LEIRAS DO MARCO

 

        Alvareko Leiras do Marcori buruz esan ohi zen animaliekin hitz egiten zuela, baina ez zen egia. Egia zen, ordea, ulertu egiten ziela, eta haiek, oraindik deskubritu ez den sentimenen bati esker, bazekitela Leirasengana jotzen beharrezko kasu batean, edo hala nahi izanez gero. Eta Leirasek gogoan hartu eta behar zen guztia egiten zuen haiei lagun egiteko. Behin batez, Pértegako batek zerri bat ikusi zuen Marcoko bidean, alderdi haietan dabiltzan bertakoen eta Large White-n arteko gurutzatu horietako bat. Zerri ederra, luze eta zabala, eta ibilera bizkorrekoa. Ehun kilo inguru izango zituen. Pauso arina zeraman, baina noizean behin etzan, uxarrean egin eta garagarrak irabazten zituen, astoek bezala. Zerbaitek egiten zion hazkura. Pértegakoak —Mouriz izena du eta oraindik bizirik da, eta urte askotarako— zerriari jarraitu zion, bidegurutzeren batean galduko ote zen esperantza sekretuan apika, hain erraz aurkitutakoa bere etxera bideratu ahal izateko, gero. Baina zerria Carreiras esaten dioten tokian desbideratu zen, eta korrika igo zen Leirasen etxeraino. Mourizek txapela erantzi eta esan zuen:

        — Kontsultara zoak!

        Eta hala zen. Zerria Leirasen atariraino heldu eta kurrinka eta usainka hasi zen, eta Leiras agur egitera atera zen. Zerria eseri egin zen. Leirasek gainetik begiratu zion, eta Mourizek galdetuta, ea zer gertatzen zen ikusteko animaliaren atzetik bertaraino joana baitzen, Leirasek erantzun zion arbi-lorearen hazteria zuela bezeroak, andre batzuek ere izaten zuten gaitz bat, eta hatz egin gabe agoantatu behar zuela, eta hoberena zela garbialdi batzuk egitea zekalearen zahiarekin, eta lehendabizikoa egin behar ziola. Eta egin zion. Zerria geldirik egon zen. Saioa bukatu zuenean, Leirasek eskua bizkarretik pasa eta esan zion:

        — Hoa poliki ukuilura eta ez hatzik egin!

        Leirasek bazekien zerria Trelleko lagun batena zela, Novagildo izeneko batena. Zera, Leovigildo, etxean ez baitzioten apaizari ongi ulertu bataiatu zuenean, eta Novagildo esaten zioten. Leirasek Mourizi eskatu zion zerriari lagun egiteko, eta jabeari ahoz esateko errezetatutakoa. Mouriz Trellera heldu zenean, handik legoa erdi batera-edo, zerriak eskerrak eman zizkion.

        — Eskerrak? —esan nion harrituta.

        — Bai jauna, eskerrak! —burua astindu zuen niri begira; eta Trelletik igarotzen nintzen bakoitzean ukuilutik agurtzen ninduen.

        Behin batean, alderdi haietako maragatoek oilo zuri batzuk ekarri zizkioten Marcori, bi oilo, Madrilen zeukaten lehengusu baten erregalu, eta oiloak Frantziatik heldu berriak ziren. Haiekin batera etorri zen paper batek zioen urteko berrehun arrautza errungo zituztela. Oilarrak, bertako hauskara eta polaina zuridun horietakoak, ez zituen estali nahi. Hurbildu egiten zitzaien burua oso tente, martxa handiarekin, itzuli batzuk egiten zituen haien inguruan, eta estali gabe alde egiten zuen, nazkaturik bezala. Leirasi hots egin zioten, eta hark larrainik paseo batzuk egin zituen oilarra atzetik zebilkiola grolo-grolo, jakintsuarekin hizketan bailegoen. Leirasek bukatutzat eman zuen kontua, eta Silvina andrearengana jo zuen, eultzi baterako bakailaoa saltzen ari zela, eta esan zion:

        — Oilarrak ez ditu oiloak estaltzen perfumatuta daudelako, eta ez ditu gustuko.

        Andre Silvina atera, oilo bat hartu, eta usaindu zuen.

        — Pues es verdad. Huelen a algo azul.

        Andre Silvina emakume triste samarra zen, eta beti erditze txar batena eta Monforten izan zuen senargai batena kontatzen zituen, era erdi erromantikoan.

        Leirasek xaboi sevillarrez eta ozpinez garbitu zituen oiloak, hamabi aldiz hiru egunetan. Sendaketa bukatutzat eman zuenean, Leirasek txalo bat egin zuen eta oilarra lasterka etorri zitzaion, eta goiz oso batez estali zituen oiloak.

        Leirasi sekula ez zion zakur batek zaunka egin. Bidera atera eta lagun egiten zioten. Egun batez, erreka ondoan txistuka ari zela, kobra bat atera zitzaion ihien artetik.

        — Ez duk hiregatik, Vitorinorengatik baizik, han baitabil ahuntz batekin —esan zion Leirasek.

        Kobra bere habiara itzuli zen. Vitorinok ez zuen txistua entzun, baina ahuntzak bai, eta jabeari abisatu zion Leiras do Marco-k hots egiten ziola.

        Leiras oso motza zen, ilegorria, erdi ezkela. Denborarik gehiena bizarra kentzeko labanak zorrozten ematen zuen. Monteko azoka batean jakin zuen Sistalloko Verdetarrek artzakur alemana ekarria zutela, eta Madrilgo zakur-eskola batean hezia zutela. Leiras hura ikustera joan zen. Lagun egin ziren. Leiras zakurrarekin paseatu zen pazoko baratzean, eta Rei de Corbite-ren etxean basoerdi bat edatera gelditu zenean, hauxe komentatu zuen:

        — Ez nekian alemanerako hain ona nintzenik!

        Ikara batez hil omen zen. Baina hori beste istorio bat da.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia