LEIRAS DE TARDIZ

 

        Jesualdo Pértega zuen izena, baina Leiras de Tardiz esaten zion jendeak. Haren aitona Leiras Zaharra zen, eta haren semea Leiriñas. Tardizko erreka Miñon bukatzen da eskuinaldetik, lertxun eta sahats artean, eta belaze ederrak ureztatzen ditu. Tardizko Leirastar guztiak Buenos Airesen egon, eta okindegi eta gozotegietan lan egindakoak ziren. Jesualdo jaunak monsieur Batani izeneko libanoar baten okindegian egin zuen lan. Batani zaharra andre greko batekin zegoen ezkonduta, eta semea, Iusef izenekoa, espainiar batekin, malagarra bera, eta laster aspertuko zen. Orduan, Libanora joan zen oporretan, musulman egin, emazte espainiarra zapuztu, eta Platara itzuli zenerako aleman batekin heldu zen, andre potoloa, judua, Argentinako hiriburuko antzoki hebraitarreko festa egunetako kantaria. Pieza batean Evarena egiten zuen. Txalo asko egiten zizkioten, eta Buenos Airesko judu guztiek zioten sekula ez zutela ikusi Evaren hain ordezkari fina, hain ederra, argizarizko azal harekin edo Paradisuko zumarkaleetatik eramaten zuen ibilera kulunkari harekin. Aita Batanik maitasun pixka bat gordetzen zion malagarrari, nahiz eta barro asko sentitzen zen errain berriaren garaipen eta ospearengatik, eta dibortziatuari almendra eta eztizko gozokiak eta pinazizko pastelak bidaltzen zizkion... Leirasekin diskutitzen nuen nik Evari buruz, zuria zela, mairua zela. Bataniren errainari juduek txalo egiten bazioten zerbaitengatik izango zela esaten zuen Leirasek, ongi jakingo zutela zer egiten zuten.

        Leirasek italiarren istorio asko kontatzen zituen, eta esaten zuen haietako gehienetan egona zela presente, Buenos Airesko gozotegietan lekuko. Esate baterako, borsalino gris perladun italiar bat sartu zen batean, gorbata berde eta zapata zuriekin.

        — Egingo zenidake bizkotxo tarta bat, mertxikazko mermelada eta esnegainarekin, eta inguruan gingazko apaindurarekin?

        — Nola ez ba! —erantzuten zion bertako morroiak.

        — Eta gingen inguruan almendra xigortuen txirikordarekin izan daiteke?

        — Nola ez ba!

        Tarta ekartzen zioten gero, eta italiarra txundituta geratzen zen.

        — Oso ederra! Eta jarri al zenezake erdian E'viva Arnaldino!, letren erdian bihotz bat agerian duela?

        — Nola ez ba!

        Eta italiarrak ispiluan begiratzen zion bere buruari, kapelua zorroztu eta galtzak pixka batean jaso galtzerdi gorriak erakutsiz.

        — Hemen duzu tarta.

        — Barreiatuko al diozu axaletik azukre eta kanelazko belo bat bezala?

        — Nola ez ba!

        Dendako morroiak tarta aurkeztu zion italiarrari.

        — Bilduko dizut?

        — Ez, ez! Hementxe jan behar dut!

        Italiarrak borsalino gris perla erantzi, aulki baten gainekoari putz egin ondoren eseri, tarta bi goxoki poteren gainean paratu, eta eskuekin aitaren batean jan zuen osoa.

        — Eta gero —kontatzen zidan Leirasek—, pare bat serbileta eskatu zituen, garbi-garbi egin, pagatu, eta bere buruari ispilu aurrean diosal batzuk eginda joan zen. Zer iruditzen jende hori? Eta gu, gailegoak, umilak gu, etxerako pitisus moltso batekin, igandeetan, noizean behin...

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia