FELIPE DE BURES

 

        Nire lagun Felipe de Bures-en seme bat Vigon itsasoratu da Ingalaterra aldera joateko. Galesko buztinola batean ontzigile aritzera doa; han sabel handiko pitxerrak egiten dituzte, argazki batean erakutsi zidan bezala, eta kirten oso bitxia daukate, eta inkonte-belarrenak diruditen loretxo batzuekin apainduta daude. Antón de Bures oso soldata oneko kontratuarekin joan da. Burestarrak denak dira balio askotako, sekretu asko duen jendea. Felipe hargin joan zen Frantziara mutikotan, 14ko gerra bukatu zenean, eta harri asko egin zituen Reimsko katedralerako, Krupp markako kainoi alemanek zauritua. Pallaregoren bizartegian kontatu zidanean, Amiensko Bibliaren ale bat erregalatu nion, Ruskinena, gaztelaniaz, Valentzian argitaratua. Han lanean aritzen zen lugotar bakarra zen, izan ere, gainerako hargin guztiak Pontevedrakoak baitziren. Gainerako harginen begietatik harea aleak erbiaren bizar-bilo batekin —hori baita modua— ateratzeko zuen mainari esker azkar nabarmenduko zen. Lantokiko buruak, Lebrun izeneko batek, Felipek kontatu bezala konkordun oso gonbidatu zaleak, Bureskoari emendioz ordaintzen zizkion okulista lanak. Felipe Sommeko gatazkan hil zen sarjentu baten alargunarekin ohatzera joan-ez joan ibili zen, baina alargunak beti zeuzkan senarraren dominak arasan. Bestela ere, garaiz ohartu zen emakumea postizo pila bat besterik ez zela. Hortzetatik hasita.

        — Baita begi bat ere, erantsi ohi zuen Felipek. Ez naiz ongi gogoratzen eskuin ala ezkerrekoa zen. Eta gurin guztiak, eta xabalekoak.

        Felipek bizpahiru pattar kopa edaten bazituen, postizo gehiago eransten zizkion andreari nire galderei jarraituz: belarriak, ezkerreko oina...

        — Seguru ilea ere gezurrezkoa zuela —esaten nion nik.

        — Peluka gorri bat, motel! —baieztatzen zuen Felipek.

        Hainbeste luzatu genuen postizoen zerrenda, non hasi bainintzen pentsatzen ez zegoela alargunik, gizaki itxurako airea zela guztia, eta bertan zintzilik postizoak eta koskor guztiak.

        Felipe sos batzuk eginda itzuli zen Frantziatik, familiaren etxea konpondu eta auzo batekin ezkondu zen, Andrea izeneko batekin, nire ahaideak diren Begonteko Montenegrotarren etxean zerbitzatzen zegoena. Felipe izan zen Paristik telefonoz Lugorekin hitz egin zuen aurreneko pertsona.

        — Kontu larriren bat? —galdegin nion nik kontatu zidanean.

        — Bai zera! Betanzosko batek, oso barro, A Coruñarekin hitz egin behar zuela esan zuen, eta orduan nik esan nion Lugorekin ere hitz egin zitekeela. Ezetz esan zuen. Merienda bat jarri genuen apustu. Hark ezin zela Lugorekin hitz egin, irakurria baitzuen Paristik «Europako hiriburu handietara» soilik zegoela telefonoa. Beraz, A Coruña-rekin. Bada, nik Lugorekin hitz egin nuen, «La Gran Bretaña» esaten dioten denda batekin, eta zapata beltz pare bat enkargatu nuen, berrogeita bikoak. Eta handik bi hilabetera Lugora heldu nintzenean, hantxe zeuden ongi bilduak, apal batean. Bestela bezala ordaindu nituen. El Progresok aurrerakuntzaren berri eman zuen.

        Antóni galdegin diot ea aitak erakutsi zion harea eta gainerakoak begietatik erbiaren bizar-biloarekin ateratzen. Irri egin du, eta kartera irekiz, erretzeko paperean bilduak, hamabi bilo dauzka, eta erakutsi dizkit.

        — Ingalaterran ere badaude erbiak —esan diot.

        — Baina agian ez dute bizarrik —erantzun dit.

        Izango da, agian, alderen bat erbi katoliko gailegoaren eta erbi anglikanoaren artean.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia