MUÑIZ DE PARADA

 

        Sentitzen dut Muñiz de Parada jostuna, eta, areago, Villardelleko apaiza zen don Vitorino Graña López, hil izana, izan ere, biei emango bainien nik berri bat, agiriekin frogatua, haien arteko gorabeherei akabera emango ziena. Muñiz erregeri zerbitzatzera joan zen Bartzelonara, eta lizentziatu ondoren, hantxe geratu zen urte pare batez jostun ofizioa ikasten Vinardell izeneko batekin. Katedral ondoan zuen tailerra, longainak egiten hoberenetako bat zen, bazekien biolina jotzen, eta billarrean aritzen zen. 1906 inguruan zen hau. Halako egun batean, arratsaldeko aurreneko orduan, Tamamesko duke jaunaren gelaria, Calixto izenekoa, jostundegian azaldu zen, eta esan zuen nola bere nagusiak —Espainako gizonik dotoreena garai haietan— lau longain behar zituen berrogeita zortzi ordutan, adeitasunezko bisita batzuk egin behar zituela eta maleta galdua zuela Zaragozan. Vinardellek, Calixtok beharrezko neurriak emanda, lanari ekin zion; dukeak jostundegitik probaldi bat egitera pasatuko zela abisatu zuen. Longainetako bakoitzak lodiera eta berogarri desberdineko forma zeraman, dukeak giro bakoitzari zegokiona erabili ahal zezan. Dukeak sei ordu eman zituen jostundegian; Muñizek menez «oso zirimara» zen, eta akatsak ateratzen zituen behin eta berriz. Zutik egoteaz nekatuta edo, oin-bustialdi bat eskatu zuen. Vinardellek bere logelara pasatzeko erregutu zion, baina Calixto gelariak azaldu zuen dukeek errege aurrean ere garbi zitzaketela oinak. Tamameskoak tailerrean garbitu zituen, andre ofizialen eta Muñizen beraren aurrean. Hain zituen oin ederrak non Murtziako botoi-zulo egile batek aitortu zuen dukearekin maitemindu zela, eta haren atzetik joango zela Madrilera. Hori guztia kontatzen zidan Muñiz de Parada-k, eserita biok bi sagarrondoen itzalpean, belazean, San Lorentzotako egun beroetan.

        Egun batean Vinardellen jostundegira heldu zen dantzan ongi ikasitako sei txakur zituen morroi bat, zirkoan debutatu nahi zuena. Hori egin baino lehen, oihal oneko koloretako kasakekin jantzi nahi izan zituen txakurtxoak. Vinardellek jantzi egokiak lor zitzan, txakurren jabeak liburu ingeles bat eraman zuen, eta bertan zakurrak jantzi nahi izatekotan, neurriak nola hartu azaltzen zen.

        — Ez dago horrelako libururik —zioen Vitorino parrokoak.

        — Baina, nik ikusi nuen, eta zakur asko zituen marraztuta, geometria egokiarekin —berretsi zuen Muñizek.

        — Ez dagoela! Eta gezurtia izateagatik, ez dizut sekula hitzik egingo.

        Don Vitorino joan zen, haserre, goardasolaren itzalpean, Ardeán barrutiko bide goxo hartatik aurrera. Muñiz, hala aitortu zidan, oso triste geratu zen.

        — Ene Jauna, Ene Jauna, seguru nago liburu hura egon bazegoela! Zakurrentzako kasakek zailtasunen bat daukate bizkar aldean, eta hantxe ikusi nuen triangelu batekin adierazita.

        Egun batez don Vitorino Villardelleko erretore-etxean hil-hurren zegoelako hotsa heldu zen Paradara. Muñiz, hura ikustera joan zen.

        — Heldu naiz hil baino lehen zuk sinets dezazun zakurren jantziei buruzko liburuarena! —erregutu zion Muñizek apaizari—. Sinetsidazu Jainkoarren!

        — Ez, ez dut sinesten, erantzun zion don Vitorinok azken hatsetan.

        — Sinetsidazu hil baino lehen, ene adiskidea!, zioen Muñizek negarrez.

        — Non possumus!

        Horixe esan zuen Vitorino Graña Lópezek, Osorio y Rodildarrak, eta Jaunari arima eman zion. Muñizek negarrez jarraitu zuen. Eta sekula santan ez zuen berriz kontatu, niri ez besteri, txakur-hezlearena, ezta liburu ingelesarekin neurriak hartzen zituen Vinardellena ere. Egun batez Muñizek, burua alde batetik bestera mugituz, esan zidan duda-mudan zegoela liburu ingelesa ez ote zuen ametsetan ikusi.

        Baina liburu hura, eta ingelesez, egon badago. Haren autorea apaiza da, matematikari ezaguna, Guillermo Oughtred izenekoa, XVII. mendean bizi izandakoa, eta hain omen zen monarkikoa non Estuardoak berrezarri behar zituztelako izan zuen pozaldiak hil baitzuen. Gainera, ospetsua da lehendabizikoa izan zelako pi hizki grekoa erabili zuena zirkunferentzia eta diametroaren arteko erlazioa adierazteko, eta San Andresen gurutzea biderketa adierazteko. Bada, zakur eta katuentzako joskintzari buruzko tratatu bat ere idatzi zuen, neurriak hartzeko eran buruz eskuz egindako marrazkiak eta guzti; askok diote satira politikoa zela... Gustatuko zitzaidan Vitorino Grañari hori esan ahal izatea, azken hatsetan Muñiz de Parada jostunari bota zion non possumus! ospetsu hura erretira zezan. Jostun fina zen zinez; drilezko galtza pare bat egin zidan niri, hiru poltsikorekin.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia