XOXO LOUSADELAKOA

 

        Lousadela Invernegas de Montes-en dago, Eirelleko sakana soro berde batean zabaltzen den alderdi piko batean, eta handik jaisten dira uhaldera hamabi erreka baino gehiago, Arneiroko mendi nabarretatik datozenak. Lousadela izena harrobi batetik datorkio, handik arbel urdina ateratzen dutelako, harlausa zeharo berdinetan. Lurra urria da. Jendea mendiko aziendatik bizi da, Ile latzeko behi zarpailak, apiriletik udazkena bitarte aske dabiltzanak, eta, han esaten duten bezala a quendas ibilitako ardiak, hilero etxe batekoek artzaina bidali behar dutelako haien kargu egiteko. Patata gutxi eta txarrak hartzen dituzte, zekale pizar bat larre eta luberrietan, eta arbiburu oso garratzak arbi denboran; eta Lousadela osoan fruitu-arbola bakarra dago: Santa Margaritako apirikoan dagoen gereziondoa. Bertako jendea ilehoria da, luzea, mehea, isila. Bakardade horretan bizi den pertsona arrai bakarra nire lagun Xoxo da, ehiztaria bera, eskalapoigin, arrantzale, neguan erloju konpontzaile, zikiratzaile eta gaitajolea. Zamar pare bat, zilarrezko ezproi gautxoak, eta urrezko hortz bat zituen. Buenos Airestik itzuli zen italiera pittin bat zekiela, eta, haren esanetan, malagar batek alargun utzia. Bi zakur zituen, bata pointerra, Burgosko eper-zakurra bestea, biak haren italierazko hitzei erne beti. Xoxoren italiera kanta zahar bat bezalakoa zen. Zubi ondoko tabernan, mahaikideak mozkortuxeak zirenean, italieraz hitz egiteko eskatzen zioten Xoxori. Orduan nire lagun Xoxo aulki baten gainera igo edo sardinzar-upetan bermatu eta Sermón de las Dos Banderas deitzen zuen sermoia egiten zuen, Italiak Argentinan zuen enbaxadoreari don Galileo izeneko eskoletako inaugurazioan entzun ziona. Xoxok benetan ezagutzen zituen italierazko hogei hitzekin, eta asmatzen zituen beste milarekin, mintzaldi ederra egiten zuen, keinu ugarirekin eta beso-astintze handiekin lagunduta. Mariano Nistal tabernariak, maragatoa izanda ere, negar batean bukatzen zuen, hitz etorri patetikoak hunkituta. Orduan, tabernak denda ez iruditzeko, Nistalen emaztea, Basilia andrea, basoak kobratzera jaisten zen, senarrari, izan ere, kontuak trabatzen zitzaizkiolako hunkipenaz. Sermoia bukatzean, Xoxok zamarraren sakelatik bi banderatxo ateratzen zituen, bata italiarra, bestea argentinarra, eta han bildutakoek txaloak egiten zituzten, nik ere bai, lehendabiziko ilaran Valdeorras kupela baten ondoan eserita.

        Xoxok neguan Lousadelatik alde egiten zuen, eta inguruko herrietan ibiltzen zen erloju konpontzaile. Igande gehienetan Melletarren etxe handira jaisten zen, eta jendeari Xoxo zetorrela abisatzen zioten, eta hangoak eskaileretan eta atarian esertzen ziren, eta Xoxoren mintzaldiak entzuten zituzten. Bukatzen zuenean, txorien txistuak imitatu ondoren txiskero itzali bat irensten zuen, gero eskuineko belarritik pizturik aterako zuena. Batzuek ez zuten sinetsi nahi, eta Xoxoren belarria, erabat xigortuta, aztertzen zuten.

        — Zientzia grekoa da hau, apaiz jauna —esaten zion Paciosko apaizari.

        — Simón Mago, ez zenuen bada Buenos Airesen deabruarekin hitz egingo? —galdegin ohi zion apaizak.

        Eta don Xosé Rodríguez Mariñán hurbildu eta belarrian tu egiten zion. Jendeak barre egiten zuen. Baina halako batean, apaizak tu egin eta Xoxoren belarritik kea atera zen, eta sutegian burdin goria uretan sartzen dutenean bezalako hotsa aditu zen. Emakumeek oihu egin zuten, haurrak ikaratu, gizonek elkarri begiratu zioten eta apaizak atzera pauso bat eman zuen.

        Nik ez nuen hori ikusi, eta sentitzen dut ederki, ikusteko aukerarik ere ez dudalako izango, izan ere, Xoxo duela gutxi hil baita gibelean paratu zitzaion puntu hotza dela-eta. Zamarra berriarekin ehortzi dute, eta sakelatik banderatxoak ez badizkiote atera, haraxe doaz harekin. Elurra egiten zuen Invernegas de Montes-en ehortzi zutenean, urkiak biluzik, eta ez zegoen imitatzen zituen txorietatik bat ere, ez amilotx, ez txorru, ez txirritxo, ezta haren goitizeneko xoxo bat ere.

 

 

 

© Alvaro Cunqueiro

© itzulpenarena: Mikel Iriarte

 

 

"Alvaro Cunqueiro / Han-hemengo jendea" orrialde nagusia