PERRINEN ELKARRIZKETAK

 

        Lagun mina izan nuen Perrín de Buriz; goian bego. Ehiztari eta arrantzalea zen, eta asko zekien sendabelarrez. Irribarre egiteko joera zuen beti, lagunkoi, eta mesedeak egiteko beti prest egoten zen. Ibiltari aparta, mendiak ezagutzen zituen, Corda eta are hobekiago Cadramón. 1924. urtearen inguruan, hanka bat hautsi zuen, eta hilabetean egon zen ohatzean. Orduantxe hasi zen animaliekin hitz egiten zuela amets egiten, batez ere bere zakur Colónekin. Hitz-aspertu luze haietan animaliek beren gauzak kontatzen zizkioten, beren bizitza, beren arazoak. Perrínek amets egiten zuen etxetik atera eta mendira joaten zela, eta erbi batekin topo egiten zuela, hura ikusita ohatzea utzi eta alde egiten zuena. Perrínek erbien hizkeraz hitz egiten zion, hizkera sekretua, eta erbia gelditu eta harengana etortzen zen, buztana astinduz. Hizketa egiten zuten. Perrínek, batzuetan, gogoa izaten zuen erbiari eskua erantsi, hil, eta saltsa berdetan jateko, baina ez zen hori egitera iristen. Tranpa izango zen. Ametsetan zera esaten zion erbiari:

        — Alde hemendik, ehiztari bihurtu behar diat-eta.

        Eta erbiak alde egiten zuen. Baina Perrínek ez zion tiro egiten. Mendietan hizketarekin lortzen ari zen adiskide haiekin, ehiztari izateari utzi behar ziola uste zuen. Arrantzan arituko zen soilik. Baina egun batez amets egin zuen amuarrain batekin hitz egiten zuela. Alarguna zen.

        — Perrín, motel, amuarrain alarguna!

        — Bai jauna! Amuarrain alarguna, ederki hezitakoa. Haren senarra Luarcako jauntxo batzuek harrapatu zuten arrantzan. Goian bego, dispentsatzen!

        Perrín esnatzen zenean, animalien hizkera ahaztuta izaten zuen. Larritzen hasi zen, eta niri galdezka ea modurik izango ote zen ametsetan zekizkien hizkera arrotz haiek esnai zegoela ere gogoratzeko. Esan nion sekula ez nuela deus ere horri buruz irakurri, baina hasteko, ez zuela salatu behar hizkera magiko hura dena batera gogoratzen, baizik eta hitz bat edo beste, eta horrela egunero-egunero, harik eta dozena pare bat eduki arte. Baina zaila zen harentzat oso. Iruditzen zitzaion bizpahiru hitz ederki zekizkiela, baina esnatu ondoren deus ere ez. Egun batean hiru hitz zekizkiela esnatu zen:

        — Ta pura mikala... Eta zer egingo dut orain?

        — Ia bihar beste hiru gogoratzen zaizkizun!

        Sekula ez zitzaion besterik gogoratu, eta beharrik niri ez zaidala ta pura mikala hura ahaztu. Nik ukuiluan zakurrei, oiloei, usoei, untxiei esaten zuen, eta deus ere ez, hitz egiten niela ere ez ziren konturatzen. Agian Perrín de Buriz-ek esanda zerbait gerta zitekeen.

        — Esaiozu Colóni!

        Eta esan zion. Perrínek berak kontatzen zidan. Zakurrak harrituta begiratu zion.

        — Ta pura mikala!

        Hirutan esan zion. Zakurrak, triste jarri, buztana hanka artean sartu, eta alde egin zuen. Moncíngo bidetik joan zen.

        — Ta pura mikala! —esaten zion oihuka Perrínek zakurrak alde egiten zuela ikustean, Colón bere eper zakurra, hain adiskidea, lagun maitea, galdu beharrean zegoela.

        Zakurra joan egin zen, eta Perrínek ez zuen berriz ikusi. Colón zakurrak aurrena harriduraz begiratua zion jabeari, gero beldurrez.

        — Negar egin behar zuela ematen zuen!

        Bi urte pasa ziren, eta Perrín Noucedara joan zen ehizara. Ordurako animaliekin hitz egiteari utzia zion, eta noizean behin bere zakur Colónez gogoratzen zen. Goiz hartan edukitzera! Eta hara non bat-batean Colón xenda batean azaldu zen, isats batzuen ondoan. Burua altxatu eta bere jabe izandakoari begiratu zion.

        — Colón! Colonciño!

        — Ta pura mikala! Ta pura mikala!

        Zakurrak ederki ahoskatzen zuen. Perrín ikaratu zen. Zakurrak hirugarrenez esan zuen esaldi famatua:

        — Ta pura mikala!

        Azentu gaztelaua zuen. Perrínek —eta artean ez zitzaion pasatua niri kontatu zidanean— mendia utzi eta Gontángo errepidera itzuli behar izan zuen. Ezkutuko indarren batek alde eginarazten zion menditik. Zakurrak aginte keinu batez begiratzen zion. Eta Perrín, berak esan bezala «zakur bat bezain triste», joan zen, eta etxera itzuli zen, ezkutuko agindua betez. Sekula ez zen mendira itzuli.

        — Ezin diat! Colónek ez zidak uzten!

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia