PEDRO CORTO

 

        Denek esaten zioten Pedro Corto edo Pedro de Anteiro izenarekin, baina Pedro Regueira García zuen izena. Lagun izan nuen Riotortoko eskolan, Mondoñedon tifusa izan zen urte batean herrira bidali baininduten, osaba Serxio Moirónen etxera. Zortzi urte nituen nik, eta hark hamaika-hamabi. Kaligrafo geldoa zen Tangtarren eta Sungtarren garaietako txinatarrak bezala, urte batzuk geroago nik ezagutu eta hainbeste miretsi nituen haiek. Iturzaetaren erakusgarri guztiak entregatzen zituen plana garbi-garbietan. Nik oso idazkera kaskarra nuen, nire letrek paperaren gainean erori eta barreiatutako eltxo batzuk ematen zuten, eta inbidia nion Pedro Cortori bere José Francisco Iturzaetaren idazkera itzaleko eta etzanagatik, Austriarren idazkari izan ziren idazkera oneko euskaldun haien tradizioari jarraitzen ziona. Cortarelo Mourik Iturzaetaren idazkera goraipatu zuen, Lugoko Institutuan derrigorrezko zen kaligrafia liburuak esaten zuen bezala, nire batxiler egun haietan. Pedro Corto eskalapoi handiekin joaten zen eskolara, motz gelditzen zitzaion pana berdezko jaka batekin, eta belaunak estaltzen zizkioten praka estu eta adabakitu batzuekin; burua bilduta marra beltz eta gorridun bufanda izugarri handi batean, belarriak estaliz. Mehea zen oso, ilehoria, eta mirandar jatorrenek izaten dituzten begi argiak zituen. Hotzak egoten zen beti, eta planak egin baino lehenago baimena eskatzen zion maisuari eskuak galtzetako poltsikoetan sartzeko. Bazekien paperezko puxikak egiten, poz-pozik gora egin eta mendi ilunen atzetik galtzen zirenak. Noranahi ere joaten zirela, nahiz Xudán eta Asturiasko mendietarantz abiatu nahiz ipar-ekialdeko haizeak Meirarantz bultzatu, Pedro Cortok hauxe esaten zuen:

        — Puxikek beti itsaso aldera egiten ditek!

        Pedrok ez zuen sekula itsasoa ikusi, eta beti zegoen Fozera joan beharko zuen egunaren zain, medikuak errezetatuta naski, iraileko andre kalonjeekin batera, urdaia zekale ogiaren zuntzaz janda enpo egindakoekin. Alabaina, Pedroren antzea, antzerik handiena, matxinsaltoak bezatzea zen. Maiatzean matxinsaltoak ateratzen hasten zirenean, Pedrok dozena erdi bat harrapatu, estalkiaren erdia beirazko eta beste erdia burdinsarezkoa zuen kutxa tiki batean sartu, eta matxinsalto geldiezinak bezatzeari ekiten zion. Arkakusoak bezatzearen antze siriar edo bulgariarra baino are zailagoa zen. Pedro Cortoren matxinsaltoek, azkenean, kutxan jartzen zien zabua ere erabiltzea lortzen zuten, eta ileurkula batekin egindako aro bikoitz batetik igarotzen, eta paper gorrizko hesi baten gainean jauzi egiten, zalditxoak bailiran. Hamahiru urterekin Buenos Airesera joan zenean, zapata berriekin, baina, hori bai, eskolara eramaten zuen bufanda berarekin, haren osaba Felipe de Anteiro-ri zera esan nion:

        — Agian, matxinsaltoekin aberastuko da Pedro han, antzerkietan.

        — Allá —esan zidan Felipe jaunak gaztelaniaz, nire jakineza barkatuz bezala— no hay saltón en el campo. Allá en la Pampa sólo saltan la langosta de oro y la rana guarajera, que no son dominables.

        Eta nire osaba Serxiori begiratu nahi izan zion, egiaztatzeko edo, baina ez zegoen.

        Ez dut deus ere gehiago jakin Pedro Cortori buruz. San Juanetan mendian matxinsaltoak ikusten ditudanean, beti izaten dut gogoan.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia