LEIRAS DE PARADA

 

        San Martin biharamunean, nire laguna den Leiras de Parada-k, bibotedun gizon serioak, kapoiak iskindegietan sartu ditu, gizentzeko bigarren edo azken aldiari hasiera emateko. Loak aise hartzen ditu Terrachá aldeko iskindegietako bizilagunak, behar bezala bazkatuak, mugitu ezinik, sukaldearen beroa jasoz. Hazle finak eskupekoa ematen die, egunean behin edo birritan, «amoado» bolatxoak eta kopatxo erdi bat ardo gozo. Alderdi haietan Getafekoa esaten dioten ardoa, alegia. Leiras de Parada-k, esan bezala, bere kapoiak gonbidatzen ditu; haietako batzuk Villalbako feriara joango dira, beste batzuek errentak pagatzeko balioko dute, ordainagirizko kapoiak esaten zaie horiei; eta loak har ditzan laguntzeko, Goirizen izandako apaiz baten arrebarena zen kulunkaulki batean eseri eta zurrungan hasten da. Gehienetan, Leiras kapoi ergel galdur-eroriekin batera geratzen da lo, azkenik. Eta hark azaldu dit ongi ikusten duenean, Gasallak Lugon ahozko auzi batean lekuko aritu zen batean errezetatutako antipar batzuei esker, kapoiei liburu baten kapituluak irakurtzen dizkiela zurrungan hasi baino lehen, konparazio batera «Bertoldo, Bertoldino eta Cacaseno» edo «Lugo Probintziaren Historia», Amor Meilánena, edo egunkari zaharren bat. Leirasek esan dit ez diodala sinetsiko kontatzeko duena. Bibotea laztandu, irri egin, bonetari bueltak eman buru gainean, masailean hatz egin eta irri egiten du, berriz ere.

        — Bai, adiskidea, «Bertoldo» gustatzen zitzaien, eta ez zuten lorik egiten.

        — Eta zuk uste duzu zerbait ulertzen zutela?

        — Nik diot «Bertoldo»rekin ez zutela lo egiten. Ez besterik. Egun batean Crucesek —gogoratuko zara nor den, zinegotzia zen bat— Madrilgo egunkari bat eman zidan Zozaya baten artikulu bat irakurtzeko. Bada, ozenki irakurri nuen, kapoien aurrean. Propio bilatuta ere ez nuen egokiagoa aurkitu izango. A zer nolako loak, adiskidea!

        Eta Leiras de Parada zutik jarri da, arasako kajoira jo du, eta gutunazal batean 1932ko martxoaren 6ko Maldrilgo «La Libertad» egunkariaren ale bat atera du, eta bertan Antonio Zozayaren artikulua heldu da «La victoria incólume» izenburu duena. Orrialde erdia letra tikian.

        — Bi ohabete eta botila erdi bat tres cepas baino hobea, alajaina!

        Hogeita bi dira beti iskindegian dauden kapoiak, lurrezko zorua duen sukalde hartan, isilik eta asper-asper eginda. Villalbako feria egunerako horituta egongo dira, izotzak tentetuta, mahai-oihal zuri minetan, Santa María plazan.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia