SEIXO DE PARDERRUBIAS

 

        Kontua izan zen Seixo de Parderrubias izeneko batek gizon oso txiki bat ikusi zuela, goardasola irekita eguzkitik babesteko, Abalde esaten dioten belaze batetik ateratzen eta Lugoko bidetik abiatzen. Bide zabal eta xelaia da, eta gehiena baratze eta zekale alorretatik doa. Gizontxoaren goardasola oso handia zen, hamalau zirikoa. Seixo bide beretik zihoan, eta arinago ibiliz tikiaren parean jarri nahi izan zuen, izan ere, ez baitator gaizki hizketa pixka bat udazkeneko goizetan, abokatu kontuak tarteko bidaia luze batean. Seixo mihi-biguna zen oso, eta gustukoa zuen auziak kontatzea, aurren-aurrenekotik hasi eta Meiro edo Cospeitoko adiskidantzara arte. Goardasola zuena hain zen tikia non antzerkiko ipotxa ere izan zitekeen. Seixok bere buruari galdegiten zion nola eraman zezakeen hain goardasol handia, eta erabakia zegoen tikiari gomendatzera aski zela txapela janztea San Martin bezperako eguzki apal hartarako. Seixok ibilera arindu zuen, baina ezin zuen tikia harrapatu, gelditu ere gabe ibiltzen zelako, eta putzu edo lohi-aztaka bat aurkituta ere haien gainetik hegan egiten zuelako goardasolaren laguntzarekin. Hegan egiten zuen, bai jauna, eta lur hartzen zuen zazpi-zortzi kana aurrerago. Seixo lasterka zebilen, baina bestea ere orduan eta arinago. Seixo nekatu egin zen, eta mugarri batean eseri zen zigarro bat egitera, goardasolduna bistatik galduta. Laster igo zuen Bexoko gaina, bixkar bat, urkidi bat eta bide ondoan sortzen den iturri bat dituena.

        Seixok aurrera jarraitu zuen, eta Bexotik erreka aldera jaitsi zenean, goardasolduna ikusi zuen bueltan. Lehen zihoan bezain azkar zetorren orain, beti goardasola irekita. Seixo ez zegoen prest atzerritar harekin berriketa egin gabe geratzeko. Bide erdian jarri zen, hantxe estutzen baita poliki, bi aldeetako malkorren artean, eta toxa atera zuen besteari tabakoa eskaintzeko. Ipotxa hantxe zetorren batere pisatzen ez zion goardasolaren azpian; gizontxo musugorria zen, biribila, biboteduna, eta esan zitekeen ez zuela gorputzik, ematen baitzuen hankak kokotetik sortzen zitzaizkiola, bi hanka ihar, bi eskalapoi ferradunetan bukatzen zirenak. Aurpegian zerbait arraroa zuen. Horixel, hiru begi zituen! Seixok ederki ikusi zituen begi handi nabar haiek! Tikia ezin izango zen pasatu goardasola irekita, Seixo bide erdian zegoelako, esan bezala. Tikia haren kontra zihoan, baina Seixo ez zen mugitu. Egia esan, ezin zuen, hain baitzegoen sorgindurik hiru begi haien argiarekin. Eta tikia, Seixoren kontra jo behar zuela zirudienean, hegan hasi, haren gainetik pasatu, eta urkien atzean aienatu zen.

        Seixok ezin zuen sinetsi bere begiez ikusitakoa, eta gogoeta egiten hasi zen gizontxo hura benetan ikusi zuen ala ez. Ustekabean, Ribaldarekin egin zuen topo, muga kontu batzuetan Seixoren aurkakoei aholku ematen zebilen auzilari bat. Ribalda ere petrikiloa zen, eta zazpi hitzekin apalarazten zuen behazuna.

        — Zer ari haiz hemen? —galdegin zion Seixok.

        — Bada, egin, egin deus ere ez. Cortóngo ostatuan nengoan lotan, eta amets egin diat goardasol batekin zebilen eta hiru begi zituen gizontxo batekin. Eta hara non ametsetik alde egin didan, eta esnatu eta atera nauk ea nonbait aurkitzen dudan. Gehien izorratzen nauen gauza, amets bat erdizka uztea!

        Seixok Ribaldari azaldu zion nola ikusi zuen gizontxoa Lugoko bidean, eta nola itzuli zen Castro aldera.

        — Txoratuta ibiliko duk! Ez nian betarik izan ametsean esateko non bilatu behar zuen «Medina y Marañón»ena, auzi baten kontsultarako behar bainuen.

        Seixok luze begiratu zion Ribaldari, eta azkenik oldarrean:

        — Eta, zeinen kontra?

        Ribaldak bibote horia laztandu zuen, tu egin, eskuineko eskua bular aldean jarri eta:

        — Hoberena, adiskidea, ados jartzea duk.

        Eta Seixo ados jarri zen, zerbait galtzen bazuen ere, bere iritziz. Ribaldak bi aldeetatik kobratu zuen. Seixoren partez urdaiazpiko bat eta zamarra bat. Ribalda Seixo de Parderrubias-en adiskide egin zen, eta hitz eman zion, urtean hamabi peso eta bi gaztaren truke, goardasoldun ipotxarekin amets egingo ziola, izan ere, Seixok ezin baitzuen lorik ere egin hain baitzegoen irrikatzen ipotx ibiltaria, hiru begi zabal haiekin ikusteko. Ribaldak amets egin zuen gizontxoarekin, eta Seixok berriz ikusi zuen Bexoko bidean, baita sei hanka eta bi burudun txekor batzuk ere, eta Mirarietako erromerian labana eta sardexkarekin jaten zuen zaldi urdin bat ere. Ribaldak amesten zuen guztia ikusten zuen Seixok. Pena handia da Seixok Conxora joan behar izana, 1961eko maiatzaren 7an, orain dela hamar urte. Izan ere, Ribaldak altxor bat amestu behar zion Seixori, txanponez betetako bat.

        — Sekula ez diat urrezko txanponik ukitu, nire Ribalda! —esaten zion Seixok.

        — Bada, orain egingo duk, nekatu arte, motel! —erantzuten zion Ribaldak, aurretik bi urtetako errenta kobratuta.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia