bat jarri zitzaiola ondoan. Itzala harekin atera zen itsasotik egun batean, eta Monteirok pentsatu zuen itotako baten batena zela. Itzala harekin joan zen Rubiaseraino, eta ondo-ondoan zebilkion beti, eta negua heldu zenean, Monteirorekin sartzen zen ohatzean, hotzez. Itzalak oso gaizki egiten zuen lo, eta ohatzean bueltaka baizik ez zitekeen egon.

        — Itzala oso tikia zen —ziurtatu zidan Vitorinok, aitari aditua zion bezala.

        Bai, Antónek uste zuen itzala hura baino tikiagoa zela, eta meheagoa, zeren Antónek ate bat ppxka bat irekiz gero, bera estu-estu pasatzen baitzen, eta itzala heldu eta ederki asko pasatzen zen. Itzalak ez zuen jaten. Batzuetan Monteirok platerkada bat esne edo ezti jartzen zion, baina itzalak ez zuen probatu ere egiten. Monteirok, gaixo eta nekatuta, itzala baizik ez zuen lagun. Paseatzera atera eta itzalaren buruan bermatzen zen, makila izango balitz bezala. Egun batez, itzalak oso abesti alaia egin zuen txistuan. Monteirok hobera egin zuen pixka bat, eta uda etortzekotan zenez, Pitak berriz bidali zuen Covasera, baina ilgoran.

        — Ea osatzen haizen! —esan zion petrikiloak.

        Monteiro uretan sartu zen, eta itzala haren parean. Uretatik atera zenean, itzala itsasoan geratu zen. Monteirok oihu egin zion, eta egun oso batez egon zen negarrez hondartzan. Itzala ez zen itzuli, eta Monteiro bakarrik joan zen Rubiasera. Handik gutxira hil zen, aspertuta, jateko gogorik batere gabe, neka-neka eginda. Bizarra utzi zuen. Noizean behin ohatzetik jauzi egin, hortxe ematen baitzuen denborarik gehiena, zizpa hartu, eta leihotik tiro batzuk egiten zituen, airera. Tematu egin zen Romarizko orkestra batek itzalak txistukatu zion abestia ikasi behar zuela. Baina ez zen ongi gogoratzen. Zerbitzuagatik lau mila pezeta pagatzeko ere prest zegoen. Duela gutxi, Bartzelonan, Vitorino Aguiar Maseda nengoen hotelera etorri zen, ni ikustera. Albacetearrarekin heldu zen. Nik galdegin nion Vitorinori ea benetan izan ote zen aitaren itzal hura.

        — Ez baitzen itzal bat!

        Eta Albacetearrarengana itzuliz, gaztelaniaz azaldu zion:

        — Era como si a uno le hubiesen quitado el cuerpo de afuera, y quedase suelto en el mundo el cuerpo de dentro.

        Albacetearrak baiezkoa egin zuen buruarekin.

        — Uhl, Uh! —esan zuen, eta negarrez hasi.

        — Beldur da —azaldu zidan Vitorinok— gure Antón tikiari berdin gertatuko ote zaion.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia