O GAITO ETA BERE ZAPATA

 

        Manuelek, O Gaito-k, ezkerreko oina galdu zuen A Coruñan, tranbia batek harrapatu zuenean. Hain zuzen ere, zapata pare bat erosi ondoren, San Andrés kalean. Manuel oso gaizki egon zen, moralaren aldetik batez ere. Orduak eta orduak ematen zituen ohatzean, sendatzen zenean nola ibiliko zen asmatu nahian, nolako maingua izango zen, makilarekin aski izango zuen edo makuluak beharko zituen, edota kortxozko oin bat jarriko ote zioten. Anputazioaren ondoren, mara-mara egiten zuen negar; baina, geroago, mangueria gora eta behera haserre jarri eta paretan tu egiten zuen.

        — Ez baitago maingu onik! —esaten zion bere buruari.

        Haserrea pasatzen zitzaionean, barrez hasten zen.

        Sendatu zen, baina alta eman eta ondorengo egunetan ez zuen inork ibiltzen ikustea nahi. Gelan makila eta makulua zeuzkan, eta bertan, atea itxita, saioak egiten zituen. Saiatu zen ibiltzen eskalapoiekin, bota altuekin, eta azkenik A Coruña-n erosi zuen zapata parea estreinatu zuen. Hobeki esan, eskuineko zapata estreinatu zuen, izan ere ezkerreko hankondoa galtzerdi gorri batean sartua zuelako. Eta gelan paseatzen zebilela harrituta zegoen ezkerreko oinerako zapata mugitzen hasia zelako, bere kasa, eta haren ondoan zebilelako inork jantziko bailuen. Gaito-k patxada handiz aztertu zuen zapata, eta ez zuen topatu deus berezirik. Zapata arrunta zen, guztiak bezalakoa. Egun batez, zapata, O Gaito eserita zegoela, bere tokitik atera eta zurrumaka hasi zen, dantzaren bat apuntatuz. Aurrena zurrumarekin, hurrena puntarekin, alboko jauzia gero, eta bat-batean buelta, puntera gainean nahiz zurruma gainean. Eta zurrumaka bukatu zuen: tatata tatata tata tatata tata.

        — Zer dantza ote da hori? —galdegin zuen O Gaito-k ozenki.

        — O Bon Pequito, Escelença —erantzun zapatak

        — Ederki dantzatzen duk!

        — Muito obrigado! —eskertu zion zapatak.

        Portugesa zen. Zolan, urrezko biribil baten barrenean, zera zioen: «Extra. Ferrer. Alcoy», baina hitz egiteko moduagatik portugesa zen. Hara! O Gaito-k zapatarekin hizketan jarraitu nahi izan zuen, baina isilik geratu zen. Zenbait egunetan ezin izan zion hitzik ere atera. Gelan ibiltzen zen, eta zapata haren ondoan, isilik. Bat-batean, O Gaito aulki batean eseri zen. Zapata bakarrik gelditu zen gela erdian, bat-bateko gelditze harekin harrituta.

        — Non está bom? —galdegin zion zapatak.

        — Nola duk izena? —aprobetxatu zuen O Gaito-k.

        — Quinteiro Filbo.

        Eta zapataduna, orduantxe argi ikusi baitzen zapatak ez baizik bara t'erdi-edo neurtuko zuen ikusezinen batek hitz egiten zuela, bere historia kontatzen hasi zen. Portuges bat zen, Lugoko tren batek birrindua. Ezkerreko oina falta zitzaion. Izan ere, Lugoko geltokian haren hondarrak jaso zituztenean, asko kezkatu ziren, ez zutelako oin bat besterik aurkitu. Eta nola aurkituko zuten bada, beste oina Río de Janeiro-ko klinika batean bazegoen, baltsamatua, beirazko pote batean, oso oin arraroa zelako, zazpi behazduna, horietako bi behatz txiki, eta erpurua udare itxurakoa? Quinteiro Filho, Lugon hildakoa, bertan gelditu zen, eta O Gaito-ren etxetik igarotzean ikusi zuen sobrante zuela zapata bat. Bestalde, ezkerreko zapata ezin izan zuen sekula jantzi, zituen itxuragabekeria haiekin, eta oinik ez zuenetik ederki janzten zuen Alcoyko zapata fin hura. O Gaito eta Quinteiro Filho lagun min egin ziren. O Gaito Lugora joan eta zapatak erosiko zituen, zapata zuriak, sandaliak, zapata txulodunak. Eta portugesarekin partitzen zituen pareak. Lugoko errepidetik ateratzen ziren paseatzera, eta batzuen batzuek ikusi zuten ezkerreko oineko zapata suelto ibiltzen, O Gaito-ren ondoan. Behin, Recendeko apaizak bidetik aldendu behar izan zuen O Gaito-ren parean zetorren zapata zuri bati pasatzen uzteko. Zapatak kilimusi egin zion puntarekin, sona handiarekin, eta eskerrak eman zizkion:

        — Muito obrigado!

        O Gaito hil zenean, ezkerreko oineko zapatarik berriena katabutera hurbildu zen, eta ahots tristearekin esan zuen:

        — Adeus, mundo, mundo!

        Eta jauzi batez katabutean sartu zen O Gaito zenarekin. Harekin joaten utzi zioten.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia