LOUREDO DE HOSTES

 

        Louredo, beste asko bezala, nire lagun Pallaregoren bizartegian ezagutu nuen. Gauza asko konta nitzake Louredoren gainean, baina haren antiparren kontua da orain interesatzen zaidana, Valentzian erositako haiek, Jaime La plaza edo kalean. Louredok ez zuen ametsik egiten, horixe zen kontua. Victoria Eugenia Erreginaren zalduneria erregimentuan egiten zuen soldadutza, eta goizero, eskuadroia formatzeko garaian, egokitu zitzaien sarjentuak gau hartan egindako ametsak kontatzen zizkien soldaduei. Hura gizona amets kontuetan! Gehienetan Filipinetara egindako bidaiaren baten kontua zen, edo loteria tokatu eta Madrilera joaten zela gudarostea utzita, eta antzoki batean eserita zegoela. Eta ematen zuten antzezlana kontatzen zien, andre eder askoekin, eta antzoki-oihala bota baino lehen, eszena-tokira igotzeko deitzen zutela, eta galako uniformea eta guzti igotzen zela, guda-kaskoarekin, eta lehen aktoresa Archenako bainuetara, haren sorterrira, eramaten zuela. Louredo ametsik ez egitearekin minduta zegoen. Ez herriarekin, ez Santa Mariñako erromeriarekin. Gorpuzkeraz ertain eta hanka-okerra, eta begi bat orbaindua izanda, luzea zela amets egin nahiko zuen, eta hankarte beroko andre valentziar altu, zuri, eta begi-ñabar bat txoratuta zeukala, eta Louredok fin asko laztanduko zion gorputza. Louredok, errespetu handiz, Granero sarjentuarengana jo zuen.

        — Con permiso, mi sargento. ¿Qué hay que hacer para soñar?

        — ¡Cómprate unos anteojos, gallego! —erantzun zion irribarrez.

        Louredok serio asko hartu zuen erantzuna, eta ez zen gelditu harik eta Valentzian amets egiteko antiparrak salduko zizkion norbaitekin topo egin zuen arte, antipar lausoak, Louredori sinestera, zilarrezko euskarriarekin. Haiek jantzita lo egin zuen estreinako gauean, pelikula oso bat amestu zuen, baina ez zuen afera entenditu, hain izan zen azkarra dena. Buruan grabatuta gelditu zitzaion gauza bakarra, kabo bezala ateratzen zela, eta andre potolo batek kafesnezko karamelua ematen ziola.

        — Andre polita ala itsusia? —galdegin nion nik.

        — Emakume batekin amets egiten nuela estreinako aldia izateko, on xamar atera zen, atorra gorrixkarekin.

        Handik aurrera, antiparrak jantzita lo eginez gero, Louredok egunero egiten zuen amets, irabazi handienekin egin ere, eta dantza egiten zion andre tiki batekin, eta kaiola batean kanarioa zeukan andre beltz batekin, eta erregimentuko zaldirik hoberena ematen ziotela erregalu. Ongi zihoan dena, angurria jaten zuenean salbu; orduan teilatu batera igo, handik behera norbaitek bultzatu, eta kalera erortzen zela egiten zuen... Mutilzahar hil zen, eta antiparrak ilobei utzi zizkien, txandaka amets egin zezaten. Ilobek barre egin zioten osabari, eta Baroncelleko apaiz jaunari utzi zizkioten entseguetarako antiparrak. Jainkoak jakingo zer amets egingo zituen don Daniel Pernas Nieto-k haien laguntzarekin, zer nolako valentziar zuri, zer ardo beltz, zer paella, zer festak neguko gau luze eta hotz haietan, izotzarekin urkien adar biluziak errautsaren kolorez janzten direnean.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia