CARREXO DE FONTES

 

        Fontes leku bat da —lau etxe zuri— Piquín Ibarrean galdua, Meirako lur bernardotarretan. Gaztainondo guztiak hil ziren kuku-sagarra zela-eta, baina oraindik bi harizti eder badira, Sanxeéskoa eta Pousadakoa, belaze onak, larreak eta aintzirak ere bai, non neguan oilarrak, haltzek, urkiek eta sahatsek hegan egiten baitute. Fontes izena ongi paratua du, ut mehe eta fresko ugari darien sel edo zazpi iturri baitaude; Dos Frades esaten diotenean burdinazko tutu altu batetik erortzen da tira. Bide zaharrera jotzen duen etxeak teilatuaren erdia hartzen duen tximinia zabal eta karratua du koroa moduan, eta hantxe bizi zen Carrexo, Antón de Xil izenaz ere ezaguna. Carrexo tiki-tikia eta beltzarana zen, burusoila kaputxinoen erara, begi tiki ñabarrak zituen eta oso bizia zen, mugikorra, ipurterrea, bost minutuz eserita egoteko ezgauza. Carrexo Buenos Airestik itzuli zen, han harakin arituta, hango ilargi betea zela kausa. Buenos Airesko ilargia, Carrexoren ustez, oso pisua zen. Nire lagun eta auzoak ezin izan zuen sekula entenditu nola jendeak ez zion antzematen. Carrexok, gauez kalean ibiltzeko, zurezko mokorra sartu ohi zuen txapela edo kapelu azpian, eta etxe bateko goreneko pisuan bizi zenez, teilatuari eusten zioten habeen intziriak aditzen zituen.

        — Esaten diat, bada, laxatu egiten direla ilargi betearen usainarekin.

        Hala eta guztiz ere, Carrexo ilargialdiek oso minberatuta itzuli zen, baina ordurako Fontesen ere ezin zen lasai egon. Etxeko habeak sendotu, logelako sabaiari eusteko zutabeak jarri, eta haritzezko kapelu bat egin zuen. Handik gutxira, Lugoko zirko batean, San Froilánetan, 14ko gerrako kasko militar frantses bat erosi zion pailazo bati. Dena dela, ilargiari desafioka aritu nahi-ez, eta ohatzean sartzeko orduan kaskoa jantzi eta goardasola zabaldu ohi zuen. Delako kontuan horrenbeste aztertuta, azkenik konturatu zen ilargiaren indarra ere uxa zezakeela, nola-eta teilatuari, logelaren gain-gainean, Vidreiría Lucense-n propio egin zioten ispilu biribila jarriz. Horrela itzularazten zituen ilargira errainu bakoitiak, halaxe esaten baitzien, hark jakingo zergatik.

        Carrexok azterka segitu zuen eta ondorio batera ere heldu zen: buruan argi bat eramanez gero, minik gabe atera zitekeen gauez, ilargi berritan. Argidun kapelu bat prestatu zuen, eta asmakari hura buruan zuela, Pousadako tabernara jaisten zen tute enkantatuan aritzera. Buenos Airesko garaietatik, ordea, buruko minak geratu zitzaizkion, eta berak modu ez oso egokian agerkariak deitzen zituenak, izan ere, saguzarrak ganbaran egiten dituenen antzeko hotsak entzuten baitzituen. Carrexok behin, Auxagosako feria batean, aitortu zidan zoratzeko beldurrez zegoela. Arrebak Santiagora joan zedin nahi zuen, Somoza doktoreak ikus zezan.

        — Pedro de Sarria-tarrena duk, motel, konfiantzazkoa! —esan ohi zion akuilatzeko asmoz. Baina Carrexok zioen aski zuela bere buruarekin. Behin eta berriz esaten zuen arazoaren konponbidea ehun orduz jarraian esna egotea zela, horrela, loak hartu bezain pronto etortzen zitzaizkion agerkariak, hotsak, bere buruan lan egin ezinik, aspertu eta kenduko zirela. Baina hotsak ez ziren aspertu, gora egin zuten, eta lan egiten hasiak ziren Carrexo esna egonda ere. Ito behar zituela erabaki zuen, eta urez betetako pertza batean sartu zuen burua. Eta Carrexo burugogorra ito egin zen. Ederki idazten zuen, letra biribil-biribilarekin, zabal antxa. Azentuekin tema izaten zuen, Radiguetek txikitan bezala, eta silaba bakoitzari berea jartzen zion, baita bi ere.

        Ez dut inongo bidetan ikusi Fontestik Meirara doan bidean, Pousadako hariztipean adina orbel. Haizea dabilenean, orbelaren xurru-murrua hamaika pausotara aditzen da.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia